79. ALDIZKARIA - 2019ko apirilaren 25a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

40E/2019 FORU AGINDUA, martxoaren 22koa, Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetarako Kontseilariak emana, “2019ko dirulaguntzak irabazi asmorik gabeko informazio orokorreko online hedabideentzat” dirulaguntzen deialdia onesten duena. DDBN identifikazioa: 445802.

Irabazi asmorik gabeko online hedabideak plataforma digitalak dira, zerbitzu publikoa emateko asmoz sortuak eta helburua dutenak Internet bidez eskaintzea kalitateko kazetaritza, onura ekonomiko edo komertziala bilatu gabe eta kazetaritzaren oinarrizko printzipioak betez: egiazkotasuna, lanbidearen deontologia, independentzia, informazio iturrien kontrastea, zorroztasuna eta interes publikoa. Hedabide horiek, gainera, berebiziko garrantzia ematen diote ikerketa kazetaritzari. Azken finean, kazetaritza profesionala egin nahi dute informazioaren profesionalen bidez, Nafarroako informazioaren panoraman irabazi asmorik gabeko gizarte balioa eta aniztasuna jartzen dituzte, eta diruz hornitzeko harpidetzak eta laguntzak erabiltzen dituzte.

Formatu desberdinak daude irabazi asmorik gabeko online hedabideak deitzen direnen artean, esaterako irabazi asmorik gabeko kazetaritza, Non Profit Journalism delakoa, batez ere mundu anglosaxoian zabaldua, edo irabazi asmorik gabeko hedabide komunitarioak. Azken hauek nazioartean aitortuta daude “hirugarren sektore” gisa, hedabide publikoetatik eta komertzialetatik berezirik, eta haiek lagundu behar direla esan dute hainbat ebazpen eta adierazpenetan nazioarteko erakundeek, besteak beste Nazio Batuek, UNESCOk, Europako Kontseiluak edo Europako Batasunak. Haien ustez, hedabide horiek informazioaren aniztasunari on egiten diote, ez daude komunikazio talde handien interesek baldintzatuta, sistema demokratikoen kalitaterako balio erantsia dira eta, horrenbestez, funtsezko askatasunen eremuan lan garrantzitsua egiten dute, zuzen-zuzen lotzen dena Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsalaren 19. artikuluarekin eta Espainiako Konstituzioaren 20. artikuluarekin. Bi artikulu horiek iritzi eta adierazpen askatasunari eta egiazko informazioa edozein bidetatik era askean jasotzeko eskubideari loturik daude.

Irabazi asmorik gabeko online hedabideek oro har bete behar duten araubide juridikoa jasota dago uztailaren 11ko 34/2002 Legean, Informazioaren gizartearen eta merkataritza elektronikoaren zerbitzuei buruzkoan, eta abenduaren 28ko 56/2007 Legean, Informazioaren Gizartea Sustatzeko Neurriei buruzkoan. Azken arau hau berariaz jasotzen da 15. xedapen gehigarrian, “Herritarrek informazioaren gizartean duten parte-hartzearen sustapena” izenburupean, honako hau esanez:

“Helburuak izanik, alde batetik, herritarren eta irabazi asmorik gabeko entitate pribatuen presentzia sustatzea, eta bestetik, aniztasuna, adierazpen askatasuna eta informazioaren gizartean herritarrek duten parte-hartzea bermatzea, laguntza eta finantzazio bideak jarriko dira irabazi asmorik gabeko informazioaren gizartearen zerbitzuentzat. Laguntza horiek hartzen ahalko dituzten hedabideek herritarren entitateek sustatuak izan beharko dute, balio demokratikoak eta herritarren parte-hartzea bultzatu, interes orokorrari erantzun edo komunitate edo gizarte-talde baztertuei zerbitzua eskaini”.

Horregatik guztiagatik, Komunikazioko eta Erakundeekiko Harremanetarako Zuzendaritza Nagusiak aurkeztu duen txostena ikusita, eta Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetarako Departamentuaren egitura organikoa ezarri zuen abuztuaren 28ko 129/2015 Foru Dekretuak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. Irabazi asmorik gabeko eta informazio orokorreko online hedabideendako dirulaguntzen deialdiaren tramitazioa onestea.

2. Deialdiaren oinarri arautzaileak onestea; Foru Agindu honen Eranskinean jasotzen dira.

3. Deialdi honen konpromisoei aurre egiteko, ondotik adierazten diren aurrekontuko kredituak baimendu dira:

AURREKONTUKO PARTIDA

EKITALDIA

ZENBATEKOA

B10003 B1100 4819 921500: (E) Irabazi asmorik gabeko online hedabideendako dirulaguntzen deialdia.

2019

87.500

4. Foru agindu hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea eta Nafarroako Gobernuaren Dirulaguntzen Datu-basean (NGDDB) argitaratzea.

5. Deialdi honen eta oinarri arautzaileen kontra gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

Iruñean, 2019ko martxoaren 22an.–Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako kontseilaria, Ana Ollo Hualde.

IRABAZI ASMORIK GABEKO ETA INFORMAZIO OROKORREKO ONLINE HEDABIDEENDAKO DIRULAGUNTZEN 2019ko DEIALDIAREN OINARRI ARAUTZAILEAK

1.–Helburua, xedea eta kategoriak

Deialdiaren helburua da diruz laguntzea informazio orokorreko online hedabideei; gutxienez astero eguneratu eta egoitza Nafarroan duten irabazi asmorik gabeko entitateek kudeatu behar dituzte.

Laguntzak ondoko xede hauetara bideratu daitezke eta kategoria hauen arabera:

–Online hedabide berrien kategoria, komunikabide berriak jasotzen ditu, informazioa hedatzeko jarduera 2019ko urriaren 31tik aurrera hasiko dutenak, egun hori barne.

–Lanean lehendik ari diren online hedabideak hobetzeko kategoria. Hemen sartzen dira, besteak beste, edukiak berritzeko proiektuak, informazioen periodikotasuna areagotzekoak, webgunearen kalitatea hobetzekoak edo gailu mugikor desberdinetarako aldaera bereziak garatzekoak, betiere hobekuntza horiek 2019ko urriaren 31 baino lehen, egun hori barne, abiatu direla ziurtatu daitekeenean.

Online hedabide horien edukiak unibertsitateko tituluen jabe diren kazetariek eta haien osagarriak diren profilak dituztenek (informatzaile grafikoak, informatikoak, infografistak...), tituludunak hauek ere, landuko dituzte, eta Nafarroan ofizialak diren zeinahi hizkuntza ofizialetan hedatuko dira.

