227. ALDIZKARIA - 2019ko azaroaren 18a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

192E/2019 EBAZPENA, azaroaren 4koa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, ingurumen ukipenetarako baimena ematen diona Cabanillasko udal-mugartean Cabanillas II haize-parkeko kalibraziorako dorre baten kokagunea aldatzeari. Sustatzailea Eólica Valdetellas SL da.

2019ko abuztuaren 20an, goian aipatutako espedienteari dagokion ingurumen ukipenetarako baimena lortzeko eskaera sartu zen Lurralde eta Paisaia Zerbitzuan. Espedientea abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2C eranskineko I) epigrafean sartua dago. Foru dekretu horrek Ingurumena Babesteko Esku Hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onetsi zuen.

Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen du Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak ebazpen arrazoitua emanen duela ingurumen ukipenetarako baimena eman edo ukatzeari buruz.

Foru dekretu horren 31.2 artikuluak ezartzen du ingurumen ukipenetarako baimenak bere baitan bilduko duela lurzoru urbanizaezinean baimentzen ahal diren jardueretarako baimena ere, eta uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuak, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duenak, 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen dituela.

Lurralde eta Paisaia Zerbitzuko zuzendariaren ekainaren 25eko 163E/2019 Ebazpenak ingurumen ukipenetarako baimena eman zion Cabanillas II haize-parkearen eremuan neurketarako bi dorre jartzeko proiektuari.

120 metroko bi dorre meteorologiko dira, sareta metalizkokoak, txarrantxatuak, zimendurik gabe. Lurperatutako xafletan ainguratutako metalezko sirgekin tenkatuta daude, 120º-ko angeluez bereizitako orientazio erradialeko hiru ardatzetan. Dorreek neurketa ekipamendua dute, eraikitzen ari den Cabanillas II haize-parkean haizearen banaketa lortzeko eta bertan proiektatutako haize-sorgailuak kalibratzen laguntzeko. Sustatzailea, izan ere, parke horren eraikuntzaren eta ustiaketaren titularra eta erantzulea da. Neurketarako dorreak eskatu eta baimendu ziren 6. poligonoko 173. lurzatian, zehazki koordenatu hauetan (UTM ETRS89 30N):

–Erreferentziako dorrea: X: 620.063, Y: 4.657.349.

–1. haize-sorgailuaren kokaguneko dorrea: X: 620.129, Y: 4.657.631.

Nordex-Acciona haize-sorgailuen hornitzaileak errekerimendu teknikoa egin du, eta horren ondorioz potentzia-kurba ez da 1. haize-sorgailuaren kokagunean neurtu behar, 7. haize-sorgailuarenean baizik (X: 620213, Y: 4.657.095), 6 hilabetez (aldia ez da aldatzen).

Horregatik, Eólica Valdetellas SLk eskatu du Cabanillas II haize-parke baimenduan kalibraziorako dorre baten kokagunea aldatzeko, 1. haize-sorgailuaren kokagunetik (X: 620.129, Y: 4.657.631) 7. haize-sorgailuaren kokagunera (X: 620.213, Y:4.657.095).

Halaber, Lurralde eta Paisaia Zerbitzuko zuzendariaren ekainaren 25eko 163E/2019 Ebazpenean, honako baldintza hau ezarri zen: “Zelaigunearen ertzetan kokatutako zuhaixka-larrearen magaletan aurreikusitako ukipena kenduko da; bertan, izan ere, ainguratzen dira dorreei eusten dieten tenkasokak. Dorreen kokagunea edo garraio-sistema aldatuko da, makinak sar ez daitezen eta larrea okupa ez dadin”.

Baldintza horri buruz, sustatzaileak honako hau azaltzen du: “Dorrearen tenkasokak zuhaixka-larrearen magalean ainguratzerik ez denez, eta haize-sorgailuen kokagunea aldatzea bideragarria ez denez (kalibrazioan aplikatu beharreko IEC 61400-12 araua eta haize-sorgailuen hornidura kontratua bete behar direlako), ahalik eta tenkasoka gutxien jarriko dira aipatu eremuetan, okupazioa eta makinen sarrera minimizatzeko, betiere egituraren segurtasuna konprometitu gabe eta dorrea erortzeko arriskurik gabe”.

Espedientean Cabanillasko Udalak emandako aldeko txostena jaso da. Lurraldearen Antolamenduaren eta Estrategiaren Atalak txostena egin du, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duen uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Errege Dekretuaren 117. artikuluan ezarritakoarekin bat.

Ingurumen Eraginaren eta Paisaiaren Atalak aldaketen aldeko txostena egin du.

Espedientearen txostenak ikusirik, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluan, Nafarroako Foru Administrazioaren departamentuen egitura ezartzen duen Nafarroako Foru Komunitateko Lehendakariaren abuztuaren 6ko 22/2019 Foru Dekretuan eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren oinarrizko egitura ezartzen duen abuztuaren 14ko 96/2019 Foru Dekretuan ezarritakoa betez,

EBAZTEN DUT:

1. Ingurumen ukipenetarako baimena ematea Cabanillasko udal-mugartean Cabanillas II haize-parkeko kalibraziorako dorre baten kokagunea aldatzeari. Eólica Valdetellas SL da sustatzailea.

2. Baimen honek hurrengo baldintzak aplikatzeko betebeharra ezartzen du:

–Baimena ematen da Cabanillas II haize-parke baimenduan kalibraziorako dorre baten kokagunea aldatzeko, 1. haize-sorgailuaren kokagunetik (X: 620.129, Y: 4.657.631) 7. haize-sorgailuaren kokagunera (X: 620.213, Y:4.657.095).

–Sustatzaileak adierazi du ez duela dorreen kokagunea aldatzerik, eta horregatik onartzen da berak aurkeztutako baldintza, hau da, ahalik eta tenkasoka gutxien jarriko dira zelaigunearen ertzetan kokatutako zuhaixka-larrearen magaletan, okupazioa eta makinen sarrera minimizatzeko.

–Bete beharko dira Lurraldea eta Paisaia Zerbitzuko zuzendariak ekainaren 25ean emandako 163E/2019 Ebazpenean ezarritako gainerako baldintzak.

3. Baimen honek, gainera, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duen uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen ditu; izan ere, artikulu horretan lurzoru urbanizaezinean eginen diren jarduerak baimentzeko prozedura ezartzen da.

4. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera kontatuko dira.

5. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

6. Ebazpen hau igortzea Lurraldearen Antolamenduaren eta Estrategiaren Atalari, Cabanillasko Udalari, Ingurumena Zaintzeko Atalari (Tuterako Koordinazio Unitateari) eta interesdunari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2019ko azaroaren 4an.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Pablo Muñoz Trigo.

Iragarkiaren kodea: F1913964