235. ALDIZKARIA - 2019ko azaroaren 28a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

59/2019 FORU AGINDUA, urriaren 30ekoa, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren konturako laguntzen tratamenduan parte hartuko duten entitate laguntzaileak deitzeko eta hautatzeko oinarriak onesten dituena.

Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak laguntzen eskabideak aurkezteko eta tratatzeko prozesua antolatu gogo du 2020-2023 aldirako, bai Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 17ko 1307/2013 (EB) Erregelamenduan ezarritako laguntzen eskabide bakarraren aurkezpenari buruz egiten duen jardueraren esparruan, bai, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 17ko 1305/2013 (EB) Erregelamenduarekin bat nekazarientzako zenbait laguntza araubide ezartzen dituen landa garapenaren politikaren eremuan, laguntzen tratamenduaren gainean egiten duen jardueraren esparruan. 1307/2013 (EB) Erregelamenduak Nekazaritza Politika Erkidearen esparruko laguntza araubideei jarraikiz nekazariei egiten zaizkien zuzeneko ordainketetan aplikatzeko arauak ezarri, eta Kontseiluaren 637/2008 (EE) eta 73/2009 (EE) Erregelamenduak indargabetu zituen. Eta 1305/2013 (EB) Erregelamendua Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsaren (LGENF) bidez landa garapenari laguntzeari buruzkoa zen, eta indarrik gabe utzi zuen Kontseiluaren 1698/2005 (EB) Erregelamendua.

Nafarroako Landa Garapenerako 2014-2020 aldirako Programak neurri batzuk jasotzen ditu, eta, horien artean, zenbait azpineurri daude. Horien bereizgarritasunak direla-eta eta onuradun potentzialen kopuru handia dela-eta, iritzi da komeni dela datuak atzitzeko programa bat erabiltzea entitate laguntzaileen bidez tramitatzeko. Hona hemen azpineurri horiek: “4.1 Nekazaritza ustiategietako inbertsioak”, “4.3.4 Abeltzaintzako toki azpiegituretako inbertsioak”, “4.3.5 Basoetako ekosistemen egokitzapen gaitasuna eta haien ingurumen balioa handitzeko inbertsioak”, “4.5 Basogintzako azpiegituretako inbertsioak”, “6.1 Nekazari gazteak bere gain jartzea”, 6.2 “Enpresak sortzea landa eremuetan, nekazaritzakoak ez diren jardueretarako”, 6.4 “Nekazaritzaz bestelako jarduerak sortzeko eta garatzeko inbertsioak”, “8.5 Basoetako ekosistemen ingurumen balioa lehengoratzeko inbertsioak”, 16.2 “Proiektu pilotuei eta produktu, praktika, prozesu eta teknologia berrien garapenari laguntzea”, eta 19.02.01 “Tokiko Garapen Parte-hartzailearen Estrategiak ezartzeko laguntzak sustatzaile publiko eta pribatuentzat”.

Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016ko apirilaren 27ko 2016/679 (EB) Erregelamenduaren bidez, pertsona fisikoen babesa arautu zen datu pertsonalen tratamenduari eta datu horien zirkulazio askeari dagokienez, eta indarrik gabe utzi zen 95/46/EE Zuzentaraua (hemendik aurrera, datuen babeserako erregelamendu orokorra: DBEO). Erregelamendu horren 28.3 artikuluan xedatutakoa betetzeko, beharrezkoa da arduradunak gauzatu beharreko tratamendua kontratu baten edo beste ekintza juridiko baten bidez arautzea, Europar Batasuneko edo estatu kideetako zuzenbidearen arabera; kontratu edo ekintza juridiko horrek arduraduna erantzuleari lotuko dio, eta bertan zenbait alderdi ezarriko dira: tratamenduaren xedea, iraupena, izaera eta helburua, datu pertsonal motak eta interesdunen kategoriak, eta erantzulearen betebeharrak eta eskubideak.

Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoaren 33.2 artikuluak xedatzen du tratamenduaren erantzuletzat –eta ez arduraduntzat– joko dela ukitatukoekin harremanak ezartzen dituena bere izenean –eta besteren izenean jarduten duela aipatu gabe–, nahiz eta 2016/679 (EB) Erregelamenduaren 28.3 artikuluan ezarritako edukia duen kontratua edo ekintza juridikoa egon. Laburbilduta, onuradunei laguntzak emateko behar diren datuen kudeaketari begira, kontratua egin behar da entitate laguntzaile horien eta laguntza ematen duen organoaren artean, bertan arautuko baitira aldeek beren gain hartzen dituzten betebeharrak eta baldintzak. Hala ere, hasteko, laguntzaile izan nahi duten entitateek bete beharreko baldintzak ezarri behar dira, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 10. artikuluan eta hurrengoetan ezarritakoari jarraituz. Horretarako, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak foru agindu honen bidez antolatu nahi ditu zenbait entitatek departamentuaren jardueren erregistroan agertzen diren nekazari eta abeltzainen datu pertsonaletan izan behar duten parte-hartzea eta datu horiek kontsultatzeko bidea.

Azaldutakoarekin bat, eta Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41.1 artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

1. Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren konturako laguntzen tratamenduan parte hartuko duten entitate laguntzaileak deitzeko eta hautatzeko oinarriak onestea, foru agindu honen I. eranskinean jaso bezala, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 17ko 1307/2013 (EB) Erregelamenduaren eta Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 17ko 1305/2013 (EB) Erregelamenduaren esparruan eta Nafarroako Landa Garapenerako 2014-2020 aldirako Programari jarraikiz. 1305/2013 (EB) Erregelamendua Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsaren (LGENF) bidez landa garapenari laguntzeari buruzkoa da.

2. Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren eta entitate laguntzaileen artean datu pertsonalen tratamenduaren arduradunaren kontratu eredua onestea, foru agindu honen II. eranskinean jaso bezala, baita ebazpen honen III. eta VI. eranskinen artekoak ere.

3. Foru agindu hau igortzea Nekazaritza Zerbitzura, Nekazaritzako Azpiegituren Zerbitzura, Nekazaritzako Ustiategien eta Elikagaien Sustapenerako Zerbitzura, Landa Dibertsifikaziorako eta Garapenerako Zerbitzura, Erakunde Ordaintzailearen Zerbitzura, “4.3.5 Basoetako ekosistemen egokitzapen gaitasuna eta haien ingurumen balioa handitzeko inbertsioak” eta “8.5 Basoetako ekosistemen ingurumen balioa lehengoratzeko inbertsioak” azpineurrietan eskuduna den zerbitzura eta departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusira, behar diren ondorioak izan ditzan.

4. Landa Garapeneko zuzendari nagusia eskuordetzea Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren eta hautatutako entitate laguntzaileen artean datu pertsonalen tratamenduaren arduradunaren kontratuen formalizazioa sinatzeko.

5. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, orok jakin dezan.

6. Foru agindu honen aurka gora jotzeko errekurtsoa paratzen ahal da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

Iruñean, 2019ko urriaren 30ean.–Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilaria, Itziar Gómez López.

I. ERANSKINA

Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren konturako laguntzen tratamenduan parte hartuko duten entitate laguntzaileak hautatzeko oinarri arautzaileak

Lehena.–Xedea.

Deialdi honen xedea da Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren kontura laguntza hauen tratamenduan parte hartuko duten entitate laguntzaileak hautatzea:

–NBEUFk nekazaritzarako eta abeltzaintzarako finantzaturiko ordainketa zuzenei eta Landa Garapenerako Programaren halako laguntza batzuei eta estatuko laguntzei dagokien eskabide bakarra aurkeztea, NPBGISa aldatzeko eskabideak aurkeztea, eta Nekazaritzako Ekoizpenaren Erregistro Orokorrean inskribatzeko ondorioetarako urteko jakinarazpena egitea.

–“Nekazaritza ustiategietako inbertsioak” eta “Nekazari gazteak bere gain jartzea” azpineurrien laguntzarako eta ordainketarako eskabideak aurkeztea, Nafarroako Landa Garapenerako 2014-2020 aldirako Programaren barnean.

