69. ALDIZKARIA - 2019ko apirilaren 9a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

16E/2019 FORU AGINDUA otsailaren 8koa, Kultura, Kirol eta Gazteriako kontseilariak emana, zeinaren bidez onesten baitira laguntzen deialdi bat eta haren oinarri arautzaileak boluntariotza entitateentzat edo boluntariotza sustatzeko programak gauzatzen dituzten entitateentzat, kirol arloko ekintzak eta jarduerak egin ditzaten Boluntariotza Proiektu baten barnean, 2019ko urtarrilaren 1etik urriaren 30era bitarte, bi egun horiek barne. DDBN identifikazioa: 439393.

Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 44.14 artikuluak Nafarroako Foru Komunitateari eskumen esklusiboa esleitzen dio kirol sustapenaren eta aisialdiaren erabilera egokiaren arloan.

Nafarroako Kirolari buruzko uztailaren 5eko 15/2001 Foru Legeak sustatzen duen kirol politikaren xedeen artean daude (3.c artikulua), besteak beste, kirol elkarteak sortzea eta, oro har, parte-hartze soziala eta kirol arloko boluntariotza bultzatzea eta kirol elkarteen egituren funtzionamendu demokratikoa eta parte-hartzailea zaintzea.

Era berean, kirol arloko foru arau horrek honakoa xedatzen du bere 11. artikuluan: “Kirol administrazioak guztientzako kirol jarduera sustatuko du, eta jarduera fisiko libre eta bat-batekoa eta jarduera antolatua erraztuko ditu; halaber, prestakuntzako, sormeneko, gizarteak parte hartzeko, oneratze fisikoko eta mantentzeko jarduera ahalik eta gehien eskainiko ditu, Nafarroako herritar guztiek bizi-kalitate hobea izan dezaten”.

Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuaren Estatutuak onesten dituen abuztuaren 28ko 133/2015 Foru Dekretuak ezartzen du erakunde autonomo horri dagokiola Kirolari buruzko Foru Legeak Nafarroako Foru Komunitateko kirol administrazioari esleitzen dizkion eskumenak erabiltzea, betiere Kultura, Kirol eta Gazteria Departamentuaren goi mailako plangintzaren, zuzendaritzaren eta babesaren menpe.

Kirolaren Zuzendariordetzari dagozkion eginkizunetariko bat kirol jarduera sustatzea da, laguntzak eta dirulaguntzak emanez. Orobat, Kirola Sustatzeko Atalak eginkizun hauek beteko ditu, besteak beste:

–Kirol jarduerak eta aisialdikoak sustatzea.

–Kirolaren balioak sustatzea.

–Gizartean aukera-berdintasuna bermatuko dituzten jarduerak sustatu eta bultzatzea.

–Kirola sustatzeko programak bultzatu eta sustatzea arreta berezia behar duten eta gizarte interesekoak diren gizataldeentzat.

–Kirolaren eta jarduera fisikoaren programak antolatzea sustatzea toki entitateen eta beste entitate batzuen bidez, helburu nagusitzat kirolaren sustapena eta bizi-kalitatearen hobekuntza dituztenak.

Horrexegatik, NKGIk lagundu egin nahi die boluntariotza entitateei edo boluntariotza sustatzeko programak gauzatzen dituztenei, jarduera fisikoen eta kirolekoen esparruan dihardutenei hain zuzen, baldin eta xede horiekin bat egiten duten jarduerak egiten badituzte 2019. urtean.

Horrenbestez, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen bidez eta Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuaren estatutuak onesten dituen abuztuaren 28ko 133/2015 Foru Dekretuaren bidez esleitu dizkidaten ahalmenak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. Laguntzen deialdi bat onestea boluntariotza entitateentzat edo boluntariotza sustatzeko programak gauzatzen dituzten entitateentzat, kirol arloko ekintzak eta jarduerak egin ditzaten Boluntariotza Proiektu baten barnean, 2019ko urtarrilaren 1etik urriaren 30era bitarte.

