20. ALDIZKARIA - 2019ko urtarrilaren 30a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

2E/2019 EBAZPENA, urtarrilaren 8koa, Ekonomia Zirkularraren eta Uraren Zerbitzuko zuzendariak emana, onartzen duena Caparrosoko udal-mugartean dagoen printzipio aktiboak eraldatzeko plantan glizerina fintzeko lerro bat martxan jartzea. Jardueraren titularra Extracte Lur SL da.

Instalazio horrek badu ingurumen baimen integratua, Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak emana urriaren 5eko 0360/2006 Foru Aginduaren bidez.

2018ko ekainaren 26an, eta denbora tarte batez instalazioa jarduerarik gabe egon ondoren, titularrak glizerina fintzeko lerroa martxan jartzea eskatu du, instalazio osoaren jarduera berrabiarazteko lehen urrats gisa.

Glizerina fintzeko lerro horren funtzionamendu operatiboa gaur egun indarrean dagoen ingurumen baimen integralean jasotako baldintzen arabera eginen da, baina ez da baimen horretan zehaztutako guztia bere horretan mantenduko; izan ere, lerro hori beste lerro produktiboekiko independentea izanen da, eta horretan erabiliko den lehengaia (%80ko purutasuneko glizerina gordina) instalazioaren kanpotik etorriko da.

Hori dela eta, eta erabiliko den lehengaia hondakin arriskutsutzat jo dadin, Hondakin eta Lurzoru Kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legean xedatutakarekin bat, beharrezkoa da instalazio horri Hondakin Arriskutsuen Kudeatzaile izateko baimena ematea.

Bestalde, indarrean dagoen ingurumen baimen integralak ez du barne hartzen ur jabari publikora isuriak egiteko baimena; izan ere, instalazioan jarduera aldi baterako etetearen ondorioz, 2015eko irailaren 30ean Ebroko Konfederazio Hidrografikoak indarrik gabe utzi zituen 2006ko martxoaren 21eko eta 2013ko uztailaren 15eko txosten nahitaezko eta lotesleak. Bestalde, instalazioak ez du isuriak egiteko baimenik eta, hortaz, ezin du inolako hondakin-uren isurketarik egin ur jabari publikoko elementuetara.

Kasu honetan, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzen duen Erregelamenduaren 27. artikuluko d) letran aurreikusitako inguruabarrak gertatzen direla ikusi da, eta, horrenbestez, bidezko da ingurumen baimen integratuan ezarritako baldintzak ofizioz aldatzea, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzen duen Erregelamenduaren 28. artikuluan aurreikusitako administrazio prozedurarekin bat, eta ez da bidezkotzat jo aldaketa-espediente hau jendaurrean jartzea.

Ebazpenaren proposamena instalazioaren titularrari entzunaldia emateko tramitean egon da 30 egunez. Ebazpen honen eranskinean jaso dira titularrak aurkeztutako alegazioen zerrenda eta haiei emandako erantzunak.

Adierazitakoarekin bat, eta Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiak urriaren 4an emandako 760/2016 Ebazpenaren bidez eskuordetuak ditudan eskumenak erabiliz,

EBATZI DUT:

Lehendabizikoa.–Printzipio aktiboak eraldatzeko plantan glizerina fintzeko lerroa martxan jartzea onartzea. Hortaz, instalazioak eta jarduerak berak instalazioari Ingurumen baimen integratua emateko eta aldatzeko lehendik tramitatutako administrazio espedienteetan ezarritako baldintzak bete beharko dituzte, eta, horiez gainera, ebazpen honen eranskinean adierazitako baldintzak eta neurriak. Instalazioa Caparrosoko udal-mugartean dago eta haren titularra Extracte Lur SL da.

Bigarrena.–Instalazio horren ingurumen baimen integratuan lurzoru urbanizaezinerako emandako jarduera baimenaren indarraldia mantentzea, zeina eman baitzen Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariaren urriaren 5eko 0360/2006 Foru Aginduaren bidez.

Hirugarrena.–Zentro hori Foru Komunitateko Hondakinen Ekoizpenaren eta Kudeaketaren Erregistroan hondakin arriskutsuen sortzaile gisa mantentzea, 15P01065008142004 zenbakiarekin, Hondakin eta Lurzoru Kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legearen 29.4 artikuluan ezarritakoarekin bat.

Laugarrena.–Glizerina fintzeko lerroa martxan jarri baino lehenago, titularrak martxan jartzearen gaineko erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztu beharko du Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuan, bat etorriz Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariaren abenduaren 23ko 448/2014 Foru Aginduaren 16. artikuluan xedatutakoarekin.

Bosgarrena.– Martxan jartzearen gaineko erantzukizunpeko adierazpenaz gain, hondakin arriskutsuak kudeatzen jardun ahal izateko eman duen fidantzaren frogagiriaren kopia bat aurkeztu beharko du titularrak.

Seigarrena.–Ebazpen honetan jasotzen diren baldintzak ez betetzeak berekin dakar ingurumeneko diziplina-neurriak hartzea, hain zuzen ere Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bateginaren (abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsia) IV. tituluan jasotakoak, deusetan galarazi gabe sektoreko legerian ezarritakoa, aplikagarri izaten segituko baitu, eta horren osagarri, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearen VI. tituluan ezarritako zehapen araubidean jasotakoak.

Zazpigarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Zortzigarrena.–Ebazpen honek ez du administrazio bidea bukatzen, eta interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dute, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean. Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean. Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita kontatuko dira.

Bederatzigarrena.–Ebazpen hau igortzea Extracte Lur SLri, Caparrosoko Udalari eta Barne Zuzendaritza Nagusiko Babes Zibilerako Zerbitzuari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2019ko urtarrilaren 8an.–Ekonomia Zirkularraren eta Uraren Zerbitzuko zuzendaria, César Pérez Martín.

Oharra: ebazpen honetan aipatzen diren eranskinak interesdunen eskura egonen dira Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan (González Tablas kalea 9, behea, Iruña), Ekonomia Zirkularraren eta Uraren Zerbitzuan, bai eta Nafarroako Gobernuaren webgune honetan ere: http://www.navarra.es/home_es/Temas/Medio+Ambiente/Evaluacion+ambiental/Autorizaciones+ambientales/

Iragarkiaren kodea: F1900357