27. ALDIZKARIA - 2019ko otsailaren 8a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA

CORELLA

Deialdia, Udaltzaingoko udaltzain izateko 3 lanpostu oposizio bidez betetzeko

Corellako Udaleko Gobernu Batzarrak, 2019ko urtarrilaren 24an egin bilkuran, hiru udaltzain lanpostu oposizio bidez betetzeko deialdia onetsi zuen.

Corellan, 2019ko urtarrilaren 25ean.–Alkatea, Gorka Garcia Izal.

OINARRIAK

1.–Deialdiaren xedea.

1.1. Deialdi honen xedea da Corellako Udaltzaingoko udaltzain izateko 3 lanpostu oposizio bidez betetzea. Honako txanda hauetan banatuta daude, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren Testu Bategina onesten duen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren 15.3 artikuluan ezarritakoarekin bat:

a) Txanda irekia: lanpostu 1.

b) Igoera txandan, Nafarroako Administrazio Publikoko langileentzat: 2 lanpostu.

1.2. Igoera txandako lanposturen bat bete gabe geldituz gero izangaiek hautaprobak gainditzeko behar den gutxieneko puntuazioa ez ateratzeagatik, txanda irekikoei gehituko zaizkie.

1.3. Halaber, igoera txandan hutsik dauden lanpostuak baino izangai gehiagok gainditzen badituzte probak, txanda horretan probak gainditurik ere lanpostua eskuratzen ez dutenek aukera izanen dute txanda irekiko lanpostu hutsak eskuratzeko, txanda horretako izangaiekin lehia garbian eta eskuratutako azken puntuazioaren arabera, ezagutzei buruzko probako puntuazioa, proba fisikoetakoa eta proba psikoteknikoetakoa baturik.

1.4. Deialdi honen bidez udaltzain izendatzen diren izangaiek Nafarroako Poliziei buruzko azaroaren 19ko 23/2018 Foru Legean eta lege hori garatzeko araudian ezarritako udaltzainen eginkizunak beteko dituzte, eta haietan aipatu eskubide eta betebeharrak izanen dituzte; gainera, foru lege horretan ezarritako mailetatik C mailan sailkatuko dira.

1.5. Lanaldiaren araubidea zerbitzuaren beharretara egokituko da.

2.–Aplikatu beharreko araudia.

Hautapen-prozesua arau hauen mende egonen da: Nafarroako Poliziei buruzko azaroaren 19ko 23/2018 Foru Legea eta haren ondoko aldaketak; Nafarroako Polizia Kidegoetako Langileen Erregelamendua onesten duen abenduaren 29ko 718/2003 Foru Dekretua; Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren Testu Bategina onetsi zuen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua; Nafarroako administrazio publikoetako lanpostuak betetzeko Erregelamendua onesten duen azaroaren 6ko 215/1985 Foru Dekretua; aplikatzekoak diren gainerako arauak eta deialdi honetako oinarriak.

3.–Izangaiek bete beharreko baldintzak.

3.1. Txanda irekia.

Oposizio honetan txanda irekian onartuak izateko, izangaiek honako betebehar hauek izanen dituzte:

a) Espainiako nazionalitatea izatea.

b) 18 urte beteak izatea eta erretiroa nahitaez hartzeko ezarritako gehieneko adina ez izatea.

c) Eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean, Batxilergoko titulua, Lanbide Heziketako bigarren mailakoa edo horien baliokide den titulu bat izatea, edo izateko moduan egotea (titulu hori eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekina).

Atzerrian eskuraturiko tituluak izanez gero, eskabideak aurkezteko epea betetzen den egunean haren homologazioa frogatzen duen agiriaren jabe izan beharko da.

d) Lanpostuak berezkoak dituen eginkizunak betetzeko behar diren gaitasun fisiko eta psikikoak izatea, eta deialdiaren IV. eranskinean ageri diren bazterbide medikoetan ez egotea.

e) Dolozko delitu bat dela kausa kondenatua ez izatea, ezta administrazio publiko baten zerbitzutik baztertua ere, eta eginkizun publikoetan aritzeko desgaitua edo gabetua ez izatea, deusetan galarazi gabe errehabilitazioaren onura aplikatzea, zigor eta administrazio arloetako arauei jarraikiz.

f) A2 eta B motako ibilgailuak gidatzeko baimenak izatea.

g) Aldean armak eramateko eta, behar denean, erabiltzeko konpromisoa. Eskatzailearen erantzukizunpeko adierazpenaren bidez adieraziko da.

h) Haurrentzako eta nerabeentzako babes sistema aldatzen duen uztailaren 28ko 26/2015 Legearen arabera, adingabeekin ohiko harremana duten lanpostuetan aritzeko baldintza da epai irmo baten bidez kondenatua ez izatea sexu-askatasunaren eta sexu-ukigabetasunaren aurkako delitu batengatik, ezta gizakien salerosketarengatik ere.

3.2. Igoera txanda.

Txanda irekiko izangaiei eskatutako betebeharrez gain, igoera txandako izangaiek betebehar hauek ere izanen dituzte:

a) Nafarroako edozein administrazio publikotako langile finko izatea, horietan bost urtez zerbitzuak egin izana egiaztatzea eta borondatezko nahiz nahitaezko eszedentzian ez egotea.

b) Nafarroako polizia kidegoetako kideen kasuan, horiek frogatu beharko dute bost urtez egin dituztela zerbitzuak kidego horietan.

c) Deialdiko lanpostu hutsen maila berekoa edo apalagokoa izatea.

3.3. Baldintza horiek denak eskaerak aurkezteko epea bukatu baino lehen bete beharko dira, 3.1.f) oinarrikoa izan ezik. Horri dagokionez, oinarrizko prestakuntza ikastarorako (deialdiko 7.4 atalean aipatua) izangaien behin-behineko zerrenda jendaurrera ateratzen den egunerako bete beharko da.

4.–Eskabideak.

4.1. Deialdian parte hartzeko eskabideak noiz eta non aurkeztu behar diren.

Deialdian parte hartzeko eskabideak Corellako Udalaren erregistro orokorrean (Espainiako plaza, z.g.) aurkeztu beharko dira, edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4. artikuluan ezarritako bideetako edozein baliatuz, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hogeita hamar egun naturaleko epean.

