85. ALDIZKARIA - 2019ko maiatzaren 3a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA

CINTRUÉNIGO

Deialdia, Cintruenigoko “San Francisco de Asís”
zaharren egoitzako EUD izateko lanpostu bat
oposizio-lehiaketa bidez betetzeko

San Francisco de Asís udal patronatuko batzarrak, 2019ko otsailaren 28an hartutako erabakiaren bitartez, onetsi ziren “San Francisco de Asís” zaharren egoitzako EUD izateko lanpostu bat oposizio-lehiaketa bidez betetzeko deialdiaren oinarriak.

Argitara ematen da, behar diren ondorioak izan ditzan.

Cintruenigon, 2019ko apirilaren 4an.–Patronatuko burua, Raquel Garbayo Berdonces.

OINARRIAK

1. oinarria.–Arau orokorrak.

Deialdi honen xedea da oposizio-lehiaketa egitea Cintruenigoko San Francisco de Asís zaharren egoitzako EUD izateko lanpostu bat hautaproben bitartez betetzeko (R07 lanpostu hutsa).

Deialdi honen babesean eratzen den zerrendak bost urteko indarraldia izanen du gehienez, indarra hartzen duen egunetik hasita, edo beste deialdi bat onesten den arte.

Izangaien zerrenda honek indarrik eta ondoriorik gabe uzten du izangaien beste edozein zerrenda, Cintruenigoko San Francisco de Asís udal patronatuko EUD izateko lanposturako aldi baterako kontrataziorako.

1.1. Lanpostuaren ordainsariak izanen dira Cintruenigoko San Francisco de Asís udal patronatuko hitzarmen kolektiboan EUD lanposturako ezarritakoak.

1.2. Lanpostuaren eginkizunak honako hauek dira, aipamen hutsez eta bestelakoak baztertu gabe:

a) Egoiliarrak zaindu eta haiei arreta ematea, bakoitzaren beharrizan pertsonal eta orokorretan.

b) Botikak prestatzea, medikuen aginduei jarraikiz.

c) Sendaketak egitea.

d) Odol-presioa, tenperatura eta antzekoak hartzea.

e) Odola ateratzea, laborategian analizatzeko.

f) Egoiliarren historia klinikoetan bere eginkizunekin zerikusia duten datuak jasotzea.

g) Material medikoa eta bestelakoa gainbegiratu, zaindu eta garbitzea.

h) Farmaziari eskaerak egitea eta botikak kontrolatzea.

i) Zentroko lanbide anitzeko taldearekin bilerak egitea, medikuak egoki ikusten duen guztietan.

j) Erizaintzako laguntzaileekin eta zaintzaileekin bilerak egitea, lanbide prestakuntza emateko eta birziklatzeko.

k) Bazkari eta afarietan, zentroko medikuak finkatutako dietak zorrozki betetzen direla begiratzea.

l) Erizaintzako laguntzaileek eta zaintzaileek lan plana egoki betetzen ote duten gainbegiratzea, funtzionamendua egokia dela kontrolatzea eta gertatzen diren gorabeheren berri ematea zuzendariari edo hura ez badago, gainbegiraleari.

m) Ohiturak hartzeko eta jokabideak aldatzeko asmoz, teknikariek prestatzen dituzten programetan laguntzea.

n) Laneko txandan izandako gorabeheren berri ematea zentroko medikuari.

o) Beste nagusirik ez dagoenean, erizaintzako laguntzaileek, zaintzaileek eta egoiliarrek zintzo jokatzen dutela begiratzea eta ordena egokiari eustea.

p) Eginkizun horiez gain, behar izanez gero, egoiliarra zaintzeko beste lan batzuk ere egin beharko ditu, betiere medikuak aginduta.

1.3. Hautapen probak 5. oinarrian azaltzen dira.

1.4. Lanaldia administrazio dei-egileak ezartzen duena izanen da; betiere zerbitzuaren beharren araberakoa. Hala ere, noiznahi aldatu ahalko da.

2. oinarria.–Izangaiek bete beharreko baldintzak.

