63. ALDIZKARIA - 2019ko apirilaren 2a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

1.2.2. Oposizioak eta lehiaketak. Lan publikoaren eskaintza

580/2019 EBAZPENA, martxoaren 4koa, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiak emana, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko zaintzaile gerontologiko izateko hogei lanpostu oposizio bidez betetzeko deialdia onesten duena.

Uztailaren 18ko 53/2018 Foru Dekretuaren bidez (152. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratua, abuztuaren 7koan), Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen eremurako lan publikoaren 2018ko eskaintza partziala onetsi zen, ekainaren 27ko 3/2017 Legean aurreikusitako egonkortze-tasari dagokiona, eta hartan sartu ziren zaintzaile gerontologiko izateko hamazazpi lanpostu huts, funtzionarioen araubidekoak eta D mailakoak.

Abenduren 12ko 102/2018 Foru Dekretuaren bidez (244. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratua, abenduaren 20koan), Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen lan publikoaren 2018ko eskaintza onetsi zen. Bertan sartu ziren, besteak beste, zaintzaile gerontologiko izateko hiru lanpostu huts, funtzionario araubidekoak eta D mailakoak.

Funtzio Publikoko zuzendari nagusiaren apirilaren 30eko 1006/2018 Ebazpenaren bidez, deialdi bat onetsi zen Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko zaintzaile gerontologiko izateko lanpostu hutsak betetzeko lekualdatze lehiaketaren bidez. Gero, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiaren otsailaren 18ko 419/2019 Ebazpenaren bidez, lekualdatze lehiaketaren deialdi hori bete gabe deklaratu da.

Aurrekoa kontuan harturik, bidezko da Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko zaintzaile gerontologiko izateko hogei lanpostu betetzeko deialdia onestea, baita haren oinarriak ere. Lanpostuak sarrera-prozedura erabiliz eta oposizio bidez beteko dira.

Horrenbestez, eta otsailaren 21eko 30/2005 Foru Dekretuaren bidez esleiturik ditudan eskudantziak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko zaintzaile gerontologiko izateko hogei lanpostu betetzeko deialdia onestea, baita haren oinarriak ere. Lanpostuak sarrera-prozedura erabiliz eta oposizio bidez beteko dira.

2. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila agintzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

3. Ebazpen hau jakinaraztea Eskubide Sozialetako Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusiari, Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziari, Langileriaren Kudeaketako Zerbitzuari, Argibide eta Erregistro Bulegoari eta izendatutako epaimahaikideei, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2019ko martxoaren 4an.–Funtzio Publikoko zuzendari nagusia, Amaia Goñi Lacabe.

DEIALDIA, ZAINTZAILE GERONTOLOGIKO IZATEKO HOGEI LANPOSTU OPOSIZIO BIDEZ BETETZEKO

Hona hemen deialdiaren

OINARRIAK

1.–Deialdiaren xedea.

1.1. Deialdi honen xedea da Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko zaintzaile gerontologiko izateko hogei lanpostu, D mailakoak eta funtzionarioen araubidekoak, oposizio bidez betetzea. Lanpostu zenbakiak eta destinoak ebazpen honen II. eranskinean zehazten dira.

1.2. Hogei lanpostu huts horiek txanda hauetan banatuko dira:

–Bederatzi lanpostu, txanda irekian.

–Hamar lanpostu, igoera txandan.

–Lanpostu bat, desgaitasuna duten pertsonentzako erreserba txandan, %33ko edo hortik gorako desgaitasuna duten pertsonentzat.

1.3. Igoera txandako lanpostuak hutsik geldituz gero, izangaiek hautaprobak gainditzeko behar den gutxieneko puntuazioa atera ez dutelako, txanda irekikoei gehituko zaizkie.

Era berean, desgaitasuna dutenentzako erreserba txandako lanpostuak bete gabe geldituz gero, izangaiek hautaprobak gainditzeko behar den gutxieneko puntuazioa atera ez dutelako, bidezko diren txandetakoei gehituko zaizkie, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren 15.3 artikuluan ezarritako hurrenkeraren arabera.

Bestetik, igoera txandan edota desgaitasuna dutenentzako erreserba txandan, eskaintzen diren lanpostu hutsen kopurua baino gehiago diren izangaiek gainditzen badute prozesua, txanda horretan lanpostua eskuratzen ez dutenek aukera izanen dute txanda irekiko lanpostu hutsak eskuratzeko, txanda horrexetako izangaiekin lehia garbian eta eskuratutako azken puntuazioaren arabera.

Era berean, igoera txandako izangaiek, deialdiaren 2.1.2 oinarriko betebehar berariazkoak betetzen ez badituzte deialdiaren 8.1 oinarrian agiriak aurkezteko ezarritako epea bukatzen denean, aukera izanen dute txanda irekiko lanpostuak eskuratzeko, aurreko paragrafoan adierazitako modu berean.

2.–Baldintzak.

2.1. Oposizio honetan onartuak izateko, izangaiek honako betebehar hauek bete beharko dituzte:

2.1.1. Izangai guztiek bete beharrekoak:

a) Espainiako nazionalitatea izatea, Europar Batasuneko kide den estaturen batekoa edo, Europar Batasunak izenpetu eta Espainiako Estatuak berretsitako nazioarteko tratatuen arabera, langileen joan-etorri askea aplikatzen den estatu batekoa.

Parte hartzen ahal dute, orobat, espainiarren eta Europar Batasuneko kide diren beste estatuetako herritarren ezkontideek, edo aipatutako nazioarteko tratatuen aplikazio-eremuan sartutako estatuetako herritarren ezkontideek, zuzenbidez bereizita ez badaude; halaber, haien ondorengoek eta ezkontidearenek, zuzenbidez bereizita ez badaude, hogeita bat urtetik beherakoak badira edo, hortik gorakoak izanez gero, haien kontura bizi badira.

b) Hamasei urte beteak izatea eta, hala behar bada, erretiroa nahitaez hartzeko gehieneko adina gainditua ez izatea.

c) Gizarte erakundeetan mendekotasuna duten pertsonei arreta soziosanitarioa emateko lanbide kualifikazioa, urriaren 19ko 1368/2007 Errege Dekretuak ezarria, frogatzea.

Horretarako, baldintza hori frogatutzat joko da, honako titulu hauetakoren bat (edo baliokidea) izanez gero edo hori eskuratzeko moduan egonez gero:

–Erizaintzako zainketa lagungarrietako teknikari titulua, apirilaren 7ko 546/1995 Errege Dekretuak ezarria, edo Klinikako teknikari laguntzailearen, Psikiatriako teknikari laguntzailearen eta Erizaintzako teknikari laguntzailearen titulu baliokideak, apirilaren 30eko 777/1998 Errege Dekretuan ezarriak.

