37. ALDIZKARIA - 2019ko otsailaren 22a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

161/2019 EBAZPENA, 2019ko urtarrilaren 31koa, Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektoreak emana. Haren bidez agintzen da argitaratzeko 2019ko urtarrilaren 31ko Gobernu Kontseiluak onetsi zuen “Erabakia, Nafarroako Unibertsitate Publikoko 2019-2020 ikasturteko Graduko Ikasketa Ofizialetan onartua izateko Araudia aldatzen duena”.

2003ko maiatzaren 12ko 110/2003 Foru Dekretuak onetsitako Unibertsitateko Estatutuetako 40. artikuluak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz, 2019ko urtarrilaren 31n Gobernu Kontseiluak hartu zuen erabakia argitaratzeko agintzen da. Erabaki horren bidez, Nafarroako Unibertsitate Publikoko 2019-2020 ikasturteko Graduko Ikasketa Ofizialetan onartua izateko Araudia aldatu zen.

“ERABAKIA, NAFARROAKO UNIBERTSITATE PUBLIKOKO GRADUKO IKASKETA OFIZIALETAN ONARTUA IZATEKO ARAUDIA ALDATZEN DUENA

Gobernu Kontseiluaren 2017ko maiatzaren 3ko Erabakiaren bidez, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Graduko Ikasketa Ofizialetan onartua izateko Araudia onetsi zen.

Honako arau hauetan ezarritakoaren arabera onetsi zen araudi hau: Hezkuntzari buruzko 2006ko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren 38. artikulua, Hezkuntzako Kalitatea Hobetzeko 2013ko abenduaren 9ko Lege Organikoak emandako idazketarekin, graduko ikasketa ofizialetan onartua izateko prozeduren oinarrizko araudia ezartzen duen 2014ko ekainaren 6ko 412/2014 Errege Dekretua, eta Hezkuntzaren kalitatea hobetzeko 2013ko abenduaren 9ko 8/2013 Lege Organikoa ezartzeko egutegia zabaltzeko presako neurriei buruzko 2019ko abenduaren 9ko 5/2016 Errege Dekretu-Legea.

Bi urteko epean aplikatu eta gero, aldatzea proposatzen da BEUSeko borondatezko faseko hizkuntza proben baremoa ezartzeko aukera jasotzeko, 2018ko urtarrilaren 25eko ECD/42/2018 Aginduko 3. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz. Aipatu Aginduaren bidez, Batxilergoaren Ebaluazioa Unibertsitatean Sartzeko probaren ezaugarriak, diseinua eta edukia, probak beranduenez egiteko egunak eta kalifikazioak berrikusteko prozedurak ebazteko azken egunak 2017/2018 ikasturterako zehaztu ziren.

Atzerriko hezkuntza sistemetatik datozen eta UHUNen gaitasun espezifikoen probak egiten dituzten ikasleak BEUS egin duten Espainiako hezkuntza sistemako ikasleen baldintza berdinetan onartzea ere proposatzen da.

Onartua izateko eskaerak prozedura orokorraren bidez tramitatzeari dagokionez, onartua izateko eskaera bat baino gehiagoren aurkezpena arautzeko aukera irekita uztea proposatzen da ohiko deialdian ikaspostu bat eskatu eta lortu ez duten ikasleek aparteko deialdian beste ikaspostu batzuk eskatzeko aukera izan dezaten.

Azkenik, onartua izateko epeak malgutzea proposatzen da aparteko egoeretan, baldin eta ikasleari egozgarriak ez badira.

Hau da Ikasleen gaietarako, Enplegurako eta Ekintzailetzarako errektoreordeak proposaturik, 2019ko urtarrilaren 31n egindako bileran, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Gobernu Kontseiluak hartu duen.

ERABAKIA:

Lehena.–Nafarroako Unibertsitate Publikoko Graduko Ikasketa Ofizialetan onartua izateko Araudiaren aldaketa onestea. Gobernu Kontseiluak 2017ko maiatzaren 3an egindako bileran onetsi zen araudia, 1. eranskinean ezarritako moduan.

Bigarrena.–Nafarroako Unibertsitate Publikoko Graduko Ikasketa Ofizialetan onartua izateko Araudiaren testu bategina onestea, 2. eranskinean ezarritako moduan, aldaketak egin eta gero.

Hirugarrena.–Araudi hau Nafarroako Unibertsitate Publikoan onartua izateko prozedurei aplikatuko zaie 2019-2020 ikasturtetik aurrera.

Laugarrena.–Erabaki hau aditzera ematea Ikasleen gaietarako, Enplegurako eta Ekintzailetzarako Errektoreordetzari, Irakaskuntzako Errektoreordetzari, Fakultate, Eskola eta Sailetako Zuzendaritzei, Irakaskuntza Zerbitzuari eta Sarbidearen, Beken eta Tituluen Atalari.

Bosgarrena.–Erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitatzeko agindua ematea.

Seigarrena.–Erabaki honen aurka, zilegi da administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea Nafarroako Administrazioarekiko Auzietako Epaitegietan, bi hilabeteko epean, Erabakia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioari buruzko 1998ko uztailaren 13ko 29/1998 Legearen xedapenetan ezarritakoarekin bat.

Iruñean, 2019ko urtarrilaren 31n.–Errektorea, Alfonso Carlosena.

1. ERANSKINA

Nafarroako Unibertsitate Publikoko graduko ikasketa ofizialetan onartua izateko araudiaren aldaketa

Bat.–Aldatu egiten da 3. artikulua, “Graduko ikasketa ofizialetan onartua izateko notaren kalkulua” izenekoa, bere 1. apartatuan. Honela geldituko da:

–“Ikasketetan onartua izateko nota kalkulatzeko ponderatzen diren M1 eta M2 irakasgaiak = hautatutako batxilergoko enborreko aukerako irakasgaiak eta Batxilergoko modalitatea zehazten duten enborreko lau irakasgai orokorrak, kontuan hartu gabe USEaren nahitaezko edo borondatezko fasean gainditu diren, bai eta USEaren borondatezko fasean gainditutako hizkuntza ere.

Ez da sekula ponderatzen ahalko atzerriko hizkuntzako nota baldin eta hori USEaren nahitaezko fasean gainditu bada.”

Bi.–Aldatu egiten da 4. artikulua, “Ikaspostuak esleitzeko balioespen irizpideak”, “g” apartatuan. Honela geldituko da:

–“g) Espainiako Hezkuntza Sistemako Batxilergoko tituluaren baliokide diren titulu, diploma edo ikasketak dituzten ikasleak, Europako Batasuneko kide diren estatuetako edo gai honetan aplikatzekoak diren elkarrekikotasunezko nazioarteko hitzarmenak sinatuta dituzten beste estatu batzuetako hezkuntza-sistemetakoak, baldin eta ez badituzte betetzen haien hezkuntza-sistemetan unibertsitatera sartzeko eskatzen diren baldintza akademikoak; eta, bestetik, Europako Batasuneko kide ez diren eta Batxilergoko titulua aitortzeko elkarrekikotasunezko nazioarteko hitzarmenik sinatu ez duten herrialdeetako hezkuntza-sistemetan lortutako titulu, diploma edo ikasketak dituzten ikasleak, baldin eta Espainiako Hezkuntza Sistemako Batxilergoko tituluarekin homologatuak edo baliokidetzat joak badira.

  • Ikasketetan sartzeko nota: UHUNek edo organo eskudunak emandako indarreko egiaztagirian edo bere tituluaren homologazio egiaztagirian azaltzen den sartzeko nota, batxilergoko batez besteko notari dagokiona.
  • Ikasketetan onartua izateko nota: Ikasle hauek aukera izanen dute aipatu nota hobetzeko. Horretarako, USEaren nahitaezko eta borandatezko fasera aurkeztu behar dute, LOMCE Batxilergoa egin dutenen kondizio beretan. Bestalde, UHUNen, honako irakasgaietako gaitasun berariazkoei buruzko probak ere egiten ahalko dituzte:
  • Enborreko irakasgai orokor guztiak: Espainiako Historia, Espainiako Hizkuntza eta Literatura eta Atzerriko Hizkuntza.
  • Modalitateko enborreko irakasgai bat, hauen artean hautatuta: Matematika, Gizarte-zientziei aplikatutako Matematika, Latina edo Artearen Oinarriak.
  • Aukeran: gehienez enborreko aukerako bi irakasgai, hautatutako batxilergo motaren arabera.

Onartua izateko nota ez da UHUNeko akreditazioan agertzen dena izanen. Formula hau erabiliz kalkulatuko da:

  • %60: batxilergoko batez besteko nota, UHUNek kalkulatua.
  • %40: enborreko irakasgai orokor guztietan eta hautatutako batxilergo motako enborreko irakasgaian lortutako zenbakizko kalifikazioen batez bestekoa. Kalifikazio honek, betiere, 4 edo handik gorakoa izan behar du.

Bestalde, unibertsitatera sartzearren kontuan har dadin, %60ko eta %40ko ponderazio horiek aplikatu eta gero, gutxienez 5 puntu izan behar du:

  • Modalitateko enborreko irakasgaiari eta hautatuko batxilergo motako enborreko aukerako irakasgaiei 3.1 artikuluan aurreikusitako ponderazio-parametroak aplikatuko zaizkie.

Ikasleren bat, onartua izateko apartatu honetan ezarritako notara ailegatzen ez bada UHUNek luzatzen duen indarreko egiaztagirian, onartua izan liteke araudi honen 5. artikuluko c apartatuan ezarritakoaren babesean.”

Hiru.–5. artikuluari, “Lehentasun-ordena, unibertsitateko Graduko ikasketa ofizialetako ikaspostuak esleitzeko” izenekoari alegia, paragrafo bat gehitzen zaio a) letran eta c) letra aldatzen da. Honela geldituko da:

–“Kupo bakoitzean eskainitako ikaspostuak honako lehentasun-ordenari jarraikiz esleituko dira:

a) Lehenbizi, USEa urte hartako deialdi arruntean edo aurreko urteetako deialdietan gainditu dutela egiaztatuta onarpena ohiko aldian eskatu duten ikasleei esleituko zaizkie ikaspostuak, bai eta 4. artikuluko b, c, d, e, f, h, j, k, l, m eta n apartatuek aipatutako sarbide-betebeharrak aldi horretan betetzen dituzten ikasleei ere.

