255. ALDIZKARIA - 2019ko abenduaren 31

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

340E/2019 EBAZPENA, abenduaren 3koa, Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendariak emana, zeinaren bidez baimentzen baita Irurtzungo udal-mugartean aluminioa galdatu eta estrusionatzen duen instalazio baten aldaketa nabarmena. Aldaketaren xedea da galda-putzu berri bat eta homogeneizazio labe bat egiteko proiektua gauzatzea; horren ondorioz, instalazioak eta jarduerak berak ingurumen baimen integratuaren kasuan kasuko espediente administratiboetako baldintzak bete beharko dituzte, eta, horiez gainera, ebazpen honen eranskinetan agertzen diren baldintzak. Instalazioaren titularra Hydro Extrusion Spain SAU da.

Instalazio horrek badu ingurumen baimen integratua, Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiak apirilaren 30eko 0886/2008 Ebazpenaren bidez emana, gero Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren azaroaren 7ko 483E/2014 Ebazpenaren bidez eguneratua.

2016ko abenduaren 16an, titularrak instalazioa aldatzeko proiektuaren berri eman zuen, galda-putzu berri bat eta homogeneizazio labe bat ezartzeko. Ekonomia Zirkularraren eta Uraren Zerbitzuak 2017ko urtarrilaren 11n emandako irizpenaren arabera, aldaketa hori “ez funtsezkoa” da, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Legea garatzen duen Erregelamenduaren 25. artikuluan ezarritako irizpideei jarraikiz (erregelamendu hori abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen). Horregatik, ez da beharrezkoa ingurumen baimen integratu berria ematea. Baina aldaketa “nabarmena” dela zioen, aldaketa garrantzitsuak ekartzen baititu instalazioaren funtzionamendu-baldintzetan. Hortaz, aldaketak ingurumen baimen integratuan jaso behar dira, eta hura aldatu.

2018ko abenduaren 21ean, titularrak ingurumen baimen integratua aldatzeko eskatu zuen, dagokion proiektua burutu ahal izateko. Hona zertan datzan proiektu hori: galda-putzua ordezkatzea 7,4 metrorainoko barrak prozesatzeko aukera emanen duen beste batengatik, eta gas naturala erregai gisa darabilen homogeneizazio labe berri bat ezartzea.

Espedientea tramitatu da Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamenduaren 29. artikuluan ezarritako prozedurari jarraikiz. Erregelamendu hori abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen.

Ebazpen proposamena instalazioaren titularrari entzunaldia emateko tramitean egon da hamar egunez, eta hark ez du proposamenaren aurkako alegaziorik aurkeztu.

Adierazitakoarekin bat, eta Ingurumeneko zuzendari nagusiaren azaroaren 8ko 107/2019 Ebazpenaren bidez eskuordeturik ditudan eskumenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

Lehendabizikoa.–Baimentzea Irurtzungo udal-mugartean aluminioa galdatu eta estrusionatzen duen instalazio baten aldaketa nabarmena, proiektu berri hau egin ahal izateko: galda-putzu berri bat eta homogeneizazio labe bat ezartzea. Hortaz, instalazioak eta jarduerak berak ingurumen baimen integratuaren administrazio espedienteetan adierazitako baldintzak bete beharko dituzte, eta, horiez gain, ebazpen honen eranskinean adierazitako baldintzak. Instalazioaren titularra Hydro Extrusion Spain SAU da.

Bigarrena.–Aldaketa indarrean jarri baino lehenago, titularrak martxan jartzearen gaineko erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztu beharko du Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuan, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariaren abenduaren 23ko 448/2014 Foru Aginduaren 16. artikuluan xedatutakoarekin bat.

Hirugarrena.–Titularrak proiektua gauzatu dela adierazten duen erantzukizunpeko adierazpena aurkezten duen egunetik hasiko dira aplikatzen ebazpen honetan ezarritako baldintzak, eta, zeinahi kasutan, aldaketa abian jartzen den unetik. Bien bitartean, indarrean dagoen ingurumen baimen integratuan ezarritako baldintzak aplikatuko dira.

Laugarrena.–Ebazpen honetan jasotzen diren baldintzak ez betetzeak berekin dakar ingurumeneko diziplina-neurriak hartzea, hain zuzen ere, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bateginaren IV. tituluan jasotakoak (abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak onetsia), ezertan galarazi gabe sektoreko legerian ezarritakoa, aplikatzekoa izaten segituko baitu, eta subsidiarioki, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearen VI. tituluan ezarritako zehapen araubidean jasotakoak.

Bosgarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Seigarrena.–Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta interesdunek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean. Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean. Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera kontatuko dira.

Zazpigarrena.–Ebazpen hau Hydro Extrusion Spain SAUri eta Irurtzungo Udalari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2019ko abenduaren 3an.–Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendaria, Pedro Zuazo Onagoitia.

Oharra: Ebazpen honetan aipatzen diren eranskinak interesdunen eskura egonen dira Ingurumeneko Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan (González Tablas kalea 9, behea, Iruña), Ekonomia Zirkularraren eta Uraren Zerbitzuan, eta Nafarroako Gobernuaren webgune honetan: http://www.navarra.es/home_es/Temas/Medio+Ambiente/Evaluacion+ambiental/Autorizaciones+ambientales/

Iragarkiaren kodea: F1915568