196. ALDIZKARIA - 2019ko urriaren 3a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

110/2019 FORU AGINDUA, irailaren 20koa, Eskubide Sozialetako Departamentuko kontseilariak emana, toki entitateei dirulaguntzak emateko 2019ko deialdia onesten duena, autonomia sustatu eta mendekotasunari aurrea hartzeko programak garatzearren. DDBN identifikazioa: 474330.

Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 14ko 15/2006 Foru Legearen 2. artikuluan ezartzen denez, botere publikoen jarduketek, gizarte zerbitzuen arloan, funtsezko helburu hauek izanen dituzte, besteak beste: pertsona guztien bizi kalitatea hobetu eta haien normalizazioa, parte-hartzea eta integrazioa sustatzea gizartean, politikan, ekonomian, lanean, kulturan eta hezkuntzan; autonomia pertsonala, familiarra eta taldeena sustatzea; kohesio soziala eta elkartasuna sustatzea; pertsonen eta taldeen bazterketa egoerei aurrea hartu eta haietaz arduratzea; eta mendekotasunak eta oinarrizko baliabide ezak eragindako premiei erantzutea. Xedatzen ere du gizarte zerbitzuen sistema publikoaren prestazioak ezarriko dituen tresna Gizarte Zerbitzuen Zorroa izanen dela.

Agindu hori Nafarroako Foru Komunitateak gizarte laguntzaren arloan duen eskumen esklusiboaren arabera eman zen, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 44.17 artikuluan xedatutakoarekin bat. Agindua Espainiako Konstituzioaren 49. artikuluan xedatutakoarekin lotu behar da; izan ere, horren arabera, agintari publikoek urritu fisikoak, zentzumenezkoak eta psikikoak tratatzeko, bizkortzeko, integratzeko eta haien arazoei aurrea hartzeko politika eginen dute.

Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura ematen diren dirulaguntzei aplikatzekoa zaien araubide juridiko orokorra ezartzen du, onura publikoko edo gizarte intereseko jarduerak sustatzeko helburua duten kasuetarako. Arau horren 17. artikuluak emate-prozedurak ezartzen ditu, eta ohiko prozedura norgehiagokarena da. Salbuespenez, foru legeak aurreikusten du ezen, oinarri arautzaileetan hala aurreikusiz gero, dirulaguntzetarako bideratu den gehieneko zenbateko osoa dirulaguntzaren onuradunen artean hainbanatzea proposatuko dela. Horixe da deialdi honetan gertatzen den kasua; izan ere, nahi dena da toki entitate onuradunen kopurua ahalik eta handiena izatea.

Irailaren 3ko 172/2015 Foru Dekretuaren bidez, Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziaren estatutuak onetsi ziren, eta erakunde horri eman zitzaizkion deialdi honen xedeko arloari buruzko eginkizunak.

Espedienteari lotutako txosten teknikoak eta juridikoak ikusita, argi dago deialdi hau onestea egokia eta interes publikokoa dela, eta deialdia eta oinarri arautzaileak legezkoak direla.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legeak eta Eskubide Sozialetako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen abuztuaren 28ko 128/2015 Foru Dekretuak emandako eskudantziak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

1. Deialdi honen oinarriak onestea: 2019. urtean toki entitateei dirulaguntzak ematea autonomia sustatu eta mendekotasunari aurrea hartzeko programak garatzearren. Foru agindu honen I. eranskinean jaso dira oinarri horiek.

2. Gastua baimentzea 2019ko gastuen aurrekontuko partida hauen kargura, edo helburu bererako gaitzen den antzeko partidaren kargura:

AURREKONTUKO PARTIDA

EKITALDIA

ZENBATEKOA

920005 93100 4609 231B02 (E) Toki Entitateentzako dirulaguntza, autonomia sustatu eta mendekotasunari aurrea hartzeko programak garatzearren

2019

150.000

Dirulaguntzei buruzko Legearen Erregelamendua onesten duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren 58.2 artikuluarekin bat, aipatu partidetan aurrekontu erabilgarri gehiagorik badago deialdiaren ebazpena eman baino lehen, hasiera batean aurreikusitako zenbatekoak handitzen ahalko dira.

