20. ALDIZKARIA - 2019ko urtarrilaren 30a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

13E/2019 EBAZPENA, urtarrilaren 9koa, Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiak emana, ingurumen eraginaren txostena ematen duena proiektu honetarako: Lekunberriko industrialderako 16 bar-eko MOP hornidura-antena. Sustatzailea Nedgia Navarra SA da.

2018ko ekainaren 25ean, Energiaren, Meatzaritzaren eta Industria Segurtasunaren Zerbitzuak goian aipatutako espedienteari dagokion ingurumen eraginaren ebaluazio sinplifikatuari ekiteko eskaera igorri zion Lurralde eta Paisaia Zerbitzuari. Espediente hori Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen II. eranskineko 4 e) multzoan sartuta dago.

21/2013 Legearen 46. artikuluan ezarritakoari jarraikiz, ingurumen eraginaren txostena eman aurretik, Lurralde eta Paisaia Zerbitzuak kontsulta egin die ukitutako administrazio publikoei eta interesdunei, beren eskumeneko gaiei dagokienez oharrak edo iradokizunak egin ditzaten. Kontsulta egin zaie Arakilgo, Larraungo eta Lekunberriko Udalei, Ingurune Naturalaren Zerbitzuaren barneko Eskualde Atlantikoa Kudeatzeko Atalari, Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiari, Herri Lanen Zuzendaritza Nagusiari, Plazaola Partzuergoari, Ekologistak Martxan erakundeari, Gurelurri, Lurra izeneko lurraren defentsarako erakundeari eta Sustrai Erakuntza Fundazioari. Herri Lanen Zuzendaritza nagusiaren erantzuna jaso da, zeinaren edukia Ebazpen honen I. eranskinean jaso baita, laburtuta.

Horrez gain, 2018ko 140. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, uztailaren 20koan, argitaratutako iragarkiaren bidez jendaurrean jarri zen Nedgia Navarra SAk eginiko eskaera. Hona hemen eskaera hori: “Lekunberriko industrialderako 16 bar-eko MOP antenaren administrazio-baimena eta exekuzio proiektua onartzea, eta haren onura publikoaren deklarazioa egitea”. Epe horretan entitate hauen alegazioak jaso dira: Arakilgo Udala, Lekunberriko Udala, Alliko Kontzejua, Astizko Kontzejua, Astiz-Irujo Fundazioa, Mariano Ramón Legarra, Juan María Michaus, María Dolores Valverde, Fermín Galarza, Emilio Azpirotz eta Rubén Goñi. Ebazpen honen I. eranskinean laburbildu dira alegazio horiek eta, ondoren, horietan mahaigaineratzen diren ingurumen kontuei erantzuten zaie.

Nedgia Navarra SAk, sareak eta zerbitzuak hedatzeko planen barruan, 16 bar-eko MOP gasbide bat eraikitzeko asmoa du, Arakilgo udal-mugarteko RAA-E05etik Lekunberriko udal-mugartera joanen dena. Gasbide horren helburua da hirigunea zein industrialdea hornitzea eta, hala, egun dauden bi GNL (Gas Natural Likidotua) plantak eraisteari ekitea.

Hiru alternatiba nagusi mahaigaineratu dira: Irurtzundik atera eta Plazaola trenaren trazadurari jarraitzea; Leitzatik abiatzea; edo Astitz ingurutik ateratzea. Astitz inguruko alternatibaren barruan hiru aldaera mahaigaineratu dira. Plazaola trenbide berdearen trazadurari dagokion aukera baztertu egin du sustatzaileak, hiru arrazoirengatik: lan-pistaren zabalera eraikuntza egiteko teknikoki behar dena baino txikiagoa delako, trazadura horrek tunelak zeharkatzen dituenez asko zailduko litzatekeelako prozesua, eta trazaduraren zati bat Nafarroako Gobernuaren errepide-sareko galtzada delako. Leitzatiko altertatiba ere baztertu egin da hornikuntza-antena kolokan egonen litzatekeelako; izan ere entrega-puntuan dagoen berme-presioak ezin du bermatu Lekunberriko industrialdearen hornikuntza. Hori dela eta, Astiztik igarotzen dena soilik hartu da aintzat, egingarria den bakarra delako. Hiru aldaera aztertu ziren Astitz ingururako, bereziki Sakanatik Oderitzerako norabidean. Puntu horretatik aurrera trazadura bera izanen lukete. Hautatutako trazadura 14.671 metro luze izanen litzateke. Ahal den heinean, zanga makinaz hondeatzea da asmoa, 0,8 eta 1,5 metroko sakoneran. Gasbidea instalatzeko beharrezkoa da 8 metroko zabalerako lan-pista bat eraikitzea. Horretarako, beharrezkoa da trazadura osoan zehar lurra prestatzea, eta zuhaitzak moztu eta sastrakak kendu beharko dira landaredia dagoen guneetan.