2.1. Parte hartu nahi dutenek, eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean, honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Espainiako nazionalitatea edukitzea, edo Europar Batasuneko edozein estatutakoa; bestela, ahaidetasun harremana izatea maiatzaren 24ko 10/2001 Foru Legean adierazi bezala. Halaber, langileen zirkulazio librea jasorik Europar Erkidegoak izenpetu eta Espainiak berretsitako nazioarteko itunen aplikazio eremuko pertsonak izatea.

b) Hamasei urte beteak izatea eta nahitaezko erretiroa hartzeko gehieneko adina ez gainditzea.

c) Erizaintzako gradua izatea eta elkargoko kide izatea.

Atzerrian lortutako tituluak badira, homologazioaren frogagiria eduki beharko da.

d) Lanpostuaren eginkizunak betetzeko behar diren gaitasun fisikoak eta psikikoak izatea.

e) Eginkizun publikoak betetzeko desgaiturik edo bazterturik ez egotea eta administrazio publikoren bateko zerbitzutik bereizia ez izatea.

Espainiako nazionalitatea ez izanik parte hartu nahi dutenek zinpeko aitorpena edo hitzematea aurkeztu beharko dute, adierazteko ez dutela diziplina-zehapenik edo kondena penalik beren estatuko funtzio publikoan sartzea galarazten dienik.

2.2. Oinarri honen 2.1.c) atalean eskatzen den titulazio betebeharra agiri bidez frogatu beharko da.

2.3. Oinarri honetan ezarritako baldintza guztiak eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunerako bete beharko dira, bai eta hautapen prozedurak eta kontratazioak iraun bitartean mantendu ere.

3. oinarria.–Eskabideak.

3.1. Deialdian parte hartzeko eskabideak San Francisco de Asís udal patronatuaren erregistro orokorrean aurkeztu beharko dira edo, bestela, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan ezarritako bideetako bat erabiliz.

Eskabidea aurkezten bada 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan jasotako bideetariko edozein erabiliz, eskatutako dokumentazioa aurkeztu izanaren frogagiria igorri beharko zaio patronatuari, posta elektroniko bidez, helbide honetara: direccion@residenciacintruenigo.com eta bertan inguruabar horren berri emanen da, betiere eskabideak aurkezteko epea bukatu baino lehen.

Eskaera posta bulego batean aurkezten bada, gutun-azal ireki batean aurkeztuko da, postako langileek eskabideari data eta zigilua jarri diezazkioten, ziurtatu baino lehen. Orobat, mezu elektronikoa igorriko da arestian adierazitako helbidera, inguruabar horren berri emateko, betiere eskabideak aurkezteko epea bukatu baino lehen.

Eskabideak I. eranskinean argitaratzen den ereduari beharko zaizkio lotu.

Parte hartzeko eskabidean izangaiek adierazi behar dute eskatutako baldintza guztiak betetzen dituztela, eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean.

Parte hartzeko eskabidearekin batera izangaiek Nortasun Agiri Nazionalaren fotokopia edo izangaiaren nortasuna frogatzen duen agiriarena aurkeztu beharko dute, bai eta titulazioarena eta bigarren oinarrian eskatzen diren gainerako baldintzena ere.

3.2. Minusbaliotasuna duten izangaiek, parte hartzeko eskabidearekin batera, minusbaliotasuna dutela frogatzeko agiria ere aurkeztu beharko dute, organo eskudunak emana. Halaber, ariketak egiteko denbora eta baliabide aldetik behar dituzten egokitzapenak eskatu ahalko dituzte, horren beharrik izanez gero, eskabidean bertan. Aparteko orri batean, zein minusbaliotasun duten eta zein egokitzapen eskatzen duten adierazi beharko dute.

4. oinarria.–Eskaerak aurkezteko epea.

Eskabideak aurkezteko epea hogei egun naturalekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Eskabideak aurkezteko epea luzaezina da.

5. oinarria.–Izangaien onarpena.

5.1. Behin-behineko zerrendak.

Eskabideak aurkezteko epea bukatutakoan, Cintruenigoko San Francisco de Asís udal patronatuko buruak ebazpena emanen du onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesteko, eta patronatuko iragarki-taulan eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.

Egun horretatik aurrera eta ondoko bost egun baliodunean, izangaiek erreklamazioak egin ahalko dituzte edo eskabidean egindako akatsak zuzendu.