3. Foru agindu hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

4. Foru agindu hau igortzea Programen eta Dirulaguntzen Kudeaketaren Atalera, Ekonomia eta Aurrekontuak Kudeatzeko Ataleko Kontabilitate Zentrora, Idazkaritza Tekniko Nagusiko Administrazio Aferetarako Bulegora eta Dirulaguntzen Datu Base Nazionalera, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2019ko irailaren 20an.–Eskubide Sozialetako kontseilaria, M.ª Carmen Maeztu Villafranca.

I. ERANSKINA

Toki entitateei dirulaguntzak emateko deialdiaren oinarriak, 2019. urtean autonomia pertsonala sustatzen eta mendekotasunari aurrea hartzeko programak garatzearren

1.–Xedea eta programa diruz lagungarriak.

1.1. Xedea.

Deialdi honen xedea hau da: toki entitateei dirulaguntzak emateko araubidea ezartzea, autonomia pertsonala sustatzen eta mendekotasuna aurrea hartzen duten programak garatzearren.

1.2. Programa diruz lagungarriak.

1. Agindu honen ondorioetarako, autonomia pertsonala sustatzen eta mendekotasunari aurrea hartzeko programa hauek diruz lagungarriak izanen dira: urte hasieratik 2019ko urriaren 31ra arte garatzen direnak, 65 urte baino gehiago dituzten pertsonentzat, edo 60 urte baino gehiago dituztenentzat, pentsiodunak badira.

2. Programa diruz lagungarriak arlo hauetan garatu beharko dira:

a) Jarduera fisikoaren arloa. Programek autonomia funtzionala sustatu edo/eta mantenduko dute ariketa fisikoan oinarritzen diren jardueren diseinuaren eta gauzatzearen bidez. Programa hauen helburua da bizimolde aktibo eta osasungarria sorraraztea, adinez nagusiak direnen osasuna, gaitasun funtzionala, eta bizitzaren kalitatea hobetzen lagunduko duena.

b) Gaikuntza funtzionalaren arloa. Programak adineko pertsonen gaikuntza funtzionala hobetzera bideratuko dira, beren autonomia hobetu dezaten eguneroko egitekoak gauzatzea, jarduerak berak entrenatzearen bidez, gorputz-jarreren teknikei buruzko aholkularitzaren bidez, eguneroko errutinaren antolaketaren bidez, eta abar.

c) Arlo kognitiboa. Arlo honetako programen helburua arintasun-mentala piztea eta mantentzea eta oroimena entrenatzea izanen da, gaitasun kognitiboak hobetzea eta leheneratzea sustatuko duten teknikak eta estrategiak emanez. Programa hauek teknologia berriak erabiliz gauzatzen ahalko dira.

d) Arlo emozional-afektibo soziala. Programek aholkularitza, prestakuntza eta informazioa emanen dizkiete zaintzaile informalei. Programa hauen diseinuaren bidez, informazioa eta aholkularitza emateaz gain, taldeko esku-hartze psikoedukatiboak bultzatuko dira.

2.–Entitate onuradunak eta betebeharrak.

2.1. Entitate hauek izaten ahalko dira dirulaguntza hauen onuradunak: Nafarroako Foru Komunitateko toki entitateak, 2019ko urtarrilaren 1etik 2019ko urriaren 31ra adineko pertsonentzako autonomia sustatu eta mendekotasunari aurrea hartzeko programa bat, egindakoa edo egiteko dagoena, aurkezten dutenak.

2.2. Ezin izanen dira onuradun izan Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13 artikuluan aurreikusitako egoeraren batean dauden toki entitateak.

3.–Gastu diruz lagungarriak.

Diruz lagunduko dira entitate onuradunaren langileria gastuak, aurkezturiko proiektu edo programari lotuak.

4.–Eskaerak aurkeztea.

4.1. Eskaerak aurkezteko epea eta lekua.

Toki entitate interesdunek horretarako prestatu diren ereduen araberako eskaera aurkeztu beharko dute. Ereduak Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziako bulego nagusietan (González Tablas kalea 7) eta erakunde beraren web-orrian eskuratzen ahalko dituzte.

Deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik 15 egun naturaleko epean aurkeztu beharko da eskaera.

Eskaerak telematikoki aurkeztuko dira Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokor Elektronikoan, dirulaguntza kudeatzen duen unitate administratiboari zuzendua, edo Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziako erregistroan (González Tablas kalea 7, 31005 Iruñea), Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokorrean, posta bulegoaren bidez edo indarrean dagoen administrazio prozedura erkideari buruzko araudian ezarritako tokietan.

