62. ALDIZKARIA - 2019ko apirilaren 1a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.1. Foru legeak eta legegintzako foru dekretuak

12/2019 FORU LEGEA, martxoaren 22koa, Nafarroako Parte-hartze Demokratikoari buruzkoa.

NAFARROAKO FORU KOMUNITATEKO LEHENDAKARIA NAIZEN HONEK.

Aditzera ematen dut Nafarroako Parlamentuak onetsi duela honako:

NAFARROAKO PARTE-HARTZE DEMOKRATIKOARI BURUZKO FORU LEGEA.

HITZAURREA

I

Garapen Jasangarrirako 2030 Agendak, 2015ean 193 herrialdek ezarritakoak, nazioarteko erkidegoak pertsona guztientzat erdietsi beharreko 17 helburu ezartzen ditu, eta hori jasangarritasunez eta ekitatez egiten du. Horretarako, funtsezko elementu bat da herritarren parte-hartzea bermatzea.

Nafarroak bide luzea eta emankorra egina du erkidego politiko eta juridikoki sendotu gisa. Foru erakundeez gainera (zeinahi delarik haien adierazpen historikoa), bestelako erakunde batzuk ere baditu, kontzejuak eta batzarreak, konparazio batera, baita afera publikoetan erantzukizunez parte hartzeko bestelako praktika kolektibo interesgarri batzuk ere. Tradizio horiek erakusten dute bizitza instituzionalean parte hartzeko interes handia izan dela, eta, gainera, parte hartzeko dauden bide berriekin batera, aukera eskaintzen dute urrats erabakigarriak emateko eredu demokratiko irekiagoa, integratzaileagoa eta, beraz, herritarren sostengua lortzeko askoz kapazagoa finkatzeko bidean.

Parte-hartzea eta demokrazia zein bere aldetik ulertu ezin diren errealitateak dira. Gizarteak, lehenik, inola ere urratu ezin diren eskubideen multzo besterenezin bat bermatu behar du. Eta horrekin batera, herritarren parte-hartzea ahalbidetu eta sustatu beharra du; izan ere, zenbat eta handiagoa eta kalitate handiagokoa izan haien parte-hartzea, orduan eta demokratikoagoa izanen da gizartea. Hori garbi izanik, eta Espainiako Konstituzioak helburu duen “Demokrazia aurreratuaren” ideal horretara hurbildu nahirik, beharrezkoa da Nafarroako herritarrek eskura dituzten parte-hartze baliabideak sustatu eta sendotzea. Baliabide horiek lege-arau hauetan jasota daude: martxoaren 25eko 3/1984 Foru Legea, Herriaren Legegintza-ekimena arautzen duena; uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legea, Nafarroako Toki Administrazioari buruzkoa, araugintza-ekimenak aurrera eramateari dagokionez; urriaren 28ko 27/2002 Foru Legea, Toki esparruko herri kontsultak arautzen dituena (lege hori ez du honako lege honek aldatzen); eta Gardentasunari eta Gobernu Irekiari buruzko ekainaren 21eko 11/2012 Foru Legearen IV. titulua, foru lege honek indargabetzen duena, dituen artikuluetan nabarmen hedatzen baitira titulu hartan jasotako parte-hartze eskubideak.

Alde batera utzita hauteskundeei loturiko parte-hartze bideak, legezko testu honen eremutik kanpo gelditzen baitira, hizpide ditugun gaur egungo bideak oso urruti daude ulertu ahal izatetik Konstituzioan ere jasota dagoen beste agindu baten ondorio logiko gisa; hots, botere publikoei agintzen diena herritar guztien parte-hartzea erraztu dezaten bizitza politikoan, ekonomikoan, kulturalean eta sozialean. Berrogei urte igaro eta gero, handia da oraindik botere publikoek arlo horretan hobekizun daukatena. Horregatik, foru lege honen helburua da ahal den guztia egitea gaur egungo ordenamendu juridikoak ahalbidetzen dituen parte-hartze aukeren aitzindaritzan ipintzeko Nafarroa.

Konstituzioaren agindu horren bipiltasuna gorabehera, doktrinan adostasuna dago, espontaneoki kalean ere islatzen denez, adierazpen hutsetik haragoko betebehar bat dela aipaturiko hori, arrazoi desberdinengatik hein handian alboratua izan dena herritarren errealitate praktikoan mamitzeari dagokionez. Izan ere, egia da alde nabarmena dagoela legeak dioenaren eta herritarrek hauteskundeetan alderdiei botoa emateaz harago beren egunerokotasunean gai publikoetan parte hartzeko dituzten aukeren ikuspegitik bizi duten errealitate mugatu eta eskasaren artean. Eta alde hori da, zalantzarik gabe, gaur egun ordezkaritza-erakundeekiko dagoen atsekabearen parte bat azaltzen duen arrazoietako bat.

Munduko herrialde guztiek aurrez aurre dituzten kalitate demokratikoaren eta giza eskubideen gainbeherak, gatazkek eta ezegonkortasun politikoek ezinbesteko egin dute nazioarteko agendan honako hauen moduko helburuak sartzea: gizarte baketsuak eta barne-hartzaileak sustatzea, maila guztietan erakunde eraginkor, barne-hartzaile eta gardenak eraikitzea, kontuak emanen dituztenak eta aldi berean bermatuko dutenak maila guztietan erabaki barne-hartzaile, partaidetzazko eta ordezkaritasunekoak hartzea, gizartearen beharrizanei erantzunez.

Haurren eta nerabeen kolektiboa populazioaren portzentaje aipagarri bat osatu arren, erakunde publikoek bultzatutako parte-hartze demokratikoko prozesuetan sistematikoki ukatu izan zaio zuzenean dagozkion gaietan parte hartzeko eskubidea.

Haurren eta nerabeen parte-hartzerako eskubidea aitortuta dago 1989an Nazio Batuen Batzar Nagusiak onetsitako Haurren Eskubideei buruzko Konbentzioan. Konbentzioan, aitortzen da haurrek beren ikuspuntuak adierazteko duten gaitasuna; iritzia libreki eta borondatez ematekoa; beraiengan eragina duten gai guztietan entzunak izatekoa; beren iritziak serio hartuta izatekoa, beren heldutasun mailaren arabera.

Baina haurren parte-hartzea, eskubide bai indibidual bai kolektiboa izateaz gainera, zeinaren egikaritzea erakundeei baitagokie sustatu, bermatu eta babestea, estrategia bat ere bada, demokrazia eraikitzeko prozesua hobetzekoa, zeren eta parte-hartzerako eskubideaz baliatuz haurrek rol aktibo bat berenganatzen baitute beren komunitatean, aldaketarako eragile sozial gisa ikusten dute beren burua, tolerantzian oinarritutako jokabide demokratikoekin, diferentziei abegi eginez, eta kidetasunaren, justiziaren eta herritartasun globalaren zentzu handi batekin.

Hortaz, beharrezkoa da Nafarroako gizarteak parte hartzeko gaur egun dituen bideak zabaltzea. Helburu hori erabat justifikatua dago ikuspuntu juridikotik, hala ezarrita baitago bai Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 6. artikuluan, bai Konstituzioaren 23.1 eta 9.2 artikuluetan.

II

Foru lege honek honako egitura du: batetik, zazpi titulu, eta bestetik, amaierako zatia, lau xedapen gehigarrik, xedapen iragankor batek, xedapen indargabetzaile batek eta hiru azken xedapenek osatua.

I. tituluan xedapen orokorrak biltzen dira. Besteak beste, legearen xedea, helburuak, subjektuak eta aplikazio eremua zehazten dira. Aplikazio eremuari dagokionez, Nafarroako administrazio publikoak ukitzen ditu, baina, batez ere, herritarrei parte-hartze eskubide batzuk bermatzen dizkie administrazio publiko horiekiko.

II. tituluak herritarren parte-hartzerako hiru bide berri txertatzen ditu gure ordenamendu juridikoan, zeinak aktibatzen ahalko baitira bai Nafarroako administrazio publikoen ekimenez bai Nafarroako herritarren ekimenez: eztabaida prozesuak, partaidetzazko aurrekontuak eta herritar-galdeketak. Horiekin batera, beste bide batzuk ere aurreikusten dira, 11/2012 Foru Legean jadanik jasoak zeudenak, konparazio batera, kontsulta foroak, herritarren panelak eta herritarren epaimahaiak.

Foru lege honen beste berrikuntza bat II. tituluaren xedapen orokorretan jaso da; izan ere, gaur egun eskatzen den jendaurrean jartzeko izapideaz haratago joanda, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioa behartua egonen da Nafarroako Gobernuak onetsi behar dituen plan eta programa guztietan, jendaurrean jartzeaz gainera, titulu horretan bildutako parte-hartze prozesuren bat egitera. Eskakizun berri hori nabarmenki zorrotzagoa da herritarren parte-hartzearen kalitateari dagokionez. Horren ondorioz, botere publikoak beraiek dira, goian aipatutako Konstituzioaren 9. artikuluaren aginduari jarraikiz, herritarren parte-hartzea errazteaz gainera, hura sustatu eta bultzatzen dutenak, herritarren eskubideekin lotutako kontu guztietan gizarte zibil sendo bat sortu eta sendotzeko helburu garbiarekin.

Eztabaida prozesuak eta partaidetzazko aurrekontuak, hurrenez hurren II. eta III. kapituluetan arautzen direnak, herritarrek Nafarroako Foru Komunitatean parte hartzeko baliabide berriak dira. Herritar-galdeketei dagokienez (IV. kapituluaren bigarren atalean arautuak), gizartearen sektore edo kolektibo jakin baten iritzia ezagutzeko parte-hartze baliabide gisa aurreikusten dira, toki mailako herri-galdeketei buruzko urriaren 28ko 27/2002 Foru Legean araututako galdeketak ez bezala, zeinak hautesleria osatzen duten udal-mugarteko herritar guztientzat irekita baitaude.

