201. ALDIZKARIA - 2019ko urriaren 10a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

16E/2019 EBAZPENA, irailaren 5ekoa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana. Honen bidez onesten da Eder Partzuergoaren atzera egiteko eskaera, eta bukatzen da hark eskatuta abiarazitako prozedura, Martzillako udal-mugartean Bird Watching proiektuko ingurumen ukipenetarako baimena lortzekoa.

2019ko maiatzaren 15ean, idazpuruan aipatutako espedienteari dagokion ingurumen ukipenetarako baimena lortzeko eskaera sartu zen Lurralde eta Paisaia Zerbitzuan.

Abuztuaren 23an, eskatutako jarduketari buruz Martzillako Udalak egindako txostena jaso zen. Txosten horretan, udalak adierazten du bere ustez Martzillako mugartean badirela proposatutakoa baino toki hobeak hegaztien behatokia jartzeko, eta eskatzen du kontuan har daitezela Asociación Naturalista Marcillesa Alnus elkarteak igorritako txostena eta Martzillako Ehiza Antolatzeko Plana idatzi zuen biologoak igorritakoa.

Hegaztien behatokia eskatutako toki horretan jartzearen kontra dago Asociación Naturalista Marcillesa Alnus elkartea, honako arrazoi hauengatik:

–Hegaztiei traba egiten die.

–Sute arriskua areagotzen du.

–Ehiza aprobetxamendua oztopatzen du, eta horrek eragina izan dezake ehiztarien eta naturaren defendatzaileen arteko elkarbizitzan.

–Proposatu den tokitik ez dira ibaia eta ibai ingurua ondo ikusten.

Martzillako Ehiza Antolatzeko Plana idatzi zuen biologoak adierazi du hegaztien behatokiak uso ehiza oztopatuko lukeela esparruan. Adierazi du, era berean, badela proposatutakoa baino toki hobea hegaztien behatokia jartzeko. Beste toki horretan jarriz gero, ez litzateke uso ehiza oztopatuko, faunari eragozpen gutxiago egingo litzaioke, arrisku gutxiago legoke norbaitek behatokiari eraso egiteko baita hegaztiak behatzeko zale ez diren pertsonak horra gerturatzeko ere.

Beraz, arestian aipatutako txostenen edukia ikusirik, Eder Partzuergoak atzera egitea eskatu zuen Martzillan hegaztien behatoki bat jartzeko eskaeran, ezin izanen baitzuen, epe barruan eta Martzillako beste toki batean, hegaztien behatokia egin.

Arestian aipatutako guztia kontuan harturik, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 21. artikuluan xedatutakoaren arabera, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioa eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluan ezarritakoa betez, Nafarroako Foru Komunitateko Lehendakariaren abuztuaren 6ko 22/2019 Foru Dekretuaren bitartez (horren bidez ezarri zen Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen araberako egitura), abuztuaren 14ko 96/2019 Foru Dekretuaren bitartez (horren bidez ezarri zen Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren oinarrizko egitura), eta eskuordetzan eman dizkidaten eskumenak betez,

EBAZTEN DUT:

1. Onestea Eder Partzuergoaren atzera egiteko eskaera, eta bukatzea hark eskatuta abiarazitako prozedura, Martzillako udal-mugartean Bird Watching proiektuko ingurumen ukipenetarako baimena lortzekoa.

Adieraztea ezen, etorkizunean obra horiek gauzatu nahi badira, espediente berri bat hasi beharko dela, abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuan ezarritako moduan. Foru dekretu horren bidez Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzen duen Erregelamendua onetsi zen, hain zuzen ere. Bien bitartean, horretarako Ebazpena egokitu arte, aldez aurretik prozedura egokia tramitatuta, ezinezkoa da obra-lizentzia ematea.

2. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan aurreikusitako moduan eta epean.

Ebazpen hau jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera hasiko dira zenbatzen epeak.

3. Ebazpen hau igortzea Eder Partzuergora, Martzillako Udalera, Asociación Naturalista Marcillesa Alnus elkartera, Martzillako Ehiza Antolatzeko Plana idatzi zuen biologoari, Asociación de Cazadores de Marcilla elkartera, eta Lurraldearen Antolamenduaren eta Estrategiaren Atalera, jakinaren gainean egon daitezen eta behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2019ko irailaren 5ean.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Pablo Muñoz Trigo.

Iragarkiaren kodea: F1911731