Dirulaguntza eskatzeak berekin dakar deialdi hau arautzen duten oinarriak onartzea.

4.2. Aurkeztu beharreko dokumentazio orokorra.

Toki entitate bakoitzak honako agiri hauek aurkeztu beharko ditu:

a) 2.1 oinarrian aipatzen diren baldintzak betetzen direla frogatzen duen dokumentazioa, finantzatu beharreko proiektua adierazita.

b) Dirulaguntzaren xede den programaren memoria teknikoa, non ekintzak, baliabideak, aurrekontuak eta epeak zehatz azalduko baitira, eta proiektuaren oinarrizko fitxa deskribatzailea, behar bezala betea.

c) Erantzukizunpeko adierazpena, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ezartzen diren baldintzak betetzen direla dioena, 1. eranskineko ereduaren arabera.

d) Entitate eskatzaileak laguntzak lehenbizikoz hartu behar dituenean edo haiek kobratzeko kontua aldatu nahi duenean, transferentzia bidez kobratzeko eskaera, 2. eranskinean agertzen dena, aurkeztu beharko du, behar bezala beterik eta sinaturik.

Dokumenturen bat jadanik Foru Komunitateko Administrazioaren esku badago, entitate interesdunak hala azaldu beharko du eskaeran (eskaera orokorra), adieraziz zer dokumentu den eta dokumentua dagoen administrazio espedientearen zenbakia, eta Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016ko apirilaren 27ko 2016/679 (EB) Erregelamenduaren arabera edo Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalen Bermerako abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoaren arabera datu babesturik bada, baimena emanen zaio Eskubide Sozialetako Departamentuari haietan sartzeko.

Entitateak, nahi izanez gero, bestelako eranskin osagarriak aurkezten ahalko ditu. Eranskin horiek argibideetarako eta ez beste ezertarako izanen dira, eta baloratzeko behar diren nahitaezko dokumentuetatik behar bezala bereiziak aurkeztuko dira.

4.3. Eskaera zuzentzea.

Eskaerarekin batera nahitaezko agiriak aurkeztu ezean edo oso-osorik ez badaude, instrukzio organoak entitate interesdunari eskatuko dio gehienez ere 10 egun naturaleko epean akatsak zuzen ditzala, eta adieraziko dio horrela egin ezean haren eskaera ezetsitzat joko dela. Kasu horretan, espedientea artxibatzeko aginduko da, eta dagokionari jakinaraziko zaio, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarri bezala.

Orobat, instrukzio organoak deialdia ebazteko beharrezkotzat jotzen duen dokumentazioa edo informazio osagarria eskatzen ahalko du edonoiz, baita oinarri hauetan eskatzen diren baldintzak zorrotz betetzen direla frogatzeko ere.

5.–Antolamendua, instrukzioa eta ebazpena.

Deialdi honen ondorioetarako, dirulaguntzak emateko prozedura antolatu eta instruitzeko eginkizunak Programen eta Dirulaguntzen Kudeaketaren Atalari esleitu zaizkio.

Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziako zuzendari kudeatzaileak izanen du laguntzak emateko prozedura ebazteko eskumena.

6.–Arau orokorrak: dirulaguntzak emateko prozedura, lehentasunak eta balorazioa.

6.1. Laguntzak emateko prozedura.

–Deialdi honetan aurreikusten diren dirulaguntzak hainbanaketa eta norgehiagokako araubidearen bidez emanen dira.

–Dirulaguntzak emanen dira baldintzak betetzen dituzten eskaeren kopurua kontuan hartuta.

6.2. Balorazioa.

Aurkeztu diren proiektu guztiak baloratuko dira, baina kontuan hartuko dira bakarrik teknikoki ongi oinarrituta daudenak, eta helburu eta jarduera egokiak edukitzeaz gain, giza baliabideak, baliabide teknikoak eta aurrekontu-baliabideak era egokian erabiltzen dituztenak.

Programak jarduera batzuk proposatu behar ditu, onuradunek parte har dezaten, eta aldi berean, programak onuradunen beharrei erantzun behar die.

Hori hala ez bada, balorazioa negatiboa izanen da eta ez da dirulaguntzarik emanen.

