24. ALDIZKARIA - 2019ko otsailaren 5a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

BUÑUEL

Aldaketa, Desgaitasuna duten pertsonei aparkatzeko txartelak ematea arautzen duen ordenantzan. Behin betiko onespena

Buñuelgo Udalak, 2018ko urriaren 2an egin osoko bilkuran, hasiera batean onetsi zuen aldaketa, Desgaitasuna duten pertsonei aparkatzeko txartelak ematea arautzen duen ordenantzan.

Erabakia 2018ko 203. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, urriaren 19an, eta jendaurreko epean inork ez du alegaziorik aurkeztu; hortaz, ordenantza hori behin betiko onetsi eta osorik ematen da argitara, behar diren ondorioak izan ditzan; hori guztia, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatuari jarraikiz.

Buñuelen, 2018ko abenduaren 12an.–Alkatea, José Antonio Lasheras Sanz.

ALDAKETA, DESGAITASUNA DUTEN PERTSONEI APARKATZEKO TXARTELAK EMATEA ARAUTZEN DUEN UDAL ORDENANTZAN

1. artikulua. Xedea.

Ordenantza honen xedea da, aplikatzekoa den araudia betez, desgaitasuna duten pertsonei aparkatzeko txartelak ematea arautzea, eta Trafikoari, Ibilgailu Motordunen Zirkulazioari eta Bide Segurtasunari buruzko Legearen 7.b) artikuluan ezarritako betebeharrak betetzea (legearen testu bategina urriaren 30eko 6/2015 Legegintzako Errege Dekretuak onetsi zuen), abenduaren 12ko 1056/2014 Errege Dekretuan ezarritakoari egokituz (haren bidez desgaitasuna duten pertsonei aparkatzeko txartelak emateko eta erabiltzeko oinarrizko baldintzak arautu ziren).

2. artikulua. Lurralde-eremua.

Txartelak Espainiako lurralde osorako balioko du, eta Europar Batasuneko estatuetan erabiltzen ahalko da, tokian eskumena duten organoek ibilgailuen antolamendurako eta zirkulaziorako ezarritako baldintzetan.

3. artikulua. Aparkatzeko txartela.

Agiri publiko bat da, baldintzak betetzen dituzten pertsonen eskubidea egiaztatzen duena; hain zuzen ere, ibilgailua sarbide edo helmugatik ahalik eta hurbilen aparkatzeko eskubidea. Baldintza horiek aipatu abenduaren 12ko 1056/2014 Errege Dekretuan ezarrita daude.

Ordenantza honen I. eranskinean zehazten dira aparkatzeko txartelaren ezaugarriak.

4. artikulua. Titularrak.

Desgaitasuna duten pertsonentzako aparkatzeko txartelaren titularrak izan daitezke:

1.–Desgaitasunen bat duten pertsona fisikoak, udalerrian erroldatuak, gutxienez %33ko minusbaliotasun aitortua badute eta ondoko egoera hauetakoren batean badaude:

a) Mugikortasun murriztua izatea, Desgaitasun maila onartu, aitortu eta kalifikatzeko prozedurari buruzko abenduaren 23ko 1971/1999 Errege Dekretuaren II. eranskinarekin bat, betiere aipatu eranskinean jasotako baremoaren arabera; nahitaezkoa da A, B edo C ataletan deskribatutako egoeretakoren batean egotea, edo gutxienez 7 puntu lortzea gainerako ataletako (D, E, F, G eta H) puntuak batu ondoan.

b) Mugikortasun urritua izatea, lesio muskulu-eskeletikoen edota beste lesio organiko nahiz funtzionalen ondorioz, eta horrek zailtasun larriak eragitea 100 metro baino tarte laburragoetan ibiltzeko, makulua, eskumakila, protesia edo ortesiak erabilita ere; edo bere joan-etorrietarako aulki gurpilduna behar izatea; edo aparkatzeko maniobrak egiteko arazo larriak edukitzea.

c) Begirik onenean begi-zorroztasuna 0,1 edo gutxiago edukitzea leiar zuzentzaileekin, edo ikusmen eremua 10 gradutara edo gutxiagora murriztua edukitzea.

