85. ALDIZKARIA - 2019ko maiatzaren 3a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

25/2019 FORU AGINDUA, martxoaren 29koa, Kultura, Kirol eta Gazteriako kontseilariak emana, bi prestakuntza beken deialdia egiten duena unibertsitateko tituludunentzat, Nafarroako Liburutegian aritzeko, Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiko Liburutegi Zerbitzuari atxikia baitago. DDBN identifikazioa: 450484.

Liburutegi Zerbitzua Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiari atxikia dago, eta bi prestakuntza beka eman nahi ditu unibertsitateko tituludunentzat, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan liburutegien arloan egiten den lanaren ezagutza teorikoa eta praktikoa sustatzeko.

Deialdiari eta bekak emateari buruz oinarri arautzaileetan aurreikusita ez dagoen orotan, arau hauetan xedatutakoari jarraituko zaio: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan prestakuntzarako bekak emateko araubide orokorra ezartzen duen apirilaren 19ko 172/2004 Foru Dekretua, eta modu gehigarrian, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legea.

Horrenbestez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan prestakuntzarako bekak emateko araubide orokorra ezartzen duen apirilaren 19ko 172/2004 Foru Dekretuaren 4. artikuluak eta Kultura, Kirol eta Gazteria Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen irailaren 9ko 199/2015 Foru Dekretuak emandako eskumenak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

1. Bi prestakuntza beken deialdia onestea unibertsitateko tituludunentzat, Nafarroako Liburutegian aritzeko, Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiko Liburutegi Zerbitzuari atxikia baitago.

2. Bekak emateko oinarri arautzaileak onestea. Foru agindu honen eranskinean ageri dira.

3. 19.771,38 euroko gastua baimentzea (9.885,69 euro beka bakoitzerako). Honela banatuko da:

  • 19.674,56 euro (9.837,28 euro beka bakoitzerako); 2019rako Nafarroako Aurrekontu Orokorretako “Bekak” izeneko A21001 A2400 4800 332200 aurrekontuko partidaren kargura egotziko dira.
  • 96,82 euro (48,41 euro beka bakoitzerako), 2020rako Nafarroako Aurrekontu Orokorretan horretarako gaitzen den partidaren kargura. Gizarte Segurantzaren 2019ko abenduko enpresa kuotarako da, zeina 2020ko urtarrilean ordaindu behar baita.

4. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

5. Foru agindu honen aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahalko da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

6. Foru agindu hau igortzea Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusira, Liburutegi Zerbitzura eta Kultura, Kirol eta Gazteria Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusira, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2019ko martxoaren 29an.–Kultura, Kirol eta Gazteriako kontseilaria, Ana Herrera Isasi.

OINARRIAK

Oinarriak bi prestakuntza beken deialdirako, Nafarroako Liburutegian aritzeko, Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiko Liburutegi Zerbitzuari atxikia baitago

1.–Xedea eta helburua.

Deialdi honen xedea da oinarriak ezartzea bi prestakuntza beka emateko, norgehiagokako araubidean, unibertsitateko tituludunentzat (gradua, lizentzia edo baliokidea), Nafarroako Liburutegian aritzeko, Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiko Liburutegi Zerbitzuari atxikia baitago.

Beken helburua da unibertsitateko tituludunen prestakuntza sustatzea eta osatzea, liburuzain izateko ezagutza teoriko eta praktikoa jasoz Nafarroako Liburutegian. Izan ere, aipatu liburutegia Nafarroako Liburutegi Publikoen Sistemako liburutegi nagusia da, baita Nafarroako ondare bibliografikoaren arduradun nagusia ere.

2.–Aurrekontu erabilgarria.

Beken gastu osoa, hau da, 19.771,38 euro (9.885,69 euro beka bakoitzeko), honako aurrekontu-kredituei aplikatuko zaie:

–19.674,56 euro 2019rako Nafarroako Aurrekontu Orokorretako “Bekak” izeneko A21001 A2400 4800 332200 partidaren kargura egotziko dira.

–96,82 euro 2020rako Nafarroako Aurrekontu Orokorretan horretarako gaitzen den partidaren kargura. Gizarte Segurantzaren 2019ko abenduko enpresa kuotarako da, zeina 2020ko urtarrilean ordaindu behar baita.

3.–Iraupena.

Bekak emateko ebazpenean adieraziko den egunean hasiko dira (2019ko apirilaren 1a baino lehenago ez, betiere), eta 2019ko abenduaren 31n bukatuko.

