229. ALDIZKARIA - 2019ko azaroaren 20a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

URROZ

Ordenantza, arautzen dituena instalazio, eraikuntza
eta obretarako laguntzak. Behin betiko onespena

Urrozko Udalak, 2019ko irailaren 17an egindako osoko bilkura arruntean, hasiera batean onetsi zuen Urrozko udalerrian instalazio, eraikuntza eta obretarako laguntzak arautzen dituen udal ordenantza.

Hasiera batean onesteko erabakia argitaratu zen 2019ko 186. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, irailaren 20an, eta inork ez du jendaurreko epean alegaziorik aurkeztu; hortaz, ordenantza hori behin betiko onetsi da eta osorik emanen da argitara, behar diren ondorioak izan ditzan; hori guztia, jarraikiz Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluari, zeina aldatu baitzen maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legearen bidez.

Urrozen, 2019ko azaroaren 5ean.–Alkatea, Iñaki Juanena Santesteban.

ORDENANTZA, ARAUTZEN DITUENA INSTALAZIO,
ERAIKUNTZA ETA OBRETARAKO LAGUNTZAK

1. artikulua. Xedea eta aplikazio-eremua.

Ordenantza honen xedea da arautzea Urrozko Udalak ematen dituen dirulaguntzak bere udal-mugartean egiten diren instalazio, eraikuntza eta obretarako.

2. artikulua. Onuradunak.

Udalak pertsona fisiko nahiz juridikoei dirulaguntzak emateko, beharrezkoa izanen da titularrak bertan erroldaturik egotea, Udalean lizentzia eskatu aurreko bost urtean, eta dirulaguntzaren xede den obraren titularrak izatea.

3. artikulua. Dokumentazioa.

Laguntzak tramitatzeko, Urrozen benetan bizitzeaz gain, beharrezkoa izanen da Udaletxean aurkeztea proiektu ikus-onetsia edo memoria baloratua, edo, behar denean, obra txikien kasuan, obraren deskribapena eta obra gauzatzeko aurrekontua.

4. artikulua. Dirulaguntzen zenbatekoa.

Dirulaguntza hauek emanen zaizkio justifikatutako inbertsioari:

Eraikuntza, instalazio eta obretarako, emanen da obra gauzatzeko aurrekontuaren %2ko dirulaguntza.

5. artikulua. Laguntzak ematea.

Behin obra-lizentzia eskaturik, Udalak egiaztatuko du ea eskatzailea erroldaturik dagoen, eta, hala bada, egoki den dirulaguntza aplikatuko du, eta zenbatekoa zehaztuko du ordenantza honetan xedatutakoaren arabera.

Ikusten bada eskatzaileak ordenantza honetan ezarri diren baldintzetakoren bat ez duela betetzen, dirulaguntza lortzeko eskubidea galduko du, eta zilegi izanen da beste era bateko egintzak ere abiaraztea.

6. artikulua. Betebeharrak.

Udalak noiznahi eska diezaieke datu edo agiri gehiago eskatzaileei, espedientea argitzeko; horretarako, hogeita hamar egun balioduneko epea emanen die, eskatutako agiriak aurkezteko. Epe hori eskatzaileak aipatu agiriak aurkeztu gabe iragaten bada, espedientea artxibatu eginen da, beste inolako tramiterik gabe.

Araudi honetan zehaztutako baldintzak betetzen ez badira, onuradunak emandako datu edo argibideetan faltsukeriarik edo itxuragabekeriarik baldin badago eta laguntzak emateko eta ordaintzeko gertaerak edo inguruabar erabakigarriak ezkutatzen badira, emandako dirulaguntzak deuseztatzen ahalko dira, eta jasotakorik bada, itzuli egin beharko da.

7. artikulua. Dirulaguntzaren kalkulua.

Dirulaguntza kalkulatzeko, ez da kontuan izanen lizentzia eskatzaileak jasandako BEZa.

8. artikulua. Dirulaguntzak emateko hasierako data.

Ordenantza honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra, eta indarra hartu ondoren aplikatuko zaie udal erregistroan aurkezten diren eskaerei.

Iragarkiaren kodea: L1913965