Hango herri-galdeketak, neurri batean, Konstituzio Auzitegiak Zuzeneko edo Erdi-zuzeneko Demokrazia gisa izendatu duenaren orbitan kokatzen dira. Foru lege honetan arautzen diren herritar-galdeketak, ordea, aipatutako auzitegiaren iritziz Partaidetzazko Demokrazia izanen litzatekeenaren inguruan kokatuko lirateke. Hori horrela, herri-galdeketetan parte-hartzea, betiere, boto bat ematearekin gauzatzen da -hortik datoz eskatutako berme jurisdikzionalak; hortik dator hautesleriak bakarrik izatea parte hartzeko eskubidea; eta hortik dator, logikoki, haietan hizpidea bozketa-sistema izatea-. Herritar-galdeketetan, berriz, parte-hartzea mugatzen da herritarren sektore batek gai jakin bati buruz duen iritziaren adierazpen hutsera. Gainera, herritar-galdeketetan, urtebete baino gehiago erroldaturik daramaten hamasei urte baino gehiagoko pertsonek ematen dute iritzia, eta ez hautesle-erroldan dauden adin nagusikoek.

III. tituluak herritarren ekimenez gertatzen den parte-hartzearen taxuera du aztergai.

I. kapituluan herritarren araugintza-ekimenak jorratzen dira, eta legegintzako herri-ekimena arautzen duen martxoaren 25eko 3/1985 Foru Legean ezarritako araubiderako igorpena egiten du; toki esparrurako, berriz, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legera egiten du igorpena.

II. kapituluak ekimena ematen die herritarrei toki korporazio bateko osoko bilkurari haren edozein kideren gaitzespena eskatzeko, foru lege honetan jasotzen den bezala.

III. kapituluaren lehen atalak aztergai ditu Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan prozesu parte-hartzaile bat irekitzeko herritarren ekimenak, sinadura kopuru jakin bat biltzearen bitartezkoak. Hori berrikuntza garrantzitsu bat da, herritarrek botere betearazlearen politiken aurrean duten eginkizuna nabarmenki indartzera datorrena berriz ere. III. kapituluaren bukaera gisa, bigarren atalean toki esparrura lekualdatzen da herritarrek prozesu parte-hartzaileak sustatzeko modua.

IV. tituluak parte-hartzearen antolaketa administratiboa arautzen du. Beste berrikuntza batzuk sartzen badira ere, arlo hau, batez ere, Nafarroako Gobernuak Parte-hartzearen Gune digitala sortzearen inguruan tankeratuko da; gune horretan zentralizatzen eta ikusarazten dira parte-hartzearen errealitate desberdinak. Webgune horretan Administrazioak bere prozesu guztien berri emanen du eta, gainera, foru lege honetan jasotako herritar-ekimenetako edozeinetan inplikaturiko herritarrei online gune bat bermatuko zaie beren proposamena defendatzeko, sinadura digitalak biltzeko eta bideoak, audioak edo egoki iruditzen zaien beste edozein elementu erakusteko. Xedea da, berriz ere, Nafarroako herritarren parte-hartzea erraztea eta sustatzea arlo publikoan.

Ildo beretik, V. tituluak modu berritzaile batean arautzen du sinadura-bilketa -herritarren ekimen guztiak ezaugarritzen dituen elementua-. Sinadurak bildu eta egiaztatzeari begira, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak baliozkotu beharreko erabiltzaile eta pasahitz sistema baten alde egiten da, askoz ere azkarragoa, arinagoa eta eskuragarriagoa baita paperean jasotako sinaduren sistema tradizionala baino edo sinadura elektronikoena baino, zeinak, berriagoa izanda ere, herritarren artean harrera eskasa izan baitu.

VI. tituluak lehenengo aldiz arautzen ditu Nafarroan haurren parte-hartzerako eskubidearen sustapena eta bermea, bai maila autonomikoan, bai udalen mailan. Oinarriak jartzen ditu haurren parte-hartzerako organoak abian jartzeko, zeinek ordezkaritasuna izanen baitute udalean eta erkidegoan bizi diren haurren kopuruari eta dibertsitateari dagokionez. Oinarriak jartzen ditu haurrengandik eta nerabeengandik sortzen diren parte-hartze errealeko prozesuak sortzeko. Halaber arautzen da kontsulta prozesuak haurren ezaugarrien araberakoak izateko egokitzapena.

Azkenik, VII. tituluan neurriak jasotzen dira Nafarroako gizartean herritarren parte-hartzea sustatzeko eta horri buruzko sentsibilizazioa egiteko. Horretarako apustu egiten da bai foru eta toki administrazio publikoak bai herritarrak berak parte-hartze horren berebiziko garrantziaz kontzientziatzeko tresnen alde.

III

Hori guztia eta legean zehar garatzen diren beste berrikuntza batzuk Nafarroako gizarteari aurkezten zaizkio, gizarteak herritarren parte-hartzearen inguruko guztian dituen idealen pare dagoen lege bat eskaini nahian eta, betiere, tratu- eta aukera-berdintasunaren printzipioan oinarriturik eta herritarrek eremu publikoan esku hartzeko gaitasuna ahalik eta modu emankorrenean sustatzeko asmo aitortuarekin, eremu horretan burujabetasuna definizioz baita gizartearena.

I. TITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Xedea.

Foru lege honen xedea da herritarrek Nafarroako Foru Komunitateko afera publikoen zuzendaritzan parte hartzeko duten eskubidearen egikaritzea arautu eta bermatzea, eta, orobat, sustatzea Nafarroako toki entitateetan parte har dadin, dela herritarrek haietan zuzenean jardunez, dela kide gisa osatzen dituzten partaidetza-entitateen bitartez.

2. artikulua. Printzipio gidariak.

a) Herritarren parte-hartzea eskubide sozial eta demokratiko bat da. Eta erabaki-hartze prozesuan herritarrek zuzeneko edo zeharkako parte-hartzea izateak lagungarri gertatu behar du herritarren gizarte ongizatea bermatzeko, haien garapen sozialerako mekanismoak sortuz eta baldintza-berdintasuna eskainiz, betiere bilatze aldera guztiek beren nortasuna libreki gara dezatela eta eskubide guztiez goza dezatela.

b) Herritarren parte-hartzeak honako printzipio hauek eduki behar ditu gida moduan: partaidetzazko demokrazia, interes kolektiboa, berdintasun soziala eta generokoa, justizia, osagarritasuna, kultur dibertsitatea, erantzunkidetasuna, baterako kudeaketa, autogestioa, lankidetza, solidaritatea, gardentasuna, zintzotasuna, eraginkortasuna, efizientzia, efektibotasuna, unibertsaltasuna, erantzukizuna, betebehar soziala, kontu-ematea, kontrol soziala, ideien eztabaida askea, borondatezkotasuna eta ahultasun sozialeko egoeran dauden pertsona guztien eskubideen bermea.

3. artikulua. Helburuak.

Hauek dira foru lege honen helburuak:

1. Erraztasunak ematea Nafarroako herritarrak, erabakiak hartu eta parte hartzeko subjektu diren aldetik, protagonistak izan daitezen politika publikoetan eta erabakiak hartzeko orduan.

2. Ahalbidetzea eta sustatzea Nafarroako herritarrek parte har dezaten Foru Komunitatearen eta Nafarroako toki entitateen alor politiko, kultural, ekonomiko eta sozialetan.

3. Nafarroako gizartean partaidetzaren eta eztabaidaren kultura gara dadin bultzatzea.

4. Entitate publikoen eta ordezkaritza-erakundeen gobernu-ekintza hurbiltzea herritarren lehentasunei.

5. Herritarrek gobernu-ekintza kontrolatzeko mekanismoak indartzea, Nafarroako Parlamentuko Erregelamenduak ezarritako baldintzetan.

6. Gizarte zibilaren egituraketa sendotzea.

7. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta toki administrazioen arteko lankidetza sustatzea herritarren parte-hartzea kudeatu eta sustatzeari dagokionez.

4. artikulua. Aplikazio-eremua.

1. Foru lege honen aplikazio eremua dagokie Nafarroako Foru Komunitatearen eta Nafarroako toki entitateen gobernu eta administrazio arloko eskumenei.

2. Lege honetako xedapenak honako hauei aplikatuko zaizkie:

a) Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari, haren erakunde publikoei eta harekin lotutako edo haren menpeko zuzenbide publikoko edo pribatuko entitateei.

b) Nafarroako toki entitateei, haien erakunde publikoei eta haiekin lotutako edo haien menpeko zuzenbide publikoko edo pribatuko entitateei, foru lege honetan ezarritako zertzeladekin eta norainokoarekin, eta deusetan galarazi gabe bakoitzaren berariazko araudia eta erregelamendu organikoak.

5. artikulua. Eskubideak.

Parte-hartzeari dagokionez, honako eskubide hauek aitortzen dira, foru lege honetan eta Nafarroako Parlamentuko Erregelamenduan ezarritako zertzeladekin eta norainokoarekin:

1. Legegintzako herri-ekimenen bidez legegintzako proposamenak sustatzeko eskubidea.

2. Foru lege honetan ezarritako parte-hartze bideak erabiliz, Nafarroako Gobernua eta toki entitateetako gobernu organoak kontrolatzeko lanetan parte hartzeko eskubidea.

3. Foru Gobernua bultzatzeko lanetan parte hartzeko eskubidea, Nafarroako Parlamentuan mozio bat sustatzeko dauden herritar-ekimenen bidez.

4. Eztabaida publikoen sustapenean parte hartzeko eskubidea, Nafarroako Parlamentuak adierazpen instituzional bat onestea bilatzen duten herritar-ekimenen bidez.

5. Politika publikoen plangintzan, segimenduan, kudeaketan eta ebaluazioan parte hartzeko eskubidea, partaidetza-prozesuen eta herritar-ekimenen bitartez.

6. Parte-hartzeari lotutako herritar-jardueretan administrazio publikoen laguntza eskatzeko eskubidea.

7. Parte-hartze prozesu desberdinetan iritzia eman eta politika publikoei buruzko erabaki-hartzean protagonismo- eta erantzunkidetza-zeregin bat izateko eskubidea.

6. artikulua. Subjektuak.

1. Parte-hartzea, foru lege honetan ezarritako zertzeladekin, zuzenean gauzatzen ahalko dute herritarrek, edo, bestela, herritarren partaidetzako entitateen bitartez.

2. Foru lege honen ondorioetarako, herritartzat hartzen dira administrazio prozedura erkidearen oinarrizko araudiaren arabera jarduteko gaitasuna izanik Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 5. artikuluan ezarritakoaren arabera nafar izaera politikoa duten pertsonak, bai eta, kasuan kasuko legediak debekatzen ez duen neurrian, Nafarroan bizi diren atzerritarrak.