Vianako Printzea Erakundea-Kulturako Zuzendaritza Nagusiak bekak luzatzen ahalko ditu, hiru urtez, gehienez ere, hasierako aldia eta luzapenak batuta, baldin eta nahikoa kreditu erabilgarri badago.

4.–Bekaren zenbatekoa eta ordainketa.

Beka bakoitzak 1.050 euroko zenbateko gordina izanen du hilean, edo dagokion zati proportzionala, hala behar bada. Bekadunari dagokion Gizarte Segurantzaren kuota deskontatuko da. Diru kopuru horri pertsona fisikoen errentaren gaineko zergari dagokion atxikipena eginen zaio, indarra duten arauei jarraikiz hala egin behar baldin bada.

Bekak hilero ordainduko dira, hila bukaturik.

Beken onuradunei ordaintzen zaien dirua ez da inolaz ere soldata edo lansaritzat hartuko, laguntza ekonomiko publikotzat baizik.

5.–Bateraezintasunak.

Prestakuntza beka hau ez da bateragarria izanen Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak, beste administrazio batzuek edo beste entitate publiko edo pribatuek edo partikularrek ematen dituzten beste batzuekin.

6.–Eskatzaileak.

Dokumentazioa aurkezteko epea bukatzen den egunean betebehar guztiak betetzen dituzten pertsona fisikoak soilik izan daitezke onuradunak:

a) 1. oinarrian azaldu den unibertsitateko titulu ofiziala izatea (gradua, lizentzia edo baliokidea), Espainiako agintariek emana edo homologatua, eta deialdi hau argitaratu aurreko hiru urtean lortu izana.

b) Espainiarra izatea edo Europar Batasuneko estaturen batekoa, edo, Europako Erkidegoak sinatu eta Espainiako Estatuak berretsitako nazioarteko tratatuen arabera, langileen joan-etorri askea aplikatzen duen estaturen batekoa. Nolanahi ere, Espainiako nazionalitatea ez duenak gaztelaniaz behar adina badakiela frogatu beharko du.

c) Nafarroan erroldatua egotea, deialdiaren eguna baino urtebete lehenagotik gutxienez.

d) Adinez nagusia izatea.

e) Jarduteko gaitasun osoa izatea eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen laguntza eta dirulaguntza publikoak jasotzeko ezgaitua ez egotea, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13.2 artikuluarekin bat.

f) Bekaren xede den prestakuntza jardueran aritzea galaraz diezaiokeen desgaitasun fisikorik edo gaixotasunik ez izatea.

7.–Balorazio baremoa.

Eskaerak baloratzeko, honako baremo honen arabera kalifikatuko dira merezimenduak:

a) Ikasketa espedientea. Gehienez ere: 4 puntu.

Ikasketa espedientearen batez besteko nota globala baloratuko da, azaroaren 27ko 1497/1987 Errege Dekretuarekin bat. Dekretu horren bidez ezarri ziren nazio lurralde osorako baliozkoak eta ofizialak diren unibertsitate tituluen ikasketa planen jarraibide nagusi komunak. Errege dekretu hori aldatu zuen abuztuaren 1eko 1044/2003 Errege Dekretuak, zeinaren bidez prozedura ezarri baitzen unibertsitateek Tituluaren Europako Gehigarria emateko.

–Nahikoa: puntu bat.

–Oso ongi: 2 puntu.

–Bikain: 3 puntu.

–Ohorezko matrikula: 4 puntu.

b) Hizkuntzak jakitea. Gehienez ere: 1,5 puntu.

Hizkuntza eskola ofizial batek emandako gaitasun agiria edo C1 titulua edo ofizialki baliokidea den titulua edukiz gero, 0,50 puntu emanen dira hizkuntza bakoitzarengatik. B2 tituluak edo ofizialki horien baliokideak diren tituluak 0,25 punturekin baloratuko dira.

c) Unibertsitateko beste titulu akademiko batzuk. Gehienez ere: 2,5 puntu.

Unibertsitateko beste titulu akademiko batzuen kasuan (graduak, diplomak, lizentziak edo graduatu ondokoak), honela baloratuko dira: 0,50 puntu bakoitza. Baldin eta titulu akademiko horiek (graduak, diplomak, lizentziak edo graduatu ondokoak) bekarekin lotuak badaude: 1 puntu bakoitza.

d) Bibliotekonomiarekin eta/edo dokumentazioarekin zerikusia duten baina unibertsitateko tituluaren ikasketa planean sarturik ez dauden gaietan langile gisa izandako esperientzia. Gehienez ere: puntu 1.

