252. ALDIZKARIA - 2019ko abenduaren 26a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ALESBES

Musika Eskolaren estatutuak. Onespena

Alesbesko Udalak, 2019ko azaroaren 26an egin osoko bilkura berezian, legeak eskatzen duen gehiengoa zuela, erabaki hau hartu zuen:

Bozkatu da Alesbesko Fernando Calahorra Musika Eskola erakunde autonomoaren estatutu berrien onespena, Kultura Batzordeak, 2019ko azaroaren 21ean egin bileran, sartu zituen aldaketekin:

6. artikulua. Zuzendaritza Kontseiluaren osaera.

(...) Eskolan matrikulatutako ikasleen senideen lau ordezkari, ikaslea adingabea den kasuetan. Ikaslea adinez nagusia bada, berak jardun ahal izango du ordezkari gisa. (...).

Alesbesen, 2019ko azaroaren 27an.–Alkate udalburua, María Carmen Segura Moreno.

ALESBESKO FERNANDO CALAHORRA UDAL MUSIKA ESKOLA ERAKUNDE AUTONOMOAREN ESTATUTUAK

I. KAPITULUA

Xedea, izaera eta eginkizunak

1. artikulua. Izaera.

Alesbesko Musika Eskolaren Udal Patronatua toki-izaerako erakunde autonomoa da, ba etorriz Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 85.2.b) eta 85.bis) artikuluetan eta Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 196. artikuluan xedatutakoarekin. Berezko nortasun juridikoarekin jarduten du, eta autonomia finantzarioa eta funtzionala dauzka.

Alesbesko Musika Eskolaren Udal Patronatua Alesbesko Udalaren mende dago, Kultur Etxean du egoitza soziala, eta Kultura eta Turismo Zinegotzitzari atxikia dago.

2. artikulua. Xedea.

Patronatuaren oinarrizko xedea da Alesbesko Udal Musika Eskola sustatzea, bultzatzea eta kudeatzea, eta, orobat, eskolak egokiro funtziona dezan beharrezkoak diren ekintzak aurrera eramatea. Xede horren bila ari dela, patronatuak zerbitzu publiko bat emango du, irabazteko asmorik gabe jardunez.

3. artikulua. Eginkizunak.

Aurreko artikuluetan eta, bereziki, Musika Eskolako jardueren koordinazio lanetan ezarritako eginkizun orokorrez gain, hona hemen zein diren patronatuak dituen eginkizun zehatzak:

a) Musika Eskolak egokiro funtzionatzen duela kontrolatzea eta zaintzea, administrazioari, instalazioei eta zerbitzuei dagokienez, eta horretarako behar bezalako neurriak hartzea.

b) Bere helburuak betetzeko, urteko aurrekontua prestatzea, gastuak eta diru-sarrerak zehaztuta.

c) Behar diren memoriak eta balantzeak prestatu ahal izateko, urtean egin diren gastuak gainbegiratzea.

d) Eskolako irakasleak kontratatzea, irizpide egokiak ezarri ondotik. Jarduera hori indarra duen legerian nola dagoen sailkaturik, lan sailkapen horixe izanen dute langileek.

e) Lortu nahi duen xederako behar dituen laguntzak kudeatzea erakunde publikoetan. Udalaren aholkularitza izango du horretarako.

f) Ikasleek sartzeko eginiko eskabideak jasotzea, eta haiek onartzeko erabakiak hartzea, oinarri izanik egungo legediak araututako irizpideak eta patronatuak aldez aurretik onesten dituen irizpide objektiboak, hain zuzen ere eskatzaileen kopurua postuena baino handiagoa denean.

4. artikulua. Indarraldia.

Patronatuaren indarraldia mugagabea da.

II. kapitulua: Gobernua eta administrazioa.

5. artikulua. Gobernua eta administrazioa.

Zuzendaritza Kontseilua, patronatuko burua eta zuzendaria arduratuko dira patronatua gobernatzeaz eta administratzeaz, estatutu hauetan ezarritakoari jarraikiz.

6. artikulua. Zuzendaritza Kontseiluaren osaera.

