27. ALDIZKARIA - 2019ko otsailaren 8a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. LURRALDEAREN ANTOLAMENDUA ETA HIRIGINTZA

64E/2019 EBAZPENA, urtarrilaren 24koa, Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez hasiera batez onesten baita Eguesibarko Salestarren UPSeko UE-1 exekuzio unitateko D-1 lurzatiaren xehetasun-azterketa. San Joan Boscoren Salestarren Kongregazioak sustatu du.

Nafarroako Gobernuak 2012ko ekainaren 13an hartutako Erabakiaren bidez, behin betiko onetsi zen Salestarren Lanbide Heziketako ikastetxea lekuz aldatzeko hirigintza hitzarmena, eta Iruñeko eta Eguesibarko udal-mugarteetan onetsi zen “Salestarrak” izeneko Udalez gaindiko Plan Sektoriala (UPS). Sustatzaileak dira San Joan Boscoren Salestarren Kongregazioa, Nafarroako Gobernuaren Hezkuntza Departamentua eta Navarra de Suelo y Vivienda SA sozietate publikoa.

Orain aurkeztutako espedientearen xedea da aipatutako UPSean kirol instalaziorako izanen den eraikinaren gehieneko lerrokadurak aldatzea. Orobat, antolamendu bolumetrikoa malgutu nahi da, lurzatian ezartzeko hasieran aurreikusitakoa baino kiroldegi handiagoa; eremu estali bat, batez ere pilotaleku eta jostetarako toki izanen dena; eta loturagune estali bat, esparru horien eta aurreikusitako ikasgelategiaren artean.

Tresna honek Salestarren UPSeko determinazioak aldatzen eta garatzen ditu, hirigintza-antolamendu xehatukoak; haiek tramitatzea eta onestea Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuari dagokio, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 43.1 d) artikulua aplikatuta (uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez onetsi zen testu bategina).

Lurralde eta Paisaia Zerbitzuak 2018ko abenduaren 27an emandako espedienteari buruzko txostena eginik, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginarekin bat, eta irailaren 21eko 78/2016 Foru Dekretuaren bidez eskuratu ditudan ahalmenak erabiliz (aipatutako foru dekretu horren bidez onetsi zen Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa),

EBATZI DUT:

1. Hasiera batez onestea Eguesibarko Salestarren UPSeko UE-1 exekuzio unitateko D-1 lurzatiaren xehetasun-azterketa. San Joan Boscoren Salestarren Kongregazioak sustatu du.

2. Espedientea jendaurrean jartzea eta ukitutako udalei entzunaldia ematea, ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Nafarroan argitaratzen diren egunkarietan argitaratuz. Bi tramite horiek aldi berean eginen dira, eta 20 egun iraunen dute.

Ondorio horietarako, espedientea interesdunen eskura egonen da Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren bulegoetan (Gonzalez Tablas kalea, 9; 31005 Iruña), eta epe horretan zilegi izanen da idatziz nahi adina alegazio aurkeztea.

Gainera, dokumentua Nafarroako Gobernuaren zerbitzuen katalogoan kontsultatzen ahalko da, bai eta Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren webguneko “Jendaurreko epea eta parte-hartze publikoa” izeneko atalaren bidez ere: www.ExposicionPublicaOT.navarra.es.

3. Ebazpen hau jakinaraztea Eguesibarko Udalari, Iruñerriko Mankomunitateari eta espedientearen sustatzaileari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2019ko urtarrilaren 24an.–Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusia, Eva García Balaguer.

Iragarkiaren kodea: F1901171