69. ALDIZKARIA - 2019ko apirilaren 9a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

24E/2019 FORU AGINDUA, otsailaren 27koa, Eskubide Sozialetako kontseilariak emana, garapen bidean diren herrialdeetan esku-hartze sozial eta ekonomikoak egiteko dirulaguntzen 2019ko deialdia onesten duena. DDBN identifikazioa: 441970.

Gure foru komunitatearen gizarte kontzientziaz jabeturik, Nafarroako erakundeek funtsak ematen dituzte Garapen Jasangarriaren Helburuak (Nazio Batuek 2015eko irailean hitzartuak) betetzeko. Funts horiek herrialde eta herri pobretuen giza garapen iraunkorrerako ekarpen solidarioak dira, eta garapenerako laguntza ofizial gisa ematen dira.

Garapenaren aldeko Lankidetzari buruzko martxoaren 9ko 5/2001 Foru Legeak, apirilaren 6ko 4/2010 Foru Legeak aldatutakoak, nazioarteko ekintza solidarioaren arlo honen printzipioak, helburuak eta bitartekoak ezartzen ditu, besteak beste. Zehazki, 14. artikuluak xedatzen du, garapenerako lankidetza jarduerak sustatzeko, funts publikoak erabiliko direla, besteak beste.

Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak laguntza publiko guztiak arautzen ditu, eta bertan ezartzen dira printzipio orokorrak, kontzeptuak, irizpideak, eskumenak, eginbeharrak eta erantzukizunak, bai eta dirulaguntzak eman, kudeatu eta kontrolatzeko bidea ere.

Horrenbestez, beharrezkoa da garapen bidean diren herrialdeetan esku-hartze sozial eta ekonomikoak egiteko 2019ko dirulaguntzen araubidea erregulatuko duten oinarriak ezarri eta deialdi baten bidez argitaratzea, dirulaguntza horietan publizitate, gardentasun, lehia, objektibotasun, berdintasun, kontrol eta bereizkeriarik ezaren printzipioak bermatzeko, baita Administrazio emaileak finkaturiko helburuak lortzeko eraginkortasuna eta baliabide publikoak esleitu eta erabiltzeko berdintasuna eta eragimena ere.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legeak eta Eskubide Sozialetako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen abuztuaren 28ko 128/2015 Foru Dekretuak emandako ahalmenak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. Garapen bidean diren herrialdeetan esku-hartze sozial eta ekonomikoak egiteko dirulaguntzen 2019ko deialdia onestea.

2. Deialdiaren oinarri arautzaileak onestea, foru agindu honen eranskinean jaso direnak.

3. Guztira, 4.317.149 euroko gastua baimentzea, honela banatuta: 2.638.924 euro “PFEZaren %0,7ko Funtsa” izeneko 900004 91100 4819 143105 partidaren kargura, eta 1.678.225 euro “Garapenerako nazioarteko lankidetza” izeneko 900004 91100 4819 143102 (E) partidaren kargura.

4. Deialdi honen eta oinarri arautzaileen kontra gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

5. Foru agindu hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

6. Foru agindu hau Idazkaritza Tekniko Nagusiko Administrazio Aferetarako Bulegora, Idazkaritza Tekniko Nagusiko Kontabilitate Zentrora, Diru-sarreren Bermearen eta Garapenerako Lankidetzaren Zerbitzura eta Dirulaguntzen Datu Base Nazionalera igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2019ko otsailaren 27an.–Eskubide Sozialetako kontseilaria, Miguel Laparra Navarro.

I. ERANSKINA

Garapen bidean diren herrialdeetan esku-hartze sozial eta ekonomikoak egiteko dirulaguntzen 2019ko deialdiaren oinarriak

Lehena.–Xedea eta helburua.

1. Eskubide Sozialetako Departamentuak 2019. urterako dirulaguntzen deialdia egin du garapenerako gobernuz kanpoko Nafarroako erakundeek (hemendik aurrera, GGKE) garapen bidean diren herrialdeetako populazio behartsu eta ahulen alde egiten dituzten esku-hartze sozialak eta ekonomikoak finantzatzeko. Nafarroako entitateek proposatzen dituzten esku-hartze horiek pobreziaren aurka borrokatzea eta giza garapena sustatzea dute helburu, eta entitateek herrialde horietan dituzten solaskideekin elkarlanean gauzatu beharko dira.

2. Esku-hartzeak bi mota edo modalitatekoak izaten ahal dira:

A) modalitatea. Garapeneko mikroekintzak: ekipamendu ondasunetan edo beste gauza batzuetan inbertsioak egitea helburu duten esku-hartzeak dira garapenerako proiektu batean erabiltzeko edo denboraren eta diruaren aldetik proiektu horiek bezain garrantzitsuak ez diren jarduketak egiteko.

B) modalitatea. Garapeneko proiektuak: herritarren bizimodua hobetzeko esku-hartzeak dira, urtebeterako diseinatuak, nahiz geroan fase gehiago izaten ahal dituzten.

3. Garapen bidean edo trantsizioan dauden herrialde edo lurraldetzat hartuko dira ELGA-Ekonomiako Lankidetza eta Garapenerako Antolakundearen mendeko Garapenerako Laguntza Batzordearen (GLP) onuradunen egungo zerrendan daudenak.

Bigarrena.–Aurrekontuko diru erabilgarria.

2019an guztira 4.317.149 euro daude xede horietarako, bi modalitateetan honela banaturik:

–A) modalitatea. Garapeneko mikroekintzak, 260.000 euro, “Garapenerako nazioarteko lankidetza” izeneko 900004 91100 4819 143102 (E) partidaren kargura.

–B) modalitatea. Garapeneko proiektuak, 4.057.149 euro. Horietatik 2.638.924 euro “PFEZaren %0,7ko Funtsa” izeneko 900004 91100 4819 43105 partidaren kargura, eta 1.418.225 euro, “Garapenerako nazioarteko lankidetza” izeneko 900004 91100 4819 143102 (E) partidaren kargura.

Modalitateetako batean aurreikusitako kreditua agortzen ez bada, soberakina beste modalitatean banatuko da.

Hirugarrena.–Entitate onuradunek bete beharreko baldintzak.

Deialdi honen xede diren dirulaguntzak hartu ahal izateko, garapenerako gobernuz kanpoko erakundeek (GGKE) baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Pertsona juridikoak izatea, legez eratuak eta, eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunerako, inskribatuak egotea Garapenerako Nazioarteko Lankidetzarako Espainiako Agentziaren (AECID) Garapenerako Gobernuz Kanpoko Erakundeen Erregistroan.

b) Nafarroako Foru Komunitatean izan beharko dute ordezkaritza iraunkorra, non ez diren nazioarteko erakundeak.

c) Esku-hartzea egin behar den eskualdean tokiko bazkide edo partaide bat izatea, hura gauzatzeko. Tokiko bazkideak pertsona juridikoa izan beharko du, herrialde onuraduneko legediaren arabera.

d) Zerga arloko betebeharrak eta Gizarte Segurantzakoak egunean izatea, eta zorrik ez izatea Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioarekin edo haren erakunde autonomoekin.

e) Dirulaguntzen onuraduna izateko Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluko 2. eta 3. apartatuetan ezarritako gainerako debeku-egoeretan ez egotea.

f) Gainera, bi entitate edo gehiagoren batasunek ere hartzen ahalko dute parte, berezko nortasun juridikoa izan edo ez, eta, hortaz, onuradunak izaten ahalko dira, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 8. artikuluko 2. eta 3. apartatuetan xedatutakoarekin bat. Kasu horretan, batasuneko entitate bakoitzak lehen aipatutako baldintza guztiak bete beharko ditu.

Laugarrena.–Esku-hartzeetan bete beharreko baldintzak.

Dirulaguntzak hartu ahal izateko, entitateek aurkezten dituzten esku-hartzeek baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Deialdi honen lehen oinarriko xede eta helburuei eta Garapenaren aldeko Lankidetzari buruzko martxoaren 9ko 5/2001 Foru Legearen 2. eta 3. artikuluetako printzipioei lotzea.

b) Jarduerak 2019an hastea. Ebazpena ematen den eguna hartuko da hasiera-eguntzat, salbu eta entitate onuradunak berariaz jakinarazten badu jarduerak lehenagoko beste egun batean hasiko direla. Betiere, jarduerak urtebeteko epean gauzatu beharko dira, hasiera-egunetik kontatzen hasita, gero batean eskatzen ahal diren luzapenak deusetan galarazi gabe.

c) Zeharkako kostu diruz lagungarriak ezin izanen dira dirulaguntzaren %10 baino gehiago izan.

c) Hauek dira esku-hartze bakoitzeko (eta, bidezkoa bada, urte bakoitzeko) eskatzen ahal diren gehieneko zenbatekoak:

A) modalitatea: 30.000 euro.

