20. ALDIZKARIA - 2019ko urtarrilaren 30a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

2E/2019 EBAZPENA, urtarrilaren 9koa, Ingurune Naturalaren Zerbitzuko zuzendari nagusiak emana, 2019ko deialdia onesten duena Nafarroako Foru Komunitateko ehizarako lehenbiziko lizentzia administratiboa lortzeko beharrezko gaitasun probak egiteko.

Nafarroako Ehizari eta Arrantzari buruzko abenduaren 22ko 17/2005 Foru Legearen 13.1 artikuluan ezarrita dago ezen Nafarroako Foru Komunitatean ehiza-lizentzia lehen aldiz eskuratu ahal izateko aurretik gainditu beharko direla gaitasun probak eta ehizarekin lotutako gaiei buruzko azterketak.

Ekainaren 11ko 48/2007 Foru Dekretuak onetsi zuen Nafarroako Ehizari eta Arrantzari buruzko abenduaren 22ko 17/2005 Foru Legea garatu eta betearazteko Erregelamendua. Dekretu horrek, 5. artikuluan, garatzen ditu gaitasun proba horien betekizunak eta edukia. Horien artean, prestakuntza ikastaro homologatu batera joan behar dela aipatzen du, eta ezartzen du nahitaezkoa dela gaitasun probek gai hauei buruzko edukiak izatea: ehizaren lege-alderdia, basa faunari buruzko ezagutza, ehiza metodoak eta segurtasuna, ehiza bitartekoak eta arteak eta haiek nola erabili.

Aipatutako xedapenak betez, behar diren deialdiak eta baldintzak ezarri behar dira, ehizean lehenbizikoz aritu nahi dutenek frogatu ahal izan dezaten badituztela aldez aurretik behar diren ezagutzak, ehizarako lehenbiziko lizentzia administratiboa lortzeko.

Horrenbestez, Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiaren 2016ko urriaren 4ko 760/2016 Ebazpenaren bidez emandako eskumenak erabiliz (ebazpen horren bidez Ingurune Naturalaren Zerbitzuaren esku uzten dira Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiak esleituta dituen zenbait eskumen),

EBATZI DUT:

1. Nafarroako Foru Komunitateko ehizarako lehenbiziko lizentzia administratiboa lortzeko beharrezko gaitasun probak egiteko 2019ko deialdiak onestea.

2. Deialdiaren oinarriak onestea, ebazpen honen eranskin gisa ageri direnak.

3. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

4. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen eta honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dute interesdunek hilabeteko epean, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari zuzendua. Epeak honako hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hasiko dira.

Iruñean, 2019ko urtarrilaren 9an.–Ingurune Naturalaren Zerbitzuko zuzendaria, Fermín Olabe Velasco.

ERANSKINA

2019ko deialdien oinarriak, Nafarroako Foru Komunitateko
ehizarako lehenbiziko lizentzia administratiboa lortzeko
beharrezko gaitasun probak egiteko

1.–Xedea.

Deialdi hauen xedea da prestakuntza ikastaroa eta azterketa egitea, ehiza gaietako gaitasun ziurtagiria lortzeko. Ziurtagiri hori Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuak egiten du, eta beharrezkoa da Nafarroako Foru Komunitateko ehizarako lehenbiziko lizentzia administratiboa lortzeko.

Izangai bakoitzak bi deialdi izanen ditu ehizarako gaitasun azterketa gainditzeko. Azterketara aurkezteko nahitaezkoa da prestakuntza ikastaroa egitea.

2.–Izen-ematea.

2.1. Prestakuntza ikastaroan parte hartzeko eta azterketa egiteko –lehenbiziko edo bigarren deialdian– izena emateko epe bakarra izanen da, eta 2019ko martxoaren 8an bukatuko da.

2.2. Izena emateko aurkeztu behar diren agiriak.

Izena emateko epearen barnean, honako agiri hauek aurkeztuko dira Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuko Erregistroan (González Tablas kalea, 9; 31005, Iruña):

a) Prestakuntza ikastaroan eta azterketan parte hartzeko izena emateko eskabide bakarra, eranskinean ageri den ereduaren arabera.

b) Nortasun agiri nazionalaren fotokopia.

c) Azterketa egiteko 12 euroko tasa ordaindu dela ziurtatzen duen ordainketa gutuna, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren Erakunde Autonomoen tasa eta prezio publikoei buruzko martxoaren 27ko 7/2001 Foru Legean ezarritakoa. Ikastarora edo azterketara ez joateak ez du tasa itzultzeko eskubiderik sortuko.

Izena emateko eskabidea eta ordainketa gutuna, interesdunak eskatuta, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuko Ingurune Naturalaren Zerbitzuan eskuratzen ahalko dira (González Tablas kalea 9; 31005, Iruña). 31005 Iruña). Internet bidez ere eskuratzen ahal dira, Nafarroako Gobernuaren web-orrian.

3.–Onartuen zerrendak.

2019ko martxoaren 22tik aurrera, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuak onartutako izangaien zerrenda argitaratuko du, zehaztuta prestakuntza ikastaroa egiteko tokia, data eta ordua, izangai bakoitzeko, bai eta azterketa lehenbiziko deialdian egiteko tokia, data eta ordua ere.

2019ko maiatzaren 24tik aurrera, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuak bigarren deialdiko azterketa egiteko onartutako izangaien zerrenda argitaratuko du, zehaztuta hori egiteko tokia, data eta ordua, izangai bakoitzeko.

Zerrenda horiek Nafarroako Gobernuko iragarki oholean (Karlos III.aren etorbidea 2; 31002, Iruña) eta Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuko iragarki oholean (González Tablas kalea 9, Iruña) argitaratuko dira. Internet bidez ere kontsultatzen ahal dira, Nafarroako Gobernuaren web-orrian.

