208. ALDIZKARIA - 2019ko urriaren 21a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

356E/2019 FORU AGINDUA, urriaren 10ekoa, Osasuneko kontseilariak emana, baimena ematen duena Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzua erakunde autonomoan ematen diren ebazpenak prestatu, igorri, argitaratu eta artxibatzeko lanak Osasun Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusiko Ebazpenak Kudeatzeko Bulegoaren esku uzteko.

Osasuneko kontseilariaren abuztuaren 5eko 112/1013 Foru Aginduaren bidez abuztuaren 8ko 52/2012 Foru Agindua aldatu zen, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren egitura ezartzen zuena osasun laguntzaz kanpoko atalen eta osasun laguntzaz kanpoko unitateen mailan; izan ere, horren ondorioz Ebazpenak Kudeatzeko Unitatea kendu zen erakunde autonomoaren egitura organikotik. Unitate horrek erakunde autonomoan ematen diren ebazpenak prestatu, igorri, argitaratu eta artxibatzearen gaineko zenbait eginkizun zituen esleiturik.

Ondoren, Osasuneko kontseilariaren abuztuaren 5eko 111/2013 Foru Aginduaren bidez, departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusiko Antolaketa Atalari atxiki zitzaion unitate hori, eta Ebazpenak Kudeatzeko Bulego izena hartu zuen.

Osasun Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen abuztuaren 28ko 132/2015 Foru Dekretuaren lehenbiziko xedapen gehigarrian ezartzen da ezen Barne Araubidearen eta Modernizazioaren Atalari atxikitzen zaiola Ebazpenak Kudeatzeko Bulegoa, Antolaketa Atalaren menpekoa.

Berariaz esleitutako xede eta helburuei buruz instrumentalitate printzipioak dioenari jarraikiz (printzipio hori erakunde publikoen araubide juridikoan jasotzen da), gomendagarria izan daiteke erakunde publiko bati atxikita ez dauden administrazio organoek egitea erakunde publiko horri dagozkion zenbait eginkizun orokor, kudeaketa esleipen baten bidez. Eginkizun horien artean daude Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzua erakunde autonomoan ematen diren ebazpenak prestatu, igorri, argitaratu eta artxibatzeko lanak.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 14. artikuluak honako hau xedatzen du: “Foru Administrazio Publikoko organoek zilegi izanen dute beste organo batzuei edo zuzenbide publikoko beste erakunde eta entitate batzuei –lotutakoak edo haien menpekoak– eskuordetzea beren eskumeneko jarduera materialak eta teknikoak egitea, dela eraginkortasun-arrazoiengatik, dela lan horietarako baliabide tekniko egokiak ez dituztelako”.

Ondorio horietarako, Osasuneko kontseilariaren irailaren 21eko 204/2015 Foru Aginduaren bidez (2015eko 195. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, irailaren 30ekoa), baimena eman zen Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzua erakunde autonomoan ematen diren ebazpenak prestatu, igorri, argitaratu eta artxibatzeko lanak Osasun Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusiko Ebazpenak Kudeatzeko Bulegoaren esku uzteko. Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari kudeatzailearen urriaren 1eko 1419/2015 Ebazpenaren bidez onetsi zen esleipen hori, lau urterako, ebazpena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zenetik hasita, hots, 2015eko urriaren 26tik hasita (2015eko 212. Nafarroako Aldizkari Ofiziala).

Adierazitakoarekin bat, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 14. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

1. Baimena ematea Osasun Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusiko Ebazpenak Kudeatzeko Bulegoaren esku uzteko Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzua erakunde autonomoan ematen diren ebazpenen gaineko jarduketa hauek:

a) Ebazpenak prestatzea, administratiboki gainbegiratzea, helaraztea eta, kasua bada, argitara daitezen igortzea.

b) Ematen diren ebazpen guztiak katalogatu eta artxibatzea.

c) Administrazio egintza horiei buruzko ziurtagiriak prestatzea.

2. Esleipenak urtebeteko indarraldia izanen du, eta ondorioak sortuko ditu 2019ko urriaren 27tik aurrera.

3. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Iruñean, 2019ko urriaren 10ean.–Osasuneko kontseilaria, Santos Induráin Orduna.

Iragarkiaren kodea: F1913107