Deialdi honen xedetik kanpo geratzen dira irabazteko asmoa duten edo helburu komertziala duten online hedabideak; eta irabazi asmorik gabeko entitateen informazio sektorialeko, lanbide erabilerako edo hedapen korporatiboko webguneak ere bai; bai eta irabazi asmorik gabeko entitateek, hirugarrenen aginduz edo informazio orokorra ez den helburuarekin hedatzen dituztenak ere.

2.–Entitate onuradunek bete beharreko baldintzak:

Laguntza hauen entitate onuradunek baldintza hauek bete beharko dituzte:

1. Entitate pribatu eskatzaileek irabazi asmorik gabeko entitatearen legezko aitortza erakutsi behar dute eta egoitza soziala eta fiskala Nafarroan izan behar dute.

2. Erakutsi behar dute informazio orokorra hedatzeko helburua duen online hedabideak direla. Hedabide horrek erregistratu dituen estatutuetan hori jasoko da.

3. Ezin izanen zaie dirulaguntzarik eman Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluko 2. eta 3. apartatuetan ezarritako egoeraren batean dauden entitateei.

3.–Aurrekontu egozpena eta dirulaguntzaren zenbatekoa.

Laguntza hauek finantzatuko dira B10003 B1100 4819 921500 “Irabazi asmorik gabeko online hedabideen dirulaguntzen deialdia” aurrekontu-partidaren kargura, Komunikazioko eta Erakundeekiko Harremanetarako Zuzendaritza Nagusiak kudeatzen duen 2019ko Gastuen Aurrekontutik, gehieneko zenbatekoa 87.500 euro dela.

57.500 euro bideratuko dira online hedabide berrien kategoriako eskarientzat eta 30.000 euro lehendik lanean ari diren hedabideen garapenerako eta hobekuntzarako eskarientzat.

Proiektu bakoitzerako laguntza ezin da izan, inola ere, onartutako aurrekontuaren %70 baino handiagoa (aurrekontu onartua honela kalkulatuko da: eskatzaileak aurkezten duen aurrekontuari diruz laguntzeko modukoak ez diren gastuei dagozkien diru kopuruak kenduta, deialdi honen 6. oinarriarekin bat).

Hedabide eskatzaile bakoitzari ematen ahalko zaion gehieneko kopurua 30.000 euro dira, eta salbuespena aurreikusia dago, oinarri hauen 9. klausulan, hedabidearen uko-egite kasurako.

Deialdiko kategoriaren batean eskaririk aurkezten ez bada, kategoria horretako dirua beste kategoria batera bideratuko da.

4.–“De minimis” laguntzak.

Deialdi honetako dirulaguntzak “de minimis” laguntzak dira, Europako Batzordeak 2013ko abenduaren 18an emandako 1407/2013 Erregelamenduan xedatutakoaren arabera. Erregelamendu hori Europar Batasunaren Funtzionamendurako Itunaren 107. eta 108. artikuluak “de minimis” laguntzei aplikatzeko moduari buruzkoa da (L 352 Europar Batasunaren Aldizkari Ofiziala, 2013ko abenduaren 24koa). Inguruabar hori esanbidez aipatu beharko da laguntza emateko ebazpenetan.

Enpresa bakar bati emandako “de minimis” laguntzaren guztirakoa 200.000 eurokoa izanen da gehienez, hiru zerga ekitaldiko edozein alditan. Enpresa bakarraren definizioa eta laguntzen metaketaren arauak aplikatzeko aipatutako Erregelamenduan ezarritakoa beteko da.

Horretarako, onuradunak behartuta daude kasuan kasuko zergaldian eta aurreko bi zergaldietan harturiko bestelako “de minimis” laguntzak aitortzera, eskaerak aurkezten dituztenean.

5.–Eskabideak eta eskatutako agiriak aurkeztea.

5.1. Eskaerak aurkezteko epea hilabetekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita. Eskaerak telematika bidez aurkeztuko dira, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bitartez (www.nafarroa.eus). Eskabide eredua eta aurkeztu beharreko gainontzeko agiriak deialdi honetako eranskinetako ereduen araberakoak izanen dira, eta “Irabazi asmorik gabeko online hedabideen dirulaguntzen deialdia” fitxaren baitan egonen dira eskuragarri (hemendik aurrera, laguntzaren fitxa).

5.2. Dirulaguntzen deialdi honi dagozkion komunikazioak interesdunak eskaeran emandako helbide elektroniko gaituaren (DEH) bitartez eginen dira. Helbide horrek Nafarroako Gobernuak gaituriko jakinarazpen elektronikoen prozeduran harpidetua egon beharko du. Ogasuneko eta Funtzio Publikoko Ministerioaren http://notificaciones.060.es helbidean eskura daiteke helbide elektroniko gaitua, eta jakinarazpen elektronikorako prozeduretan izena eman. Horretarako, ziurtagiri digitala beharko da.

5.3. Agiri hauek aurkeztu beharko dira:

a) I. eranskineko eskaera, online hedabidearen identifikazio datuen inprimakia beteta, eta han aipatzen diren agiriez lagunduta.

b) II. eranskineko erantzukizunpeko adierazpena, deialdian eskatzen diren baldintzak betetzeari buruzkoa.

c) III. eranskineko eredua erabilita, proposaturiko online hedabidearen edukiaren memoria deskriptiboa.

d) IV. eranskineko eredua erabilita, giza baliabide eta baliabide teknikoen memoria deskriptiboa.

e) Memoria ekonomikoa eta finantzazioari buruzkoa, dagokion azalpen banakatuarekin, V. eranskineko ereduaren arabera.

f) Amortizazioen taula, VI. eranskinaren arabera, eta hartan agertuko dira ondasunaren deskribapena, haren eskurapen data, amortizazio-balioa eta amortizazio-sistema, inbentariatutako ondasun bakoitzaren amortizazio-urteak eta -kopuruak dituen egutegi bat barne.

Dokumentazioa euskarri elektronikoan aurkeztu beharko da. Artxibo digital horietan erantsitako elementu guztiek unitate kudeatzaileak dauzkan programa informatiko batekin edo batzuekin bateragarriak izan beharko dute: Libre Office 5.1, Microsoft Office 2003, Adobe Acrobat Reader DC 2015 eta Reproductor de Windows Media.