Eskaera posta bulego batean aurkeztuz gero, gutun-azal ireki batean aurkeztuko da, postako langileek data eta zigilua jar diezazkioten eskabideari, ziurtatu aurretik.

Eskabideak deialdiaren I. eranskinean dagoen ereduari lotu beharko zaizkio eta, haietan, izangaiek adierazi beharko dute eskatutako baldintza guztiak betetzen dituztela. Eskabidearen eredua Corellako Udalaren erregistro orokorrean eskura daiteke.

Eskabidearen eredua (ez dokumentazio erantsia) behar bezala beteta aurkeztu beharko da, eta betiere bi ale.

4.2. Izangaiek eskabidearekin batera aurkeztu behar dituzten gainerako agiriak:

Bat.–Osasun ziurtagiri ofiziala, III. eranskinean agertzen diren proba fisikoak egiteko gaitasuna duela egiaztatzen duena.

Bi.–Justizia Ministerioaren mendeko Zigortuen eta Auzi-iheslarien Erregistro Zentralaren ziurtagiria, egiaztatzen duena ez dagoela erregistro horretan izangaiaren aurrekari penalik, edo aurrekariak baliogabetuta daudela.

Hiru.–Deialdi honetan eskatzen den titulu akademikoaren fotokopia.

Lau.–Igoera txandako izangaiek abiaburuko lanpostua, maila eta bertan duten antzinatasuna frogatzen dituen agiria aurkeztu beharko dute, zein administraziotakoak diren, hartan ziurtagiriak emateko eginkizuna esleitua duen organoak emana.

4.3. Baldin eta 4.1 eta 4.2 ataletan aurreikusitakoa betetzen ez bada, izangaia baztertu eginen da.

4.4. Eskabideak aurkezteko epea ezin izanen da luzatu.

4.5. Eskabidean atzematen diren akats materialak edo egitezkoak ofizioz edo interesdunak eskaturik zuzendu ahalko dira, noiznahi zuzendu ere.

5.–Onartuen behin-behineko zerrendak, erreklamazioak eta behin betiko zerrendak.

5.1. Parte hartzeko eskabideak aurkezteko epea amaiturik, alkateak onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesten duen ebazpena emanen du, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Udalaren web-orrian eta iragarki-taulan argitara dadila aginduko da. Horretarako, bi zerrenda eginen dira: Lehenbizikoa: Txanda irekiko izangaiak Bigarrena: Igoera txandako izangaiak.

5.2. Behin-behineko zerrenda Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita, izangai baztertuek hamar egun balioduneko epea izanen dute erreklamazioak aurkezteko eta, akatsik egin badute, haiek zuzentzeko.

5.3. Erreklamazioetarako epea bukatutakoan eta horiek ebatzi ondoren, Alkatetzaren ebazpenaren bidez, onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda onetsiko da, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko aginduko. Ebazpenean hautaprobak hasiko diren hilabetea eta urtea adierazi beharko dira gutxienez, betiere kontuan harturik deialdiaren argitalpenaren eta hautaproben hasieraren artean bi hilabete iragan behar direla gutxienez.

Era berean, izangai onartu eta baztertuen zerrendak, bai behin-behinekoa bai behin betikoa, interesdunen eskura egonen dira Corellako Udalaren ediktuen taulan.

6.–Kalifikazio epaimahaia.

6.1. Osaera.

Kalifikazio-epaimahaia honako kide hauek osatuko dute:

–Epaimahaiburua: Gorka García Izal, Corellako alkatea.

–Ordezkoa: Patricia Lázaro Cueva, Corellako Udaleko zinegotzia.

–Epaimahaikidea: Jose Manuel Mateo Jiménez, Corellako Udaltzaingoko burua.

–Ordezkoa: Juan Ignacio Gómez Fernández, Corellako udaltzaina.

–Epaimahaikidea: Alfredo Ondarra Ramos, Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako Departamentuko Segurtasunaren Koordinazio Ataleko burua.

–Ordezkoa: Ángel Labiano Mangado, Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako Departamentuko Segurtasun Pribatuaren eta Sistemen Bulegoko burua.

–Epaimahaikidea: Carlos Navarro Izal, langileen ordezkaria.

–Ordezkoa: Milagrosa Pérez Barquín, langileen ordezkaria.

–Idazkaria: Milagrosa López Mendoza, Corellako Udaleko idazkaria.

Ordezkoa: Miguel Chivite Sesma, Tuterako Udaleko idazkaria.

6.2. Eraketa eta jarduna.

Epaimahaia hautaprobak hasi baino lehen eratu beharko da.

Epaimahaia ezin izanen da eratu, ezta jardun ere, kideen gehiengo osoa gutxienez bildu gabe.

Kide anitzeko organoaren eraketak eta jardunak balio izateko, epaimahaiko buruak eta idazkariak edo haien legezko ordezkoek bertan egon beharko dute.

Epaimahaiak gehiengoz erabakiko ditu deialdiaren oinarriak aplikatzeko moduaz sortzen diren arazo guztiak.

Administrazio prozeduraren arauetan abstentziorako aurreikusitako arrazoiren bat gertatzen denean, epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote, eta hori jakinarazi deialdia egin duen organoari.

Halaber, izangaiek mahaikideak errekusa ditzakete, arrazoi horietako bat gertatzen denean.

Epaimahaiak aholkulari adituak hartzen ahalko ditu. Aholkulari horiek dagozkien espezialitate teknikoetan aritzera mugatuko dira, eta epaimahaiari horietan baizik ez diote lagunduko.

7.–Oposizioa nola eginen den.

7.1. Oposizioa.

Oposizioa 2019ko martxoan hasiko da.

Oposizioan, lehenengo fasean, proba batzuk egin beharko dira, baztertzaileak izanen direnak, honako hauen gainean: ezagutzak, eta egoera fisikoa, psikoteknikoa eta osasunari dagokiona; eta, bigarren fasean, berriz, oinarrizko prestakuntza ikastaroa gainditu beharko da.

7.2. Oposizioaldiko probak.

Oposizioaldiko proba guztiak deialdi bakarrean eginen dira eta izangaiek nortasun agiri nazionala, pasaportea edo gidabaimena aldean dutela agertu beharko dute. Oposiziotik bazterturik geldituko dira adierazten diren egun, ordu eta tokietan agertzen ez diren izangaiak, arrazoia edozein dela ere.