–Mendekotasuna duten pertsonei arreta egiteko teknikari titulua, azaroaren 4ko 1593/2011 Errege Dekretuak arautua, edo Arreta Soziosanitarioko teknikariaren titulu baliokidea, maiatzaren 2ko 496/2003 Errege Dekretuak ezarria.

–Gizarte integrazioko goi mailako teknikari titulua, uztailaren 13ko 1074/2012 Errege Dekretuak ezarria, edo Gizarte integrazioko goi mailako teknikariaren titulu baliokidea, abenduaren 22ko 2061/1995 Errege Dekretuak ezarria, 2017ko abenduaren 31n zaintzaile gerontologikoen lanbide-kategorian lan egiten ari zirela frogatzen duten profesionalentzat.

Halaber, baldintza hori frogatutzat joko da, titulu hauetako bat izanez gero edo hori eskuratzeko moduan egonez gero: DBHko graduatua, Eskola Graduatua, Oinarrizko Lanbide Heziketakoa, lehen mailako Lanbide Heziketakoa edo horien baliokidetzat hartutako beste bat. Horrez gain, honako ziurtagiri profesionaletako bat ere izan beharko du:

–Gizarte erakundeetan mendekotasuna duten pertsonei arreta soziosanitarioa emateko profesionaltasun ziurtagiria, abuztuaren 1eko 1379/2008 Errege Dekretuak arautua.

–Zaintzaileen/gerokultoreen lanbide-kategoriarako salbuespenezko lanbide gaikuntzaren ziurtagiria, Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziak emana edo gizarte zerbitzuetan eskumena duten autonomia erkidegoek zehaztutako beste erakunde publiko batek.

–Lan esperientziari esker eskuratutako lanbide-gaitasunak egiaztatzeko prozeduraren bidez ebaluatzen diren zaintzaile gerontologikoen lanbide-gaitasunak aitortzeko ziurtagiria.

Tituluak atzerrian lortu badira, baliozkotuak edo homologatuak daudela frogatzen duten frogagiriak eduki beharko dira. Baldintza hori ez zaie aplikatuko beren lanbide kualifikazioaren aitorpena, lanbide arautuen esparruan, Europako Erkidegoko zuzenbideko xedapenen babesean eskuratu duten izangaiei.

d) Bete behar dituen eginkizunetan aritzeko adinako gaitasun fisiko eta psikikoa izatea.

e) Eginkizun publikoetan aritzeko ezgaitua edo gabetua ez egotea eta administrazio publikoren baten zerbitzutik bereizia ez izatea.

2.1.2. Igoera txandako izangaientzako berariazko betebeharrak:

Txanda honetako izangaiek, aurreko atalean adierazitako betebeharrez gain, hauek ere bete beharko dituzte:

a) Nafarroako edozein administrazio publikotako langile finkoa izatea, edo Nafarroako Foru Komunitateari eskualdatutako Justizia Administrazioko zerbitzuei atxikitako langile finkoa, eta abiapuntuko lanpostuan borondatezko edo nahitaezko eszedentzian ez egotea.

Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren zortzigarren xedapen gehigarrian ezarri dena aplikatuz, igoera txanda honetan parte hartzeko gainerako betebeharrak betetzen dituzten Nafarroako Parlamentuko funtzionarioek ere txanda horretan parte hartzen ahalko dute.

b) Deialdiko lanpostu hutsen maila berekoa edo beheragoko batekoa izatea.

c) Administrazio publikoetan bost urteko antzinatasun aitortua izatea, Nafarroako Polizia Kidegoetako kideen kasuan izan ezik, horiek frogatu beharko baitute kidego horretan zortzi urteko benetako zerbitzualdia egin dutela.

2.1.3. Desgaitasuna dutenentzako erreserba txandako izangaiek bete beharreko berariazko betebeharrak:

Desgaitasuna dutenentzako erreserba txandako izangaiek, 2.1.1 atalean aipatzen diren baldintzez gain, ofizialki aitorturik eduki beharko dute %33ko edo hortik gorako desgaitasuna.

2.2. Betebehar horiek eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean bete beharko dira, eta lanpostuaren jabetza hartu arte.

Aurrekotik salbuetsita daude igoera txandako izangaiak, borondatezko eszedentzian edo nahitaezkoan ez egoteko baldintzari dagokionez. Izan ere, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denean bete beharko da hura, bai eta deialdiaren 8.1 atalean agiriak aurkezteko aurreikusten den epetik lanpostuaz jabetzeko unera arte ere.

3.–Eskaerak, tasak eta dokumentazioa.

3.1. Eskaerak aurkezteko epea.

Deialdian parte hartzeko eskaerak hogeita hamar egun naturaleko epean aurkeztuko dira, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita. Eskaerak aurkezteko epea luzaezina da.

3.2. Eskaera aurkeztea eta formalizatzea.

Hautapen prozesu honetan parte hartu nahi dutenek telematika bidez aurkeztu beharko dute eskaera, Internet bidez, www.nafarroa.eus helbidean, nabigazio bide honi jarraituz: “Enplegua”, “Lan eskaintzak”, “Enplegu publikoa Foru Administrazioan”, “Enplegu finkorako eta aldi baterako enplegurako deialdiak”, deialdi honen aipamenean sartuta.

Desgaitasuna izateagatik eta hala behar izateagatik probak egiteko denboretan eta bitartekoetan egokitzapenen bat eskatzen duten izangaiek hala adierazi beharko dute eskabidean, eta, horretarako prestatutako tokian, adierazi beharko dute zer egokitzapen behar duten edo denbora eta/edo bitartekoak nola doitu behar diren. Horretarako, izangaiak egoki deritzon dokumentazioa aurkez dezake, eskaera aurkeztean, 3.4 atalean ezarritakoari jarraikiz.

3.3. Tasak.

Azterketa eskubideengatik eta espedientea formalizatzeagatik 15,60 euroko tasa ordaindu beharko da.