3. Foru lege honen ondorioetarako, hauek dira herritar-partaidetzako entitateak:

a) Herritarren parte-hartzea sustatu eta mamitzeko eginkizun berariazkoak dituzten administrazio publikoetako kide anitzeko organoak.

b) Nafarroan diharduten sindikatuak, enpresa erakundeak, lanbide elkargoak eta interes kolektiboen ordezkari diren gainerako entitateak.

c) Nafarroan diharduten irabazi-asmorik gabeko elkarte eta entitate pribatuak, beren helburuen artean baldin badago parte-hartzea bera edo, bestela, esku hartu nahi duten parte-hartze prozesuaren xedeko gai zehatza.

d) Nortasun juridikorik gabeko pertsona fisiko edo juridikoen edozein elkarte (herritarren sareak, foroak, plataformak, mugimenduak eta abar), are kasurako eratua bada ere, baldin erregelamenduz ezarriko diren baldintza zehatz batzuk betetzen baditu.

7. artikulua. Betebeharrak.

Hona hemen Nafarroako administrazio publikoek parte-hartzearen arloan dituzten betebeharrak:

1. Beren egitura eta funtzionamendua egokitzea, foru lege honetan aitorturiko parte-hartze eskubideen egikaritzea bermatzeko.

2. Bermatzea beren zerbitzupeko langileek eskubide horiek ezagutzen dituztela eta horien egikaritzea errazten dutela.

3. Beharrezkoak diren ekintza positiboko neurriak hartzea, bermatze aldera pertsona guztiek baldintza-berdintasunean lortzen dutela irispidea herritarren parte-hartzearen arloan duten eskubidea egikaritzeko.

4. Behar diren neurriak hartzea parte-hartze prozesuetan genero-berdintasuna lortzeko.

5. Partaidetzaren kultura sustatzea eta horretarako pizgarriak ematea, hala gizartean nola beren zerbitzuko langileen artean.

6. Parte-hartze prozesu ezberdinen hedapena eta dibulgazioa sustatzea.

7. Parte-hartze prozesu ezberdinen barrenean aurkezten den dokumentazioa herritarrek ulertzeko modukoa dela bermatzea.

8. Gune digital handienetan presentzia izatea eta haietan parte-hartzearen berri ematea, honako hauek barne: sare sozialak web-guneak, mugikorrak, berehalako mezularitza edo beste formatu batzuk.

9. Behar diren neurriak hartzea, parte-hartze prozesuetan bermatuta egon daitezen herritarrek Nafarroako hizkuntza berekien erabilerari dagokionez aitortuta dituzten eskubideak.

II. TITULUA

Herritarren parte-hartze prozesuak

I. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

8. artikulua. Motak.

1. Foru lege honen ondorioetarako, honako hauek dira herritarren parte-hartze prozesuak:

–Eztabaida prozesuak.

–Partaidetzazko aurrekontuak.

–Kontsultak.

–Jendaurrean jartzea.

2. Parte-hartze prozesuak Nafarroa mailakoak izan daitezke, bere baitan Nafarroako Foru Komunitate osoa hartzen dutenean, edo toki mailakoak, bere baitan toki entitateak hartzen dituztenean.

9. artikulua. Herritarren parte-hartze prozesuen helburua.

Ordenamendu juridikoaren kontrakoak ez diren kasu guztietan, herritarren parte-hartze prozesuak Nafarroako Gobernuaren edo toki entitate baten eskumeneko afera edo gai hauen gainekoak izan daitezke:

a) Garrantzi berezia duten politika publikoak pertinenteak ote diren aztertzea, politika horiek ezartzeko erabakia, horien segimendua eta horien ebaluazioa.

b) Politikak taxutzeko plangintza-tresnak prestatzea.

c) Lehentasunei eta plangintzako eta aurrekontu-kudeaketako beste alderdi jakin batzuei buruzko erabakiak hartzea.

d) Legeak eta erregelamenduak egitea.

e) Zerbitzu publikoen ematea, segimendua eta ebaluazioa.

10. artikulua. Herritarren parte-hartze prozesuen hasiera.

Nafarroako administrazio publikoek ofizioz has ditzakete herritarren parte-hartze prozesuak, baita foru lege honen 6. artikuluan aipatzen diren herritar-partaidetzako entitateek edo pertsona fisikoek eskatuta ere.

11. artikulua. Zozketa bidezko parte-hartzea.

a) Foru lege honen 47. artikuluan araututako Parte-hartzaileen Erregistroan izen emandako pertsonen artean modu aleatorioan egindako zozketaren bidez herritarrek nahitaez parte hartu beharra xedatzeko aukera ezartzen da, parte-hartze prozesuen modalitate jakin batzuetan (eztabaida prozesuak eta partaidetzazko aurrekontuak), herritarren erantzunkidetasuna bultzatzeko.

b) Erregelamendu bidez garatuko da prozedura horri buruzko guztia, horren barne direla, gutxienez, Administrazio Publiko eskudunak parte-hartze mota hori aldezten dueneko prozesuek eduki beharko lituzketen ezaugarriak; hautatzen diren pertsonen ezezkoa ekar dezaketen kausak; kargu publikoren bat betetzeagatik edo beste arrazoiren batengatik salbuetsita gera litezkeen pertsonak; genero-irizpideak bermatzea, eta abar.

12. artikulua. Deialdia.

1. Nafarroa mailako herritarren parte-hartze prozesuen deialdia egitea kasuan kasuko eztabaidagaian eskumena duen departamentuaren titularrari dagokio; eta, politika orokorreko gaiei buruzkoak badira, Nafarroako Gobernuari. Deialdia, gutxienez, Nafarroako Gobernuaren Parte-hartzearen gune digitaletan argitaratuko da.

2. Herritarren parte-hartze prozesuaren esparrua toki mailakoa bada, kasuan kasuko toki entitateko lehendakariari edo osoko bilkurari dagokio deialdia egitea, eztabaidagaiaren gaineko eskumena nork duen. Deialdia entitatearen iragarki-oholean eta foru lege honen 7. artikuluaren 8. apartatuan aipatutako espazioetan argitaratuko da.

3. Jendaurrean jartzearen kasuan izan ezik, deialdia egin beharko da parte-hartze prozesua hasteko ezarritako eguna baino hilabete bat lehenago gutxienez.

13. artikulua. Eraginkortasuna.

1. Foru lege honen 8. artikuluan jaso diren parte-hartze prozesuen emaitzak, eragin juridiko loteslerik izanen ez badute ere, agindu demokratiko eta politiko bat izanen dira erakundeentzat; hori dela eta, onartzen ez badira, organo dei-egileak horretarako arrazoiak eman beharko ditu 30 egun naturaleko gehieneko epean. Arrazoiak 43. artikuluan aipatutako Parte-hartzearen gune digitalean argitaratuko dira, organo dei-egilea Nafarroako Foru Komunitateko Administraziokoa bada, eta kasuan kasuko iragarki-taulan eta web-orrian, administrazio dei-egilea toki entitate bat baldin bada.

2. Hori gorabehera, foru lege honen 21. eta 22. artikuluetan jasotzen diren partaidetzazko aurrekontuei buruzko prozesuen emaitzak lotesleak izanen dira prozesuaren deia egin duen organoarentzat baldin eta horrela jaso bada deialdian. Kasu horretan, emaitza betearazi beharko du parte-hartze prozesuan adierazitako zertzeladekin.

14. artikulua. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren betebeharra.

1. Nafarroako Gobernuaren onespena behar duen planak edo programak edo plangintza publikoko beste edozein elementu prestatu, aldatu edo berrikusi behar den guztietan, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioa behartua dago, jendaurrean jartzeaz gainera, eztabaida prozesu bat edo, hala badagokio, kontsulta bat egitera nahitaez.

2. Aurreko zenbakian ezarritako betebeharretik kanpo gelditzen dira honako hauek:

a) Huts-hutsik antolaketakoak, prozedurakoak edo antzekoak direnak izaeraz.

b) Helburu bakarra segurtasun publikoa, larrialdietako babes zibila edo gizakien bizia salbatzea duten plan eta programa orokorrak.

c) Prestatzeko eta onesteko araudi berariazkoa izateagatik, jendaurrean jartzeko edo entzunaldia emateko egintza edo izapideak jadanik finkatuak dituzten plan eta programa orokorrak.

3. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak barne parte-hartzea inplementatu eta mesedetuko du bere administrazio propioan.

15. artikulua. Garapena.

1. Nafarroako Gobernuak erregelamendu bidez finkatuko ditu Nafarroa mailako prozesu hauetarako baldintzak eta prozedura arauak, foru lege honekin eta aplikagarri diren gainerako arauekin bat.

2. Toki entitateek, nork bere eskumenen eta eskudantzien esparruan, finkatuko dituzte toki mailako prozesu hauetarako baldintzak eta prozedura arauak, foru lege honekin eta aplikagarri diren gainerako arauekin bat.

II. KAPITULUA

Eztabaida prozesuak

16. artikulua. Definizioa.

Eztabaida prozesua esaten zaio foru lege honen 9. artikuluko a) eta b) letretan jasotako kasuei dagokien politika publiko bat formulatzeko edo ezartzeko prozedura batean edo erabakitzeko prozedura batean integratutako eztabaida publiko batean adierazitako argudio eta motibazioak kontrastatzeari. Prozesu horren barruan, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko edo toki entitateetako organo eskudunek gune bat irekitzen dute herritarren interesak, jarrerak eta proposamenak ezagutzeko.

17. artikulua. Produkzioa.

1. Eztabaida prozesuak politika publiko bat formulatu, ezarri, garatu edo ebaluatzeko prozeduraren hasieran egiten ahalko dira. Haiek hasteko, kasuan kasuko organo eskudunaren erabaki edo ebazpen espresa beharko da.

2. Salbuespen gisa, prozeduraren hurrengo faseetan ere egiten ahalko dira eztabaida prozesuak, baldin eta ezarri beharreko politika publikoak hasiera batean aurreikusten ez zen garrantzia hartu baldin badu izapidetze fasean, edo politika horren ezaugarriak nabarmen aldatu badira.

18. artikulua. Eztabaida prozesuaren oinarriak.