Hautapenaldiko proba bakoitzaren kalifikazioa eginda, epaimahaiak kalifikazioak jarriko ditu jendaurrean eta bost eguneko epea emanen du izangaiek erreklamazioak aurkez ditzaten. Behin horiek ebatzita, behin betiko zerrendak emanen ditu argitara.

Oposizioaldiko probak honako hauek izanen dira:

Lehenbizikoa.–Proba teorikoa: Test motako ariketa bat egin beharko da, II. eranskinean agertzen diren gaiei buruzkoa (100 puntu gehienez). Bazterturik geldituko dira gutxienez 50 puntu lortzen ez dituzten izangaiak.

Bigarrena.–Gaitasun fisikoa neurtzeko proba. Deialdiko III. eranskinean azaltzen diren ariketa fisikoak egin beharko dira; baztertzaileak izanen dira. Epaimahaiak finkatuko du proba honetako ariketak egiteko ordena eta erabakiko du egun bakarrean edo gehiagotan egin behar diren. Ariketa bakoitzean “Gai” edo “Ez gai” kalifikazioa emanen da. Deialdiko III. eranskinean ezartzen diren gutxienekoak gainditzen ez dituzten izangaiei “Ez gai” kalifikazioa emanen zaie eta, orobat, dopinaren kontrako kontrolen batean positiboa ematen dutenei.

Epaimahaiak eskatuz gero, izangaiak behartuak daude dopinaren kontrako kontrola egitera, proba fisikoak egin bitartean edo beste egun batean. Kontrola ariketaren batean lortutako sailkapenari jarraikiz egin daiteke, edo ausaz aukeratzen direnei bakarrik. Horretarako deialdia idatziz eginen da, Kirolean Osasuna Babesteko Espainiako Agentziaren neurrien arabera ezarrita dagoen dopinaren kontrol ofizialetarako inprimakia erabiliz. Jardunbide debekatuak detektatzeko edo egiaztatzeko analisiak behar den organo espezializatuak eginen ditu. Izangaiak kontrol hori egiteari uko eginez gero edo trabak jarriz gero, edo adierazten zaion tokian eta orduan agertzen ez bada behar bezala justifikatu gabe, hautapen-prozesutik baztertu eginen da berehalakoan. Baztertzeko arrazoia izanen da, orobat, dopin kontrola legeak aurreikusi bezala egiteko trabak jartzea, kasurik ez egitea, bidegabeki luzatzea eta ezkutatzea, baita, egitez edo ez-egitez, kontrola egitea eragozten, nahasten, galarazten edo saihesten duten gainerako jokabideak ere, eta, betiere, izangaiak nahita ekiditen duenean, egitez edo ez-egitez, bildu beharreko laginak biltzea.

Ondorio horietarako, debekatuta egonen dira Kiroletako Kontseilu Goreneko Lehendakaritzaren 2016ko abenduaren 30eko Ebazpenaren eranskinean heldu diren substantziak, gai farmakologikoak, dopin-metodoak eta manipulazioak, ebazpen horren bidez onetsi baitzen kirolean debekatuta dauden substantzia eta metodoen zerrenda (2017ko 6. Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratua, urtarrilaren 7an).

Hirugarrena.–Proba psikoteknikoa. Proba psikoteknikoak eginen dira, izangaiak lanpostuaren profil profesionalaren eskakizunetara zenbateraino egokitzen diren zehazteko. Proba horiek Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuak eginen ditu eta haien balorazioak lotesleak izanen dira epaimahaiarentzat (50 puntu gehienez); bazterturik geldituko dira gutxienez 25 puntu lortzen ez dituzten izangaiak.

Arestian aipatu hautapenaldietako proba bakoitzaren kalifikazioa bukatutakoan, epaimahaiak jendaurrean jarriko du Udalaren ediktuen taulan izangaien zerrenda, dagokien kalifikazioarekin batera, gainditu dutenak eta baztertuak izan direnak adieraziz.

Laugarrena.–Proba medikoak. Oinarrizko prestakuntza ikastaroan behin-behinekoz onartutako izangaiek beren gaitasun psikofisikoak egiaztatzeko beharrezko diren proba medikoak eginen dituzte, deialdi honen 3. oinarriko d) letran ezarritako moduan.

Proba medikoetan, izangaiei “Gai” edo “Ez gai” kalifikazioa emanen zaie. “Gai” kalifikazioa lortzen ez duen izangaia bazterturik geldituko da.

7.3. Lanpostuen adjudikazioa.

a) Adjudikazioaren egintza prestakuntza ikastaroaren aurretik eginen da, horrela zehazki jakinen baita nor sartuko den bete beharreko lanpostuetan.

b) Egintza horren helburua da dauden lanpostuak betetzea, hautaprobetan lortutako puntuazio handienaren arabera.

c) Epaimahaiak bi zerrenda eginen ditu horretarako, guztirako puntuazio handienetik txikienera ordenatuta; bat igoera txandako lanposturako izangaiena eta beste bat izangai guztiena. Dei egiten hasiko da, ordenaren arabera, lehenik igoera txandako zerrendan agertzen direnei, txanda horretako lanpostu hutsak adjudikatzeko. Lanpostu horiek bete ondoren, gauza bera eginen da izangai guztiak jasotzen dituen zerrendarekin, salbu eta igoera txandan hautaketa egin dutenak, txanda irekiko lanpostuak betetzeko.

d) Ekitaldi honetan lanpostua lortzen duten izangaien zerrendan agertzen direnak behin-behinekoz proposatuak izanen dira oinarrizko prestakuntza ikastarorako. Proposatutakoen kopurua ez da inolaz ere izanen deitutako lanpostu kopura baino handiagoa. Epaimahaiak argitara emanen du zerrenda Udalaren iragarki-taulan eta web-orrian, bakoitzaren kalifikazio orokorrak zehaztuta.

7.4. Oinarrizko prestakuntza ikastaroa.

7.4.1. Epaimahaiak emaitzak baloratu ondotik, oinarrizko prestakuntza ikastaroan behin-behineko onartutako izangaien zerrenda onetsiko du, betiere lortutako puntuazioaren araberako hurrenkeran.