Lehentasun-ordena horrexetan esleituko zaizkie ikaspostuak g apartatuan aipatzen dituen ikasleei, baldin eta, urteko lehenbiziko deialdian edo aurreko urteko deialdietan, gaitasun espezifikoetarako egindako probetara aurkeztu badira -USEaren enborreko eta modalitateko enborreko irakasgaien baliokideak dira- eta aipatu apartatuan ezarritakoari jarraikiz gutxienez 5eko kalifikazioa lortu badute.

c) Hirugarrenik, ikasle hauek esleituko zaizkie ikaspostuak: 4. artikuluko g apartatuan aipatutako ikasleak (salbu eta artikulu honetako a apartatuan ezarritakoa betetzen dutenak) eta i apartatuan aipatutakoak, eta lehenbiziko xedapen iragankorrean aipatuak, hots, USEa 2016ko abenduaren 22ko ECD/1941/2016 Aginduan adierazitako baldintzetan gainditu ez dutenak.”

Lau.–9. artikulua aldatzen da, hots, “Eskaeren tramiteak” izenekoa, bere 2. apartatuan. Honela geldituko da:

–“Interesdunek eskaera aurkezteko aukera dute, eta lehentasun-ordenan zerrendatu behar dituzte nahi dituzten ikasketak. Eskaeran, 3. artikuluan aurreikusitako sartzeko bide bat edo batzuk baliatzeko aukera dute ikasleek, 8. artikuluan aurreikusitako salbuespenak galarazi gabe.”

Bost.–Kapitulu bat eransten da, VIII.a, hauxe dioena:

VIII. KAPITULUA

Ikasleak zenbait egoera berezitan onar daitezela errazteko neurriak

26. artikulua. Zenbait egoera berezitan onartua izateko eskaeren tramiteak.

1. Datozen apartatuetan ezarritakoari jarraikiz tramitatuko dira beste unibertsitate batzuetan matrikulaturik egonda bizilekuz aldatzeko premia duten ikasleen eskaerak, baldin eta egoera hauetakoren batean badaude:

a) Genero-indarkeriaren biktimak, tartean direnean honakoetako bat: kondena-epaia, edo biktima babesteko kautelazko neurriak hartzea erabakitzen duen babes agindua edo ebazpen judiziala, indarrean dagoena, baita, salbuespen gisa, eskatzailea genero-indarkeriaren biktimatzat hartzeko susmoak daudela adierazten duen fiskaltzaren txostena, babeserako agindua eman bitartean. Biktimaren menean bizi diren seme-alabei ere aplikatuko zaizkie neurriak.

b) Ikaslearen edo haren familia unitateko beste norbaiten osasun-arazoak edo segurtasunekoak, ikaslea ezindu badute ikasketekin normal segitzeko. Honela egiaztatu behar da: osasun-arazoak izanez gero, gaixotasunaren arloko ziurtagiri mediko ofiziala aurkeztu behar da, osasun publikoaren sareko mediku espezialista batek emana; segurtasun-arazorik izanez gero, berriz, ebazpen judiziala, martxan den prozesu judizialaren ziurtagiria edo Estatuko Segurtasun Indarren eta Kidegoen txosten ofiziala.

c) Goi mailako edo errendimenduko kirolariak, bizilekuz kirol-arrazoiengatik aldatu direla frogatzen badute.

2. Aurreko apartatuan adierazten diren ikasleek zilegi dute epez kanpo aurkeztea –araudi honen 14. eta 20. artikuluetan ezarritako epetik kanpo– Espainiako edo atzerriko unibertsitate-ikasketaz aldatzeagatiko prozeduraren bidez onartuak izateko eskaera. Haien eskaera aintzat hartzeko baldintza hau da: eskaera epe barnean eskatu izan balute, titulazioan onartzeko aukera izatea, 15. eta 21. artikuluetan ezarritako ikaspostuak esleitzeko irizpideak aplikatu eta gero.

3. Aurreko apartatuaren arabera titulazioan onartzeko baldintzak betetzen ez badituzte, prozedura orokorraren bidez egin behar dute eskaera, araudi honetako 9. artikuluan ezarritako epeetatik kanpo. Haien eskaera aintzat hartzeko baldintza hau da: eskaera epe barnean eskatu izan balute, titulazioan onartzeko aukera izatea, 10. artikuluetan ezarritako ikaspostuak esleitzeko irizpideak aplikatu eta gero.

4. Ikasketetan onartzeko gaietan eskumena duen Errektoreordetzak baloratuko du kasu bakoitzean nolakoa den aparteko egoera eta onarpen-eskaera aurkezten denean zenbat ikaspostu gelditzen diren libre. Titulazioaz arduratzen den NUPeko ikastegiari entzun ondoren, ikaslea onartzea erabaki dezake ikasturteko edozein unetan.

2. ERANSKINA

Nafarroako Unibertsitate Publikoko graduko ikasketa ofizialetan onartua izateko araudiaren testu bategina

Aurkibidea

ZIOEN AZALPENA.

I. KAPITULUA.–Alderdi orokorrak.

1. artikulua. Xedea eta aplikatzeko eremua.

2. artikulua. Definizioak.

II. KAPITULUA.–Balioespen-irizpideak eta lehentasun-ordena.

3. artikulua. Graduko ikasketa ofizialetan onartua izateko notaren kalkulua.

4. artikulua. Ikaspostuak esleitzeko balioespen-irizpideak.

5. artikulua. Lehentasun-ordena, unibertsitateko Graduko ikasketa ofizialetako ikaspostuak esleitzeko.

III. KAPITULUA.–Onartua izateko prozedurak.

6. artikulua. Onartua izateko eta ikaspostuak eskaintzeko prozedurak.

IV. KAPITULUA.–Graduko ikasketak hasteko onartua izateko prozedura orokorra.

7. artikulua. Nork eska dezakeen Graduko ikasketak egiteko onar dezatela, prozedura orokorraren bidez.

8. artikulua. Zer ikasketa eskatzeko aukera dagoen.

9. artikulua. Eskaeren tramiteak.

10. artikulua. Ikaspostuen esleipena.

11. artikulua. Ikaspostuen esleipena argitaratzea.

12. artikulua. Erreklamazioak.

V. KAPITULUA.–Espainiako unibertsitate-ikasketa ofizialak hasiak dituztenak ikasketaz aldatzeagatik onartua izatea.

13. artikulua. Nork duen onar dezatela eskatzeko aukera, ikasketaz aldatzeagatik.

14. artikulua. Eskaeren tramiteak.

15. artikulua. Ikaspostuen esleipena.

16. artikulua. Dokumentazioa.

17. artikulua. Esleipenaren ebazpena.

18. artikulua. Erreklamazioak.

VI. KAPITULUA.–Atzerriko unibertsitate-ikasketaz aldatzeagatik onartua izatea.

19. artikulua. Nork eska dezakeen onar dezatela atzerriko unibertsitate-ikasketaz aldatzeagatik.

20. artikulua. Eskaeren tramiteak.

21. artikulua. Ikaspostuen esleipena.

22. artikulua. Dokumentazioa.

23. artikulua. Esleipenaren ebazpena.

24. artikulua. Erreklamazioak.

VII. KAPITULUA.–Nafarroako Unibertsitate Publikoan Graduko titulu ofizial bat lortu duten eta tituluaren beste aipamen bat egin nahi duten ikasleak onartzea.

25. artikulua. Tituluaren beste aipamen bat egiteko onartua izatea.

VIII. KAPITULUA.–Ikasleak zenbait egoera berezitan onar daitezela errazteko neurriak.

26. artikulua. Zenbait egoera berezitan onartua izateko eskaeren tramiteak.

LEHEN XEDAPEN GEHIGARRIA.–Gradura Egokitzeko Ikastaroa egin nahi duten ikasleak onartzeko prozedura.

BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA.–Beren atzerriko titulua homologatzeko prestakuntzako eskakizun osagarriak gainditu behar dituzten ikasleak.

HIRUGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA.–Utzitako ikasketak berriz hastea.

LEHENBIZIKO XEDAPEN IRAGANKORRA.–2016ko abenduaren 22ko ECD/1941/2016 Aginduaren xedapen iragankor bakarra aplikatu behar zaien ikasleak.

BIGARREN XEDAPEN IRAGANKORRA.–USP probako fase espezifikoko irakasgaiak 2015-2016 ikasturtean gainditu zituzten ikasleak.

HIRUGARREN XEDAPEN IRAGANKORRA.–Ikasleak zer titulazio adieraz ditzakeen 2017-2018 ikasturterako aurreinskripzioan.

XEDAPEN INDARGABETZAILE BAKARRA.–Arauak indargabetzea.

AZKEN XEDAPENETAN LEHENA.–Garapena eta interpretazioa.

AZKEN XEDAPENETAN BIGARRENA.–Indarra hartzea.

ZIOEN AZALPENA

LOMCEren Azken Xedapenetan Bosgarrenaren arabera, 2016ko abenduaren 9ko 5/2016 Lege Dekretua, 2013ko abenduaren 9ko 8/2013 Lege Organikoa –Hezkuntzaren Kalitatea Hobetzekoa– ezartzeko egutegia luzatzeko presako neurriei buruzkoaren idazketan, Hezkuntzaren Aldeko Itun Sozial eta Politikoaren ondoriozko araudiak indarra hartzen duen arte, Batxilergoaren ebaluazio proba bat ezartzen da graduko unibertsitate-ikasketetan sartzeko. Batxilergoko titulua duten ikasleek izanen dute aukera proba horretara aurkezteko. Ebaluazio hori kontuan hartuko da ikasketetan sartzeko eta onartua izateko.