Honako hauek ez dute tasarik ordaindu beharko:

a) %33ko edo hortik gorako desgaitasun aitortua duten pertsonak.

b) Hautaproben deialdia egin aurretik gutxienez hilabetez lan-eskatzaile gisa inskribaturik egon diren pertsonak. Salbuespen hori aplikatzeko baldintza izanen da inskribaturik egon diren bitartean eskainitako inolako lan egokiri uko egin ez izana eta lanbide sustapen, prestakuntza edo moldaketarako ekintzetan parte hartzeari uko egin ez izana, justifikaturiko kasuetan izan ezik, eta, horrez gainera, lanbide arteko gutxieneko soldatatik gorakoa den diru-sarrerarik ez izatea hilabetero.

Aurreko b) paragrafoan aurreikusitako salbuespena honela frogatu beharko da:

–Lan-eskatzailea dela frogatzeko, behar den enplegu bulegoak emandako agiria aurkeztu beharko da. Bertan, lan-eskatzaile gisa inskribatu zeneko data agertuko da, eta, orobat, adieraziko da inskribaturik egon den bitartean ez diola uko egin handik eskainitako inolako lan egokiri, ezta lanbide sustapen, prestakuntza edo moldaketarako ekintzetan parte hartzeari ere, justifikatutako kasuetan izan ezik.

–Interesdunaren erantzukizunpeko adierazpenaren bidez frogatuko da ez duela hilero lanbide arteko gutxieneko soldatatik gorako diru-sarrerarik. Hau egiteko deialdiaren erreseinan horretarako dagoen eredua aurkeztu beharko da edo deialdian parte hartzeko eskabidean horretarako dagoen tokian idatzi beharko da.

Telematika bidez ordainduko da tasa, eskaera formalizatzean, ordainketa telematikoa egiteko sistema seguru baten bidez.

Azterketa eskubideen tasa ordaintzen ez bada, izangaia baztertu eginen da.

Azterketa eskubideen tasa ordaintzeak ez du inola ere ordeztuko eskaera behar den epean eta moduan aurkeztu beharra.

3.4. Eskabidearekin batera aurkeztu beharreko dokumentazioa:

Eskabidea online aurkezteko unean, izangaiek, kasuaren arabera, dokumentazio hau aurkeztu beharko dute, eskaneatuta:

Bat.–3.3.b) ataleko kasuagatik tasa ordaintzetik salbuetsita daudenek enplegu bulegoak luzatutako ziurtagiria aurkeztu beharko dute, baita errentarik ez izateari buruzko erantzukizunpeko adierazpena ere (biak ala biak aurreko atalean aipatutako agiriak). Errentei buruzko adierazpen hori soilik aurkeztu beharko da eskabidean behar den tokian adierazi ez den kasuetan.

Bi.–Deialdian igoera txandan parte hartu nahi duten izangaiek, lehengoaz gainera, deialdi honen 2.1.2 oinarrian jasotzen diren betebeharrak betetzen dituztela frogatzen duen agiria gehitu beharko diote eskaerari, baldin eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioa ez den Nafarroako beste administrazio publikoren bateko langile finkoak badira, edo Nafarroako Foru Komunitateari eskualdatutako Justizia Administrazioko zerbitzuei atxikitako langile finkoak.

Hiru.–%33ko desgaitasuna edo handiagoa duten izangaiek, hura frogatzeko, agiri hauetako bat aurkeztu behar dute:

–IMSERSOk edo autonomia erkidegoan eskumena duen organoak emandako ziurtagiria.

–Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalaren ebazpena, prestazio bat jasotzeko eskubidea onartzen diona hauetakoren bat izateagatik: ezintasun iraunkor osoa, ezintasun iraunkor absolutua edo baliaezintasun handia.

Lau.–Desgaitasuna izanik probak egiteko denboretan eta/edo bitartekoetan egokitzapenen bat eskatzen duten izangaiek komenigarritzat jotzen duten dokumentazioa erants dezakete hura justifikatzeko.

Aski izanen da dokumentazioaren kopia soilak aurkeztea, baina aurkeztutako datuak edo agiriak ez-zuzenak edo faltsuak badira, behar diren erantzukizun penal, zibil edo administratiboak eskatuko dira.

4.–Izangaien onarpena.

4.1. Eskaerak aurkezteko epea bukaturik, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiak ebazpena emanen du izangai onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesteko, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila aginduko du.

4.2. Behin-behineko zerrenda Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita, izangai baztertuek hamar egun balioduneko epea izanen dute erreklamazioak aurkezteko eta, akatsik egin badute, haiek zuzentzeko. Erreklamazioak modu telematikoan aurkeztu beharko dira, Interneteko www.nafarroa.eus helbidean, deialdiari buruz dagoen aiputik abiatuta.

4.3. Erreklamazioetarako epea bukatutakoan eta horiek ebatzita, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiak onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpena emanen du, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila aginduko.

4.4. Izangaiei egotziriko arrazoiengatik baztertzen direnei ez zaizkie azterketa egiteko eskubideak itzuliko.

4.5. Onartuen zerrendan agertzeak ez du esan nahi bertan ageri direnei aitortzen zaienik ebazpen honen bitartez iragartzen den prozeduran eskatutako baldintzak betetzen dituztela. Hautapen prozedura gainditu ondoren izangaiek aurkeztu beharreko dokumentazioa aztertzen denean egiaztatzen bada ez dutela baldintzaren bat betetzen, interesdunek prozedura honetan parte hartzeagatik izan ditzaketen eskubide guztiak galduko dituzte, deusetan galarazi gabe faltsukeria dela-eta legozkiekeen erantzukizun penal, zibil edo administratiboak.

5.–Kalifikazio epaimahaia.

5.1. Kalifikazio epaimahaia honako hauek osatuko dute:

–Epaimahaiburua: María Montserrat Equiza Ortigosa andrea, Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziako El Vergel zahar etxeko zuzendaria.

–Ordezko epaimahaiburua: Carmen Maeztu Villafranca andrea, Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziako Balorazioen eta Zerbitzuen zuzendariordea.

–Epaimahaikidea: María Sara Rubio Ibarzo andrea, Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziako fisioterapeuta.

–Ordezko epaimahaikidea: Natalia Zarranz Oreste andrea, Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziako Adinekoentzako Zerbitzuen Ataleko burua.

–Epaimahaikidea: Edurne Apestegui Egea andrea, Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziako El Vergel zahar etxeko Erizaintzaren Koordinaziorako Unitateko burua.

–Ordezko epaimahaikidea: Alberto Sola Mateos jauna, Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziako medikua.

–Epaimahaikidea: Nuria Hernández Guillén andrea, Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziako Langileen Batzordeko ordezkaria.

–Ordezko epaimahaikidea: Susana Peña Mascarell andrea, Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziako Langileen Batzordeko ordezkaria.