Oinarrizko prestakuntza ikastaroan parte hartu ahal izateko, ikastaro horretarako onartutakoen behin-behineko zerrenda Corellako Udaleko ediktuen taulan jendaurrean jarri eta handik hamar egun naturalean, izangaiak frogatu beharko du deialdiaren 3. oinarriko f) eta g) baldintzak betetzen dituela. Horretarako, dokumentazio hau aurkeztu beharko du Corellako Udalaren erregistro orokorrean, epaimahaiko idazkariari zuzendua:

–Nortasun agiri nazionalaren bi aldeen fotokopia konpultsatua.

–Deialdian eskatutako gidabaimenen aurreko eta atzeko aldeen fotokopia konpultsatua.

–Erantzukizunpeko adierazpena, adierazteko ez dela dolozko delitu bat dela kausa kondenatua izan, ez eta administrazio publiko baten zerbitzutik baztertua, eta eginkizun publikoetan aritzeko desgaitua edo gabetua ez dagoela, deusetan galarazi gabe errehabilitazioaren onura aplikatzea, zigor eta administrazio arloetako arauei jarraikiz.

–Zin egin edo hitzematea, Nafarroako Foru Eraentza errespetatu, Konstituzioari eta legeei men egin, eta karguari dagozkion eginkizunak zuzen beteko dituela.

–Armak eramateko konpromisoa hartzeko erantzukizunpeko adierazpena, legeak hala baimenduz gero eta Udalak hala eskatuz gero.

–Gizarte Segurantzaren txartelaren fotokopia konpultsatua.

–Nomina zer bankutan edo aurrezki kutxatan jaso nahi den, hango libretaren fotokopia konpultsatua.

Agiri horiek aipatu epean aurkezten ez dituzten izangaiak hautapen-prozesutik kanpo geratuko dira.

Epaimahaiak, ikusirik izangaiek aurkeztutako dokumentazioa eta proba medikoen emaitzak, hautapen-prozesuan sortutako bajak ezarriko ditu, eta baja haiek bazterturik gelditu ez diren beste izangai batzuekin beteko ditu, baldin eta proba medikoak gainditu eta eskatutako dokumentazioa aurkezten badute. Hori egindakoan, oinarrizko prestakuntza ikastarora onartutakoen behin betiko zerrenda argitaratuko da Udalaren ediktuen taulan eta web-orrian.

7.4.2. prestakuntza ikastaroa Nafarroako Segurtasun eta Larrialdi Eskolak emanen du, gainditu egin beharko da eta honako hauei jarraikiz eginen da: Nafarroako Segurtasun Eskolaren antolamendu eta funtzionamendurako Erregelamendua onesten duen irailaren 12ko 113/2005 Foru Dekretuak horren gainean ezarritako aginduak eta aplikagarriak diren gainerako xedapenak.

Azaroaren 19ko 23/2018 Foru Legearen 34.3 artikuluan ezarritakoarekin bat, izangairen batek deialdian eskatutako ikastaroaren antzeko bat, Nafarroako Segurtasun eta Larrialdi Eskolak antolatua, gainditu badu, aski izanen da Nafarroako Segurtasun eta Larrialdi Eskolak ikastaro hori baliozkotzea. Hori frogatzeko, egiaztagiri ofiziala aurkeztuko da, ikastaroetako edukien berdintasuna edo baliozkotasuna frogatzen duena, eta baliozkotutako ikastaroan edo ikastaroetan lortutako kalifikazioak. Egiaztagiri hori Nafarroako Segurtasun eta Larrialdi Eskolak luzatuko du, interesdunak eskatuta.

Behin ikastaroaren edukia berdina edo baliokidea dela egiaztatuta, proportzio bat kalkulatuko da, bai haren puntuazio orokorrarena, bai hura osatzen duten ataletako bakoitzarena.

Izangaiek, prestakuntza ikastaroak dirauen bitartean, C mailaren hasierako soldatari dagokion lansaria jasoko dute, bai eta, hala badagokie, familia laguntza ere.

Bestetik, Gizarte Segurantzaren Araubide Orokorrean afiliatuko dira eta alta emanen zaie, salbu eta lehendik Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko langileen eskubide pasiboen beste araubide batean afiliatuta badaude, horrexetan segituko baitute.

Nafarroako polizia izateko oinarrizko prestakuntza ikastaroan parte hartzen duen izangaia Corellako Udaleko praktiketako funtzionario izendatuko da Alkatetzaren ebazpen baten bidez, salbu eta aitzinetik Nafarroako administrazio publiko bateko funtzionarioa bada.

Praktiketako funtzionario izateak ez du eskuratu nahi den lanpostuari dagokion eskubiderik ematen.

Ikastaroan baja emateak berekin ekarriko du oposizioan jarraitzeko eskubidea eta praktiketako funtzionarioaren izaera galtzea. Gertatzen denean, deialdia egin duen organoari jakinaraziko zaio. Baja hori epaimahaiak Udalari jakinaraziko dio.

Oinarrizko prestakuntzako ikastaroan behin betiko onartuak izan baino lehen egindako azterketa medikoaz gain, ikastaroa bitartean edo hura bukatutakoan izangaiek agintzen zaizkien proba mediko guztiak pasatu beharko dituzte, deialdiaren 3.1.d) atalean aipatzen den baldintza betetzen segitzen dutela frogatzeko. Proba horien bidez egiaztatzen bada baztertzeko arrazoirik badela, epaimahaiak aginduko du izangai horiei baja ematea hautapen prozesuan, eta, ondorioz, praktiketako funtzionario izaera galduko dute.

Prestakuntza ikastaroa gainditzen duen izangaiak, eta hautapen-prozesuan gaitasun psikofisikoa galtzeagatik baja ematen ez bazaio, praktiketako funtzionarioa izaten segituko du lanpostuaz jabetu arte.

8.–Proben eta prestakuntza ikastaroaren balorazioa.

8.1. Lehenengo probak 100 puntuko balorazioa izanen du gehienez. Probak test motako ariketa bat izanen du II. eranskineko gaiei buruz; bertan, hiru erantzun eskainiko dira, baina bat bakarra izanen da zuzena.

Ongi erantzundako galdera bakoitzak puntu bateko puntuazioa izanen du. Gaizki erantzundako galdera bakoitzak 0,50eko balorazio negatiboa izanen du. Bazterturik geldituko dira lehen ariketa honetan 50 puntura ailegatzen ez diren izangaiak.