Era berean, 2006ko maiatzaren 3ko Hezkuntzako 2/2006 Lege Organikoak (LOE) ezartzen duenarekin bat etorriz, 2013ko abenduaren 9ko 8/2013 Lege Organikoak, Hezkuntza Kalitatea Hobetzekoak (LOMCE), ematen dion idazketan, unibertsitateek zehazten dute, balioespen irizpideekin bat etorriz, zer ikasle sartuko diren unibertsitateko graduko ikasketa ofizialetara, unibertsitatean sartu ahal izateko titulazioa lortu dutenen artetik.

Aipatutako agindua 2014ko ekainaren 6ko 412/2014 Errege Dekretuak garatu du, hots, unibertsitateko Graduko ikasketa ofizialetan onartua izateko prozeduren oinarrizko araudia ezartzen duenak, eta oinarrizko sarbide-baldintzak finkatzen ditu unibertsitatera sartzeko aukera ematen duten suposizio akademiko bakoitzerako, eta esplizitatu egiten ditu ikasleak onartzeko prozedurak ezartzeko unibertsitateek zilegi dituzten balioespen irizpide batzuk.

Aipatutako araudiaren babesean, G-9 taldea osatzen duten unibertsitateek oinarri den dokumentu bat adostu dute, Espainiako Unibertsitateen Errektoreen Konferentziak (CRUE) urtarrilaren 18an Madrilen egindako batzar nagusian hartutako erabakiak bere eginez. Dokumentu horietan oinarrituz, Nafarroako Unibertsitate Publikoak unibertsitatean sartzeko prozedurak, eta unibertsitateko graduko ikasketa ofizialetako ikaspostuak esleitzeko balioespen irizpideak eta lehentasunezko ordena finkatzeko arauak ezarri ditu. Beherago zehazten dira horiek, eta 2017-2018 ikasturtean aplikatu beharrekoak dira.

I. KAPITULUA

Alderdi orokorrak

1. artikulua. Xedea eta aplikatzeko eremua.

Araudi honen xedea da Nafarroako Unibertsitate Publikoko graduko unibertsitate-ikasketa ofizialetako ikaspostuak esleitzeko balioespen irizpideak eta lehentasunezko ordena ezartzea, bai eta ikasketetan onartua izateko irizpideak ere, indarrean den araudiaren arabera ikasketetan sartzeko baldintzak betetzen dituzten ikasleentzat.

2. artikulua. Definizioak.

Araudi honi dagokionez, honela ulertuko dira kontzeptu hauek:

1. Ikasketetan sartzeko baldintzak: Nafarroako Unibertsitate Publikoan unibertsitateko graduko ikasketa ofizialak egiteko bete beharreko baldintzen multzoa. Unibertsitatean onartua izan baino lehen bete behar dira baldintza horiek.

2. Ikasketetan onartua izatea: unibertsitateko Graduko ikasketak egiteko Nafarroako Unibertsitate Publikoak eskainitako ikaspostuak esleitzea, ikaspostuen eskaera egin duten eta ikasketetan sartzeko baldintzak betetzen dituztenei. Ikaspostua aldez aurretik eskatu eta zuzenean edo onartze prozedura baten bidez onar daitezke ikasleak.

3. Ikasketetan onartua izateko prozedura: unibertsitateko graduko ikasketak egiteko Nafarroako Unibertsitate Publikoak eskainitako ikaspostuak haien eskaera egin duten eta ikasketetan sartzeko baldintzak betetzen dituztenei esleitzea helburu duten ekintzen multzoa.

4. Graduko ikasketa ofizialetan sartzeko nota (10 puntu, gehienez ere): Graduko ikasketa ofizialetan sartzeko ikasleak duen eskubidea zehazten duen nota. Gutxienez, bost puntuko kalifikazioa behar da. Ikasleak unibertsitatean sartzeko baliatzen duen probaren edo titulazioaren arabera kalkulatzen edo egiaztatzen da.

5. Ikasketetan onartua izateko nota (14 puntu, gehienez ere): Graduko ikasketa bakoitzean eskainitako ikaspostuak esleitzeko aplikatzen den nota. 3. artikuluan adierazitakoaren arabera kalkulatzen da, Unibertsitatean Sartzeko Ebaluazioa izeneko proban [aurrerantzean USE] edo horren baliokide den beste proba batean lortutako kalifikazioan oinarrituta.

Dela graduko eta masterreko titulazio ofizial batekin edo horren baliokide den titulu batekin, dela 25 edo 45 urtetik gorakoentzako sartzeko probarekin, dela lan esperientzia edo esperientzia profesionala duten 40 urtetik gorakoentzako sarbidearekin ikasketetan sartzen direnei aplikatu behar zaie ikasketetan onartua izateko nota kalkulatzeko 3. artikuluan adierazitako formula. Kasu horietan, ikasketetan onartua izateko nota eta ikasketetan sartzeko nota berbera izanen da, eta 10 puntu artekoa gehienez ere.

II. KAPITULUA

Balioespen-irizpideak eta lehentasun-ordena

3. artikulua. Graduko ikasketa ofizialetan onartua izateko notaren kalkulua.

1. Ikasketetan onartua izateko nota formula honekin kalkulatu, hiru zifra dezimalekin adieraziko da, eta milaren hurbilenarekin biribilduko da; distantziakidea bada, goiko milarenarekin:

Ikasketetan onartua izateko nota = Ikasketetan sartzeko nota + a*M1 + b*M2

Ikasketetan sartzeko nota = ikasleak unibertsitatean sartzeko baliatzen duen probaren edo titulazioaren arabera dagokiona.

M1, M2 = ikasleak eskatutako Graduko ikasketan onartua izateko nota onena ematen duten USE probako [edo beste proba baliokide bateko] bi irakasgairen kalifikazioak. Irakasgai horiek unibertsitateak onetsitako ponderazio-taularen arabera nota onena ematen dutenak dira, eta gutxienez bost punturekin gainditu behar dira USE proban.

a, b = M1 eta M2 irakasgaien ponderazio-parametroak, eskatutako Graduko ikasketarekin lotutakoak; 0,1 edo 0,2ko balioa izanen dute, unibertsitateak onetsitako ponderazio-taularen arabera.

Ikasketetan onartua izateko nota kalkulatzeko ponderatzen diren M1 eta M2 irakasgaiak = hautatutako batxilergoko enborreko aukerako irakasgaiak eta Batxilergoko modalitatea zehazten duten enborreko lau irakasgai orokorrak, kontuan hartu gabe USEaren nahitaezko edo borondatezko fasean gainditu diren, bai eta USEaren borondatezko fasean gainditutako atzerriko hizkuntza ere.

Ez da sekula ponderatzen ahalko atzerriko hizkuntzako nota baldin eta hori USEaren nahitaezko fasean gainditu bada.

2. Ikasketetan onartua izateko notak M1 eta M2 kalifikazioak hartuko ditu kontuan, baldin eta irakasgaiek ikasleak eskatutako ikasketari lotutako ponderazio-parametro bat badute, unibertsitateak onetsitako ponderazio-taularen arabera.

3. Nafarroako Unibertsitate Publikoak jakitera emanen ditu USEko irakasgaien ponderazio-parametroak, eskainitako Graduko ikasketa ofizialei lotutakoak.

4. M1 eta M2 irakasgaien kalifikazioak:

a) Zilegi da irakasgai horiek kontuan hartzea Graduko ikasketa ofizialetan onartua izateko nota kalkulatzeko, baldin eta irakasgai horiek gainditu diren deialdian ikasleak baldintzak betetzen baditu Graduko ikasketa ofizialetan sartzeko, lehen xedapen iragankorrean ezarritakoa galarazi gabe.

b) Irakasgaiak gainditu eta hurrengo bi ikasturteetan bakarrik aplikatuko dira Graduko ikasketa ofizialetan onartua izateko prozeduretan.

4. artikulua. Ikaspostuak esleitzeko balioespen-irizpideak.

Ikaspostuak esleitzeko balioespen-irizpidea Graduko ikasketa ofizialetan sartzeko ikasleak duen titulazioaren arabera ikasketetan onartua izateko dagokion nota izanen da.

a) Hezkuntza Kalitatea Hobetzeko 8/2013 Lege Organikoak [aurrerantzean, LOMCE] definitutako Batxilergoko titulua duten ikasleak.

–Ikasketetan sartzeko nota: USEaren nahitaezko faseko kalifikazioa %40 eta Batxilergoko azken kalifikazioa %60 ponderatuz kalkulatuko da, 2016ko abenduaren 9ko 5/2016 Errege Lege Dekretuan jasotako moduan.

–Onartua izateko nota: araudi honen 3.1 artikuluan jasotako formula aplikatuz lortzen dena.

b) Batetik, Hezkuntzako 2/2006 Lege Organikoak [aurrerantzean, LOE] definitutako Batxilergoko titulua LOMCEk indarra hartu baino lehen lortu duten ikasleak, baldin eta unibertsitatean sartzeko proba [aurrerantzean, USP] –1892/2008 Errege Dekretuak araututakoa– gainditu badute, eta, bestetik, Batxilergoko titulua edo titulu baliokidea LOEren aurreko antolamenduen arabera lortu duten ikasleak, baldin eta haien hezkuntza sistemaren arabera unibertsitatean sartzeko baldintzak betetzen badituzte: Hezkuntza Sistemaren Antolamendu Orokorreko 1/1990 Lege Organikoko Batxilergoa USParekin; Batxilergo Bateratu Balioaniztuna eta Unibertsitatera Bideratzeko Ikasturtea [aurrerantzean, UBI] USParekin; 1974-1975 ikasturtea baino lehenagoko UBI, USPrik gabe; Goi Mailako Batxilergoa eta Unibertsitateaurreko Ikasturtea heldutasun probekin; 1953a baino lehenagoko Batxilergoa, USPrik gabe.

