207. ALDIZKARIA - 2019ko urriaren 18a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

75E/2019 EBAZPENA, irailaren 25ekoa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, ingurumen ukipenetarako baimena ematen duena Erreniega 1 TZn zuntz optikoaren linea paratzeko proiekturako, Beriaingo, Galarko eta Zizurko udal-mugarteetan. Sustatzailea Iberdrola Distribución Eléctrica SAU da.

2019ko uztailaren 12an, goian aipatutako espedienteari dagokion ingurumen ukipenetarako baimena lortzeko eskaera sartu zen Lurralde eta Paisaia Zerbitzuan. Espedientea abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2C eranskineko M) epigrafean sartua dago (komunikazio instalazioak). Foru dekretu horrek Ingurumena Babesteko Esku-Hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onetsi zuen.

Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen du Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak ebazpen arrazoitua emanen duela ingurumen ukipenetarako baimena eman edo ukatzeari buruz.

Foru dekretu horren 31.2 artikuluak ezartzen du ingurumen ukipenetarako baimenak bere baitan bilduko duela lurzoru urbanizaezinean baimentzen ahal diren jardueretarako baimena ere, eta uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuak, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duenak, 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen dituela.

Proiektatutako jarduketaren xedea da zuntz optikoaren linea bat ematea Erreniega 1 transformazio zentroari eta Gares CTC CTNEri. Horretarako, zuntz optikoaren kablea lotuko zaio SC “4667-02-Ezkirotz-Beriain” 13,2 kV-eko linea elektrikoari, 7.230 metroko aireko tarte batekin, Morea baltsaren ondoan (Beriain) dagoen 1003 zenbakiko euskarritik Erreniega 1 TZraino, eta 194 metroko beste aireko tarte batekin, linea bereko 821 zenbakiko euskarritik (Erreniega 1 TZren ondoan) Gares CTC CTNEraino. Proiektuan, hamar euskarri ordeztuko dira. Proiektua Beriaingo industrialdera sartzeko biribilgunetik abiatzen da, Morea baltsako ekialdeko eta hegoaldeko ertzeetatik joaten da, gero Beriaingo urbanizazioko hegoaldetik eta, Beriain-Subitza NA-6009 errepidea gurutzatuta, errepide horrekin paralelo joaten da, errepideko iparraldetik eta Milagrotik Aezkoara doan errege altxonbidearen ondotik, Subitzako herriraino, non, hango sarbideko gurutzebidean, Etxabakoitz-Arrizabalaga NA-6000 errepidea gurutzatzen baitu, eta Subitzatik iparraldetik aterata (ur-biltegiaren ondotik), Erreniegako gain aldera joaten da. Gainean, Erreniegako gaineko NA-6056 errepidea gurutzatu eta errepide horretako hegoaldearekin paralelo joaten da 1800 metrotan, Erreniega 1 TZn bukatu arte. Tarterik laburrena (194 m) Erreniega 1 TZren ondoko euskarritik abiatzen da, Erreniegako gaineko Gares CTC CTNEraino.

Lurraldearen Antolamenduaren eta Estrategiaren Atalak adierazi du eskatutako jarduketa jarduera baimendua dela, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duen uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren 110.2 a) artikuluaren arabera; hortaz, ez dago lurzoru urbanizaezineko jarduera baimendu beharrik. Ingurumen Eraginaren eta Paisaiaren Atalak proiektuaren aldeko txostena egin du, baina ebazpen honetan biltzen diren baldintzak bete beharko dira.

Espedientearen txostenak ikusirik, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluaren bidez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura ezartzen duen Nafarroako Foru Komunitateko Lehendakariaren abuztuaren 6ko 22/2019 Foru Dekretuaren bidez eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren oinarrizko egitura ezartzen duen abuztuaren 14ko 96/2019 Foru Dekretuaren bidez eman zaizkidan eskumenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Ingurumen ukipenetarako baimena ematea zuntz optikoa Erreniega 1 TZri eta Gares CTC CTNEri emateko instalaziorako, Beriaingo, Galarko eta Zizurko udal-mugarteetan. Sustatzailea Iberdrola Distribución Eléctrica SAU da.

2. Baimenak neurri hauek aplikatzera behartzen du:

–Nola proiektua eginen den hegaztiak talkatik eta elektrokuziotik babesteko goi tentsioko linea elektrikoetan neurriak ezarri zituen abuztuaren 29ko 1432/2008 Errege Dekretuaren ondorioetarako hegaztien babeserako den eremu batean, loturako eta lerrokadurako euskarri berrietan metro bateko tartea errespetatu beharko da osagai eroalearen eta pausatzeko tokiaren artean, dela luzera horretako isolagailuak erabiliz, dela eroalea eta loturako grapa forratuz.

–Orobat, hegaztien babeserako balizekin seinalizatuko da zuntz optikoaren kablea, 10 metrotik 10 metrora, tarte hauetan: Subitzako ur-biltegitik hurbil dagoen 803 zenbakiko euskarritik, Erreniega 1 TZraino; Erreniega 1 TZren ondoko 821 zenbakiko euskarritik, Gares CTC CTNEraino; 1.002 zenbakiko euskarritik, 29 zenbakikoraino, Morea baltsaren ingurunean.

–Zerbitzutik kanpo gelditzen diren instalazioak desmuntatuko dira, eta hondakinak beren izaeraren arabera kudeatuko dira.

–Sustatzaileak obrak hasi aurretik horren berri emanen dio Basozainak-Ingurumena Zaintzeko Atalari (Iruñeko Koordinazio Unitatea), edo obretan izaten den edozein gorabeheren berri, garaiz eman ere. Horretarako, mezu elektronikoa bidali beharko dio (gmapamplona@avarra.es) edo 608062649 telefonora deitu.

3. Proiektuaren ingurumen ukipenetarako baimena eskuratzeko ezinbestekoa da 4.000 euroko fidantza jartzea, baimendutako jarduerak kalterik sortzen badu haiek lehengoratu edo gutxituko direla bermatzeko.

4 Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera kontatuko dira.

5. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

6. Ebazpen hau igortzea Beriaingo Udalera, Galar Zendeako Udalera, Zizur Zendeako Udalera, Basozainak-Ingurumena Zaintzeko Atalera (Iruñeko Koordinazio Unitatea) eta interesdunari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2019ko irailaren 25ean.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Pablo Muñoz Trigo.

Iragarkiaren kodea: F1912479