7.–Dirulaguntzaren zenbatekoa esleitzea.

Dirulaguntzaren gehieneko zenbatekoa aurkeztutako proiektuaren langileria gastuaren %50 izanen da, aurrekontu-kontsignazioak horretarako bidea ematen badu.

Kopuru hori handiagoa bada dagoen kreditu erabilgarria baino, aurrekontu-kontsignazioak eskaintzen duen kopuru osoa dirulaguntzaren onuradunen artean hainbanatuko da.

Dirulaguntza jasotzen ahal duten entitateek eskuratzen ahal duten gehieneko zenbatekoa ez da inoiz izanen deialdian ezarritako aurrekontuaren %25 baino handiagoa.

Programa egiteko kontratatzen diren langileak, profil profesional soziosanitarioa edo soziala dutenak, izanen dira langile diruz lagungarriak. Hauek toki entitateak zuzenean kontratatuak izan daitezke, edo programa gauzatzen duen enpresa baten bidez, laguntza teknikoa emateko.

8.–Prozeduraren ebazpena, jakinarazpena, publizitatea eta errekurtsoak.

Eskaera guztiak ebaluatu eta gero, behin betiko balorazioa eginen da. Balorazio positiboa duten proiektuei dagokienez, dirulaguntzaren zenbatekoa ezarriko da entitate bakoitzak aurkezten duen langileria gastuaren arabera, eta aurrekontu-kontsignazioa eta eskaera-kopurua ikusita aplikatzen den hainbanaketaren arabera.

Balorazio negatiboa jaso duten eskaerek ez dute dirulaguntzarik jasoko.

Instrukzio organoak egindako ebazpen proposamenak ikusita, Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziako zuzendari kudeatzaileak dirulaguntzak esleitzeko ebazpena emanen du.

Ebazpenak entitate interesdunei jakinaraziko zaizkie, ebazpena emateko aintzat hartutako oinarriak, dirulaguntza hartzen duten eskatzaileen zerrenda eta, halakorik bada, beste eskaerak ukatzeko arrazoiak adierazita. Dirulaguntza emanez gero, helburua, zenbatekoa, ordaintzeko modua eta dirulaguntza justifikatzeko modua eta epea zehaztuko dira.

Aurrekoa deusetan galarazi gabe, ematen diren dirulaguntzen gaineko ebazpenak Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziako iragarki oholean (González Tablas kalea, 7; Iruña) eta Nafarroako Gobernuaren webean argitaratuko dira. Argitalpen horretan honako hauek adieraziko dira: deialdia, dirulaguntzak aurrekontuko zer kredituri egozten zaizkion, entitate onuradunak, emandako zenbatekoa eta dirulaguntzaren helburua.

Beren aldetik, udalek egoki jotzen dituzten bitartekoen bidez eginen dute publizitatea.

Ebazpenak eman eta jakinaraziko dira Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 17.4 artikuluan legez ezarritako gehieneko epean. Epe hori bukatuta, entitate interesdunek eskaera ezetsi dela ulertzen ahalko dute. Hala ere, Administrazioa beharturik dago ebazpena ematera.

Ebazpenaren aurka (berariazkoa edo presuntziozkoa) gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahalko da, Eskubide Sozialetako kontseilariari zuzendua, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legean eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean xedatutakoarekin bat.

9.–Bateragarritasuna.

Deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzak bateragarriak dira xede bererako jasotzen den beste edozein laguntzarekin. Hala ere, dirulaguntzen zenbatekoa ezin da inola ere izan, bakarrik edo beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo berezko baliabide batzuekin batuta, entitate onuradunak egin beharreko jardueraren kostua baino handiagoa.

10.–Dirulaguntzaren ordainketa.

Dirulaguntza ordaintzeko, kasu guztietan beharrezkoa izanen da irailaren 11ko 59/2013 Foru Dekretuan ezarritakoa betetzea, zeinaren bidez arautzen baitira Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargurako dirulaguntzen onuradunen gardentasun betebeharrak.

Oro har, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 32. artikuluan ezarritakoari jarraikiz ordainduko da dirulaguntza, jarduera egin dela frogatu ondoren, eranskin honen 11. oinarrian xedatutakoari jarraikiz.

11.–Justifikazioa.