2. Deialdiaren oinarri arautzaileak, foru agindu honen I. eranskinean jaso direnak, onestea, bai eta gainerako eranskinak ere.

3. Baimena ematea gastu hori honela finantzatzeko:

AURREKONTUKO PARTIDA

EKITALDIA

ZENBATEKOA

A50002-A5110-4819-336104: Dirulaguntza boluntariotza entitateentzat edo boluntariotzako programak dauzkatenentzat, kirolaren arloan

2019

6.000,00

Laguntzak emateko eta ordaintzeko, kreditu egokia eta behar adinakoa izan beharko da 2019rako Nafarroako Aurrekontu Orokorretan.

4. Foru agindu hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea. Aipatu agiriak eta gainerako eranskinak interesdunen eskura egonen dira Nafarroako Gobernuaren webgunean eta Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuaren bulegoetan.

5. Foru agindu honen kontra gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluei jarraikiz.

Iruñean, 2019ko otsailaren 8an.–Kultura, Kirol eta Gazteriako kontseilaria, Ana Herrera Isasi.

I. ERANSKINA

Oinarri arautzaileak

1. Xedea.

Oinarri hauen xedea da laguntzak emateko prozedura ezartzea, norgehiagokako araubideari jarraikiz, Boluntariotza Lanak egiten dituzten Entitateen Erroldan inskribaturik dauden boluntariotza entitateek eta boluntariotza programak dauzkatenek kirol arloko ekintzak eta jarduerak egin ditzaten Boluntariotza Proiektu baten barnean, 2019ko urtarrilaren 1etik urriaren 30era bitarte, bi egun horiek barne.

Boluntariotza Proiektu hori osatzen duten jarduerak askotarikoak izan daitezke: jostetakoak eta aisiakoak, lehiakoak, prestakuntzakoak eta abar, eta lehentasuna emanen zaie gizonen eta emakumeen arteko partaidetza berdintasun baldintzetan oinarritzen dutenei.

2. Laguntzen helburua.

Laguntzak 1. oinarrian jasotako ekintzak gauzatzean sortutako defizitak ordaintzeko erabiliko dira, baldin eta titulartasuna boluntariotza entitateari edo boluntariotza programak dauzkan entitateari badagokio.

Deialdi honen bidez, interes sozialeko xede eta helburu hauek erdietsi nahi dira:

–Jarduera fisikoak, jostetakoak eta aisiakoak edo kirol jarduerak egiten direla sustatzea, parte-hartze soziala eta jarduera fisikoaren ohiturak bultzatzen dituztenak, bai eta bizimodu osasungarria ere.

–Boluntarioen parte-hartzea bultzatzea jarduera fisikoen eta kirol jardueren antolakuntzan.

–Jarduera fisikoen eta kirol jardueren praktika erraztea biztanleriaren sektore guztietan.

–Kirola eta jarduera fisikoa gizarte ongizaterako eta integraziorako tresna bihurtzea; eta, horrela, biztanleriaren bizi-kalitatea hobetzen laguntzea.

–Jarduera fisikoaren bidez eta kirola eginez kirolaren balioak sustatzea, hala nola ahalegin pertsonala, taldeko lana, lankidetza, elkartasuna, tolerantzia, aurkariarekiko errespetua, joko garbia eta genero berdintasuna.

–Genero-ikuspegia duten jarduerak eskaintzea, berdintasun baldintzak ezarrita gizon eta emakumeentzat, haien hazkunde pertsonala eta soziala onuragarria izan dadin osasunaren eta ongizatearen aldetik.

3. Entitate onuradunak.

3.1. Dirulaguntza hauen onuradun izaten ahalko dira Boluntariotza Proiektu baten barnean eta 2019ko urtarrilaren 1etik urriaren 30era bitarte, bi egun horiek barne, jarduera fisikoak eta kirol jarduerak antolatzen dituzten boluntariotza entitateak eta boluntariotza programak dauzkatenak, edo jarduera horiek antolatzen laguntzen dutenak.