–“Enpresak sortzea landa eremuetan, nekazaritzakoak ez diren jardueretarako”, “Nekazaritzaz bestelako jarduerak sortzeko eta garatzeko inbertsioak” eta “Proiektu pilotuei eta produktu, praktika, prozesu eta teknologia berrien garapenari laguntzea” azpineurrien laguntzarako eta ordainketarako eskabideak aurkeztea, Nafarroako Landa Garapenerako 2014-2020 aldirako Programaren barnean.

–M19.02.01 neurrien (“Tokiko Garapen Parte-hartzailearen Estrategia ezartzeko laguntzak sustatzaile publiko eta pribatuentzat”) laguntzarako eta ordainketarako eskabideak aurkeztea, Landa Garapeneko, Nekazaritzako eta Abeltzaintzako zuzendari nagusiaren abuztuaren 9ko 824/2016 Ebazpenean ezarritako tratamenduak barne.

–Toki entitateek eta eragile pribatuek “Basogintzako azpiegituretako inbertsioak” eta “Basoetako ekosistemen ingurumen balioa lehengoratzeko inbertsioak” azpineurriei dagokienez sustatzen dituzten basogintzako lanen laguntzarako eta ordainketarako eskabideak aurkeztea, Nafarroako Landa Garapenerako 2014-2020 aldirako Programaren barnean.

–“Abeltzaintzako toki azpiegituretako inbertsioak” azpineurriaren laguntzarako eta ordainketarako eskabideak aurkeztea, Nafarroako Landa Garapenerako 2014-2020 aldirako Programaren barnean.

Bigarrena.–Erakunde laguntzaileen betebeharrak.

1. Deialdi honen ondorioetarako, entitate laguntzaile izaten ahalko dira Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 10.3 artikuluan ezarritako pertsona juridikoak, baldin eta foru agindu honetan ezarritako baldintzak betetzen badituzte eta kontratua sinatuz formalizatzen badute lankidetza, II. eranskinean ageri den ereduaren arabera.

2. Ezin izanen dira entitate laguntzaile izan aipatu foru legearen 13.2 artikuluan ageri diren inguruabarretakoren bat duten pertsona juridikoak.

Hirugarrena.–Entitate laguntzaile izateko baldintzak.

Entitate laguntzaile izateko, entitate eskatzaileek frogatu beharko dute euskarri informatikoan biltzen ahalko dituztela laguntzaile gisa eginen dituzten eragiketetako datuak, eta bide telematikoetatik igortzen ahalko dituztela. Halaber, lana behar bezala gauzatzeko behar beste giza baliabide eta baliabide material dituztela frogatu behar dute, V. eranskineko ereduaren arabera.

Laugarrena.–Eskabideak aurkeztea.

1. Eskabideak Nafarroako Gobernuko Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuan aurkeztuko dira edo, bestela, Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokorrean edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan ageri diren tokietako edozeinetan, eta lau urteko epea izanen da (2020tik 2023ra) eskabideak aurkezteko, ebazpen hau argitaratu eta biharamunetik hasita, tratamenduaren arduradunaren kontratuaren 3. klausulan ezarritakoarekin bat. Telematika bidez ere aurkezten ahalko dira eskabideak Erregistro Orokor Elektronikoan, Nafarroako Gobernuaren Interneteko atariaren bitartez.

2. Eskabidea aurkezteak berekin dakar entitate eskatzaileak deialdi honetako arauak eta baldintzak onartzea.

3. Eskabidearekin batera honako dokumentazio hau aurkeztuko da:

a) Merkataritza Erregistroan behar bezala inskribaturiko eratze edo eraldatze eskritura, betekizun hori galdagarria bada aplikagarri zaion merkataritza legediaren arabera. Ez bada hala, eratze edo eraldatze eskritura edo dokumentua aurkeztu beharko da, edota estatutuak edo sorrera egintzaren agiria; bertan agertuko dira jarduera erregulatzen duten arauak eta, kasua bada, dagokion erregistro ofizialean inskribaturik izan beharko du.

b) Interesdunaren izenean eskabidea sinatzen duen pertsonarentzako ahalordea, eta ahalordedunaren NANa.

c) Erantzukizunpeko adierazpena, foru agindu honen V. eranskineko ereduaren araberakoa, Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 13.2 artikuluan aipatutako inguruabarretatik bakar bat ere ez duela frogatzeko.

d) Entitateak lana egiteko bere esku izanen dituen langileen eta baliabideen zerrenda. Banku entitateek, zerrenda horren ordez, zerbitzua eginen duten bulego guztien zerrenda, foru agindu honen V. eranskineko ereduaren araberakoa, eta bulego horien helbideak jartzen ahalko dituzte.