–Epaimahaikide-idazkaria: Juan Carlos Ganuza Sancho jauna, Eskubide Sozialetako Departamentuko administrazio publikoko teknikaria (arlo juridikoa).

–Ordezko epaimahaikide-idazkaria: María Pilar García García andrea, Eskubide Sozialetako Departamentuko Gizarteratze-lanaren, Babes Sozialaren eta Familiaren Araubide Juridikoaren Ataleko burua.

5.2. Hautaprobak egiten hasi aurretik eratu beharko da epaimahaia.

Epaimahaia ezin izanen da eratu, ezta jardun ere, gutxienez kideen gehiengo osoa bildu gabe.

Kide anitzeko organoaren eraketak eta jardunak balio izateko, epaimahaiburuak eta idazkariak edo haien ordezkoek bertan egon beharko dute.

5.3. Kalifikazio epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote, eta organo deitzaileari horren berri eman, baldin eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23. artikuluan abstentziorako aipatzen diren egoeretako batean badaude.

Izangaiek, halaber, zilegi dute epaimahaikideak errekusatzea, egoera horietako bat gertatzen denean.

5.4. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiaren oinarrien interpretazio eta aplikazioari buruz sortzen diren gorabeherak.

5.5. Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza izan dezake proba batzuetan nahiz guztietan. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira arituko, eta haietan bakarrik emanen diote laguntza epaimahaiari.

6.–Oposizioa nola eginen den.

6.1. Oposizioa 2019ko urritik aurrera hasiko da.

Onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpenean zehaztuko da oposizioko lehen proba non, noiz eta zer ordutan eginen den.

Horretarako, epaimahaiak argitaratuko du, gutxienez 48 orduko aurrerapenarekin, eta deialdi honen 11. oinarrian ezartzen den moduan, proba egitera deituta dauden izangaien zerrenda, deialdiaren tokiaren, egunaren, orduaren eta egin beharreko ibilbidearen berri emanez.

Oposizioko proba bakoitzerako dei bakarra eginen da, eta izangaiek nortasun agiri nazionala, pasaportea edo gidabaimena eraman beharko dute. Oposiziotik baztertuak izanen dira iragarritako egunetan, orduetan eta tokietan agertzen ez diren izangaiak eta aipatu diren agirien bidez identifikatzen ez direnak.

6.2. Oposizioko probak oinarri honetan zehaztutakoak izanen dira, eta deialdiko I. eranskinean zehazten den gai-zerrendako gaiei buruz galdetuko da.

Zein egunetan argitaratzen den deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean, egun horretan indarra duen araudiaren arabera eskatuko dira gai guztiak.

Hautaprobak egiteko, desgaitasun aitortua duten izangaientzat posible eta beharrezkoak diren denbora eta baliabide egokitzapenak eginen dira, eskabidean azaltzen dutenaren arabera.

6.3. Oposizioak proba hauek izanen ditu:

6.3.1. Lehenbiziko proba:

Proba teorikoa izanen da, eta test motako 80 galdera erantzun beharko dira idatziz, ebazpen honen I. eranskinean (1. zatia - Orokorra; eta 2. zatia - Berariazkoa) agertzen diren gaiei buruz. Galdera bakoitzari erantzuteko lau aukera eskainiko dira, baina bakarra izanen da zuzena. Erantzun oker bakoitzak penalizazioa ekarriko du, hain zuzen ere erantzun zuzenaren balioaren herena.

Proba honetan 40 puntu lortzen ahal dira gehienez ere, honela banatuak:

–1. zatia - Orokorra: 15 puntu.

–2. zatia - Berariazkoa: 25 puntu.

Bazterturik geldituko dira proba honetan gutxienez ere 20 puntu lortzen ez dituzten izangaiak.

6.3.2. Bigarren proba:

Proba teoriko-praktikoa izanen da. Test motako 40 galdera teoriko-praktiko erantzun beharko dira idatziz, I. eranskineko 2. zatian (berariazkoa) geriatriako zainketen edukiei buruz. Galdera bakoitzari erantzuteko lau aukera eskainiko dira, baina bakarra izanen da zuzena. Erantzun oker bakoitzak penalizazioa ekarriko du, hain zuzen ere erantzun zuzenaren balioaren herena.

Bigarren proba honetan 60 puntu lortzen ahal dira gehienez ere.

Bazterturik geldituko dira proba honetan gutxienez ere 30 puntu lortzen ez dituzten izangaiak.

6.4. Hasi baino lehen, epaimahaiak erabakiko du zenbat iraunen duen proba bakoitzak.

Probak egiteko ez da inolako testurik erabiltzen ahalko, ezta kalkulagailurik, hiztegirik edo bestelako materialik ere, mutur lodiko bolaluma urdina edo beltza izan ezik.

6.5. Proba bakoitza bukatu ondoren, epaimahaiak argitara emanen ditu, Nafarroako Gobernuaren iragarki-taulan eta www.nafarroa.eus webgunean (deialdiaren aipamenaren barruan), izangaiek lortutako puntuazioak, eta bost egun balioduneko epea ezarriko du interesdunek eskubideko jotzen duten guztia alega dezaten telematika bidez.

7.–Gainditzen duten izangaien zerrenda.

7.1. Hautaprobak bukaturik, kalifikazio epaimahaiak gainditu duten pertsonen zerrenda argitaratuko du, oposizioan lortutako kalifikazioak adierazita, txanden arabera eta lortutako puntuazioaren arabera banatua. Zerrenda Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusira igorriko da, betebeharrak egiaztatzeko eta lanpostu hutsen hautaketaren tramiteak egiteko.

7.2. Puntu berdinketarik gertatuz gero, bigarren proban puntu gehien lortzen dutenen alde ebatziko da. Eta hala ere berdinduta segitzen badute, lehen proban lortutako puntuazio osoa hartuko da kontuan; eta, bestela, lehen probako 2. zatian (berariazkoa) lortutako puntuazioa, ordena horrexetan.

Halarik ere berdinketak jarraitzen badu, kalifikazio epaimahaiak jendaurrean eginen duen zozketa bakar baten bidez erabakiko da. Alfabetoaren bi letra aterako dira ausaz, eta berdinketak ebatziko dira lehen deituraren ordena alfabetikoari jarraikiz, ateratzen diren bi letra horietatik abiatuta. Horren ondorioetarako, ZZ letren atzetik AA hartuko dira. Ezein izangairen lehenengo deitura ez bada hasten ausaz ateratzen diren bi letra horiekin, ordena alfabetikoari jarraikiz hurrengoa den deitura hartuko da. Zozketaren emaitzak Nafarroako Gobernuaren web-orrian eta iragarki-taulan jarriko dira jendaurrean.

