241. ALDIZKARIA - 2019ko abenduaren 10a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

261/2019 EBAZPENA, azaroaren 19koa, Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko zuzendari nagusiak emana, Iruñerriko Taxi Zerbitzu Bateratuaren Lurralde Eremuko tarifen aldaketa onesten duena 2020. urterako.

Taxiari buruzko uztailaren 6ko 9/2005 Foru Legearen 40.1 artikuluak ezartzen duenez, Taxi Zerbitzu Bateratuaren Lurralde Eremu bakoitzeko udalei edo toki entitate eskudunari dagokie hiriko taxi zerbitzuei aplikatu beharreko tarifak onestea. Onespen horrek indarra duen legeriaren arabera baimendutako prezioen araubidea izanen du. Onespenaren aurretik, betiere, entzunaldia eman beharko zaie taxien sektorea ordezkatzen duten lanbide elkarteei eta tokian-tokian erroturik dauden kontsumitzaile eta erabiltzaileen elkarteei.

Foru lege horren xedapen gehigarri bakarrak ezartzen du zer udalerrik osatzen duten Iruñerriko Taxi Zerbitzu Bateratuaren Lurralde Eremua, eta, orobat, ezartzen du Iruñerriko Mankomunitatea izanen dela horren gaineko toki entitate eskuduna.

Aurrekoarekin bat etorriz, Iruñerriko Mankomunitateak 2019ko urriaren 28ko Batzar Orokorraren erabakia aurkeztu zuen 2019ko urriaren 30ean, taxi zerbitzuaren 2020. urteko tarifak eta osagarriak onesten dituena Iruñerriko Taxi Zerbitzu Bateratuaren Lurralde Eremuan.

Halaber, Taxiari buruzko Foru Legearen 40.1 artikuluak xedatzen duena betez, eta 2019ko urriaren 28an egin zen Iruñerriko Mankomunitatearen Batzarrak tarifak onesteko Erabakia hartu baino lehen, entzunaldia eman zaie, entzunaldia eman zaie taxien sektorea ordezkatzen duten lanbide elkarteei eta kontsumitzaile eta erabiltzaileen elkarteei, Iruñerriko Taxi Zerbitzu Bateratuaren Lurralde Eremuan erroturik daudenei.

Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 265/2019 Foru Dekretuaren 63. artikuluak ezartzen du Kontsumo eta Arbitraje Zerbitzuak beteko dituela foru dekretu honetan aurreikusten diren eginkizunak gai hauei dagokienez: ñ) Baimendutako prezioen tramitazioa.

2019ko azaroaren 11n, Kontsumo eta Arbitraje Zerbitzuak taxi zerbitzuaren tarifak onestearen aldeko txostena eman du. Tarifa horiek lehenago Iruñerriko Mankomunitatearen Batzarrak onetsi zituenak dira.

Horrenbestez, Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 265/2019 Foru Dekretuak eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32.1.d) artikuluak ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Iruñerriko Taxi Zerbitzu Bateratuaren Lurralde Eremuan honako tarifa hauek onestea 2020. urterako:

a) 1. tarifa: Iruñerriko Zerbitzu Bateratuaren A eremuan, lanegunetan, egunez (07:00etatik 22:00ak arte) aplikatzekoa den tarifa osatzen duten kontzeptuen balioak:

–Egindako kilometro bakoitzeko: 0,98 euro.

–Itxaron beharreko ordu bakoitzeko: 21,85 euro.

b) 2. tarifa: Iruñerriko Zerbitzu Bateratuaren A eremuan asteburuetan, jaiegunetan eta lanegunetako gauetan (22:00etatik 07:00ak arte) aplikatzekoa den tarifa osatzen duten kontzeptuen balioak:

–Egindako kilometro bakoitzeko: 1,15 euro.

–Itxaron beharreko ordu bakoitzeko: 24,50 euro.

c) 3. tarifa: Iruñerriko Zerbitzu Bateratuaren B eremuan, lanegunetan, egunez (07:00etatik 22:00ak arte) aplikatzekoa den tarifa osatzen duten kontzeptuen balioak.

–Egindako kilometro bakoitzeko: aplikatu beharreko balioa, bat datorrena hiriarteko tarifetarako onetsitakoarekin, Zerbitzua arautzen duen Ordenantzaren 40.3 artikuluak jasotzen duen bezala.

–Itxaron beharreko ordu bakoitzeko: aplikatu beharreko balioa, bat datorrena hiriarteko tarifetarako onetsitakoarekin, Zerbitzua arautzen duen Ordenantzaren 40.3 artikuluak jasotzen duen bezala.

d) 4. tarifa: Iruñerriko Zerbitzu Bateratuaren B eremuan asteburuetan, jaiegunetan eta lanegunetako gauetan (22:00etatik 07:00ak arte) aplikatzekoa den tarifa osatzen duten kontzeptuen balioak:

–Egindako kilometro bakoitzeko: aplikatu beharreko balioa, bat datorrena hiriarteko tarifetarako onetsitakoarekin, Zerbitzua arautzen duen Ordenantzaren 40.3 artikuluak jasotzen duen bezala.