4. Aurkeztutako dokumentazioa osorik ez badago edo akatsak baditu, interesdunari eskatuko zaio hamar eguneko epean akatsa zuzendu dezala edo behar diren agiriak aurkez ditzala, eta ohartaraziko zaio, hala egin ezean, eskaera bertan behera utzi duela ulertuko dela, betiere aldez aurretik ebazpena emanda, zeina 21. artikuluan ezarri bezala emanen baita, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68. artikuluan ezarritakoarekin bat.

Bosgarrena.–Entitate laguntzaileak hautatzea.

1. Landa Garapeneko zuzendari nagusiak ebatziko du deialdia, ebazpen bidez, Informazioa Kudeatzeko Atalak eta Araubide Juridikoaren Atalak proposaturik. Aldez aurretik atal horiek egiaztatuko dute ea entitateak deialdi honetan eskatzen diren baldintzak betetzen dituen.

2. Entitate laguntzaileek arduradunaren datu-baseetan sartzeko eskatzen den moduaren arabera tratatuko dituzte datuak.

3. Ezertan eragotzi gabe Landa Garapeneko, Nekazaritzako eta Abeltzaintzako zuzendari nagusiaren abuztuaren 9ko 824/2016 Ebazpenak onetsi dituen lankidetza-hitzarmenetan Tokiko Garapen Parte-hartzailearen Estrategiak (M.19.02.01) Nafarroako Landa Garapenerako 2014-2020 aldirako Programaren barnean ezartzeko onartu diren administrazio eginkizunak, toki ekintzako taldeek kontratu honetan ezarritakoaren arabera tratatuko dituzte eskura dituzten datu pertsonalak.

Seigarrena.–Datuen babeseko ordezkaria izendatzea.

1. Tratamenduaren arduradun diharduten entitate laguntzaileek datuen babeseko ordezkaria izendatu beharko dute, baldin eta Kreditu entitateen antolamenduari, gainbegiratzeari eta kaudimenari buruzko ekainaren 26ko 10/2014 Legearen 1. artikuluan aipatzen diren entitateak badira.

2. Aurreko puntuan aipatzen ez diren tratamenduaren arduradunek datuen babeseko ordezkaria izendatzen ahalko dute beren borondatez. Ordezkari hori 2016/679 (EB) Erregelamenduaren eta Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoan ezarritako araubidearen mende egonen da.

Zazpigarrena.–Tratamenduaren arduradunaren kontratua formalizatzea.

Hautatzen diren entitateek tratamenduaren arduradunaren kontratua, II. eranskinekoa, formalizatu beharko dute 10 eguneko epean, entitate laguntzailea izateko hautatu dutela dioen ebazpena jakinarazten zaien egunetik hasita.

Zortzigarrena.–Zehapen araubidea.

Tratamenduen arduradunak 2016/679 (EB) Erregelamenduan eta abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoan ezarritako zehapen araubidearen mende daude 2016/679 (EB) Erregelamenduaren 83. artikuluko 4., 5. eta 6. apartatuek aipatzen dituzten arau-hausteak dakartzaten ekintza eta jarduketengatik, baita Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzeko Lege Organikoaren aurkakoak direnengatik ere.

Bederatzigarrena.–Kontratua 2021-2027 aldian aplikatzea.

Bere indarraldiaren esparruan, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 17ko 1307/2013 (EB) Erregelamenduaren eta Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 17ko 1305/2013 (EB) Erregelamenduaren arabera tramitatzen diren laguntzei eta neurriei buruz kontratu honetan egindako aipamenek Europar Batasuneko erregelamenduek 2021-2027 aldirako onesten dituzten laguntza eta neurrietarako ere balio dutela ulertuko da.

ERANSKINAK

Deskargatu II., III.a), III.b), IV., V. eta VI. eranskinak (Worda).

Iragarkiaren kodea: F1914219