187. ALDIZKARIA - 2019ko irailaren 23a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

1.2.1. Kargu-uzteak, izendapenak eta bestelako egoerak

1/2019 EBAZPENA, irailaren 5ekoa, Etxebizitzako zuzendari nagusiak emana, zenbait eskudantzia Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako Departamentuko Etxebizitza Zerbitzuko zuzendariaren esku uzten dituena.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 36.3 artikuluak ezartzen du zerbitzuko zuzendariek, artikulu horretan espresuki ezarritako eginkizunez gain, haiei banatutako edo eskuordetutako eginkizunak ere bete beharko dituztela, beren eskumenekoak diren arloetan.

Behar den eraginkortasuna eta bizkortasuna lortzeko, bidezkotzat jotzen da Etxebizitza Zerbitzuko zuzendariaren esku uztea Etxebizitzako zuzendari nagusiaren eskumenari esleitutako zenbait arlori buruzko espedienteen gaineko ardura eta ebazpena.

Eskuordetze hori arlo horren gainean indarrean dagoen legeriaren mende dago, hots, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 11. artikuluaren mende.

Horrenbestez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legeak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Etxebizitza Zerbitzuko zuzendariaren esku uztea Etxebizitzako zuzendari nagusiari arlo hauetan dagozkion eskudantzien erabilera:

–Etxebizitza babestuen salerosketarako edo errentamendurako kontratuak sinatzeko baimenak ebaztea.

–Etxebizitza babestuen salerosketarako edo errentamendurako kontratuen ikus-onespena ebaztea.

–Konturako zenbatekoak jasotzeko baimenak ematea.

–Nafarroan Etxebizitza Izateko Eskubideari buruzko maiatzaren 10eko 10/2010 Foru Legearen 33. artikuluan xedatutakoaz baliatzen direnei etxebizitza babestu egokiak esleitzeko ebazpenak ematea.

–Lehentasunez erosteko eskubidea erabiltzea edo hari uko egitea, etxebizitza babestuen kostu bidezko eskualdaketa ororen gainean.

–Baimena ematea etxebizitza babestuak partikularren artean edozein tituluren bidez eskualdatzeko.

–Etxebizitza babestuak desokupatzeko baimen administratiboa ematea.

–Birgaitze jarduketa babestuen behin betiko kalifikazioa ematea.

–Aldaketak egiteko baimena ematea etxebizitzetako birgaitze jarduketa babestuen espedienteetan eta etxebizitza babestuen espedienteetan.

–Bizigarritasun zedulak ebaztea.

–Estatuak Nafarroari abuztuaren 1eko 1484/1985 Errege Dekretuaren bidez eskualdatutako ondasun, eskubide eta betebeharren ondoriozko gorabeherak ebaztea; errege dekretu horren bidez, Estatuko Administrazioaren zerbitzuak eskualdatu zitzaizkion Nafarroako Foru Komunitateari ondare arkitektonikoaren eta eraikuntzaren eta etxebizitzaren kalitatearen kontrolaren arloan.

–Informazio publikoa lortzeko eskubidea erabiltzeari buruz ebaztea, Gardentasunari eta Gobernu Irekiari buruzko ekainaren 21eko 11/2012 Foru Legean jasotakoari jarraikiz.

–Etxebizitza babestuen sustapenetan eraikuntzaren aldetik dauden akatsei buruzko espedienteak ebaztea.

–Hirigintzako txostenak ebaztea.

–Etxebizitzaren arloko jarduketa babesgarriak arautu zituen irailaren 18ko 61/2013 Foru Dekretuaren bigarren xedapen iragankorrean ezarritakoaz baliatzeko baimenak ematea.

–Etxebizitza bat hutsik dagoela deklaratzeko prozeduren tramitazioan eman beharreko ebazpenak ematea.

–Errentamenduagatiko kenkariak aldez aurretik ordaintzeko eskaeren gainean ebaztea.

–Nafarroako Higiezinetako Agenteen Erregistroan inskribatzeko ebazpenak ematea.

2. Etxebizitzako zuzendari nagusiak edozein unetan hartzen ahalko du beregain eskuordetze honen xedeko edozein espediente, hartaz arduratzeko edo ebazteko.

3. Eskuordetza hau erabiliz ematen diren ebazpenetan, inguruabar hori aipatu beharko da espresuki. Ebazpen horiek Etxebizitzako zuzendari nagusiak emanak balira bezala ulertuko dira, ondorio guztietarako, eta haien aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahalko da, Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako kontseilariari zuzendua.

4. Ebazpen hau Etxebizitza Zerbitzura eta Idazkaritza Tekniko Nagusira igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

5. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila agintzea, orok jakin dezan.

Iruñean, 2019ko irailaren 5ean.–Etxebizitzako zuzendari nagusia, Eneko Larrarte Huguet.

Iragarkiaren kodea: F1911698