227. ALDIZKARIA - 2019ko azaroaren 18a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.2. Foru Dekretuak

309/2019 FORU DEKRETUA, azaroaren 6koa, Nafarroako Urrezko Domina ematen diona ADACEN Kalte Zerebralaren Nafarroako Elkarteari.

Maiatzaren 23ko 38/2018 Foru Dekretuak Nafarroako Urrezko Domina emateko arauak ezartzen ditu. Urrezko Domina Nafarroako Gobernuak ematen duen ohorezko sari gorena da, gizartea hobetzen, balio demokratikoak sendotzen eta Nafarroa kanpoan proiektatzen nabarmendu diren pertsona, erakunde, entitate eta kolektiboen lana aitortzeko helburua duena. Arau honek ezartzen du domina emateko aldez aurretik deialdi publikoa eginen dela, instituzioek, entitateek, elkarteek eta pertsona fisikoek zein juridikoek beren hautagaitzak aurkez ditzaten.

2019ko 146. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, uztailaren 29koan, argitaratu zen Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako kontseilariaren ekainaren 11ko 32/2019 Foru Aginduaren bidez, proposamenak aurkezteko deialdi publikoa onetsi eta aurkeztutako hautagaitzak aztertzeko eta baloratzeko epaimahaia izendatu zen. Epaimahaiak hiru aukeratuko ditu aurkeztu direnen artean, eta Nafarroako Gonbernuari aurkeztuko dizkio.

Aipatu foru dekretuaren 7.2 artikuluak ezartzen du Nafarroako Gobernuak epaimahaiak hautatzen dituen hiru hautagaitzen artean bat aukeratu eta domina hari ematea onetsi behar duela.

Epaimahaiak aurkeztu dituen hautagaitzak ikusita, Nafarroako Gobernuak ADACEN Kalte Zerebralaren Nafarroako Elkartearena hobetsi du. Elkarte hau irabazi-asmorik gabeko entitatea da, hartutako kalte zerebralak jotako pertsonekin eta beren familiekin konpromisoa duena. Elkartearen lana bilakatu da, eta behar soziosanitarioei erantzuna ematetik, erreferentzia izatera igaro da, LivingLab izeneko esku-hartze metodologia bat garatu duelako. Metodologia hau oso berritzailea da eta nazioarteko hainbat forotan aurkeztu da.

Hori guztia jokatzeko modu eredugarria da, elkartasunezkoa eta osasunaren zaintza sustatzekoa, eta horrek guztiak gizartea hobetzen du era nabarmenean.

Horregatik guztiagatik, Nafarroako Gobernuak erabaki du ohorezko erakusgarri gorena ADACEN Kalte Zerebralaren Nafarroako Elkarteari ematea.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuak bi mila eta hemeretziko azaroaren seian egindako bilkuran harturiko erabakiarekin bat,

DEKRETATZEN DUT:

1. Nafarroako Urrezko Domina ematen zaio ADACEN Kalte Zerebralaren Nafarroako Elkarteari.

2. Domina ematea Nafarroako Egunaren aurtengo ekitaldien barruan egingo da.

3. Foru dekretu hau ADACEN Kalte Zerebralaren Nafarroako Elkarteari jakinaraztea eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko agintzea.

Iruñean, 2019ko azaroaren 6an.–Nafarroako Gobernuko lehendakaria, María Chivite Navascués.–Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilaria, Javier Remírez Apesteguía.

Iragarkiaren kodea: F1914428