–Onartua izateko nota: behin betiko kalifikazioa edo ikasketetan sartzeko nota, dagokion hezkuntza sistemaren arabera lortutakoa. Ikasle hauek aukera dute ikasketetan sartzeko nota hobetzeko. Horretarako, USEaren nahitaezko fasera aurkeztu behar dute, LOMCE Batxilergoa egin dutenen kondizio beretan, eta aurreko a) apartatuan adierazi bezala kalkulatuko da nota. Ikasketetan sartzeko nota berria hartuko da kontuan, betiere aurreko nota baino hobea bada.

–Onartua izateko nota: USEan lortutako kalifikazioetan oinarrituz eta araudi honetako 3.1 artikuluko formula aplikatuz lortzen dena, bigarren xedapen iragankorrean ezarritakoa galarazi gabe.

c) Espainiako Hezkuntza Sistemako Lanbide Heziketako goi mailako teknikariaren, Arte Plastikoetako eta Diseinuko goi mailako teknikariaren edo goi mailako kirol teknikariaren titulu ofizialak dituzten ikasleak, edo titulu horien baliokidetzat jotzen diren titulu, diploma edo ikasketak dituztenak.

–Ikasketetan sartzeko nota: egindako ikasketen batez besteko nota, dagokion hezkuntza sistemaren arabera lortutakoa.

–Onartua izateko nota: USEaren borondatezko fasean lortutako kalifikazioetan oinarrituz eta araudi honetako 3.1 artikuluko formula aplikatuz lortzen dena, bigarren xedapen iragankorrean ezarritakoa galarazi gabe.

d) Europako Batxilergo titulua duten ikasleak, hau da, Europako Eskolen Estatutua ezartzen duen eta Luxenburgon 1994ko ekainaren 21ean sinatu zen Hitzarmeneko xedapenei jarraikiz eskuratutakoa dutenak.

–Ikasketetan sartzeko nota: Urrutiko Hezkuntzarako Unibertsitate Nazionalak [aurrerantzean, UHUN] emandako indarreko egiaztagirian azaltzen den sartzeko nota.

–Onartua izateko nota: araudi honetako 3.1 artikuluko formula aplikatuz ateratzen den nota, kalifikazio hauek oinarri hartuta: LOMCE batxilergokoen baliokide diren irakasgaietan Europar Batxilergoko kanpoko probetan lortutakoak; gaitasun espezifikoak kalifikatzearren UHUNek egiten edo egiaztatzen dituen probetan lortutakoak edo USEaren borondatezko fasean lortutakoak.

e) Batetik, Europako Batxilergo titulua duten ikasleak; bestetik, Nazioarteko Batxilergoko Diploma duten ikasleak –Nazioarteko Batxilergoaren Erakundeak emana (egoitza Genevan du, Suitzan)–; eta, azkenik, Europako Batasuneko kide diren estatuetako edo gai honetan aplikatzekoak diren elkarrekikotasunezko nazioarteko hitzarmenak sinatuta dituzten beste estatu batzuetako hezkuntza-sistemetan Batxilergoko titulu, diploma edo ikasketak dituzten ikasleak, baldin eta haien hezkuntza-sistemetan eskatzen diren baldintza akademikoak betetzen badituzte.

–Ikasketetan sartzeko nota: UHUNek emandako indarreko egiaztagirian azaltzen den sartzeko nota.

–Onartua izateko nota: UHUNek egiten edo egiaztatzen dituen gaitasun espezifikoko probetan edo ikasleak USEaren borondatezko faseko irakasgaietan lortutako kalifikazioetan oinarrituz eta araudi honetako 3.1 artikuluko formula aplikatuz lortzen dena.

f) 2010eko otsailaren 5eko 102/2010 Errege Dekretuan araututako ikasketak egin dituzten ikasleak. Dekretu horretan, Espainiako ikastetxeetan Batxilergoa eta Baccalauréat titulazio bikoitza eskuratzeari buruz Espainiako eta Frantziako gobernuen artean egindako hitzarmenari atxikitzen zaizkion ikasketak arautzen dira.

–LOMCE Batxilergoko tituluaz baliatuz sartu nahi duten ikasleak:

  • Ikasketetan sartzeko nota: USEaren nahitaezko faseko kalifikazioa %40 eta Batxilergoko azken kalifikazioa %60 ponderatuz kalkulatuko da, 2016ko abenduaren 9ko 5/2016 Errege Lege Dekretuan jasotako moduan. 2010eko 102/2010 Errege Dekretuaren 7. artikuluan aipatzen den kanpo-proba gainditu duten ikasleek zilegi dute, nahi izanez gero, Espainiaren Historia eta Atzerriko Lehenbiziko Hizkuntza irakasgaien azterketak ez egiteko. Azterketa egin beharrean, Espainiaren eta Frantziaren Historia eta Frantsesa eta Frantses Literatura irakasgaien kanpo-proban lortu duten nota jarriko zaie, hurrenez hurren, gorago aipatutako irakasgaietan. Aukera bat edo bestea hautatu, bi irakasgaientzat izanen da.
  • Onartua izateko nota: araudi honen 3.1 artikuluan jasotako formula aplikatuz lortzen dena.

–Baccalauréaten tituluaz baliatuz sartu nahi duten ikasleak:

  • Ikasketetan sartzeko nota: UHUNek emandako indarreko egiaztagirian azaltzen den sartzeko nota.
  • Onartua izateko nota: UHUNek egiten edo egiaztatzen dituen gaitasun espezifikoko probetan edo ikasleak USEaren borondatezko faseko irakasgaietan lortutako kalifikazioetan oinarrituz eta araudi honetako 3.1 artikuluko formula aplikatuz lortzen dena.

g) Espainiako Hezkuntza Sistemako Batxilergoko tituluaren baliokide diren titulu, diploma edo ikasketak dituzten ikasleak, Europako Batasuneko kide diren estatuetako edo gai honetan aplikatzekoak diren elkarrekikotasunezko nazioarteko hitzarmenak sinatuta dituzten beste estatu batzuetako hezkuntza-sistemetakoak, baldin eta ez badituzte betetzen haien hezkuntza-sistemetan unibertsitatera sartzeko eskatzen diren baldintza akademikoak; eta, bestetik, Europako Batasuneko kide ez diren eta Batxilergoko titulua aitortzeko elkarrekikotasunezko nazioarteko hitzarmenik sinatu ez duten herrialdeetako hezkuntza-sistemetan lortutako titulu, diploma edo ikasketak dituzten ikasleak, baldin eta Espainiako Hezkuntza Sistemako Batxilergoko tituluarekin homologatuak edo baliokidetzat joak badira.

–Ikasketetan sartzeko nota: UHUNek edo organo eskudunak emandako indarreko egiaztagirian edo bere tituluaren homologazio egiaztagirian azaltzen den sartzeko nota, batxilergoko batez besteko notari dagokiona.

–Ikasketetan onartua izateko nota: Ikasle hauek aukera izanen dute aipatu nota hobetzeko. Horretarako, USEaren nahitaezko eta borandatezko fasera aurkeztu behar dute, LOMCE Batxilergoa egin dutenen kondizio beretan. Bestalde, UHUNen, honako irakasgaietako gaitasun berariazkoei buruzko probak ere egiten ahalko dituzte:

  • Enborreko irakasgai orokor guztiak: Espainiako Historia, Espainiako Hizkuntza eta Literatura eta Atzerriko Hizkuntza.
  • Modalitateko enborreko irakasgai bat, hauen artean hautatuta: Matematika, Gizarte-zientziei aplikatutako Matematika, Latina edo Artearen Oinarriak.
  • Aukeran: gehienez enborreko aukerako bi irakasgai, hautatutako batxilergo motaren arabera.

Onartua izateko nota ez da UHUNeko akreditazioan agertzen dena izanen. Formula hau erabiliz kalkulatuko da:

  • %60: batxilergoko batez besteko nota, UHUNek kalkulatua.
  • %40: enborreko irakasgai orokor guztietan eta hautatutako batxilergo motako enborreko irakasgaian lortutako zenbakizko kalifikazioen batez bestekoa. Kalifikazio honek, betiere, 4 edo handik gorakoa izan behar du.

Bestalde, unibertsitatera sartzearren kontuan har dadin, %60ko eta %40ko ponderazio horiek aplikatu eta gero, gutxienez 5 puntu izan behar du.

  • Modalitateko enborreko irakasgaiari eta hautatuko batxilergo motako enborreko aukerako irakasgaiei 3.1 artikuluan aurreikusitako ponderazio-parametroak aplikatuko zaizkie.

Ikasleren bat, onartua izateko apartatu honetan ezarritako notara ailegatzen ez bada UHUNek luzatzen duen indarreko egiaztagirian, onartua izan liteke araudi honen 5. artikuluko c apartatuan ezarritakoaren babesean.

h) Atzerriko titulu, diploma edo ikasketak dituzten ikasleak, baldin eta horiek homologatuak badira edo Espainiako Hezkuntza Sistemako Lanbide Heziketako goi mailako teknikariaren, Arte Plastikoetako eta Diseinuko goi mailako teknikariaren edo goi mailako kirol teknikariaren tituluaren baliokidetzat jotzen badira.

–Ikasketetan sartzeko nota: UHUNek emandako indarreko egiaztagirian edo bere tituluaren homologazio egiaztagirian azaltzen den sartzeko nota.

–Onartua izateko nota: UHUNek egiten edo egiaztatzen dituen gaitasun espezifikoko probetan edo ikasleak USEaren borondatezko fasean lortutako kalifikazioetan oinarrituz eta araudi honetako 3.1 artikuluko formula aplikatuz lortzen dena.

i) Espainiako Hezkuntza Sistemako Batxilergoko tituluaren, Lanbide Heziketako goi mailako teknikariaren, Arte Plastikoetako eta Diseinuko goi mailako teknikariaren edo goi mailako kirol teknikariaren tituluaren baliokide ez diren titulu, diploma edo ikasketak dituzten ikasleak, Europako Batasuneko kide diren estatuetan edo gai honetan aplikatzekoak diren elkarrekikotasunezko nazioarteko hitzarmenak sinatuta dituzten beste estatu batzuetan lortu dituztenak, baldin eta estatu horretako unibertsitateetan sartzeko betebeharrak betetzen badituzte.