8.2. Gaitasun fisikoari buruzko probetan, “gai” edo “ez gai” kalifikazioa emanen da. Bazterturik geldituko dira “Gai” kalifikazioa lortzen ez duten izangaiak.

–Pisua jasotzeko proba (bankako press-a).

–Uretan aritzeko gaitasunari buruzko proba.

–Erresistentzia-proba (Course Navetteren testa).

–Indar-erresistentziaren eta koordinazioaren proba (alboko jauzien testa).

8.3. Proba psikoteknikoa 0tik 50 puntura bitarte kalifikatuko da. Bazterturik geldituko da ariketa honetan 25 puntu lortzen ez dituen izangaia.

8.4. Proba medikoetan izangaiei “Gai” edo “Ez gai” kalifikazioa emanen zaie. “Gai” kalifikazioa lortzen ez dutenak bazterturik geldituko dira.

8.5. Oinarrizko prestakuntza ikastaroa gainditzen ez dutenak ere bazterturik geldituko dira oposiziotik. Prestakuntza ikastaroan Nafarroako Segurtasun Eskolak epaimahaiari igorriko dizkion izangaien kalifikazioak lotesleak izanen dira epaimahaiarentzat.

8.6. Oinarrizko prestakuntza ikastaroan, izangaiak “Gai” edo “Ez gai” kalifikatuko dira.

9.–Izendapena eta jabetza hartzea.

9.1. Izendapena.

Eskatutako agiriak aurkeztu ondoren, Udaleko organo eskudunak oposizioa gainditzen duen izangaia Udaleko funtzionario izendatuko du.

Izendapena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.

9.2. Lanpostuaz jabetzea.

Izangaiak izendapenean zehazten den egunean jabetu beharko du lanpostuaz. Udaltzain lanpostuaz jabetzeak berarekin ekarriko du praktiketako funtzionario izateari uztea.

Ezarritako egunean lanpostua hartzen ez duenak Udalean sartzeko eskubide guztiak galduko ditu.

Hautaprobak gainditu eta deialdiaren xede den lanposturako izendatua izan ondoren, Udalean sartu eta funtzionario bihurtzen den izangaiari Gizarte Segurantzako Araubide Orokorrean afiliatu eta alta emanen zaio araubide horren babesean, salbu jadanik afiliaturik badago edo Nafarroako Administrazio Publikoetako Eskubide Pasiboen eta Osasun eta Gizarte Laguntzako beste araubide batean izena emana bada; orduan, eta izendatu aurretik, babes araubide horretan segitzea edo Gizarte Segurantzaren Araubide Orokorrean afiliatzea aukeratzen ahalko du.

10.–Errekurtsoak.

Deialdi honen aurka, nahiz bere oinarrien eta aplikazio egintzen aurka, errekurtso hauetako bat aurkez daiteke, aukeran:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza eman duen organo berari zuzendua, hilabeteko epean, hura jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita.

c) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, erabakia argitaratu edo errekurritu nahi den egintza jakinarazten denetik hasita.

Epaimahaiaren egintzen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkez daiteke, deialdia egin duen udal organoari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazten denetik hasita.

11.–Datuak babesteari buruzko informazioa.

2016/679 (EB) Erregelamenduaren (DBEO) 13. artikuluan ezarritakoari jarraituz, izangaiei ondokoa jakinarazten zaie:

–Izangaiek emandako datu pertsonalen tratamenduaren arduraduna Corellako Udala da.

–Datuen tratamenduaren xedea da langileak hautatzea eta deialdiko lanpostua betetzea.

–Oinarri juridikoa honako hau da: DBEOren 6.1.b) artikulua, kontratu bat gauzatzeko behar den tratamendua, interesduna kontratu horren parte bat denean, edo berak eskatua kontratu aurreko neurriak aplikatzeko beharrezkoa dena, eta DBEOren 6.1.c) artikulua, tratamenduaren arduradunari aplikagarri zaion legezko betebehar bat betetzeko behar den tratamendua.

–Datuak zein xedetarako bildu diren, bada xede hori lortzeko beharrezkoa den denbora guztian gordeko dira, bai eta deialdiaren edo datuen tratamenduaren ondorioz izan daitezkeen erantzukizun guztiak zehaztu ahal izateko ere. Artxiboen eta dokumentazioaren gaineko araudian ezarritakoa aplikatuko da (Nafarroako Toki Entitaten agiriak ebaluatu eta ezabatzeko jarraibideak).

–Datuen komunikazioa eginen da legeak aurreikusitako kasuetan (5/2015 LED, urriaren 30ekoa), bai eta Udalaren iragarki-taulan eta web-orrian ere.

–Titularrek eskubidea izanen dute datuak eskuratzeko, zuzentzeko, deuseztatzeko, tratamendua mugatu, kontra egiteko eta datuak eramateko, udal bulegoetara joaz edo egoitza elektronikoaren bitartez. Halaber, eskubidea dute erreklamazioa aurkezteko Datuak Babesteko Espainiako Bulegoan (agpd.es), uste badute datuen tratamendua ez datorrela bat indarrean den araudiarekin.

I. ERANSKINA

Eskabide eredua (PDFa).

II. ERANSKINA

Lehen probarako gai-zerrenda

1.–Espainiako 1978ko Konstituzioa.

2.–7/1985 Legea, apirilaren 2koa, Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituena. I. titulua: xedapen orokorrak. II. titulua: udalerria. 6/1990 Foru Legea, uztailaren 2koa, Nafarroako Toki Administrazioari buruzkoa. III. titulua, I. kapitulua, II. atala: udalen funtzionamendua.

3.–39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoa: II. titulua, III. titulua eta V. titulua, II. kapitulua: Administrazio errekurtsoak.

4.–2/1986 Lege Organikoa, martxoaren 13koa, Segurtasun Indar eta Kidegoei buruzkoa.

5.–Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalen Bermerako abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoa: II. titulua: datu babesaren printzipioak. III. titulua: pertsonen eskubideak.

6.–4/1997 Lege Organikoa, abuztuaren 4koa, Segurtasun Indar eta Kidegoek eremu publikoetan bideokamerak erabiltzea arautzen duena.

7.–251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, abuztuaren 30ekoa, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren Testu Bategina onesten duena. I. titulua. Xedapen orokorrak. II. titulua. Funtzionario publikoak. I. kapitulua: hautaketa. II. kapitulua. Funtzionario izaera eskuratzea eta galtzea. III. kapitulua. Mailak eta graduak. Laugarren xedapen iragankorraren eragina. IV. kapitulua. Administrazio karrera. VI. kapitulua. Egoera administratiboak.