B) modalitatea: 90.000 euro.

d) Esku-hartzeak garapen bidean edo trantsizioan dauden herrialde edo lurraldeetan egin beharko dira, hau da, ELGA-Ekonomiako Lankidetza eta Garapenerako Antolakundearen mendeko Garapenerako Laguntza Batzordearen onuradunen indarreko zerrendan daudenetan. Deialdi honetan ez dira sartuko sahararrekin egin beharreko esku-hartzeak, horretarako berariazko deialdia baita.

Bosgarrena.–Dirulaguntzen bateragarritasuna.

1. Deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzak bateragarriak dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaz aparte beste administrazio publiko batzuek, beste erakunde publiko zein pribatu batzuek edo norbanakoek, nazionalek edo atzerrikoek, jarduera bera garatzeko ematen dituztenekin.

2. Ematen diren dirulaguntzen zenbatekoak ez du sekula gaindituko, bakarrik edo beste erakunde edo entitate pribatu zein publiko batzuen laguntzekin batuta, diruz lagundutako jardueraren kostua.

Seigarrena.–Gastu diruz lagungarriak.

1. Gastu diruz lagungarriak partida hauetan sartzeko modukoak izanen dira:

A) Zuzeneko gastuak: zalantzarik gabe dirulaguntza jasotzen duen jardueraren izaerarekin bat datozenak, betiere esku-hartzea gauzatzeko ezarritako epean egiten badira. Multzo honetan, honako hauek sartuko dira:

a.1) Lurrak; higiezinak erostea eta jarduerak egiteko lokalak alokatzea, kudeaketa jarduerak izan ezik (kasu honetan “a.8) Funtzionamendua” atalari egokituko zaio).

a.2) Ondasun higiezinak eraiki edo berritzea, barnean direla eskulana, obraren zuzendaritza, obretako lizentzia eta tasak eta eraikuntzako materialak.

a.3) Ekipamendu materialak eta hornidurak, ibilgetuaren osagaiak erostea barne, lurrak eta eraikinak izan ezik, dirulaguntzaren xede den jarduerari atxikiak, hala nola makinak, altzariak, informatikako ekipamenduak, garraiobideak eta bestelako ekipamendua, eta ekipamenduak igortzeko eta martxan jartzeko gastuak, bai eta esku-hartzea gauzatzeko beharrezko materialak eta hornidurak ere. Tokiko bazkidearen ekipamenduen amortizazioek ere jaso dezakete dirulaguntza, baldintza hauek bete badituzte: dirulaguntzaren xedeko aldikoak badira, esku-hartzearen eskura jarri badira eta Nafarroako Gobernuaren dirulaguntzarik gabe eskuratu badira. Amortizazioetan, urtean, gehienez lagun daitekeen portzentajea hauxe da: %25, ibilgailuen eta ekipo informatikoen kasuan; %20, gainerako ondasunen kasuan. Halaber, ekipamenduen konponketak eta mantentze-lanak sartzen dira epigrafe honetan.

a.4) Langileria gastuak, haien barnean egonda soldatak, esku-hartzeari atxikitako langileen entitatearen kargura diren gizarte aseguruak, langileen izenean izenpetzen diren bestelako aseguruak eta tokiko araudiaren arabera nahitaez gordailutu beharreko funts-hornidurak. Bi kategoriatan aurkeztuko dira, salbu eta instrukzio organoari arrazoibidez azaldutako eta hark onartutako kasuetan:

a.4.1. Herrialdeko langileak. Dirulaguntzaren xedeko esku-hartzea gauzatzen deneko eta haiek lanean ari direneko herrialdeko lan arloko legeen mende daudenak, haien eginkizunei dagokien lan araubidearekin bat. Haien eginkizunak zuzenean esku-hartzeari lotuak egonen dira.

a.4.2. Langile erbesteratuak. Entitate onuradunaren langileak dira, esku-hartzea burutzen deneko herrialdean lanean ari direnak Espainiako legeen mende. Haien eginkizunak zuzenean esku-hartzeari lotuak egonen dira. Kontratu bidezko harremana izan beharko da eta Kooperantearen Estatutua errespetatu behar da.

a.5) Bidaiak, ostatu hartzea eta dietak. Langileen eta esku-hartzearen onuradun diren herritarren joan-etorrien gastuak dira, esku-hartzerako behar direnak, hala nola erregaiak, aseguruak, esku-hartzea zehaztean berariaz identifikaturik eta haiei loturik dauden ibilgailuen mantentze-lanak, bidaien gastuak, dietak eta, hala bada, ostatu hartzea.

a.6) Zerbitzu teknikoak eta profesionalak: esku-hartzearen formulazioan jasotzen diren gaikuntza jarduerak, mintegiak, txostenak, argitalpenak, kudeaketaren kontrola edo beste behar batzuk egiteko behar diren gastuak sartzen dira sail honetan, betiere lan harremanik sorrarazten ez badute eta beste partida batzuetan sartu ezin badira.

a.7) Txandakako funtsak: kreditu osagarri bat duten esku-hartzeen kasuan, txandakako funtsak ezin izanen du gainditu finantzatutako zuzeneko gastuen %10.

a.8) Funtzionamendua: tokiko bazkidearen ohiko gastuak proiektua kudeatzeagatik (lokalen alokairua, argindarra, ura, komunikazioak, mantentze-lana eta segurtasuna, besteak beste), Nafarroako Gobernuari dirulaguntza gisa eskatutako zenbatekoaren %5 arte, gehienez ere.

a.9) Beste batzuk: bankuko gastuak, identifikazioko gastuak, esku-hartzearen zabalkundekoak edo sentsibilizaziokoak, eta ebaluazioko eta auditoriakoak, besteak beste. Identifikazioko gastuen kasuan, harengandik zuzenean datozenak bakarrik izanen dira diruz lagungarriak, eta deialdi hau argitaratu baino sei hilabete lehenago arte egindakoak aplikatzen ahalko dira; gehienez ere, haren %1 egotziko zaio dirulaguntzari. Diruz lagungarriak izanen dira, orobat, ex post ebaluazioaren ondoriozko gastuak, 5.000 euro bitarte, betiere hamazazpigarren oinarriaren p) atalean ezarritako baldintzetan. Frogatzeko, justifikazio kontua eta auditorearen txostena aukeratuz gero, gehienez ere 3.000 euro egotziko zaizkio dirulaguntzari.

B) Zeharkako gastuak.

Esku-hartzearen zeharkako kostu gisa, %10eko edo hortik beherako zenbatekoa aplikatzen ahalko zaio dirulaguntzari. Zeharkako kostuak dira entitate onuradunaren gastu administratiboak (langileen gastuak, egoitzetakoak, bulegoko materialenak eta bestelako ohiko gastuak) eta esku-hartzeari jarraipena egitearen ondoriozkoak, helburu hori duten bidaiak barne. Zeharkako gastuen %75 gutxienez Nafarroan egindako gastuak izanen dira.

Gastuak justifikatzeko, hamabosgarren oinarrian ezarritakoari jarraikiko zaio, frogatzeko zailak diren gastuak izan ezik. Izan ere, horrelakoetan, GGKEaren legezko ordezkariak gastu horien gaineko ziurtagiria egin beharko du. Ziurtagirian honako hauek agertuko dira: zenbatekoa, gastu motaren aipamena, diruz lagundutako esku-hartzearekin duen lotura eta zergatik den ezinezkoa arau orokorren arabera justifikatzea. Gainera, gastuaren frogagiriak aurkeztuko dira: fakturak, kontabilitatearen egoera-orri ikuskatuak edo gastua egiazki egin dela frogatzen duten bestelako agiriak. Ziurtagiri horren bitartez justifikatuko den diru kopuruak ez du zeharkako gastuen %30 edo dirulaguntzaren %3 gaindituko.

2. Gastu finantzarioak, notarioenak eta erregistrokoak eta bankuaren bermearenak dirulaguntzaren xede izaten ahalko dira jarduerari zuzenean lotuak badaude eta hura prestatu edo gauzatzeko ezinbestekoak badira. Gastu horiek zuzeneko gastutzat joko dira.

3. Nafarroako Gobernuaren dirulaguntzaren etekin finantzarioak dirulaguntzaren zenbatekoari gehituko zaizkio eta dirulaguntzaren xede den jarduerari ere aplikatuko zaizkio.