0,25 puntu emanen dira langile gisa emandako hiru hilabeteko aldi bakoitzeko. Hiru hilabetetik gorako aldiak baizik ez dira baloratuko, behar bezala justifikaturik badaude dokumentu fede-emaile baten bidez (ziurtagiria, nomina, aitorpena...).

e) Bibliotekonomiari eta dokumentazioari buruzko bestelako prestakuntza, ikastaro espezializatuen bidez eskuratua. Gehienez ere: puntu 1.

Bibliotekonomiari eta dokumentazioari buruzko prestakuntza berariazkoa, ikastaro espezializatuen bidez eskuratua, 0,10 punturekin baloratuko da, guztira 10 orduak gainditzen dituen ikastaro bakoitzeko, betiere erakunde edo zentro publikoek eta unibertsitateek antolatu badute.

Eskatzaileen artean berdinketarik izanez gero, d) atalean lortutako baremazioari garrantzi handiagoa emanez ebatziko da. Berdinketak irauten badu, e) atalari emanen zaio garrantzi handiagoa, eta gero a) eta b) atalei, behar izanez gero, ordena horretan. Azkenik, behar izatera zozketaz ebatziko da.

8.–Eskaerak.

8.1. Prestakuntza beka bat jasotzeko interesa dutenek eskabide orokorra aurkeztu beharko dute Kultura, Kirol eta Gazteria Departamentuko Erregistroan, Iruñeko Navarrería kaleko 39an, edo Nafarroako Gobernuaren erregistro-bulegoetako edozeinetan, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean aipatzen diren tokietako edozeinetan, eta Erregistro Orokor Elektronikoan, 20 egun naturaleko epean, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Eskabide orokorra deskargatzeko: http://www.navarra.es/home_es/Servicios/ficha/6238/Descarga-de-la-instancia-general

Erregistro Orokor Elektronikoa: http://www.navarra.es/home_eu/Servicios/ficha/4537/Registro-General-Electronico1

8.2. Honako agiri hauek aurkeztuko dira eskabide orokorrarekin batera:

a) Eskabide-orria (oinarri hauei erantsia).

b) Eskatzailearen curriculum vitaea, non jasoko baitira, zehatz-mehatz, aipatutako merezimendu guztiak, eta dagozkien ziurtagiriak.

c) Ikasketa espedientearen ziurtagiria, ikasmaila bakoitzeko irakasgai guztien kalifikazioekin, batez besteko nota barne, zein deialditan gainditu zituen espresuki aipatuta.

d) Lehenbiziko oinarrian aipatzen den titulu ofizialaren fotokopia.

e) Nortasun agiri nazionalaren edo pasaportearen fotokopia.

f) Nafarroako erroldatze ziurtagiria, antzinatasuna zehazten duena.

g) Eskatzailearen erantzukizunpeko adierazpena, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13.2 artikuluari jarraikiz, adierazten duena ez dagoela onuradun izatea galarazten dioten egoeretako bakar batean ere.

h) Erantzukizunpeko adierazpena, jakinarazten duena beste bekarik edo laguntzarik eskatu den edo jasotzen ari den Kultura, Kirol eta Gazteria Departamentutik, edo beste departamentu, administrazio edo erakunde publiko edo pribatu batetik.

i) Nafarroako Ogasun Publikoko zergaduna bada, zerga betebeharrak eguneraturik dituela egiaztatzen duen ziurtagiria.

j) Alegatutako merezimenduen gaineko egiaztagirien dokumentuak eta fotokopiak, zazpigarren oinarriaren arabera baloratuak izateko.

8.3. Organo eskudunak epearen barrenean aurkezten diren eskaerak aztertuko ditu. Eskaeraren batek oinarri honetan finkatutako baldintzak betetzen ez baditu, organo eskudunak interesdunari eskatuko dio hamar egun balioduneko epean zuzendu dezala, eta adieraziko dio ezen, zuzendu ezean, eskaerari uko egiten diola ondorioztatuko dela eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela; ebazpen hori jakinaraziko zaio.

Deialdian ezarritako merezimenduei buruzko agiriak aurkezten ez badira, ezin izanen da zuzenketarik egin.