Egoera horiek desgaitasun maila kalifikatzeko eta aitortzeko talde multiprofesionalaren irizpena jaso behar dute.

2.–Udalerrian erroldaturiko pertsona fisikoak, mendekotasun handia edo larri gisa kalifikatutako mendekotasun gradua badute.

3.–Udalerrian erroldaturiko pertsona fisikoak edo bertan helbideratuta dauden pertsona juridikoak, desgaitasuna duten pertsona taldeak garraiatzera soilik bideratutako ibilgailuak badituzte, autonomia pertsonala sustatzeko eta mendekotasunari arreta egiteko gizarte zerbitzuak ematen dituztenean. Zerbitzu horiek Autonomia pertsonala sustatzeko eta mendetasun-egoeran dauden pertsonak zaintzeari buruzko abenduaren 14ko 39/2006 Legean jasotzen dira, eta baita Desgaitasuna duten pertsonen eskubideei eta haien gizarteratzeari buruzko Lege Orokorraren testu bateginean ere (azaroaren 29ko 1/2013 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onartua).

5. artikulua. Erabiltzeko baldintzak.

Aparkatzeko txartela erabiltzeko, baldintza hauek bete beharko dira:

Aparkatzeko txartela titularraren alde eta soilik berak erabiltzeko emanen da, txartelaren titularrak joan-etorrietarako ibilgailuetan erabil dezan. Pertsonala eta besterenezina da, eta soilik erabiliko da baldin eta titularrak ibilgailua gidatzen badu, edo titularra ibilgailuan badaramate.

4. artikuluko 3. apartatuan jasotzen den kasuan, txartel bakoitza matrikula zenbaki bati loturik egonen da, eta ibilgailu hori mugikortasuna murrizturik duten pertsona taldeak garraiatzeko soilik erabiliko da. Txartela baliozkoa izanen da, soilik, ibilgailuan halako pertsonak garraiatzen direnean egiazki.

Aparkatzeko txartela erabiliko bada, titularrak txartel hori jasotzeko beharrezkoak diren baldintzak mantendu beharko ditu.

6. artikulua. Balio epea eta berritzea.

Aparkatzeko txartelen balio epea 5 urtekoa izanen da, txartela luzatzen denetik aitzina.

Txartela jasotzeko eskubidea ematen duen desgaitasun mailaren balorazioa berrikusteko epea motzagoa baldin bada artikulu honetan aipatutako balio epea baino, txartelaren balio epea bat etorriko da desgaitasun maila berrikusteko falta den denbora tartearekin.

Epe hori bukatu aurretik, txartela berritzeko eskaera egin beharko da. Txartela berritzeko, ezinbestekoa izanen da titularrak txartela jasotzeko eskatzen zitzaizkion baldintzak betetzea.

Txartela berritzeko eskabidea aurkeztearekin batera, aurretiaz emandako txartelaren balio epea luzatuko da prozedura ebatzi arte.

Eskabidea aurkezten bada azken txartelaren indarraldia bukatu eta ondoko laurogeita hamar egun naturalen barnean, ulertuko da indarraldian jarraitzen duela berritzeko prozedura ebatzi arte.

Txartelaren kopia eman ahalko da, hura lapurtu, galdu edo hondatuz gero. Lapurtzen badute edo galdu bada, salaketaren egiaztagiria eskatuko zaio interesdunari. Hondatuz gero, interesdunak txartel hondatua aurkeztu beharko du. Udalak txartel zaharraren iraungitze egun berarekin emanen du berria.

7. artikulua. Aparkatzeko txartela, behin-behinekoa.

Arrazoi humanitarioak kontuan hartuz, salbuespen gisa, automobilak aparkatzeko behin-behineko txartelak ematen ahalko zaizkie mugikortasun murriztua duten bizilagunei, nahiz eta aipatutako mugikortasun murriztu hori ofizialki emana izan ez, haien adinerako eta gainerako egoera pertsonaletarako normaltzat jotzen den bizi-itxaropena argi eta garbi nabarmen murriztea dakarren larritasun handiko gaixotasunagatik edo muturreko patologiagatik. Betiere, aparkatzeko txartela ohiko bidetik tramitatzeko denborarik ez dagoenean.

