199. ALDIZKARIA - 2019ko urriaren 8a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

850E/2019 EBAZPENA, abuztuaren 20koa, Osasuneko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez ezartzen baitira gizarte laguntza osagarriak hemofilia edo bestelako sortzetiko koagulopatiak izanik C hepatitisa garatu dutenentzat, Nafarroako Foru Komunitateko osasun esparru publikoan hartu izateagatik koagulazio faktoreen kontzentratuen tratamenduak. DDBN identifikazioa: 470983.

C hepatitisaren birusa 1989aren erdialdera identifikatu eta deskribatu zen, baina 1990era arte ez zen baliabide tekniko egokirik izan eragozteko odolaren edo produktu hemoderibatuen bidezko birusaren transmisioa. Izan ere, orduan agertu zen VHC birusaren antigorputzak hautemateko testa, eta nahitaez aplikatzen hasi ziren odol bankuetan ateratzen ziren odol eta plasma unitate guztiei, Osasun eta Kontsumoaren Ministerioaren 1990eko urriaren 3ko Aginduan ezarritakoari jarraikiz.

Horrenbestez, egoera hori izanik, C hepatitisa harrapatzeko arriskuan egon ziren hemofilia edo bestelako sortzetiko koagulopatiak zituztenak, aldizka tratamenduak egin behar izaten baitzituzten koagulazio faktoreen kontzentratuekin.

Hori dela eta, kolektibo horretako batzuk kutsatu egin ziren, eta C hepatitisa garatu zuten, osasun sistema publikoan egindako tratamenduen ondorioz, garai hartan ez baitzegoen transmisio hori prebenitzeko neurri egokirik, zientziaren garapen maila zela eta.

Horri erantzuteko, Estatuko Administrazio Orokorrak ezarri zuen, abenduaren 29ko 55/1999 Legearen 80. artikuluaren bidez (lege horrek hizpide ditu neurri fiskalak, administratiboak eta arlo sozialekoak), pertsona horiek eskubidea izanen zutela gizarte laguntza bat jasotzeko. Horretarako, Estatuko Gobernuari eskatu zion egin zezala pertsona horien zentsu bat, eta lege proiektu bat presta zezala laguntzaren baldintzak eta zenbatekoa ezartzeko.

Laguntzak jaso ziren ekainaren 5eko 14/2002 Legean eta beste zerga arau batzuetan; aipatutako legeak gizarte laguntzak ezarri zituen hemofilia edo bestelako sortzetiko koagulopatiak izanik C hepatitisa garatu dutenentzat, osasun sistema publikoaren esparruan hartu izateagatik koagulazio faktoreen kontzentratuekin tratamenduak. Lege hori martxoaren 28ko 377/2003 Errege Dekretuaren bidez garatu zen, helburua izanik arautzea zentsuan sartzeko eskaera prozedura eta gizarte laguntzak legean zehaztutako epeetan ematea.

Autonomia erkidego gehienek 12.020,24 euroko gizarte laguntza batekin osatu zuten estatuko laguntza; horregatik, Nafarroan uste izan zen bazirela berdintasun arrazoiak –laguntzen interes publikoko, sozialeko eta humanitarioko arrazoiez gain– laguntza osagarri hau emateko Nafarroako Foru Komunitateko pertsona ukituei, bermatu zedin beste autonomia erkidego batzuetako pertsona ukituen tratu bera izanen zutela.

Osasuneko zuzendari nagusiaren maiatzaren 30eko 1304E/2018 Ebazpenaren bidez, oinarri batzuk ezarri ziren gizarte laguntza osagarriak jaso ditzaten hemofilia edo bestelako sortzetiko koagulopatiak izanik C hepatitisa garatu dutenek, Nafarroako Foru Komunitateko osasun esparru publikoan hartu izateagatik koagulazio faktoreen kontzentratuen tratamenduak.

Osasuneko zuzendari nagusiaren abuztuaren 30eko 1550E/2018 Ebazpenaren bidez deialdia ebatzi zen, eta 13 gizarte laguntza onetsi ziren; 6.484,61 euro eskatzaile bakoitzeko.

Aipatutako 1304E/2018 Ebazpenean jaso zenez, aurrekontu partida ez bada aski eskatzaile bakoitzari 12.020,24 euroko guztizko zenbatekoa ordaintzeko, gizarte laguntza 2019an zehar osatuko da, Nafarroako Parlamentuak hala erabakitzen badu 2019rako aurrekontu orokorretan.

