191. ALDIZKARIA - 2019ko irailaren 26a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.2. Foru Dekretuak

216/2019 FORU DEKRETUA, irailaren 11koa, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren enpresa-entitate publikoek, fundazio publikoek eta sozietate publikoek abalak eta maileguak emateko beharrezkoa den Nafarroako Gobernuaren baimena lortzeko prozedura arautzen duena.

ZIOEN AZALPENA

Nafarroako Ogasunari buruzko apirilaren 4ko 13/2007 Foru Legearen 82. artikuluak xedatzen du Nafarroako Foru Komunitateko enpresa-entitate publikoek, fundazio publikoek eta sozietate publikoek, abalak emateko, Nafarroako Gobernuaren baimena beharko dutela.

Apirilaren 4ko 13/2007 Foru Lege horren 82 quater artikuluak ezartzen du, halaber, Nafarroako Gobernuaren baimena beharko dela Nafarroako Foru Komunitatearen menpeko entitate horiek maileguak emateko. Baimena Gobernuaren erabaki baten bidez emanen da, Ogasuneko eta Finantza Politikako kontseilariak proposaturik.

Abala bankuen finantzaketa lortzeko figura garrantzitsu bat da, izan ere, jarduera ekonomikoa garatzeko tresna da eta, aldi berean, baliabide publikoen xede eta arrisku batzuk bermatzeko baliabide. Horregatik, egokia litzateke aipatutako entitateek abalak emateko betebeharrak eta baldintzak zehaztea eta behar den baimena lortzeko prozedura ezartzea. Ezaugarri horiek guztiak agertzen dira, orobat, entitate horiek ematen dituzten maileguen kasuan.

Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko apirilaren 4ko 13/2007 Foru Legearen azken xedapenetako lehenak Nafarroako Gobernuari ahalmena ematen dio foru lege horretan ezarritakoa garatzeko eta aplikatzeko behar diren erregelamenduzko xedapenak eman ditzan, betiere bere eskumenen esparruan.

Foru dekretu honetan Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren menpeko entitate horiek maileguak emateko edo mailegu hitzartuen abalak emateko baimen motak arautzen dira (indibidualak eta globalak), baita horiek tramitatzeko prozedura ere, zeina ondarearen arloko eskumena duen departamentuari baitagokio. Kasu bakoitzean behar diren agiriak eta txostenak ere zehazten dira.

Horrenbestez, Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariak proposaturik, Nafarroako Kontseiluarekin bat etorrita, eta Nafarroako Gobernuak bi mila eta hemeretziko irailaren hamaikako bilkuran hartutako Erabakiarekin bat,

DEKRETATZEN DUT:

1. artikulua. Xedea.

Foru dekretu honen xedea da Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren menpeko enpresa-entitate publikoek, fundazio publikoek eta sozietate publikoek maileguak eta mailegu hitzartuen abalak emateko beharrezkoa den Nafarroako Gobernuaren baimena lortzeko prozedura arautzea.

Foru dekretu honen ondorioetarako, mailegu hitzartuen abaltzat hartuko dira Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko apirilaren 4ko 13/2007 Foru Legearen 74. artikuluan jasotako eragiketak.

2. artikulua. Aplikazio esparru subjektiboa.

Foru dekretu hau aplikatuko zaie Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko apirilaren 4ko 13/2007 Foru Legearen 76. eta 82.bis artikuluetan aipatzen diren Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren menpeko enpresa-entitate publiko, fundazio publiko eta sozietate publikoei.

3. artikulua. Baimen motak.

1. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren menpeko enpresa-entitate publikoek, fundazio publikoek eta sozietate publikoek maileguak eta mailegu hitzartuen abalak emateko beharrezkoak diren Nafarroako Gobernuaren baimenak indibidualak edo globalak izan daitezke.

2. Baimenak indibidualak izanen dira menpeko entitateek eman beharreko mailegu- edo abal-eragiketa baterako direnean.

3. Baimenak globalak izanen dira menpeko entitateek eman beharreko mailegu- edo abal-eragiketa batzuetarako direnean.

4. artikulua. Prozedura motak eta salbuespenak.