4. Nafarroako Gobernuaren dirulaguntzatik kanpoko ekarpen gisa onartuko dira onuradunen lurren, lokalen, ekipamenduen, materialen eta eskulanaren gaineko balorizazioak, baldin eta aurrekontuan ageri diren jarduerei zuzenean lotuta badaude. Balorizazio horiek egiaztatu egin behar dira tokiko bazkidearen edo partaidearen, esku-hartzearen onuradunen edo ondasunak eta/edo zerbitzuak ematen dituen entitatearen ziurtagiriarekin. Ziurtagiri horretan edo horri erantsita, ekarpena deskribatu eta haren zenbatekoa zehaztuko da, eta unitate kopurua, lanorduak, unitateko prezioa (hala badagokio) eta balorizazio osoa adieraziko dira. Balorizazioak tokiko merkatuko prezioen araberakoak izanen dira, eta, ekipamendu edo ondasunen kasuan, antzinatasuna hartu beharko da kontuan. Nolanahi ere, gainerako ekarpenak bezala kontrolatuko dira.

5. Dirulaguntzen xedeko gastuak ekipamendu ondasunak erosteko edo aholkularitzako edo laguntzako enpresek zerbitzuak emateko erabiltzen direnean, 12.000 eurotik gorakoak izanez gero eta Europar Batasunaren barnean kontratatuz gero, txosten gehigarri bat aurkeztuko da, hornitzaileak hautatzeko prozedurari eta irizpideei buruzkoa, gutxienez haietako hiruri eskatutako aurrekontuekin batera.

6. Gastu diruz lagungarriak obra gauzatzeko baldin badira eta 30.000 eurotik gorakoak badira, onuradun gertatzen den GGKEak, xedeko herrialdeko bazkidearen bidez, gutxienez hiru hornitzaileri eskatuko die eskaintza, salbu eta, gastu diruz lagungarrien eta/edo herrialdearen ezaugarri bereziak direla eta, merkatuan ez badago horrelako entitate aski, edo eskatutakoa baldintza egokietan egiten ez badute; nolanahi ere, prozedurari buruzko eta kontratistak hautatzeko irizpideei buruzko txosten osagarri bat aurkeztu beharko du.

7. Honako gastu hauek ez dira diruz lagungarriak:

–Zuzeneko gastuen multzoan: egoitzan aritzen diren langileen gastuak.

–Protokoloko eta luxuzko gastuak (otorduak, harrera ekitaldiak, opariak, loreak, ikuskizunetarako sarrerak, etab.); hegazkin edo tren gastuen kasuan, turista-klasean edo antzekoan egiten direnek soilik izanen dute dirulaguntza.

–Zeharkako zergak, errekuperatu edo konpentsatu daitezkeenean.

–Ondasun inbentariagarriak, esku-hartzea bukatutakoan jabetza eta erabilgarritasuna tokiko bazkidearenak badira. Salbuespenak: oinarri honetako a.3) atalean adierazitako amortizazioa; eta, A) modalitatekoa (mikroekintzak), ondasun horiek esku-hartzearen xede nagusia badira.

Zazpigarrena.–Eskaerak aurkeztea.

1. Entitate interesdunaren legezko ordezkariak sinatuta aurkeztu beharko da eskaera, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik 15 egun balioduneko epean.

2. Entitate eskatzaile bakoitzak hiru esku-hartze egiteko aurkez dezake eskaera, baina hirurak ezin dira izan modalitate berekoak. Bakarka zein entitateen batasunek aurkeztutako esku-hartzeak kontatuko dira eskaeratzat.

3. Eskaerak ahal dela telematikoki aurkeztuko dira, Nafarroako atarian argitaratutako deialdiaren fitxan “Tramitar” aukera baliatuz, edo Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bitartez. Eskubide Sozialetako Departamentuaren Erregistroan ere aurkezten ahal dira eskaerak (González Tablas 7, 31005 Iruña), edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16. artikuluan aurreikusitako tokietan. Gainera, eskaerak Nafarroako Gobernuarenak ez diren beste erregistro ofizial batzuetan aurkezten badira, horren berri eman beharko diote unitate kudeatzaileari, mezu elektronikoa bidaliz servcoopdes@navarra.es helbidera, aurkezpenaren egunean berean.

Posta bulegoen bitartez aurkezten diren eskaerek posta zerbitzuak arautzen dituen abenduaren 3ko 1829/1999 Errege Dekretuan aurreikusitako zehaztapenak bete beharko dituzte. Entitate eskatzaileek servcoopdes@navarra.es helbidera egun berean mezu elektroniko bat bidaliz iragarriko dute eskaera bidali dela.

4. Eskaera adierazitako epetik kanpo aurkeztuz gero, ez da onartuko.

Zortzigarrena.–Aurkeztu beharreko agiriak.

Entitate eskatzaileek inprimaki ofizial batean eginen dute eskaera, eta dokumentazio hau gehituko diote:

A) Entitate eskatzailearen agiriak:

a) Hirugarren oinarrian ezarritako baldintzak betetzen direla egiaztatzeko agiriak (horiek Foru Komunitateko Administrazioak ez badauzka edo haien edukia aldatu bada):

a.1) Garapenerako Nazioarteko Lankidetzarako Espainiako Agentziaren GGKEen Erregistroan egindako inskripzioaren ziurtagiria; bereziki adieraziko da ordezkaritza bat zabalik dutela Nafarroako Foru Komunitatearen lurraldean. Aipamen horren ordez beste erregistro administratibo batek emandako ziurtagiri osagarria aurkezten ahalko da, ordezkaritza hori badela egiaztatzen duena, edo notarioaren agiria, fundazioen kasuan. Ziurtagiri horrek/horiek urtebete baino gutxiagoko antzinatasuna izan beharko du/dute, deialdi hau argitaratzen den egunean.

a.2) Entitatearen estatutuak.

b) Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko eta haren erakunde autonomoetako langileek esku-hartzearen zikloaren faseren batean parte hartuz gero, langile horien izenen zerrenda eta esku-hartzean egin beharreko eginkizunak eta eman beharreko denbora aurkeztu beharko dira; horrekin batera, pertsona horietako bakoitzaren erantzukizunpeko adierazpena, beren lana proposatutako jarduerarekin bateragarria dela dioena.

c) Entitateen batasunak izanez gero, erakunde bakoitzaren agiriez gain, honako hauek aurkeztuko dituzte:

–Entitateen batasuna eratzeko agiria. Batasunak berezko nortasun juridikorik ez badu, eratze agirian berariaz azaldu beharko da batasunari, onuraduna den aldetik, dagozkion eginbeharrak betetzeko adina ahalmen duen ahaldunaren edo ordezkariaren izena, bai eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean preskribatzeko aipatzen den epea bukatu arte ez desegiteko konpromisoa ere.

–Elkartea edo batasuna osatzen duen entitate bakoitzak, batasunaren kontura eta haren izenean, esku-hartzea gauzatzeko bere gain hartzen dituen eginkizunak eta konpromisoak adierazten dituen agiria. Haietako bakoitzari dagokion dirulaguntzaren zenbatekoa ere azalduko da.

d) Transferentzia bidez ordaintzeko eskaera, Nafarroako Gobernuari dirulaguntza eskatzen dion lehenbiziko aldia baldin bada edo aurreko dirulaguntzak jasotzeko emandako bankuko kontua aldatu bada.

e) Nahi izanez gero, entitate eskatzaileek, dirulaguntza eskabidearekin batera, deialdi honen hemezortzigarren oinarrian araututa dagoen gardentasun betebeharra betetzeko behar den informazioa aurkez dezakete. Informazio hori eskaerarekin batera aurkezten ez badute, dirulaguntza jasotzen duten entitateek oinarri hartan ezarritakoa bete beharko dute, eta hilabeteko epea izanen dute informazio hori aurkezteko, dirulaguntza emateko ebazpena jakinarazten edo, kasua bada, argitaratzen den egunetik hasita.

B) Tokiko bazkidearen dokumentazioa, egiaztatzeko hirugarren oinarriaren c) atalean ezarritako baldintzak betetzen dituela:

b.1) Estatutuak.

b.2) Legezko eraketaren frogagiriak, proiektuaren onura hartzen duen herrialdeko legeen araberakoak.

b.3) Legezko ordezkariaren nortasun agiriaren kopia.

Tokiko bazkidea administrazio publiko bat bada, dokumentazio horren guztiaren ordez, administrazio horren legezko ordezkaria nor den eta administrazio horrek esku-hartzean parte hartzen duela frogatzen duen agiria aurkezten ahalko du.