3.2. Onuradun izan ahal izateko, entitate eskatzaileek baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Inskribaturik egotea Nafarroako Foru Komunitateko Boluntariotza Entitateen eta Boluntariotza Programak Dauzkaten Entitateen Erroldan.

b) Zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izatea.

c) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13.2 artikuluan onuradun izateko ezarri diren gainerako debekuetakoren bat ez urratzea. Frogatzeko, entitatearen legezko ordezkariak emandako erantzukizunpeko adierazpena baliatzen ahalko da eskaeran, galarazi gabe Administrazioak aitorpenen edo aurkeztutako frogagirien egia ikertzeko duen ahalmena.

4. Gastu diruz lagungarriak.

4.1. Dirulaguntzaren xedeko jarduerari dagozkion gastuetarako bakarrik izanen da laguntza eta, zehazki, honako hauetarako:

a) Material suntsikorra boluntarioentzat.

b) Prestakuntzarako gastuak.

c) Aseguruak.

d) Oro har, proiektua garatzeko beharrezkoa eta ezinbestekoa den beste edozein gastu.

4.2. Ez dute inolako dirulaguntzarik jasoko deialdi zehatzagoen dirulaguntza jaso duten bestelako gastuek.

5. Deialdiaren diru kopurua eta laguntzen zenbatekoa.

5.1. Deialdiak, guztira, 6.000 euroko zenbatekoa izanen du, honako partida honen kargura: 2019rako Nafarroako Aurrekontu Orokorretako “Dirulaguntza kirol arloko boluntariotza entitateentzat edo boluntariotzako programak dauzkatenentzat” izeneko A50002/A5110/4819/336104 partida.

5.2. Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuak 3.000 euro bitarte bideratzen ahalko ditu proiektu bakoitzerako, aurrekontuetan dagoen diru erabilgarriaren arabera. Ematen den dirulaguntza ezin da izan aurkezten den defizita baino handiagoa. Zenbateko osoaren muga hori kontuan harturik, Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuaren 2019ko ekitaldiko aurrekontuan horretarako kreditu egokia eta behar adinakoa egoteak baldintzatuko ditu ematen diren dirulaguntzak.

5.3. Eskaera bakoitzari dagokion dirulaguntza kalkulatzeko, eskaerak guztira lortutako puntuazioa puntuaren balioaz biderkatuko da. Puntu baten balioa ateratzeko, eragiketa hau eginen da: guztira dagoen kreditu erabilgarria zati helburuak betetzen dituzten eskaera guztien guztirako puntuazioen batura.

5.4. Behin puntuaren balioa kalkulatuta eta diruz lagundutako entitate bakoitzari dagokion zenbatekoak esleituta, zenbatekoren bat entitateak aurkeztutako defizita baino handiagoa bada, sobratzen diren kantitateak gainerako onuradunen artean banatuko dira parekotasunez.

6. Aurkezteko epea eta tokia.

6.1. Dirulaguntzako eskabideak aurkezteko epea 45 egun naturalekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik hasita.

6.2. Eskaerak telematika bidez aurkeztuko dira nahitaez, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariaren (www.nafarroa.eus) izapideen katalogoan dagokion esteka erabiliz. Izan ere, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko Erregistro Orokor Elektronikoan sartzeko esteka bat da.

Eskaeran adierazi beharko da jakinarazpenak baliabide telematikoen bidez jaso nahi direla, eta, horretarako, gaitutako helbide elektroniko bat eduki beharko da, 12. oinarrian ezarritako moduan lortuko dena.

Eskaera Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuari zuzenduko zaio, horretarako ezarritako eredu ofizialari jarraikiz. Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.8 eta 66.6 artikuluetan xedatutakoarekin bat, ez aurkeztutzat hartuko dira laguntzen fitxan dagoen eskabide ereduarekin bat ez datozen eta aipatu fitxa baliatuz telematikoki aurkezten ez diren eskaerak. Horrenbestez, aurkeztutzat jotzen ez direnez, eskaera horiek ezin izanen dira zuzendu.