Eztabaida prozesu guztietan oinarri batzuk finkatu beharko dira, non, prozesuaren oinarrizko elementuez gainera, gutxienez honako alderdi hauek ere zehaztuko baitira:

a) Eztabaida prozesuaren xedeko gaia edo gaiak, hasierako proposamen edo proiektu batean zehaztuak, zeina eranskin gisa gehituko baitzaio deialdiari.

b) Prozesua koordinatzeaz arduratuko den administrazio eskudunaren organoa.

c) Eztabaida prozesuaren gehieneko iraupena, zeina gehienez lau hilabetekoa izanen baita, salbu eta konplexutasun handiko kasuetan, non sei hilabetekoa izaten ahalko den, arrazoibidez justifikatuz gero.

d) Eztabaida bermatzeko aurreikusitako jarduerak eta haien gutxi gorabeherako egutegia.

e) Administrazio publiko ukituak eta pertsona interesdunak.

f) Prozesuaren hasieraren eta garapenaren berri emateko bideak.

g) Prozedura eta epe berariazkoa, zozketa bidez parte hartzeko formula erabili behar den kasuetan.

19. artikulua. Bukaerako txostena.

Eztabaida prozesua bukatuta, berrogeita bost eguneko epean gehienez, organo eskudunak bukaerako txostena prestatuko du prozesuari buruz, iritsitako konklusioak eta egindako eztabaidaren balorazioa jasoko dituena. Txosten hori Nafarroako Gobernuko Parte-hartzearen gune digitaletan edo toki entitateak duen antzeko beste gune batean argitaratuko da.

III. KAPITULUA

Partaidetzazko aurrekontuak

20. artikulua. Definizioa.

Herritarrek aurrekontuaren prestaketan parte hartzen ahal duteneko prozesuak dira; herritarrek, halaber, parte hartuz laguntzen dute beren iritzia ematen edo diru-sarrerekin eta aurrekontu-lehentasunekin lotutako alderdiak zehazten, bai eta xede horretara berariaz esleitutakoak diren gastu-aurrekontuko partida jakin batzuen zertarakoa zehazten ere.

21. artikulua. Partaidetzazko aurrekontuak Nafarroako Gobernuan.

1. Gobernuak herritar nafarren iritzia jasoko du bai Nafarroako aurrekontu orokorren urteko aurreproiektuaren aurrerapenari buruz, bai, behin onetsi ondoren, aurrekontuen edukiari buruz.

2. Era berean, Nafarroako Gobernuko departamentuek herritarren parte-hartze prozesuak sustatuko dituzte gastuaren alderdi jakin batzuk lehenesten laguntzeko. Prozesu horiek izan daitezke kasuan kasuko departamentuari atxikitakoak diren gastu-aurrekontuko partiden gainekoak, edo Nafarroako Foru Komunitateko Aurrekontuaren gastuen egoera-orrien aurreproiektuetan sartuak izateko aurreikusita dauden beste partida batzuen gainekoak. Hori guztia erregelamenduz ezarriko da, foru lege hau onetsi ondoren.

3. Nafarroako Gobernuak gutxienez ere oinarrizko parte-hartze prozesu bat ezarri beharko du, aurreko puntuan aipatzen den erregelamenduan ezartzen diren aukeren eta modalitateen mugapean.

22. artikulua. Toki entitateen partaidetzazko aurrekontuak.

1. Toki entitateek, dauzkaten eskumen eta eskudantziekin bat, zilegi izanen dute herritarren parte-hartze prozesuak abian jartzea (partaidetzazko aurrekontuak, esate baterako) beren aurrekontuen alderdi jakin batzuk lehenesteko.

2. Prozesu horien helburua da gastuaren eta diru-sarrerekin lotutako alderdi batzuen esleipena toki entitateek egin dezatela betiere kontuan hartuz parte-hartze prozesu batean adierazitako lehentasunak, prozesu horretan herritarren iritziak, irizpideak eta sentsibilitateak aurretiaz entzunda.

3. Nafarroako Gobernuak lagundu eginen du toki entitateek aurrera eramandako partaidetzazko aurrekontuak bultzatzen eta sustatzen, ekintza positiboen bidez eta informazio, prestakuntza eta sentsibilizazioaren bidez.

IV. KAPITULUA

Galdeketak

LEHENENGO ATALA

Modalitateak

23. artikulua. Modalitateak.

Administrazio publikoek hainbat kontsulta-modalitate sustatu ahalko dituzte herritarren parte-hartze prozesuak direla eta:

a) Inkestak: herritarrek gai bati edo batzuei buruz duten iritzia ezagutzeko helburua duten teknika demoskopikoak dira.

b) Entzunaldi publikoa: administrazio publiko batek politika publiko jakin batekin zerikusia duten pertsona eta entitateei entzuteko irekitzen duen ahozko prozedura publikoa da, behar den erabakia hartu aurretik egin beharrekoa.

c) Kontsulta-foroak: Administrazioaren ekimenez sortzen diren eztabaidaguneak dira, eta haien helburua da politika publiko baten ondorioei buruz eztabaidatzea eta gogoeta egitea, eta politika horiek herritarrengan izanen dituzten benetako ondorioei buruzko balorazio-analisiak egitea.

d) Herritarren panelak: Administrazioak aldi baterako sortzen dituen informazio guneak dira, eta haien helburua da Administrazioak berak interes publikoko edozein gairi buruz proposatzen dituen kontsultei erantzutea, bereziki herritarrek etorkizunera begira dituzten aurreikuspenei buruz.

e) Herritarren epaimahaiak Administrazio Publikoak sorturiko taldeak dira, eta haien helburua da Administrazioaren ekintza, programa edo proiektu jakin baten ondorioak aztertzea.

f) Herritar-galdeketak: kapitulu honen bigarren atalean araututakoak dira.

24. artikulua. Garapena.

Administrazio publiko eskudunak ezarriko du zein kasutan izanen den egokia galdeketa-modalitate horietako bakoitza, bai eta prozesu bakoitza publiko egiteko eta garatzeko eta emaitzak herritarren eskura jartzeko mekanismoak ere.

BIGARREN ATALA

Herritar-galdeketak

25. artikulua. Definizioa.

1. Foru lege honen ondorioetarako, Foru Komunitate edo toki mailako herritar-galdeketa da herritarren parte-hartzerako tresna bat, non erreferendum-edukirik gabeko bozketa-sistema bat erabiltzen baita, sektore edo gizatalde jakin baten edo deitutako herritar guztien iritzia ezagutze aldera haiengan eragina duten interes publikoko gaietan.

2. Foru lege honetatik kanpo geratzen dira Toki esparruko herri kontsultak arautzen dituen urriaren 28ko 27/2002 Foru Legean araututako kontsulta-gaiak, bai eta erreferendumaren xede diren gai guztiak ere, Konstituzioaren 149.1.32 artikuluan xedatutakoari jarraituz.

26. artikulua. Adierazpen sistemak.

1. Herritar-galdeketa batean parte hartzeko eskubidea duten pertsona guztiek zilegi izanen dute beren iritzia berdintasunez, libreki, zuzenean eta sekretupean adieraztea, bozketa bidez.

2. Galdeketa, beti, gai bati edo batzuei buruzkoa izanen da, galdeketaren deialdian esplizituki erredaktatu beharko direnak. Testuan, beti, gai bakoitzari buruz egon daitezkeen aukerabideak jasoko dira, eta boto-emaileek haietako bat berresten ahalko dute, edo ez.

3. Bozketa presentziala edo telematikoa izan daiteke, deialdian zer erabakitzen den.

27. artikulua. Subjektuak.

1. Nafarroa mailako herritar-galdeketetan parte hartzeko eskubidea foru lege honen 6.2 artikuluan aipatzen diren pertsonek izanen dute, galdeketaren xedeko gaiarekin zerikusia badute, 16 urtetik gorakoak badira eta urtebetetik gora badaramate Nafarroan erroldaturik.

2. Toki mailako herritar-galdeketetan parte hartzeko eskubidea izanen dute administrazio prozedura erkideari buruzko oinarrizko araudiaren arabera jarduteko ahalmena duten pertsonek, galdeketaren xedeko gaiarekin zerikusia badute, 16 urtetik gorakoak badira eta urtebetetik gora badaramate erroldaturik herritar-galdeketaren deialdia egiten duen toki entitatean.

3. Aurreko ataletan finkatutako adin-muga aldatzen ahalko da haurrak eta haurren eskubideak zuzen-zuzenean ukitzen dituzten gaiei buruzko galdeketetan.

4. Botoa emateari begira, administrazio publikoek foru lege honen 6.2 artikuluan xedatutakoa betetzen dela bermatzeko moduko egiaztapen sistema bat ezartzen ahalko dute, erregelamenduz ezarriko diren zertzeladekin.

28. artikulua. Mugak.

1. Galdeketaren xedeko gaia organo dei-egilearen eskumenekoa izan beharko da.

2. Urtean, Nafarroa mailako hiru herritar-galdeketa egiten ahalko dira gehienez.

3. Urtean, gehienez toki mailako bost herritar-galdeketa egiten ahalko dira toki entitate bakoitzean.

4. Lehendik kontsultapean jarritako gai berari buruz beste herritar-galdeketa bat egin baino lehen, bi urte igaro beharko dira hasierako galdeketatik, zeinahi delarik galdeketaren eremua.

V. KAPITULUA

Gardentasuna

29. artikulua. Definizioa.

Foru lege honen ondorioetarako, jendaurrean jartzea Nafarroako administrazio publikoen ekimenez sustatutako parte-hartze baliabide bat da, honako hauek bermatzeko behar diren administrazio xedapenak biltzen dituena:

a) Izaera orokorreko planen edo programen edonolako proposamenen gaineko edo haien aldaketen edo berrikuspenen gaineko informazioa ematea herritarrei.

b) Proposamen horiei buruzko informazioa ulergarria izatea eta irisgarri egotea, eta, zehazki, behar den informazioa ematea erabakitze-prozesuetan parte hartzeko eskubideari buruz, eta, orobat, jakiteko zein administrazio publiko eskudunetan aurkeztu behar diren iruzkinak edo alegazioak.

c) Jendaurrean egoteko aldian herritarrek oharrak eta iritziak adierazi ahal izatea. Epe hori ez da hilabetetik beherakoa izanen inola ere, eta erakundeen komunikazio-bideak erabiliz iragarriko da, plan eta programa orokorrari buruzko erabakiak hartu baino lehen.

d) Erabaki horiek hartzean, behar bezala aintzat hartzea herritarrek parte hartzeko prozesuaren emaitzak.

e) Foru lege honen beraren 7. artikuluaren 8. apartatuan aipatutako bideetan azaltzea.

f) Nafarroako Foru Komunitatean administrazio-prozesuei buruzko legeek eta beste erregelamendu batzuek nahitaezko gisa jasotzen dituzten aldez aurreko kontsultak hobetzea.