5.2. Behin betiko zerrendak.

Erreklamazioetarako epea burututakoan eta haiei erantzun ondotik, Cintruenigoko San Francisco de Asís udal patronatuko buruak ebazpena emanen du onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko, eta iragarki-taulan eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko aginduko du. Ebazpen horretan berean zehaztuko da probak non, noiz eta zer ordutan hasiko diren.

5.3. Onartuen zerrendan agertzea ez da aski deialdian eskatutako betebeharrak betetzen direla aitortzeko. Izangaiek aurkeztutako dokumentazioa edo San Francisco de Asís udal patronatuak bere eskuetan daukana aztertuta, eskatutako baldintzetako bat betetzen ez dutela ohartuz gero, deialdian parte hartzeagatik dituzten eskubide guztiak galduko dituzte.

5.4. Izangai onartu eta baztertuen zerrendak argitaratzearekin ulertuko da interesdunei egin beharreko jakinarazpena egin dela, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 45. artikuluan ezarritakoarekin bat.

6. oinarria.–Oposizio-lehiaketaren nondik norakoa.

–Oposizioaldia:

Hautapen prozesua bi proben bidez eginen da. Bata teorikoa izanen da, eta bestea praktikoa, eta biak ere baztergarriak izanen dira.

6.1. Proba teorikoa.

Proba honetan ere aukera anitzeko galdera sorta bati erantzun beharko zaio, gehienez ere ordubetez, eta erantzun zuzena bakarra izanen da. Galderak deialdiko II. eranskinean ageri diren gaiei buruzkoak izanen dira. Erantzun okerrak zehatuko dira, alegia, oker bakoitzeko 0,50 puntu kenduko dira.

Proba honen balorazioa 50 puntukoa izanen da gehienez ere, eta gehieneko puntuazioaren erdia (25 puntu) gutxienez lortzen ez duten izangaiak kanpoan geldituko dira.

25 puntu lortzen ez dituztenek ezin izanen dute hurrengo proba egin.

Proba hau egiteko ez da inolako testurik erabiltzen ahalko, ezta kalkulagailurik edo bestelako materialik ere, ez bada bolaluma urdina edo beltza eta 2 zenbakidun arkatza.

Epaimahaiak jendaurrean jarriko du izangaien zerrenda eta atera duten kalifikazioa, Udaletxeko iragarki-taulan, baita hurrengo ariketa noiz eta non eginen den ere, gutxienez ere berrogeita zortzi ordu lehenago.

Lehenbiziko proban puntu gehien lortu duten izangaiek bakarrik eginen dute bigarren proba.

6.2. Proba praktikoa: epaimahaiak proposaturiko kasu praktiko bat argitzea, betiere zuzenean lanarekin ikusteko duena. Epaimahaiak 0tik 50 puntu bitarte izanen ditu proba baloratzeko. 25 puntu baino gehiago eskuratzen ez dituzten izangaiak baztertuak izanen dira.

6.3. Probetarako dei bakarra eginen da. Parte-hartzaileek aldean eraman beharko dute Nortasun Agiri Nazionala edo pasaportea. Agirien bidez nor diren frogatzen ez dutenak edo agertzen ez direnak baztertuta geldituko dira.

6.4. Hautaprobak egiteko, desgaitasun aitorturen bat dutenentzat bidezkoak diren denbora eta baliabide egokitzapenak jarriko dira, eskabidean azaldutakoaren arabera.

–Lehiaketaldia:

6.5. Merezimenduen balorazioa: izangaien merezimenduak baremo honi jarraikiz baloratuko dira: (Gehienez ere, 25 puntu):

a) Egoitza geriatrikoetan edo zentro sozio-sanitarioetan erizain gisa egindako zerbitzuak: zerbitzu urte edo zatiki bakoitzeko, 3 puntu urteko.

b) Erizaintza geriatrikoarekin zerikusia duten ikastaro presentzial bakoitzeko, 2 puntu.

7. oinarria.–Kalifikazio epaimahaia.

7.1. Hautaprobak hasi baino lehen eratuko da epaimahaia.

7.2. Epaimahaia honako kide hauek osatuko dute:

–Epaimahaiburua: Raquel Garbayo Berdonces, Cintruenigoko San Francisco de Asís udal patronatuko burua.

Ordezkoa: Anabel Lacarra Ridruejo, Patronatuko batzarreko kidea.

–Epaimahaikidea: Inmaculada Sanchez Cabello, erizaina.