2019ko ekitaldirako Nafarroako Aurrekontu Orokorretan partida hau dago: 511004 51120 4819 311105, “Hemofilia izanik C hepatitis iatrogenikoa duten pazienteentzako dirulaguntzak”.

Horregatik, bidezkoa da deialdi berri bat egitea xede horrekin.

Deialdi honetan, gizarte laguntza osatuko zaie 2018an dirulaguntza onartu zitzaienei, 12.020,34 euro arte. Baldin eta norbaitek ez badu laguntzarik eskatu 2018an baina betetzen baditu gizarte laguntza jasotzeko deialdiko baldintzak, laguntza bat ordainduko zaio, segun eta zenbat kreditu dagoen eta zenbat eskatzaile, eta, osotara, 12.020,24 euroko kantitatea osatuko da 2020an, baldin hala ezartzen badu Nafarroako Parlamentuak urte horretako Nafarroako Aurrekontu Orokorretarako.

Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 2.4.d) artikuluan ezarritakoari jarraituz, gizarte laguntza hauek ez dute dirulaguntza izaera.

Adierazitakoarekin bat, eta martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32.1 artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz (foru lege horrek hizpide ditu Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioa eta foru-sektore publiko instituzionala),

EBAZTEN DUT:

1. Oinarri arautzaileak onestea honako laguntza hauen deialdirako, zeinak baitira Estatuaren Administrazio Orokorrak emandako laguntzen osagarri: gizarte laguntzak, hemofilia edo bestelako sortzetiko koagulopatiak izanik C hepatitisaren birusaz (VHC) kutsatu direnentzat, Nafarroako Foru Komunitateko osasun esparru publikoan hartu izateagatik koagulazio faktoreen kontzentratuen tratamenduak.

2. 84.300,00 euroko gastua baimentzea, 2019rako Nafarroako Aurrekontu Orokorretako honako partida honi dagokiona: “Hemofilia izanik C hepatitis iatrogenikoa duten pazienteentzako dirulaguntzak” izeneko 511004 51120 4819 311105 partida.

3. Ebazpen hau eta eranskina igortzea Osasun Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusiko Kontabilitate Bulegoari eta Ogasun Departamentuak Osasun Departamentuan duen kontu-hartzaileari, behar diren ondorioak izan ditzaten.

4. Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko agintzea, behar diren ondorioak izan ditzaten.

Iruñean, 2019ko abuztuaren 20an.–Osasuneko zuzendari nagusia, Luis Gabilondo Pujol.

ERANSKINA

Oinarri arautzaileak, honako laguntza hauen deialdiarenak, zeinak baitira Estatuaren Administrazio Orokorrak emandako laguntzen osagarri: gizarte laguntzak, hemofilia edo bestelako sortzetiko koagulopatiak izanik C hepatitisaren birusaz (VHC) kutsatu direnentzat, Nafarroako Foru Komunitateko osasun esparru publikoan hartu izateagatik koagulazio faktoreen kontzentratuen tratamenduak

1. Laguntzen xedea eta helburua.

Deialdi honen xedea da gizarte laguntza bat arautzea, zeina izanen baita ekainaren 5eko 14/2001 Legean eta beste zerga arau batzuetan ezarritakoaren osagarri. Aipatutako lege horren bidez, gizarte laguntzak ezarri ziren hemofilia edo bestelako sortzetiko koagulopatiak izanik C hepatitisa garatu dutenentzat, osasun sistema publikoaren esparruan hartu izateagatik koagulazio faktoreen kontzentratuen tratamenduak. Laguntza izanen da behin betiko zentsuan Nafarroako egoiliar gisa daudenentzat, zeina ezarrita baitago Neurri Fiskalei, Administratiboei eta Arlo Sozialekoei buruzko abenduaren 29ko 55/1999 Legearen 80. artikuluan.

2. Onuradunek bete beharreko baldintzak.

2.1. Oinarri hauetan aurreikusitako laguntzak jasotzeko, ezinbesteko baldintza da Osasuneko, Gizarte Zerbitzuetako eta Berdintasuneko Ministerioaren ziurtagirian sartua egotea, ezaugarri hauekin: hemofilia edo bestelako sortzetiko koagulopatiaren bat izanik, C hepatitisa garatu izana, Nafarroako osasun sistemaren esparruan koagulazio faktoreen kontzentratuekin tratamenduak egitearen ondorioz edo odol transfusioak jasotzearen ondorioz. Orobat, baldintza da sarturik egotea abenduaren 29ko 55/1999 Legearen 80. artikuluan ezarritako behin betiko zentsuan (lege horrek hizpide ditu neurri fiskalak, administratiboak eta arlo sozialekoak).