11.1. Justifikazio partzialak.

Entitateek dagokion urteko azaroaren 15ean justifikatuko dituzte gastuak, beranduenez, dokumentazio hau aurkeztuta:

a) Dirulaguntzari aplikatzen zaion langileria gastuen zerrenda. Zerrendarekin batera nominak aurkeztu beharko dira, nominak ordaindu izanaren frogagiriak, kontratatutako profesionalen TC2 agiriak, beren kotizazioen likidazioarekin, PFEZ ordaindu izanaren ordainagiria, baita PFEZren konturako diru-sarrerak (190 eredua). Gastuen zerrenda hori entitateek telematika bidez igorriko dute, entitatearen legezko ordezkariaren sinadura digitala duela, eta adierazirik gastuok dirulaguntza honetarako baizik ez direla aurkeztu.

Organo kudeatzaileak posta elektronikoz bidali beharko die entitateei onartutako gastuen zerrenda, haiei dagozkien aldaketak barne (baldin badaude), eta onartu den dokumentazioa Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentzian aurkeztu dela egiaztatuko du, jasotako dirulaguntza justifikatzeko.

Jasotako dirulaguntzaren erabilera justifikatzeko, udalek, memoriaz gainera, gastuak diruz lagundutako jarduerari egoki aplikatu zaizkiola adierazten duen ziurtagiria aurkez dezakete, udaleko idazkariak sinatua eta kontu-hartzaileak ikus-onetsia, horrelakorik baldin bada; bestetik, programari loturiko fakturen zerrenda gehituko zaie.

b) Diruz lagundutako programen exekuzioaren gaineko memoria teknikoa.

Gehienez ere hamar folio izanen ditu programa bakoitzeko, behar bezala zenbakituak. DIN A4 neurrikoak izanen dira, bi aldeetatik inprimatuak (10 folio, 20 alde). Azala eta aurkibidea ez dira sartzen kopuru horretan. Letra mota: Arial edo antzekoa, gutxienez ere 11 puntuko neurrikoa, eta lerroarte bakuna. Grafikoek gutxienez ere 10 puntuko letra izanen dute oinetan, eta ezin izanen dute orrialde osoa hartu. Aipatu kopurua gainditzen bada, organo kudeatzaileak gehieneko orrialde kopurura iritsi arte bakarrik baloratuko du. Memoria horretan Udalak adieraziko du zer publizitate egin duen Nafarroako Gobernuak finantzatu duela programa esanez, Nafarroako Gobernuaren zigilu ofizial eta guzti.

c) Diruz lagundutako programa bakoitzeko erabiltzaileen zerrenda, generoaren arabera bereizia, euskarri informatikoan.

d) Diruz lagundutako programen emaitzen kontua (diru-sarrerak eta gastuak).

Diru-sarreren kapituluan, entitateak diruz lagundu den jarduera finantzatzeko jaso dituen diru-sarrerak azalduko ditu, funts horien zenbatekoa eta jatorria zehaztuta, Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziak emandakoarekin bateragarriak diren dirulaguntzak barne. Diru-sarrerak guztira ezin dira izan diruz lagundu den jarduera egiteko kostuak baino handiagoak.

Gastuen kapituluan gastu guztiak zehaztuko dira, honela banatuta:

–Langileak.

–Jarduerak.

11.2. Azken justifikazioa.

2020ko otsailean entitate onuradunak honako agiri hauek aurkeztuko ditu jarduera egin dela justifikatzeko:

Entitatearen memoria teknikoa, deialdi honek diruz lagundu dituen programak barne hartuta.

Gehienez ere hogeita bost folio izanen ditu (50 alde), zenbakiak behar bezala jarrita. DIN A4 neurrikoak izanen dira, bi aldeetatik inprimatuak (25 folio, 50 alde). Azala eta aurkibidea ez dira sartzen kopuru horretan. Letra mota: Arial edo antzekoa, gutxienez ere 11 puntuko neurrikoa, eta lerroarte bakuna. Grafikoek gutxienez ere 10 puntuko letra izanen dute oinetan, eta ezin izanen dute orrialde osoa hartu. Aipatu kopurua gainditzen bada, organo kudeatzaileak gehieneko orrialde kopurura iritsi arte bakarrik baloratuko du.

Ez da beharrezkoa izanen memoria hau aurkeztea justifikazio partzialean aurkeztu bada.

