249. ALDIZKARIA - 2019ko abenduaren 20a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

1.2.1. Kargu-uzteak, izendapenak eta bestelako egoerak

193/2019 FORU AGINDUA, abenduaren 4koa, Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilariak emana, zeinaren bidez izendatzen eta errebokatzen baitira departamentuaren ordezkari izateko ziurtagiri digitala eta Nafarroako Gobernuaren IFZri lotutako ziurtagiri digitala eduki behar duten pertsonak.

Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legeak eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legeak indarra hartzeak egoera berria ekarri du administrazio publiko guztien funtzionamenduan.

39/2015 Legeak azpimarratzen duen alderdietako bat da jakinarazpenak bitarteko elektronikoen bidez egitea, zeina nahitaezko modua baita pertsona juridikoei egiten zaizkien jakinarazpenetarako. Egia da 40/2015 Legean jasotako bide eta aplikazio telematikoen bitartez komunikatu behar dutela administrazio publikoek, eta gainerako pertsona juridikoen aldean tratamendu berezia izan behar dutela, kontuan hartuta izaera juridiko desberdina dutela. Nolanahi ere, praktikotasunaren aldetik komeni da departamentu eta menpeko erakunde autonomo bakoitzaren ordezkariaren sinadura elektronikoa izatea, baita Nafarroako Gobernuarena berarena ere, zenbait aplikaziotara sartzeko, baldin horien kudeaketa haietako bakoitzari badagokio.

Adierazitakoarekin bat, Nafarroako Gobernuak 2017ko martxoaren 29an hartutako Erabakiaren bidez kontseilariei baimena eman zitzaien izenda ditzaten, foru agindu baten bidez, beren departamentu eta erakunde autonomoen ordezkari gisa aritzeko ziurtagiri digitala eduki behar duten pertsonak. Halaber, erabaki zen Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako kontseilariak ahalmena izatea Nafarroako Gobernuaren IFZri lotutako ziurtagiri digitala izan behar duten pertsonak izendatzeko.

Orobat, xedatu zen ezen hala egindako izendapenak noiznahi ere baliogabetu daitezkeela.

Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako kontseilariaren apirilaren 27ko 64/2017 Foru Aginduaren bidez izendatu ziren departamentuaren ordezkari izateko ziurtagiri digitala eta Nafarroako Gobernuaren IFZri lotutako ziurtagiri digitala eduki behar zuten pertsonak, gobernuari formalki zuzendutako jakinarazpen elektronikoetarako sarbidea eduki zezaten.

Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako kontseilariaren apirilaren 2ko 47/2019 Foru Aginduaren bidez, errebokatu egin zen 64/2017 Foru Agindu bidez egindako izendapena, eta Gobernuaren Idazkaritza Ataleko arduradun María Dolores García Fuentes andrea izendatu zen departamentuaren ordezkari izateko ziurtagiri digitala eta Nafarroako Gobernuaren IFZri lotutako ziurtagiri digitala edukitzeko, gobernuari formalki zuzendutako jakinarazpen elektronikoak eskuratu ahal izan zitzan.

Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilariaren irailaren 19ko 140/2019 Foru Aginduaren bidez, Gobernuaren Idazkaritza Ataleko arduradun María Dolores García Fuentes andrea izendatu zen Nafarroako Gobernuaren IFZri lotutako ziurtagiri digitala edukitzeko, gobernuari formalki zuzendutako jakinarazpen elektronikoak eskuratu ahal izan zitzan.

Azkenik, Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilariaren irailaren 19ko 141/2019 Foru Aginduaren bidez, departamentuko idazkari tekniko nagusi Javier Martínez Eslava jauna eta Gobernuaren Idazkaritza Ataleko arduradun María Dolores García Fuentes andrea izendatu ziren Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko Departamentuaren ordezkari gisa aritzeko ziurtagiri digitala eduki zezaten.

Une honetan, Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 259/2019 Foru Dekretua onetsirik, Herritarren Arretarako Atalaren esparru material eta funtzionalari esleitu zaizkio lehen Gobernuaren Idazkaritza Atalari zegozkion eginkizun batzuk. Hori dela eta, bidezkoa da María Dolores García Fuentes andrearen aldeko izendapen horiek errebokatzea, eta honako hauek izendatzea Nafarroako Gobernuaren ordezkari gisa aritzeko ziurtagiri digitala eduki dezaten: María Carmen Vallés López andrea, Gobernuaren Idazkaritza Ataleko arduraduna, eta Victoria de África Segura Martínez andrea, unitate horretako langilea.

Azaldutakoarekin bat, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legeak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

1. Herritarren Arretarako Ataleko arduradun María Carmen Vallés López andrea izendatzea Nafarroako Gobernuaren ordezkari gisa aritzeko ziurtagiri digitala edukitzeko, gobernuari formalki zuzendutako jakinarazpen elektronikoak eskuratu ahal izan ditzan.

2. Victoria de África Segura Martínez andrea izendatzea Nafarroako Gobernuaren ordezkari gisa aritzeko ziurtagiri digitala edukitzeko, gobernuari formalki zuzendutako jakinarazpen elektronikoak eskuratu ahal izan ditzan.

3. Betiere, izendapenak noiznahi erreboka daitezke.

4. Errebokatzea María Dolores García Fuentes andrearen alde egindako izendapenak, bai Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako Departamentuaren ordezkari gisa aritzeko ziurtagiri digitala edukitzekoa, bai Nafarroaren Gobernuaren ordezkari gisa aritzeko ziurtagiri digitala edukitzekoa.

5. Foru agindu hau jakinaraztea interesdunei eta Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusiari eta Herritarren Arretarako Atalari.

6. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, orok jakin dezan.

Iruñean, 2019ko abenduaren 4an.–Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilaria, Javier Remírez Apesteguía.

Iragarkiaren kodea: F1915527