Tokiko bazkidearen dokumentazioa Administrazioak baldin badu, dokumentazio hori erantsita daukan espedientearen zenbakia adierazi beharko da.

b.4) Tokiko bazkideen batasuna izanez gero, entitate bakoitzaren agiriez gain, honako hauek aurkeztuko dituzte:

–Entitateen batasuna eratzeko agiria. Batasunak berezko nortasun juridikorik ez badu, eratze agirian berariaz azaldu beharko da batasunari, onuraduna den aldetik, dagozkion eginbeharrak betetzeko adina ahalmen duen ahaldunaren edo ordezkariaren izena, bai eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean preskribatzeko aipatzen den epea bukatu arte ez desegiteko konpromisoa ere.

–Elkartea edo batasuna osatzen duen entitate bakoitzak, batasunaren kontura eta haren izenean, esku-hartzea gauzatzeko bere gain hartzen dituen eginkizunak eta konpromisoak adierazten dituen agiria. Haietako bakoitzari dagokion dirulaguntzaren zenbatekoa ere azalduko da.

C) Esku-hartzea baloratzeko dokumentazioa:

c.1) Esku-hartzearen memoria teknikoa eta aurrekontua, inprimaki ofizialetan.

c.2) Entitate eskatzailearen eta tokiko bazkidearen azken hiru urteetako urteko kontuak (2016, 2017 eta 2018), kontu horiek ikuskatuak, entitateko zuzendaritza organoek onetsiak, behin-behinekoak edo bestelakoak diren adierazita.

c.3) Esku-hartzea zehazki non kokatzen den azaltzen duen mapa (erregioa, departamentua, probintzia eta udalerria).

c.4) Eranskinak: dokumentazio grafiko, tekniko eta ekonomikoa (proformako fakturak, aurrekontu profesionalak, lurren peritazioa eta abar), eta esku-hartzeaz ongi jabetzeko beharrezkotzat jotzen den bestelako dokumentazioa.

Bederatzigarrena.–Dirulaguntza emateko prozedura eta instrukzioa.

1. Dirulaguntzak emateko prozedura norgehiagokakoa izanen da, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 17.1 artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

2. Gizarteratzeko eta Babes Sozialerako Zuzendaritza Nagusiak tramitatuko ditu eskaerak, eta, instrukzio organo gisa, Diru-sarreren Bermearen eta Garapenerako Lankidetzaren Zerbitzua arituko da. Horrexek egiaztatuko du dirulaguntzak hartzeko betebeharrak betetzen diren, eta eskaerak baloratuko ditu ofizioz, oinarri hauen arabera.

3. Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 19.3 artikuluan ezarritakoarekin bat, ondotik aipatzen diren kasuetan interesdunari eskatuko zaio hamar egun balioduneko epean hutsegiteak zuzendu edo aginduzko agiriak aurkez ditzala, eta ohartaraziko zaio hori egin ezean eskaera bertan behera uzten duela ulertuko dela, espedientea artxibatzeko ebazpena eman ondoren:

a) Eskaeran identifikazio daturik ez agertzea, dela eskatutako dirulaguntzari dagozkionak, dela entitate eskatzaileari buruzkoak.

b) Zortzigarren oinarriaren A eta B ataletan zehaztutako dokumentazioak akatsak izatea.

c) Laugarren oinarrian ezarritakoari jarraikiz esku-hartzeetan bete beharreko baldintzetan akats materialak izatea.

d) Aurrekontua aldatu beharra dakarten arazoak (akats aritmetikoak, okerreko datuak, oso errealistak ez diren kostuak edo hautagarriak ez diren beste kostu batzuk). Horren ondorioz, gauzak argitzeko eskatzen ahalko da, eta instrukzio organoak aldaketak edo murrizketak ezartzen ahalko ditu akats edo datu zehaztugabe horiei aurre egiteko.

e) Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68. artikuluan ezarritako kasuetako edozein.

Gainerako kasu guztietan, eta, bereziki, baloratzeko aurkezten den dokumentazioari lotutako kasu guztietan, ez da zuzentzeko aukerarik izanen.

Hamargarrena.–Eskaeren balorazioa eta dirulaguntzaren zenbatekoa zehaztea.

1. Eskaerak zein bere modalitatean (bigarren oinarrian adieraziak) baloratuko dira, 0tik 1.000 puntura arteko eskalan, II. eranskinean adierazitako irizpide objektiboak eta haien haztapena kontuan hartuta.

2. Dirulaguntza-eskaera aintzat hartua izateko, esku-hartzeak gutxienez ere 500 puntu lortu beharko ditu guztira. Gainera, B) modalitateetan aurkeztutako esku-hartzeen kasuan, II. eranskineko C. atalean (“Egokitasuna, Nafarroako lankidetzaren zeharkako ikuspegien arabera”) gutxienez 50 puntu lortu beharko ditu aintzat hartua izateko.

3. Dirulaguntza eskatutakoa adinakoa izanen da, betiere modalitate bakoitzerako ezarritako muga gainditu gabe.

4. Esku hartzeko modalitate bakoitzean positiboki baloraturiko eskaerei dagozkien zenbateko eskatu guztiek aurrekontuetan horretarako dagoen dirua gainditzen badute, lehentasun hurrenkera bat ezarriko da, balorazioan lorturiko puntuazioaren arabera, eta dirulaguntzak muga horretaraino banatuko dira.

5. Gainera, B modalitatean dirulaguntza kalkulatzeko, portzentaje tarte hauek aplikatuko zaizkio eskatutako zenbatekoari, lortutako puntuazioen arabera: 500,00 puntutik 649,99 puntura bitarte, eskatutakoaren %85; 650 puntu edo gehiago, eskatutakoa. Portzentaje horiek aplikatzetik ateratzen diren kopuruak zehazteko, zenbatekoaren osoko zatia hartuko da, dezimalak kenduta.

6. Bi eskaerak azken puntuazio bera badute, esku-hartzearen kalitate teknikoaren atalean puntuazio handiena lortzen duena lehenetsiko da.

Hamaikagarrena.–Alegazioen tramitea.

1. Instrukzio organoak proposamen-txostena eman aurretik, interesdunei entzuteko tramitea egin daiteke, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 82. artikuluari jarraikiz.

2. Dirulaguntzaren proposamenaren zenbatekoa aurkeztutako eskaeran ageri dena baino txikiagoa baldin bada, instrukzio organoak eskaera berregiteko eskatzen ahalko du, konpromisoak eta baldintzak egokitu daitezen ematen ahal den dirulaguntzaren arabera, betiere hasierako xedea eta ezaugarriak errespetaturik. Berregindako aurrekontuan, dirulaguntzaren gaineko kofinantzaketa portzentajea eskaeran adierazitakoa edo handiagoa izanen da.

Hamabigarrena.–Prozeduraren ebazpena.

1. Gizarteratzeko eta Babes Sozialerako Zuzendaritza Nagusiari dagokio aurkeztutako eskaerak ebaztea, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen bidez eta Eskubide Sozialetako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen abuztuaren 28ko 128/2015 Foru Dekretuaren bidez esleitutako ahalmenen ondorioz.

2. Modalitate bakoitzerako ebazpen bat emanen da, honako hauek jasoko dituena: dirulaguntzak zer eskatzaileri esleitu zaizkion, laguntzen helburua, zenbatekoa, ordaintzeko eta justifikatzeko modua eta epea, eta gainerako eskaerak ezesteko arrazoiak, Dirulaguntzei buruzko arazoaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 21. artikuluan xedatu bezala. Efizientzia helburu, ebazpen bakar batean ebazten ahalko dira deialdiaren bi modalitateak.

3. Eskaerak aurkezteko epea bukatu eta 6 hilabeteko epean berariazko ebazpenik jakinarazten ez bada, ukatu egin direla ulertuko da.

Hamahirugarrena.–Jakinarazpena eta argitalpena.

Modalitate bakoitzaren ebazpena administrazio prozedura arautzen duten legeetan ezarri bezala jakinaraziko zaie interesdunei, eta Nafarroako Atarian argitaratuko da.

Hamalaugarrena.–Dirulaguntza ordaintzea.

Gardentasun betebeharra bete ondoren, 2019ko dirulaguntzaren ordainketa aurreratua eginen da. Betebehar hori deialdi honen hemezortzigarren oinarrian eta Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargurako dirulaguntzen onuradunen gardentasun betebeharrak arautzen dituen irailaren 11ko 59/2013 Foru Dekretuan ezarrita dago.

Hamabosgarrena.–Dirulaguntzaren justifikazioa.

