27. ALDIZKARIA - 2019ko otsailaren 8a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

ERABAKIA, Nafarroako Gobernuak 2019ko urtarrilaren 30ean hartua, Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko apirilaren 4ko 13/2007 Foru Legearen 61. artikuluan aipatzen diren zorpetze-eragiketak egitea xedatzen duena, 280.600.000 euroko muga gainditu gabe.

Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko apirilaren 4ko 13/2007 Foru Legearen 61. artikuluak xedatzen du Foru Komunitatearen zorpetzea mota hauetakoa izaten ahalko dela:

a) Mailegu edo kreditu eragiketak.

b) Zor publikoaren baloreen jaulkipena.

c) Finantza-tresnekiko bestelako eragiketak.

Halaber, aipatutako 13/2007 Foru Legeak 64. eta 66. artikuluetan xedatzen du Nafarroako Gobernuari dagokiola, Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariak proposaturik, zorpetze-eragiketak erabakitzea, baldin eta foru lege baten bidez baimendu badira.

Aurrekontu Egonkortasunari eta Finantza Iraunkortasunari buruzko apirilaren 27ko 2/2012 Lege Organikoak, 13.4 artikuluan, ezartzen du autonomia erkidegoei kreditu eragiketak egiteko eta zorra jaulkitzeko Estatuak ematen dien baimenak kontuan hartuko duela aurrekontu egonkortasunaren eta zor publikoaren helburuak betetzea, Autonomia Erkidegoen Finantzabideari buruzko irailaren 22ko 8/1980 Lege Organikoaren 14.3 artikuluan ezarritakoa betetzeko. Halaber, 2/2012 Lege Organiko horren beraren azken xedapenetako hirugarrenaren lehen puntuan zehazten da ezen, bere foru araubidea dela-eta, legea Nafarroako Foru Komunitatean aplikatuko dela Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Legearen 64. artikuluan ezarritakoari jarraikiz, Estatuaren eta Nafarroako Foru Komunitatearen arteko Hitzarmen Ekonomikoan xedatutakoarekin bat.

2019rako Nafarroako Aurrekontu Orokorrei buruzko abenduaren 24ko 27/2018 Foru Legeak 16. artikuluan ezartzen du baimena ematen zaiola Nafarroako Gobernuari zorpetze-eragiketak egiteko honako muga honekin: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren azpisektorea osatzen duten entitateen saldo bizia ez dadila izan 2019ko urtarrilaren 1eko saldo bizia baino 21.576.303 euro handiagoa (aurreikusitako BPGaren %0,1eko defizitaren finantzaketa), Europako 2019ko abenduaren 31ko kontuen sistemaren arabera (SEC 2010).

Enpresa publikoen zorpetze-eragiketek, 2019an mugaeguneratuko direnek, 15.916.000 euro egiten dute, eta Administrazio Orokorraren eragiketek, mugaegun arruntak beteko dituztenek, 264.713.334 euro.

Mugaeguneratutako eragiketa horiek, Administrazio Orokorrarenak eta enpresa publikoenak, kontsolidazio perimetroaren barruan berriz finantzatzeak ez dakar zorpetzearen igoerarik.

2019an mugaeguneratuko diren beste zorpetze-eragiketa batzuk egin ahal izateko, beharrezkoa da erabaki bat onestea.

Horrenbestez, Ogasuneko eta Finantza Politikako kontseilariak proposaturik, Nafarroako Gobernuak,

ERABAKI DU:

1. Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko apirilaren 4ko 13/2007 Foru Legearen 61. artikuluan aipatzen diren zorpetze-eragiketak egitea, 280.600.000 euroko mugarekin. Kopuru hau beste bi kopuru hauen batuketa da: 15.900.000 euro, enpresa publikoen mugaeguna duten eragiketak berriro finantzatzeko eta 264.700.000 euro, Administrazio Orokorraren mugaeguna duten eragiketak berriro finantzatzeko. Zorpetze-eragiketa hauek egiteko baldintza izango da Ministroen Kontseiluak baimena ematea, aurrekontu egonkortasunaren eta zor publikoaren helburuak ikusirik, hori beharrezkoa bada.

2. Zorpetze-eragiketa berriek balio izango dute Nafarroako 2019ko Aurrekontu Orokorretako proiektu jasangarriak (berdeak edo sozialak) finantzatzeko.

3. Zenbateko horren barrenean, gauzatzen diren baloreen jaulkipenek Nafarroako Zorraren ohiko izendapena eta ezaugarriak izanen dituzte, eta Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko apirilaren 4ko 13/2007 Foru Legearen 68. artikuluan xedatutakoa aplikatuko da.

4. Erabaki honetan jasotako finantza-eragiketetarako, Ogasuneko eta Finantza Politikako kontseilariaren esku uzten dira Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko apirilaren 4ko 13/2007 Foru Legearen 66.1 artikuluaren c) eta d) letretan aipatzen diren eskumenak, lege horren 66.2 artikuluan ezarritakoarekin bat.

5. Ogasuneko eta Finantza Politikako kontseilariaren foru agindu baten bidez, baloreen jaulkipenen baldintza guztiak eta gainerako finantza-eragiketen ituntzea zehaztuko dira. Horretarako, ahalmena ematen zaio aipatu kontseilariari erabaki hau betearazteko behar diren neurriak hartu eta ebazpenak eman ditzan.

6. Erabaki honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunetik beretik izanen ditu ondorioak.

7. Erabaki hau Ogasuneko eta Finantza Politikako Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusiari, Aurrekontuen Atalari eta Finantza Politikaren Atalari igortzea, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Iruñean, 2019ko urtarrilaren 30ean.–Nafarroako Gobernuko kontseilari idazkaria, María José Beaumont Aristu.

Iragarkiaren kodea: F1901344