Eskaera aurkezteak berekin dakar deialdi honetako oinarrietan zehazten diren baldintzen onarpen formala eta esanbidezkoa. Deialdia kudeatzen duen zerbitzuak espedientea tramitatzeko beharrezkoa den dokumentazio guztia eskatzen ahalko du, interesdunek aurka egiteko eskubidea baliatzen dutenean izan ezik, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28.2. artikuluan ezarritako baldintza eta ondorioekin, eskaeran esanbidez adierazten dutenean. Kasu horretan, deialdi honen I. eranskineko 6. atalean eskatzen den dokumentazio guztia erakutsi beharko dute.

Jarduketa hauei edota datu pertsonalen babesari buruzko beste edozein jarduketei dagokienez, lege hauetan ezarritakoa beteko da: Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legea; Datu pertsonalak babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoa; eta abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoa, Datu pertsonalen babesari eta eskubide digitalen bermeari buruzkoa; gaiari buruz gainerako legerian xedatutakoa ere bete beharko da.

Eskaerak aurkezteko epea bukatuta, organo kudeatzaileak berrikusiko ditu eta, akatsik edo hutsik aurkituz gero, interesdunari berari jakinaraziko dizkio. Interesdunak 10 egun balioduneko epea izanen du eskaera zuzendu edo/eta agindutako agiriak entregatzeko. Errekerimendua betetzen ez bada, edo interesdunak jardun ezean, laguntza eskaeran atzera egin duela ulertuko da.

Prozeduraren tramitazioarekin aurrera jarraituko da, nahiz eta bigarren mailako kontu hau Komunikazio eta Erakundeekiko Harremanetarako Zuzendari Nagusiak emandako dirulaguntzen bukaerako ebazpenean argituko den.

Prozesuko edozein unetan, informazio osagarria eskatzen ahalko zaie eskatzaileei.

6.–Gastu diruz lagungarriak.

6.1. Gastu diruz lagungarriak dira diruz lagundutako jardueraren izaerarekin zalantzarik gabe bat datozenak, lagundutako proiektua gauzatzeko behar-beharrezkoak badira eta 2019ko urtarrilaren 1etik 2019ko urriaren 31ra bitartean eginak badira. Gastu horien kostua ez da inoiz izanen merkatuko balioa baino handiagoa. Gastu zuzenen bat onuradunak deialdi honetako helburuak ez diren beste helbururen baterako ere erabiltzen badu, modu proportzionalean onartuko dira deialdi honetako helburuekin bat datozen kopuruak.

6.2. Langile gastuei dagokienez, diruz lagungarriak dira dirulaguntzaren xede den proiektuari zuzen lotutako langile gastuak, online hedabide hori sustatzen duen entitateak esku artean dituen beste zereginetan ematen duten denbora kontuan hartuta, eta horren proportzioan; eta baita ere, dirulaguntza hartuko duten proiektuen berariazko kudeaketarako kontratatutako langile kualifikatuen berariazko kontratazioak. Eskatzaileek plantillari eta haien ohiko lanei buruzko informazio orokorra aurkeztu beharko dute, eta deialdira aurkeztutako proiektuari nola eginen dion aurre talde horrekin, edo plantilla zabaltzea pentsatu ote duen.

Langile gastu horiek (plantillarenak edo azpikontratazio bidez diruz lagundutako programaren ekoizpenera atxikitakoak) ez dira izanen enpresaren hitzarmenetan edo onuradunari aplika dakizkiokeen hitzarmen sektorialetan jasotakoak baino txikiagoak, eta hileko soldata gordinak ere ez dira izanen ondoko hauek baino handiagoak (aparteko ordainsarien bidezko hainbanaketak barne):

–Unibertsitate-titulazioa behar duten kategorietako langileak: 3.000 euro.

–Unibertsitatekoak ez diren ikasketak eskatzen dituzten kategorietako langileak: 2.500 euro.

6.3. Laguntza eskatzen duen online hedabideen entitate sustatzailearen zeharkako gastuak ere deialdi honen dirulaguntza jasotzen ahalko dute, aurkeztutako proiektuan sartzen badira eta justifikatzen ahal badira; nolanahi ere, ez dira izanen aurrekontu osoaren %15 baino gehiago.

6.4. Dirulaguntzaren xedeko proiektua gauzatzeko ekipamenduko ondasun inbentariagarriak erosiz gero, diruz laguntzeko moduko gastutzat hartuko da haien amortizazioa, proiektuari egozten ahal zaion proportzioan, kontabilitateko irizpide orokorren arabera.

6.5. Deialdi honetan azpikontratazioa egiten ahalko da. Kasu horietan, diruz lagundu daitezkeen gastuak Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 26. artikuluan ezarritakoaren arabera kudeatuko dira.

6.6. Online hedabide berrien kategoriako gastu zuzenak. Kategoria honetako proiektuetan gastu zuzen diruz lagungarria izanen da online domeinuen erosketa eta erregistro gastuak; zerbitzari fisikoan edo hodeian hosting edo informatikako biltegia egiteko gastuak; online hedabide berria sortzeko informatikako laguntza teknikoa eta, oro har, hedabidearen jarduerarekin hasteko egindako lehenbiziko gastu arruntak.

6.7 Lehendik lanean ari diren online hedabideen hobekuntzaren kategoriako gastu zuzenak. Gastu zuzenak izanen dira edukien berrikuntza eta hobekuntzarako egindakoak; informazioen maiztasunari dagozkionak, webgunearen kalitatea hobetzeko informatikan edo diseinuan ezarritako hobekuntzei dagozkienak, edo gailu mugikorretarako bertsio bereziak garatzeko egindakoak, haien produkzioaren hasiera 2019ko ekainaren 30a baino lehen egiten bada.

7.–Tramitazio eta ebaluazio organoak.

7.1. Dirulaguntzak emateko prozedura norgehiagoka-araubideari jarraikiz tramitatuko da. Prozedura honen funtsa da aurkezturiko eskaeren konparaketa egitea, proiektuak baloratzea, beraien artean lehentasunen bat ezartzeko helburuarekin. Baloraziorik hoberena lortu dutenei adjudikatzen zaizkie dirulaguntzak, deialdian adierazitako kreditu erabilgarriaren baitan zehazturiko mugetan.

7.2 Prozedura honen organo kudeatzailea Komunikazio Zerbitzua izanen da. Hark eginen ditu prozedura sustatu eta espedientea tramitatzeko beharrezko jarduketak, legaltasun, publikotasun, objektibotasun, gardentasun, berdintasun eta bereizkeriarik ezaren printzipioen arabera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legeak ezartzen duenaren arabera.