2.2. Behin betiko zentsuan sartutako pertsonak hilik badaude, haien legezko oinordekoek jasotzen ahal dute deialdi honen xedeko laguntza.

3. Eskaerak nola, non eta noiz aurkeztu.

3.1. Gaixotasuna duten pertsonek eskatu beharko dituzte oinarri hauetan ezarritako laguntzak, salbu eta hilik badaude, halakoetan haien legezko oinordekoek eskatzen ahal baitituzte.

3.2. Eskaerak aurkezteko epea hilabetekoa izanen da, oinarri hauek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

3.3. Dirulaguntza jasotzeko eskaerak, lehentasunez, aurkeztuko dira Nafarroako Gobernuaren zerbitzuen katalogoko fitxa egokiaren bidez, eskaera izapidetzeko botoia sakatuta.

Halaber, aurkez daitezke Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bitartez, edo Osasun Departamentuaren Erregistroan (Tutera kalea 20, 31002, Iruña), Osasuneko zuzendari nagusiari zuzenduta. Horrek ez du deusetan galaraziko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan ezarritakoa; lege horrek hizpide du Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidea. Eskaerari deialdiaren 4. oinarrian adierazitako dokumentuak erantsi beharko zaizkio.

Postetxeetan aurkezten diren eskaerei dagokienez, gutun-azal ireki batean aurkeztuko dira, igorri aurretik aurkezpen datuak adieraz daitezen lehen orrialdearen idazpuruan, hots, bulegoaren izena, data eta tokia. Datu horiek adierazi beharko dira, orobat, eskaera igorri dela frogatzen duen gordekinean.

3.4. Eskaerak aipatutako baldintzak betetzen ez baditu, Osasun arloko Herritartasunaren, Aseguramenduaren eta Bermeen Zerbitzuak interesdunari eskatuko dio 10 egun naturaleko epean zuzendu ditzala, eta adieraziko dio hala egiten ez badu eskaerari uko egiten diola ulertuko dela eta artxibatu eginen dela behar den ebazpena eman ondoren.

3.5. Laguntzaren eskaera aurkezteak berekin dakar oinarri hauek onartzea eta baimena ematea Osasun Departamentuari egiaztatu dezan onuradunak egunean dituela Nafarroako Zerga Ogasuneko zerga betebeharrak eta dirua itzultzekoak.

4. Baldintzak betetzen direla frogatzea.

Eskatzaileek agiri hauek aurkeztu beharko dituzte:

Zentsuan inskribatuta dagoen pertsonaren nortasun agiri nazionalaren fotokopia.

Baldin eta onuraduna sartua badago 2. oinarriko 2. atalean, agiri hauek: bizirik egonez gero gizarte laguntza eskatzen ahalko lukeen pertsonaren heriotza ziurtagiria, eta eskatzailearen legezko oinordekoa izatearen frogagiria.

Transferentzia bidez eskatzailearen izenean ordaintzeko eskaera (hemen eskuratu daiteke eredua: https://www.navarra.es/home_es/Servicios/Recursos/Impresos+de+Tesoreria.htm).

5. Emateko modua, zenbatekoa eta irizpideak.

Osasuneko zuzendari nagusiaren ebazpen baten bidez emanen dira dirulaguntzak, instrukzio organoak proposaturik, hots, Herritartasunaren, Aseguramenduaren eta Bermeen Zerbitzuak proposaturik, aurretik ofizioz egiaztatu ondoren eskatzaileek betetzen dituztela oinarri hauetan ezarritako baldintzak.

Laguntza jaso zutenek Osasuneko zuzendari nagusiaren abuztuaren 30eko 1550E/2018 Ebazpenaren bidez lehentasuna izanen dute laguntza jasotzeko; 5.535,63 euro, eskatzaile bakoitzeko.

Baldin eta norbaitek ez badu laguntzarik eskatu 2018an baina betetzen baditu gizarte laguntza jasotzeko deialdiko baldintzak, jasoko duen laguntza kalkulatuko da segun eta zenbat kreditu dagoen aurrekontuan eta zenbat eskaera dauden, eta, osotara, 12.020,24 euro arteko kantitatea osatuko da, 2019ko aurrekontuaren partidaren kargura, baldin krediturik badago, edo 2020ko aurrekontuaren kargura, baldin hala ezartzen badu Nafarroako Parlamentuak urte horretako Nafarroako Aurrekontu Orokorretarako.