1. Esku-hartzeak bukatu eta hiru hilabeteko epean gehienez, entitate onuradunek esku-hartzearen gauzatzeari buruzko azken txostena aurkeztuko dute, www.cooperacion.navarra.es webgunean eskura dagoen eredu ofizialaren araberakoa. Txostena aurkeztea zailtzen duten inguruabarrak gertatuz gero, Diru-sarreren Bermearen eta Garapenerako Lankidetzaren Zerbitzuak aukera du epe horren luzapena baimentzeko, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 32. artikuluan eta Garapenaren aldeko Lankidetzari buruzko martxoaren 9ko 5/2001 Foru Legearen 16.1.c) artikuluan ezarritakoarekin bat.

2. Azken txostenak justifikazio kontuaren forma izanen du, eta gastuen frogagiriekin edo kontu auditore baten txostenarekin batera aurkeztuko da. Elementu hauek jasoko ditu:

a) Aurkeztutako azken txosteneko dokumentazioan ageri diren datu guztiak egiazkoak direla dioen erantzukizunpeko adierazpena, entitate onuradunaren legezko ordezkariak sinatua.

b) Tokiko bazkideari funtsak igorri zaizkiola eta zer truke-tasa aplikatu den frogatzeko dokumentazioa, igorpena bankuko transferentzia bidez egiten bada; bestelako kasuetan, erantzukizunpeko adierazpena, dirulaguntzaren onuraduna den GGKEaren legezko ordezkariak sinatua.

c) Tokiko bazkideak funtsak jaso izana frogatzen duen dokumentazioa; bankuko transferentzia bidez egiten bada, aplikatutako truke-tasak erakusten dituzten bankuko dokumentuak.

d) Tokiko monetan ordaindu baldin bada, truke-tasa egiaztatzeko banku-agiriak.

e) Esku-hartzearen exekuzioari buruzko txosten teknikoa, www.cooperacion.navarra.es Nafarroako Atarian eskuragai dagoen eredu ofizialaren araberakoa, non lorturiko helburuak eta emaitzak eta egindako jarduerak zehaztuko diren gutxienez; horri guztiari egiaztatze-iturriak erantsiko zaizkio.

f) Txosten ekonomikoa, esku-hartzearen aurrekontuaren exekuzioari buruzko azalpen txosten bat erantsita, Excel formatuan, Nafarroako Atarian eskura dagoen eredu ofizialaren arabera prestatua (www.cooperacion.navarra.es). Txosten horretan honako hauek jasoko dira:

–Esku-hartzearen gastuen balantzea.

–Diruz lagundutako jarduera finantzatzeko jaso diren bestelako diru-sarrera, dirulaguntza edo laguntzak, publikoak edo pribatuak, baita haien zenbatekoa eta jatorria ere.

–Funtsen igorpenen xehetasuna eta aplikatutako truke-tasak.

–Gastu guztien zerrenda, jarduera eta gastu motaren arabera bereizita, Nafarroako Gobernuaren dirulaguntza ez beste ekarpen batzuekin finantzatutako gastuen zerrenda barne dela. Gastu bakoitzean honako hauek agertuko dira: zerrendan zer dokumentu zenbaki duen, egiaztagiriaren zenbakia eta data, igorlearen izena edo helbidea eta haren identifikazio fiskaleko zenbakia edo antzekoa, kontzeptua, egiaztagiriaren testua (luzea izanez gero, laburtzen ahalko da), ordaintzeko modua, zenbat ordaindu den tokiko monetan eta hori zenbat den eurotan. Gastuen zerrendekin batera, frogagiriak aurkeztuko dira, kasuan kasuko kontrol organoak egiaztatu ahal izateko.

g) Justifikazio kontua eta gastuen egiaztagiriak aurkeztuz gero, kontrol organoak zilegi izanen du lagin bat hartzea ikuskapena egiteko. Frogagiri gisa fakturak, nominak, kotizazio-buletinak edo zergen aitorpenerako inprimakiak aurkeztuko dira, eta, halakorik ezean, banku laburpenak, gordekinak, kaxako erregistroak, gastuen oharrak edo bestelako agiriak. Betiere, zerrendan aipatzen diren datuak adierazi beharko dituzte. Frogagiri horiekin batera, ordainketa egin dela justifikatzeko agiriak aurkeztuko dira. Frogagiriak tokiko partaideak behar bezala frogatutako kopiak izanen dira, edo, Espainian sortutako gastuen kasuan, entitate onuradunak frogatutako kopiak. Frogagiriak gaztelaniaz, euskaraz, ingelesez edo frantsesez ez badaude, gaztelaniara itzuli beharko dira osorik.

Frogagiri guztiek eginbide-zigilua eraman beharko dute, Nafarroako Gobernuak finantzatzen dituela adierazteko. Eginbidean, gutxienez, honako hauek jasoko dira: espediente zenbakia; “Nafarroako Gobernuak finantzatua” testua; eta Nafarroako Gobernuaren dirulaguntzaren kargura finantzatutako diru kopurua edo portzentajea.

h) Kontu auditore baten txostena emanez aurkezten den justifikazio kontua hautatuz gero, auditorea Kontabilitatearen eta Kontu Auditoriaren Institutuaren mendeko Kontu auditoreen Erregistro Ofizialean jardule gisa inskribatuta egon beharko da; kontu auditorearen justifikazio kontuari buruzko txostena atzerrian egiten bada, esku-hartzea gauzatzen deneko herrialdean jardunean dauden auditoreek egiten ahalko dute, baldin eta herrialde horretan kontu auditoretzan aritzeko gaikuntza araubiderik bada; halakorik ezean, txostena herrialde horretan finkatutako auditore batek ematen ahalko du, betiere haren izendapena Gizarteratzeko eta Babes Sozialerako Zuzendaritza Nagusiak berresten badu, dirulaguntza jasotzen duen entitateak proposaturik, behar den kalitatea bermatzen duten irizpide teknikoekin bat.

Kontu auditoreak maiatzaren 17ko EHA/1434/2007 Aginduan ezarritakoari jarraikiz eginen du justifikazio kontuaren gaineko txostena. Agindu horren bidez onetsi zen kontu auditoreek dirulaguntzen justifikazio kontuak berrikusteko jarraitu beharreko jarduketa-araua (Estatuko Aldizkari Ofiziala, 125. zenbakia, 2007ko maiatzaren 25ekoa). Txostenean zehaztapen hauek bete beharko dira:

–Oinarri honen 2. puntuan aurreikusitako egiaztagiriak: justifikazioa osatzen duten dokumentu guztien zerrenda osoa jasoko da, zein dauden egiaztatuta eta ezarritakoari lotzen ote zaizkion adierazita.

–Hamaseigarren oinarriko “Azpikontratazioa” atala: azpikontrataziorik ote den adieraziko da, eta, halakorik bada, oinarri honetan ezarritakoa betetzen ote den.

–Hamazazpigarren oinarriko “Betebeharrak” atala: oinarri horretako betebehar bakoitza betetzen ote den adieraziko da, eta “ez da bidezko” zehaztuko du hala dagokion kasuetan.

–Nafarroako Gobernuak finantzatutako gastuen zerrenda aztertu eta berrikusiko da nagusiki, eta laginketa teknikak erabiltzen ahalko dira kontu-ikuskapenetan onartu ohi diren praktiken arabera. EHA/1434 Aginduan ezarritako egiaztapenez gainera, ikuskatze prozesuan honako hauek egiaztatuko dira: zerrendan jasotako gastu-ohar bakoitza benetan ordaindu egin dela; eta gastua diruz lagungarria dela, oinarri arautzaileetan ezarritakoari jarraikiz.

–Diruz lagundutako jarduera (guztia edo zati bat) tokiko bazkide batek edo atzerriko partaideak gauzatu badu, ez da beharrezkoa izanen dirulaguntzaren gastuaren frogagiriak onuradunaren kontabilitate erregistroetan jasotzea; halakoetan, auditoreak tokiko bazkidearen edo partaidearen kontuak berrikusiko ditu.

–Nafarroako Gobernuaren dirulaguntza ez bestelako finantzaketarik bada, egiaztatuko da beste ekarpen batzuen bidez finantzatutako gastuen zerrendako datuak osorik daudela eta zerrenda hori oinarri honen 3. puntuan ezarritako ziurtapenarekin bat heldu dela.

i) Justifikatzen den gastua ez bada iristen aurreratutako edo kontura ordaindutako guztizko zenbatekora, frogagiri bat aurkeztu beharko da erakusteko diru-sarrera bat egin dela Eskubide Sozialetako Departamentuaren alde, aurreratutako edo kontura ordaindutako zenbatekoaren eta justifikatutako zenbatekoaren arteko aldea adinakoa, deusetan galarazi gabe dirulaguntzaren espedientea ixten duen ebazpenean ezartzen dena. Diru-sarrera hori ordainketa-gutun baten bidez eginen da, entitate onuradunak kudeaketa organoari eskatu beharko diona, eta horren bidez ulertuko da entitateak uko egiten diola itzultzen duen diru zenbatekoari.

j) Beste edozein dokumentazio grafiko nahiz idatzizko, borondatez eman nahi dena, diruz lagundutako esku-hartzearen gauzatzearen edo martxa onaren berri emateko.

