207. ALDIZKARIA - 2019ko urriaren 18a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

24/2019 EBAZPENA, irailaren 24koa, Industriaren, Energiaren eta S3 Proiektu Estrategikoen zuzendari nagusiak emana, Cadreitako udal-mugarteko eta Valtierrako udal-mugarteko Cavar-2 haize-parkearen onura publikoa zehazki deklaratzen duena.

Industriaren, Energiaren eta Berrikuntzaren zuzendari nagusiak uztailaren 5ean emandako 61/2018 Ebazpenaren bidez, aurretiazko administrazio baimena eman zitzaion Renovables de la Ribera SLri Cavar-2 haize-parkerako (SCE-1159 espedientea). Industriaren, Energiaren eta Berrikuntzaren zuzendari nagusiak apirilaren 29an emandako 50/2019 Ebazpenaren bidez, eraikitzeko administrazio baimena eman zen instalazio horretarako.

2019ko ekainaren 13an, Francisco Javier Berazaluce Minondok, Renovables de la Ribera SL ordezkatuz, zehazki onura publikoaren deklarazioa eskatu zuen Cavar-3A haize-parkerako.

Abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuaren 144. artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako, aipatu eskaera jendaurrean jarri zen hogei egunean, iragarkia argitaratu baitzen 2019ko 145. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, uztailaren 26koan, eta Diario de Noticias egunkarian, egun berean. Halaber, iragarkia Valtierrako Udalari eta Cadreitako Udalari bidali zitzaien, jendaurrean jar zezan ediktuen taulan.

Proiektuaren kopia bidali zitzaion Valtierrako Udalari, txostena eman zezala eskatuz (2019ko uztailaren 12ko eta abuztuaren 22ko ofizioak), eta ez du erantzunik eman. Proiektuaren kopia bidali zitzaion Cadreitako Udalari, txostena eman zezala eskatuz (2019ko uztailaren 12ko eta abuztuaren 26ko ofizioak), eta ez du erantzunik eman.

Abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuaren 151. artikuluan adierazten denez, “Edozein unetan eta libreki, onura publikoaren deklarazioaren eskatzaileak beharrezkoak diren ondasun eta eskubideak erostea adostu dezake horien titularrekin. Instalazioaren onura publikoa deklaratzen denean, akordio horrek Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 24. artikuluan aurreikusitako izaera eta ondorioak hartuko ditu, eta, beraz, horrek desjabetze espedientearen amaiera ekarriko du. Kasu horietan, onura publikoaren deklarazioaren onuradunak eskatzen ahalko dio agintari eskudunari Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Erregelamenduaren 59. artikuluan ezarritako mekanismoa aplikatzeko.

Ikusirik aurkeztutako dokumentazioa eta Sektore Elektrikoari buruzko abenduaren 26ko 24/2013 Legean, eta abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuan xedatutakoarekin bat, Energiaren, Meatzaritzaren eta Industria Segurtasunaren Zerbitzuak proposatzen du instalazioaren onura publikoa zehazki deklaratzea, eta aitortzea Renovables de la Ribera SL enpresari onuradun izaera desjabetze espedientean.

Adierazitakoarekin bat, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Instalazio horri, zehazki, onura publikoaren deklarazioa ematea, Sektore Elektrikoari buruzko abenduaren 26ko 24/2013 Legearen 54., 55. eta 56. artikuluetan, eta hori garatzen duen abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuaren 148. eta 149. artikuluetan ezarritakoarekin bat eta Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 140.4 artikuluan aipatutako ondorioetarako.

2. Renovables de la Ribera SL enpresari onuradun izaera aitortzea desjabetze espedientean.

3. Ebazpen hau Energiaren, Meatzaritzaren eta Industria Segurtasunaren Zerbitzura igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

4. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, orok jakin dezan.

5. Ebazpen hau Renovables de la Ribera SL enpresari eta ukitutako ondasun eta eskubideen titularrei jakinaraztea, eta ohartaraztea ebazpenak ez duela administrazio bidea amaitzen eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dela, Garapen Ekonomikorako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi eta biharamunetik hasita. Hartan espediente zenbakia adierazi beharko da.

6. Ebazpen hau Valtierrako Udalari eta Cadreitako Udalari jakinaraztea, eta aditzera ematea honen kontra administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahal dela, eskumena duen ordena jurisdikzionalari zuzendua, ebazpena argitaratu eta biharamunetik hasita bi hilabeteko epean, alde batera utzi gabe Nafarroako Gobernuari aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Iruñean, 2019ko irailaren 24an.–Industriaren, Energiaren eta S3 Proiektu Estrategikoen zuzendari nagusia, Yolanda Blanco Rodríguez.

Iragarkiaren kodea: F1912389