8.4. Prestakuntza beka hauek jasotzeko eskaera aurkezteak berekin dakar eskatzaileak deialdiaren oinarriak onartzea.

9.–Ebaluazio Batzordearen osaera eta beka emateko prozedura.

9.1. Ebaluazio Batzordea arduratuko da betebeharrak egiaztatzeaz, bekak eskatzen dituztenek alegatutako merezimenduak ebaluatzeaz eta ebazpen proposamena prestatzeaz, non izangai onartu bakoitzari guztira emandako puntuak adieraziko baitira.

Ebaluazio Batzordeko kideak hauek izanen dira:

Batzordeko burua: Amaya Prado Fernández andrea, Nafarroako Liburutegiaren Ataleko burua.

–Ordezkoa: Asunción Maestro Pegenaute andrea, Liburutegi Zerbitzuko zuzendaria.

Idazkaria: Ana Isabel Olaso Val andrea, Informazio Baliabideen Bulegoko burua.

–Ordezkoa: Virginia Oyarzun Martínez andrea, erdi mailako teknikaria-liburuzaina.

Batzordekidea: Amaia Ibáñez Aguirre andrea, Jendearentzako Zerbitzuen Bulegoko burua.

–Ordezkoa: María Orreaga Urbiola Casales andrea, Jendearentzako Zerbitzuen Bulegoko liburutegiko arduraduna.

Batzordekidea: Juan Francisco Elizari Huarte jauna, Ondare Bibliografiko eta Filmografikoaren eta Lege Gordailuaren Bulegoko burua.

–Ordezkoa: María Luisa Garcés Álvarez andrea, erdi mailako teknikaria-liburuzaina.

9.2. Ebaluazio Batzordea instrukzio organoa da, eta ofizioz ebaluatuko ditu eskaerak, deialdi honetan ezarritako irizpideen arabera.

Ebaluatzen hasi aurretik, txosten bat prestatuko du, non adieraziko baita eskatzaileek bekak jasotzeko baldintza guztiak betetzen dituzten ala ez. 6. oinarrian ezarritako baldintzak betetzen ez dituzten eskaerak ez dira baloratuko.

9.3. Ebaluazio Batzordeak aurkezten diren eskaerak aztertu eta baloratuko ditu; gero, bekak emateko proposamena eginen du, lortutako puntuazioaren araberako ordenari jarraikiz.

9.4. Vianako Printzea Erakundea-Kulturako Zuzendaritza Nagusiaren ebazpenaren bidez emanen dira bekak, instrukzio organoaren proposamena ikusita. Ebazpen hori eta eskatzaileen zerrenda, merezimenduen baremazioan lortutako puntuazioaren arabera ordenatua, Kultura, Kirol eta Gazteria Departamentuaren iragarki-taulan jarriko dira jendaurrean (Navarrería kalea 39, behea, Iruña), bai eta Nafarroako Liburutegiko iragarki-taulan ere (Antonio Pérez Goyena pasealekua 3, 2. solairua, Iruña).

Ebazpenean, gutxienez, gainditu duten eskatzaileen zerrenda jaso beharko da, eta beka nori eman zaion, eta espresuki adieraziko da gainerako eskaerak ezetsi egin direla, halakorik baldin bada.

Ebazpena interesdunei jakinaraziko zaie apirilaren 19ko 172/2004 Foru Dekretuaren 11. artikuluan ezarritako moduan. Foru dekretu horren bidez ezarri zen Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan prestakuntzarako bekak emateko araubide orokorra.

Eskaerak aurkezteko epea bukatu eta hiru hilabeteko epean berariazko ebazpenik jakinarazten edo argitaratzen ez bada, ukatu egin direla ulertuko da.

9.5. Hautapen prozesua bukatu ondoren, beka jasotzeko hautatzen diren pertsonek aurkeztu beharko dituzte prestakuntza beka eskatzerakoan alegatu zituzten merezimendu guztien jatorrizko egiaztagiriak edo haien kopia konpultsatuak.

10.–Tutoretzak.

10.1. Tutore gisa izendatutako pertsonak gidatu eta gainbegiratuko ditu beken onuradunek egiten dituzten jarduerak. Tutore horrek bekaduna izateko eskatzen den titulua edo goragokoa izanen du eta Liburutegi Zerbitzuaren Zuzendaritzak izendatuko du. Hori horrela, bekadunen jarduerak honetara zuzenduko dira: bekadunak prestatzea Nafarroako Liburutegian egiten diren zereginetan eta eginkizunetan.