8.–Betebeharrak frogatzea eta lanpostu hutsak hautatzea.

8.1. Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiak 10 egun balioduneko epea irekiko du izangaiek deialdiaren 2.1.1 c) atalean eskatzen den baldintza betetzen dutela frogatzeko agiriak aurkez ditzaten ezartzen den bidea erabiliz.

8.3. Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiak lanpostu hutsak aukeratzeko ekitaldirako deia eginen du, argitara emanez aukera daitezkeen hogei lanpostu hutsen zerrenda eta izangaien zerrenda (lanpostu hutsak hautatzeko lehentasun-ordenari jarraituz antolatua, txandaren arabera eta puntuazio ordenaren arabera). Bertan adieraziko da, halaber, izangaiek zer betebehar frogatu dituzten eta zer epe dagoen lanpostu hutsak hautatzeko.

Informazio hori jendaurrean paratuko da deialdiari buruz egiten den iragarkian.

Ondoren, izangaiek jakinaraziko dute, horretarako ezarritako epearen barrenean, zer lanpostu huts nahiago duten zaintzaile gerontologiko izateko.

8.4. Lanpostu hutsak hautatzerakoan, %33ko desgaitasun aitortua edo handiagoa duten izangaiek lehentasuna izanen dute gainerako izangaien aurretik, kontuan hartu gabe zein txandaren bidez hartu duten parte.

Aurrekoa gorabehera, desgaitasuna duen izangairen bat baldin badago, eta horrek eragina badu lanpostu batean edo bestean jarduteko, lanpostuak banatzen hasi aurretik, desgaitasunarekin hobekien egokitzen dena eskainiko zaio, balorazio eta orientazio talde eskudunak horren gainean egiten duen txostena aztertu eta gero.

Bestalde, hautaprobak igoera txandan gainditzen dituzten izangaiek deialdiko lanpostuak hautatzeko lehentasuna izanen dute txanda irekiko izangaien aldean, alde batera utzita desgaitasuna dutenen txandako izangaien salbuespena.

9.–Izendapen proposamena eta agirien aurkezpena.

9.1. Behin lanpostu hutsak hautatzeko tramitea bukaturik, epaimahaiak Funtzio Publikoko zuzendari nagusiari igorriko dio, espediente osoarekin batera, izangaiak izendatzeko proposamena. Proposamen horretan egonen dira, probak gainditu eta eskainitako lanpostu kopuruan sartzen diren izangaiak.

Izendatzeko proposamen hori Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da, baita deialdiari buruzko aipamenean ere, 11. oinarrian aurreikusitakoarekin bat.

9.2. Proposatzen diren izangaiek dokumentu hauek aurkeztu beharko dituzte Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokorrean, izendatzeko proposamena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik hasi eta 30 egun naturaleko epearen barnean:

A.–Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko langile finkoak ez diren izangaien kasuan:

a) Nortasun agiri nazionalaren fotokopia, edo izangaiaren nazionalitatea eta nortasuna frogatzen duen beste agiri baliokideren batena.

b) Osasun ziurtagiria, lanpostuaren eginkizunak betetzea eragotziko liokeen akats fisiko nahiz psikiko edo eritasunik ez duela frogatzen duena.

c) Zinpeko aitorpena edo aitorpen solemnea, adieraziz ez dagoela desgaitua edo gabetua eginkizun publikoetan aritzeko eta ez dela bereizia izan administrazio publikoren baten zerbitzutik.

d) Zin egin edo hitz ematea Nafarroako Foru Araubidea errespetatuko duela, Konstituzioari eta legeei men eginen diela eta karguari dagozkion eginkizunak zuzen beteko dituela.

B.–Deialdi hau egin ez duen Nafarroako beste administrazio publikoren bateko langile finko diren izangaiek edo Nafarroako Foru Komunitateari eskualdatutako Justizia Administrazioko zerbitzuei atxikitako langile finko diren izangaiek, aurreko ataleko dokumentazioaz gainera, aurreko administrazioko espediente pertsonalean ageri diren inguruabar eta aurrekari guztiak frogatzen dituen ziurtagiria aurkeztu beharko dute, sarrerari, antzinatasunari, mailari, egoera administratiboari eta abarri buruzkoa.

C.–Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko langile finko diren izangaiek espedientean ez egoteagatik eskatzen zaien dokumentazioa aurkeztu beharko dute, behar izanez gero.

D.–Desgaitasuna alegatu duten izangaiak. Desgaitasuna deialdiko lanpostuarekin bateragarria dela dioen egiaztagiria, balorazio eta orientazio talde eskudunek luzatua. Egiaztagiri hori espedienteari erantsiko zaio.

9.3. Epe horren barrenean, eta aski justifikaturik dauden ezinbesteko kasuetan izan ezik, agiri horiek aurkezten ez dituzten pertsonak, eta, orobat, deialdiko 2. oinarrian eskatutako baldintzetakoren bat betetzen dutela egiaztatzen ez dutenak, ezin izanen dira izendatu, eta ordura arteko egintza guztiak baliorik gabe geldituko dira, galarazi gabe beren eskaeraren faltsukeria dela-eta legokiekeen erantzukizuna.

9.4. Aurreko atalean aurreikusitako kasuan, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiak izangaien zerrendan, 7. oinarrian aipatzen den horretan, hurrengoa den izangaiarekin beteko du lanpostua, eta horrekin aurreko ataletan adierazitako prozedura bera erabiliko da.

9.5. Deialdi honen xede diren lanpostuetarako baldintzak eta betebeharrak frogatzeko agiriez gainera, Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiak besteren bat eskatu nahi izanez gero, proposatzen den izangaiari eskatu beharko dio, eta horrek deialdi honen 9.2 atalean ezarritako moduan aurkeztu beharko du.

10.–Izendapena, lanpostu hutsen adjudikazioa eta jabetza hartzea.

10.1. Funtzio Publikoko zuzendari nagusiak, ebazpen baten bitartez, Nafarroako Foru Komunitatearen Administrazioko funtzionario izendatuko ditu aurreko oinarrietan ezarritakoa betetzen duten izangaiak, zaintzaile gerontologikoen lanpostuetan aritzeko. Ebazpen horren bidez, lanpostuen esleipena ere eginen da.

