201. ALDIZKARIA - 2019ko urriaren 10a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

11/2019 FORU AGINDUA, irailaren 25ekoa, Lurralde Kohesiorako kontseilariak emana, Nafarroako Foru Komunitatean errepidez egiten den bidaiari-garraio erregularreko gutxieneko zerbitzuak ezartzen dituena, 2019ko irailaren 27rako deitutako greba orokorra dela-eta.

Ezker Sindikalaren Konbergentzia-ESK eta STEILAS erakunde sindikalek greba orokorrerako deia egin dute 2019ko irailaren 27rako, 00:00etatik 24:00ak bitarte.

Espainiako Konstituzioaren 28.2 artikuluan onartuta dagoen greba egiteko eskubidea bateragarria izan behar da komunitatearen funtsezko zerbitzuak mantentzeko behar diren bermeekin, baina eskubide horren erabilera inola ere galarazi gabe, eta halaxe ulertu dute, agindu hari dagokionez, bai jurisprudentzia arruntak bai konstituzionalak berak ere.

Bidaiari-garraioa funtsezko zerbitzu bat da, Espainiako Konstituzioaren 19. artikuluan askatasunez joan-etorrietarako aitortzen den eskubidea bermatzen duen tresna baita. Gainera, baliabide bat da funtsezko beste eskubide batzuk eta Konstituzioak babesten dituen ondasunak erabiltzeko, hala nola hezkuntzarako eskubidea, lan egiteko eskubidea eta osasuna babesteko eskubidea.

Garraio publikoari funtsezko izaera ematea Konstituzio Auzitegiak berretsi zuen 53/1986 eta 26/1981 epaien bidez, baita Auzitegi Gorenak ere, 2003ko apirilaren 11ko Epaiaren bidez.

Hortaz, grebarako deia dela-eta, Nafarroako Foru Komunitateko bidaiari-garraioaren zerbitzu ukituek ezin dira osorik gelditu; izan ere, erabat geldituz gero, gizarteko beste sektore batzuei kalte eginen litzaieke, garraio publikoa behar-beharrezkoa duten langileen, eskola umeen, ikasleen eta bestelako erabiltzaileen joan-etorriak galarazi edo eragotziko bailirateke, eta gizartearen interes orokorrei ere kalte larriak eraginen litzaizkieke. Gainera, ez da ahantzi behar grebarako eskubidea herritarren beste oinarrizko eskubide batzuekin batera erabili behar dela, eta herritarrek, gatazkarekin zerikusirik ez badute ere, deitutako grebaren kalteak hartzen dituztela.

Funtsezkotzat hartzen diren zerbitzuak zein diren erabakitzeko eta herritarren oinarrizko eskubideak babesteko behar diren neurriak hartzeko eskumena gobernuko agintaritzari dagokio, halaxe xedatzen baita martxoaren 4ko 17/1977 Errege Lege Dekretuaren 10. artikuluan, eta eskumen hori, kasu honetan, Nafarroako Foru Komunitateak erabili behar du, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 49. eta 58.1.b) artikuluetan xedatutakoaren arabera.

Horrenbestez, foru agindu honen xedea da gutxieneko zerbitzuak ezartzea Nafarroako Foru Komunitatean errepidez egiten den erabiltzaile guztientzako eta erabilera mugatuko bidaiari-garraiorako, arestian aipatutako erakunde sindikalek 2019ko irailaren 27rako egindako grebarako deia dela-eta.

Gutxieneko zerbitzu horiek ezartzeko, aldez aurretik aztertu dira aurreko deialdien ezaugarriak (deia egin duten sindikatuen kopurua, ukitutako zerbitzuak eta abar) eta haietan ezarritako gutxieneko zerbitzuenak. Hortaz, hurrengo deialdietan aurkitu dira antzeko ezaugarriak dituzten aurrekariak:

–2009ko maiatzaren 21erako greba orokorrerako deia, ELA, LAB, ESK eta STEE/EILAS erakunde sindikalek aurkeztua. Herri Lan, Garraio eta Komunikazioetako kontseilariaren maiatzaren 11ko 46/2009 Foru Aginduan ezarri ziren gutxieneko zerbitzuak. Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salaren urriaren 5eko 550/2009 Epaiak zuzenbidearen araberakotzat jo zuen 46/2009 Foru Agindua.