8.–10/1995 Lege Organikoa, azaroaren 23koa, Zigor Kodeari buruzkoa. Atariko titulua: Zigor-bermeak eta zigor-legearen aplikazioa. I. titulua: arau-hauste penala. II. titulua: delituen erantzukizun kriminala duten pertsonak.

9.–14/2015 Foru Legea, apirilaren 10ekoa, Emakumeen kontrako Indarkeriari aurre egitekoa.

10.–1882ko irailaren 14ko Errege Dekretua, Prozedura Kriminalaren Legea onesten duena: II. liburua: I. titulua: salaketa. III. titulua: polizia judiziala. VI. titulua, II. kapitulua: atxiloketa. IV. kapitulua: defentsa eskubideaz baliatzea, abokatuaren laguntza, eta atxilotuei eta presoei eman beharreko tratua. VIII. titulua, I. kapitulua: toki itxian sartu eta hori miatzea. II. kapitulua: liburu eta paperak miatzea. III. kapitulua: idatzizko posta eta posta telegrafikoa geldiarazi eta irekitzea.

11.–6/1984 Lege Organikoa, maiatzaren 24koa, Habeas Corpus prozedura arautzen duena.

12.–8/2006 Foru Legea, ekainaren 20koa, Nafarroako Segurtasun Publikoari buruzkoa.

13.–23/2018 Foru Legea, azaroaren 19koa, Nafarroako Poliziari buruzkoa.

14.–4/2015 Lege Organikoa, martxoaren 30ekoa, herritarren segurtasuna babesteari buruzkoa.

15.–6/2015 Legegintzako Errege Dekretua, urriaren 30ekoa, Trafikoari, Ibilgailu Motordunen Zirkulazioari eta Bide Segurtasunari buruzko Legearen Testu Bategina onesten duena.

16.–Etika eta deontologia poliziala:

–Jokabide kodea legea betearazi behar duten funtzionarioentzat (34/169 Ebazpena, 1979ko abenduaren 17koa, Nazio Batuen Batzar Nagusiak emana).

–690/1979 Ebazpena, Europako Kontseiluaren Parlamentu Biltzarrak emana, poliziaren gaineko deklarazioa egiten duena.

–10. Gomendioa (2001), Europako Kontseiluko Ministroen Batzordeak Europar Batasuneko Estatuei emandakoa, Poliziaren Etikari buruzko Europako Kodeari buruzkoa. (Ministroen Kontseiluak emana 2001eko irailaren 19an, Ministroen Delegatuen 765. bilkuran).

17.–Corellako Udalaren ordenantza, gizalegezko jokaeren sustapenaren eta espazio publikoen babesaren gainekoa (2007ko 52. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, apirilaren 27koa).

18.–Udal ordenantza, kuadrillen gelei buruzkoa (2015eko 12. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, urtarrilaren 20koa).

19.–1. udal ordenantza, jabari publikoko ondasunak babestearen gainekoa (1996ko 57. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, maiatzaren 5ekoa).

20.–Udal erregelamendua, Herri-lurretako belardien aprobetxamendua arautzen duena (2008ko 8. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, urtarrilaren 18koa).

21.–Corellako geografia eta historia.

22.–Corellako kale-izendegia.

23.–Corellako udal-mugarteko toponimia eta kartografia.

24.–Gaztelaniaren oinarrizko ortografia.

III. ERANSKINA

Bigarren probari dagozkion ariketak (gaitasun fisikoa)

1.–Bankako press-a, edo pisua jasotzeko proba, 35 kg gizonentzat eta 20 kg emakumeentzat.

Deskribapena: banku batean etzanda, ahoz gora, izangaiak 35 edo 20 kiloko pisua goratu behar du, 60 segunduan, ahal duen aldi guztietan. Bi eskuekin goratuko du pisua, eta barra hartuko du sorbalden zabalera baino pixka bat zabalago (barrari ahurraz heldu eta behatzak itxirik). Ariketa honela eginen da: hasieran barrak bularra ukitzen du, ukondoak flexionaturik, eta gero ukondoak erabat luzatzen dira bertikalean jarri arte. Proba hau egiteko saio bakarra izanen dute izangaiek.

Ariketaren hasieran ukondoak flexionatuak egonen dira eta barrak bularra ukituko du.

Oinak lehenbiziko goratzean nola dauden, horrela mantenduko dira ariketa osoan, aldatu gabe.

Ukondoak erabat luzatu ezean edo ukondoen flexio bakoitzean barrarekin bularra ukitu ezean, jasoaldia baliogabetuko da, eta, beraz, ez da kontatuko.

Kasu hauetan, ariketa bukatutzat emanen da:

–Izangaiak ukondoak flexionaturik dituela, ariketa gelditzen badu barra bularrean bermatuz.

Puntuazioa: “Gai” edo “Ez gai” kalifikazioa egindako errepikapenen araberakoa izanen da, eskala honi jarraikiz:

PUNTUAZIOAK ERREPIKAPENAK

EZ GAI

GIZONAK

30 baino gutxiago

EMAKUMEAK

25 baino gutxiago

2.–Uretan aritzeko gaitasunari buruzko proba (50 metro estilo librean).

Deskribapena: joan-etorria egin behar da igerian, estilo librean, 25 metroko igeri-ontzi batean.

Proba hau egiteko gehieneko denbora hau da: 41 segundo gizonentzat eta 46 segundo emakumeentzat.

Ezin izanen da erabili urpeko betaurrekorik, ezta urpean ibiltzeko beste baliabiderik ere, baina bai igeri egiteko betaurrekoak.

Saio bakarra eginen da.

Epaile kronometratzaileak “ya” esatean hasiko da ibilbidea.

Saioa baliogabetzat joko da, eta baztertzeko arrazoi izanen da, baldin eta izangaiak:

–Kortxo-ilarak edo igerilekuaren alboko kaleak nahiz ertza euskarri moduan edo abiada hartzeko erabiltzen baditu.

–Igerilekuaren hondoan bermatzen bada edo hura erabiliz bulkada hartzen badu.

–Kalez aldatzen bada.