1. Zuzendaritza Kontseilua da patronatuaren gobernu-organo gorena. Kide hauek ditu:

–Kontseiluburua: alkatea edo hark eskuordetutako zinegotzia. Kontseiluburuak berdinketak trenkatuko ditu bere kalitateko botoaren bidez.

–Kontseiluburuordea: alkateak izendatutako zinegotzia. Kontseiluburua ordezkatuko du kargua hutsik dagoenean eta burua kanpoan edo gaixorik denean.

–Kideak: Udalbatzako zinegotzi bana, hura osatzen duten alderdi politiko bakoitzaren ordezkari gisa. Alesbesko Udaleko Osoko Bilkuraren agindu korporatibo bakoitzaren sortze prozesuan eratutako udal talde bakoitzak ordezkari bat izendatuko du.

–Eskolan matrikulatutako ikasleen senideen lau ordezkari, ikaslea adingabea den kasuetan. Ikaslea adinez nagusia bada, berak jardun ahal izango du ordezkari gisa.

–Musika Eskolako zuzendaria. Bileretan hitz egin bai, baina ezin izango du botorik eman.

2. Zuzendaria ez beste kontseilukideek eskubidea dute bileretan hitz egiteko eta botoa emateko.

Alderdi politiko bakoitzak izendatutako kideak boto haztatua emango du Zuzendaritza Kontseiluan, talde politiko bakoitzak Udaleko Osoko Bilkuran duen zinegotzi-kopuruaren araberakoa.

3. Zuzendaritza Kontseiluaren bileretara joan ahal izango dira, hitzarekin baina botorik gabe, kontseiluburuak aditu gisa deitutako pertsona guztiak, baldin eta Kontseiluari aholkua eman badiezaiokete Kontseiluak eztabaidatu beharreko alderdi edo gairen bati buruz.

4. Udalaren ordezkariak Osoko Bilkurak izendatuko ditu, alkatetzaren proposamenari jarraikiz, legegintzaldi bakoitzaren hasieran, batzordeak eratzeko lehen bilkuran.

5. Zuzendaritza Kontseiluko kideek beren karguak utziko dituzte horretarako izendapena amaitzen denean, estatutu hauetan ezartzen den bezala.

6. Musika Eskolako zuzendaria izango da Zuzendaritza Kontseiluaren idazkaria; akta liburu batean jaso beharko ditu bileretan hartutako erabakiak. Idazkariak proposatuta, udal funtzionario baten esku uzten ahalko da eginkizun hori.

7. artikulua. Zuzendaritza Kontseiluaren eskumenak.

Zuzendaritza Kontseiluak eskumen hauek izanen ditu:

a) Patronatua antolatzea.

b) Patronatuaren aurrekontu proiektua onestea, bai eta hura aldatzeko proposamenak ere, betearazpen oinarriei jarraikiz, eta, orobat, Udalari igortzea, onets ditzan.

c) Kontuen hasierako proposamena onestea, gero Udaleko Osoko bilkurak onets dezan.

d) Patronatuak eman behar dituen zerbitzuen gaineko erregelamenduak, ordenantzak eta funtzionamendu arauak onestea eta aldatzea.

e) Zuzendaritza Kontseiluaren beraren funtzionamendu arauak proposatzea Udaleko Osoko Bilkurari, onets ditzan.

f) Proposamenak egitea Udaleko Osoko Bilkurari estatutu hauek aldatzearen edo indargabetzearen gainean.

g) Gastuak baimendu eta xedatzea bere eskumenen mugaren barrenean. Gastu horiek aurrekontua betearazteko oinarrietan daude aurreikusita.

h) Erakundeko langileen plantilla eta lanpostu guztien zerrenda proposatzea, Udaleko organo eskudunak onets ditzan.

i) Musika Eskolako zuzendaria izendatzea.

j) Langileak kontratatzea, Nafarroako administrazio publikoen zerbitzuko langileria arautzen duen foru legerian ezarritakoari jarraikiz.

8. artikulua. Patronatuko burua.