10.2. Izendapenak eta lanpostuaren jabetza hartzeak nomina eta plantillako funtzionario bilakatuko ditu izendatuak, indarra duten xedapenek ezartzen dituzten eskubide eta betebehar guztiak dituztela. Gizarte Segurantzako araubide orokorrean afiliatu eta alta emanen zaie, araubide horretan ezarritakoaren babesean.

Aurrekoa gorabehera, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutua onetsi zuen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren bederatzigarren xedapen gehigarriaren 3. puntuan xedatutakoa aplikatzearen ondorioz, Nafarroako Administrazio Publikoen edozein montepioren eskubide pasiboen araubide batean afiliaturik daudenek bi aukera izanen dituzte: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren montepioan segitzea, martxoaren 5eko 10/2003 Foru Legearen bidez arauturiko eskubide pasiboen araubideak babesturik, edo Gizarte Segurantzaren Araubide Orokorrean sartzea.

10.3. Izendapena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da, kontuan izanik argitalpen horrek jakinarazpenaren ondorio berberak izanen dituela, urriaren 1eko 39/2015 Legearen 45. artikuluaren arabera (urriaren 1eko 39/2015 Legea, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoa).

Izendatutako izangaiek hilabeteko epean hartu beharko dute lanpostuen jabetza, izendapena jakinarazten zaienetik hasita.

Aipatutako epean eta ezinbesteko kasuetan izan ezik, izangairen bat lanpostuaren jabe egiten ez bada, Foru Komunitateko Administrazioko funtzionario izateko eskubide guztiak galduko ditu. Hala bada, deialdiaren 9.4 atalean ezarritakoari jarraikiko zaio.

10.4. Izangaia funtzionario bihurtu eta, lanpostuan batere aritu gabe, zuzenean eta berak eskatuta, indarreko araudian ezarritako kasuetan, borondatezko eszedentzia ematen bazaio jabetza hartzen duen egunetik beretik, kasuko lanpostu hutsa ere deialdiaren 9.4 atalean xedatzen den moduan beteko da.

10.5. Aurreko bi ataletan aipatutako kasuetan, ez da aldatuko izendapenaren aurretik egindako lanpostu hutsen hautua. Beraz, funtzionario berriei egoera horien ondoriozko lanpostuak esleituko zaizkie zuzenean.

11.–Jarduketen publizitatea.

Deusetan galarazi gabe Nafarroako Aldizkari Ofizialaren bidez modu ofizialean argitaratu beharreko tramiteak, ariketen deialdiei eta kalifikazioei buruz epaimahaiak ematen dituen ebazpenen eta haren jarduketaren gaineko informazioa, baita interesdunentzat jakingarri den informazio guztia ere, Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokorreko iragarki-taulan argitaratuko da, baita deialdiaren fitxan ere, Nafarroako Gobernuaren webgunean: www.nafarroa.eus, “Enplegua”, “Lan eskaintzak”, “Enplegu publikoa Foru Administrazioan”, “Enplegu finkorako eta aldi baterako enplegurako deialdiak” aukeratuta.

12.–Administrazio Erroan aldi baterako kontratatzeko izangaien zerrenda.

12.1. Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamenduaren 42. artikuluan, Aldi baterako kontratazioa kudeatzeko arauak onesten dituen Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariaren abenduaren 31ko 814/2010 Foru Aginduan eta oinarri honetan ezarritako prozedurarekin bat, aldi baterako kontratazioetarako zerrenda hauek prestatuko dira hautapen prozesuan parte hartu eta lanposturik lortzen ez duten izangaiekin:

1.–Lanposturik gabeko izangai gaindituen zerrenda.

2.–Lanposturik gabeko izangai gaindituen zerrendan sartzerik ez duten izangaien zerrenda, honako hauek osatuko baitute:

a) Hautapen prozesuko lehen proba gainditu duten izangaiak.

b) Hautapen prozesuko lehen probarako ezarritako gehieneko puntuazioaren gutxienez %30 lortzen duten izangaiak.

12.2. Funtzio Publikoko zuzendari nagusiaren ebazpenaren bidez, bi zerrenda horiek onetsiko dira, hots, batetik, lanposturik gabeko izangai gaindituen zerrenda, eta bestetik, lanposturik gabeko izangai gaindituen zerrendan sartzerik ez duten izangaien zerrenda.

Lanposturik gabeko izangai gaindituen zerrendan, hautapen prozesuan lortutako puntuazioaren arabera erabakiko da izangaien ordena, handienetik txikienera. Era berean, lanposturik gabeko gaindituen zerrendan ez dauden izangaien ordena honela ezarriko da: lehenik, hautaprobaren lehen ariketa gainditu duten izangaiak, ariketa horretan lortu duten puntuazioaren arabera ordenatuta; eta bigarrenik, hautaprobaren lehen ariketarako ezarri den puntuazioaren %30, gutxienez, lortu duten izangaiak, ariketa horretan lortu duten puntuazioaren arabera ordenatuta.

Berdinketa dagoenean, nor nagusitzen den erabakitzeko, deialdi honetan kasu horietarako ezarritako irizpideak hartuko dira kontuan.

12.3. Izangaiei lanerako deitu eta, bidezkoa denean, haiek kontratatzerakoan, honako hauetan xedatutakoari jarraikiz jokatuko da: Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina onesten duen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua; aldi baterako kontratazioa kudeatzeko arauak onesteko Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariak abenduaren 31n emandako 814/2010 Foru Agindua; eta aplikatzekoak diren gainerako arauak.

12.4. Kontrataziorako deitzen diren izangaiek baizik ez dituzte ekarri beharko deialdian eskatzen diren baldintzak betetzen direla frogatzen duten ziurtagiriak, kontratua formalizatzen denean ekarri ere, kopiak aurkeztuz.

Sarrera-prozedurako eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean bete beharko dira baldintzak, eta, orobat, hautaprobak egin bitartean eta kontratazioaldiak iraun bitartean.

Aurrekotik salbuetsita dago euskararen ezagutza, zeren, kontrataziorako izangaien zerrendak onartu baino lehen, epe bat irekiko baita euskara maila egiaztatzeko, eta betekizuna horretarako ematen den epea amaitu eta gero eskatuko da.

12.5. Eskatzen diren agiriak aurkezten ez dituzten izangaiek eta eskatutako baldintzak betetzen ez dituztenek deialdian parte hartzetik eratorritako eskubide guztiak galduko dituzte; betiere, parte hartzeko eskaera faltsutzeagatik legokiekeen erantzukizuna galarazi gabe.

Aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrendan agertzeak ez du esan nahi interesdunei onartzen zaienik deialdian eskatutako baldintzak betetzen dituztela; izan ere, horiek oinarri honetan adierazten den moduan frogatu beharko dituzte.

13.–Errekurtsoak.

Kalifikazio epaimahaiak ematen dituen egintzen eta ebazpenen kontra, gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahalko da, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurtsoaren xede den egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita.

Deialdiaren, oinarrien eta haiek aplikatzeko egintzen kontra, kalifikazio epaimahaiak hartutakoen kontra izan ezik, zilegi izanen da gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako kontseilariari zuzendua, errekurritu nahi den egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.

Hori guztia Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 57. artikuluarekin bat eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluei jarraikiz.

Iruñean, 2019ko martxoaren 4an.–Funtzio Publikoko zuzendari nagusia, Amaia Goñi Lacabe.

I. ERANSKINA

Gai-zerrenda

1. zatia – Orokorra.

1. gaia.–Espainiako 1978ko Konstituzioa: printzipio orokorrak. Oinarrizko eskubideak eta betebeharrak. Koroa. Gorte Nagusiak: osaera eta eginkizunak. Gobernua eta Estatuko Administrazioa. Botere judiziala. Konstituzio Auzitegia: osaera, izaera eta eskumenak.

2. gaia.–Europar Batasuna: Europako Parlamentua. Kontseilu Europarra. Europar Batasuneko Kontseilua: eskumenak, egitura eta funtzionamendua. Europako Batzordea: osaera, antolaketa eta funtzionamendua. Justizia Auzitegia. Europako Erkidegoko ordenamendu juridikoaren iturriak: sorrerako zuzenbidea eta zuzenbide eratorria.

3. gaia.–Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoa: izaera eta esanahia. Atariko titulua. Nafarroaren eskumenak.

4. gaia.–Nafarroako Parlamentua edo Gorteak: osaera, antolaketa eta funtzioak. Nafarroako Kontuen Ganbera: eskumen esparrua, eginkizunak eta organoak. Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoa: eginkizunak, prozedura eta ebazpenak.

5. gaia.–Nafarroako Gobernua: eginkizunak. Osaera, izendapena, eratzea eta kargu-uztea. Eskudantziak eta eskumenak. Funtzionamendua. Sostengu eta laguntzarako organoak. Erantzukizun politikoa, Parlamentuaren kontrola eta Parlamentua desegitea. Nafarroako Gobernuko lehendakaria. Nafarroako Gobernuko lehendakariordea edo lehendakariordeak eta kontseilariak.

6. gaia.–Zuzenbidearen iturriak: iturrien hierarkia. Legea. Lege maila duten gobernuaren xedapenak. Legegintzako ekimena eta lege mailako arauak emateko ahalmena. Erregelamendua: kontzeptua, motak eta mugak. Gobernuaren erregelamendu-ahala.

7. gaia.–Martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legea, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta Foru-sektore Publiko Instituzionalari buruzkoa. I. titulua: “Xedapen orokorrak”. II. titulua: I. kapitulua “Foru Administrazio Publikoa”. II. kapitulua “Foru Administrazio Publikoaren antolaketa”. III. kapitulua “Eskumenen erabileraren araubide juridikoa”. IV. kapitulua. “Organo kolegiatuak”. III. titulua: I. kapitulua “Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren antolaketa”. VI. titulua: I. kapitulua “Pertsonen eskubideak”.

8. gaia.–Administrazio egintzak. Administrazio-egintzen betekizunak. Egintzen eraginkortasuna. Deuseztasuna eta deuseztagarritasuna. Egintzak administrazio bidean berrikustea: ofiziozko berrikuspena eta administrazio errekurtsoak.

9. gaia.–Administrazio prozedurari buruzko xedapen orokorrak: administrazio prozeduretako interesdunak. Administrazio publikoen jardunaz: jarduteko arau orokorrak; moduak eta epeak. Prozeduraren bermeak. Prozeduraren abiaraztea, antolamendua, instrukzioa eta amaiera. Gauzatzea.

10. gaia.–Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutua: langile motak. Funtzionario publikoak hautatzea. Funtzionario izaera eskuratzea eta galtzea. Administrazio karrera. Egoera administratiboak. Lanpostuak betetzea. eskubideak eta betebeharrak.

11. gaia.–13/2007 Foru Legea, apirilaren 4koa, Nafarroako Ogasun Publikoari buruzkoa: aplikazio eremua eta Nafarroako Ogasun Publikoa. Nafarroako Aurrekontu Orokorrak: edukia eta onespena; exekuzioa eta likidazioa.

12. gaia.–Gardentasunari, Informazio Publikoa Eskuratzeari eta Gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legea: xedapen orokorrak. Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalen Bermerako abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoa: xedapen orokorrak. Printzipioak datuak babesteko. Pertsonen eskubideak. 3/2007 Lege Organikoa, martxoaren 22koa, Emakumeen eta Gizonen Berdintasun Eragingarriari buruzkoa: berdintasunaren printzipioa eta bazterkeriaren kontrako babesa.

13. gaia.–15/2006 Foru Legea, abenduaren 14koa, Gizarte Zerbitzuei buruzkoa: atariko titulua. Xedapen orokorrak. I. titulua: Eskubideak eta betebeharrak; II. titulua: Gizarte zerbitzuen sistema publikoa; I. kapitulua: Xedapen orokorrak; II. Kapitulua: Gizarte zerbitzuen sistema publikoaren elementuak; III. kapitulua: Gizarte zerbitzuen zorroak.

14. gaia.–39/2006 Legea, abenduaren 14koa, autonomia pertsonala sustatzeari eta mendekotasun-egoeran dauden pertsonak zaintzeari buruzkoa: atariko titulua. Xedapen orokorrak.

15. gaia.–Nafarroako Foru Komunitateko egoitzetako gizarte zerbitzuen esparruan lotura fisiko eta farmakologikoen erabilera arautzen duen irailaren 28ko 221/2011 Foru Dekretua: I. kapitulua. Xedapen orokorrak; II. kapitulua. Medikuaren aginduzko lotura neurriak erabiltzeko prozedura; III. kapitulua. Larrialdiko prozedura, medikuaren agindurik gabe lotura fisikoak aplikatzeko; IV. kapitulua. Loturen erabilerako bermeak. 186/2014 Foru Agindua, apirilaren 2koa, Gizarte Politiketako kontseilariak emana, Hirugarren Adineko eta Desgaitasuneko Egoitzetan loturak erabiltzeko protokoloa onesten duena: Deskripzioa/helburuak; Nori zuzentzen zaion; Inplikatutako profesionalak; Prozedura; Loturen erabileraren kontrola eta erregistroa; Berrikuspena.

