85. ALDIZKARIA - 2019ko maiatzaren 3a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

IRURTZUN

Ordenantza, 0-3 urte arteko haurrak haur eskoletara joateko laguntza arautzen duena, familia eta lana bateratzearren.
Behin betiko onespena

Irurtzungo Udalak, 2018ko abenduaren 11n egin osoko bilkuran, erabaki zuen hasiera batean onestea aipatu ordenantza. Iragarkia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zenetik jendaurrean egoteko 30 egun balioduneko epea iragan denez inork alegaziorik aurkeztu gabe, ordenantza behin betiko onetsi da. Hona hemen haren testua osorik:

ORDENANTZA, 0-3 URTE ARTEKO HAURRAK HAUR
ESKOLETARA JOATEKO LAGUNTZA ARAUTZEN DUENA,
FAMILIA ETA LANA BATERATZEARREN

Laguntzak emateko baldintzak

–Haurren adina 4 hilabete-3 urte bitarte izan beharko da.

–Gurasoek edo legezko tutoreek nahiz adingabeek Irurtzunen erroldatuta egon beharko dute, eskaera egin baino urtebete lehenagotik gutxienez.

–Dirulaguntza eska daiteke Nafarroako edozein haur eskola publikotara joateagatik.

–Dirulaguntza ikasturte amaieran ordainduko da, asistentzia-denbora aintzat hartuz betiere.

–Dirulaguntza zuzeneko laguntza izanen da, aurkeztutako eskaeren araberakoa. 632 eurokoa izanen da gehienez, eta 421 eurokoa gutxienez, dagokion haur eskolak ordutegi osoan duen haur bakoitzeko defizita kontuan hartuta. Ordutegi partzialagatik 312 euroko laguntza jasoko litzateke.

–Dirulaguntza onetsi eta ordainduko da Udalak familia eta lana bateratzeko duen aurrekontuko partidaren kargura, eta onartutako dirulaguntzen guztizkoak ezin izanen du gainditu aurrekontuko partidan esleitutako kreditua.

–Haurrak haur eskoletara joateko laguntza jasotzeko baldintzok indargabetuko dira, Irurtzunen haur eskolaren bat dagoenean.

Arau-hauste eta zehapenak

Dirulaguntza eta laguntza publikoen alorrean, administrazio arau-hausteak dira honako jokabide hauek, baldin eta iruzurra, errua edo utzikeria hutsa tartean badaude:

–Dirulaguntza edo laguntza lortzea, horiek eskuratzeko baldintzetan gezurra esanez edo laguntza hori baztertuko edo mugatuko luketen datuak ezkutatuz.

–Dirulaguntza zer helburutarako eman zen, dirua xede horietarako ez erabiltzea, baldin eta ez bada, behintzat, dirua itzuli, errekerimendurik egin gabe.

–Onuradunari egozten ahal zaizkion arrazoiak direla eta, dirulaguntza ematearen ondorioz hartutako betebeharrak ez betetzea.

Gainera, zehatzeko eskumena duen agintaritzak honako zehapen hauek ezartzen ahalko ditu:

–Bost urte arteko epean laguntza eman duen administrazioaren dirulaguntza publikoak eskuratzeko aukera galtzea.

–Laguntza eman duen administrazioarekin kontratuak egiteko debekua izatea, bost urteko epean gehienez.

Eskaerak non eta noiz aurkeztu

Eskaerak Udalaren erregistroan aurkeztuko dira, urte bakoitzeko abuztuaren 1etik irailaren 30era, eta abenduaren 15etik urtarrilaren 15era (halakoetan, ikasturteari falta zaionerako emanen litzateke laguntza), eta betiere azken eguneko 14:00ak arte. Epe hori luzaezina izanen da.

Aurkeztu beharreko agiriak

–Eskabidea.

–Erroldatze-ziurtagiria, jasotzen duena haurra eta gurasoak edo legezko tutoreak Irurtzunen erroldatuta daudela, eskaera egin baino urtebete lehenagotik gutxienez.

–Aita edo ama eskatzailearen NANaren fotokopia, bai eta familia-liburuarena ere.

–Bai aita bai ama lanean ari direla frogatzen duten agiriak, edota haurra haur eskolara eramatera behartzen dituzten inguruabar pertsonal edo familiarrak dituztela justifikatzen dutenak. Guraso bakarreko familien kasuan, frogagiriok haurraren aitak edo amak aurkeztu beharko ditu soilik.

–Haur eskolaren ziurtagiria, haurra eskolara joan dela eta matrikularen zenbatekoa benetan ordaindu dutela frogatzen duena.

–Erantzukizunpeko adierazpena, haurra haur eskolara joateagatik bestelako dirulaguntzarik edo laguntza ekonomikorik jasotzen ez dutela dioena.

–Dirulaguntza zein banku-kontutan jaso nahi den, horren lehenbiziko orrialdearen fotokopia.

Iragarkiaren kodea: L1904256