–2010eko ekainaren 29rako greba orokorrerako deia, ELA, LAB, ESK eta STEE/EILAS erakunde sindikalek aurkeztua. Herri Lan, Garraio eta Komunikazioetako kontseilariaren ekainaren 23ko 43/2010 Foru Aginduan ezarri ziren gutxieneko zerbitzuak. Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salaren urtarrilaren 20ko 13/2011 Epaiak ez zuen onartu 43/2010 Foru Aginduaren aurka aurkeztutako errekurtsoa.

–2011ko urtarrilaren 27rako greba orokorrerako deia, ELA, LAB eta STEE/EILAS erakunde sindikalek aurkeztua. Herri Lan, Garraio eta Komunikazioetako kontseilariaren urtarrilaren 19ko 5/2011 Foru Aginduan ezarri ziren gutxieneko zerbitzuak. Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salaren maiatzaren 19ko 214/2011 Epaiak aipatu foru agindua berretsi zuen.

–2012ko irailaren 26rako (00:00etatik 24:00ak bitarte) greba orokorrerako deia, ELA, LAB, ESK, STEE/EILAS eta CGT/LKN erakunde sindikalek aurkeztua. Sustapeneko kontseilariaren irailaren 20ko 41/2012 Foru Aginduan ezarri ziren gutxieneko zerbitzuak. Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salaren 2013ko maiatzaren 22ko Epaiak ezetsi zuen ELA erakunde sindikalak aurkeztutako errekurtsoa.

–2013ko maiatzaren 30erako (00:00etatik 24:00ak bitarte) greba orokorrerako deia, ELA, LAB, ESK, STEE/EILAS eta CGT/LKN erakunde sindikalek aurkeztua. Sustapeneko kontseilariaren maiatzaren 28ko 72/2013 Foru Aginduan ezarri ziren gutxieneko zerbitzuak.

–2018ko martxoaren 8rako greba orokorrerako deia, Alternativa Sindical de Trabajadores (AST), Confederación Nacional del Trabajo (CNT), Sindicato de Comisiones de Bases (co.bas), Confederación lntersindical, Unión Sindical Obrera (USO), Confederación General del Trabajo (CGT), ELA, LAB, ESK, STEILAS, Comisiones Obreras (CCOO) eta Unión General de Trabajadores (UGT) erakunde sindikalek aurkeztua. Garapen Ekonomikorako kontseilariaren martxoaren 2ko 8/2018 Foru Aginduan ezarri ziren gutxieneko zerbitzuak.

–2019ko martxoaren 8rako greba orokorrerako deia ELA, LAB, ESK, STEILAS, CNT, Sindicato de Comisiones de Bases (co.bas), Alternativa Sindical de Trabajadores (AST), Sindicato Único de Trabajadores Solidaridad Obrera (SUTSO), Confederación General del Trabajo (CGT), Central Sindical Independiente y de Funcionarios (CSIF), Confederación Nacional del Trabajo (CNT), Confederación Intersindical, Comisiones Obreras (CCOO) eta Unión General de Trabajadores (UGT) erakunde sindikalek aurkeztua. Garapen Ekonomikorako kontseilariaren otsailaren 28ko 17/2019 Foru Aginduan ezarri ziren gutxieneko zerbitzuak.

Gainera, kontuan hartu da grebaren deialdia lanegun eta eskola egun baterako egin dela, non joan-etorriak hainbat arrazoirengatik gertatzen diren, hala nola, osasun, hezkuntza, lan, administrazio edo beste arlo batzuetako zentroetara joateko, eta, hortaz, haien faltak kalte larriak ekarriko lizkiekeela erabiltzaileei eta, bereziki, ibilgailu gabeko jendeari, adinekoei, mugikortasun murriztuko jendeari eta landa eremuetako erabiltzaileei, batez ere horiek baitaude errepideko garraio kolektiboaren menpe.

Greba orokorrak eragina du bai erabiltzaile guztientzako garraio publiko erregularraren zerbitzuetan, bai erabilera mugatuko garraio publiko erregularraren zerbitzuetan.

Erabiltzaile guztientzako hiriarteko garraio publiko erregularrari dagokionez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioa 36 emakidaren titularra da.