–Ikasketetan sartzeko nota: UHUNek emandako indarreko egiaztagirian azaltzen den sartzeko nota.

–Onartua izateko nota: UHUNek egiten dituen gaitasun espezifikoko probetan lortutako kalifikazioetan oinarrituz eta araudi honetako 3.1 artikuluko formula aplikatuz lortzen dena.

j) Graduko edo Masterreko unibertsitateko titulu ofizial bat edo baliokidea, edo diplomadun, arkitekto tekniko, ingeniari tekniko, lizentziadun, arkitekto edo ingeniari titulua –titulu horiek lehenagoko unibertsitate-ikasketen edo titulu baliokidearen antolamenduari dagozkio– duten ikasleak.

–Ikasketetan sartzeko nota: egindako ikasketen batez besteko nota, 2003ko irailaren 5eko 1125/2003 Errege Dekretuan ezarritakoaren arabera kalkulatua. Hiru zifra dezimalekin adierazi behar da, eta milaren hurbilenarekin biribildu, eta distantziakidea bada, goiko milarenarekin.

–Onartua izateko nota: ikasketetan sartzeko nota bera da.

k) Atzerriko unibertsitate titulu ofizial bat duten ikasleak, baldin eta homologatuta badute Graduko edo Masterreko titulu ofiziala edo titulu baliokidea, edo diplomadun, arkitekto tekniko, ingeniari tekniko, lizentziadun, arkitekto edo ingeniari titulua –titulu horiek lehenagoko unibertsitate-ikasketen edo titulu baliokidearen antolamenduari dagozkio–.

–Ikasketetan sartzeko nota: egindako ikasketen batez besteko nota, homologazio-egiaztagirian edo, hala badagokio, batez besteko notaren baliokidetza-deklarazioan azaltzen dena. Hiru zifra dezimalekin adierazi behar da, eta milaren hurbilenarekin biribildu, eta distantziakidea bada, goiko milarenarekin.

–Onartua izateko nota: ikasketetan sartzeko nota bera da.

l) 25 urtetik gorakoak, ikasle-kolektibo horrentzat 412/2014 Errege Dekretuan ezarritako sartzeko proba gainditu badute. Unibertsitatean sartzeko beste baldintza orokor batzuk betetzen dituztenek ez dute zilegi izanen unibertsitatean sartzeko bide hori erabiltzea.

–Ikasketetan sartzeko nota: sartzeko proban lortutako kalifikazioa.

–Onartua izateko nota: ikasketetan sartzeko nota bera da.

m) 45 urtetik gorakoak, ikasle-kolektibo horrentzat 412/2014 Errege Dekretuan ezarritako sartzeko proba gainditu badute. Unibertsitatean sartzeko beste baldintza orokor batzuk betetzen dituztenek ez dute zilegi izanen unibertsitatean sartzeko bide hori erabiltzea.

–Ikasketetan sartzeko nota: sartzeko proban lortutako kalifikazioa. Ikasle hauek proba gainditu zuten unibertsitatean sartzeko aukera izanen dute, baina ez beste inon.

–Onartua izateko nota: ikasketetan sartzeko nota bera da.

n) Lan esperientzia edo esperientzia profesionala duten 40 urtetik gorakoak, baldin eta Nafarroako Unibertsitate Publikoak eskaintzen dituen Graduko ikasketa ofizialetako baten batekin lotutako balioespen-prozesua gainditu izana egiaztatzen badute. Unibertsitatean sartzeko beste baldintza orokor batzuk betetzen dituztenek ez dute zilegi izanen unibertsitatean sartzeko bide hori erabiltzea.

–Ikasketetan sartzeko nota: eskatu duen Graduko ikasketa ofizialarekin lotutako lan esperientziaren edo esperientzia profesionalaren balioespenean lortutako kalifikazioa. Ikasle hauek balioespen-prozesua gainditu zuten unibertsitatean sartzen ahalko ahalko dira, baina ez beste inon.

–Onartua izateko nota: ikasketetan sartzeko nota bera da.

5. artikulua. Lehentasun-ordena, unibertsitateko Graduko ikasketa ofizialetako ikaspostuak esleitzeko.

1. Araudi honetan ezarritako balioespen-irizpideak eta lehentasun-ordena betez ordenatuko eta esleituko dira ikaspostuak kupo bakoitzaren barruan.

2. Ikasturte bakoitzean, gutxienez bi aldi izanen dira Graduko ikasketa ofizialetan onartua izateko eskatzeko: ohiko aldia eta ezohiko aldia. Lehen aldian ikaspostuak esleitu ondoren ikaspostu hutsak dituzten Graduko ikasketetarako eta kupoetarako zabalduko da bigarren aldia, ezohikoa.

3. Onartze aldi bakoitzean, ikasleak ikasketetan onartua izateko egiaztatuko notaren arabera esleituko dira kupo bakoitzerako eskainitako ikaspostuak.

4. Kupo bakoitzean eskainitako ikaspostuak honako lehentasun-ordenari jarraikiz esleituko dira:

a) Lehenbizi, USEa urte hartako ohiko deialdian edo aurreko urteetako deialdietan gainditu dutela egiaztatuta onarpena ohiko aldian eskatu duten ikasleei esleituko zaizkie ikaspostuak, bai eta 4. artikuluko b, c, d, e, f, h, j, k, l, m eta n apartatuek aipatutako sarbide-betebeharrak aldi horretan betetzen dituzten ikasleei ere.

Lehentasun-ordena horrexetan esleituko zaizkie ikaspostuak g apartatuan aipatzen dituen ikasleei, baldin eta, urteko lehenbiziko deialdian edo aurreko urteko deialdietan, gaitasun espezifikoetarako egindako probetara aurkeztu badira –USEaren enborreko eta modalitateko enborreko irakasgaien baliokideak dira– eta aipatu apartatuan ezarritakoari jarraikiz gutxienez 5eko kalifikazioa lortu badute.

b) Bigarrenik, USEa urte hartako ezohiko deialdian gainditu dutela egiaztatuta onarpena ezohiko aldian eskatu duten ikasleei esleituko zaizkie ikaspostuak, bai eta 4. artikuluko b, c, d, e, f, h, j, k, l, m eta n apartatuek aipatutako sarbide-betebeharrak aldi horretan betetzen dituzten ikasleei ere.

Lehentasuna esleitzeko bigarren ordena honetan esleituko zaizkie ikaspostuak, halaber, sartzeko baldintzak ezohiko deialdian betetzen zituzten eta onartzeko eskaera ohiko deialdian egin zuten ikasleei, bai eta ohiko deialdian baldintzak betetzen zituztelako orduan eskatzen ahal zuten ikasleei, ohiko deialdian eskatu ez bazuten ere.

c) Hirugarrenik, ikasle hauek esleituko zaizkie ikaspostuak: 4. artikuluko g apartatuan aipatutako ikasleak (salbu eta artikulu honetako a apartatuan ezarritakoa betetzen dutenak) eta i apartatuan aipatutakoak, eta lehenbiziko xedapen iragankorrean aipatuak, hots, USEa 2016ko abenduaren 22ko ECD/1941/2016 Aginduan adierazitako baldintzetan gainditu ez dutenak.

5. Lehen onartze aldian ikaspostuak esleitzeko, ez dira kontuan hartuko abian den ikasturteko ezohiko deialdiko USE proban [edo proba baliokide batean] lortutako kalifikazioak.

6. 25 urtetik gorakoentzat erreserbatutako kupoan, hauek izanen dute lehentasuna:

a) Lehenik, Nafarroako Unibertsitate Publikoan 25 urtetik gorakoentzako sartzeko proba gainditu duten eskatzaileak.

b) Bigarrenik, fase espezifikoan aukeratutako jakintza adarrean edo adarretan sartzeko proba gainditu duten ikasleak.

III. KAPITULUA

Onartua izateko prozedurak

6. artikulua. Onartua izateko eta ikaspostuak eskaintzeko prozedurak.

1. Lau prozedura daude Graduko ikasketa ofizialetan ikasleak onartzeko:

a) Graduko ikasketak hasteko onartua izateko prozedura orokorra.

b) Espainiako unibertsitate-ikasketak hasiak dituztenak ikasketaz aldatzeko prozedura.

c) Atzerriko unibertsitate-ikasketak hasiak dituztenak ikasketaz aldatzeko prozedura.

d) Nafarroako Unibertsitate Publikoan Graduko titulu ofizial bat lortu duten eta tituluaren beste aipamen bat egin nahi duten ikasleak onartzeko prozedura.

2. Graduko ikasketak hasteko prozedura orokorreko ikaspostu-eskaintza Unibertsitatearen eskariz Unibertsitate Politikako Konferentzia Nagusiak urtero adierazten duena izanen da –zeina Nafarroako Foru Erkidegoak aldez aurretik onetsi behar baitu–, eta 412/2014 Errege Dekretuan aurreikusitako kupo orokorraren eta erreserbako kupoen artean banatuko dira.

a) 25 urtetik gorakoak.

b) 45 urtetik gorakoak.

c) 40 urtetik gorakoak, lan esperientzia edo esperientzia profesionala egiaztatzen dutenak.

d) %33ko desgaitasun maila edo handiagoa aitortua duten ikasleak, eta desgaitasun arrazoi pertsonalei lotuta hezkuntza premia berezi iraunkorrak dituzten ikasleak, ordura arteko eskolatzean laguntza eta baliabideak behar izan dituztenak erabateko hezkuntza normalizaziorako.

e) Goi mailako edo errendimendu handiko kirolariak.

f) Unibertsitate titulua edo baliokidea duten ikasleak.

3. Aurreko apartatuko ikaspostu-eskaintzan, ikasketa ofizialetako baterako programetarako [aurrerantzean, IOBP] ikaspostu-kupo espezifikoak sartzen ahalko dira, bai eta Graduko ikasketa ofizialetako beste eskaintza akademiko espezifiko batzuk. Horietako bakoitza titulazio diferente gisa hartuko da kontuan, araudi honetako 9. artikuluaren 3. apartatuari dagokionez. Graduko ikasketa ofizialak hasi dituzten eta IOBP programetan edo Nafarroako Unibertsitate Publikoko beste eskaintza espezifiko batzuetan parte hartzen duten ikasleek ez dute zilegi hurrengo ikasturteetan haietan onartua izateko eskaera egitea.