6. Ebazpena.

6.1. Osasuneko zuzendari nagusiak ebatziko du dirulaguntzak ematearen edo ukatzearen gainean, aurretik proposamena eginda Osasun arloko Herritartasunaren, Aseguramenduaren eta Bermeen Zerbitzuak.

6.2. Ebatzi eta jakinarazteko epea hilabetekoa izanen da gehienez ere, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita. Epe hori bukatuta, eskaera ezetsi dela ulertzen ahal dute interesdunek. Hala ere, Administrazioa beharturik dago ebazpena ematera.

7. Bateragarritasuna.

7.1. Laguntza hauek bateragarriak eta osagarriak dira Estatuko Administrazioak honako lege honen babesean eman ditzakeenekin edo eman dituenekin eta bestelako zerga-arau batzuetan ezarritakoekin: 14/2002 Legea, ekainaren 5ekoa, zeinaren bidez gizarte laguntzak ezartzen baitira hemofilia edo bestelako sortzetiko koagulopatiak izanik C hepatitisa garatu duten pertsonentzat, osasun sistema publikoaren publikoan esparruan hartu izateagatik koagulazio faktoreen kontzentratuen tratamenduak.

7.2. Laguntza hauek ez dira bateragarriak onuradunak kontzeptu berarengatik beste autonomia erkidego batean lortutakoekin.

8. Onuradunen betebeharrak.

Onuradunaren betebeharrak dira:

Frogatzea, laguntza ematen duen organoaren aitzinean, baldintzak betetzen direla.

Onartzea laguntza kudeatzen duen organoak egindako egiaztapenak.

Uko egitea erreklamazio mota oro egiteari C hepatitisaren birusaz kutsatzeagatik zeinahi osasun administrazio publikoren aurka eta Osasun Sistema Nazionalari lotutako zeinahi osasun zentroren aurka edo bertako langileen aurka.

Kondena-epairik lortu ez izana zeinahi osasun administrazio publikoren aurka eta Osasun Sistema Nazionalari lotutako zeinahi osasun zentroren aurka C hepatitisaren birusaz kutsatzeagatik, eta beste autonomia erkidego batengandik helburu eta xede bererako laguntzarik jaso ez izana.

Laguntza emateko ebazpen proposamena ematen denean, egunean izatea Nafarroako Zerga Ogasuneko zerga betebeharrak eta dirua itzultzekoak.

9. Laguntzaren ordainketa.

Ordainketa bakarra eginen da, kontzesioaren ebazpenarekin batera.

10. Laguntza itzultzea.

Baldin eta, laguntza lortzeko, eskatutako baldintzak faltsutu badira edo laguntza lortzea eragotziko zuketen baldintzak ezkutatu badira, jasotako zenbateko guztiak itzuli beharko dira, gehi sortutako berandutze-interesak, laguntza ordaintzen den egunetik dirua itzuli behar dela erabakitzen den egunera artekoak.

11. Datuen babesa.

Laguntza kobratzeko aurkezturiko datuak edo administrazioaren esku daudenak soilik erabiliko dira deialdi honi buruzko espedientea tramitatzeko. Onuradunek edo legezko ordezkariek erabil dezakete honako hauek guztiak jakiteko eskubidea: beren datuak zertarako erabiltzen diren, datu horiek zenbat denboraz gordetzen diren, erreklamazioak aurkezten ahal zaizkiola Datuak Babesteko Europako Agentziari, badirela zenbait erabaki automatizatu, profilak egiten direla eta horiek ondorioak dituztela. Era berean, eskubidea dute arduradunari eskatzeko beren datuak erabiltzeari utz diezaiola, beren datuak gorde ditzala eta datuok eramangarriak izan daitezela. Horrez gain, eskubidea dute datuak ezabatzeko eta inork haien datuak erabiltzeari kontra egiteko. Eskubide horiek guztiak jasota daude Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016ko apirilaren 27ko 2016/679 (EB) Erregelamenduan (erregelamendu horrek hizpide du pertsona fisikoen babesa datu pertsonalen erabilerari dagokionez eta datu horien zirkulazio askeari dagokionez, eta indargabetzen du 95/46/EE zuzentaraua).

12. Errekurtsoak.

Oinarri hauen eta garatzeko egintzen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahal da, Osasuneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik aurrera, bat etorriz urriaren 1eko 39/2015 Legearekin (lege horrek hizpide du Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidea) eta martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearekin (foru lege horrek hizpide ditu Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioa eta foru-sektore publiko instituzionala).

Iragarkiaren kodea: F1912457