3. Nafarroako Gobernuaren dirulaguntzaz besteko finantzaketarik bada, entitateak berak emandako ziurtagiri bat aurkeztuko da, funts pribatuen kasuan, edo aldeko ebazpenaren kopia bat, zenbatekoa eta proiektua adierazita, bestelako dirulaguntza publikoak badira. Tokiko ekarpen gisa onartutako balorizazioen kasuan, seigarren oinarriaren 4. puntuan xedatutakoari jarraituko zaio.

4. Tokiko bazkidea nazioarteko erakunde bat bada, Espainiak izenpetutako nazioarteko akordio edo itunetan legez ezarritako moduan eman beharko ditu kontuak.

5. Diru-sarreren Bermearen eta Garapenerako Lankidetzaren Zerbitzuak, diruz lagundutako jarduera behar bezala justifikatu dela egiaztatu ondoren, dirulaguntzari buruz dagokion administrazio espedientea itxiko du, eta horren berri emanen zaio entitate onuradunari.

Hamaseigarrena.–Azpikontratazioa.

Entitate onuradunak edo tokiko bazkideak esku-hartzearen zati bat gauzatzeko azpikontratazioa egiten ahal du hirugarrenekin, diruz lagundutako aurrekontuaren %15era arte gehienez, eta betiere Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 26. artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

Hamazazpigarrena.–Entitate onuradunen betebeharrak.

Esku-hartze jakin baterako dirulaguntza jasotzen duten entitateek betebehar hauek izanen dituzte:

a) Eskubide Sozialetako Departamentuari berariaz adieraztea esku-hartzearen hasiera-eguna, dirulaguntza emateko ebazpenaren data baino lehenagokoa bada.

b) Eskaeran eta dirulaguntza emateko baldintzetan zehaztutako moduan gauzatzea esku-hartzea. Gauzatzeko epeari dagokionez, esku-hartzea gauzatzea larriki zailtzen edo aldatzen duten inguruabarrak gertatuz gero, Diru-sarreren Bermearen eta Garapenerako Lankidetzaren Zerbitzuak aukera du epe horren luzapena baimentzeko, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 32. artikuluan eta Garapenaren aldeko Lankidetzari buruzko martxoaren 9ko 5/2001 Foru Legearen 16.1.c) artikuluan ezarritako moduan jokatuko da.

c) Gizarteratzeko eta Babes Sozialerako Zuzendaritza Nagusiari baimena eskatu eta hura eskuratzea, esku-hartzean aldaketak egin ahal izateko, esku-hartzea gauzatu bitartean haren garapena larriki aldatu edo zailtzen duten inguruabarrak gertatzen direnean entitate onuradunaren egoitzan edo lurralde hartan, baita baliabideak eraginkortasunez erabiltzeagatik gerakinak daudenean ere, aplikatutako truke-tasen ondoriozko finantza errendimenduak edo soberakinak barne; kasu horietan, diruz lagundutako esku-hartzeari dagozkion jarduerak edo antzekoak zabaltzeko eskatu beharko dute. Funtsezko aldaketatzat hartuko dira, bakar-bakarrik, helburuak, emaitzak, xedeko populazioa, lurralde kokapena edo tokiko bazkidea aldatzen direnean, baita diruz lagundutako aurrekontuko partiden artean egiten diren aldaketak ere, aldaketa horiekin emandako dirulaguntzaren %20 gainditzen bada guztira, edo, edozein kasutan, aldaketak 20.000 eurotik gorakoak badira; edo guztirako kostua %10 edo gehiago murrizten bada, Nafarroako Gobernuaren dirulaguntzaz kanpoko ekarpena txikiagoa izan delako. Esku-hartzea gauzatu bitartean gertatzen diren gainerako gorabehera eta aldaketak arrazoi bidez adieraziko zaizkio Nafarroako Gobernuari azken txostenean, barnean dela Nafarroako Gobernutik kanpoko finantzabideak handitzeagatik guztirako kostua handitzea.

d) Nafarroako Gobernuaren dirulaguntzaren bidez erosten diren material, ekipamendu eta hornidura guztiak esku-hartzea gauzatzen deneko herrialdean erosiko dira eta bertako produktuak izanen dira. Betebehar hori betetzerik ez bada, idazki baten bidez Diru-sarreren Bermearen eta Garapenerako Lankidetzaren Zerbitzuaren baimena eskatu beharko da, arrazoiak azaldurik.

e) Nafarroako Gobernuaren dirulaguntza hartu ondoren edozein erakunde publiko edo pribaturi helburu bererako eskatutako eta horrek emandako dirulaguntzen zenbatekoa jakinaraztea. Jakinarazpen hori azken justifikazio txostenean egin beharko da.

f) Tokiko bazkideari edo partaideari dirulaguntza nondik datorren aditzera ematea berariaz.

g) Organo emaileari justifikatzea betebeharrak eta baldintzak bete direla, dirulaguntzaren xedeko jarduera egin dela eta dirulaguntza hartzeko helburua lortu dela, deialdi honen hamabosgarren oinarrian aipatzen den azken txostenaren bidez.

h) Dirulaguntzak ematen dituen ebazpenaren proposamena egiten den unean, zerga arloko betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izatea.

i) Nafarroako Gobernuari esku-hartzearen zabalkundea egiten laguntzea, Nafarroako herritarrak garapenerako lankidetzaren arloan sentsibilizatzearren.

j) Esku-hartzearen zabalkundea eta publizitatea egiten den guztietan dirulaguntza nork eman duen adieraztea. Zabalkunde lana idatzia edo grafikoa baldin bada, Nafarroako Gobernuaren logotipoa erabiliko da, Nafarroako Gobernuaren sinbolo ofiziala eta haren erabilera arautzen duen maiatzaren 3ko 4/2016 Foru Dekretuak xedatzen duen moduan. Dirulaguntzaren onuradunen logotipoaren tamaina berean agertu beharko du, eta berdin ikusteko moduan.

k) Organo emaileak egiten dituen egiaztapenak onartzea, baita kontrol organo eskudunek egiten dituzten egiaztapenak eta finantza kontrolak ere, eta jarduketa horietan eskatzen zaizkien argibide guztiak ematea. Bereziki, hamabosgarren oinarriko 2. atalean aipatzen diren gastuen egiaztagiriak organo emailearen esku uztea, eskatuz gero. Horrela egin ezik, ulertuko da Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 42. artikuluko 1.1.f) apartatuaren kontrako arau-haustea gertatu dela.

l) Jasotako diruaren erabilerari buruzko frogagiriak gordetzea azken txostena aurkeztu eta lau urtez, egiaztatze eta kontrol lanak egin ahal izateko.

m) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan eta deialdi honen hemeretzigarren oinarrian aipatzen diren kasuetan, hartutako funtsak itzultzea.

n) Ondasun inbentariagarriak erosi, eraiki, zaharberritu eta hobetuz gero, “Transferentziaren edo loturaren akta” aurkeztuko da, non agertuko baita beharturik daudela ondasunak dirulaguntzaren helburu zehatzetan erabiltzera gutxienez ere hamabost urtez, erregistro publikoan inskribatu beharreko ondasunak izanez gero, edo hiru urtez, bestelako ondasunak izanez gero.

ñ) Ezinezkoa bada dirulaguntzaren aurrerakinak lehenbailehen igortzea xede-herrialdera, diru horiek ezin dira jarri entitate adjudikazio-hartzaileak kontrolatu ezin dituen kanpo-eragileen menpe, eta nonbait inbertitzea onartuko da, bakar-bakarrik, funtsak ez igortzeko kausa jakin bat baldin badago eta, betiere, inbertsioa bermatua badago eta arriskurik ez badu.

o) Lurrak edo higiezinak erosiz gero, jabetzaren araubidea eta titulartasuna zehaztu beharko dira, eta behar adina frogagiri aurkeztu.

p) Ebaluazioa egitea aurreikusita duten esku-hartzeetan, kanpoko ex post ebaluazio bat edo ebaluazio misto bat aurkeztea, esku-hartzea bukatu eta 6 hilabeteko epean; ebaluazio horretan, ELGAren Garapenerako Laguntzarako Batzordearen irizpideetatik begiratuta esku-hartzearen emaitzak eta helburuak zenbateraino bete diren baloratuko da, hots: eraginkortasuna, efizientzia, eragina, bideragarritasuna, bidezkotasuna; deusetan galarazi gabe beste irizpide gehigarri batzuk edo beste metodologia osagarri batzuk gehitzea esparru logikoari: ebaluazio parte-hartzailea, ebaluazioa generoaren ikuspegitik, ebaluazio ekonomikoa, eta abar. Orobat, azken atal batean, gizarteratze mekanismoak sartzeko proposamen bat izanen da ukitutako entitateentzat. Entitate onuradunak, aurkeztu behar duen ebaluazio proposamenean, “erreferentziako baldintzak” eta ebaluazioa egin behar duten pertsonak edo entitateak adieraziko ditu, eta eskatuko du Diru-sarreren Bermearen eta Garapenerako Lankidetzaren Zerbitzuak berariaz jakinaraz diezaion ez diola eragozpenik jartzen aurkeztutako ebaluazio proposamenari.

