207. ALDIZKARIA - 2019ko urriaren 18a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

BERRIOBEITI

Aldaketa, Euskararen erabilera eta sustapena arautzen dituen ordenantza orokorrean. Behin betiko onespena

Berriobeitiko Udalak, 2019ko maiatzaren 7an egin osoko bilkuran, erabaki zuen hasiera batean onestea Udalerrian euskararen erabilera eta sustapena arautzen dituen ordenantza orokorraren aldaketa. Iragarkia 2019ko 140. Nafarroako Aldizkari Ofizialean eman zen argitara, uztailaren 19an.

Maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legeak aldatu zuen Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325.1.b) artikuluari jarraikiz, jendaurrean egoteko legezko aldia iraganik inork inolako alegazio, kexa edo oharrik aurkeztu gabe eta, orobat, aipatu Foru Legearen 325.1.c) artikuluan xedatutakoa betez, ordenantzan egindako aldaketa behin betiko onetsitzat jo da, eta haren testua argitaratuko da, behar diren ondorioak izan ditzan, Toki Administrazioari buruzko Foru Legearen 326. artikuluari jarraikiz.

Argitara ematen da aipatu agindua betez, eta ohartarazten ezen ordenantzaren aldaketaren aurka errekurtso hauetako edozein jarri ahal dela:

a) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean, iragarki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

b) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, iragarki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik hasita.

Berriobeitin, 2019ko urriaren 1ean.–Berriobeitiko Alkatea, Raúl Julio Bator Pérez.

Berriobeitiko udalerrian euskararen erabilera eta sustapena arautzen dituen ordenantza, 2006ko 60. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zena maiatzaren 19an, honela aldatzen da:

Lehena: Zioen azalpenaren egungo 5. paragrafoaren ordez, honako hau sartzen da:

Udalaren eta herritarren gogo garbi horretaz gain, aipatu behar da Espainiako Konstituzioak botere publikoen esku uzten duela Espainiako hizkuntzen kultur ondarea errespetatu eta babesteko zeregina; Euskarari buruzko abenduaren 15eko 18/1986 Foru Legeak helburutzat duela herritarren eskubidea babestea euskaraz ikasteko eta mintzatzeko eta hura berreskuratu eta garatzea; lege horrek berak administrazio publikoetan euskaraz aritzeko eskubidea bermatzen diela herritarrei eta aukera ematen duela zenbait lanpostutarako euskaraz jakin beharra nahitaezkoa izateko, eta gainerakoetan baloratua eta, azkenik, Nafarroako administrazio publikoetan euskararen erabilera arautzen duten foru dekretuetan ere helburu hori ezarri dela.

Bigarrena: 2. artikuluaren egungo testuaren ordez, honako hau sartzen da:

2. artikulua. Udalaren eskumeneko zerbitzuetan, edozein kudeaketa molde dela medio hirugarrenek ematen dituzten haietan, ordenantza honen III. eta IV. kapituluak aplikatuko dira.

Hirugarrena: 11. artikuluaren 2. apartatuaren egungo testuaren ordez, honako hau sartzen da:

Ikus-entzunezkoetako (irratia eta telebista) publizitatea bi hizkuntzetan eginen da.

Laugarrena: 13. artikuluaren 1., 2. eta 3. apartatuen egungo testuaren ordez, jarraian ageri dena sartzen da. Ondorioz, 4. apartatua, orain, 2.a izanen da.

Berriobeitiko Udalaren titulartasunekoak edo eskumenekoak diren komunikabideetan (aldizkariak edo buletinak, hedabide digitalak, sare sozialak eta abar) neurri berean erabiliko dira gaztelania eta euskara.

Bosgarrena: ordenantzaren 26. artikulua ezabatzen da.

Seigarrena: egungo 27. artikulua, orain, 26.a izanen da. VII. kapituluko 23. artikulua 27.a izanen da orain.

Iragarkiaren kodea: L1912735