7.3. Komunikazio Zerbitzuak ebaluatuko ditu irabazi asmorik gabeko online hedabideek aurkeztutako proiektuak, deialdi honetako 8. oinarrian ezarritako irizpideen arabera. Ebaluazioaren arabera, organo kudeatzaileak Komunikazioko eta Erakundeekiko Harremanetako Zuzendari Nagusiari helaraziko dio ebazpen proposamen bat. Proposamen horrek dirulaguntza emateko proposatutako eskatzaileen zerrenda jasoko du, esleituriko zenbatekoarekin.

7.4. Deialdiko bi kategorietan ezarritako aurrekontu baliagarria aski ez bada, balorazio onak lortu dituzten proiektu guztientzat, balorazio horren araberako zerrenda errespetatuz, eta proposatzen diren kantitateak eman ahala, eskatutako guztia jasotzen ez badu hedabideren batek, (deialdiaren 3. oinarrian ezarritako gehieneko mugak kontuan izanda), organo kudeatzaileak kontaktua egiten ahalko du eskatzailearekin, eta proposatzen ahalko dio eskaera berriz formulatzeko, proiektuko aurrekontu baliagarriaren arabera molda dezan, beti ere baldintza hauek beteta:

a) Onuradunari eskatuko zaio proposatutako jarduketen artean identifikatzeko dirulaguntza hartu eta zein konprometitzen den betetzera, proposamenaren jakinarazpenetik 5 egun baliodunen epean.

b) Aipatutako epean hedabide horrek formulazio proposamen berririk aurkezten ez badu, edo dirulaguntza txikiago hori jasotzeko interesik ez duela adierazten badu, baldintzak bete dituen beste proiektu bati esleitzen ahalko zaio zenbateko hori.

c) Formulazio berria behar den epean jasoz gero, organo kudeatzaileak bere iritzia emanen du planteatutako formulazio berriaren egokitasunaz eta bideragarritasunaz, eta laguntza esleipen hori gehituko dio 7.3. oinarrian aurreikusitako esleipen proposamenari.

7.5. Kategorietako batean gutxieneko puntuazioa duten proiektu aski ez badaude, erabiltzen ez den dirua beste hedabideen kategoriarako ematen ahalko da.

8.–Proiektuen balorazioa.

8.1. Online hedabide berrien kategoria.

Kategoria honetara aurkeztutako proiektuaren balorazioa 100 puntuko eskalan eginen da.

8.1.1. Informazio proiektua, 35 punturaino.

Gizarte erakundeek aurkeztutako memoria aztertuko da eta honako alderdi hauek baloratuko dira:

a) Edukien ekoizpen propioa, 25 punturaino: konpromisoa informazioaren kalitatearekin eta ekoizpen propioko informazio-generoen aniztasunarekin; eta elaborazio propioko baliabide audiobisualak (bideoa, argazkia, infografia) erabiltzea informazioen hedapenean.

b) Konpromiso publikoa aniztasun eta herritarren parte-hartzeari dagokienez, 10 puntu. Baloratuko dira konpromiso eraginkorrak eta planteatutako estrategiak, arlo hauetan: erabilitako informazio iturrietan, online hedabidearentzat jasotako iritzietan eta adituen eta erreferente sozialen kontsultan; eduki propioak lantzeko eta zabalkuntza egiteko hautatutako informazio eta ikerketa eremuen aniztasuna; eta herritarren parte-hartzea online plataforman, hedatutako gaurkotasunaren multzoan integratuta.

–Konpromiso publiko horiek bere plataforma digitalean modu iraunkorrean zabaltzeagatik, 5 punturaino.

–Aipatutako konpromisoei buruz hartzaileek egin ditzaketen iradokizun eta kexuei erantzuteko mekanismo zalu eta eraginkorra abian jartzeagatik, 5 punturaino.

8.1.2. Informazioa hedatzeko ezarritako irtenbide informatikoaren kalitatea eta funtzionaltasuna, 25 punturaino.

a) 15 puntura arteko balorazioa izanen dute online argitalpenaren kalitateak eta diseinuak, tartean direla atariaren eta sekzio edo atal nagusien diseinua, eduki nagusien diseinua, edukietako osagai desberdinen arteko elkarreragina, sekzioen antolaketa eta hierarkia, hedabidearen eta sare sozialen arteko harremana, entitatearen gardentasuna eta herritarrek parte hartzeko bideak, proposatutako plataforma teknologikoan.

b) 10 punturaino baloratuko da eduki informatiboak hedatzeko ezarriko den tresna informatikoaren funtzionaltasuna eta diseinua: gailu mugikorretarako egokitzapena, desgaitasuna duten pertsonendako sarbidea, albistegiak igortzeko edo edukiak biltzeko sistemak (RSS).

8.1.3. Enplegu konprometitua eta ardurakidetasun soziala, 15 punturaino.

a) Enplegu konprometitua eta klausula sozialak enpleguan, 10 punturaino. 2,5 punturaino baloratuko da proiektuari ematen zaion lanaldi osoko enplegu mugagabea; lanaldi osoan eta denbora epe mugagabean kontratatutako pertsonak %33ko edo gehiagoko desgaitasuna duenean, edo Bermatutako Errenta jaso duenean kontratatu aurreko 24 hilabeteetan, 3,5 puntuko balorazioa izanen du. Kontratu mugagabea duten lanaldi partzialeko langileen kontratazioak baloratuko dira hiruko erregelaren bitartez.

b) Azpikontratazioa enplegu zentro bereziekin edo lan-munduan txertatzeko zentroekin, 5 punturaino. Bere memoria ekonomikoan, zentro mota horiekin azpikontratatzeko konpromisoa, bai dirulaguntzaren helburu diren zereginetako gastu handienean, bai gastu arruntean, zuzenekoa edo zeharkakoa, erakusten duen eskatzaileak 5 puntu jasoko ditu. Gainerako eskaintzak hiruko erregelaren bidez barematuko dira.