Ordezko mahaikidea: Ana Cristina Solanas Ambrona.

–Epaimahaikidea: Osasun Etxeak izendatutako langilea.

Ordezko epaimahaikidea: Osasun Etxeak izendatutako langilea.

–Epaimahaikidea: enpresa batzordeko ordezkaria.

Ordezko epaimahaikidea: enpresa batzordeko ordezkaria.

–Epaimahaikidea: Blanca Montes Lozano, psikologoa.

Ordezko epaimahaikidea: Irene Manero, medikua.

7.3. Kalifikazio epaimahaiko kide batek eginen du idazkari lana. Behar diren aktak eginen ditu, eta epaimahaikide guztiek horietako bakoitza sinatu beharko dute.

7.4. Epaimahaia modu baliodunean eratzeko eta jarduteko, beharrezkoa izanen da hura osatzen duten kideen gehiengo osoa bertan izatea.

7.5. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiko oinarriak ulertu eta aplikatzerakoan sortzen diren arazo guztiak, eta berdinketa suertatuz gero, mahaiburuak kalitateko botoa erabil dezake.

7.6. Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza izan dezake proba batzuetan nahiz guztietan. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko, eta haietan bakarrik emanen diote laguntza epaimahaiari.

7.7. Epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote eta organo dei egileari hala adierazi, Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean abstentziorako aurreikusiak dauden arrazoiak suertatzen direnean. Halaber, izangaiek mahaikideak errefusa ditzakete, arrazoi horietako bat gertatzen denean.

Epaimahaia aldatzen bada, epaimahaikideek beraiek uko egiteko edo haiek errekusatzeko legez ezarritako kasuak direla-eta, aditzera emanen da, izangai onartu eta baztertuen zerrendekin batera.

8. oinarria.–Emaitzak.

8.1. Parte-hartzaileen artean berdinketarik gertatuz gero, epaimahaiak ebatziko du, kontuan izanik lehenbiziko zatian (proba teorikoa) zein den puntuaziorik handiena. Arestian ezarritako irizpideak aplikatuta ere berdinketak jarraitzen badu, bigarren proban puntu gehien lortu duenaren alde ebatziko da. Hala ere, berdinketak jarraitzen badu, zozketa bakar baten bidez erabakiko da, zeina kalifikazio epaimahaiak eginen baitu.

Zozketaren emaitzak Cintruenigoko Udalaren iragarki-taulan argitaratuko dira.

8.2. Behin proben kalifikazioa bukaturik, epaimahaiak Udalaren iragarki-taulan eta webgunean jarriko du probak gainditzen dituzten izangaien zerrenda, guztira lortzen duten puntuazioaren ordenaren arabera.

Proba teorikoa gainditu duten izangaiak aldi baterako kontratatzeko izangaien zerrendetan sartuko dira.

8.3. Probak gainditu dituztenen zerrenda, puntuazio hurrenkeraren arabera jarria, San Francisco de Asís udal patronatuko batzarrari bidaliko zaio eta, horrekin batera, hautapen prozesuaren espediente osoa, onetsia izan dadin.

9. oinarria.–Aldi baterako kontratatzeko dei egitea.

9.1. Gainditu duten izangaiei Cintruenigoko San Francisco de Asís udal patronatuan gertatzen diren beharren arabera eginen zaie dei, deialdi honetan ezarritakoari eta aplikatzekoak diren gainerako arauei jarraituz.

9.2. Izangaiei dei egiterakoan, kontuan hartuko da Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutua, abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuak onetsia, desgaitasuna duten pertsonek enplegu publikoa lortzeari dagokionez. Behar diren zereginak eta eginkizunak betetzeko bateragarritasuna frogatzen duten agiriak Cintruenigoko San Francisco de Asís udal patronatuak egiaztatuko ditu.

9.3. Errazago aurkitu ahal izateko, izangaiek harremanetarako telefono bat bederen eman beharko dute (harremanetarako beste telefono batzuk ere eman ditzakete), baita helbide elektroniko bat ere. Informazio hori etengabe eguneratua eduki behar dute.