Osasun zerbitzu publikoek emandako ziurtagiriaren bidez frogatuko dira halako egoerak. Ziurtagiria eskatzailearen bizilekuko osasun zerbitzu eskudunen ikuskaritzak balioztatu beharko du.

Txartel hori urtebeterako emanen da gehienez ere, eta epe bererako luzatzen ahalko da, emateko eskatutako hasierako baldintzak mantentzen baldin badira.

Txartel hori emateko, Udalak beharrezko jarduketak egiten ahalko ditu eskatutako baldintzak betetzen direla egiaztatzearren.

8. artikulua. Titularren eskubideak eta erabilera mugak.

1.–Txartelaren titularrek honako eskubide hauek edukiko dituzte Estatu osoan, txartela ibilgailuaren barnean ikusgai badago:

a) Ordutegi mugarik gabe aparkatzeko eskubidea, desgaitasuna duten pertsonendako erreserbatuta eta seinalatuta dauden lekuetan.

b) Bizilekutik nahiz lanpostutik hurbil aparkatzeko erreserba, aldez aurretik eskatuta eta premia justifikatuz gero.

c) Denbora mugatuan aparkatzeko eremuetan beharrezkoa duen denboran aparkatzeko eskubidea.

d) Zamalanetarako gordetako eremuetan gelditzeko eta aparkatzeko eskubidea; oinezkoei nahiz trafikoari eragozpenik sortzen ez bazaie, eta agintaritzaren agenteek emandako aginduak betez.

e) Bideko edozein lekutan gelditzea, justifikaturik badago eta ezinbestekoa den denbora tartean baino ez; oinezkoei nahiz trafikoari eragozpenik sortzen ez bazaie, eta agintaritzaren agenteek emandako aginduak betez.

f) Zirkulazioa bertako bizilagunentzat mugaturik duten bideetan, eremuetan nahiz guneetan sartzea; helmuga aipatutako eremu horren barnean badago.

2.–Aparkatzeko txartela edukitzeak ez du inolaz ere eskubiderik emanen honako toki hauetan aparkatzeko:

–Oinezkoendako eremuetan.

–Oinezkoentzako pasabideetan.

–Gelditzeko debekua dagoen tokietan eta kasuetan.

–Pasabideak edo larrialdietako irteerak oztopatzen diren tokietan.

–Segurtasun publikoagatik mugatutako eremuetan, eta zirkulazio erreiak txikiagotzen dituzten eremuetan.

–Autobusen geralekuetan.

–Espaloi gainean.

–Ibilgailuen nahiz oinezkoen joan-etorria larriki trabatzen den tokietan.

9. artikulua. Titularren betebeharrak.

1.–Txartelaren titularren betebeharrak hauek dira:

a) Txartela behar bezala erabiltzea, aurreko artikuluan jasotako baldintzen arabera.

b) Aparkatzeko txartela aginte-panelean paratzea edo, bestela, aurreko haizetakoan, barnetik itsatsita. Kasu guztietan, agiria jatorrizkoa izanen da, eta kanpotik argi eta garbi ikusi eta irakurri ahal izateko moduan egonen da. Agintari eskudunak edo agenteek eskatuz gero, azter dezaten utziko zaie.

c) Bere burua identifikatzea, agintaritzaren agente batek hala eskatzen badio.

d) Agintaritzaren agenteei laguntzea, ahal den neurrian saiheste aldera sor daitezkeen trafiko arazoak, aparkatzeko txartela erabiltzeak berekin dakartzan eskubideak betetzean.

e) Aparkatzeko txartel iraungia itzultzea txartela berritzeko unean edo indarraldia bukatzen denean.

2.–Betebehar horiek ez betetzeak aparkatzeko txartela bertan behera geratzea edo aldi baterako kentzea ekar dezake. Gainera, legezko eta araubidezko xedapenetan ezarritako zigorrak jarri ahalko dira.