12.–Entitate onuradunen betebeharrak.

a) Proiektua eskaeran eta dirulaguntza emateko baldintzetan entitateak zehaztu bezala gauzatzea, edozein jarduketa-arlotan.

b) Eranskin honen 11. oinarrian aipatzen diren frogagiriak, tartekoak eta azkenekoak, aurkeztea.

c) Laguntza ematen duen organoak eta indarra duen antolamendu juridikoaren arabera eskudun diren bestelako organoek egin beharreko egiaztapen lanak onartzea.

d) Dirulaguntza jasotzen duen jardueraren frogagiriak gordetzea, dokumentu elektronikoak barne, egiaztatze eta kontrol lanen xede izan daitezkeen bitartean.

e) Diruz lagundutako jarduera finantzatzeko lortutako beste laguntza, diru-sarrera edo baliabideen berri ematea laguntza ematen duen organoari. Jakin bezain laster emanen da horren berri, eta, betiere, jasotako funtsak zertan erabili diren frogatu baino lehen.

f) Entitatearen izaera dela-eta kontabilitatean eskatzen ahal zaizkion betebeharrak betetzea.

g) Deialdi honetan eta aplikatzekoa den legerian ezarritako kasuetan, harturiko funtsak itzultzea.

h) Dirulaguntzei buruzko Foru Legeak onuradunei ezartzen dizkien gainerako betebeharrak.

13.–Azpikontratazioa eta hornitzaileen kontratazioa.

13.1. Azpikontratazioa.

Deialdi honetan aurreikusitako ondorioetarako, bidezkoa da azpikontratazioa egitea, alegia, beste batzuekin hitzarmena lortzea, haiek gauzatu dezaten, hein batean, dirulaguntzaren xede den jarduera. Dirulaguntzaren xede den jarduera berez egin ahal izateko onuradunak egin behar dituen gastuen kontratazioa kontzeptu horretatik kanpo gelditzen da.

13.2. Hornitzaileak kontratatzea.

Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 28.3 artikuluan xedatutakoarekin bat, zerbitzuak aholkularitza edo laguntza enpresek ematen badituzte eta dirulaguntza jaso dezakeen gastuaren zenbatekoa 12.000 eurokoa baino handiagoa bada, hornitzailea efizientzia eta ekonomia irizpideei jarraikiz hautatu dela frogatu beharko du entitate onuradunak dirulaguntza ematen duen organoaren aurrean.

Kasu horietan, entitate onuradunak helburua lortzeko gai diren hiru enpresarekin edo gehiagorekin kontsultatu eta negoziatu beharko ditu kontratuaren baldintzak, eta eskaintzarik hoberena egiten duenarekin sinatuko du. Kontsulta-tramitearen gaineko dokumentazioa eta eskaintzak gorde egin beharko ditu entitate onuradunak. Kontu horiek agiri bidez frogatu beharko ditu dirulaguntza ematen duen organoaren aurrean, kontratua sinatu bezain laster. Agiri horiekin batera, egindako hautapenaren arrazoiei buruzko txosten labur bat aurkeztuko da.

Ez da beharrezkoa izanen enpresa bati baino gehiagori kontsulta egitea, diruz lagungarriak diren gastuen ezaugarrien berezitasunagatik, merkatuan hornidura edo zerbitzu hori ematen duten enpresak behar adina ez direnean, edo gastua egin denean dirulaguntza eskatu baino lehenago.

14.–Baldintzak aldatzea.

Entitate onuradunek, jasotzen dituzten bestelako dirulaguntza, laguntza edo diru-sarrerez gain, dirulaguntza emateko eta haren zenbatekoa zehazteko kontuan hartutako baldintzen aldaketa guztiak ere jakinarazi beharko dizkiote Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziari.

Salbuespen gisa, dirulaguntza jasotzen duten entitateek diruz lagundutako programen edo oinarrizko jarduketen edukia aldatzeko eskatu beharko dute, baita hura gauzatzeko modua eta epeak ere, kasu hauetan:

a) Oinarrizko jarduketen edo programaren garapena aldatu edo zailtzen duten inguruabarrak agertzen direnean.

b) Baliabideak egoki erabiltzearen ondorioz, diruz laguntzen den jarduerari aplikatu gabeko gerakinak daudenean eta gerakin horiek laguntza jasotzen duen proiektuko jarduerak handitzeko erabili nahi direnean.