8.1.4. Emakumeen eta gizonen eta LGTBI+ pertsonen arteko berdintasuna: 15 punturaino.

a) 5 puntu emanen zaizkie emakume eta gizonen arteko berdintasunerako neurriak, bai kontratatuentzat bai elkartekideentzat, hala nola plan eta neurri horiek ezartzeko konpromisoa, 2019ko urriaren 31 baino lehen, egun hori barne, bere gain hartzen dituzten eskatzaileei.

b) 5 puntu emanen zaizkie informatzeko lanbidean ikuspegi inklusiboa azaltzeko eskuliburua edo konpromisoa, plataforma digitalean kontsultatzeko gaitua, duten online hedabideei; bertan azalduko dira berdintasunezko lengoaiaren (ikusizkoa nahiz idatzizkoa) aldeko apustuak, gutxienez; eta gizonak nahiz emakumeak agertaraziko dituen ikuspegi informatiboa, era berezian aditu moduan edo iritzi-emaile erreferentzial moduan aipatzen direnean.

c) 5 puntu emanen zaizkie beren proiektuetan aukera berdintasunerako neurriak, LGTBI+ pertsonentzat, aurkezten dituzten online hedabideei.

8.1.5. Euskararen erabilera: 10 puntu gehienez.

a) Euskara hutsez edo euskara-gaztelania elebitan argitaratzen diren hedabideak: 10 punturaino baloratuko dira beren online hedabidearen komunikazio hizkuntza euskara duten eskatzaileak, bai hedatzeko hizkuntza bakarra, bai elebitan nahiz ele anitzetan argitaratzen den atari bateko bertsio osoa denean.

b) Elebitasun ez osoa duten hedabideak: elebitan nahiz ele anitzetan argitaratzen diren online hedabideen euskarazko bertsioa partziala denean, baremo honen arabera baloratuko dira: gaztelaniaz emandakoen aldean euskaraz ematen dena %25 edo gehiago denean, 5 puntu; ehuneko hori %10 edo gehiago denean, 2 puntu; ehuneko hori %5etik gora denean, puntu 1. Ez da puntuatuko euskararen erabilera %5etik beherakoa denean.

8.1.6. Gutxieneko puntuazioa.

Dirulaguntzak emateko lehenesten diren proiektuak atal honetan aipatutako irizpideen balorazioan lortutako puntuazioaren arabera zerrendatuko dira. Berdinketa gertatuz gero, lehentasuna izanen dute 8.1.1. oinarriaren arabera puntu gehien bildu dituztenak; berdinketak jarraitzen badu, 8.1.2. oinarrian puntu gehien dutenek irabaziko dute; berdinketak jarraitzen badu, 8.1.3. oinarrian puntu gehien dutenek irabaziko dute; berdinketak jarraitzen badu 8.1.4. oinarrian puntu gehien dutenek irabaziko dute; eta azken kasuan, zozketa bidez erabakiko da, berdinketa egin duten entitateak bertan direla eginen den zozketan.

Ezin izanen zaie dirulaguntzarik eman 45 puntu ere lortu ez duten eskaerei.

8.2. Lehendik lanean ari diren online hedabideen garapenerako eta hobekuntzarako proiektuen kategoria.

Kategoria honetara aurkeztutako proiektuaren balorazioa 90 puntuko eskalan eginen da.

8.2.1. Aurkeztutako proiektuak online hedabide horren oraingo eskaintzaren gainean duen irismena, edukiei, edukien eskaintzari eta hedapenari dagokienez: 30 punturaino.

a) Hobekuntzak eduki propioen ekoizpenean eta zabalpenean, 15 punturaino. Aurkeztutako proiektuak online hedabide horren jarraipena eta hobekuntza bermatzeko duen eragina baloratuko da, bai beren edukien eskaintza zabaltzeari dagokionez, bai horien kalitateari dagokionez, informazio-genero berriak lantzeari dagokionez, edo ikus-entzunezko osagai berriak erabiltzeari dagokionez ere.

b) Informazioaren hedapena hobetzeko proposatutako irtenbide informatikoaren kalitatea eta funtzionaltasuna, 15 punturaino.

–10 punturaino baloratuko da aurkeztutako proiektuak kalitatean eta diseinuan proposatzen duen hobekuntza . Baloratuko dira, besteak beste, atariaren eta sekzio edo atal nagusien diseinua, eduki nagusien diseinua, edukien elementu desberdinen arteko elkarreragina, atalen antolaketa eta hierarkia, hedabide horrek sare sozialekin duen lotura, entitatearen gardentasuna eta herritarrek parte hartzeko dituzten bideak, proposatutako plataforma teknologikoan.

–5 punturaino baloratuko da eduki informatiboen hedapena hobetzeko ezarri nahi den tresna informatikoaren funtzionaltasuna: gailu mugikorretarako egokitzeko aukera, desgaitasuna duten pertsonek eskuratzeko erraztasunak, albistegiak bidaltzeko edo edukiak biltzeko (RSS) sistemak eta bestelako proposamenak.

8.2.2. Aniztasunari eta herritarren parte-hartzeari dagozkien gaietan konpromiso publikoa adieraztea, 10 punturaino.

Baloratuko da hobekuntza proiektu hauetan norainoko konpromiso eraginkorrak eta estrategiak planteatzen diren egiazko pluraltasuna lortzeko erabiltzen diren informazio iturrietan, online hedabide horretarako jasotako iritzietan, pertsona aditu eta erreferente sozialen kontsultan; beren edukien ekoizpena eta hedapena egiteko hautatutako informazio eta ikerketa eremuen pluraltasuna; eta herritarren parte-hartzea online plataforman, hedatutako gaurkotasunezko gaien artean integratua.

–Konpromiso publiko horiek bere plataforma digitalean modu iraunkorrean zabaltzeagatik, 5 punturaino.

–Aipatutako konpromisoei buruz hartzaileek egin ditzaketen iradokizun eta kexuei erantzuteko mekanismo zalu eta eraginkorra abian jartzeagatik, 5 punturaino.

8.2.3. Online hedabidearen interesa, 10 punturaino.

Online hedabide horrek ziurtatzen ahal dituen harpidedun edo bazkide ordaintzaileen kopurua baloratuko da, 10 punturaino. Puntuazio osoa emanen zaio, 2019an eta eskaerak egiteko epea amaitzen den arteko epean, dohaintza, harpidetza, bazkide kuota edo antzeko figuraren baten ondorioz, online hedabidearen entitate kudeatzaileari 10 eurotik gorako ordainketa egin duten Nafarroako herritar kopururik altuena duen hedabideari. Gainerako eskaintzak hiruko erregelaren bidez barematuko dira.