Kontzesio horien ustiapen datuen bidez, Garraio Zerbitzuak kalkulatzen du urtean zehar 148.295 espedizio egiten direla, 2.483.637 bidaiari garraiatuz. Beraz, gutxi gorabehera 9.000 erabiltzailek erabiltzen dituzte lanegunetan, batez beste, erabiltzaile guztientzako hiriarteko garraio erregularraren zerbitzuak beren joan-etorrietan.

Joan-etorriak era askotako arrazoiengatik egiten dira (osasun etxeetara, eskoletara, lantokietara, administrazio zentroetara eta abarrera joatea); hortaz, horien estaldura faltak kalte handiak eraginen lizkieke erabiltzaileei.

Nafarroako Foru Komunitatean, joan-etorri horietako gehienak errepidez egiten dira, eta hori kontuan hartu behar da errepidez egiten den erabiltzaile guztientzako hiriarteko garraio erregularreko gutxieneko zerbitzuak finkatzeko orduan, garraio publikoko bestelako aukerak eskasak direlako joan-etorri horien beharrak betetzeko.

Aipatu aurrekariak eta haien ebazpen judizialak ikusita, baita deialdi honen ezaugarriak eta egin diren gogoetak ere, bidezkotzat jotzen da %40ko gutxieneko zerbitzuak ezartzea; betiere, egunean bidaia bat bermatuko da joateko eta beste bat etortzeko kontzesio bakoitzean eta kontzesioaren tituluan baimendutako zirkulazio guztietan.

Arestian aipatutako joan-etorriei eskola umeentzat erabilera mugatuko zerbitzu erregularraren bidez egiten direnak gehitu behar zaizkie.

Eskola umeentzako garraio zerbitzua hezkuntzaren zerbitzu osagarri bat da, ezinbestekoa errealitate sozioekonomikoa, biztanleen sakabanatze geografikoa eta hezkuntza zerbitzuen kontzentrazioa kontuan hartuz gero. Hezkuntzarako eskubidea bermatzeko, Konstituzioaren 27. artikuluan jasota baitago, irakaskuntzako nahitaezko etapetako ikasleei (haur hezkuntzako bigarren ziklokoei, lehen hezkuntzakoei eta bigarren hezkuntzakoei) onartzen zaie eskolara joateko garraiorako eskubidea, ikastetxea ikaslea bizi ez den beste herri batean dagoenean.

Bada, 2019-2020 ikasturtean, 11.581 dira Hezkuntza Departamentuak kontratatutako eskola-garraioa erabiltzen duten ikasleak (267 ibilbide busez eta 136, berriz, taxiz); kopuru horri gehitu behar zaizkio zerbitzu hori derrigorrezko hezkuntzaren ondoko irakaskuntzak ematen dituzten ikastetxeetan eta titulartasun pribatuko ikastetxeetan erabiltzen dutenak, ikastetxe horietan ikasleen garraiorako zerbitzuak ez baititu Hezkuntza Departamentuak kudeatzen. Ikasturte honetan, eskola-garraiorako 350 baimen emanen dira, gutxi gorabehera, joan-etorriak egiteko bai titulartasun publikoko ikastetxeetara bai titulartasun itunduko ikastetxeetara.

Eskola-garraioa babes berezia behar duen biztanle sektore batez arduratzen da. Babes hori behar dute adina dela-eta autonomia pertsonalik ez izateak eragindako babesgabetasuna dutelako, eta Ikasleen eta adingabeen garraioaren segurtasun baldintzei buruzko apirilaren 27ko 443/2001 Errege Dekretuan eskatzen diren segurtasun baldintzak betetzen dituzten bestelako garraiobideak gutxi direlako.

Errege dekretu horrek eskola-garraiorako segurtasun baldintzak ezartzen ditu eta, besteak beste, honako hauek erregulatzen ditu: zerbitzuaren antolaketa (bidaiak ezin dira ordubete baino luzeagoak izan), antzinatasuna, ibilgailuen ezaugarri teknikoak, bereizgarriak eta laguntzailea. Horregatik, erabiltzaile guztientzako garraio publiko erregularreko zerbitzuak, bai hiriartekoak bai hiri barrenekoak, ezin dira eskola-garraioaren alternatibatzat edo haren ordezkotzat jo, ez baitituzte bete behar lehen aipatu baldintzak.