4.–Prestakuntza ikastaroak.

“Nafarroako ehiztarien azterketa prestatzeko eskuliburuak (2013ko bertsioa)” eta “galderen liburuak (2016ko bertsioa)” dituzten edukiak lantzea du xede ikastaroak, baita izangaiei eskuliburua ulertzen laguntzea ere, ezagutza handitu eta azterketa gainditu dezaten.

Gaitasun probak gainditu nahi dituzten izangai guztiek nahitaez egin beharko dute ehizari buruzko prestakuntza ikastaroa, bost orduko iraupena duena. Horretarako, aldean eraman beharko dira NANa, papera eta boligrafoa. Onartuen zerrendan zehaztuko da izangai bakoitzak zer tokitan, egunetan eta ordutan agertu behar duen.

2008tik aurten arte doan tartean prestakuntza ikastaroan parte hartu izanaren ziurtagiria duten izangaiek ez dute prestakuntza ikastaroa berriz egin behar.

Zer toki, egun eta ordutan emanen den prestakuntza ikastaroa:

–Tokia: Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuko Ekitaldi Aretoa (González Tablas kalea 9 31005, Iruña).

–Egunak eta orduak:

  • 2019ko apirilaren 12a (ostirala): 16:00etatik 21:00ak arte eta/edo

2019ko apirilaren 13a (larunbata): 09:00etatik 14:00ak arte.

  • 2019ko maiatzaren 3a (ostirala): 16:00etatik 21:00etara eta/edo

2019ko maiatzaren 4a (larunbata): 09:00etatik 14:00etara.

Izangai bakoitzak saio bakarrera joan beharko du. Ikastaroan parte hartzeko, izena emateko eskabidea bete beharko da, eranskinean ageri den ereduaren arabera. Eskabide horrek ehiztari azterketan parte hartzeko ere balio du.

Bertaratzen diren izangaiek ikastaroan parte hartu izanaren frogagiri bat jasoko dute, azterketa egiteko beharrezkoa dena.

5.–Azterketa.

5.1. Azterketaren edukia.

Azterketan test moduko 30 galdera izanen dira, teorikoak, epaimahai kalifikatzaileak aldez aurretik aukeratuak 500 galderaren artean.

Agiri horiek Nafarroako Gobernuaren web-orritik (www.navarra.es) deskargatzen ahal dira.

5.2. Balorazioa.

Erantzun zuzeneko galdera bakoitza puntu batekin baloratuko da. Erantzuna okerra baldin bada, zerorekin baloratuko da.

Gutxienez ere 23 puntu lortzen dituzten izangaiek gaindituko dute proba.

5.3. Azterketen egunak:

–Lehendabiziko deialdia: 2019ko maiatzaren 10 eta/edo 11.

  • Lehenbiziko deialdiko onartuen zerrendan zehaztuko da izangai bakoitzak zer tokitan, egunetan eta ordutan agertu behar duen.

–Bigarren deialdia: 2019ko ekainaren 14 eta/edo 15a.

  • Bigarren deialdiko onartuen zerrendan zehaztuko da izangai bakoitzak zer tokitan, egunetan eta ordutan agertu behar duen.

Azterketara, aldean NANa eta boligrafoa dutela agertu beharko dute izangaiek. Prestakuntza ikastaroaren bertaratze ziurtagiria eskuratzen duten izangaiek bakarrik egiten ahal dute azterketa.

6.–Emaitzak jendaurrean jartzea.

Kalifikazioa bukatuta, epaimahaiak izangaiek lortutako emaitzen zerrenda jarriko du Nafarroako Gobernuko iragarki oholean (Karlos III.aren etorbidea 2; Iruña) eta Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuko Erregistroan (González Tablas kalea 9; 31005, Iruña). Internet bidez ere kontsultatzen ahal da Nafarroako Gobernuaren web orrian.

7.–Kalifikazio epaimahaia.

7.1. Kalifikazio epaimahaia honako kide hauek osatuko dute:

Batzordeko burua: Salomé Hernando Chicote andrea, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuko Ingurune Naturalaren Plangintza Estrategikorako Ataleko burua.

Ordezkoa: Fermín Olabe Velasco jauna, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuko Natur Ingurunearen Zerbitzuko zuzendaria.

Lehen mahaikidea: Miguel Guibert jauna, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuko Ehiza Baliabideen Bulegoko burua.

Ordezkoa: César Martínez Eslava jauna, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuko Ehiza Baliabideen Bulegoko teknikaria.

Bigarren mahaikidea: M.ª Julia Palacios Ferrer andrea, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuko Ehiza Baliabideen Bulegoko teknikaria.

Ordezkoa: M.ª Rosario Erbiti Esparza andrea, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuko Ehiza eta Arrantza Ataleko administraria.

Idazkaria: Luis Ángel García Nicolás, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuko Ingurumenaren Araubide Juridikoaren Ataleko administrazio publikoko teknikaria (arlo juridikoa).

Ordezkoa: Ana Isabel Goldáraz Arrondo andrea, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuko Ingurumenaren Araubide Juridikoaren Ataleko administrazio publikoko teknikaria (arlo juridikoa).

7.2. Epaimahaia ezin izanen da eratu, ezta jardun ere, bere kideen gehiengoa bertan ez bada.

7.3. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiko oinarrien interpretazio eta aplikazioari buruz sortzen diren gorabeherak.

ERANSKINA

Ehiztari azterketa egiteko eskabidea (PDFa).

Iragarkiaren kodea: F1900393