1. Patronatuko buruak dauka erakundearen ordezkaritza nagusia.

2. Patronatuaren buruari zeregin hauek dagozkio:

a) Patronatuaren gobernua eta administrazioa zuzentzea.

b) Patronatua ordezkatzea.

c) Zuzendaritza Kontseiluaren edo patronatuko beste organoren baten bileretara deitzea eta gidatzea.

d) Patronatuaren titulartasunaren pean ematen diren zerbitzuak zuzentzea, ikuskatzea eta bultzatzea.

e) Gastuak xedatzea, bere eskumenen mugen barruan, eta ordainketak agintzea eta kontuak ematea.

f) Langileen buru gisa jardutea.

g) Kontratazio organo gisa jardutea Musika Eskolako Aurrekontuaren baliabide arrunten %10 gainditzen ez duten kontratuen kasuan.

h) Langileak hautatzeko probetarako eta lanpostuak betetzeko deialdietarako oinarri espezifikoak onestea.

i) Patronatuaren erabakiak argitara eta gauza daitezen agintzea, eta horiek betearaztea.

j) Ekintza judizial eta administratiboak abiaraztea bere eskumeneko gaietan.

k) Urgentzia edo larrialdiren bat denean, premiazko edo ezin atzeratuzko ebazpenak ematea edo neurriak hartzea, eta haien berri ematea Zuzendaritza Kontseiluaren hurrengo bileran, hark eman dezan gai horren gaineko behin betiko ebazpena.

l) Beste organo batzuei esleitu ez zaizkien eskudantziak.

m) Presako neurriak hartzea, inguruabar larriak direla-eta Batzordearen deia egiteko aukerarik ez dagoenean. Hari hurrengo bilkuran emango zaio guztiaren berri.

n) Orokorrean, Udalean Alkatetzari dagozkionak, eta barne araubideak haren esku uzten dituenak.

9. artikulua. Patronatuko buruordea.

Patronatuko buruordeak laguntza emanen dio buruari bere eginkizunetan aritzean eta hura ordeztuko du kargua hutsik dagoenean eta burua kanpoan edo gaixorik denean. Alkateak –burua baita– espresuki utzi beharko du kargua buruordearen esku, egintza hori eragozten duen ezintasun agerikoa denean izan ezik.

10. artikulua. Zuzendaria.

1. Zuzendaria Alkatetzak izendatuko du, Zuzendaritza Kontseiluak proposatuta.

2. Patronatua zuzentzea, kudeatzea eta haren ordezkari administratiboa izatea, horra hor zuzendariaren eginkizunak. Horiek aurrera eramateko, bada, eskumen hauek ditu:

a) Patronatuaren eginkizunak aurrera eramateko beharrezkoak diren jarduerak programatzea, zuzentzea eta koordinatzea.

b) Erabakiak hartzea Zuzendaritza Kontseiluak edo kontseiluburuak espresuki agintzen dizkioten alderdien gainean.

c) Patronatua zuzentzea eta administratzea eta lan horien berri ematea Zuzendaritza Kontseiluari aldian aldian eta kontseiluburuari modu jarraituan.

d) Zuzendaritza Kontseiluak eta kontseiluburuak hartzen dituzten erabakiak betearaztea.

I. ATALA

Zuzendaritza Kontseiluko kideen hautaketa eta izendapenaren iraupena

11. artikulua. Udalbatzaren ordezkariak.

Zuzendaritza Kontseiluko burua, buruordea eta kideak dira udalbatzaren ordezkariak. Haien agintaldia, gehienez jota eta berriz hautatzen ez badituzte, izendatu dituen udalbatzak iraun bitartekoa izango da; udalbatza, hain zuzen, udal legegintzaldi bakoitzean berritzen da.

12. artikulua. Ikasleen senideen ordezkariak.

Ikasleen senideen ordezkariak bi urtez egongo dira karguan.

Urtero, urriko lehen hamabostaldian, ordezkari horietako bi aldatuko dira eta Zuzendaritza Kontseiluan denbora gehien daramanak organo horretako kide izateari utziko dio.