1. Foru dekretu honen 7. artikuluan araututako prozedura baimen globalei aplikatuko zaie.

2. Foru dekretu honen 6. artikuluan araututako prozedura baimen indibidualei aplikatuko zaie. Nolanahi ere, baimen indibidualetarako prozedura kasu hauetan aplikatuko da:

a) Eskatutako abalaren eta/edo maileguaren eta entitate berak onuradun berari emandako mailegu eta abalen arrisku biziaren arteko baturaren zenbatekoa 10 milioi eurotik gorakoa denean.

b) Mailegu kapitalizagarrien kasuan, mailegua emateak automatikoki berekin ekar badezake Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak edo haren menpeko erakundeek %50etik gorako partaidetza publiko zuzena edo zeharkakoa edukitzea sozietate mailegu-emailearen kapitalean.

5. artikulua. Hasiera emateko eskaerak.

1. Baimenak lortzeko prozedura, beti, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren menpeko enpresa-entitate publiko, fundazio publiko eta sozietate publiko interesdunek eskatuta hasiko da, ondarearen arloko eskumena duen departamentuaren barruan behar den unitate organikoari eskaera igorriz, baliabide elektronikoen bitartez betiere.

2. Eskaerak behar diren baldintzak betetzen ez baditu, errekerimendua eginen zaie entitate interesdunei hamar eguneko epean akatsa zuzendu edo aginduzko agiriak ekar ditzaten, eta adieraziko zaie zer ondorio izanen diren errekerimendua betetzen ez badute.

6. artikulua. Abala edo mailegua baimentzeko eskaera indibidualetarako behar den dokumentazioa.

1. Abal edo maileguak baimentzeko eskaera indibidualei dokumentazio hau erantsi beharko zaie:

a) Abala edo mailegua jaso nahi duen pertsonaren edo entitatearen identifikazioa, eskaera aurkezten den egunean abal-emaileak edo mailegu-emaileak haren kapital sozialean duen partaidetza-ehunekoa adierazita, horrelakorik badago.

b) Finantza-eragiketaren gehieneko zenbatekoa.

c) Eman beharreko abalarentzat edo maileguarentzat aurreikusten den gehieneko iraupen epea.

d) Eragiketaren xedearen azalpen laburra.

e) Abalaren edo maileguaren onuraduna izanen den pertsonari edo entitateari eskatutako bermeak, salbu eta, ohiz kanpoko kasuetan, objektibotasunez justifikatzen bada ezinezkoa dela bermerik aurkeztea.

f) Abalaren edo maileguaren xede den proiektuaren bideragarritasunari buruzko azterketa.

g) Eman beharreko abalaren edo maileguaren arriskuaren azterketa.

h) Estatuko laguntzen araubidea ezartzen duen Europako araudia betetzen dela justifikatzeko txostena.

2. Abalak baimentzeko eskaera indibidualetan, gainera, eman beharreko abalaren kostua aurkeztu beharko da.

3. Maileguak baimentzeko eskaera indibidualetan, gainera, eragiketari aplikatu beharreko interes-tasa adierazi beharko da, eta gabealdia, horrelakorik badago.

7. artikulua. Abala edo mailegua baimentzeko eskaera globaletarako behar den dokumentazioa.

1. Abal edo maileguak baimentzeko eskaera globalei dokumentazio hau erantsi beharko zaie:

a) Bermatu nahi diren abal-eragiketa guztien edo eman nahi diren mailegu guztien gehieneko zenbatekoa.

b) Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren menpeko erakundeetako organo eskudunek edo sozietate publikoetako administrazio kontseiluek onetsitako jarduketako esparru-programa(k), kasuko abalak edo maileguak emateko oinarri direnak.

c) Kasua bada, finantza-entitateekin edo elkar bermatzeko sozietateekin sinatutako lankidetza-hitzarmenak, entitate publiko horiek abalak edo bermeak ematea xede dutenak.

d) Eman beharreko abalen edo maileguen baldintzen gaineko xehetasunak, besteak beste: pertsona edo entitate abalatuen edo mailegu-hartzaileen ezaugarriak eta motak, bermatu edo eman daitekeen gehieneko zenbateko indibiduala, abalen edo maileguen gehieneko iraupena, abalen kostua edo maileguei aplikatu beharreko gutxieneko interes-tasa, abalatu behar den inbertsioaren xedea edo maileguaren destinoa, eta eskatzen diren bermeak, non eta ez den objektibotasunez justifikatzen ezinezkoa dela bermerik aurkeztea.

e) Entitate abal-emaile edo mailegu-emaileen txostena, jarduketa multzoak izan ditzakeen huts-egiteei buruzko arrazoizko aurreikuspena jasotzen duena. Abalen kasuan, gainera, txosten horretan azaldu beharko da baimen-eskaera egiten den ekitaldirako eta hurrengo hiru ekitaldietarako aurreikusten den exekuzioa.

f) Entitate abal-emaile edo mailegu-emaileen konpromisoa, eman beharreko abal edo mailegu bakoitzeko honako hauek egitekoa: bideragarritasun azterketa, arriskuen azterketa, eta, orobat, egiaztatzea Estatuko laguntzen araubidea ezartzen duen Europako araudia betetzen dela.