Ebaluazio hau aukerakoa da B) modalitatean, eta ez da beharrezkoa A) modalitatean.

Hemezortzigarrena.–Gardentasun betebeharra.

Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 3.c) artikuluan aipatutako entitate pribatuak behartuak daude gardentasun betebeharra betetzera baldin eta, urtebetean, 20.000 eurotik gorako laguntzak edo dirulaguntzak jasotzen badituzte Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura, edo jasotako laguntzak edo dirulaguntzak beren urteko diru-sarrera guztien %20 edo gehiago badira, betiere gutxienez 5.000 eurora iritsiz gero.

Aipatu diren inguruabarrak gertatzeagatik gardentasun betebeharrak dituzten entitate onuradunek jarraian adierazten den informazioa eman beharko dute hilabeteko epean, dirulaguntza emateko ebazpena jakinarazten denetik zenbatzen hasita:

a) Entitatearen gobernu, administrazio eta zuzendaritza organoen osaera.

b) Organo horiek osatzen dituzten kargudunen zerrenda.

c) Entitateak aurreko urtean kargudun bakoitzari ordaindutako ordainsari gordinak eta gainerako diru konpentsazioak, kontzeptuz kontzeptu. Sortu berriak diren entitateen kasuan, informazioa haien aurrekontuetan edo plan ekonomiko-finantzarioan jasotakoa izanen da.

d) Gobernu, administrazio eta zuzendaritza eginkizunetan ematen den dedikazioaren araubidea.

e) Entitate onuradunaren urteko azken kontuen kopia bat.

Informazio hori entitate onuradunaren legezko ordezkariak sinatuta aurkeztuko da, Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bide telematikoak erabiliz, ahal dela Nafarroako atarian argitaratutako deialdiaren fitxan “Tramitar” aukera baliatuz, eta dirulaguntza kudeatzen duen administrazio unitateari bidaliko zaio.

Entitateak gardentasun betebeharra bete behar ez badu aurreikusitako inguruabarrak gertatzen ez direlako, horren gaineko aitorpena aurkeztu beharko du.

Entitateak ekitaldi berean dirulaguntza bat baino gehiago jasotzen badu, ez du informazioa errepikatu beharko dirulaguntza bakoitzerako, salbu eta hasieran eman zituen datuak aldatzen badira. Horretarako, entitateak identifikatu beharko du noiz eta Foru Komunitateko Administrazioaren zein organoren aurrean aurkeztu zuen.

Betebehar hori bete ezean, emandako dirulaguntza ez da ordainduko, ezta aurrerakinak ere, eta kasua bada, kobratutako zenbatekoak itzuli egin beharko dira, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35.1.c) artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

Aurrekoa galarazi gabe, onuradun guztiak behartuak daude unitate kudeatzaileari behar den informazio guztia ematera, aurretiazko errekerimendua eginda eta hamar eguneko epean, Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen II. tituluan jasotako gardentasun betebeharrak betetzen direla frogatze aldera.

Errekerimenduan horretarako emandako epea hura bete gabe iraganik, isun hertsatzaileak ezartzea erabakitzen ahalko da, 500 eurotik 5.000 eurora bitartekoak, interesdunari oharra egin eta entzunaldia eman ondoren. Isuna hamabost egunetik behin errepikatuko da, errekerimendua bete arte. Isunaren zenbateko osoa ez da izanen dirulaguntzaren zenbatekoaren ehuneko bost baino handiagoa. Zenbatekoa zehazteko, ez-betetzearen astuntasuna eta proportzionaltasunaren printzipioa hartuko dira kontuan.

Hemeretzigarrena.–Ez-betetzeak.

1. Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. eta 37. artikuluetan aipatzen diren kasuetan, dirulaguntzen onuradun direnek hartutako dirua itzuli beharko dute, bertan ezartzen diren baldintzetan.

2. Dirulaguntza emateko aintzat hartutako inguruabar, betebehar eta baldintzak hamazazpigarren oinarriko c) atalean aipatzen den baimen administratiboa izan gabe aldatuz gero, ez-betetzetzat joko da. Halaber, behin esku-hartzea bukatutakoan eta ezinbesteko kasua ez bada, gertatzen bada gauzatze teknikoa eta aurrekontuarena %50etik beherakoa dela, ulertuko da ez-betetzea izan dela; gainerako kasuetan, dirulaguntza ematen duen organoak baloratu beharko ditu inguruabarrak eta arrazoiak, esku-hartzea maila baxuagoan gauzatu izana ekarri dutenak, ikusteko ea ez-betetzea izan den edo ez.

3. Hamabosgarren oinarrian aipatzen den azken justifikazio-txostena epe barrenean aurkezten ez bada, ez-betetzetzat joko da.

4. Ez-betetzeetan maila desberdinak egonen dira, honako hauen arabera:

–Esku-hartzea noraino bete den, arlo teknikoari eta aurrekontuari dagokienez.

–Zenbat aldaketa egin diren, eta nolakoak, aurretik baimen administratiboa izan gabe.

–Zenbat aldaketa ez-funtsezko egin diren, eta nolakoak, bidezko arrazoirik izan gabe.

–Azken justifikazio-txostena epetik kanpo aurkezten denean, zenbat egun iragan diren. Kasu horretan, atzeratutako hilabete bakoitzeko edo, hilabete osoak ez badira, horren zatiki bakoitzeko, %0,1 gutxituko da emandako dirulaguntza.

5. Aurreko atalean ezarritakoa galarazi gabe, arau-hauste eta zehapenei dagokien guztian azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 42. artikuluak eta hurrengoek eta Garapenaren aldeko Lankidetzari buruzko martxoaren 9ko 5/2001 Foru Legearen VII. kapituluak xedatzen dutena hartuko da aintzat.

Hogeigarrena.–Bidezko diren administrazio errekurtsoak.

1. Deialdi honen eta oinarri arautzaileen kontra bidezkoa da gora jotzeko errekurtsoa aurkeztea, Nafarroako Gobernuari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko Foru Legean xedatutakoarekin bat.

2. Aplikazio egintzen aurka eta ebazpenaren aurka (berariazkoa edo ustezkoa) gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahalko da, Eskubide Sozialetako kontseilariari zuzendua, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko Foru Legean eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean xedatutakoarekin bat.

Hogeita batgarrena.–Aplikatu beharreko araudia.

Oinarri arautzaile hauetan xedatzen denaz gain, Garapenaren aldeko Lankidetzari buruzko martxoaren 9ko 5/2001 Foru Legearen eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen xedapenak dira aplikatzekoak.

II. eranskina

Balorazio irizpideak

A.–Erakundeen bidezkotasuna (200 puntu).

a.1. Entitate eskatzailearena (110 puntu gehienez):

• Nafarroan duen ezarpena (65 puntu gehienez).

• Gaitasun finantzarioa (15 puntu gehienez).

• Gaitasun estrategikoa (15 puntu gehienez).

• Gaitasun operatiboa (15 puntu gehienez).

Entitateen batasunen kasuan, hori dena batasunaren ordezkariarentzat baloratuko da; batasuna bi entitatek osatzen badute, 1,2rekin biderkatuko da, eta 1,4rekin gainerako kasuetan, 110 puntu bildu arte, gehienez ere.

a.2. Tokiko bazkidearena (90 puntu gehienez):

• Lan esperientzia esku-hartzearen sektorean edo eremuan (30 puntu gehienez).

• Gaitasun finantzarioa (20 puntu gehienez).

• Gaitasun estrategikoa (40 puntu gehienez).