9.4. Lanpostu baterako aldi baterako kontratazioa egin behar denean, une horretan zerrendako lehenbiziko lekuan dagoen izangaiari deituko zaio. Izangai bakoitza lokalizatzeko bi saiakera eginen dira telefonoz bi lanegun jarraitutan, eta dei horien frogak jasoko dira, alegia, eguna, ordua eta inguruabarrak. Telefonozko harremana izateko lehenbiziko saiakerarekin batera, posta elektroniko bat bidaliko da izangaiak emandako helbide elektronikora. Mezu elektroniko hori bidaltzen denetik egun bateko epean erantzunik lortzen ez bada, eta telefonoz hitz egiterik ere ez bada, zerrendako hurrengoari deituko zaio.

Izangai batekin harremanetan jarri eta, kontrataziorako eskaintza bat eginik, izangaiak erantzuten ez badu edo uko egiten badio, zerrendako azkeneko postura igaroko da, salbu frogatzen badu arrazoi justifikatuengatik uko egiteko kasu batean dagoela, 9.5 atalean xedatutakoarekin bat.

Izangai batekin harremanetan jartzerik ez bada, zerrendan duen lehentasunari eutsiko dio eta zerrendan hurrengoa denari deituko zaio, harik eta eskaintzen den lanpostua bete arte.

Izendapena eginda, toki entitate eskatzaileak aldi baterako kontratatuko du proposaturiko izangaia.

Deia eginda kontratu bat onartzen dutenei ez zaie zerrenda bereko beste lanposturik eskainiko kontratua indarrean den bitartean.

9.5. Honako hauek onartuko dira eskainitako lanpostua kontratatzeari uko egiteko arrazoi justifikatu gisa eta, beraz, ez dute izangaiaren lehentasun ordena aldatuko aldi baterako kontratazioko izangaien zerrendetan:

a) Aldi baterako ezintasuna.

b) Amatasun edo aitatasun baimena.

c) Hiru urtez azpiko haurra zaintzea, edo hiru urtez azpiko adingabea harrera iraunkorrean edo adoptatua izatea.

d) Zaindu behar badu bigarren gradura arteko odol edo ezkontza bidezko ahaide bat, adina, istripua edo eritasuna dela-kausa bere burua ezin gobernatu duena.

e) Norberaren ezkontza edo Bikote Egonkorrentzako Berdintasun Juridikoari buruzko uztailaren 3ko 6/2000 Legearen arabera parekatutako egoera, baldin eskainitako kontratazio administratiboaren hasiera eguna hura eratu ondoko edo aurreko hamabost egun naturalean bada.

f) Kontratazioren bat indarrean izatea, administrazio araubidekoa edo lanekoa izan.

g) Desgaitasunen bat behar bezala onartua izatea eta desgaitasunaren ezaugarriak bateraezinak izatea eskaintzen zaion lanpostuaren ezaugarri bereziekin.

Aipatu egoeretako batean dauden izangaiek 7 egun naturaleko epea izanen dute, errefusatu duten lanpostua eskaintzen zaien egunetik, agiri bidez eta fede emanez justifikatzeko. Hala bada, zerrendan zuten toki berean jarraituko dute.

Kontratazio eskaintzari uko egiteko arrazoi justifikatua frogatzen duen dokumentazioa epe barrenean aurkezten ez bada, izangaia zerrendako azkeneko tokira igaroko da.

Uko egiteko arrazoi justifikatua dagoenean, idatziz adierazi beharko dute noiz dauden berriz lanerako prest, uko egitea ekarri zuen egoera bukatzen den egunetik hasita. Jakinarazpen hori egiten ez den bitartean, ez zaie lanposturik eskainiko.

9.6. Deia eragiten duen zerrendatik baztertuko dira ondoko egoera hauetako batean dauden izangaiak:

a) Kontratazio eskaintza onartuta dela, kontratua ez sinatzea, izangaiari egozten ahal zaion arrazoiagatik.

b) Sinatutako kontratuari uko egitea, salbu horren arrazoia baldin bada beste kontratu bat sinatu dela beste entitate publiko edo pribatu batekin. Agiri bidez eta modu fede-emailean frogatu beharko da hori, ukoaren formalizaziotik 7 egun naturaleko epean. Kasu honetan, izangaia zerrendako azkeneko tokira igaroko da.

c) Lanpostua bertan behera uztea.

d) Probaldia ez gainditzea, kontratuan ezarri den kasuetan.

e) Urtebeteko epean izangaiarekin harremanetan jartzea ezinezkoa izatea, hark emandako telefonoaren edo helbide elektronikoaren bidez kontratatzeko deiak behin eta berriz eginda ere.