10.2. Tutoreak ezarriko ditu ordutegiak bulego ezberdinetako prestakuntza ibilbidearen arabera; hortaz, lanaldia –normalean goizez izanen dena–, 8:30etik 14:30era izanen da astelehenetik ostiralera bitarte, eta 14:30etik 20:30era, arratsaldez denean. Tutoreak egin beharreko lan zehatzak aginduko ditu, denboran programatuko ditu, eta bekadunek eginbehar orokor eta berariazkoak betetzen dituzten begiratuko du.

11.–Prestakuntza jardueraren bukaerako memoria.

Beka bukatzen denetik hasita hilabeteko epean, bekaren onuradunak gauzatutako prestakuntza jardueraren bukaerako memoria bat aurkeztu beharko du, egindako zereginen memoria bat, bai eta bereganatutako ezagutza teknikoei buruzko balorazio bat ere, eta Liburutegi Zerbitzuari igorriko zaio.

Azken memoria hori prestatzen ez badu, bekadunak jaso duen bekaren azkeneko hilekoa itzultzeko eskatuko zaio.

Memoriak tutorearen adostasuna izan beharko du, eta horrek balorazio bat gehituko du beka emateko baldintzen eta aurreikusitako helburuen betetze-mailari buruz.

12.–Onuradunen betebeharrak.

a) Bekaren xedeko prestakuntza jarduera betetzea.

b) Organo emaileari frogatzea betebeharrak eta baldintzak betetzen dituela eta, orobat, beka jasotzeko arrazoi izan diren jarduerak egin dituela eta helburuak bete direla. Prestakuntzaren ardura duen administrazio unitateak eskatzen ahalko du lanak eta txostenak aurkeztea, bekadunaren errendimendu mailaren jarraipenaren kontrola eta ebaluazioa egin ahal izateko.

c) Eskumena duten organoek eman den bekaren gainean egin ditzaketen egiaztapen lan guztiak onartzea.

d) Xede berarekin eskatu edo jaso dituen bestelako beka edo dirulaguntzen berri ematea beka eman duen organoari.

e) Hala badagokio, beka emateko ebazpenaren aurretik frogatzea zerga guztien ordainketak eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak egunean dituela. Horrekin batera, zinpeko aitorpen edo hitzemate idazki bat aurkeztu beharko du, adierazteko ez duela kobratzen Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren beste departamentu batetik edo beste administrazio edo entitate publiko edo pribatu batetik helburu bera duen beste edozein laguntza publiko bateraezin.

f) Bekaren zuzeneko ondorio diren jarduera eta argitalpen guztietan bekadun gisa aritu dela adieraztea.

g) Prestakuntza jarduera gauzatu bitartean ezagutzen duen isilpeko informazio tekniko edo administratiboaren gainean sekretua eta konfidentzialtasuna gordetzea.

h) Bere gain hartzea Gizarte Segurantzaren araubidean sartzeagatik dagozkion betebeharrak.

i) Zein erakundetan jarduten duen, bertako barne edo funtzionamendu araudia betetzea.

13.–Prestakuntza jardueraren hasiera eta ukoak.

Onuradunak beka emateko ebazpenean adierazten den egunean hasi beharko du lanean. Horrela egiten ez badu, bekari behin betiko uko egiten diola ulertuko da, non eta organo eskudunak ezinbesteko arrazoiak edo behar bezala justifikatutako beste edozein gorabehera ikusten ez dituen.

Emandako bekari berariaz uko eginez gero, Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiari horren berri eman beharko zaio, gutxienez 15 egun natural lehenago.

Emandako bekari edozein arrazoirengatik uko eginez gero, zilegi izanen da beka instrukzio organoak ezarritako zerrendan hurrengoa denari ematea, deusetan galarazi gabe onuradunak uko egin arte zituen betebeharrak.

14.–Prestakuntza jarduera egitea.

Bekadunen jarduera Nafarroako Liburutegian eginen da (Antonio Pérez Goyena pasealekua 3, Iruña), eta 30 ordu izanen dira astean. Halaber, bekadunak prestakuntzarako beharrezkoak diren joan-etorriak eginen ditu.

Bekaldiaren hilabete bakoitzeko 2,5 egun naturaleko atsedenaldia emanen zaie bekadunei.