Puntuazioa: “Gai” edo “ez gai” kalifikazioa eskala honen arabera emanen da (denbora segundotan neurtua, segundo-ehunenak ez baitira kontuan hartuko).

PUNTUAZIOAK DENBORAK

EZ GAI

GIZONAK

42” edo gehiago

EMAKUMEAK

47” edo gehiago

3.–Erresistentzia proba. (Course Navette-ren testa).

Gauzatzeko modua: izangaiek 20 metroko luzera duen joan-etorriko ibilbide bat egin behar dute emandako seinale akustikoen bidez markatutako erritmoari jarraikiz, ahalik eta joan-etorri gehien eginez. Izangaiek, seinalea entzutearekin batera, ibilbidearen bi muturrak seinalatzen dituzten marrak zapaldu beharko dituzte, lehenik bat eta gero bestea. Hortaz, izangai guztiek erritmo berean egin beharko dute lasterketa, eta ez da onartuko inork lasterketaren erritmoa gainditzea. Buelta emanen da oin baten gainean bermatuz eta marra zapalduz. Soinua tarte erregularren arabera emanen da. Probaren hasieran abiadura motela izanen da, baina gero eta azkarrago eginen da. Proba hau egiteko saio bakarra izanen dute izangaiek.

Testaren helburua da markatzen den erritmoari eustea eskatzen diren epeak bete arte. Izangai bakoitzaren proba bukatuta, ordura arte baliatu duen tartea kontatutako da:

–Izangaia gelditzean.

–Izangaia bere kaletik ateratzean.

–Izangaiak ibilbide oso bat bukatzeko dagoen muturreko marra ez zapaltzean.

–Izangaia hiru aldiz jarraian ez iristea muturreko marra zapaltzera seinale akustikoak agintzen dionean. Marratik metro bateko tartera egotea onartuko da, seinaleak jotzen duen unean. Izangaia marjinaren barrenean ez egotea seinalea entzuten denean, behin bakarrik.

Puntuazioa: izangai bakoitzak proba bukatzen duen arte pasatako denbora-tarteen arabera emanen zaio “Gai” edo “Ez gai” kalifikazioa (tarte bakoitza minutu batekoa da gutxi gorabehera), eskala honi jarraikiz:

PUNTUAZIOAK TARTEAK

EZ GAI

GIZONAK

10 baino gutxiago

EMAKUMEAK

8 baino gutxiago

4.–Indar-erresistentziaren eta koordinazioaren proba. (Alboko jauzien testa).

Deskribapena: lurretik 25 zentimetrora dagoen listoi bat jauziko da, 30 segunduz etenik gabe, oinak bata bertzearen ondoan edo parez pare daudela. Zenbat jauzi egiten diren kontatuko da.

Abiatzeko jarrera: izangaia zutik jarriko da, listoiaren ondoan saiheska, bi oinak elkarturik edo pare-parean. Kontrolatzaileak “ya” esatean, jauzika hasiko da, gelditu gabe.

Bi saio egiten ahal dira. Bigarren saiakera eginen da, bakar-bakarrik, lehenbizikoa baliogabea izan baldin bada. Gutxienez bi minutuko atsedenaldia utziko da bigarren saiakera egin baino lehen.

Saiakera baliogabea izanen da izangaiak honako hauetako bat egiten badu:

–Listoia botatzen badu.

–Jauzi bat errepikatzen badu listoiaren alde berean.

–Jauzien erritmoa eteten badu 30 segundoak bukatu baino lehen, eta gelditzen bada.

–Jauzi bat bukatuta listoia oinen artean gelditzen bazaio.

–Lurra bi oinekin batera ukitzen ez badu.

Puntuazioa: egindako errepikapenen araberakoa izanen da, eskala honi jarraikiz:

PUNTUAZIOAK ERREPIKAPENAK

EZ GAI

GIZONAK

50 baino gutxiago

EMAKUMEAK

30 baino gutxiago

IV. ERANSKINA

Deialditik baztertzeko arrazoi medikoak

1.–Ikusmena. Begien sistema.

–Zuzendu gabeko ikusmen zolitasuna:

  • 4/10 bi begietan, edo,
  • 3/10 begirik okerrenean eta 5/10 hoberenean, edo,
  • 2/10 begirik okerrenean eta 6/10 hoberenean.

–Ikus-eremu monokularra: plano horizontalean, ez da 120°-tik beherakoa izanen, eta ez da murrizketa nabarmenik izanen ikus-eremuaren ezein meridianotan.

–Diplopia.

–Diskromatopsia larriak.

–Estereopsi falta.

–Keratotomia erradiala.

2.–Entzumena. Entzuteko sistema.

–500dik 3.000 Hz bitarteko frekuentzietan 45 dB-ko edo gehiagoko galera monoauraleko entzumen-zolitasuna.

–Orekari loturiko nahasmenduak, edozein etiologiatakoak.

3.–Hizkera.

–Afasiak, disfoniak, disfemiak (hitz toteltasuna), disartria eta diglosia iraunkorrak, udaltzain lanetan aritzea zaildu edo galarazten dutenak.

4.–Giharren eta eskeletoaren aparatua.

–Artikulazioren baten galera anatomikoa edo ankilosia, eragin funtzionalaren arabera.

–Prozesu artikularrak, eragin funtzionalaren arabera, zeinahi etiologiaren ondorio direla ere.

–Eskoliosiak, 20º baino handiagoak.

–Zifosiak, 30º baino handiagoak.

–Espondilolisia, espondilolistesia, ornoen bategiteak eta ornoarteko diskoaren arazoak.

–Espondilitis ankilosantea.

–Paget-en eritasuna.

–Osteoporosia eta osteomalazia (eragin funtzionalaren arabera).

–Fibromialgia.

–Deformazio anatomikoak, eragin funtzionalaren arabera.

5.–Digestio aparatua.

–Crohn-en eritasuna eta kolitis ultzeraduna.

–B eta C hepatitisa aktiboa izatea edo birusaren eramailea izatea.

–Gibeleko gutxiegitasuna, ebaluazio mahaiak baloratu beharrekoa.

–Gibeleko zirrosia.

–Behazun-zirrosi primarioa.

–Pankreatitis kronikoa.

–Fibrosi kistikoa.

–Abdomeneko paretaren herniak, ebaluazio mahaiak baloratu beharrekoa.

–Uzki-esfinterreko gutxiegitasuna.

