204. ALDIZKARIA - 2019ko urriaren 15a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

23E/2019 EBAZPENA, irailaren 11koa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, Ingurumen ukipenetarako baimena ematen duena, Doneztebeko 2. poligonoko 442 lurzatian eta Elgorriagako 1. poligonoko 614-B lurzatian betelanaren proiekturako, Doneztebeko eta Elgorriagako udal-mugarteetan. Sustatzailea Construcciones Mariezcurrena SL da.

2019ko uztailaren 2an, goian aipatutako espedienteari dagokion ingurumen ukipenetarako baimena lortzeko eskaera sartu zen Lurralde eta Paisaia Zerbitzuan. Espedientea abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2C eranskineko O epigrafean sartua dago. Foru dekretu horrek Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onetsi zuen.

Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen du Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak ebazpen arrazoitua emanen duela ingurumen ukipenetarako baimena eman edo ukatzeari buruz.

Proiektuko jarduketaren oinarria hauxe da: Doneztebeko ur-biltegia handitzeko proiektuko obran sobera gelditutako 4.265 m³ lur natural baliatzea herri bereko zabortegi zaharraren azken egokitzapenerako. Aipaturiko zabortegi zaharra Elgorriagako 1. poligonoko 614. lurzatian eta Doneztebeko 2. poligonoko 442. lurzatian kokatuta dago.

Hondakindegi hori Ingurumeneko zuzendari nagusiaren 1997ko urtarrilaren 28ko 293 Ebazpenaren bidez onetsi zen, bai eta ere bideen egokitzapena, erreka kanalizatzea, itxitura perimetrala, etab. Hondakindegia gutxienez ere 2013ra arte ustiatu da.

Bertan behera utzitako hondakinak erretiratuko dira (batez ere zura eta EEHak). Horiek kudeatzaile baimendu bati entregatuko zaizkio, izaeraren arabera. Ondoren, eremua garbituko da (3.100 m²), landare lurra geroago baliatzeko jasoz, belar eta zuhaixka espezieak sartu aurreko leheneratze lanetan. Hobetu behar den eremuan landaretza estalki sarria dago, baina heldutasun maila txikia du. Espezie generalista eta nitrofiloak dira, Nafarroako eskualde honetan ohikoak.

Lur horiek zabaltzeak eremua erregularizatuko du, bete gabe utziz ipar eta eki aldeak, bat eginen baitute gaur eguneko lursailaren goiko aldearekin. Hala, eremu horren eta hondakindegiaren kanpo aldeko bidearen artean dagoen zerrendako zuhaitzak ez dira ukituko.

Hondakindegi izandakoaren eremuak baditu neurriak egokituko den eremura eta hondakindegi izandakoaren betetze gunera jariatze urik sar ez dadin. Salbuespena ipar aldea da, Elgorriagako muga, baina bertan ez da arazo esanguratsurik atzeman. Sustatzaileak lursailaren egonkortasunaren balorazioa aurkeztu du, eta bertan adierazi du eskatutako ekarpena egonkorra dela. Ingurumen Eraginaren eta Paisaiaren Atalak proposamenaren aldeko txostena eginen du, azpimarratuz aplikatzekoak diren ingurumen neurriak.

Espedientearen txostenak ikusirik, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluan ezarritakoa betez; Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura ezartzen duen Nafarroako Foru Komunitateko Lehendakariaren abuztuaren 6ko 22/2019 Foru Dekretuaren eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren oinarrizko egitura ezartzen duen abuztuaren 14ko 96/2019 Foru Dekretua betez,

EBAZTEN DUT:

1. Ingurumen ukipenetarako baimena ematea proiektu honi: “Doneztebeko 2. poligonoko 442. lurzatian eta Elgorriagako 1. poligonoko 614-B lurzatian betelanaren proiektua, Doneztebeko eta Elgorriagako udal-mugarteetan. Sustatzailea Construcciones Mariezcurrena SL da.

2. Baimen honek neurri hauek aplikatzeko betebeharra ezartzen du:

–Hondakindegitik aterako diren hondakinak eta egokituko den eremua prestatzeko eta garbitzeko aldez aurreko fasean sortuko direnak beren nolakotasunaren arabera kudeatuko dira, dagokion kudeatzaile baimenduari entregatuz.

–Ez dira kaltetuko, ez zuzenean ez zeharka, eremura iristeko landabidearen eta beteko den gunearen arteko zerrendan dauden zuhaitzak.

–Kontuan izanik hondakindegi izandakoaren gainerakoa landaredi naturalez estalia dagoela, etorkizunean, lurrarekin betelanak soilik egiten ahalko dira baldin eta bertan eremua degradatzen duten arazo agerikoak azaltzen badira, lurra botata konpondu daitezkeenak.

3. Proiektuaren ingurumen ukipenetarako baimena eskuratzeko ezinbestekoa da 3.000 euroko fidantza jartzea, baimendutako jarduerak kalterik sortzen badu haiek lehengoratu edo gutxituko direla bermatzeko.

4. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera kontatuko dira.

5. Ebazpen hau argitaratzea Nafarroako Aldizkari Ofizialean.

6. Ebazpen hau igortzea Elgorriagako Udalera, Doneztebeko Udalera, Basozaingora (1. barrutia: Bidasoa) eta interesdunari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2019ko irailaren 11n.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Pablo Muñoz Trigo.

Iragarkiaren kodea: F1911824