4. 1. apartatuan adierazitako ikasketetan onartua izateko gainerako prozeduren kasuan, Gobernu Kontseiluak, ikasturte bakoitzean, eta Nafarroako Unibertsitate Publikoko ikastegiek proposatuta, titulazio bakoitzerako ikaspostuen kupoa ezarriko du, eskaerak aurkezteko epea ireki baino lehen.

5. Ikasketetan onartzeko eskaerak aurkezteko epea hasi baino lehen emanen dira ezagutzera bai ikaspostu eskaintza bai kupokako banaketa.

6. Unibertsitatearen ikaspostu kupo orokorrean eskainitakoei gehituko zaizkie 2. apartatuan adierazitako erreserbarako ikaspostu hutsak.

IV. KAPITULUA

Graduko ikasketak hasteko onartua izateko prozedura orokorra

7. artikulua. Nork eska dezakeen Graduko ikasketak egiteko onar dezatela, prozedura orokorraren bidez.

Graduko ikasketak egiten hasi nahi dutenek egin dezake prozedura orokorraren bidez ikasketetan onartua izateko eskaera, baldin eta eskaerak aurkezteko onartze aldi bakoitzerako ezarritako epea bukatzen den egunean indarrean den araudian ezarritako sartzeko baldintzak betetzen badituzte.

8. artikulua. Zer ikasketetarako egin daitekeen eskaera.

Interesdunek Graduko edozein ikasketetan onartuak izateko eskaera egin dezakete, salbuespen hauekin:

1. Nafarroako Unibertsitate Publikoak deitutako 45 urtetik gorakoentzako sartzeko probak gainditu dituztenek gai direla egiaztatu duten graduko ikasketetan sartzeko eskaera egin dezakete, baina ez bestetarako.

2. Lan esperientzia edo esperientzia profesionala egiaztatuta Nafarroako Unibertsitate Publikoan sartzen diren 40 urtetik gorakoek gai direla egiaztatu duten graduko ikasketetan sartzeko eskaera egin dezakete, baino beste bestetarako.

3. 45 urtetik gorakoentzako sartzeko probak edo lan esperientzia edo esperientzia profesionala duten 40 urtetik gorakoentzako proba beste unibertsitate batzuetan gainditu dutenek ez dute zilegi izanen Nafarroako Unibertsitate Publikoan onartuak izateko eskaera aurkeztea.

9. artikulua. Eskaeren tramiteak.

1. Ezarritako epeetan eta Nafarroako Unibertsitate Publikoak urtero argitaratuko duen prozeduraren arabera egin behar dira graduko ikasketa ofizialetan onartua izateko eskaerak.

2. Interesdunek eskaera aurkezteko aukera dute, eta hobespen ordenan zerrendatu behar dituzte nahi dituzten ikasketak. Eskaeran, 3. artikuluan aurreikusitako sartzeko bide bat edo batzuk balia ditzakete ikasleek, 8. artikuluan aurreikusitako salbuespenak galarazi gabe.

3. Gobernu Kontseiluak urtero ezarriko du eskaeran zenbat titulazio jartzeko aukera dagoen.

4. Onartze aldi bakoitzeko eskaerak aurkezteko epeak bukatu eta gero, ez da aldaketarik onartuko eskaeran adierazitako ikasketa hautaketan eta zentroetan, ez eta haien lehentasun-ordenan ere.

10. artikulua. Ikaspostuen esleipena.

1. Eskaerak aurkezteko epea bukatu ondoren, araudi honetan ezarritako balioespen-irizpideen eta lehentasun-ordenaren arabera ordenatuko dira, eta, gero, ikaspostuak esleituko dira.

2. Ikasle bakoitzak ikaspostu bakar bat lortzeko aukera izanen du.

3. Eskaera egin duten baina matrikula formalizatuko ez duten ikasleak konpentsatzeko, zilegi da eskainitako ikaspostu kopurua baino ikasle gehiago sartzea onartutako ikasleen zerrendan. Onartutako ikasleen kopuru handiago hori Gradu eta kupo bakoitzerako aurreikusitako ehuneko batek edo erortze indize batek zehaztuko du. Ehuneko edo indize hori ikasleen gaien eskumena duen errektoreordetzak finkatuko du.

4. Kupo baten bidez titulazio jakin batean onartu diren ikasleek onartu zituztenean adierazitako egunean eta orduan formalizatu behar dute matrikula. Hala egiten ez badute, galdu eginen dute ikasposturako eskubidea, eta ezin izango dira titulazio berean onartuak izan geroagoko zerrendetan beste kupo batzuen bidez.

5. Ikasturteko irakaskuntza aldia hasten denetik 15 egun natural pasatzen diren arte sortzen diren ikaspostu hutsak, dela ikasleek matrikula gauzatu ez dutelako dela baliogabetu egin dutelako, dagozkien itxarote zerrendetako eskatzaileek beteko dituzte, haietan ezarritako ordenari zorrotz segituz. Nafarroako Unibertsitate Publikoak urtero argitaratuko du itxarote zerrendetan daudenei deialdi publikoak egiteko prozedura.

6. Ikasleak onartzeko prozesua ebatzi eta gero, ikasketaren batean ikaspostu hutsik gelditzen bada eta itxarote zerrendan eskatzailerik ez badago, aukera egonen da ikasketetan onartua izateko eskaera gehiago aurkezteko, ikasturteko irakaskuntza aldia hasten denetik 15 egun natural pasatzen diren arte. Unibertsitateko Erregistro Orokorrean eskaerak aurkeztu diren ordenari zorrotz segituz ebatziko dira eskaera horiek.

7. Aldez aurretik eskainitako ikaspostuak ezin izanen dira hutsik utzi, baldintzak betetzen dituen eskaerarik baldin badago eta haiek behar diren epeetan formalizatu badira.

11. artikulua. Ikaspostuen esleipena argitaratzea.

1. Gradu bakoitzean onartutako ikasleen zerrendak eta, bestela, itxarote zerrendetan gelditzen direnenak Ikasgelategiko iragarki-oholean eta Nafarroako Unibertsitate Publikoaren webgunean argitaratuko dira. Gradu bakoitzean onartutako ikasleen zerrenden argitalpena interesdunei egindako jakinarazpen ofizialtzat hartuko da, baina ez du sortuko inondik ere haien aldeko ondorio behin betikorik, baldin eta unibertsitateak akatsen bat aurkitzen badu. Kasu horretan, aldatu egingo litzateke.

2. Graduko ikasketa bakoitzeko, onartutako ikasleen zerrenda bat argitaratuko da, ikaspostua lortu duten eskatzaileen lehentasunen arabera ordenatua, eta ikasketetan onartua izateko zer nota duten eta zer kuporen bidez parte hartu duten adieraziko da.

3. Nafarroako Unibertsitate Publikoak zilegi du ezartzea ikasposturik lortu ez duten ikasleek espresuki eskatu behar dutela Nafarroako Unibertsitate Publikoak ezarritako epeetan itxarote zerrendetan egon nahi dutela, hartara, hurrengo onartze zerrendetara dei ditzaten matrikula ez formalizatzeagatik edo baliogabetzeagatik sor litezkeen ikaspostu hutsak betetzeko.

4. Ikasposturik lortu ez duten eskatzaileen lehentasunaren arabera ordenatuta argitaratuko dira itxarote zerrendak, baita unibertsitateko beste Graduko ikasketa batean onartuak izan badira ere, eta ikasketetan onartua izateko zer nota duten eta zer kuporen bidez parte hartu duten adieraziko da. Zerrenda horretan ez dira azalduko lehentasun-ordenan lehenago dagoen ikasketa batean ikaspostua lortu duten ikasleak.

12. artikulua. Erreklamazioak.

Ikaspostuen esleipena argitaratu ondoren onartze edo itxarote zerrendetan akatsen bat aurkitzen duenak zilegi du hiru laneguneko epean ikasleen gaien eskumena duen errektoreordeari erreklamazioa aurkeztea. Dokumentuen bidez justifikatu behar da erreklamazioen arrazoia.

V. KAPITULUA

Espainiako unibertsitate-ikasketa ofizialak hasiak dituztenak ikasketaz aldatzeagatik onartua izatea

13. artikulua. Nork duen onar dezatela eskatzeko aukera, ikasketaz aldatzeagatik.

1. Hauek dute aukera ikasketetan onar ditzatela eskatzeko:

a) Espainiako beste unibertsitate batzuetako ikasketa ofizialak bukatu gabe dituzten eta Nafarroako Unibertsitate Publikoan Graduko ikasketa ofizialetan onartuak izan nahi duten pertsonek, baldin eta 30 kreditu bederen aitortu badakizkieke.

b) Nafarroako Unibertsitate Publikoan ikasketa ofizialak bukatu gabe dituzten eta NUPeko bertako beste Graduko ikasketa batzuetara aldatu nahi duten pertsonek, baldin eta 30 kreditu bederen aitortu badakizkieke.

2. Aurreko apartatuetan adierazitako gutxieneko 30 kredituak aitortuta ez dituztenek zilegi izanen dute araudi honen IV. kapituluan ezarritako onartze prozesu orokorrean parte hartzea.

3. Ez da ikasketaz aldatzea onartuko baldin eta ikasketa plana iraungi delako dagoeneko irakasten ez diren irakasgaiak egin behar badira.

14. artikulua. Eskaeren tramiteak.

1. Ezarritako epeetan eta Nafarroako Unibertsitate Publikoak urtero argitaratuko duen prozeduraren arabera egin behar dira ikasketaz aldatzeagatik onartua izateko eskaerak.

2. Ikasleek titulazio bakar bat adierazi behar dute, hau da, ikasketaz aldatzeagatik zein titulaziotan nahi duten onartuak izan.