8.2.4. Sortutako enplegua eta klausula sozialak enpleguan, 15 punturaino.

a) 2,5 puntu baloratuko da online hedabide horretan lanean ari den lanaldi osoko kontratu mugagabea duen lanpostu bakoitza (deialdiko eskaerak aurkezteko epea amaitu baino lehen sinatu eta erregistratutako kontratuak); lanaldi eta kontratu mota hori duen langile batek %33ko desgaitasuna edo handiagoa badu, edo kontratatu aurreko 24 hilabeteetako epean Bermatutako Errenta jaso badu, puntuazioa 3,5 puntukoa izanen da. Kontratu mugagabea duten lanaldi partzialeko langileen kontratazioak baloratuko dira hiruko erregelaren bitartez. Azpiatal honetan, eskaerek hartzen ahalko duten gehieneko puntuazioa 10 puntukoa da.

b) Azpikontratazioa enplegu zentro bereziekin edo lan-munduan txertatzeko zentroekin, 5 punturaino. Bere memoria ekonomikoan era horretako zentroekin azpikontratatzeko gasturik handiena, dela dirulaguntzaren helburuari lotutako zereginetan, dela gastu arruntean, zuzena edo zeharkakoa, lotzen duen eskatzaileak 5 puntu jasoko ditu. Gainerako eskaintzak hiruko erregelaren bidez barematuko dira.

8.2.5. Emakumeen eta gizonen eta LGTBI+ pertsonen arteko berdintasuna: 15 punturaino.

a) 5 puntu emanen zaizkie emakume eta gizonen arteko berdintasunerako neurriak, bai kontratatuentzat bai bazkideentzat, hala nola plan eta neurri horiek ezartzeko konpromisoa, 2019ko urriaren 31 baino lehen, egun hori barne, bere gain hartzen dituzten eskatzaileei.

b) 5 puntu emanen zaizkie informatzeko lanbidean ikuspegi inklusiboa azaltzeko eskuliburua edo konpromisoa, plataforma digitalean kontsultatzeko gaitua, duten online hedabideei; bertan azalduko dira berdintasunezko lengoaiaren (ikusizkoa nahiz idatzizkoa) aldeko apustuak, gutxienez; eta gizonak nahiz emakumeak agertaraziko dituen ikuspegi informatiboa, era berezian aditu moduan edo iritzi-emaile erreferentzial moduan aipatzen direnean.

c) 5 puntu emanen zaizkie beren proiektuetan aukera berdintasunerako neurriak, LGTBI+ pertsonentzat, aurkezten dituzten online hedabideei.

8.2.6. Euskararen erabilera: 10 puntu gehienez.

a) Euskara hutsez edo euskara-gaztelania elebitan argitaratzen diren hedabideak: 10 punturaino baloratuko dira beren online hedabidearen komunikazio-hizkuntza euskara duten eskatzaileak, bai hedatzeko hizkuntza bakarra, bai elebitan nahiz ele anitzetan argitaratzen den atari bateko bertsio osoa denean.

b) Elebitasun ez osoa duten hedabideak: elebitan nahiz ele anitzetan argitaratzen diren online hedabideen euskarazko bertsioa partziala denean, baremo honen arabera baloratuko dira: gaztelaniaz emandakoen aldean euskaraz ematen dena %25 edo gehiago denean, 5 puntu; ehuneko hori %10 edo gehiago denean, 2 puntu; ehuneko hori %5etik gora denean, puntu 1. Ez da puntuatuko euskararen erabilera %5etik beherakoa denean.

8.2.7. Gutxieneko puntuazioa

Dirulaguntzak emateko lehenesten diren proiektuak atal honetan aipatutako irizpideen balorazioan lortutako puntuazioaren arabera zerrendatuko dira. Berdinketa gertatuz gero, lehentasuna izanen dute 8.2.1 oinarriaren arabera puntu gehien bildu dituztenak; berdinketak jarraitzen badu, 8.2.2 oinarrian puntu gehien dutenek irabaziko dute; berdinketak jarraitzen badu, 8.2.3 oinarrian puntu gehien dutenek irabaziko dute; berdinketak jarraitzen badu 8.2.4 oinarrian puntu gehien dutenek irabaziko dute; berdinketak jarraitzen badu 8.2.5 oinarriaren arabera puntu gehien lortu dutenek irabaziko dute; eta azken kasuan, zozketa bidez erabakiko da, berdinketa egin duten entitateak bertan direla eginen den zozketan.

Ezin izanen zaie dirulaguntzarik eman 45 puntutik behera lortzen dituzten eskaerei.

9.–Laguntza emateko ebazpena.

9.1. Komunikazioko eta Erakundeekiko Harremanetarako Zuzendari Nagusiak ebazpena emanen du deialdi honen xedeko dirulaguntzak eman eta esleitzeko, diruz lagunduko den eskaera-kopurua adieraziz eta bakoitzari dagokion dirulaguntzaren zenbatekoa zehaztuz, prozedurak iraun artean gertatu diren gorabehera guztiak ebaztearekin batera.

Ebazpena arrazoitua izanen da, eta hartutako ebazpenaren oinarriak frogaturik egonen dira beti. Dirulaguntza jasoko duen eskatzailea edo jasoko duten eskatzaileen zerrenda jaso beharko da ebazpenean, eta esanbidez adieraziko da zein eskaera ezetsi diren, halakorik baldin bada.

9.2. Komunikazioko eta Erakundeekiko Harremanetarako Zuzendari Nagusiaren ebazpen hau interesdunei jakinaraziko zaie, deialdi honetara eskabideak aurkezteko azken egunetik hasi eta gehienez bi hilabeteko epean. Epe hori ebazpenik esanbidez jakinarazi gabe bukatzen bada, eskaera ezetsi dela ulertzen ahalko dute interesdunek.

9.3 Onuradunetako batek emandako laguntzari uko egiten badio, 2019ko abuztuaren 31 baino lehen, Komunikazio eta Erakundeekiko Harremanetarako Zuzendari Nagusiak ebazpen berria ematen ahalko du, hurrengo eskatzailearen alde (8. oinarrian eskatutako gutxieneko puntuazioa beharko du), hura laguntzarik gabe geratu bazen, deialdiko aurrekontuan diru aski ez zegoelako. Uko-egite hori gertatzen den kategorian eskatzaile gehiagorik ez badago, diru kopuru hori modu proportzionalean banatzen ahalko da beste kategoriako proiektuen artean (8. oinarrian eskatutako gutxieneko puntuazioa badute), betiere onartutako aurrekontuaren %70eko gehieneko laguntzaren muga errespetatuz, oinarri hauetan ezarritako banakako laguntzaren gehieneko kopurua, 30.000 eurokoa, gainditzen bada ere.

10.–Onuradunek bete beharrekoak.