Txartela deuseztatzea ekar dezake, halaber, pertsona fisikoek nahiz juridikoek aparkatzeko txartelarekin iruzur egiteak.

Txartela deuseztatu edo aldi baterako ken daiteke aldez aurretik espedientea tramitatuta, eta bertan interesdunei entzunda.

10. artikulua. Aparkatzeko txartela emateko prozedura.

Txartela Udaleko erregistro orokorrean eskatuko da, ordenantza honen II. eranskinean jasotzen den ereduari jarraikiz.

Eskabidearekin batera, agiri hauek aurkeztu beharko dira:

–Eskatzailearen NANaren fotokopia.

–Txarteletarako argazki bat.

–Desgaitasuna duenaren izenean ari den pertsonaren NANaren fotokopia, halakorik bada.

–Txartela berritu nahi denean, iraungitako txartela.

–Eskaera desgaitasuna duen pertsona fisikoak egiten badu, desgaitasuna duen pertsona dela eta mugikortasun murriztua duela ofizialki frogatzen duen ziurtagiria (baremoa edo txostena), edo begirik onenean eta leiar zuzentzaileekin 0,1eko edo gutxiagoko begi-zorroztasuna duela edo ikusmen eremua 10 graduko edo gutxiagoko ikusmen eremua duela ofizialki frogatzen duen ziurtagiria, 2. artikuluko 1. atalean jasotako baldintzetan. Dokumentazioa desgaitasun maila kalifikatzeko eta aitortzeko talde multiprofesionalek bete beharko dute.

Dena den, txartela eman aurretik, Udalak beharrezkoa dela uste badu, Nafarroako Gobernuan arlo horretako departamentu eskudunari txostena eskatzen ahalko dio, frogatzen duena eskatzaileak biltzen dituela txartela eskuratzeko baldintzak, edo argibideak eskatzen ahalko dizkio eskatzaileak aurkeztutako dokumentazioaren gainean.

–Eskatzailea mendekotasuna duen pertsona bat bada, mendekotasun maila frogatzen duen ziurtagiria.

–Behin-behineko txartela eskatzen bada: osasun zerbitzu publikoetako mediku fakultatiboek betetako ziurtagiria, eskatzailea bizi den lekuaren arabera eskumena duten osasun zerbitzuetako ikuskaritzak balioztatua.

–Ordenantza honen 1. artikuluko 2. atalean aipatu bezala, pertsona fisiko edo juridikoek txartela eskatzen badute desgaitasuna duten pertsona taldeak garraiatzeko, dokumentazioa aurkeztu beharko dute, frogatzeko mendekotasuna dutenei arreta emateko eta autonomia pertsonala sustatzeko gizarte zerbitzuak ematen dituztela. Pertsona taldeak garraiatzeko ibilgailuaren matrikula-zenbakia ere aurkeztu beharko dute.

Alkate udalburuak gehienez ere hiru hilabeteko epean ebatzi beharko du eskaera, aparkatzeko txartelaren eskaera, dokumentazio osoa duela, Udalaren erregistroan sartzen den egunetik hasita. Eskatzen diren baldintzak betez gero, aparkatzeko txartela emanen da.

Epe horretan eskatzaileari berariazko ebazpenik jakinarazi ezean, eskaera administrazio isiltasunaren bidez ezetsi dela ulertuko da.

11. artikulua. Arau-hausteak eta zehapenak.

Arau-hauste administratiboak honako hauek dira:

a) Txartela lortzeko aurkezten diren datuak faltsutzea eta txartela lortzea eragotziko luketenak gordetzea eta modu agerian ez jartzea.

–Arau-hausteak 600 eurotik 1.200era bitarteko zehapena izanen du.

–Faltsutzearen egileak izanen dira arau-haustearen erantzule.

b) Txartelak erabiltzea administrazioaren baimenik gabe.

–Arau-hausteak 1.200 eurotik 3.000ra bitarteko zehapena izanen du.

–Txartelaren erabiltzaileak izanen dira arau-haustearen erantzule.

c) Txartelak erabiltzea eskubidearen titularrak ez direnak eramateko.

