20. ALDIZKARIA - 2019ko urtarrilaren 30a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

56/2017 EBAZPENA, ekainaren 19koa, Komunikazioko eta Erakundeekiko Harremanetako zuzendari nagusiak emana, Tuterako ikus-entzunezko irrati komunikazio zerbitzuen (90.4 FM) lizentziaren titulartasun aldaketa baimentzen duena.

2016ko apirilaren 25ean, Tuterako 90.4 (FM) frekuentzia modulatuari dagokion ikus-entzunezko irrati komunikazio zerbitzuen titulartasuna aldatzeko baimen eskaera bat erregistratu zen Antena 3 de Radio SAren izenean (71/2010 Ebazpena, azaroaren 24koa, Komunikazioko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez ikus-entzunezko komunikaziorako zerbitzu publikoen zeharkako kudeaketarako emakidak bilakatzen diren ikus-entzunezko komunikaziorako zerbitzuen prestazioetarako lizentziak). Horrez gain, fusio operazio bat ere jakinarazi da, Sociedad Española de Radiodifusión SLk Antena 3 de Radio SA xurgatuko baitu; xurgatutako elkartea likidaziorik gabe deseginen da, eta ondarea entitate xurgatzaileari eskualdatuko zaio blokean, ondorengotza unibertsalaren bidez. Ondare horretan dago Tuteran FM erabiltzeko lizentzia.

Operazio honen arrazoia Prisa Radio SL sozietate-taldearen berregituratze eta berrantolaketa da; bi konpainiak sozietate-talde horren parte dira, hain zuzen ere.

Eskabidearekin batera, dokumentu hauek aurkeztu ziren, besteak beste: indarrean dagoen legezko araudia betetzen dela bermatzen duen adierazpena, merkataritzako bi enpresen akzioen osaera eta kapital soziala, eta lizentziaren titular eskualdatzailearen eskubide eta betebeharren subrogazioari buruzko konpromiso espres idatzia.

Urriaren 13an enpresari eskatutako dokumentazio gehigarria ere aurkeztu da (eskaeraren xede den negozioaren eskritura publikoa eta agiri horren merkataritzako erregistroa).

Arau hauek aplikatu behar zaizkio eskaerari: Nafarroako Foru Komunitateko ikus-entzunezko komunikazio zerbitzuei buruzko urtarrilaren 25eko 5/2012 Foru Dekretuaren 22. artikulua eta Ikus-entzunezko Komunikazioari buruzko martxoaren 31ko 7/2010 Lege Orokorraren 29. artikulua.

Ikus-entzunezkoen arloko oinarrizko araudiak bi urteko gabealdia eskatzen du, lizentzia ematen denetik, negozio juridikoak egiteko, eta epe hori amaitu da kasu honetan.

Horrenbestez, Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako Departamentuaren egitura organikoa onetsi zuen abuztuaren 28ko 129/2015 Foru Dekretuak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Baimena ematea Tuterako ikus-entzunezko irrati komunikazio zerbitzuaren (90.4 FM) lizentziaren titulartasuna aldatzeko, Sociedad Española de Radiodifuión SLren mesedetan.

2. Baimen honek Sociedad Española de Radiodifusión SLren subrogazioa dakar, lizentziaren titular eskualdatzailearen, Antena 3 de Radio SAren, eskubide eta betebeharretan.

3. Baimen honek ondorioak izateko, Sociedad Española de Radiodifusión SLk 3.000 euroko tasa ordaindu behar du, baimendutako negozio juridikoari dagokiona, hilabeteko epean, jakinarazi eta biharamunetik hasita.

4. Sociedad Española de Radiodifusión SL merkataritzako enpresa ofizioz inskribatzea Nafarroako ikus-entzunezko komunikazio zerbitzuen emaileen Erregistroan, negozio honen xedeko ikus-entzunezko komunikazio zerbitzuen lizentziaren titular gisa, ebazpen hau irmo bihurtu ondoren.

5. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila agintzea, irmo bihurtu ondoren.

6. Ebazpen hau Antena 3 de Radio SAri eta Sociedad Española de Radiodifusión SLri jakinaraztea, eta Komunikazioko eta Erakundeekiko Harremanetako Zuzendaritza Nagusiko Komunikazio Zerbitzuari igortzea. Irmo bihurtu ondoren, Nafarroako Telekomunikazioen Ikuskapenerako Probintziako Burutzari eta Estatuko ikus-entzunezko komunikazio zerbitzuen emaileen Erregistroari ere igortzea.

7. Ebazpen honen aurka, interesdunek gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako kontseilariari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean, honako hauei jarraituz: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 57. artikulua eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. artikulua eta hurrengoak.

Iruñean, 2017ko ekainaren 19an.–Komunikazioko eta Erakundeekiko Harremanetako zuzendari nagusia, Pello Pellejero Goñi.

Iragarkiaren kodea: F1815411