10.1 Entitate onuradunek, dirulaguntza eman dela jakinarazi eta hilabeteko epean eta erregistro telematikoaren bidez, dirulaguntzen onuradunek gardentasunari buruz duten betebeharraren aitorpena aurkeztu beharko dute, eta, halakorik behar izanez gero, eskatzen zaien dokumentazioa, irailaren 11ko 59/2013 Foru Dekretuaren 3. eta 4. artikuluetan ezarritakoari jarraituz, dekretu horrek Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargurako dirulaguntzen onuradunek dituzten gardentasun betebeharrak arautzen baititu.

Aitorpen eredua eta nahitaezko dokumentazioa Nafarroako Gobernuaren webgunearen bitartez eta oinarri hauen VII. eranskinean kontsultatu, bete eta tramitatzen ahalko dira: http://www.navarra.es/home_eu/Servicios/.

Hedabide onuradunek epe horretan aurkeztu behar dituzte, baita ere, zerga arloko betebeharrak, Ekonomia Jardueren gaineko Zergari (IAE) dagozkionak, eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak beteta dituztelako ziurtagiriak.

Izan litezkeen zehapenak galarazi gabe, onuradunek informazioa emateko duten betebeharra urratuz gero, ez zaie emandako dirulaguntza ordainduko, eta, zerbait aurreratu bazaio, itzuli egin beharko dute.

10.2 Deialdi honen bidez diruz laguntzen den proiekturako baizik ez erabiltzea laguntza, eta, oro har, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritako betebeharrak betetzea.

10.3. Komunikazio eta Erakundeekiko Harremanetarako Zuzendaritza Nagusiaren aurrean justifikatu behar dute webgunea egikaritu dela eta lotutako gastuak gauzatu direla.

10.4. Komunikazio eta Erakundeekiko Harremanetarako Zuzendaritza Nagusiari jakinaraztea proiektuaren garapenean gertatzen den edozein gorabehera, gertatzen den une berean, baldin eta programa aldatzea ekartzen badu.

10.5. Jasotako laguntzaren aipamena egitea, argitalpenean honako erreferentzia hau sartuz: “Komunikabide honek Nafarroako Gobernuaren dirulaguntza izan du. Este medio cuenta con subvención del Gobierno de Navarra”. Logotipo ofizialaren ondoan. Logotipo ofiziala esaldi horrekin lotuta agertu beharko da beti.

Logotipoa erabiltzeko jarraibideak Nafarroako Gobernuaren webgunean kontsulta daitezke: http://www.navarra.es/home_eu/Gobierno+de+Navarra/Simbolo+oficial/, eta/edo haren Argitalpen Atalaren bidez.

10.6. Komunikazio eta Erakundeekiko Harremanetarako Zuzendaritza Nagusiak proiektua gauzatzen dela egiaztatzeko eginen dituen lanak onartzea uneoro.

10.7. Lagundutako jarduerak finantzatzeko lortutako beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabideen berri ematea Komunikazio Zerbitzuari. Jakin bezain laster emanen da horren berri, eta, betiere, jasotako funtsak zertan erabili diren justifikatu baino lehen.

10.8. Egiaztapen eta kontrolak egiteko ahalmenak erabili ahal izan daitezen, kontabilitate liburuak, erregistro eginbidetuak eta gainerako agiriak eduki beharko dira, behar bezala ikuskatuak, onuradunari aplikatu behar zaizkion merkataritzako legeetan eta lege sektorialetan agindutako moduan, eta eduki beharko dira, baita ere, dirulaguntzen oinarri arautzaileetan berariaz eskatzen diren kontabilitate orriak eta erregistro berariazkoak.

10.9. Jasotako diruaren erabilerari buruzko frogagiriak gordetzea, agiri elektronikoak barne, egiaztatze eta kontrol lanen xede diren bitartean.

11.–Dirulaguntzaren ordainketa.

Ordaintzeko moduak hauek izanen dira:

11.1. Dirulaguntza, oro har, diruz lagundutako programak gauzatzeko epea amaitzean eginen den ordainketan emanen da. Eskatzaileek aurkeztu behar dute, 2019ko azaroaren 16a bitartean, egun hori barne dela, diruz lagundutako proiektuaren memoria ekonomikoa eta jardueretakoa, deialdi honen oinarrietan ezarritako moduan, aurrez onartu eta ziurtatu ondoren aurkeztutako dokumentazioa bat datorrela gauzatu den jarduerarekin.

11.2. Laguntzen %50 ematen ahalko da aurrerapen gisa, eskatzaileek erakusten badute dirulaguntzaren helburua betetzeko diru-funtsen beharrean direla. Laguntza eman zaiela dioen ebazpena jakinarazi ondoko hilabetean egin beharko dute eskaera, beren kontabilitateko egoera orria aurkeztuz. Kasu horretan, entitate onuradunek, aurrerapenaren eskaerarekin batera eta erregistro telematikoaren bidez, dirulaguntzen onuradunek gardentasunari buruz duten betebeharraren aitorpena aurkeztu beharko dute, eta, halakorik behar izanez gero, eskatzen zaien dokumentazioa, irailaren 11ko 59/2013 Foru Dekretuaren 3. eta 4. artikuluetan ezarritakoari jarraituz, dekretu horrek Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargurako dirulaguntzen onuradunek dituzten gardentasun betebeharrak arautzen baititu.

12.–Justifikatzeko modua.

12.1. Behin diruz lagundutako jarduerak gauzatzen direnean, eta aurreratutako dirua justifikatu eta dirulaguntzaren gainerako zenbatekoa kobratu ahal izateko, onuradunek ondoko dokumentazioa aurkeztu beharko dute, 10.1 oinarrian ezarritako epean:

a) Dirulaguntzaren xedeko proiektuaren gauzatze memoria, aurreikusitako helburuak betetzeari buruzko balorazioa barne.

b) Behin betiko gastuak justifikatzeko taula. Dirulaguntzen onuradunek gastuak zehaztuko dituen taula osatu beharko dute, kontabilitate-multzotan sailkatuta.

12.2. Taula horretan hauek zehaztuko dira gastu bakoitzerako: zein kontzepturi dagokion; hartzekoduna; zenbatekoa guztira (BEZa kanpo); proiektuari egozten zaion portzentajea; proiektuari esleituriko portzentajea (BEZa kanpo) eta ordainketa-data. Taula horretan adierazten diren gastuak zenbakituta agertuko dira, bata bestearen ondotik (dok. zk.: 1, 2, 3...).