Hautatu den aldaera Arakilgo udal-mugartean dagoen Etxeberri Kontzejuko hiri-lurretatik abiatzen da eta gero, mendiaren hego-magaleko aldapa latzetan kokatuta dauden baso-eremuak ukitzen ditu. Aralarreko mendi-magaleko igoeraren hasieran haritz kandudunez (Q. Robur) osaturiko multzoak daude, eta gorago, ametz ilaundunez (Q humilis) osaturikoak. Gune horretan espezie horietako zuhaitz asko dauden arren, Nafarroako eskualde atlantikoan, orokorrean, ez dira oso ugariak. Baso horrek aniztasun itzela du eta oso ongi kontserbatuta dago. Zuhaitz asko enbor lodidunak dira eta, hainbatek barrunbeak dituztenez, balio handia dute inguruko faunarentzat. Gero, aldapan gora egin ahala, trazadurak pagadiak zeharkatzen ditu, eta harkaitz-azaleratzeak dituen goi-larre batera ailegatzen da. Ondoren, pagadiak zeharkatzen ditu berriro ere, behera bidean, eta Oderizko inguruetara ailegatzen da. Puntu horretatik aurrera, trazadura NA-7500 errepideren ondoko pasabide batetik doa, eta belardiak eta baso mistoak zeharkatzen ditu (pagoak, haritzak, lizarrak, astigarrak, hurritzak). Lekunberriko hirigunearen inguruan, errepidetik aldentzen hasten da, industrialdera ailegatu arte.

Ingurumen eraginaren gainean egin den azterketak dio proiektuak sortuko dituen eragin nagusiak landare-estaldurak, paisaiek eta ur-aprobetxamenduek jasanen dituztela. Zuhaitzak moztu, sastrakak garbitu eta lurzoruak kenduko diren guneak 8 metroko zabalera du; hori bai, lanak bukatzean, hau da, basoa zeharkatzean, lehenago kendutako lurra berriro ere zabalduko da eta 8 metro horietatik 5 basoberritu eginen dira. Eragin hori neurrizkotzat jo da. Ingurumen eraginari dagokionean, garrantzi berezia dute proiektuak ukitutako harizti, pagadi eta baso mistoek, bai zuhaitzek berez duten balioagatik bai katalogatuta dauden zenbait espezieren habitat izaten ahal direlako, bereziki, pizidoen, baso-igel jauzkarien eta gailurretako uhandreen bizileku. Aralarren hego-magalaren balio estetiko eta paisajistikoen gaineko eragina larria dela dio ingurumen txostenak. Kontserbazio Bereziko Eremu izendapena duen Aralar Mendiko (ES2200020) gune batzuen ondo-ondotik igarotzen da trazadura zenbait tartetan, batez ere NA-7500 errepidearen eragin gunean. Errepide horrek KBEaren muga zehazten du Oderitz eta Lekunberriren arteko tartean.