3. Eskaerak aurkezteko onartze aldi bakoitzerako ezarritako epea bukatzen den egunean eskatzaileek egiaztatutako baldintza akademikoak hartuko dira kontuan, ez besterik.

4. Ikaspostuak esleitzeko prozeduratik kanpo geldituko dira baldintzak betetzen ez dituzten eskaerak edo eskatutako dokumentazioa erantsita ez dutenak.

15. artikulua. Ikaspostuen esleipena.

1. Eskaera baliozkoetan eskatzaile kopurua eskainitako ikaspostuen kopurua baino handiagoa bada, lehentasun irizpide hauek kontuan hartuta ordenatuko dira eskaerak esleipenean:

a) Espainian araututako lanbide jardueretarako gaitzen duten Graduko ikasketa ofizialetarako, Espainian araututako jarduera horietarako gaitzen duten ikasketetatik datozen ikasleen eskaerek izanen dute lehentasuna, eta, gero, jakintza adar berekoak diren ikasleen eskaerek.

b) Graduko gainerako ikasketa ofizialetarako, jakintza adar bereko ikasketetatik datozen ikasleen eskaerek izanen dute lehentasuna.

2. Lehentasun bereko eskaerei dagokienez, egindako unibertsitate-ikasketen espedienteko batez besteko notaren arabera ordenatuko dira. Aldez aurretik eskainitako ikaspostuak ezin izanen dira hutsik utzi, baldintzak betetzen dituen eskaerarik baldin badago eta aldi bakoitzerako ezarritako epeetan formalizatu badira.

a) Batez besteko nota kalkulatzeko, eskaerak aurkezteko azken epea bukatu bitartean lortutako kalifikazioak hartuko dira kontuan.

b) Batez besteko nota kalkulatzeko ponderazioa 1125/2003 Errege Dekretuaren 5. artikuluan xedatutakoaren arabera eginen da.

c) Ikasketa ziurtagirian, irakasgai batean edo guztietan, 1125/2003 Errege Dekretuaren 5.4 artikuluko baremoan adierazten den zenbakizko kalifikazioa azaltzen ez bada, kalifikazio kualitatiboa zenbakizko bihurtu behar da baremo honekin:

–Ohorezko matrikula [10 puntu].

–Bikain [9 puntu].

–Oso ongi [7,5 puntu].

–Nahiko [5,5 puntu].

16. artikulua. Dokumentazioa.

1. Ikasketaz aldatzeko eskaerarekin batera, kreditu aitorpena balioesteko eta ikaspostuak esleitzeko irizpideak aplikatzeko beharrezko den dokumentazioa aurkeztu behar du eskatzaileak; besteak beste, nahitaezkoa da egindako ikasketen ziurtagiri pertsonal osatu bat aurkeztea. Bertan, gainditutako irakasgai guztiak eta aitortu diren irakasgaien programak azalduko dira.

2. Ikaslea Nafarroako Unibertsitate Publikotik badator, ez da beharrezkoa izanen aurreko apartatuetan eskatzen den dokumentazioa edo ziurtagiria aurkeztea.

17. artikulua. Esleipenaren ebazpena.

Ikasketaz aldatzeagatik Gradu bakoitzean onartutako ikasleen zerrendak eta, bestela, itxarote zerrendetan gelditzen direnenak Sarbidea Bulegoko iragarki-oholean eta Nafarroako Unibertsitate Publikoaren webgunean argitaratuko dira. Gradu bakoitzean onartutako ikasleen zerrenden argitalpena interesdunei egindako jakinarazpen ofizialtzat hartuko da, baina ez du sortuko inondik ere haien aldeko ondorio behin betikorik, baldin eta unibertsitateak akatsen bat aurkitzen badu. Kasu horretan, aldatu egingo litzateke.

18. artikulua. Erreklamazioak.

Ikaspostuen esleipena argitaratu ondoren onartze edo itxarote zerrendetan akatsen bat aurkitzen duenak zilegi du hiru laneguneko epean ikasleen gaien eskumena duen errektoreordeari erreklamazioa aurkeztea. Dokumentuen bidez justifikatu behar da erreklamazioen arrazoia.

VI. KAPITULUA

Atzerriko unibertsitate-ikasketaz aldatzeagatik onartua izatea

19. artikulua. Nork eska dezakeen onar dezatela atzerriko unibertsitate-ikasketaz aldatzeagatik.

1. Atzerriko unibertsitate-ikasketa ofizialak bukatu gabe dituztenek dute zilegi ikasketetan onar ditzatela eskatzeko.

2. Atzerriko unibertsitate-ikasketa ofizialak bukatu dituztenek ere zilegi dute ikasketetan onar ditzatela eskatzea. Ikasleak lortutako tituluak Espainian lanbide erregulatu baterako sarbidea ematen badu, titulua homologatzeko tramitea hasi ez bada bakarrik onartuko da, edo tramite hori hasita ere ministerio eskudunak ezezkoa eman badio.

3. Inolaz ere ez dira onartuko 2014ko azaroaren 21eko 967/2014 Errege Dekretuaren 3. artikuluak ezarritako baztertzeko arrazoiren bat daukatenak. Dekretu horren bidez ezartzen dira betebeharrak eta prozedura homologatzeko eta baliokidetza aitortzeko, unibertsitateko titulu ofiziala eta maila akademiko ofiziala izan daitezen, eta unibertsitateko atzerriko ikasketak baliokidetzeko, bai eta prozedura ere zehazteko zein den titulu ofizial hauen egokitasuna kualifikazioen Espainiako esparruen mailekin: arkitektoa, ingeniaria, lizentziaduna, arkitekto teknikoa, ingeniari teknikoa eta diplomaduna.

4. Aurreko apartatuetan adierazitako gutxieneko 30 kredituak aitortuta ez dituztenek zilegi izanen dute araudi honen I. kapituluan ezarritako onartze prozesu orokorrean parte hartzea.

5. Ez da ikasketaz aldatzea onartuko baldin eta ikasketa plana iraungi delako dagoeneko irakasten ez diren irakasgaiak egin behar badira.

20. artikulua. Eskaeren tramiteak.

1. Atzerriko unibertsitate-ikasketaz aldatzeagatik onartua izateko eskaerak ezarritako epeetan eta Nafarroako Unibertsitate Publikoak urtero argitaratuko duen prozeduraren arabera egin behar dira.

2. Ikasleek titulazio bakar bat adierazi behar dute, hau da, ikasketaz aldatzeagatik zein titulaziotan nahi duten onartuak izan.

3. Eskaerak aurkezteko onartze aldi bakoitzerako ezarritako epea bukatzen den egunean eskatzaileek egiaztatutako baldintza akademikoak hartuko dira kontuan, ez besterik.

4. Ikaspostuak esleitzeko prozeduratik kanpo geldituko dira baldintzak betetzen ez dituzten eskaerak edo eskatutako dokumentazioa erantsita ez dutenak.

21. artikulua. Ikaspostuen esleipena.

Eskaera baliozkoetan eskatzaile kopurua eskainitako ikaspostuen kopurua baino handiagoa bada, aitortutako ECTS kreditu kopuru handienaren balioespen irizpidea aplikatuz ordenatuko dira eskaerak; hortaz, aitortutako kreditu gehien dituzten ikasleek lortuko dute ikaspostua.

22. artikulua. Dokumentazioa.

Ikasketaz aldatzeko eskaerarekin batera, kreditu aitorpena balioesteko eta ikaspostuak esleitzeko irizpideak aplikatzeko beharrezko den dokumentazioa aurkeztu behar du eskatzaileak; besteak beste, nahitaezkoa da egindako ikasketen ziurtagiri pertsonal osatu bat aurkeztea. Bertan, gainditutako irakasgai guztiak eta aitortu nahi diren irakasgaien programak azalduko dira.

23. artikulua. Esleipenaren ebazpena.

Ikasketaz aldatzeagatik Gradu bakoitzean onartutako ikasleen zerrendak eta, hala dagokionean, itxarote zerrendetan gelditzen direnenak Sarbidea Bulegoko iragarki-oholean eta Nafarroako Unibertsitate Publikoaren webgunean argitaratuko dira. Gradu bakoitzean onartutako ikasleen zerrenden argitalpena interesdunei egindako jakinarazpen ofizialtzat hartuko da, baina ez du sortuko inondik ere haien aldeko ondorio behin betikorik, baldin eta unibertsitateak akatsen bat aurkitzen badu. Kasu horretan, aldatu egingo litzateke.

24. artikulua. Erreklamazioak.

Ikaspostuen esleipena argitaratu ondoren onartze edo itxarote zerrendetan akatsen bat aurkitzen duenak zilegi du hiru laneguneko epean ikasleen gaien eskumena duen errektoreordeari erreklamazioa aurkeztea. Dokumentuen bidez justifikatu behar da erreklamazioen arrazoia.

VII. KAPITULUA

Nafarroako Unibertsitate Publikoan Graduko titulu ofizial bat lortu duten eta tituluaren beste aipamen bat egin nahi duten ikasleak onartzea

25. artikulua. Tituluaren beste aipamen bat egiteko onartua izatea.

1. Nafarroako Unibertsitate Publikoko unibertsitateko Graduko titulu ofizial bat duten ikasleek zilegi dute beren Graduko tituluaren beste aipamen bat egiteko eskatzea, Unibertsitateak ikasturte bakoitzerako ezarritako epeetan.

2. Eskaerak ordenatzeko aipamen berri bat egin nahi duten Graduko unibertsitateko espedientearen batez besteko notaren balioespen irizpidea aplikatuz ordenatuko dira, kredituen sistema europarra eta lurralde nazional osoan ofizialak eta baliodunak diren unibertsitate titulazioetako kalifikazio sistema ezartzen duen 1125/2003 Errege Dekretuko 5. artikuluak ezartzen duenarekin bat etorriz. Batez besteko nota hiru zifra dezimalekin adierazi behar da, eta milaren hurbilenarekin biribildu, eta distantziakidea bada, goiko milarenarekin.