Ordezkari horiek sufragio libre eta sekretu bidez aukeratuko dituzte matrikulatutako ikasleen gurasoen artean.

III. KAPITULUA

Deialdiak, bilerak eta erabakiak

13. artikulua. Deialdiak.

Zuzendaritza Kontseiluaren bilera arrunten deialdiak gutxienez bi egun baliodun lehenago egingo dira, aparteko deialdiak eta presakoak izan ezik.

Deialdi arruntetan jorratuko diren gaien zerrenda eta aurreko bilerako aktaren zirriborroa sartuko dira.

Bilerak lehenengo deialdian egingo dira, baldin eta gutxienez boto eskubidea duten kideen gehiengo osoa biltzen bada; bigarren deialdian, berriz, kideen kopuru hori bertaratu ez bada. Bigarren deialdia ordubete geroago egingo da, eta nahikoa izango da kontseiluburua, idazkaria eta boto eskubidea duten bi kide, gutxienez, bertaratzea.

Zuzendaritza Kontseiluak bertaratuen botoen gehiengoz hartuko ditu erabakiak, eta kontseiluburuaren kalitate botoak hautsiko ditu berdinketak.

14. artikulua. Deialdi arrunta.

Zuzendaritza Kontseiluak 4 bilera arrunt egingo ditu urtean: martxoan, ekainean, urrian eta abenduan. Horietan aztertuko dira aurrekoan egindakoak, onetsi eta likidatuko dira aurrekontuak eta ebatziko da haren eskumeneko kontu oro.

15. artikulua. Aparteko deialdia.

Zuzendaritza Kontseiluak aparteko bilera egingo du kontseiluburuak horretarako deialdia eginez gero edo horretarako idatzizko eskaera egiten dionean kideen herenak.

16. artikulua. Errekurtsoak.

Interesdunek legez xedatutako errekurtsoak jartzen ahalko dituzte patronatuko organoen egintza eta erabakien aurka. Ondorio horietarako, bada, administrazio bidea agortuko dute Zuzendaritza Kontseiluaren erabakiek eta patronatuko buruak bere eskumenak baliatuz ematen dituen dekretuek.

IV. KAPITULUA

Langileria

17. artikulua. Langileria.

Musika Patronatuak behar diren langileak izanen ditu. Haien kopurua, kategoria eta eginkizunak plantilletan zehaztuko ditu Zuzendaritza Kontseiluak, eta Udalbatzak onetsi beharko ditu aurrekontuak onestearekin batera. Patronatuaren aurrekontuan jasoko dira soldatak eta gainerako ordainsariak.

Nafarroako administrazio publikoen zerbitzuko langileria arautzen duen foru legerian ezarritakoa betez arautuko da langileria.

18. artikulua. Patronatuaren kontrola.

Atxikita dagoen zinegotzigoak langileria gastuen bilakaerari eta giza baliabideen kudeaketari buruz kasuan kasu zehazten dituen berariazko kontrolak egingo zaizkio Musika Patronatuari.

V. KAPITULUA

Kontratazioa eta ondarea

19. artikulua. Kontratazioa.

Sektore publikoko kontratazioaren arloan aplikatzekoak zaizkion arau orokorretan ezarritakoaren arabera egingo da Musika Patronatuko kontratazioa.

20. artikulua. Ondarea.

Patronatuko ondarea osatzen dute, batetik, Udalak atxikitzen dizkion ondasunak bere helburuak bete ahal izateko, eta, bestetik, Patronatuak berak eskuratzen dituenak bere funtsen kargura.

21. artikulua. Kontu-hartzailetza.

Zuzendaritza Batzordeak eguneratuta eduki beharko ditu eskura dituen ondasunen alta eta bajen inbentarioa. Hain zuzen, Udalak urtero onetsi beharko du inbentario hori.

VI. KAPITULUA

Araubide ekonomikoa eta baliabideak

22. artikulua. Araubide ekonomikoa.