8. artikulua. Txostenak.

1. Ondarearen arloan eskumena duen departamentuaren barruan behar den unitate organikoak Corporación Pública Empresarial de Navarra SLUra igorriko ditu sozietate publikoen abalak eta maileguak baimentzeko eskaera guztiak, aginduzko txostena egin dezan sozietateak eragiketaren edo eragiketen ondorio ekonomikoei erantzuteko duen finantza-ahalmenari buruz. Eskaera enpresa-entitate publiko batek edo fundazio publiko batek eginez gero, kasuko entitatea edo fundazioa zein departamenturi edo zuzendaritza nagusiri atxikita dagoen edo zein entitateri lotuta dagoen, harexek eginen du.

2. Ondarearen arloan eskumena duen departamentuaren barruan behar den unitate organikoak Aurrekontuaren Zuzendaritza Nagusira igorriko ditu enpresa-entitate publikoen, fundazio publikoen eta sozietate publikoen abalak eta maileguak baimentzeko eskaerak, aginduzko txostena egin dezan adierazteko nolako eragina izan dezakeen eragiketak (indibiduala edo globala) aurrekontu-ekitaldian eta urte anitzeko esparru ekonomikoan, horretarako kontabilitate nazionaleko sistema erabiliz.

3. Entitate abal-emaileek bermerik gabe edo berme nahikoa izan gabe eman dituzten abalen zenbatekoaren eta onuradunen berri eman beharko diote Aurrekontuen, Ondarearen eta Politika Ekonomikoaren Zuzendaritza Nagusiari, aurrekontu-egonkotasunaren helburuan izan dezaketen eragina ebaluatzearren.

9. artikulua. Nafarroako Gobernuaren baimena.

Ikusirik eskaerarekin batera aurkezten den dokumentazioa eta espedientean biltzen diren txostenak, ondarearen arloan eskumena duen departamentuak Nafarroako Gobernuari proposatuko dio eragiketa bakoitza baimentzeko erabakia har dezan.

10. artikulua. Eragiketa formalizatzea.

Abala edo mailegua ematea baimenduz gero, hura dokumentatzeko kontratua edo agiria baimenaren edukira moldatu beharko da goitik behera.

Xedapen gehigarri bakarra.–Gainerako mailegu kapitalizagarriei eskatu beharreko baimenak.

Ematearekin batera automatikoki kapitalizatuko ez diren maileguek Nafarroako Gobernuaren baimena beharko dute kapitalizatu aurretik, baldin eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak eta haren mendeko erakundeek sozietate mailegu-emailean duten partaidetza publiko zuzen edo zeharkakoa kapitalaren %50etik goitikoa bada.

Nafarroako Gobernuak kapitalizazio horiek baimentzeko hartzen duen erabakiak haien baldintza eta betekizunak zehazten ahalko ditu. Erabaki hori banakako baimenetarako ezarrita dagoen prozeduraren arabera izapidetu beharko da, haren helburuari aplikagarria zaion guztian, eta ezinbestean egin beharko dira foru dekretu honen 8. artikuluko 1 eta 2. apartatuetan zehazturiko txostenak.

Xedapen iragankor bakarra.–Foru dekretu honek indarra hartzen duenean hasiak diren prozeduretan aplikatu beharreko arauak.

Abalak eta maileguak emateko beharrezkoa den Nafarroako Gobernuaren baimena lortzeko prozeduraren bat hasita badago foru lege honek indarra hartu aurretik, prozedura hasteko eskaera egin zen egunean aplikatzekoa zen araudiari jarraikiko zaio.

Azken xedapen bakarra.–Indarra hartzea.

Foru dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2019ko irailaren 11n.–Nafarroako Gobernuko lehendakaria, María Chivite Navascués.–Ekonomia eta Ogasuneko kontseilaria, Elma Saiz Delgado.

Iragarkiaren kodea: F1911809