–Arau-hausteak 1.200 eurotik 3.000ra bitarteko zehapena izanen du, eta titularrari txartela erabiltzeko debekua ezarriko zaio, gehienez ere 2 urtera arteko epean.

Txartelaren titularrak eta hura oker erabiltzen dutenak izanen dira arau-haustearen erantzule.

Arau-hausteak zehatzeko, aldez aurretik zehapen espedientea abiaraziko da eta, haren ebazpena eman aitzin, interesdunei entzutea emanen zaie, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean xedatzen denari jarraikiz.

Xedapen iragankorra.–Xedapen honek indarra hartu baino lehen emandako txartelek balioa izaten jarraituko dute, harik eta iraungitze eguna iritsi arte.

Xedapen indargabetzailea.–Indarrik gabe geratzen da Desgaitasuna duten pertsonei aparkatzeko txartelak ematea arautzen duen udal ordenantza, 2013ko 244. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zena, abenduaren 20an.

Azken xedapen bakarra.–Ordenantza honek indarra hartu eta ondorio juridikoak izanen ditu ordenantzaren testua oso-osorik Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratutakoan eta Estatuko edo Foru Komunitateko Administrazioek toki entitateen egintza edo erabakiak indargabetzeko duten eskumena erabiltzeko epea iragandakoan.

I. ERANSKINA

Desgaitasuna duten pertsonek aparkatzeko txartelaren eredu europarrari buruzko xedapenak

A.–Eredu europarraren arabera, hauek dira desgaitasuna duten pertsonek aparkatzeko txartelaren neurriak:

–Luzera: 106 mm.

–Zabalera: 148 mm.

B.–Aparkatzeko txartela urdin argia izanen da, salbu aulki gurpildun bat irudikatzen duen sinbolo zuria, atzealde urdin ilunean.

C.–Desgaitasuna duten pertsonek aparkatzeko txartelak aurrealdea eta atzealdea izanen ditu, haietako bakoitza bi zatitan banatua. Aurrealdearen ezkerrean honako hauek agertuko dira:

–Aulki gurpildunaren sinboloa, zuriz, atzealde urdin ilunaren gainean.

–Ibilgailuaren matrikula (4. artikuluko 3. apartatuan ezarritako kasuan).

–Aparkatzeko txartela zein egunetan iraungitzen den.

–Aparkatzeko txartelaren zenbakia.

–Agintari edo erakunde emailearen izena eta zigilua.

Aurrealdearen eskuinean honako hauek agertuko dira:

–“Desgaitasuna dutenek aparkatzeko txartela”, letra handitan inprimatua. Horren ondotik, tarte aski utzita eta letra txikitan, “Aparkatzeko txartela”, Europar Batasuneko gainerako hizkuntzetan.

–Idazkun hau: “Europako Erkidegoen eredua”.

Atzean, Espainiaren bereizgarria: E letra Europar Batasunaren sinboloaren barrenean: hamabi izarreko zirkulua.

Atzealdearen ezkerrean honako hauek agertuko dira:

–Titularraren deiturak.

–Titularraren izena.

–Titularraren sinadura edo baimenduriko bestelako markaren bat, legeria nazionalak halakorik aurreikusten badu.

–Titularraren argazkia.

Atzealdearen eskuinean honako hauek agertuko dira:

–Ohar hau: “Txartel honek erakusten du titularrak baduela baimena aparkatze erraztasunak erabiltzeko, Europar Batasuneko zein estatutan dagoen, bertako legeriaren arabera”.

–Ohar hau: “Txartela erabiltzen denean, ibilgailuaren aurreko aldean jarriko da, txartelaren aurrealdea aise ikusteko gisan, kanpotik kontrolatzeko”.

II. ERANSKINA

Eskabide eredua, desgaitasuna duten pertsonei aparkatzeko txartela emateko

Desgaitasuna duen pertsonaren datuak:

Izena: ..................................................................................................

IFZ: ....................................................................................................,

Herria: .............................................................(.................................)

Kalea: .................................................................................................