12.3. Gastu horiek justifikatzeko taula paperean eta euskarri informatikoan (excel) bidaliko da, eta horrekin batera karpeta bat aurkeztuko da fakturen fotokopiekin edo gastuak frogatzeko baliokideak diren bestelako dokumentuekin.

12.4. Fakturen eta gastuen gainontzeko justifikazio-dokumentuen fotokopiak modu korrelatiboan zenbakitu beharko dira. (1, 2, 3... dok.), eta gastuen justifikaziorako taulan agertzen diren ordena berdinean aurkeztu beharko dira. Fakturaren fotokopia edo gastua frogatzen duen dokumentu bakoitzarekin batera, ordainketa edo konpentsazioa izan dela frogatzen duen dokumentua erantsi beharko da.

12.5. Gizarte Segurantzako gastuaren justifikazioa TC1 eta TC2 dokumentu ofizialak eta dagozkien ordainketen justifikazioak aurkeztuta eginen da, urriko hilabeteari dagokion ordainketa abenduaren 11ra arte justifikatzeko aukera galarazi gabe.

12.6. Diruz lagundutako proiektua gauzatzeko beharrezkoak diren jarduerak azpikontratatuz gero, azpikontratistek egiten dituzten fakturak behar adina xehakatu beharko dira, argi identifikatu ahal izateko zer jarduerari egozten zaizkion kostuak.

13.–Dirua itzultzea.

Onuradunak programa gauzatu dela behar bezala justifikatu ezean, ordaindutako laguntza osorik edo hein batean itzul dezala eskatuko zaio, bai eta dirulaguntza ordaindu zenetik dirua itzultzen duen egunera arte sortutako berandutze-interesak ordaintzeko ere, proportzionaltasun irizpideari jarraituz eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Legearen 35. artikuluarekin bat.

Onuradunak ia betebehar guztiak betetzen dituenean eta bere konpromisoak betetzeko jarrera garbia erakusten duenean, proportzionaltasun irizpideari jarraituz zehaztuko da itzuli beharreko zenbatekoa, dirulaguntza emateko ezarritako baldintzetatik zenbat eta noraino ez diren bete ikusita.

14.–Dirulaguntzen metaketa eta bateragarritasuna.

Nafarroako Gobernuaren dirulaguntzarekin batera helburu bera duten beste batzuk ere jaso daitezke, beste administrazio publikoenak izan nahiz beste entitate pribatu edo publiko batzuenak izan. Dirulaguntzen zenbatekoa ezin da inola ere izan, bakarrik edo beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide propio batzuekin batuta, onuradunak egin beharreko jardueraren kostua baino handiagoa.

Beste entitate batzuek emandako dirulaguntzarik edo laguntzarik eskuratzen baldin bada, ordainduko den zenbatekoa onartutako laguntza baino txikiagoa izanen da, laguntza guztien zenbatekoak diruz lagundutako jardueraren kostua gainditzen badu.

15.–Dirulaguntzen araubide orokorra.

Oinarri arautzaile hauetan esanbidez ezarrita ez dagoen orotan, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak xedatutakoa aplikatuko da, bai eta aplikatu beharreko gainerako arauak ere.

I. ERANSKINA

Eskabide inprimakia.

II. ERANSKINA

Deialdian eskatzen diren baldintzak betetzearen erantzukizunpeko adierazpena.

III. ERANSKINA

Online hedabidearen edukiaren memoria deskriptiboa

Memoria egiterakoan kontuan hartu beharrekoak:

–Orrialdeak zenbakiturik aurkeztu.

–8.000 hitz, gehienez ere.

Memoria deskriptiboaren gutxieneko edukiak:

–Proiektuaren helburu nagusiaren eta espero diren emaitzen azalpen argia eta zehatza.

–Proiektuak jasotzen dituen zereginen deskribapena, esleipena eta programa.

–Proiektuaren baloraziorako baliagarriak izanen diren bestelako informazioak, deialdiko 8. oinarriaren arabera.

IV. ERANSKINA

Proposaturiko programa bakoitzaren giza baliabideen
eta baliabide teknikoen memoria deskriptiboa.

Memoria egiterakoan kontuan hartu beharrekoak:

–Orrialdeak zenbakiturik aurkeztu.

–4.000 hitz, gehienez.

1. Proiektuari esleitutako giza-baliabideak eta enpleguaren kalitatea (deialdi honetako oinarrietako 7.3 epigrafearen arabera).

1.1. Edukiaren hedapenean ariko diren langile propioak:

–Langile kopurua, emakume eta gizonen kopuruak zehaztuz.

–Horien funtzioak, kategoria profesionala eta beren beharraren justifikazioa deskribatzea.

–Zenbat diren Bermatutako Errentaren hartzaileak.

–Zenbat langile diren azpikontratatuak enplegu zentro berezietan edo lan-munduan txertatzeko zentroetan.

–Zenbat diren langile finkoak (identifikatuta); zenbat dauden aldi baterako kontratatuak (identifikazioa ez da beharrezkoa).

1.2. Kanpoko laguntzaileak (azpikontratazioa):

–Proiektuaren garapenerako kontratatuko diren kanpo-zerbitzuak deskribatzea.

1.3. Gizon eta emakumeen arteko berdintasun planak ezarrita ote dauden adieraztea.

Egiaztatzen duen ziurtagiria eranstea.

1.4. Eskaera egiten duen hedabideko langileen datu orokorrak, erran nahi baita, kategoria profesionalak. langile horiek finko edo aldi baterakoak diren, eta lanaldi partzialean daudenek lanaldiaren zer portzentajea egiten duten.

2. Baliabide teknikoak. Hurrengoak baloratuko dira (deialdi honetako oinarrietako 5. epigrafea kontuan hartuz):

–Webgunearen hedapenean erabilitako baliabide teknologikoak.

–Amortizagarriak zein diren adierazi behar da, proiektuari egotz dakiokeen portzentajean, kontabilitateko irizpide orokorren arabera. Kasu bakoitzean justifikatu behar da VI. eranskinean.

–Hedabide horren ekoizpenean aurreikusten den online lengoaia deskribatzea (grafismoak, teknologia berriak, sare sozialak, etab.).

V. ERANSKINA

Memoria ekonomikoa eta finantzaziokoa.

VI. ERANSKINA

Amortizazioen taula.

VII. ERANSKINA

Gardentasun betebeharrari buruzko adierazpena.

Deskargatzen ahal diren artxiboak PDF formatuan daude.

Iragarkiaren kodea: F1904185