6.3. Dirulaguntzetarako eskaera eta frogagiriak Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuari zuzenduko zaizkio, horretarako II. eranskinean ezarritako eredu ofizialari jarraikiz. Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.8 eta 66.6 artikuluetan xedatutakoari jarraikiz (aurrerantzean, APAPEL), ez dira aurkeztutzat hartuko laguntzen fitxan dagoen eredura egokitzen ez diren eskaerak. Horrenbestez, aurkeztutzat jotzen ez direnez, eskaera horiek ezin izanen dira zuzendu.

Dirulaguntza eskatzeak berekin dakar deialdi hau arautzen duten oinarriak onartzea.

7. Hasierako dokumentazioa.

–Eskabide orria, II. eranskineko ereduaren araberakoa.

–Boluntariotza Proiektua, jarduera fisikoari eta kirol jarduerari buruzkoa, honako alderdi hauek jasota:

  • Proiektuaren titulua eta hori garatzen duen boluntariotza elkartearen identifikazioa.
  • Proiektuaren ezaugarriak, haren xedeak eta edukiak adierazita.
  • Zer jarduera fisiko eta kirol jarduera antolatzen diren edo zeinetan laguntzen den, horien deskribapena, eta jarduera zenbat partaiderentzat izatea aurreikusten den, sexuen arabera banatuak.
  • Tenporalizazioa eta ordutegiak.
  • Jarduerak biztanleriaren zer sektoreri zuzentzen zaizkien.
  • Metodologia eta antolaketa. Giza baliabideak, beren titulazioak edo profila adierazita, eta elkarlanean diharduten boluntarioen kopurua (gutxi gorabehera), sexuen arabera banatua.
  • Instalazioak, joan-etorriak, kirol materiala eta abar.
  • Jarraipena eta ebaluazioa.

–Proiektuaren aurrekontua eta aurreikusitako diru-sarreren eta gastu zehatzen azalpena, IV. eranskineko ereduaren araberakoa.

–Ogasuneko eta Finantza Politikako Departamentuaren ziurtagiria, zerga arloko betebeharrak konplitzen direla egiaztatzen duena.

–Gizarte Segurantzako Diruzaintza Nagusiaren ziurtagiria, Gizarte Segurantzako betebeharrak konplitzen direla egiaztatzen duena.

Ziurtagiriak ez dira aurkeztu beharko baimena ematen baldin bada Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuak zuzenean egiaztapen hori egiteko Ogasuneko eta Finantza Politikako Departamentuan eta Gizarte Segurantzako Diruzaintza Orokorrean. (II. eranskina. Eskabide-orria).

8. Antolaketa eta instrukzioa.

Dirulaguntzak emateko prozedura antolatu eta instruitzeko organo eskuduna Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuko Kirolaren Zuzendariordetza izanen da.

Aurkeztutako dokumentazio administratiboa aski ez bada edo deialdian eskatzen diren betebeharrak betetzen ez baditu, entitate eskatzaileari errekerimendua eginen zaio, gaitutako helbide elektronikoaren bidez, 10 egun balioduneko epean dokumentazioa osatu edo akatsak zuzen ditzan, eta ohartaraziko zaio hala egin ezean ezetsi eginen dela haren eskaera, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 19.3 artikuluak dioen bezala.

9. Dirulaguntzak emateko prozedura.

Deialdi honetan aipatzen diren dirulaguntzak emateko prozedura norgehiagokako araubidearen bidez tramitatuko da, Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 17.1 artikuluan xedatutakoarekin bat.

10. Ebazpena.

10.1. Dirulaguntzetarako eskaerei buruzko ebazpena Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak emanen du, eta entitate interesdunei jakinaraziko zaie, eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunetik hilabeteko epean gehienez.

10.2. Laguntzak emateko ebazpena bitarteko elektronikoen bidez jakinaraziko da, gaitutako helbide elektronikoa erabilita.

Nolanahi ere, informaziorako soilik, ebazpena orrialde honetan argitaratuko da: http://www.deporteyjuventudnavarra.es.