Lurralde eta Paisaia Zerbitzuak bere txostenean adierazi du, kontuan hartuta proiektuak zeharkatzen duen gunearen ingurumen-sentikortasuna eta naturako balioetan gerta litezkeen ukipen aipatu berriak, beharrezkoa dela azterketa zehatzago bat egitea, ingurumenaren ikuspuntutik bateragarriagoak diren alternatibak aurkitzeko. Ildo horretan, uste da badirela habitaten eta paisaiaren gainean proiektatutako trazadurak baino eragin txikiagoa izanen luketen alternatibak. Sentikortasun hori bereziki nabarmena da Aralarren hego-magaletan eta haren alboko basoetan eta, horregatik, ahalik eta gehien minimizatu beharko litzateke harizti eta pagadien gaineko ukipena, bai eta paisaiaren gainekoa ere, trazadura oso begi bistan dauden eta aldapa handia duten guneetatik igarotzea ekidinez. Horrez gain, azpimarratu nahiko genuke Kontserbazio Bereziko Eremu den Aralar Mendiari erantsita dagoen gunetik, hau da, NA-7500 errepidearen ingurutik, igarotzen den alternatiba hautatzen bada, ingurumen ukipen txikiena sortzen duen aldaera hautatu beharko dela, alde batera utzita errepidearen alde batean edo bestean kokatuko den eta, bestela esanda, KBEaren barruan edo kanpoan egonen den. Horretarako, alternatiba bakoitzaren kasuan lanek izanen luketen konplexutasuna, ukituko liratekeen habitatak eta sor litezkeen hondakinak hartuko beharko dira kontuan. Obra eraikitzean sortzen ahalko diren hondakinen bolumena eta, azkenean sortzen badira, nora bidaliko diren aztertu beharko da.

Horrenbestez, proiektuaren azterketaren emaitzak, kontuan hartuta aurkeztutako ingurumen dokumentua eta eginiko kontsultak eta jasotako alegazioak, eta helburu horretarako Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legeak III. Eranskinean jasotzen dituen irizpidearekin bat, Lurralde eta Paisaia Zerbitzuak bere txostenean adierazi du ingurumen ebaluazio sinplifikatua egiteko prozedura egokia izan dela eta xedatu du proiektuari ingurumen eraginaren ebaluazio arrunta egin beharko zaiola, ingumenean eragin nabarmenak izaten ahal baititu.

Kontuan harturik ingurumen ebaluazio estrategikorako prozedura egoki bete dela, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22. artikuluak eta Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen irailaren 21eko 78/2016 Foru Dekretuak ematen dizkidaten eskumenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Nedgia Navarra SA enpresak sustatutako “Lekunberriko industrialderako 16 bar-eko MOP hornidura-antena” proiektuak ingurumenean eragin nabarmenak izaten ahal ditu, eta, hortaz, ingurumen eraginaren ebaluazio arrunta egin behar zaio, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen III. eranskinean xedatutako irizpideen arabera.

2. Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 47.6 artikuluan xedatutakoari jarraikiz, ingurumen txostenaren aurka ezin izanen da errekurtsorik jarri, galarazi gabe proiektua onesteko egintzaren aurka bide administratibo eta judizialean jartzen ahal direnak.

3. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

4. Ebazpen hau igortzea Ingurumen Eraginaren eta Paisaiaren Atalari, Lurraldearen Antolamenduaren eta Estrategiaren Atalari, Ingurune Naturalaren Zerbitzuaren barneko Kantaurialdeko Kudeaketa Atalari, Energiaren, Meatzaritzaren eta Industria Segurtasunaren Zerbitzuaren barneko Azpiegitura Energetikoen Atalari, Larraungo Udalari, Arakilgo Udalari, Lekunberriko Udalari, Alliko Kontzejuari, Astizko Kontzejuari, Astiz-Irujo Fundazioari, Mariano Ramón Legarrari, Juan María Michausi, María Dolores Valverderi, Fermín Galarzari, Emilio Azpirotzi, Rubén Goñiri, Basozaintzakoei (Ultzama-Arakil) eta interesdunei, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2019ko urtarrilaren 9an.–Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusia, Eva García Balaguer.