15.–Jabetza intelektuala.

Bekadunek jabetza intelektualaren gainean dituzten eskubideak, bekaldian egindako jardueraren ondorioz eskuratzen direnak, eskubide horiek erregulatzen dituzten arauetan ezarritakoari jarraikiz arautuko dira. Horri dagokionez, Administrazio Publikoak ez dio uko egiten agirien, azterlanen, ikerlanen, lanen, eskubideen, emaitza zientifikoen eta izan litezkeen asmakuntzen gainean legokiokeen jabetzari.

16.–Lan edo administrazio harremanik eza.

16.1. Bekak erabiltzea eta bekaduna izatea ez da zerbitzuak ematea, eta egoera horrek ez dakar berekin lan harremanik, administratiborik edo estatutupekorik sortzea Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioarekin edo haren erakunde autonomoekin, ez eta antzeko eskubiderik lortzea ere. Administrazioak ez du konpromisorik hartuko beka bukatutakoan bekaduna bere plantillan sartzeko.

16.2. Kasuan kasuko departamentuko funtzionario edo kontratudunek gainbegiratuko dituzte prestakuntzako bekadunei agintzen zaizkien lan edo jarduerak, eta haiek izanen dira lan horien erantzuleak. Bekadunak ezin izanen ditu funtzionario publikoen eginkizunak bete edo berarentzat hartu, ez eta hirugarrenen aurrean administrazio publikoaren kide, ordezkari edo agente gisa agertu ere.

16.3. Beken onuradunak besteren konturako langileen parekoak izanen dira Gizarte Segurantzako Araubide Orokorrean sartzearen ondorioetarako, urriaren 24ko 1493/2011 Errege Dekretuan ezarri bezala; dekretu horrek prestakuntza programetan parte hartzen dutenak Gizarte Segurantzako Araubide Orokorrean nola eta zein baldintzatan sartzen diren arautzen du, Gizarte Segurantzaren sistema eguneratu, egokitu eta modernizatzeari buruzko abuztuaren 1eko 27/2011 Legearen hirugarren xedapen gehigarrian aurreikusitakoa garatuz.

Gizarte Segurantzako Araubide Orokorrean sartzeko, bertan kidetzeko eta/edo alta hartzeko, eta araubide horretatik ateratzeko ere, kontuan hartuko da onuradunak noiz hasten diren beka programan eta noiz uzten duten, enpresak Gizarte Segurantzan inskribatzeko eta langileak kidetzeko, alta eta bajak hartzeko eta haien datuak aldatzeko Erregelamendu Orokorrean ezarritako modu, epe eta ondorioekin. Urtarrilaren 26ko 84/1996 Errege Dekretuaren bidez onetsi zen erregelamendu hori.

17.–Kalte-ordainak jasotzeko eskubidea.

Bekadunak Administrazio Publikoarekin duen harreman juridikoa ezertan aldatu gabe, eskubidea izanen du zerbitzuagatik eta bidaiengatik izaten dituen gastuengatik funtzionarioei dagozkien ordain berberak jasotzeko.

18.–Ez-betetzeak.

Bekadunak bere gain hartutako betebehar eta eginkizunak betetzen ez baditu, haiek egitean ardurarik jartzen ez badu, errendimendu eta aprobetxamendu eskasa badu edo lanak kalitate gabekoak badira, beka aldi baterako edo betiko kentzea erabakiko du organo eskudunak, dagokion administrazio unitateak proposaturik eta interesdunari entzunaldia eman ondoren; horrekin batera zuzkidura ekonomikoaren zati proportzionala ere galduko du, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluaren arabera eska daitezkeen diru-itzulketak, berandutze-interesak eta ezar litezkeen zehapenak galarazi gabe.

19.–Errekurtsoak.

Deialdi honen eta bere oinarrien kontra gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean xedatuari jarraikiz.

Deialdi honen aplikazio egintzen kontra zilegi da gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Kultura, Kirol eta Gazteriako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi eta biharamunetik hasita, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legean xedatutakoarekin bat.

20.–Aplikatu beharreko legeria.

Oinarri hauetan ezarrita ez dagoen orotan, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan prestakuntzarako bekak emateko araubide orokorra ezartzen duen apirilaren 19ko 172/2004 Foru Dekretuan eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean xedatutakoari jarraituko zaio.

Inprimaki normalizatua (PDFa).

Iragarkiaren kodea: F1905401