10.3. Ezarritako epean ebazpen berariazkorik ematen eta jakinarazten ez bada, eskaerak ezetsitzat hartuko dira.

10.4. Dirulaguntza emateko ebazpenean dirulaguntzaren xedeak, zenbatekoa eta ordainketa modua agertuko dira. Orobat, dirulaguntza hartuko duten eskatzaileen zerrenda jaso beharko da eta espresuki adieraziko da zein eskaera ezetsi diren, halakorik baldin bada.

10.5. Deialdi honetan onartzen diren proiektuetarako dirulaguntzak bateragarriak izanen dira helburu bererako administrazio berak, beste administrazio publiko batzuek, beste entitate publiko edo pribatu batzuek edo partikularrek, estatukoek nahiz atzerrikoek, ematen dituzten bestelako laguntza edo baliabideekin, are erabiltzaileen ekarpen edo kuotetatik heldu diren baliabideekin ere, betiere laguntza horien zenbatekoak, bakarrik edo denak baturik, inola ere gainditzen ez badu garatu beharreko jardueraren kostua.

11. Laguntzen ordainketa.

Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuko zuzendari kudeatzailearen ebazpen baten bidez erabakiko da dirulaguntza ordaintzea, diruz laguntzen den jarduera eginda eta onuradunak aldez aurretik aurkeztuta 12. oinarrian adierazitako frogagiriak; betiere, ematen den laguntza ez da jardueraren defizita baino handiagoa izanen. Ordaintzeko, transferentzia eginen zaio onuradunari, dagokion ebazpena argitaratu eta bi hilabeteko epean, gehienez ere.

12. Frogagiriak.

12.1. Frogagiriak aurkezteko epea 2019ko azaroaren 22an amaituko da.

12.2. Entitate onuradunek behar bezala beterik aurkeztu beharko dute “IV. eranskina, Justifikazio inprimakia”, lehen aipatutako web-orrian eskuratu daitekeena, eta dirulaguntza hartzen duen entitatearen legezko ordezkariek sinatu beharko dute.

12.3. Frogagiriek ondoko atal hauek izanen dituzte:

A.–Justifikazio-kontua (gastuak eta diru-sarrerak).

Aitorpenaren egilearen ardurapean, datu hauek jasoko ditu:

a) Diruz lagundutako jarduera dela-eta ordaindutako gastu guztien faktura eta frogagirien zerrenda, zenbakiz zenbaki, honako hauek adierazita: hornitzailearen izena, fakturaren zenbakia eta data, kontzeptua, zenbatekoa eta ordainketa eguna (5. eranskina). Faktura edo agiri baliokide guztietan, hornitzailearen IFZ agertu beharko da, edo NANa, laguntzaileen kasuan. Langileei egindako ordainketen fakturak badira, PFEZaren atxikipena agertu beharko da, Nafarroako Zerga Ogasunekoa.

b) Dirulaguntzaren xedea bete dela frogatzen duten gastu guztien jatorrizko fakturak/frogagiriak, aipatu zerrendan duten ordena berean.

c) Ordainagiriak honako hauek izan daitezke, aukeran: bankuko frogagiriak, “ordainduta” zigilua daramaten fakturak, hornitzaileak sinatu eta zigilatuta daudela, edo faktura edo gastua ordaindu dela frogatzen duen beste edozein dokumentu. Aurreko guztiaren fotokopiak erantsiko dira, jatorrizko agirien hurrenkera berean.

Gastuak jatorrizko fakturen bidez (edo kopia konpultsatu edo erkatuaren bidez), edo balio frogagarri bera duten agirien bidez frogatuko dira.

Egindako gastutzat joko da justifikazio epea bukatu baino lehen benetan ordaindu dena.

d) Jarduerak, deialdi honetako laguntzez gain, norberaren funtsekin edo bestelako dirulaguntza edo baliabideekin finantzatuak izan direnean, dirulaguntza horien zenbatekoa eta jatorria zehaztu beharko dira (horien zerrenda zenbakitu eta zehaztua aurkeztuz) eta, orobat, funtsak nola aplikatu zaizkien lagundutako jarduerei.

