21. ALDIZKARIA - 2019ko urtarrilaren 31

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. LURRALDEAREN ANTOLAMENDUA ETA HIRIGINTZA

14E/2019 EBAZPENA, urtarrilaren 9koa, Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiak emana, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariaren 2018ko uztailaren 31ko 89E Foru Agindua Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila xedatzen duena. Foru agindu horren bidez behin betiko onetsi zen Adiosko Udal Plan Orokorra.

Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariaren 2018ko uztailaren 31ko 89E Foru Aginduaren bidez, behin betiko onetsi zen Adiosko Udal Plan Orokorra, baina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko baldintza bat ezarri zuen; hots, testu bategina aurkeztea, foru agindu hartan berean adierazitako zuzenketak biltzen dituena.

Eskatutako testu bategina aurkeztu denez, eta kontuan hartuz Lurralde eta Paisaia Zerbitzuak aldeko txostena eman duela, bidezkoa da behin betiko onespenari buruzko foru agindu hori argitaratzea.

Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren egitura organikoa onetsi zuen irailaren 21eko 78/2016 Foru Dekretuak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariaren 2018ko uztailaren 31ko 89E Foru Agindua Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila xedatzea. Horren bidez, behin betiko onetsi da Adiosko Udal Plan Orokorra. Testu osoa ebazpen honen eranskinean ageri da.

2. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, haren kontra gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Epeak ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hasiko dira.

3. Ebazpen hau Adiosko Udalari igortzea eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2018ko urtarrilaren 9an.–Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusia, Eva García Balaguer.

ERANSKINA

“89E/2018 Foru Agindua, uztailaren 31koa, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariak emana, Adiosko Udal Plan Orokorraren espedientea behin betiko onesten duena. Sustatzailea Adiosko Udala da.

Adiosko Udalak idazpuruan azaltzen den espedientea aurkeztu du Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuan, behin betiko onets dadin.

Aurkeztutako dokumentazioa, Hirigintza Atalaren txostena eta Lurralde eta Paisaia Zerbitzuaren proposamena ikusirik, eta Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duen uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren 74.16.b) artikuluan ezarritakoarekin bat, bidezkotzat jotzen da behin betiko onestea, hainbat zuzenketa kontuan hartuko dituen testu bategin bat aurkezteko baldintzarekin.

Azaldutakoarekin bat, eta Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren egitura organikoa ezarri zuen irailaren 21eko 78/2016 Foru Dekretuari jarraikiz,

AGINDU DUT:

1. Adiosko Udal Plan Orokorra aldatzeko espedientea behin betiko onestea. Sustatzailea Adiosko Udala da.

2. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko, udalak testu bategin bat aurkeztu beharko du hiru hilabeteko epean gehienez, Udal Plan Orokorreko dokumentazio osoa dakarrena, 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren 71.16.b artikuluarekin bat, zuzenketa hauekin:

A) 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren 71.13 artikuluak aipatzen duen udal teknikariaren txostena espedienteari gaineratzea, hirigintza-eragina duten udal eskumenak koordinatu ahal izateko: oinarrizko zerbitzuak, jabari publikoko espazioen mantentze-lanak, edo udal plan orokorrak proposatzen duen azpiegituren egoeraren edo lurzoruaren sailkapen egokiaren berrespena.

B) Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko Zuzendaritza Nagusiaren 315E/2018 Ebazpenak egindako ingurumen ondorioen adierazpena kontuan hartuz, planean honako hauek zuzentzea:

–Europar Batasunaren intereseko habitataren ingurumen balioa duen lurzoruaren azpikategoria kentzea.

–Mendi-laborantza mosaikoaren eta nekazaritza eta abeltzaintzako paisaiaren azpikategoriak batzea.

–Plana aplikatu eta garatzean ezarriko dira ingurumen ondorioen azterketaren 15. kapituluan bildutako jarraibide eta neurri zuzentzaileak.

C) Meatzaritzaren 2018ko maiatzaren 2ko txostenak aipatzen zituen gorabeherak zuzentzea, arauen debeku generikoak kentzeko, udal araudiaren artikuluan argibide hau sartzen ahal da: ‘Azken finean, meategi-ustiategi bat nola garatu behar den eta baimena lortzeko zer dokumentazio aurkeztu behar den zehazteko Nafarroako Foru Komunitateak meatzaritzaren arloan daukan eskumena Industriaren, Energiaren eta Berrikuntzaren Zuzendaritza Nagusiari dagokio. Baimen hori, kasu guztietan, udal araudiaren gainean egongo da, sektorearen legediaren arabera’.

D) Katalogazioa zuzentzea, Ondare Arkitektonikoaren Atalak 2018ko maiatzaren 22an egin zuen txostenaren 1. puntuak dioenaren arabera: Recreo kaleko 1ean dagoen eraikinaren puntu erdiko arkua katalogoan sartzea gradu integralarekin, eta ingurumen gradua itzultzea Mayor kaleko 1ean dagoen (8. fitxa) eraikinaren puntu erdiko arkuari, itxura batean oker baten ondorioz aldatu dena.

3. Adieraztea foru agindu honek ez duela administrazio bidea amaitzen. Administrazio publikoak ez diren interesdunek gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahalko dute, Nafarroako Gobernuari zuzendua, legezkotasuna kontrolatzen duen onespen honen aurka, hilabeteko epean, foru agindu hau jakinarazi edo Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Halaber, onetsitako hirigintza araudiaren kontra administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar daiteke, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta bi hilabeteko epean.

Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

4. Foru agindu hau, Energiaren, Meatzaritzaren eta Industria Segurtasunaren Zerbitzuaren txosten sektoriala (2018-5-2) eta Ondare Historikoaren Zerbitzuaren txosten sektoriala (2018-5-22) Adiosko Udalari jakinaraztea, plana dokumentu horien edukiarekin egokitzeko. Udal Plan Orokorraren testu bateginean zuzenketak egin eta gero, eta Udalak dokumentazio guztia osatu eta onetsi eta gero, dokumentu teknikoa bidaliko da, udal idazkaritzak behar bezala diligentziatuta, behin-behineko azken onespenaren datarekin eta testu bateginaren ondorengo onespenarekin.”

Iragarkiaren kodea: F1900482