2. zatia – Berariazkoa.

16. gaia.–Zentro soziosanitarioak. Helburu asistentzialak. Zentroen eta erabiltzaileen sailkapena.

17. gaia.–Zaintzaile gerontologikoa egoitzetan: eginkizunak eta zereginak. Zaintzaile gerontologikoen etika profesionala. Tratu eta jarrera egokiak arretan. Sekretu profesionala.

18. gaia.–Zahartze fisiologikoaren eta patologikoaren ezaugarriak. Alderdi orokorrak. Zahartzearen ezaugarri eta alderdi psikosozialak. Prebentzio neurriak eta oinarrizko zainketak.

19. gaia.–Nahaste neurologikoak, psikiatrikoak eta dementziak. Prebentzioa, detekzioa eta zainketak. Egoerak menperatzea, eta nola jokatu jokabidearen nahasmenduen aurrean.

20. gaia.–Hilurreneko adinduna, eta heriotza. Zainketak bizitzaren bukaeran.

21. gaia.–Zahar etxeko egoiliarraren higienea eta garbitasuna. Azalaren eta mukosen oinarrizko zainketak. Presio-ultzerak. Prebentzio neurriak eta jarrera aldaketak.

22. gaia.–Ohean dagoen pertsonaren zainketa orokorrak. Mugiezintasunaren ondorioak.

23. gaia.–Zahar etxeko egoiliarraren logela. Ohea apaintzea.

24. gaia.–Zaintzailea, mendekoak garraiatu eta mugitu behar direnean.

25. gaia.–Inkontinentzia eta idorreria. Oinarrizko zainketak.

26. gaia.–Nutrizioa eta dietetika; hidratazioa adindunengan. Kontzeptu orokorrak. Nutrizioaren eta hidratazioaren zainketak. Nutrizio enterala.

27. gaia.–Jarduera fisikoa. Mugitu beharra. Ibiltzea, ezegonkortasuna ibiltzean. Erortzeak eta istripuak.

28. gaia.–Laguntza produktuak. Motak eta argibideak.

29. gaia.–Aisialdia eta terapia okupazionala. Eguneroko jarduerak. Zaintzailearen parte-hartzea.

30. gaia.–Lotura fisiko eta kimikorik gabeko zainketak.

31. gaia.–Zaintzaileen arreta, pertsonarengan arreta jartzen duen arreta integralerako ereduaren araberakoa. Printzipio gidariak. Zahar etxeko arreta eta banakako arreta.

32. gaia.–Zaintzaileek esku hartzeko oinarrizko trebetasunak: behaketa, enpatia eta entzute aktiboa.

33. gaia.–Adindunenganako tratu txarrak. Motak. Detekzioa eta prebentzioa.

II. ERANSKINA

Zaintzaile gerontologiko izateko lanpostuak

LANPOSTUA

DEPARTAMENTUA

ATXIKIPEN ESPARRUA

ARAUBIDE JURIDIKOA

HERRIA

0003035

ESKUBIDE SOZIALETAKO DEP.

EL VERGEL ZAHAR ETXEA

FUNTZIONARIOA

IRUÑA

0003045

ESKUBIDE SOZIALETAKO DEP.

SANTO DOMINGO ZAHAR ETXEA

FUNTZIONARIOA

LIZARRA

0003059

ESKUBIDE SOZIALETAKO DEP.

SANTO DOMINGO ZAHAR ETXEA

FUNTZIONARIOA

LIZARRA

0003101

ESKUBIDE SOZIALETAKO DEP.

EL VERGEL ZAHAR ETXEA

FUNTZIONARIOA

IRUÑA

0003138

ESKUBIDE SOZIALETAKO DEP.

EL VERGEL ZAHAR ETXEA

FUNTZIONARIOA

IRUÑA

0003158

ESKUBIDE SOZIALETAKO DEP.

EL VERGEL ZAHAR ETXEA

FUNTZIONARIOA

IRUÑA

0003172

ESKUBIDE SOZIALETAKO DEP.

EL VERGEL ZAHAR ETXEA

FUNTZIONARIOA

IRUÑA

0003182

ESKUBIDE SOZIALETAKO DEP.

SANTO DOMINGO ZAHAR ETXEA

FUNTZIONARIOA

LIZARRA

0003186

ESKUBIDE SOZIALETAKO DEP.

EL VERGEL ZAHAR ETXEA

FUNTZIONARIOA

IRUÑA

0004651

ESKUBIDE SOZIALETAKO DEP.

SANTO DOMINGO ZAHAR ETXEA

FUNTZIONARIOA

LIZARRA

0006569

ESKUBIDE SOZIALETAKO DEP.

SANTO DOMINGO ZAHAR ETXEA

FUNTZIONARIOA

LIZARRA

0006570

ESKUBIDE SOZIALETAKO DEP.

SANTO DOMINGO ZAHAR ETXEA

FUNTZIONARIOA

LIZARRA

0007979

ESKUBIDE SOZIALETAKO DEP.

EL VERGEL ZAHAR ETXEA

FUNTZIONARIOA

IRUÑA

0008139

ESKUBIDE SOZIALETAKO DEP.

EL VERGEL ZAHAR ETXEA

FUNTZIONARIOA

IRUÑA

0008724

ESKUBIDE SOZIALETAKO DEP.

SANTO DOMINGO ZAHAR ETXEA

FUNTZIONARIOA

LIZARRA

0008725

ESKUBIDE SOZIALETAKO DEP.

SANTO DOMINGO ZAHAR ETXEA

FUNTZIONARIOA

LIZARRA

0008726

ESKUBIDE SOZIALETAKO DEP.

SANTO DOMINGO ZAHAR ETXEA

FUNTZIONARIOA

LIZARRA

0008729

ESKUBIDE SOZIALETAKO DEP.

SANTO DOMINGO ZAHAR ETXEA

FUNTZIONARIOA

LIZARRA

0010515

ESKUBIDE SOZIALETAKO DEP.

EL VERGEL ZAHAR ETXEA

FUNTZIONARIOA

IRUÑA

0010516

ESKUBIDE SOZIALETAKO DEP.

EL VERGEL ZAHAR ETXEA

FUNTZIONARIOA

IRUÑA

Iragarkiaren kodea: F1903749