30. artikulua. Kontuak ematea.

Parte-hartze demokratikoaren zikloaren azken maila da, eta politika publikoen eta parte-hartze prozesuen ebaluazioaren bidez gauzatzen da. Horrenbestez, administrazio publikoek behar diren neurriak hartuko dituzte bermatzeko herritarrek zorrotz ezagutzen dituztela politika publikoen emaitza eta haiek berekin dakarten inpaktu soziala.

III. TITULUA

Herritarren ekimenak

I. KAPITULUA

Herritarren araugintza-ekimenak

31. artikulua. Foru lege proposamenak.

Nafarroako herritarrek zilegi dute Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 19.2 artikuluan jasotako legegintza-ekimena abian jartzea, foru lege proposamenak aurkeztuz, Legegintzako herri-ekimena arautzen duen martxoaren 25eko 3/1985 Foru Legean ezarritako zertzelada eta baldintzekin.

32. artikulua. Tokiko arau-proposamenak.

Nafarroako herritarrek zilegi dute herritarren ekimena abian jartzea kasuan kasuko toki entitatean aurkeztuz bere eskumeneko xedapen orokorren proiektuak edo jarduketen edo erabakien proposamenak, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legean ezarritako zertzeladekin eta baldintzekin.

II. KAPITULUA

Toki korporazioetako kideak gaitzesteko herritarren ekimenak

33. artikulua. Hasiera.

Foru lege honen 6. artikuluan aipatutako subjektuek zilegi dute toki korporazio bateko edozein kide gaitzesteko izapidea hastea. Ekimena kasuan kasuko toki entitatearen Erregistroan agiri hauek aurkeztuz jarriko da abian:

1. Gaitzespenaren arrazoiak azaltzen dituen idazkia.

2. Ekimenaren eledun bat eta eledunaren ordezko bat izendatzeko idazkia, haien datu pertsonalak (izen-abizenak eta NANaren fotokopia sinatua) eta jakinarazpenetarako helbide bat adierazita.

3. Ekimena sostengatzen duten sinaduren zerrenda.

34. artikulua. Onargarritasunik eza.

Ekimenaren onargarritasunik eza dakarten arrazoiak honako hauek dira:

a) Gaitzetsi nahi den pertsona beraren aurka antzeko ekimen bat aurkeztu izana legegintzaldi berean, betiere ekimen horrek izapidetzeko behar diren sinadurak lortu bazituen.

b) Ekimenerako arrazoiak zerikusirik ez izatea gaitzetsi nahi den pertsonaren udal jarduerarekin.

c) Foru lege honetan ezarritako betebeharretakoren bat bete ez izana.

35. artikulua. Sinadurak.

1. Kasuan kasuko udalerrian urtebetetik gora erroldaturik daramaten pertsona adinez nagusiek sinatzen ahalko dute gaitzespen baterako ekimena.

2. Gaitzespen ekimen bat aurkezteko, honenbeste sinadura beharko dira gutxienez:

a) 50.000 biztanle baino gehiagoko udalerrietan, erroldaturiko pertsonen %2, gutxienekoa 1.500 sinadura izanik.

b) 2.000 biztanletik 50.000ra bitarteko udalerri eta kontzejuetan, erroldaturiko pertsonen %3, gutxienekoa 120 sinadura izanik.

c) Gainerako udalerri eta kontzejuetan, erroldaturiko pertsonen %6, gutxienekoa 15 sinadura izanik.

3. Sinadura bakoitzarekin batera kasuko erroldatze ziurtagiria aurkeztu beharko da.

36. artikulua. Izapidetzea.

1. Ekimena aurkezturik, entitateko idazkaritzari dagokio eskatutako sinadura kopurua aurkeztu dela eta ekimena onartzeko baldintzak bete direla egiaztatzeko agiria egitea.

2. Kasu horretan, udal talde guztiei jakinaraziko zaie, mozio bat planteatu ahal izan dezaten egoki diren bideak erabiliz.

III. KAPITULUA

Beste herritar-ekimen batzuk

LEHENENGO ATALA

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan prozesu parte-hartzaile bat irekitzeko ekimena

37. artikulua. Hasiera.

Hamar pertsonak edo gehiagok eskatuta, Nafarroako Gobernuak foru lege honen II. tituluan aurreikusitako prozesu parte-hartzaile baten deialdia egin dezala eskatzeko izapidea has daiteke. Prozedurari hasiera emateko, honako agiri hauek aurkeztu beharko dira Erregistroan, Nafarroako Gobernuko Parte-hartze kontuetarako Unitate Espezializatuari zuzenduak:

a) Honako hauek azaltzen dituen idazkia: herritarren parte-hartze prozesua irekitzea gomendatzen duten arrazoiak, parte-hartze prozesuaren xedea eta, 12. artikuluaren arabera, prozesuaren deialdia egin beharko lukeen Gobernuaren organoa.

b) Honako hauek azaltzen dituen idazkia: proposatzen den parte-hartze prozesu mota zein den eta prozesu hori nola egokitzen zaion kasuari.

c) Gutxienez hamar pertsonak osatutako izen-zerrenda bat, hortik aurrera Ekimenaren Sustatzaileen Batzordea osatuko dutenak. Pertsona horiek beren eskubide zibil eta politikoen jabe izan beharko dira oso-osorik, Nafarroan erroldatuak egon beharko dira eta beren datu pertsonalak aurkeztu beharko dituzte (izen-abizenak eta NANaren fotokopia sinatua). Zerrenda horretan, emakumeen eta gizonen arteko banaketa orekatua izanen da. Gainera, honako hauek adierazi beharko dira:

–Ekimenaren eledun izanen den pertsona eta haren ordezkoa, jakinarazpenetarako helbide bat adierazita.

–Ekimenaren sustatzaile gisa agertu nahi duten erakundeak, 6.3. artikuluan aipatutako talderen batekoak izan beharko direnak, betiere.

38. artikulua. Onarpena.

1. Foru lege honen 12.1 artikuluan ezarritakoaren arabera eskumena duen organoak ekimena izapidetzeko onartzeari buruzko erabakia hartuko du, ebazpen arrazoitu baten bidez. Ebazpen hori ekimenaren eledunari jakinaraziko zaio, eta Nafarroako Gobernuaren Parte-hartzearen gune digitaletan argitaratuko da.

2. Erregistroko sarrera-egunetik hasita hamabost eguneko epean erantzuten ez bada, ulertuko da ekimena izapidetzeko onartu dela.

39. artikulua. Izapidetzea.

1. Ekimena izapidetzeko onartu ondoren, oso-osorik argitaratuko da Nafarroako Gobernuaren Parte-hartzearen gune digitaletan, atal berezi batean.

2. Ekimenak 5.000 sinadura bildu beharko ditu gutxienez.

3. Sinatzaileak adinez nagusiak izanen dira, urtebetetik gora eraman beharko dute erroldatuak Nafarroan, Parte-hartzearen Erregistroan inskribatuak egon beharko dute eta haien sinadurak foru lege honen 49. artikuluan aurreikusitako prozeduren bidez egiaztatuak egon beharko dira.

4. Sinadurak biltzeko, sei hilabeteko epea egonen da. Epe hori agortuta ez badira aurkeztu eskatutako sinadurak, ekimena iraungi eginen da. Egoera hori ekimenaren eledunari jakinaraziko zaio, eta Nafarroako Gobernuko Parte-hartzearen gune digitaletan argitaratuko da.

5. Eskatutako sinadura kopurua bildu dela egiaztatzen duen erregistro-ziurtagiria jasota, organo eskudunak hilabeteko epean eginen du eskatutako prozesu parte-hartzailearen deialdia.

BIGARREN ATALA

Toki entitateetan prozesu parte-hartzaile bat irekitzeko ekimena

40. artikulua. Hasiera.

Hamar pertsonak edo gehiagok eskatuta, foru lege honen II. tituluan aurreikusitako toki mailako prozesu parte-hartzaile baten deialdia egiteko izapidea hasten ahalko da. Erregistroan agiri hauek aurkeztuz hasiko da prozedura:

a) Toki entitateko lehendakariari zuzendutako idazki bat, non azalduko baitira herritarren parte-hartze prozesua irekitzea gomendatzen duten arrazoiak eta haren xedea.

b) Honako hauek azaltzen dituen idazkia: proposatzen den parte-hartze prozesu mota zein den eta prozesu hori nola egokitzen zaion kasuari.

c) Gutxienez hamar pertsonak osatutako izen-zerrenda bat, hortik aurrera Ekimenaren Sustatzaileen Batzordea osatuko dutenak. Pertsona horiek beren eskubide zibil eta politikoen jabe izan beharko dira oso-osorik, toki entitatean erroldatuak egon beharko dira eta beren datu pertsonalak aurkeztu beharko dituzte (izen-abizenak eta NANaren fotokopia sinatua). Zerrendan, emakumeen eta gizonen arteko banaketa orekatua izanen da. Gainera, honako hauek adierazi beharko dira:

–Ekimenaren eledun izanen den pertsona eta haren ordezkoa, jakinarazpenetarako helbide bat adierazita.

–Ekimenaren sustatzaile gisa agertu nahi duten erakundeak, 6.3. artikuluan aipatutako talderen batekoak izan beharko direnak, betiere.

41. artikulua. Onarpena.

1. Toki entitateko lehendakariak ekimena izapidetzeko onartzeari buruzko erabakia hartuko du, ebazpen arrazoitu baten bidez. Ebazpen hori ekimenaren eledunari jakinaraziko zaio, eta toki entitatearen iragarki-taulan eta, hala badagokio, web-orrian argitaratuko da, bai eta haren gune digitaletan ere, sare sozialak, berehalako mezularitza eta beste barne direla.

2. Erregistroko sarrera-egunetik hasita hamabost eguneko epean erantzuten ez bada, ulertuko da ekimena izapidetzeko onartu dela.

42. artikulua. Izapidetzea.