B.–Kirol memoria eta ebaluazioa.

Jarduera bakoitzaren memoria aurkeztu beharko da (folio bat gehienez jarduera bakoitzeko), alderdi hauek adierazita:

–Tituluak.

–Datak eta tokiak.

–Parte-hartzaile guztien kopurua (sexuaren arabera banatuta).

–Boluntario guztien kopurua (sexuaren arabera banatuta).

–Dokumentazio grafikoa.

–Jardueraren garapenaren balorazioa.

C.–Beste dokumentu batzuk.

Entitate eskatzaileak edo/eta Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuak interesgarritzat jotako beste edozein dokumentazio ere aurkeztuko da, gauzatutako jarduerekin zerikusia badu.

Dokumentazio osoa aurkezten ez bada edo deialdian eskatzen diren betebeharrak betetzen ez baditu, entitate onuradunari errekerimendua eginen zaio dokumentazioa osatu edo akatsak zuzen ditzan 10 egun balioduneko epean, eta ohartaraziko zaio hala egin ezean bere eskaeran atzera egin duela ulertuko dela, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68. artikuluari jarraikiz.

13. Jarraipena eta kontrola.

Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuak izanen du, Kirola Sustatzeko Ataleko teknikarien bitartez, diruz laguntzen diren proiektuen jarraipena, ikuskapena eta ebaluazioa egiteko ardura. Eginkizun hori betetzeko, in situ bisitak eginen ditu proiektua garatu bitartean, eta proiektuen koordinatzaileekin bilduko da. Baliteke bisitak aldez aurretik abisatu gabe egitea.

Jarraipena eta kontrola egin ondoren, Kirola Sustatzeko Ataleko teknikariek uste badute proiektua ez dela garatzen ari proiektatutakoaren arabera, emandako dirulaguntza ukatzen ahalko da azalpen txosten baten bidez, entitateari aldez aurretik jakinarazita.

14. Entitate onuradunen betebeharrak.

14.1. Dirulaguntzaren onuradunek dirua nahitaez dirulaguntzaren helburuetarako erabili beharko dute, eta hala egin dela justifikatu dokumentuen bidez. Gainera, Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuak eskatzen dituen egiaztapen guztiak onartu eta erraztu beharko dituzte, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeari jarraituz.

14.2. Entitate onuradunek gardentasunari buruzko aitorpena aurkeztu beharko dute 16. oinarrian azaltzen den moduan, bestela ezin izanen baitzaio ordaindu aldez aurretik onartutako dirulaguntza.

14.3. Entitate onuradunek, kasua bada, hornitzaileak efizientzia eta ekonomia irizpideen arabera eta merkatuko prezioetan kontratatu direla frogatu beharko dute, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 28.3 artikuluen arabera.

14.4. Halaber, entitate onuradunak behartuak egonen dira diruz lagundutako jardueraren publizitate eta zabalkundean Nafarroako Gobernuak horretarako ezarriko duen marka (anagramaz eta logotipoz osatua) edo zehaztuko diren beste batzuk erabiltzera, baita jardueraren ezaugarrien arabera erabilitako beste publizitate bideetan ere, hala badagokio, betiere Nafarroako Gobernuaren sinbolo ofiziala eta haren erabilera arautzen dituen maiatzaren 3ko 4/2016 Foru Dekretua betez. Zehazki, dirulaguntzaren entitate onuradunek “Nafarroa, Orotan Lagun” ekimenaren web-orrian ere sartu beharko dute beren proiektua.

14.5. Ematen den dirulaguntza bateragarria izanen da administrazio berak, beste administrazio publiko batzuek, beste erakunde publiko edo pribatu batzuek edo partikularrek, naziokoek nahiz nazioartekoek, ematen dituzten bestelako dirulaguntzekin. Zentzu horretan, diruz lagundutako jarduerak finantzatzeko beste laguntza, dirulaguntza, diru-sarrera edo baliabiderik lortuz gero, entitate onuradunek horren berri eman beharko dute. Nolanahi ere, laguntzen zenbatekoak, bakarrik edo denak baturik, ezin izanen du inola ere gainditu garatu beharreko jardueraren kostua. Jakin bezain laster emanen da horren berri, eta, betiere, jasotako funtsak zertan erabili diren justifikatu baino lehen. V. eranskina erabiliko da horretarako.