I. ERANSKINA

Herri Lanen Zuzendaritza Nagusiak ohar batzuk egin ditu bide-azpiegituren eta trenbide-azpiegituren inguruan. Besteak beste, adierazi du, alde batetik, kontuan hartu beharko dela 2010-2018 aldirako Nafarroako Errepideen III. Plan Zuzentzailearen barruan proiektatuta dagoen 182. jarduketa eta, hortaz, tartea utzi beharko dela etorkizunean eginen diren galtzada-zabalkuntzetarako eta, bestalde, Zaragoza-Altsasu tren linea ADIFen eskumenekoa denez, organismo horri proposatutako jarduketaren inguruko txostena eskatu beharko zaiola.

Arakilgo Udala ez dator bat alternatibak aztertu ondoren proposatu den trazadurarekin. Uste du egokiagoa litzatekeela trazadura dagoeneko eginda dauden azpiegituretako batekiko paraleloa izatea, hala nola Plazaolako burdinbide berdearekiko edo Iribastik abiatzen den ur-hornidurarako hoditeriarekiko paraleloa. Irizten dio proposatutako trazadurak eragin handia izanen duela Irurtzun eta Etxeberriren fazeriako herri-basoan, eta ukituko duen gainazalean ezin izanen dela gehiago baso-ustiapenik egin. Hala, uste du, proiektuak ukituko duen baso zatia balioztatzeaz gain, jarduketaren ondorioz lortuko ez diren irabaziak ere kontuan hartu behar direla.

Lekunberriko Udalak eskatzen du lurzati pribatuen gaineko ukipena ekidin dadila trazadura bide publikoetatik joateko aukera dagoen orotan; urbanizatutako guneak lehengoratu daitezela; zehaztu dadila garapen eredua zaintzeko lurzoruan taxutuko den azpiegiturak behin-behineko izaera izanen duela eta horren desbideratzea, bateragarria den ordezko antolamendu bat hautatuz gero, sustatzailearen gain egonen dela, eraikuntza-elementuekin zerikusia duten beste xehetasun batzuekin batera.

Astiz-Irujo Fundazioak adierazi du proiektuak Lekunberrin ukituko dituen lurzatietako baten jabe dela, eta trazadura aldatzeko eskatzen du, bere jabegoko lurzatiekiko mugakide den bide batetik iragan dadin.

Mariano Ramón Legarra jauna ukitutako lurzati baten jabe da eta trazadura aldatzeko eskatzen du, hurbileko bide batetik iragan dadin.

Juan María Michaus jauna ukitutako lurzati baten jabe da eta trazadura aldatzeko eskatzen du, hurbileko bide batetik iragan dadin.

María Dolores Valverde andrea ukitutako lurzati baten jabe da eta gasbidearen hoditeriarentzat beste ibilbide bat planteatzeko eskatzen du. Lurzati hori salerosketarako kontratu baten sartuta dago.

Rubén Goñi jaunak uste du “Astitz” izeneko 1. alternatibaren hautapena ez dagoela nahikoa arrazoituta, eta uste du 2. alternatiba, “Irurtzun-Plazaolako burdinbide berdea” baztertzeko argumentuak osatugabeak direla.

Alliko Kontzejuak, Astizko Kontzejuak, Fermín Galarza jaunak eta Emilio Aspirotz jaunak, Azpirotz Satrústegui neba-arreben izenean, uste dute proiektuak ukitzen dituen lurzatietako jabeei zuzenean kontsulta egin behar zitzaiela, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legeak 46. artikuluan zehazten den izapidea gauzatzean.

Erantzuna:

Horren harira, adierazi nahi da, 2018ko 140. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, uztailaren 2018koan, argitaratutako iragarkiaren bidez, jendaurrean jarri zirela aurkeztutako proiektua eta ingurumen dokumentua eta, hala, alegatzaileei horiekin zerikusia duten kontu guztiak jakiteko eta izapidean parte hartzeko eskubidea baliatzeko aukera eman zitzaiela, dokumentu honetan ageri diren alegazioek frogatzen dutenez. Horrez gain, txostenean adierazi da proiektuari egin behar zaion ingurumen eraginaren ebaluazio arrunta ere jendaurrean jartzea aurreikusi dela.

Iragarkiaren kodea: F1900507