55. ALDIZKARIA - 2019ko martxoaren 21a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

154/2019 EBAZPENA, otsailaren 19koa, Landa Garapeneko, Nekazaritzako eta Abeltzaintzako zuzendari nagusiak emana, deialdi bat onesten duena abeltzaintzaren osasun defentsarako elkarteei laguntzak emateko, abereen gaixotasunak prebenitu eta desagerrarazteko eta haien aurka borrokatzeko osasun programak egiteagatik, 2019. urterako. DDBN identifikazioa: 440780.

Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariaren ekainaren 5eko 230/2015 Foru Aginduaren bidez (otsailaren 28ko 93/2017 Foru Aginduaren bidez aldatua), arauak onetsi ziren abeltzaintzaren osasun defentsarako elkarteei laguntzak emateko, abereen gaitzak prebenitu eta desagerrarazteko eta haien aurka borrokatzeko osasun programak egiteagatik, eta abeltzaintzaren osasun defentsarako elkarteen osasun programen gutxieneko edukia finkatu zen.

Aurretik, Europako Batzordearen Nekazaritzako eta Landa Garapeneko Zuzendaritza Nagusiari laguntza honen berri eman zitzaion. Organo horrek Espainiako agintariek igorritako informazio laburtuaren inprimakia jaso zuela adierazi, eta goian aipatutako arau-proiektua erregistratu zuen, SA.41575 (2015/XA) laguntza zenbakiarekin.

Bestalde, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 18. eta 19. artikuluek ezartzen dutenez, dirulaguntzak emateko prozedura ofizioz hasiko da behin organo eskudunak dirulaguntza emateko araua edo deialdia eta oinarri arautzaileak ezarri eta gero, non eta ez dauden aurrez ezarrita.

Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritako baldintzak betetzen direnez, eta laguntzen araubide honen indarraldia 2020ko abenduaren 31rainokoa denez, Batzordearen 2014ko ekainaren 25eko 702/2014 (EB) Erregelamenduarekin bat, Nafarroako Foru Komunitateak abeltzaintzaren osasun defentsarako elkarteei laguntzak emateko deialdia onetsi nahi du 2019rako. Aipatutako erregelamenduaren bidez barne merkatuarekin bateragarriak diren zenbait laguntza kategoria deklaratzen dira nekazaritza eta basogintza sektoreetan eta landa eremuetan, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuta.

Adierazitakoarekin bat, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22. artikuluak eta Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren oinarrizko egitura organikoa ezartzen duen irailaren 21eko 78/2016 Foru Dekretuak ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Deialdi bat onestea abeltzaintzaren osasun defentsarako elkarteei laguntzak emateko, abereen gaixotasunak prebenitu eta desagerrarazteko eta haien aurka borrokatzeko osasun programak egiteagatik, 2019. urterako.

2. Hilabeteko epea dago eskaerak aurkezteko, ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik hasita.

3. 67.500 euroko gastua baimentzea, 2019ko ekitaldirako Nafarroako Aurrekontu Orokorretako “Zenbait espezieren osasun defentsarako elkarteen sustapena” izeneko 710004 71310 4819 412203 partidaren kargura.

4. Deialdi honetan arau hauek aplikatuko dira: Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariaren ekainaren 5eko 230/2015 Foru Aginduan (otsailaren 28ko 93/2017 Foru Aginduaren bidez aldatua) ezarritako arauak; agindu horren bidez arauak onetsi ziren, abeltzaintzaren osasun defentsarako elkarteei laguntzak emateko, abereen gaitzak prebenitu eta desagerrarazteko eta haien aurka borrokatzeko osasun programak egiteagatik, eta abeltzaintzaren osasun defentsarako elkarteen osasun programen gutxieneko edukia finkatu zen.

5. Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari zuzendua, argitalpen egunaren biharamunetik hasi eta hilabeteko epean.

6. Dirulaguntzen deialdi hau Nafarroako Gobernuaren Dirulaguntzen Datu Basean erregistratzea (NGDDB).

7. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Iruñean, 2019ko otsailaren 19an.–Landa Garapeneko, Nekazaritzako eta Abeltzaintzako zuzendari nagusia, Ignacio Gil Jordán.

Iragarkiaren kodea: F1902593