Programa aldatzeko eskaeretan aldaketa edo zailtasun horren inguruko behar adina arrazoi eman beharko dira, eta inguruabar horiek gertatu eta berehala adierazi beharko dira, betiere, diruz lagundutako oinarrizko jarduketak edo programak egiteko epea bukatu baino lehen.

Dirulaguntza emateko kontuan hartutako baldintzetan egiten den edozein aldaketak dirulaguntza emateko ebazpena aldatzea ekar dezake, Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziak onartuta egonda ere, edo kasuan kasuko zenbatekoa itzultzeko eskatzen ahalko da, hala badagokio.

15.–Dirua itzultzea.

Hartutako zenbatekoa itzuli beharko da, osorik edo partez, programa gauzatzen ez bada, dirulaguntza emateko ezarritako baldintzak betetzen ez badira, Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 35. artikuluan aipatzen diren zergatikoak gertatzen badira edo deialdi honetan berariaz aipatzen diren beharkizunak betetzen ez badira. Legez ezarritako kasuetan, gainera, bidezkoa izanen da dirulaguntza ordaindu zenetik itzuli beharraren gaineko ebazpena ematen den arte sortutako berandutze-interesak ordaintzeko eskatzea.

Dirua itzultzea eskatzeko prozedurak aipatutako artikuluan xedatutakoari jarraituko dio, eta hasten denetik hamabi hilabeteko epean ebatzi beharko da.

Dena dela, entitateak modu boluntarioan eskatzen ahalko du justifikatu gabeko dirulaguntzaren zenbatekoaren itzulketa. Horretarako, frogagiri bat aurkeztu beharko du erakusteko diru-sarrera bat egin dela Eskubide Sozialetako Departamentuaren alde, aldez aurretik ordaindutako zenbatekoaren eta justifikatutako zenbatekoaren arteko aldearen adinakoa. Kasu horretan, ez da berandutze-interesik aplikatuko, eta ulertuko da entitateak espresuki uko egiten diola itzultzen duen zenbatekoari.

Orobat, entitate onuradunak ia betebehar guztiak betetzen dituenean eta bere konpromisoak betetzeko jarrera garbia erakusten duenean, proportzionaltasun-printzipioari jarraituz zehaztuko da itzuli beharreko zenbatekoa, ikusita dirulaguntza emateko ezarritako baldintzetatik zenbat eta noraino bete diren.

16.–Arau-hausteak eta zehapenak.

Deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzen onuradun diren entitateak Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 42. artikuluan eta hurrengoetan dirulaguntzen arloko arau-hauste administratiboei buruz ezarritako zehapen araubidearen menpe egonen dira, eta han ezarritako erantzukizunak izanen dituzte.

Dirulaguntzen arloko zehapenak erregelamendu bidez finkatzen den prozeduraren arabera ezarriko dira, edo, halakorik izan ezean, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen V. tituluan xedatutakoari jarraikiz.

17.–Deialdiaren eta bere oinarri arautzaileen aurka bidezkoak diren errekurtso administratiboak.

Deialdi honen eta oinarri arautzaileen kontra, bidezko da gora jotzeko errekurtsoa aurkeztea, Nafarroako Gobernuari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legean eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean xedatutakoarekin bat.

18.–Aplikatu beharreko araudia.

Oinarri arautzaile hauetan ezarritakoaz gain, ondoren aipatzen diren arauetan agertzen diren xedapenak aplikatzekoak dira: 11/2005 Foru Legea, azaroaren 9koa, Dirulaguntzei buruzkoa; 15/2006 Foru Legea, abenduaren 14koa, Gizarte Zerbitzuei buruzkoa; 69/2008 Foru Dekretua, ekainaren 17koa, Gizarte Zerbitzu Orokorren Zorroa onesten duena; 39/2006 Legea, abenduaren 14koa, autonomia pertsonala sustatzeari eta mendetasun-egoeran dauden pertsonak zaintzeari buruzkoa; 1051/2013 Errege Dekretua, abenduaren 27koa, mendekotasuna dutenen autonomiarako eta arretarako sistemaren prestazioak arautzen dituena; 11/2019 Foru Legea, martxoaren 11koa, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzkoa; eta 39/2015 Foru Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoa.

Iragarkiaren kodea: F1912323