207. ALDIZKARIA - 2019ko urriaren 18a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

72E/2019 EBAZPENA, irailaren 24koa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, ingurumen ukipenetarako baimena ematen diona proiektu honi: Izpegin (Erratzu-Baztan) ura bildu eta eramateko proiektua, Baztango udal-mugartean. Sustatzailea Idoia Guillenea Dendarieta da.

2019ko maiatzaren 8an, goian aipatutako espedienteari dagokion ingurumen ukipenetarako baimena lortzeko eskaera sartu zen Lurralde eta Paisaia Zerbitzuan. Espedientea abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2C eranskineko N epigrafean sartua dago. Foru dekretu horrek Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onetsi zuen.

Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen duenez, Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak ebazpen arrazoitua emanen du ingurumen ukipenetarako baimena eman edo ukatzeari buruz.

Foru dekretu horren 31.2 artikuluak ezartzen du ingurumen ukipenetarako baimenak bere baitan bilduko duela lurzoru urbanizaezinean baimentzen ahal diren jardueretarako baimena ere, eta uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuak, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duenak, 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen dituela.

Proiektatutako jarduketan, Frantzian kokatutako bi iturburutatik Baztango Izpegi bentetaraino eramanen da ura hodi batetik. Helburua da benta horietako ur hornidura bermatzea, egun tarteka agortzen diren iturburuetatik egiten baita hornidura, eta, hortaz, ez dago ziurtaturik.

32 mm-ko polietilenozko hodi batetik eginen da kanalizazioa 3,1 km-tan. Horietatik, 1.510 metro basoko pista batetik joaten dira, 200 metro pagadia duen mazela batetik, 135 metro iratzea duen mazela batetik, 25 metro mazela harritsu batetik, eta 1.230 metro larreak/iratzeak eta bidexkak dituen mazela batetik.

Jarduketaren eremuan, Europar Batasunaren intereseko habitatak daude: 9120 “Pagadi azidofilo kantauriarrak, (Saxifrago hirsutae-Fagetum Sylvaticael)” eta 4030 “Txilardi atlantikoak eta mediterraneoak (Daboecio-Ulicetum cantabrici)”; baita lehentasunezko intereseko habitat bat ere: 6230 “Mendi larre mesofitiko azido kantauriar-atlantiarrak (Jasiono laevis-Danthonietum decubentis)” (92/43/EEE Zuzentaraua). Nolanahi ere, kanalizazioaren zati handi bat bideetan barna joaten denez eta, betiere, ingurumen ukipenen azterlanean eta ingurumen ukipenetarako baimenean ezarritako baldintzak betez gero, ez da ukipen nabarmenik aurreikusten aipatutako habitaten gainean.

Hodia lurpetik joanen da trazadura guztian, honako ezaugarri hauekin, kasuan kasuko tokiaren arabera:

–Pista: 50 × 50 cm-ko zanga.

–Alde harritsua: 50 × 40 cm-ko zanga.

–Pagadia, iralekua eta/edo larrea: 15 × 40 cm-ko mikrozanga.

Horretarako, atzerako hondeamakina bat erabiliko da, aurkeztutako dokumentazioaren arabera. 50 cm-ko pala batekin eginen da zanga, eta mikrozanga, berriz, mikrozangak egiteko makinarekin, zeinak hondeatu ahala kokatuko baitu hodia.

Lurraldearen Antolamenduaren eta Estrategiaren Atalak txostena egin du, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onetsi duen uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Errege Dekretuaren 117. artikuluan ezarritakoarekin bat. Ingurumen Ebaluazioaren Bulegoak ere jarduketaren aldeko txostena egin du, zenbait baldintzarekin.

Espedientearen txostenak ikusirik, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluan ezarritakoa betez; Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura ezartzen duen Nafarroako Foru Komunitateko Lehendakariaren abuztuaren 6ko 22/2019 Foru Dekretuaren eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren oinarrizko egitura ezartzen duen abuztuaren 14ko 96/2019 Foru Dekretua betez,

EBAZTEN DUT:

1. Ingurumen ukipenetarako baimena ematea Baztango udal-mugartean, Izpegin (Erratzu-Baztan), ura bildu eta eramateko proiektuari. Sustatzailea Idoia Guillenea Dendarieta da.

2. Baimenak neurri hauek aplikatzera behartzen du:

Ingurumen arlokoak:

–Lanak hasi aurretik, argi mugatuko dira tokian bertan hargunearen trazadura eta materialak pilatzeko gunea. Ahalik eta estuena izanen da lan egiteko kalea, betiere segurtasun baldintzak bermatuta, eta kale bakar batean lan eginen da; pistako edo bideko tartean, lan egiteko kalea pistan edo bidean egonen da. Tamaina txikiko makinak erabiliko dira.

–Kanalizazioaren trazadura guztian, tokia lehengoratuko da hodia jarritakoan, eta hasieran zegoen bezala utzi beharko da.

–Zanga irekitzean, landare lurra kendu eta behar den moduan bilduko da, hondeaketaren gainerako materialetatik bereiz, bukaeran erabili ahal izateko zangaren goiko bete-lanetan eta obrek ukitutako gainazalak lehengoratzeko orduan.

–Saihestuko da dagoen landareria naturala ukitzen, batez ere erreken inguruetan eta beste leku istiltsu batzuetan. Zanga bideetan barna joaten den tokian, hura paratzean ahalik eta gutxien ukituko dira, dela zuzenean, dela zeharka, ondoko zuhaitzak (sustraiak eta adarrak).

–Erreken inguruetan, agorraldian eginen dira obrak, edo aurreikusten denean euri gutxi eginen duela. Toki horietan, arreta berezia jarriko da lanak egitean, ahalik eta gutxien ukitzeko errekak.