14.6. Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan ezarritako kasuetan, dirulaguntzen onuradun diren entitateek jasotako funtsak itzuli beharko dituzte.

15. Gardentasun betebeharrak.

15.1. Gardentasunari eta Gobernu Irekiari buruzko ekainaren 21eko 11/2012 Foru Legearen bederatzigarren xedapen gehigarrian ezarritakoari jarraikiz, Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargurako dirulaguntzak jasotzen dituzten entitateek gardentasunez aritzeko betebeharra izanen dute, irailaren 11ko 59/2013 Foru Dekretuan arautua baitago, bi inguruabar hauek gertatzen badira:

a) Emandako dirulaguntza 20.000 eurotik gorakoa izatea.

b) Emandako zenbatekoak entitate onuradunaren urteko negozio-zifraren edo aurrekontuaren %20tik gorakoa izatea.

15.2. Aurreko atalean ezarritako mugak gainditzen ote diren jakiteko, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak edo haren erakunde publikoek urte naturalean emandako dirulaguntza guztien kopuruak batuko dira. Urte batean baino gehiagotan ordaintzen diren dirulaguntzen kasuan, aurrekontuko ekitaldi bakoitzean emandako kopurua hartuko da kontuan ondorio horietarako, ez guztizko batura. Erreferentziako urteko negozio-zifra edo aurrekontua honako hauetako txikiena izanen da:

a) Aurreko urteko negozio-zifra edo gauzaturiko aurrekontua.

b) Hala bada, dirulaguntza ematen den ekitaldian entitatearen organo eskudunak onartutako negozio-zifra edo aurrekontua.

15.3. Aipatu diren inguruabarrak gertatzeagatik gardentasun betebeharra duen entitateak jarraian adierazten den informazioa eman beharko du:

a) Entitatearen gobernu, administrazio eta zuzendaritza organoen osaera.

b) Organo horiek osatzen dituzten kargudunen zerrenda.

c) Entitateak aurreko urtean kargudun bakoitzari ordaindutako ordainsari gordinak eta gainerako diru konpentsazioak, kontzeptuz kontzeptu. Sortu berriak diren entitateen kasuan, informazioa haien aurrekontuetan edo plan ekonomiko-finantzarioan dagoena izanen da.

d) Kargudun bakoitzak gobernu, administrazio eta zuzendaritza eginkizunetan ematen duen dedikazioaren araubidea.

e) Entitate onuradunaren urteko azken kontuen kopia bat.

15.4. Informazio hori entitate onuradunaren legezko ordezkariak sinatuta aurkeztuko da, Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bide telematikoak erabiliz, eta dirulaguntza kudeatzen duen administrazio unitateari bidaliko zaio. Informazioa bidaltzeko epea hilabetekoa izanen da dirulaguntza ematen duen ebazpena jakinarazten edo, hala bada, argitaratzen den egunetik hasita.

Informazio hori urtebetez egonen da aztergai Nafarroako Gobernu Irekiaren Atarian argitaratzen denetik hasita, eta gehienez 15 hilabetez utziko da bertan, informazioa kudeatzen duen organoan sartzen den egunetik hasita. Epe hori iraganik, informazioa argitaratzeko ardura duen unitateak ofizioz kenduko du. Hala egin ezean, entitate onuradunak kentzeko eskatzen ahalko du, eta gehienez ere hilabeteko epean kendu beharko da, eskaera egiten denetik hasita.

15.5. Entitateak gardentasun betebeharra bete behar ez badu aurreikusitako inguruabarrak gertatzen ez direlako, horren gaineko aitorpena aurkeztu beharko du. Toki entitateak ekitaldi berean dirulaguntza bat baino gehiago jasotzen badu, ez du informazioa errepikatu beharko dirulaguntza bakoitzerako, salbu eta hasieran eman zituen datuak aldatzen badira.

