63. ALDIZKARIA - 2019ko apirilaren 2a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

102/2019 EBAZPENA, martxoaren 13koa, Politika Ekonomiko eta Enpresarialaren eta Lanaren zuzendari nagusiak emana, arauak ematen dituena asteko atsedenaldirik ez duten besteren konturako langileek botoa emateko eskubidea erabiltzea errazago izan dezaten 2019ko apirilaren 28an, egun horretan izanen baitira Diputatuen Kongresurako eta Senaturako hauteskunde orokorrak.

Martxoaren 4ko 129/2019 Errege Dekretuaren bidez, 2019ko apirilaren 28an eginen diren Diputatuen Kongresurako eta Senaturako hauteskunde orokorretarako dei egin zen. Hauteskunde prozesuen arau osagarriei buruzko apirilaren 16ko 605/1999 Errege Dekretuan xedatutakoari jarraituz, eta Gobernuak Nafarroan duen Ordezkaritzarekin adostu ondoren, bidezko da egun horretan asteko atsedenaldirik ez duten langileen lan ordutegiari buruzko neurriak hartzea Nafarroako Foru Komunitatearen esparrurako.

Adierazitakoarekin bat, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Honako arau hauek ematea Diputatuen Kongresurako eta Senaturako hauteskunde orokorrak eginen diren egunean, 2019ko apirilaren 28an, asteko atsedenaldirik ez duten besteren konturako langileek botoa emateko eskubidea erabiltzea errazago izan dezaten:

1.a Hautesle gisa parte hartzen duten langileentzako baimen ordainduak:

a) Hauteskunde-mahaiak irekita daudelarik lanean arituko ez diren edo lanean bi ordutik beheiti arituko direnak: ez dute izanen baimen ordaindurako eskubiderik.

b) Hauteskunde-mahaiak irekita daudelarik bitik lau ordura bitartean lanean arituko direnak: bi orduko baimen ordaindua izanen dute.

c) Hauteskunde-mahaiak irekita daudelarik lautik sei ordura bitartean lanean arituko direnak: hiru orduko baimen ordaindua izanen dute.

d) Hauteskunde-mahaiak irekita daudelarik sei ordutik gora lanean arituko direnak: lau orduko baimen ordaindua izanen dute.

e) 2019ko apirilaren 28an beren ohiko bizilekutik urrun lan egin behar duten langileek edo, beste baldintza batzuk direla medio, egun horretan bozkatzeko eskubidea erabiltzeko eragozpenak izanen dituztenek eskubidea izanen dute aurreko baimenaren ordez izaera bereko beste bat izateko. Horren helburua da norberak zentsuko inskripzioaren ziurtagiria eskatzea, Hauteskundeen Araubide Orokorrari buruzko ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoan, azaroaren 2ko 6/1992 Lege Organikoaren bidez aldatutakoan, 72. artikuluan adierazita baitago. Baimenaren iraupena kalkulatzeko, aurretik aipaturiko irizpideak erabiliko dira, Postetxeak irekitzeko ordutegia kontuan hartuta.

Kasu horietan guztietan, baimenaren iraupena murriztuko da, lanaldi partzialean aritzeko kontratatutako langileak izateagatik, horiek ohikoa baino laburragoa den lanaldia egiten badute, haien lanaldiaren eta enpresa berean lanaldi osorako kontratatuta dauden langileen ohiko lanaldiaren arteko proportzioaren arabera murriztu ere.

Enpresari dagokio, lanaren antolamenduaren arabera, langileek botoa ematera joateko duten baimenaren epeak banatzea.

2.a Hauteskunde-mahaietako buru edo kide, artekari edo ahaldun diren langileentzako baimen ordaindua.

Mahaiko buruek, kideek eta artekariek bozketaren eguneko lanaldi osorako baimen ordaindua izanen dute, baita hurrengo eguneko lanaldiko bost ordutarako ere. Ahaldunen kasuan, baimen hori bozketaren egunerako baizik ez da izanen. Hauteskunde bezperako gaueko txandan lan egin behar duten langileen kasuan, apartatu honetako egoeraren batean badaude, enpresak txanda aldatu beharko die, interesdunek hala eskatuta, bozketa aurreko gauean atseden har dezaten.

3.a Apirilaren 16ko 605/1999 Errege Dekretuan adierazi diren eta aurreko ataletan azaldu diren baimenen ondoriozko lanaldi murrizketak ordainduak izanen dira, eta, Langileen Estatutuaren 37.3.d) artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako, boto eman izanaren ziurtagiria edo kasuan kasuko hauteskunde-mahaiaren ziurtagiria aurkeztu beharko da hori frogatzeko.

2. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Garapen Ekonomikorako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

Iruñean, 2019ko martxoaren 13an.–Politika Ekonomiko eta Enpresarialaren eta Lanaren zuzendari nagusia, Izaskun Goñi Razquin.

Iragarkiaren kodea: F1903725