1. Ekimena izapidetzeko onartu ondoren, oso-osorik argitaratuko da toki entitatearen iragarki-taulan eta, hala badagokio, haren web-orrian; baita Nafarroako Gobernuko Parte-hartzearen gune digitaletan ere, Batzorde Sustatzaileak eskatuz gero.

2. Horrelako ekimenak aurkezteko, honenbeste sinadura beharko dira gutxienez:

a) 50.000 biztanle baino gehiagoko udalerrietan, erroldaturiko pertsonen %2, gutxienekoa 1.500 sinadura izanik.

b) 2.000 biztanletik 50.000ra bitarteko udalerri eta kontzejuetan, erroldaturiko pertsonen %3, gutxienekoa 120 sinadura izanik.

c) Gainerako udalerri eta kontzejuetan, erroldaturiko pertsonen %6, gutxienekoa 15 sinadura izanik.

3. Sinadura bakoitzarekin batera kasuko erroldatze ziurtagiria aurkeztu beharko da.

4. Kasuan kasuko udalerrian urtebetetik gora erroldaturik daramaten pertsona adinez nagusiek sinatzen ahalko dute ekimenarekiko atxikimendua.

5. Sinadurak biltzeko, sei hilabeteko epea egonen da. Epe hori agortuta ez badira aurkeztu eskatutako sinadurak, ekimena iraungi eginen da. Egoera hori ekimenaren eledunari jakinaraziko zaio, eta aipatutako gune digitaletan argitaratuko da.

6. Entitateko idazkariak eskatzen den sinadura kopurua bildu dela egiaztatzeko ziurtagiria eginda, eskatutako prozesu parte-hartzailearen deialdia eginen da, hilabeteko epean.

IV. TITULUA

Antolaketa administratiboa

43. artikulua. Parte-hartzearen gune digitala.

Gobernu Irekiaren parte-hartzearen gune digitala parte-hartzeari buruzko informazioa eskuratzeko puntua izanen da, eta hartatik bideratuko da informazio hori. Atari horretan:

a) Nafarroako Gobernuak inplementatutako herritarren parte-hartze prozesu guztiak zentralizatuko dira.

b) Nafarroako Gobernuak onetsi eta inplementatzeko moduan dauden herritarren parte-hartze prozesu guztien katalogo bat jarriko da.

c) Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan herritarren parte-hartzearen gainean dagoen araudia argitaratuko da.

d) Beste edonolako herritarren parte-hartze prozesu bat proposatzeko beharrezkoak diren baldintza eta irizpideen gida bat argitaratuko da. Prozesua onetsiz gero, katalogoan sartuko da.

e) Toki entitateek hala eskatuz gero, aukera emanen zaie parte-hartzearen gune digitalaren baliabideak erabil ditzaten bai nork bere toki esparruan herritarren parte-hartzea sustatzeko, bai esteka bat ezartzeko toki entitateak berak parte-hartze kontuetarako duen webgunearekin lotzeko.

f) Hurrengo artikuluan aipatzen den gune digital propioa izateko erraztasunak emanen dira.

44. artikulua. Parte-hartzerako gune propioa.

1. Foru lege honetan jasotako herritar-ekimenen sustatzaileen batzordeek gune digital bat izanen dute Gobernu Irekiaren gune digitalaren barruan beren proposamena defendatzeko eta hedatzeko eta lortzen dituzten sinadurak kudeatzeko.

2. Gune digital horretan honako hauek bilduko dira: ekimenaren testua, ekimenaren justifikazioa, sinatzeko aukera, sinadura digitalaren mekanismoa lehenbizikoz eskatzeko aukera, ordura arte jasotako sinaduren kontagailua eta, azkenik, sinadurak biltzeko ezarritako epea bukatzeko falta diren egunen kontagailua.

3. Ekimenaren justifikazioa Sustatzaileen Batzordeak erabakitzen duen formatuan eginen da: testua, bideoa, audioa edo Gobernu Irekiaren gune digitalean txerta daitekeen beste edozein formatu. Sustatzaileen Batzordeak noiznahi aldatzen ahalko du justifikazioaren formatua, betiere sinadurak biltzeko ezarritako epearen barruan. Justifikazioan, gainera, beste orri edo gune batzuetara iristeko estekak txertatzen ahalko dira, betiere horietan irabazi-asmorik ez badago.

4. Parte-hartzearen gune digitalean behar diren estekak jarriko dira Sustatzaileen Batzordeak prozesuaren zabalkundea eta sinadura-bilketa Interneten bidez egin ahal izan ditzan, horretarako gaitutako edozein gailuren bidez (mugikorrak, ordenagailuak, tabletak eta abar).

45. artikulua. Parte-hartze arloko unitate espezializatua.

Herritarren parte-hartzearen arloko eskumena esleitua duen Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko departamentuak herritarren parte-hartze arloko unitate espezializatu bat izanen du, eginkizun hauek betetzeko:

a) Behar diren sinadurak biltzen dituzten herritarren parte-hartze prozesuak abian jartzen direla bermatzea, eta haien sustatzaileen batzordeari aholkularitza eta laguntza teknikoa ematea.

b) Nafarroako Gobernuak deitzen dituen herritarren parte-hartze prozesuak abiarazteko lana koordinatu eta zentralizatzea.

c) Parte-hartzeari buruzko aholkularitza eta laguntza teknikoa ematea departamentuetako parte-hartze unitateei, toki entitateei eta horretarako eskaera egiten duten pertsona eta elkarteei.

d) Parte-hartzearen gune digitalak kudeatzea eta eguneratzea, eta barne ezagutzaren kudeatzaile bat garatzea Nafarroako Gobernuko departamentu guztientzat.

e) Herritarren parte-hartzea dela-eta prestakuntza, sentsibilizazio, informazio, aitorpen eta sustapen ekintzak bultzatzea.

f) Departamentuetako parte-hartze unitateek aurrera eramaten dituzten parte-hartze prozesuak identifikatzea, haien gaineko aholkuak ematea, egiaztatzea eta ebaluatzea.

g) Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Parte-hartzearen gaineko urteko plana prestatzea, Nafarroako Gobernuak onets dezan.

h) Parte-hartze prozesu guztietan erabateko irisgarritasuna dagoela bermatzea; bereziki, desgaitasunen bat duten pertsonentzat.

i) Begiratzea goian aipatutako neurri guztiak txertatzen direla genero-ikuspuntuaren printzipioekin bat.

j) Parte-hartzearen gune digitalen, sare sozialen, berehalako mezularitzaren eta bestelakoen bidez Nafarroako Foru Komunitateko partaidetza-prozesuen bultzatze, sustapen eta zabalkunde egokiak egiten direla zaintzea.

k) Foru lege honetan aurreikusita dauden eta prozesua onetsi baino lehen gauzatu behar diren parte-hartze prozesu guztien kalitatea baloratzea eta Nafarroako Gobernuari hari buruzko txostena egitea.

l) Nafarroako Foru Komunitateko parte-hartze prozesuen urteko oroitidazki bat egitea.

m) Nafarroako Foru Komunitatean parte-hartzearekin lotutako kide anitzeko organoen funtzionamendua ebaluatu eta hobekuntzak bultzatzea.

46. artikulua. Herritarren parte-hartzerako departamentu-unitateak.

1. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuek, nork bere antolaketarako foru dekretuan, herritarren parte-hartzearen arduraduna izanen den administrazio unitatea edo organoa izendatu edo eratu beharko dute.

2. Administrazio unitate horiek eginkizun hauek izanen dituzte:

a) Nafarroako Gobernuko Parte-hartze kontuetarako Unitate Espezializatuarekin batera, departamentuak sustatutako parte-hartze prozesuak kudeatzea, baita departamentua ukitzen duten beste parte-hartze prozesu batzuk ere, herritarren ekimenez garatzen direnak, betiere prozesu horiek abian jartzean foru lege honetan bildutako parte-hartze eskubideak errespetatzen direla bermatuz.

b) Parte-hartze prozesuak abian jartzeko eskatutako informazio guztia ematea Nafarroako Gobernuko Parte-hartze kontuetarako Unitate Espezializatuari.

c) Nafarroako Gobernuko Parte-hartze kontuetarako Unitate Espezializatuarekin batera, sustatzea departamentuko langileen prestakuntza eta herritarren sentsibilizazioa parte-hartzearen arloan.

47. artikulua. Parte-hartzaileen Erregistroa.

1. Nafarroako Gobernuko Parte-hartzaileen Erregistroa sortzen da, herritarren parte-hartzearen arloan eskumena duen departamentuari atxikita, non foru lege honen arabera galdeketa batean edo herritarren ekimen batean parte hartzera deituak izan daitezkeen pertsona eta gizarte-entitate guztiak sartuko baitira.

2. Foru lege honetan ezarritako kasuetan parte hartzeko eskubidea erabiltzeko legitimaturik dauden pertsonak edo entitateak direla egiaztatzen duten erregistro-tresnetako datuak jasoko dira Parte-hartzaileen Erregistroan.

3. Erregistroan izena emana ez izateak ez du inoiz ere ekarriko parte hartzeko eskubidea kentzea edo hari uko egitea, betiere sinatzen den unean legitimaturik dagoela egiaztatzen bada.

4. Parte-hartzaileen Erregistroaren araubide juridikoa eta funtzionamendua erregelamendu bidez zehaztuko dira.

48. artikulua. Herritarren Parte-hartzerako Nafarroako Kontseilua.

1. Herritarren Parte-hartzerako Nafarroako Kontseilua eratzen da, Nafarroako Gobernuaren barruan herritarren parte-hartzearen gaineko eskumena duen departamentuari atxikita.

2. Herritarren Parte-hartzerako Nafarroako Kontseilua herritarren parte-hartzeari lotutako gaietan kontsultak egiteko eta parte hartzeko organo gorena da Nafarroako Foru Komunitatean.