Tokiko bazkide edo tokiko bazkideen elkarte bat baino gehiago izanez gero, hori guztia tokiko bazkide nagusiari baloratuko zaio bakarrik:

B.–Esku-hartzearen kalitate teknikoa (450 puntu).

b.1. Diagnostikoaren eta parte-hartzearen analisia (50 puntu gehienez).

b.2. Helburuen, emaitzen eta jardueren analisia (100 puntu gehienez).

b.3. Adierazleen eta egiaztatze bideen egokitasuna (50 puntu gehienez).

b.4. Giza baliabideak eta baliabide tekniko eta ekonomikoak (100 puntu gehienez).

b.5. Bideragarritasunaren analisia; kofinantzaketa eta beste ekarpen batzuk; arriskuak edo kanpoko faktoreak (100 puntu gehienez).

b.6. Ezarpen prozesuaren analisia, jarraipena eta ebaluazioa (50 puntu gehienez).

Nafarroako Gobernuak azken bi urteetako batean finantzatu badu esku-hartzea, jarraitzearen bidezkotasuna baloratuko da, eta, jarraitzearen alde egiten bada, b ataleko puntuazioa 1,1 koefizientearekin biderkatuko da, gehienez ere 450 puntu arte.

C.–Egokitasuna, Nafarroako lankidetzaren zeharkako ikuspegien arabera (100 puntu gehienez).

• Giza garapenaren ikuspegia (20 puntu gehienez).

• Generoaren ikuspegia (20 puntu gehienez).

• Garapen jasangarriaren ikuspegia (20 puntu gehienez).

• Eskubideetan oinarritutako ikuspegia (20 puntu gehienez).

• Parte-hartze eta antolaketa komunitarioaren ikuspegia (20 puntu gehienez).

D.–Egokitasuna, lehentasun sektorialen arabera (150 puntu gehienez):

• Osasunerako eskubidea (150 puntu gehienez).

–Osasun zerbitzu publikoak berdintasunez eta kalitatez eskuratzea.

–Emakumeek sexu- eta ugalketa-osasunaren arloko zerbitzuak jaso ditzaten sustatzea.

–Haurren desnutrizioaren aurkako borrokan laguntzea.

–Prebalentzia berezia duten gaixotasunen aurkako ekimenei laguntza ematea.

–Edateko ura eta saneamendua izatea.

• Landa garapen jasangarria (150 puntu gehienez).

–Elkartasunezko ekonomia sustatzea alternatiba gisa, batez ere antolatutako emakumeek gidatutako ekimenak.

–Tokian tokiko kultur praktikak kontuan hartzen dituen nekazaritzako eta abeltzaintzako garapen jasangarriari ekarpena egitea.

–Nekazari txikiei laguntza ematea, ekoizpen ekologikoko sistemak ezartzeko.

–Elikadura burujabetzari loturiko ekimenak abiarazteko sostengua ematea.

• Emakumeen ahalduntzea (150 puntu gehienez).

–Sexu- eta ugalketa-eskubideak osotara baliatu ditzaten sustatzea, babestea eta bermatzea.

–Emakumeen aurkako indarkeria eta genero-indarkeria deuseztatzea.

–Emakumeek baliabideetarako sarbidea eta haien gaineko kontrola izan dezaten sustatzea.

–Antolatutako emakumeek gidatutako ekimen ekonomikoei laguntza ematea.

–Ekoizpen- eta merkaturatze-prozesuetan trebatzeko eta ezagutza-trukerako prozesuei laguntza ematea.

–Zaintza lana aitortzea.

–Sustatzea bai emakumeen parte-hartzea erakunde politiko eta sozialetan, bai haien sarbidea erabakiak hartzeko organoetan.

–Emakumeen gaitasun teknikoak eta politikoak indartzea.

–Emakumeen erakundeak indartzea.

• Tokiko gizarte zibila eta gobernantza demokratikoa (150 puntu gehienez):

–Tokiko erakunde publikoen gaitasun teknikoak indartzea, nazioartean aitortutako giza eskubideen sustapena gauzatu ahal izateko.

–Giza eskubideak sustatzea eskubideen eta betebeharren titularren artean.

–Estatua toki mailan indartzea (deszentralizatua), gobernagarritasuna hobetzeko.

–Tokiko erakunde publikoen gaitasun teknikoak indartzea (prestakuntza eta akonpainamendua) politika publikoak eta tokiko parte-hartzea kudeatzeko.

–Herrien garapena eta emakumeen eskubideak bermatzea helburu duten gobernuen legegintzako ekimenei sostengu ematea.

–Gizarte zibileko erakundeen eta mugimenduen gaitasun teknikoak indartzea, nazioartean aitortutako giza eskubideak defendatu eta betearazteko (eragin politikoa sortzeko gaitasunak).

–Erakunde komunitarioen gaitasun teknikoak indartzea (batez ere landa-eremuetako emakume antolatuenak), indigenen edo nekazarien komunitateak kudeatzeko.

• Hezkuntza (150 puntu gehienez).

–Hasierako hezkuntza, lehen hezkuntza, bigarren hezkuntza, lanbide heziketa eta beste hezkuntza ofizial batzuk.

• Etxebizitzen oinarrizko bizigarritasuna (150 puntu gehienez):

–Oinarrizko bizigarritasun baldintza duinak gizakien bizigune eskasetan.

Balorazioa bi sektoretan edo gehiagotan eginez gero, behin betiko puntuazioa ateratzeko, sektore guztiak batuko dira, eta, zenbat sektoretan egiten den esku-hartzea, haien kopuruaren artean zatituko da.

E.–Egokitasuna, lehenetsitako geografia eremuen arabera eta jarduketaren eskualdeko (Estatu barrenekoa) ezaugarrien arabera (100 puntu gehienez).

• Herrialdeko garapen txikieneko aldeetan egiten da (25 puntu gehienez).

• II. plan zuzentzailean lehentasuna duen herrialde batean egiten da (25 puntu gehienez): Peru, Bolivia, Ekuador, Kolonbia, El Salvador, Guatemala, Haiti, Nikaragua, Kongoko E.D., Tanzania, Kenya, Mali, Mozambike, Ruanda, Uganda eta Palestinar Herria.

• Garapen txikiagoko herrialde batean egiten da, Nazio Batuen sailkapenaren arabera (50 puntu gehienez).

Zeharkako ikuspegiak.

1. Giza garapenaren ikuspegia: gizaki guztien aukera eta hautabideak handitzeko prozesua da giza garapena, bai egungo belaunaldiena bai gerokoena; ikuspegi honen arabera, pobreziaren aurkako borroka da garapenerako lankidetzaren helburu nagusia, gizakia garapenaren erdigunean kokatzen du eta haren beharrak atzematen ditu: biziraupena, babesa, afektua, adimena, sormena, askatasuna, aisia, parte-hartzea, identitatea, etab.

2. Eskubideetan oinarritutako ikuspegia: osagarria da, eta giza garapenaren ikuspegia indartzen du; garapenaren helburuak lortzea giza eskubideak goitik behera betetzearekin lotzen du; haien unibertsaltasuna du abiaburu, baita haien banaezintasuna eta interdependentzia ere.

3. Garapen jasangarriaren ikuspegia: horrek esan nahi du inguruneko baliabide naturalak errespetatuko direla, halako eran non egungo zein etorkizuneko beharrak beteko baitira gizakiaren bizi-kalitatea hobetuz eta aurrerapenak eta garapenak ingurumena andeatzea eta herritarren txirotasun indizeak handitzea saihestuz. Garapen horrek oraingo beharrak asetzea ziurtatzen du, baina etorkizuneko belaunaldiek beren beharrei aurre egiteko izanen duten ahalmena ahuldu gabe, eta, zentzu zabalean, elkar indartu behar duten lau zutabe ditu oinarri: ekonomikoa, soziala, ingurumenarena eta munduaren gobernantzarena.

4. Parte-hartzearen eta antolaketa komunitarioaren ikuspegia: parte-hartzea bultzatzea ezinbesteko elementua da giza garapenean aurrera egiteko, herritartasuna bete-betean erabiltzeko eta giza izaerari dagozkion eskubideak baliatzeko; horretarako, ezinbestekoa da gizarte zibilaren erakundeak indartzea.

5. Genero ikuspegia eta garapena: genero berdintasuna giltzarria da garapenaren helburu nagusiak lortzeko; Nazio Batuen arabera, emakumeak ahalduntzeko eta arlo sozial eta ekonomikoan genero desberdintasunak zuzentzeko helburuak, baita eskubide zibil eta politikoetan ere; eremu eta maila guztietan planifikatzen diren ekintzek gizonentzat eta emakumeentzat dituzten ondorioak baloratu beharra dakar ikuspegi honek.

Iragarkiaren kodea: F1903006