Telefonoa: ...........................................................................................

Desgaitasuna duenaren izenean ari den pertsonaren datuak.

Izena: ..................................................................................................

IFZ: ....................................................................................................,

Herria: .............................................................(.................................)

Kalea: .................................................................................................

Telefonoa: ...........................................................................................

Gorago aipatu den pertsona desgaituaren izenean.

Dokumentu honen atzeko aldean zehazten diren agiriak aurkezten ditu.

Eransten den dokumentazioa eta eskatutako baldintzak betetzen direla egiaztatuta, desgaitasuna duten pertsonendako aparkatzeko txartela ematea / berritzea eskatzen du.

..................................(e)n, ........(e)ko ........................aren......(e)an

Sinadura

BUÑUELGO UDALEKO ALKATE UDALBURUA.

DATUEN BABESARI BURUZKO OINARRIZKO INFORMAZIOA

Arduraduna

Buñuelgo Udala

Helburua

Desgaitasuna dutenei aparkatzeko txartelak ematea kudeatzea, betebeharrak egiaztatzea, emandako txartelak kontrolatu eta mantentzea. Hori arautzen duen ordenantzarekin bat biltzen dira datu pertsonalak

Legitimazioa

1056/2014 Errege Dekretua, abenduaren 12koa, desgaitasuna duten pertsonei aparkatzeko txartelak emateko eta erabiltzeko oinarrizko baldintzak arautzen dituena, eta hori arautzen duen ordenantza

Hartzaileak

Ez dago aurreikusia daturik lagatzea

Eskubideak

Datuetan sartu, zuzendu eta ezereztatzeko eskubidea, baita informazio gehigarrian adierazitako bestelako eskubideak ere

Informazio gehigarria

Datuen tratamenduari eta datuak babesteko ordezkariari buruzko informazio gehigarria eta zehaztua ikusgai dago Udalaren webguneanwww.bunuel.es

ERANSTEN DIREN AGIRIAK:

□ Eskatzailearen NANaren fotokopia.

□ Txarteletarako argazki bat.

□ Desgaitasuna duenaren izenean ari den pertsonaren NANaren fotokopia, halakorik bada.

□ Txartela berritu nahi denean, iraungitako txartela.

□ Minusbaliotasunaren ziurtagiria.

□ Desgaitasun maila onartu, aitortu eta kalifikatzeko prozedurari buruzko abenduaren 23ko 1971/1999 Errege Dekretuaren eranskineko baremoa.

□ Medikuaren txostena, lesio muskulu-eskeletikoak edota beste lesio organiko nahiz funtzionalak dituela dioena, eta 100 metro baino tarte laburragoetan ibiltzeko larriki eragiten dioena, eta makulua, eskumakila, protesia edo ortesiak nahitaez erabili behar dituela, edo bere joan-etorrietarako aulki gurpilduna behar duela, edo aparkatzeko maniobrak egiteko arazo larriak dituela erakusten duena.

□ Begi-zorroztasunari buruzko irizpena.

□ Mendekotasunaren kalifikazioa.

□ Behin-behineko txartela eskatzen bada: osasun zerbitzu publikoetako mediku fakultatiboek betetako ziurtagiria, eskatzailea bizi den lekuaren arabera eskumena duten osasun zerbitzuetako ikuskaritzak balioztatua.

□ Pertsona fisikoek edo juridikoek desgaitasuna duten pertsonen garraio kolektiborako txartela eskatzen badute, honako hau frogatzeko agiriak aurkeztu beharko dituzte: autonomia pertsonala sustatzeko eta mendekotasunari arreta emateko zerbitzuak edo desgaitasuna duten pertsonentzako eta horiek gizarteratzeko gizarte zerbitzuak ematen dituztela frogatzeko agiriak.

□ Desgaitasuna duten pertsonen garraio kolektiborako erabiltzen den ibilgailuaren matrikula (4. artikuluko 3. apartatua). Zenbakia: .......................

□ Beste agiri batzuk: ........................................................................

............................................................................................................

............................................................................................................

............................................................................................................

Iragarkiaren kodea: L1815229