3. Kontseiluak eginkizun hauek izanen ditu:

a) Aholkularitza lanak egitea Nafarroako Administrazio Publikoei dagokienez, erakunde espezializatuei aholkuak ematea herritarren parte-hartzearen gaineko politiken diseinuari buruz eta irizpenak edo txostenak egitea parte-hartze demokratikoarekin zuzeneko lotura duten aplikazio orokorreko programa, plan edo xedapen arau-emaileei buruz.

b) Herritarren parte-hartzeari buruzko politika publikoen planifikazioan, egikaritzean, segimenduan eta ebaluazioan herritar-partaidetzako entitateen elkarte-mugimenduak izanen duen lankidetzazko partaidetza tankeratzea.

c) Herritarren parte-hartzeak Nafarroan duen egoera orokorra analizatu, ikertu eta ebaluatzea, erreferente esanguratsuetatik abiatuta, horri esker parte-hartzerik gabeko egoerak antzeman ahal izateko, eta politika publikoetan herritarren parte-hartzea sustatzeko egoki iruditzen zaizkion neurri guztiak proposatzea.

d) Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Parte-hartzearen gaineko urteko planari buruzko txostena egitea.

e) Nafarroako Gobernuaren Parte-hartzearen gaineko urteko memoriaz arduratzea.

f) Indarra duten arauetan esleitzen zaizkion gainerako eginkizunak.

4. Herritarren Parte-hartzerako Nafarroako Kontseilua txertatzen den departamentuak behar adinako laguntza teknikoa eman beharko dio bere eginkizunak egoki bete ditzan.

5. Kontseilua menpean duen departamentuak berariazko partida bat sortuko du Kontseiluaren funtzionamenduari eusteko eta, esleitu zaizkion eginkizunei loturik, bidezko diren jarduketak egin ditzan.

6. Herritarren Parte-hartzerako Nafarroako Kontseiluaren osaera, antolaketa eta funtzionamenduaren erregelamendu-zehaztapena foru dekretuz eginen da. Betiere, zein departamenturi atxikita dagoen, hango titularra izanen du buru, eta kide hauek izanen ditu:

a) Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren ordezkariak.

b) Nafarroako toki entitateen ordezkariak.

c) Herritarren parte-hartzearen arloan diharduten erakunde, elkarte edo entitateen ordezkariak.

d) Interes sozialak ordezkatzen dituzten herritar-erakunde edo -entitateen ordezkariak.

e) Nafarroako Unibertsitate Publikoaren ordezkariak.

f) Lanbide elkargo batzuen ordezkariak.

V. TITULUA

Sinaduren araubidea

49. artikulua. Sinatzeko sistemak.

Nafarroako Gobernuak eta Parlamentuak egiaztatutzat hartuko dituzte Sustatzaileen Batzordeak aurkeztutako sinadurak, prozedura hauetariko edozeinen araberakoak direnean:

a) Sinadura digitalak, baldin eta Parte-hartzearen gune digitalen bidez izapidetzen badira, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak balidatzen duen erabiltzaile- eta pasahitz-sistema bat erabiliz.

b) Sinadura elektronikoak, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarritakoaren arabera.

c) Paperean aurkeztutako sinadurak. Jarraitu beharreko prozedura erregelamendu bidez ezarriko da, eta, betiere, Parte-hartzearen gune digitaletan eskuragai jarriko da plantilla homogeneo bat. Honako hauek balidatzen ahal dituzte paperean aurkeztutako sinadurak:

–Notario batek.

–Udal idazkari batek, edo hark eskuordeturiko funtzionario batek.

–Sustatzaileen Batzordeak horretarako propio izendatzen duen pertsona batek, betiere eskubide zibil eta politiko guztien jabe baldin bada eta goian adierazitako entitateen aurrean idatzizko konpromisoa adierazten badu.

d) Sinadurak biltzeko plataforma digitalak, auditaturiko kontroldunak, datuen babesari buruzko Europako araudia betetzen dutenak.

50. artikulua. Izapidetzea.

1. Sinadurak aurreko artikuluan ezarritako baliabideetatik edozein erabiliz aurkezten ahalko dira, eta zilegi da baliabide bat baino gehiago edo denak batera erabiltzea kasu bakoitzerako ezarritako sinadura kopurura iristeko.

2. Sustatzaileen Batzordeak Nafarroako Gobernuko Parte-hartze kontuetarako Unitate Espezializatuan edo toki entitateko idazkaritzan aurkeztuko ditu sinadurak, kasuan-kasuan, ezarrita dagoen epea bukatu baino lehen. Aukerakoa da behar diren sinadurak baino gehiago lortzea, epearen barruan, edo finkatutako kopurua bildu eta berehala aurkeztea.

3. Nafarroako Gobernuko Parte-hartze kontuetarako Unitate Espezializatuak edo toki entitateko idazkaritzak sinaduren eta egiaztapenen baliozkotasuna egiaztatu, eta behar diren erregistro-ziurtagiriak eginen ditu.

4. Faltsutze kasuan, sinadurak egiaztatzeko gaiturik dauden pertsona eta entitate guztiek legez ezarrita dauden erantzukizunak izanen dituzte.

51. artikulua. Zehaztapenak.

1. Ezin da foru lege honetan araututako ekimen bat eskatu baldin eta gai berari buruzko beste bat baldin badago eskumen esparru berean.

2. Ekimen batek behar den sinadura kopurua biltzen ez badu, ezin izanen da beste antzekorik aurkeztu harik eta epea bukatzen denetik urtebete igaro arte.

52. artikulua. Epea luzatzea ezinbesteko arrazoiengatik.

1. Ezarritako epea bukaturik, ekimena baliorik gabe gelditzen da. Nafarroako Gobernuko organo dei-egileak, Parlamentuko Mahaiak edo toki entitateko idazkaritzak ezinbesteko arrazoiren bat antzemanez gero, eta, betiere, Sustatzaileen Batzordeak eskatzen badu, epea luzatzen ahalko dute. Luzapen hori hasiera batean ezarritako epearen herena bezainbestekoa izanen da.

2. Luzapenaren berri ekimenaren eledunari jakinarazi beharko zaio, eta deialdia argitaratu zen bitarteko berberetan argitara eman beharko da.

53. artikulua. Emaitzen argitalpena.

Behin sinadurak egiaztaturik eta baliozkoak direnak zenbatu ondoren, Nafarroako Gobernuko Parte-hartze kontuetarako Unitate Espezializatuak edo, hala badagokio, toki entitateko idazkaritzak Nafarroako Aldizkari Ofizialean edo toki entitatearen iragarki-taulan argitaratuko ditu, zein den kasua, baita norberaren wegbunean ere, eta horren berri emanen dio bai Sustatzaileen Batzordeari, bai ekimenaren xedeko erakundeari.

54. artikulua. Salbuespena toki esparrurako.

Toki entitate batek parte-hartzeari buruz onetsia duen ordenantzak edo erregelamenduak sinadura kopuru txikiago bat ezartzen badu foru lege honetan araututako herritar-ekimenetatik edozeinetarako, kopuru txikiago hori aplikatuko da.

VI. TITULUA

Haurren eta nerabeen parte-hartzea

55. artikulua. Haurrek eta nerabeek parte-hartzerako daukaten eskubidea.

Aitortzen da haurrek eta nerabeek, Nafarroan dauden adingabe guztiek, eskubidea dutela parte-hartze aktiboa izateko, beren garapen ebolutiborako egokia den moduan eta beren dibertsitate funtzionalari egokituta, gizarte zuzenago, solidarioago eta demokratikoago baten eraikuntzan, bai eta bizi diren errealitatea ezagutzeko, haiengan eragin handiena duten arazoak deskubritzeko eta haietarako konponbideak emateko, pixkanaka herritartasun aktiboan sartuz.

56. artikulua. Haurren eta nerabeen parte-hartzerako eskubidea eraginkor egiteko, ekitate baldintzetan, Nafarroako erakundeek behar diren xedapenak emanen dituzte.

1. Herritarren parte-hartzerako ekimenek, bai eta haurren eta nerabeen bizitzan eragina duten gaiek ere, administrazio publikoek foru lege honen esparruan egiten dituztenek, haurren eta nerabeen eskubideetan eragina dutenean, behar diren egokitzapenak jasoko dituzte, bai eskainitako informazioan eta komunikazio-bideetan, haurrek eta nerabeek haietan parte hartu ahal izateko, bai informazio-itzulerarako bideak ezartzerakoan ere, haurrek eta nerabeek parte hartzen duten prozesuetan.

2. Nafarroako Gobernuak bere zerbitzura aritzen diren langile guztiek prestakuntza egokia izan dezaten sustatuko du, haurren eta nerabeen parte-hartzearen arloan dituzten eskubideak ezagut ditzaten, eta bestetik, botere publikoek horren gainean hartu dituzten betebeharrez jabe daitezen.

3. Nafarroako Gobernuak bultzatuko du ikastetxeetan parte-hartze prozesuak susta daitezela, haurrak herritartasunaren agente aktibotzat hartuz, hezkuntza-ingurunea, udal mailakoa zein erregio mailakoa, hobetuko duten proposamenak bere egin ditzaten sustatuz, bai eta hezkuntza-komunitatean haurren eta nerabeen parte-hartzearen inguruko gaitasun demokratikoa eta herritartasunarena eraikitzen duten jarrera eta baloreen garapena ere.

4. Toki-administrazioek jarduketak garatuko dituzte haurren eta nerabeen parte-hartzea beren lurralde- eta eskumen-esparruan sartzeko; horretarako, toki-kontseiluak edo parte-hartze egitura egonkorrak sortu eta abian jarriko dituzte, haurrek eta nerabeek osatuak, haiengan zuzenean edo zeharka eragina duten toki-mailako gai guztietan kontsulta- eta partaidetza-eginkizunak izanen dituztenak, eta haien funtzionamendua aldeztuko dute.

5. Nafarroako administrazio publikoek sustatuko dute parte-hartze birtualerako espazioak sor daitezela, haurrentzat eta nerabeentzat irisgarriak; haietan, beren iritziak emateaz gainera, hobekuntza-proposamenak eta iradokizunak egin ahalko dituzte administrazio publiko desberdinen jarduketari buruz.

6. Nafarroako Gobernuak ikerlan eta azterlanak sustatuko ditu eta haietan lagunduko du, haurren eta nerabeen parte-hartzerako estrategia eta tresna berriak eta politika publikoen hobekuntzan izan dezaketen eragina aztertze aldera.

7. Nafarroako Gobernuak toki entitateei lagunduko die haurren parte-hartzerako udal organoak era ditzaten.

8. Nafarroako erakundeek parte-hartze inklusiboa sustatuko dute, eta behar diren jarduketa guztiak garatuko dituzte ahultasun handiena duten taldeetako haurrek eraginkortasunez parte har dezaten sustatzeko.