Patronatuak baliabide hauek dauzka bere helburuak lortzeko:

a) Alesbesko Udalak berariaz egiten dituen ekarpenak, udal aurrekontuen kargura.

b) Dirulaguntzak.

c) Erakunde publiko zein pribatuek eta edozein pertsona juridiko zein fisikok egindako ekarpen oro.

d) Bere jarduerek ekar ditzaketen diru-sarrerak, oro har.

e) Bere aldeko legatuak, dohaintzak, herentziak eta usufruktuak.

f) Kreditu-eragiketen produktua.

g) Bidezko beste diru-sarrera guztiak.

23. artikulua. Kontu-hartzailetza lanak.

–Udalean kontu-hartzailetza lanak egiten dituen pertsona arduratuko da patronatuaren diru-sarrera eta gastuen gaineko kontu-hartzailetza eta kontabilizazioa egiteaz, toki-araubidearen oinarriak eta tokiko ogasunak arautzen dituen legedian ezarritakoarekin bat etorriz.

VII. KAPITULUA

Patronatuaren tutoretza

24. artikulua. Tutoretza.

Alesbesko Udala izango da Musika Patronatuaren tutore. Hala, Udalak eman beharko du behin betiko onespena Zuzendaritza Kontseiluak alderdi hauei buruz hartzen dituen erabakien gainean: aurrekontuak eta haien likidazioa onestea; ondasun higiezinak eta haien gaineko eskubideak xedatzea; estatutu hauek aldatzea; patronatua desegitea eta behin betiko onespena eskatzen duten bestelako alderdiak.

VIII. KAPITULUA

Estatutuak aldatzea eta patronatua desegitea

25. artikulua. Aldaketa.

Estatutu hauek aldatzeko, horretarako proposamena egin beharko du kontseiluburuak edo Zuzendaritza Kontseiluko kideen herenak. Halaber, Udalaren osoko bilkurari igorri beharko zaio, hark behin betikoz onets dezan.

26. artikulua. Desegitea.

Kasu hauetan desegingo da patronatua:

a) Udalaren osoko bilkurak hala erabakita.

b) Zuzendaritza Kontseiluak proposatuta, gehiengo osoz hartutako erabakiaren bidez. Ondotik, Udalak onetsi beharko du.

27. artikulua. Likidazioa.

1. Patronatua deseginez gero, Zuzendaritza Kontseilua likidazio batzorde bilakatuko da; egiteke geratu diren erlazio eta egintza guztiak beteko ditu eta unean bertan egin ezin daitezkeen kontuak ziurtatuko ditu.

2. Patronatua desegindakoan, Alesbesko Udalaren esku geratuko dira haren ondarea –gehikuntza guztiak barne- eta aktiboan ageri diren ekarpenak. Ondasunek beren lotespena galduko dute, eta Udalak eskuragarritasun osoa izanen du.

Azken xedapen bakarra.

1. Udaleko Osoko Bilkurak estatutu hauek onetsi ondotik, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hamabost egunera jarriko dira indarrean. Aldatu arte edo berariaz baliogabetu arte egongo dira indarrean.

2. Estatutu hauek indarrean jarri eta hurrengo 30 egunen barruan eratu beharko da lehendabiziko zuzendaritza organoa.

3. Egungo Zuzendaritza Kontseiluak indarrean egoteari utziko dio estatutu hauen araberako Zuzendaritza Kontseilu berria eratzen den unean.

4. Azken botazioan hautatutako ikasleen senideen ordezkariek Zuzendaritza Kontseilu berriko kide izaten jarraituko dute. Estatutu hauek indarrean jarri eta hurrengo 30 egunen barruan hautatuko dira senideen bi ordezkari berriak.

Xedapen indargabetzaile bakarra.

Egun indarrean dauden Musika Patronatuko Estatutuak indarrik gabe geratzen dira. Alesbesko Udalak hasiera batez onetsi zituen 1992ko urriaren 26an egindako osoko bilkuran, eta behin betiko, berriz, 1992ko abenduaren 31n egindako premiazko bilkura berezian, horretarako baliatuta Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 59. artikuluan xedatutako izapideak. Estatutuak 1993ko 15. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ziren, otsailaren 3an.

Iragarkiaren kodea: L1915419