Entitateak informazioa emateko betebeharrak ez betetzeak ekar ditzakeen zehapenak galarazi gabe, haiek bete ezean, onartutako dirulaguntza ordaindu gabe utziko da, eta, zenbatekorik kobratu bada, itzuli egin beharko da, eta aurrerakinak ere bai, Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 35.1.c) artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

16. Ez-betetzeak.

16.1. Deialdi honen oinarri arautzaileetan ezarri dena ez betetzeak, gezurrezko datuak emateak edo Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuaren baimenik gabe dirulaguntzaren helburuak aldatzeak dirulaguntza galtzea ekarriko du berekin, eta jasotako dirua itzuli beharra eta hurrengo eta helburu bereko edo bertsuko dirulaguntza eskaerak ez onartzea ere izan dezake ondorio, legeek agintzen dituzten beste erantzukizunak galarazi gabe.

16.2. Nolanahi ere, onuradunak betebeharrak ia osorik betetzen dituenean eta zalantzarik gabe bere konpromisoak betetzeko jarrera frogatzen duenean, itzuli beharreko dirua proportzionaltasun irizpideari jarraituz zehaztuko da.

16.3. Entitateren batek ezarri diren epeetan aurkeztutako programazioa betetzen ez badu, esleitzen zaion dirulaguntza jaso gabe gelditzen ahal da, edo haren zenbatekoa murrizten ahalko zaio, gauzatutakoaren proportzioan.

17. Errekurtsoak.

17.1. Deialdi honen eta bere oinarri arautzaileen kontra gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluei jarraikiz.

17.2. Era berean, Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuko zuzendari kudeatzailearen ebazpenen aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahalko da, Kultura, Kirol eta Gazteriako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, haiek jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik aitzina, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legean xedatuarekin bat.

18. Aplikatu beharreko legeria.

Foru Agindu honetan ezarrita ez dagoen guztian Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean xedatuak aginduko du.

II. ERANSKINA

Eskabide-orria (PDFa).

III. ERANSKINA

Baremoa

1. Xedea.

Eranskin honetan ezarritako baremoari jarraikiz baloratuko dira jarduera fisikoen eta kirol jardueren boluntariotza entitateek edo boluntariotza programak dauzkaten entitateek laguntzen deialdi honen babesean aurkeztutako eskaerak.

Balorazio-irizpideak: 22 puntu gehienez.

Arau orokor gisa, proportzionaltasun printzipioa aplikatuz esleituko dira puntuak.

1.–Programaren xedeak eta ezaugarriak: 16 puntu arte.

–Proiektua zenbateraino egokitzen zaien I. eranskineko 2. oinarrian aurreikusitako xede eta helburuei (2 puntu arte).

–Programaren helburu orokorren eta zehatzen definizioa (2 puntu arte).

–Berariazko helburuei lotutako ekintza motak, kopurua eta deskribapena (3 puntu arte).

–Proiektuaren garapen kronologikoa (puntu bat arte).

–Ekintzak gauzatzeko dauden giza baliabideak eta baliabide teknikoak (2 puntu arte).

–Proiektuari egokitutako aurrekontua (puntu bat arte).

–Proiektua ebaluatzeko prozedura objektibo bat ezartzea (puntu bat arte).

–Ba ote dagoen neurri berdinzalerik edo sexua, adina, sexu joera edo bestelako inguruabar pertsonalak direla-eta bereizkeriarik egiten ez duenik (2 puntu arte).

–Jarderetan parte hartzen duten pertsonen kopurua (2 puntu arte).

2.–Programaren iraupena: 6 puntu arte.

–Egun bateko jarduerak (puntu bat).

–2 eta 5 egun arteko jarduerak (2 puntu).

–5 egunetik gorako jarduerak (3 puntu).

IV. ERANSKINA

Justifikazio-orria (PDFa).

Iragarkiaren kodea: F1902837