9.7. Deia jasotzen dutenek deialdian titulazioari eta bestelakoei buruz eskatutako betebeharrak betetzen dituztela frogatzeko dokumentazioa aurkeztu beharko dute:

a) Nortasun Agiri Nazionalaren fotokopia konpultsatua, edo izangaiaren nazionalitatea eta nortasuna frogatzen dituen beste agiri baliokideren batena.

b) Erizaintzako graduatuaren fotokopia konpultsatua eta elkargoko kide izatearena.

c) Eginkizun publikoetarako ezgaitua edo gabetua ez izatearen eta inongo administrazio publikoren zerbitzutik bereizia ez izanaren zinpeko aitorpena.

9.8. Eskatutako baldintzak betetzen ez dituzten pertsonak hautapen prozesutik baztertuko dira, Alkatetzaren ebazpen baten bidez, eta deialdi honetan parte hartzeagatik izan ditzaketen eskubide guztiak galduko dituzte.

10. oinarria.–Errekurtsoak.

Deialdi honen, bere oinarrien edo hura aplikatzeko epaimahaitik etortzen ez diren egintzen kontra, hautara, ondoko errekurtsoetako bat aurkez daiteke:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza eman duen organo berari zuzendua, hilabeteko epean, hura jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioko organo eskudunari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

c) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazten denetik hasita.

Epaimahaiak ematen dituen egintzen kontra gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke deialdia egin duen udal organoari zuzenduta, errekurtsoaren xede den egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik, hilabeteko epean.

I. ERANSKINA

Eskabidea (PDFa).

II. ERANSKINA

1.–Erizaintzako dilemak eta teoriak. Arazoak erizaintzako laguntzan. Erizaintzako diagnostikoa.

2.–Osasunaren kontzeptua. Osasun-eritasun zikloa. Hartan eragina duten faktoreak. Osasun laguntzaren mailak.

3.–Gerontologia eta geriatria kontzeptua. Erizaintza geriatrikoaren jarduketa eremuak.

4.–Zahartze prozesua. Zahartzearen gaineko teoriak. Zahartze prozesuak berezko dituen aldaketak.

5.–Zahar osasuntsua. Biziera, oinarrizko premien azterketa. Hirugarren adinaren demografia eta soziologia.

6.–Zahartzaroan osasuntsu egoteko gomendioak. Zaharren arrisku faktoreak eta horiei aitzintzeko neurriak. Osasun hezkuntza.

7.–Gaixotasuna, zaharren patologia garrantzitsuenak: BGBK (Biriketako gaixotasun buxatzaile kronikoa), arazo muskulu-eskeletikoak, garun-hodietako arazoak.

8.–Berez baliatzeko ezgaitasunaren agerkari nagusiak geriatrian. Tratamendu eta arta berariazkoak. Baloratzeko eskalak.

9.–Gizartean eta osasun sisteman eragin handiena duten gaitz geriatrikoak: eginkizun kognitiboen galera eta dementzia. Dementzia motak. Baloratzeko eskalak.

10.–Zahar etxeetan bizi diren adineko pertsonen eskubideak eta betebeharrak. Tratu txarren prebentzioa.

11.–Zaharraren erorikoak. Zaharraren erorikoen balorazioa. Nola jokatu erorikoekin.

12.–Laguntza integrala, pertsona ardatz hartuta.

13.–Mendekotasun egoeran dauden adineko pertsonendako banakako arreta plana.

14.–Osasunaren zainketa lantokian. Osasun jardueraren eginkizunak laneko arriskuen prebentzioan.

15.–Erizaintzako artapenak ohean dagoen zaharrarendako.

16.–Medikazioa hirugarren adinean.

17.–Elikadura hirugarren adinean.

18.–Lotura mekaniko eta farmakologikoak. Kontzeptu eta arauen esparrua.

19.–Talde lana. Diziplina anitzetako taldeak eta diziplina artekoak.

20.–Bioetika. Sekretu profesionala. Autoestimua.

21.–Heriotza eta zaharra. Horri loturiko arazoak.

Proba praktikoa:

Kasu praktiko bat ebaztea.

Iragarkiaren kodea: L1905025