3. Errektoreak edo errektoreorde eskudunak ebatziko ditu eskaerak.

VIII. KAPITULUA

Ikasleak zenbait egoera berezitan onar daitezela errazteko neurriak

26. artikulua. Zenbait egoera berezitan onartua izateko eskaeren tramiteak.

1. Datozen apartatuetan ezarritakoari jarraikiz tramitatuko dira beste unibertsitate batzuetan matrikulaturik egonda bizilekuz aldatzeko premia duten ikasleen eskaerak, baldin eta egoera hauetakoren batean badaude:

a) Genero-indarkeriaren biktimak, tartean direnean honakoetako bat: kondena-epaia, edo biktima babesteko kautelazko neurriak hartzea erabakitzen duen babes agindua edo ebazpen judiziala, indarrean dagoena, baita, salbuespen gisa, eskatzailea genero-indarkeriaren biktimatzat hartzeko susmoak daudela adierazten duen fiskaltzaren txostena, babeserako agindua eman bitartean. Biktimaren menean bizi diren seme-alabei ere aplikatuko zaizkie neurriak.

b) Ikaslearen edo haren familia unitateko beste norbaiten osasun-arazoak edo segurtasunekoak, ikaslea ezindu badute ikasketekin normal segitzeko. Honela egiaztatu behar da: osasun-arazorik izanez gero, gaixotasunaren arloko ziurtagiri mediko ofiziala aurkeztu behar da, osasun publikoaren sareko mediku espezialista batek emana; segurtasun-arazorik izanez gero, berriz, ebazpen judiziala, martxan den prozesu judizialaren ziurtagiria edo Estatuko Segurtasun Indarren eta Kidegoen txosten ofiziala.

c) Goi mailako edo errendimenduko kirolariak, bizilekuz kirol-arrazoiengatik aldatu direla frogatzen badute.

2. Aurreko apartatuan adierazten diren ikasleek zilegi dute epez kanpo aurkeztea –araudi honen 14. eta 20. artikuluetan ezarritako epetik kanpo– Espainiako edo atzerriko unibertsitate-ikasketaz aldatzeagatiko prozeduraren bidez onartuak izateko eskaera. Haien eskaera aintzat hartzeko baldintza hau da: eskaera epe barnean eskatu izan balute, titulazioan onartzeko aukera izatea, 15. eta 21. artikuluetan ezarritako ikaspostuak esleitzeko irizpideak aplikatu eta gero.

3. Aurreko apartatuaren arabera titulazioan onartzeko baldintzak betetzen ez badituzte, prozedura orokorraren bidez egin behar dute eskaera, araudi honetako 9. artikuluan ezarritako epeetatik kanpo. Haien eskaera aintzat hartzeko baldintza hau da: eskaera epe barnean eskatu izan balute, titulazioan onartzeko aukera izatea, 10. artikuluetan ezarritako ikaspostuak esleitzeko irizpideak aplikatu eta gero.

4. Ikasketetan onartzeko gaietan eskumena duen Errektoreordetzak baloratuko du kasu bakoitzean nolakoa den aparteko egoera eta onarpen-eskaera aurkezten denean zenbat ikaspostu gelditzen diren libre. Titulazioaz arduratzen den NUPeko ikastegiari entzun ondoren, ikaslea onartzea erabaki dezake ikasturteko edozein unetan.

Lehen xedapen gehigarria.–Gradura Egokitzeko Ikastaroa egin nahi duten ikasleak onartzeko prozedura.

1. Diploma edo ingeniaritza teknikoko Espainiako titulu ofizial bat duten ikasleek zilegi dute onar ditzatela eskatzea, dagokion Graduko unibertsitate titulu ofiziala lortzeko beharrezko kreditu osagarriak egiteko, Unibertsitateak urtero ezartzen dituen epeetan.

2. Gobernu Kontseiluak, ikasturte bakoitzean, eta Nafarroako Unibertsitate Publikoko ikastegiek proposatuta, eskaerak aurkezteko epea ireki baino lehen, aurreko ikasketa planetako tituludunentzako egokitze ikastaroetarako ikaspostuen kupoa ezarriko du titulazio bakoitzerako.

3. Ikasleek egin nahi duten graduaren txosten egiaztatuan ezarritako irizpideak aplikatuz ordenatuko dira eskaerak, baldin eta aurreko apartatuan aipatzen den ikaspostu kupoa gainditzen badute.

Bigarren xedapen gehigarria.–Beren atzerriko titulua homologatzeko prestakuntzako eskakizun osagarriak gainditu behar dituzten ikasleak.

1. Atzerriko unibertsitateko titulu bat daukaten eta Espainiako graduko titulu batekin homologatzeko prestakuntza-baldintza osagarriak gainditu behar dituzten ikasleentzat zilegi da tutoretzapeko ikastaroak egiteko eskatzea, dituzten prestakuntza gabeziak zuzentzeko, Unibertsitateak urtero ezarritako epeetan.

2. Gobernu Kontseiluak urtero ezarriko ditu titulazio bakoitzeko ikaspostu kupoak, tutoretzapeko ikastaroak egiteko.

3. Ikasleak homologaziorako gainditu behar dituen gai edo irakasgaien ECTS kreditu kopuru txikienaren balioespen irizpidea aplikatuz ordenatuko dira eskaera, eta graduko ikasketak amaitzeko ECTS kreditu gutxiago dituzten ikasleek lortuko dute ikaspostua.

Hirugarren xedapen gehigarria.–Utzitako ikasketak berriz hastea.

1. Nafarroako Unibertsitate Publikoan hasitako ikasketak aldi baterako utzi dituzten eta ikasketa horiekin berriz jarraitu nahi duten ikasleek eskaera aurkeztu beharko dute Unibertsitateak urtero ezarritako epeetan, baldin eta iraupen arauak urratzen ez badituzte. Utzitako ikasketekin berriz hastea ez da sarrera berriko ikaspostu gisa zenbatzen.

2. Utzitako ikasketak ematen jarraitzen badute, ikasleei hitzordu bat emanen zaie, ezarritako epean matrikula egiteko.

3. Utzitako ikasketa iraungita badaude, ikasleak bere ikasketak indarrean den unibertsitateko gradura egokitzeko eskatu beharko du lehenbizi. Iraungitako ikasketen ordez graduko titulazio berri bat ezarri ez bada, ezin izanen da utzitako ikasketekin berriz jarraitu.

Lehenbiziko xedapen iragankorra.–2016ko abenduaren 22ko ECD/ 1941/2016 Aginduaren xedapen iragankor bakarra aplikatu behar zaien ikasleak.

Graduko unibertsitate-ikasketa ofizialetan sartzeko, ikasle hauek ez dute USE proba gainditu behar 2016ko abenduaren 22ko ECD/1941/2016 Aginduan adierazitako baldintzetan. Kasu horretan, ez da aplikatu behar 3. artikuluan jasotako formula –ikasketetan onartua izateko nota kalkulatzekoa–; Batxilergoan lortutako azken kalifikazioa izanen da ikasketetan onartua izateko nota.

Hala eta guztiz ere, ikasle hauek aukera dute USEaren nahitaezko fasera eta USEaren borondatezko fasera aurkezteko, LOMCE Batxilergoa egin dutenen kondizio beretan.

USEra aurkeztu eta gainditzen ez badute, Graduko unibertsitate-ikasketa ofizialetarako sarbidea mantenduko dute, lehenbiziko xedapen iragankor honetako lehen paragrafoaren arabera. Araudi honen 4. artikularen g eta i apartatuetan aipatzen diren ikasleentzat 5.4 artikuluan ezarritakoaren arabera ordenatuko dira ikasleak ikaspostuak esleitzeko.

Bigarren xedapen iragankorra.–USP probako fase espezifikoko irakasgaiak 2015-2016 ikasturtean gainditu zituzten ikasleak.

2014ko ekainaren 6ko 412/2014 Errege Dekretuaren hirugarren xedapen gehigarrian ezarritakoa kontuan harturik, 2016ko ohiko eta ezohiko deialdietako Unibertsitatean Sartzeko Probaren fase espezifikoan gainditutako irakasgaiei 2016-2017 ikasturtean onartua izateko aplikatu beharreko pondeazio-parametroak aplikatu behar zaizkie, soilik 2017-2018 ikasturtean Graduko ikasketa ofizialetan onartuak izateko.

Hirugarren xedapen iragankorra.–Ikasleak zer titulazio adieraz ditzakeen 2017-2018 ikasturterako aurreinskripzioan.

2017-2018 ikasturtean graduko ikasketa ofizialak hasteko aurreinskripzioa egiten duten ikasleek, gehienez ere, sei titulazio jartzeko aukera izanen dute.

Xedapen indargabetzaile bakarra.–Arauak indargabetzea.

Indarrik gabe geldituko dira erabaki honen lerrun bereko edo txikiagoko arau guztiak. Bereziki, hauek geldituko dira indarrik gabe:

–2016ko maiatzaren 23ko Gobernu Kontseiluaren erabakia, unibertsitateko gradu ikasketa ofizialetako ikaspostuak esleitzerakoan sartzeko prozedura, balioespen irizpideak eta lehentasunezko ordena onesten dituena.

–2010eko ekainaren 15eko Gobernu Kontseiluaren erabakia, Nafarroako Unibertsitate Publikoaren gradu ikasketen lehen ikasmailan onartutako ikasleen zerrendak kudeatzeko irizpideak ezartzen dituena.

Azken xedapenetan lehena.–Garapena eta interpretazioa.

Ikasleen gaietan eskumena duen errektoreordeari ahalmena ematen zaio araudi honetan xedatutakoa betetzeko beharrezko aginduak eman ditzan.

Azken xedapenetan bigarrena.–Indarra hartzea.

1. Erabaki honetan arautzen diren prozedurak Nafarroako Unibertsitate Publikoko graduko unibertsitate-ikasketa ofizialetan 2017-2018 ikasturtetik aurrera onartua izateko aplikatu behar dira.

2. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara eman eta biharamunean hartuko du indarra araudi honek.

Iragarkiaren kodea: F1902164