–Itxaron beharreko ordu bakoitzeko: aplikatu beharreko balioa, bat datorrena hiriarteko tarifetarako onetsitakoarekin, Zerbitzua arautzen duen Ordenantzaren 40.3 artikuluak jasotzen duen bezala.

e) Bandera jaistea. Honela aplikatuko da:

–Bandera jaistea, lanegunetan, egunez, 07:00etatik 22:00ak arte: 2,15 euro.

–Bandera jaistea, lanegunetako gauetan (22:00etatik 07:00ak arte), asteburuetan eta jaiegunetan (08:00etatik 24:00ak arte): 3,20 euro.

–Bandera jaistea, asteburuetan eta jaiegunetan 00:00etatik 08:00ak arte. Uztailaren 6tik 14ra, biak barne, abenduaren 25ean, urtarrilaren 1ean eta 6an (egun osoak), eta abenduaren 24ko eta 31ko eta urtarrilaren 5eko 18:00etatik aurrera: 4,30 euro.

g) Osagarriak:

–Aireportua: abiapuntua edo helmuga Iruñea-Noaingo aireportua duten zerbitzuak: 2,55 euro.

–Tren geltokia: abiapuntua edo helmuga Iruñeko tren geltokian duten zerbitzuak: 1,45 euro.

–Autobus geltokia: Iruñeko autobus geltoki barruan hasten edo amaitzen diren zerbitzuak, edo kanpoan hasten edo amaitzen direnak barruko geltokirako sarrera itxita dagoenean: 1,25 euro.

–Telefono bidezko hitzartzea (T1): telefono bidez edo antzeko beste sistema teknologiko baten bidez lanegunetan, egunez (07:00etatik 22:00ak arte) hitzartutako zerbitzuak: 1,45 euro.

–Telefono bidezko hitzartzea (T2): aplikatu beharreko balioa, bat datorrena hiriarteko tarifetarako onetsitakoarekin, Zerbitzua arautzen duen Ordenantzaren 40.3 artikuluak jasotzen duen bezala: 1,95 euro.

2. Tarifa horietan eta osagarrietan sartua da Balio Erantsiaren gaineko Zerga.

3. 2020ko egutegian jaiegun zer egun diren ezartzerakoan, Politika Ekonomiko eta Enpresarialaren eta Lanaren zuzendari nagusiak maiatzaren 10ean emandako 177/2019 Ebazpena hartu da aintzat, Nafarroako Foru Komunitatearen esparruan ordaindu bai baina errekuperatu behar ez diren 2020ko jaiegunen egutegi ofiziala ezartzen baitu. (2019ko 105. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, maiatzaren 31koa).

Egun hauetaz gain, jaieguntzat hartzen dira Iruñeko Udalak markatzen duen tokiko jaieguna, uztailaren 6tik 14ra doan San Fermineko aldia (bi egunak barne), abenduaren 24tik 31rako aldiko 18:00etatik aurrera eta urtarrilaren 5eko 18:00etatik aurrera.

Tarifa hauen indarraldia datozen urteetaraino luzatzen badira, jaiegunen egutegia lortzeko kontuan hartuko litzateke Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak urte bakoitzeko jaiegun ofizialei buruz emandako ebazpena.

4. Tarifa horiek ibilgailuaren barrenean, erabiltzaileak aise ikusteko moduko toki batean, jarri beharko dira, Taxiari buruzko uztailaren 6ko 9/2005 Foru Legearen 26.2 artikuluan xedatutakoa betetzeko.

5. Tarifa horiek 2020ko urtarrilaren 1ean hartuko dute indarra.

6. Ebazpen hau Kontsumo eta Arbitraje Zerbitzura Zerbitzura igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

7. Ebazpen hau Nafarroan dauden taxilarien elkarte profesionalei eta kontsumitzaile eta erabiltzaileen elkarteei jakinaraztea, eta ohartaraztea ebazpenak ez duela administrazio bidea amaitzen eta ebazpen honen kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dutela, Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik aurrera.

8. Ebazpen hau Iruñerriko Mankomunitateari jakinaraztea, eta aditzera ematea horren kontra administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahal dela, eskumena duen ordena jurisdikzionalari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hasita bi hilabeteko epean, galarazi gabe Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

9. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, orok jakin dezan.

Iruñean, 2019ko azaroaren 19an.–Turismo eta Merkataritzako zuzendari nagusia, Maitena Ezkutari Artieda.

Iragarkiaren kodea: F1915080