6.–Bihotz-hodietako sistema.

–Bihotzeko gutxiegitasuna, maila guztietan.

–Arritmiak eta blokeoak: aurre-eszitazioaren sindromeak eta erritmo edo kondukzio kardiakoaren edozein nahasmendu, honako hauek salbu: arritmia sinusala, edo estrasistole suprabentrikular edo estrasistole bentrikular isolatuak, lehen mailako aurikula-bentrikuloaren blokeoa, eskuineko adarreko blokeo osoa eta ezkerreko adarreko hemiblokeoak.

–Kardiopatia iskemikoa, maila guztietan.

–Balbulopatiak.

–Miokardiopatiak.

–Perikardiopatia kronikoak.

–Biriketako hipertentsio primarioa eta sekundarioa.

–Arterietako iskemia kronikoaren sindromea.

–Arterietako hipertentsioa (TASa >140 eta TADa >90).

–Arterietako hipotentsioa (TASa < 90 eta TADa < 45).

–Zainen eta baso linfatikoen gutxiegitasuna.

7.–Arnas aparatua.

–Arnas aparatuaren afekzio kronikoak (bronkitis kronikoa, buxadurazko arnas gaixotasun kronikoa, enfisema, bronkiektasiak).

–Pleurako isuri errepikariak.

–Berezko pneumotorax errepikatuak.

–Eritasun interstizialak eta/edo biriketako fibrosia.

–Asma eta bronkioetako hipererreaktibotasuna.

8.–Nerbio-sistema.

–Epilepsia.

–Esklerosi anizkoitza eta bestelako eritasun desmielinizanteak.

–Neurona motorraren eritasunak.

–Ataxiak.

–Buruko eta integrazioko funtzioen nahasmenduak (arrazoitze abstraktoa, oroimena, adimena eta funtzio betearazleak).

–Parkinson-en eritasuna eta bestelako nahasmendu estrapiramidalak.

–Odol-hodien afekzio iskemikoak, hemorragikoak edo malformazioren baten ondoriozkoak.

–Miastenia larria eta juntura neuromuskularraren bestelako arazoak.

–Bertigoak.

–Siringomielia.

–Hidrozefalia.

–Miopatiak.

–Nerbio-sistema zentralaren lesioaren ondoriozko paralisia.

–Paralisi periferikoak, ondorio funtzionalen arabera.

–Nerbio-sistema periferikoaren gaixotasunak, ondorio funtzionalen arabera.

–Neke kronikoaren sindromea.

–Anosmia.

–Beste nahasmendu motor batzuk (tikak, estereotipia motorrak, loaren nahasmenduak), giza harremanetan eta lanean izan dezaketen eraginaren arabera.

9.–Nahasmendu psikiatrikoak.

–Nahasmendu mental organikoak, prozesu automugatuak eta itzulgarriak kenduta.

–Nahasmendu mentalak eta jokabidearenak, substantzia psikotropikoen kontsumoaren ondoriozkoak (alkohola barne).

–Eskizofrenia eta bestelako nahasmendu psikotikoak.

–Gogo-aldartearen nahasmenduak (nahasmendu bipolarrak, depresio-nahasmendu errepikatuak, depresio-nahasmendu larria, nahasmendu distimikoak).

–Antsietate-nahasmenduak, ondorio kliniko nabarmena baldin badute.

–Bulkaden kontrolaren eta nortasunaren nahasmenduak, giza harremanetan eta lanean eragina dutenak.

10.–Sexu eta gernu-aparatua.

–Giltzurrun-gutxiegitasuna, bilakaera eta pronostikoaren arabera.

–Gernu-ihesa.

–Giltzurrun-polikistosia.

11.–Sistema endokrinologikoa.

–Hipotalamo-hipofisi ardatzaren nahasmenduak.

–Hipertiroidismoa eta hipotiroidismoa, bilakaeraren eta pronostikoaren arabera.

–Addison, Cushing, feokromozitoma eta giltzurrun gaineko guruinen bestelako nahasmenduak.

–Hipoaldosteronismo primarioa eta sekundarioa.

–Mellitus diabetesa.

–Adenomatosi endokrino anizkoitza.

–Hipoparatiroidismoa eta hiperparatiroidismoa, bilakaeraren eta pronostikoaren arabera.

12.–Larrua, fanerak eta guruin exokrinoak.

–Orbainak eta azalaren prozesu kronikoak, baldin eta haien hedadura, eragin funtzionala eta kokapena ikusirik, udaltzain lanetan aritzea eragozten baldin badute.

13.–Odola eta organo hematopoietikoak.

–Aplasia medularra, gaueko hemoglobinuria paroxistikoa, sindrome mieloproliferatiboak, anemia hemolitiko kronikoak, b-talasemiak anemiarekin.

–Linfomak, bilakaeraren eta pronostikoaren arabera.

–Sindrome linfoproliferatibo kronikoak, bilakaeraren eta pronostikoaren arabera.

–Mieloma anizkoitzak eta Waldeström-en gaixotasuna.

–Hemofiliak eta hemostasiaren beste nahasmendu batzuk.

–Immunoeskasiak.

–Esplenektomia.

–Antikoagulatzaileak (Heparinak, Sintrom), Interferon, kortikoideak edo EPO erabiltzen dituzten tratamendu kronikoak.

14.–Bestelakoak.

–GIB birusaren antigorputzen eramailea.

–Amiloidosia.

–Kolagenosia.

–Lupus eritematoso sistemikoa.

–Artritis erreumatoidea.

–Esklerodermia.

–Sjögren-en sindromea.

–Baskulitisa, ebaluazio mahaiak baloratu beharrekoa.

–Obesitatea (GMI > 25).

15.–Azalpen orokorrak.

Ebaluazio mahaiak baloratuko ditu baztertzeko moduko patologiak, eragin funtzionalaren arabera eta udaltzain lanetan aritzeko pronostikoaren arabera.

Prozesu neoplasikoetan eta organoen transplanteen kasuetan, ebaluazio mahaiak gaitasuna baloratuko du, bilakaeraren eta pronostikoaren arabera.

Eragin funtzionala duten gorputzeko bestelako aparatu edo sistemetako afekzioak, ebaluazio mahaiaren iritziz, udaltzain lanetan aritzea eragozten baldin badute.

Iragarkiaren kodea: L1901288