Orobat, eskola-garraioan ezin dira bidaiak kendu; izan ere, ikastetxera joateko bidaia bat egiten da eta beste bat erabiltzaileen etxeetara itzultzeko. Ezinezkoa da, bestetik, ibilbideak elkartzea, ibilgailuak edukiaren arabera kontratatuta eta erabat okupatuta daudelako.

Hortaz, beharrezkotzat jotzen da etxetik ikastetxera doazen zerbitzuei eustea. Irizpide hori bat dator erabiltzaile guztientzako garraio publiko erregularrarentzat hartutakoarekin, non, kontzesio bakoitzean, bidaia bat joateko eta beste bat etortzeko eta trafiko guztien estaldura bermatzen baitira; irizpide hori eskola umeen garraioari aplikatzeak berekin dakar zerbitzuei eustea.

Desgaitasun fisikoak eta psikikoak dituzten pertsonak ikastetxeetara eta zentro okupazionaletara eramateko zerbitzuari dagokionez, aurreko kasuetan bezala, kolektiboaren ezaugarri berezien araberako gutxieneko zerbitzuak ezartzen dira, beste inork baino babes handiagoa behar baitute.

Horrenbestez, Espainiako Konstituzioaren 28.2 artikuluan xedatutakoa, martxoaren 4ko 17/1977 Errege Lege Dekretuaren 10. artikuluko 2. paragrafoa, eta Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeko Lege Organikoaren 49. eta 58.1.b) artikuluak kontuan harturik, Garraio Zerbitzuak egindako proposamenarekin bat, eta Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41. artikuluak emandako eskudantziak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

1. Ezker Sindikalaren Konbergentzia-ESK eta STEILAS erakunde sindikalek 2019ko irailaren 27rako deitu duten greba orokorraren harira greba egiteko eskubidea erabiltzean honako gutxieneko zerbitzu hauek eman beharko dira, egun horretako 00:00etatik 24:00etara bitartean:

a) Erabiltzaile guztientzako garraio erregularra:

–Erabiltzaile guztientzako hiriarteko bidaiari-garraio erregularren zerbitzuen kontzesioak: zerbitzuen %40.

Nolanahi ere, kontzesio bakoitzean, joateko bidaia bat eta itzultzeko bidaia bat eginen dira egun horretan. Kontzesio tituluan baimentzen diren zirkulazio guztiak hartuko dira kontuan.

b) Erabilera bereziko garraio erregularra:

–Eskola garraioa: etxetik ikastetxera eta ikastetxetik etxera doazen zerbitzu guztiak.

–Desgaitasun fisikoak edo psikikoak dituzten pertsonak ikastetxeetara eta zentro okupazionaletara eramateko zerbitzuak: zerbitzu guztiak.

c) Autobus geltokiak: aurrez aipatutako gutxieneko zerbitzuak betetzeko nahitaezkoak diren jarduerak mantenduko dira.

2. Zerbitzu horiek guztiak egiteko beharrezkoak diren langileek jardunean egon beharko dute; legez kanpokotzat hartuko da zerbitzuak ez betetzea edo aldatzea, eta arau-hausleak horren erantzule izanen dira.

3. Aurreko atalek ez diete inolako mugarik jarriko greba arautzen duen legeriak egoera horretan diren langileentzat aitortzen dituen eskubideei.

4. Lurralde Kohesiorako Departamentuak foru agindu honetan ezarritako gutxieneko zerbitzuak betetzeari buruzko informazioa igortzeko eskatzen ahal die agindu honek ukitzen dituen zerbitzuen enpresa emakidadunei.

5. Foru agindu hau jakinaraztea Ezker Sindikalaren Konbergentzia-ESK eta STEILAS erakunde sindikalei, Asociación Navarra de Empresarios de Transporte por Carretera y Logística (ANET) elkarteari, Garraio Zerbitzuari eta Hezkuntza Departamentuko Hezkuntza Baliabideen Zuzendaritza Nagusiari, behar diren ondorioak izan ditzan.

6. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

7. Adieraztea foru agindu honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta gora jotzeko errekurtsoa aurkez daiteke haren aurka, Nafarroako Gobernuari zuzenduta, hilabeteko epean, foru agindua jakinarazi edo, kasua bada, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aurrera.

Iruñean, 2019ko irailaren 25ean.–Lurralde Kohesiorako kontseilaria, Bernardo Ciriza Pérez.

Iragarkiaren kodea: F1912601