–Lanak bukatuta, proiektuaren jarduketa eremuan gelditzen diren hondar eta zabor guztiak garbitu eta kenduko dira.

–Arloko teknikari eskudun batek ingurumen arloko jarraipena egin behar dio obrari, eta ingurumen arloko txostena aurkeztuko da obra bukatu ondoren, non gorabehera aipagarriak, neurri zuzentzaileak eta abar jasoko baitira.

–Obrak egitean, zuhaitzik kendu behar bada, horren berri eman eta baimena eskatu behar zaio Basozainak-Ingurumena Zaintzeko Atala (Bidasoaldeko Koordinazio Unitatea, gmabidasoa@navarra.es, 608-245812 telefonoa), bat etorriz Nafarroako Oihan Ondarea Babestu eta Garatzeari buruzko abenduaren 31ko 13/1990 Foru Legean zehaztutakoarekin (otsailaren 21eko 3/2007 Foru Legeak eta hori garatzen duen erregelamenduak aldatua).

–Proiektuaren ingurumen ukipenen azterlanean jasotako neurri guztiak bete beharko dira.

–Obrak irauten duen bitartean aztarna arkeologikoren bat agertzen bada, horren berri emanen zaio ondare historiko eta arkeologikoaren arloan eskumena duen departamentuari, Nafarroako Kultur Ondareari buruzko azaroaren 22ko 14/2005 Foru Legearen 59. eta 63. artikuluei jarraikiz.

Hirigintza arlokoak:

–Baimen honek babesten du ur hornidurarako kondukzio bat jartzea Baztango udal-mugartean, Frantzian ura biltzen den puntutik Izpegiko gaineko bentei hornidura egiten dien biltontziraino.

–Baimen honek ez du babesten azpiegitura honekin lotzea lurzoru urbanizaezinaren gainean dauden edo horren gainean paratu gogo diren jarduerak.

–Herri-lurren Atalaren txostenean adierazitakoarekin bat, hodia herri-lurren gainean jartzen bada, proiektuaren sustatzaileak okupazio espediente bat tramitatu beharko du ondasunen jabea den toki entitatean, bat etorriz Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 172. artikuluan eta Nafarroako Toki Entitateen Ondasunen gaineko Erregelamendua onesten duen urriaren 18ko 280/1990 Foru Dekretuaren 215. artikuluan zehaztutakoarekin, eta nahitaezkoa izanen da Nafarroako Gobernuak onestea.

–Egin nahi diren lanek ukitzen ahal dituzten edo lanen trabagarri izaten ahal diren azpiegitura eta zortasunei dagokienez, pertsona edo entitate sustatzaileak, obrak hasi baino lehen, behar diren kontsultak eginen ditu, eta, hala badagokio, behar diren baimen guztiak eskuratuko ditu kasuan kasuko gaian eskudun diren organoetatik. Zehazki, onura publikoko mendi batean jarduteagatik behar den baimena, bai eta ura biltzeko behar diren baimen guztiak ere, entitate eta erakunde eskudunek eman beharrekoak.

–Ezagutzen ez den aztarna arkeologikoren bat agertzen bada, legeak agintzen du Arkeologia Atalari horren berri eman behar zaiola berehalakoan, hala jasota baitago ondare historikoaren arloan indarra duen legerian (Nafarroako Kultur Ondareari buruzko azaroaren 22ko 14/2005 Foru Legearen 59. artikuluan eta Espainiako Ondare Historikoari buruzko ekainaren 25eko 16/1985 Legearen 42.3 eta 44. artikuluetan). Aditzera ematen da, hala egin ezean, eginbehar hori ez betetzeagatik ondare historikoari eragiten zaion edozein ukipen arau-hauste astuntzat joko dela, aipatu foru legearen 101.h artikulua aplikatuz.

–Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 117.4 artikuluan xedatutakoarekin bat, ebazpen honen bidez babesten den jarduera egin edo martxan jarri beharko da baimena eman eta bi urteko epean gehienez. Epe hori iragandakoan, baimenaren ondorioak automatikoki bukatuko dira, eta ez du eraginik izanen.

–Jarduera uzteak berarekin ekarriko du jardueraren titularrak ukitutako lurrak lehengoratu beharra, gehienez ere bost urteko epean, eraikuntzak eraitsiz eta/edo kenduz. Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 119. artikuluarekin bat, lizentzia eman baino lehen, udalak pertsona edo entitate sustatzaileari eskatuko dio aitorpen baten bidez konpromisoa har dezala, baimendutako jarduera utziz gero, bost urteko epean, gehienez, lurzorua lehengoratzeko.

3. Proiektuaren ingurumen ukipenetarako baimena eskuratzeko ezinbestekoa da 3.000 euroko fidantza jartzea, baimendutako jarduerak kalterik sortzen badu haiek lehengoratu edo gutxituko direla bermatzeko.

4. Baimen honek izanen ditu, orobat, uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren 117. artikuluan ezarritako ondorioak (lurzoru urbanizaezinean jarduerak gauzatzeko baimena eskuratzeko prozedurari dagokionez); aipatutako arau horrek onetsi zuen Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina.

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera kontatuko dira.

6. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

7. Ebazpen hau igortzea Lurraldearen Antolamenduaren eta Estrategiaren Atalera, Baztango Udalera, Basozainak-Ingurumena Zaintzeko Ataleko Bidasoaldeko Koordinazio Unitatera eta interesdunari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2019ko irailaren 24an.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Pablo Muñoz Trigo.

Iragarkiaren kodea: F1912411