9. Nafarroako Gobernuak Nafarroako Haurren eta Nerabeen Kontseilua sortuko du, haurren aholku-organo ez-lotesle eta partaidetzazko gisa. Organo horrek proposamenak eginen dizkie erakunde autonomikoei eta iritzia emanen du haurrengan eta nerabeengan eragina duten politikei buruz. Kontseilua osatzen duten haurrak eskubide osoko kide gisa joan ahalko dira, hala nahi badute, Nafarroako Adingabearen Kontseiluaren bilkuretara. Nafarroako Haurren eta Nerabeen Kontseiluaren osaera eta eginkizunak erregelamendu bidez zehaztuko dira, haren taxuerari buruz haurrek eta nerabeek beraiek egindako ekarpenak kontuan hartuta.

10. Nafarroako Gobernuak behar diren bideak ezarriko ditu kontu-ematea tenorezkoa eta egokia izan dadin bultzatzen dituen haurren eta nerabeen parte-hartze prozesuetarako, eta lotura berezia izanen dute Nafarroako Haurren eta Nerabeen Parte-hartzerako Kontseiluarekin.

57. artikulua. Askatasunez elkartzeko eskubidea.

1. Haurrek eta nerabeek bermatuta dute Nafarroan haurrentzako eta gazteentzako elkarteak libreki eratzeko eskubidea, eta elkarte horietako zuzendaritza-organoetan parte hartzeko, lege indardunen eta haien estatutuen arabera.

2. Inongo haur edo nerabe ezin izanen da behartu elkarte bateko kidea izan dadin, ez eta elkarte batean bere borondatearen aurka gera dadin ere, zeren eta haurren parte-hartzerako eskubidea boluntarioa baita.

3. Nafarroako Gobernuak mesedetuko du haurrek eta nerabeek gizartean parte-hartze aktiboa izatea sustatuko duten elkarte eta erakundeak era daitezen.

4. Gazteen elkartegintza sustatzeko Nafarroako Gobernuak eginen dituen jarduketetan, adingabeen parte-hartze aktiboa sustatuko da.

58. artikulua. Adierazpen askatasunerako eskubidea.

1. Administrazio publikoek parte-hartze bideak sustatuko dituzte, egokituak eta irisgarriak, haurren eta nerabeen ideien eta iritzien adierazpen librea erraztuko dutenak beren eskolako eta gizarteko bizitza eta herritar bizitza garatzen den esparru desberdinetan.

2. Nafarroako Gobernuak haurren eta nerabeen iritzi-adierazpen librea mesedetuko du, haiek sustatutako hedabideak aldeztuz.

59. artikulua. Haiengan eragina duten erabakiak direla-eta entzunak eta informatuak izateko eskubidea.

Administrazio publikoek, beren eskumenen esparruan, bermatu beharko dute haurrek eta nerabeek eskubidea izanen dutela beren interes eta eskubideetan eta beren ongizate pertsonal, emozional eta sozialean eragina duen informazio guztia lortzeko, lengoaia egoki eta ulergarrian eta beren inguruabarretara egokituan, duten garapen ebolutiboari eta heldutasunari begiratuta. Materialek behar diren egokitzapen linguistikoak eta aniztasun funtzionalaren araberakoak izanen dituzte. Informazio horrek egokia eta nahikoa izan beharko du erabakiak modu kontziente eta librean hartu ahal izateko.

VII. TITULUA

Parte-hartzea sustatzea

60. artikulua. Sentsibilizazioa.

Nafarroako Gobernuak aktiboki sustatuko du bere eskubideen jakitun den gizarte zibil aurreratu bat sendotuz joatea urratsez urrats. Ildo horretan, sentsibilizazio neurri hauek ezarriko dira partaidetzazko gizarte bat sendotzeko asmoz:

a) Programak, laguntza-neurriak eta prestakuntza- eta sentsibilizazio-ikastaroak herritarrentzat, gizarte-entitateentzat eta herritarren elkarteentzat.

b) Urteko diru-laguntzak gizarte-entitateen eta herritarren elkarteen jarduera sustatzeko.

c) Parte-hartzearen arloan aholku emateko bideak, eta herritarrek sustatutako parte-hartze prozesuen dinamizazioan laguntzekoak.

d) Hezkuntza programak, hitzaldiak eta esku-hartze didaktikoak funts publikoekin lagunduriko Nafarroako Gobernuaren ikastetxeetan.

e) Lankidetza hitzarmenak, herritarrek toki entitateetan duten parte-hartzea sustatzeko.

f) Administrazio publikoek, sindikatuek, enpresek eta abarrek herritarren parte-hartzearen arloan dituzten jardunbide egokiak aitortzeko protokoloak.

61. artikulua. Prestakuntza.

Nafarroako Gobernuak betebehar hauek ditu:

a) Bere zerbitzura aritzen diren langileen artean prestakuntza egokia sustatuko du, batetik, herritarrek parte-hartzearen arloan dituzten eskubideak ezagut ditzaten, eta bestetik, botere publikoek horri buruz hartu dituzten betebeharrez jabetu daitezen.

b) Bere zerbitzura aritzen diren langile guztien jardueren gauzatzean partaidetzazko jardunbideak aktiboki sustatuko ditu.

c) Sustatuko du kargudun publikoek eta teknikariek parte-hartzearen arloko prestakuntza izatea.

d) Herritarren parte-hartzearekin lotutako prestakuntza ekintzak sustatuko ditu gizarte eta enpresa talde eta erakundeentzat.

62. artikulua. Lankidetza.

1. Herritarrek eskubidea dute Administrazio Publikoaren lankidetza eskatzeko, Nafarroako Foru Komunitatearen esparruan herritarren parte-hartzea sustatzen duten irabazi-asmorik gabeko jarduerak egite aldera.

2. Eskaeraren gaia zein den, horren gaineko eskumena duen departamentuari igorri beharko zaio eskaera, eta, horrekin batera, egin asmo den jarduketa eta egiteko modua azaltzen dituen oroitidazki bat aurkeztu beharko da.

3. Departamentuko organo eskudunak, aurkeztutako eskaera ikusita, proposatutako jarduketaren egokitasuna eta bideragarritasuna aztertu, eta arrazoibidez ebatziko du, jarduketa garatzeko emanen duen laguntza zehaztuta, halakorik ematekoa bada.

4. Proposatutako jarduketa ezarri edo garatzeko Administrazio Publikoak eginen duen ekarpena, besteak beste, honelakoa izan daiteke: babesle gisa jardutea; ondasun publikoak lagatzea aldi baterako edo noizbehinka; jarduketa gauzatzeko laguntza teknikoa ematea; erakundeen komunikazio-bideen bitartez jarduketa hedatzen eta ezagutzera ematen laguntzea; sari, aintzatespen edo aipamenak, edota antzeko beste neurri batzuk.

Lehenengo xedapen gehigarria.–Ebaluazioa.

Lau urtean behin, Nafarroako Gobernuak foru lege honen garapenari buruzko ebaluazio txosten bat eginen du, zeina Herritarren Parte-hartzerako Nafarroako Kontseiluari igorriko baitzaio, eztabaidatu eta txostena egin dezan, Nafarroako Parlamentura igorri aurretik.

Bigarren xedapen gehigarria.–Haurren parte-hartzea.

Nafarroako Gobernuak foru lege honen bertsio bat eginen du haurrentzat egokituta, Nafarroako adingabeen artean zabaltzeko.

Nafarroako Gobernuak, foru lege hau onetsi eta sei hilabeteko epean, behar den erregelamendu-garapena eginen du, Nafarroako haurren eta nerabeen parte-hartzerako eskubidea guztiz egikaritu ahal dadin.

Hirugarren xedapen gehigarria.

Nafarroako Unibertsitate Publikoak, bere eskumenen arloan, parte-hartze demokratikoko neurriak ezarriko ditu, foru lege honetan jasotako printzipio eta aurreikuspenekin bat.

Laugarren xedapen gehigarria.

Nafarroako Gobernuaren menpeko ikastetxe publikoek, irakaskuntza-institutuek eta lanbide heziketako zentroek, bai eta itunpeko ikastetxeek ere, zeinek bere eskumenen arloan, parte-hartze demokratikoko neurriak ezarriko dituzte, foru lege honetan jasotako printzipio eta aurreikuspenekin bat.

Xedapen iragankor bakarra.

Nafarroako Parlamentuak, foru lege honen 5. artikuluan oinarrituta, sei hilabeteko gehieneko epean bere erregelamendua egokituko du, Nafarroako Parlamentuan herritarren parte-hartzeko eskubideak bermatze aldera.

Xedapen indargabetzaile bakarra.

Indarrik gabe uzten dira foru lege honetan ezarritakoari aurka egiten dioten maila bereko edo apalagoko xedapen guztiak; eta, berariaz, indarrean zeuden Gardentasunari eta Gobernu Irekiari buruzko ekainaren 21eko 11/2012 Foru Legeko titulu eta xedapenak. Horrenbestez, foru lege hori guztiz indargabetuta geratzen da.

Azken xedapenetako lehenbizikoa.–Aurrekontu-eraginak.

Foru Komunitatearen aurrekontuetan berariazko zuzkidurak jasoko dira, aurrekontu-eskuragarritasunaren arabera, Nafarroan parte-hartzearen sustapena finantzatzeko. Zuzkidura horiek herritarren parte-hartzearen arloan eskumena duen departamentuak kudeatuko ditu, deusetan galarazi gabe parte-hartzea sustatzen duten programetarako laguntzetarako eta diru-laguntzetarako kredituak, gainerako departamentuen gastu-egoeren orrietan aurreikus litezkeenak.

Azken xedapenetako bigarrena.–Arauak emateko gaikuntza.

Nafarroako Gobernuari ahalmena ematen zaio foru lege honetan ezarritakoa aplikatu eta garatzeko behar diren xedapen guztiak emateko.

Azken xedapenetako hirugarrena.–Indarra hartzea.

Foru lege honek indarra hartuko du Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara ematen denetik hiru hilabetera.

Nik, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 22. artikuluan xedatutakoa bete dadin, foru lege hau B.M. Erregearen izenean aldarrikatzen dut, Nafarroako Aldizkari Ofizialean berehala argitara eta “Estatuko Aldizkari Ofizialera” igor dadila agintzen dut eta herritar eta agintariei bete eta betearaz dezatela manatzen diet.

Iruñean, 2019ko martxoaren 22an.–Nafarroako Foru Komunitateko lehendakaria, Uxue Barkos Berruezo.

Iragarkiaren kodea: F1904075