183. ALDIZKARIA - 2019ko irailaren 17a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

IRIBARRI

Herri-lurretako aprobetxamenduak arautzen dituen ordenantza. Behin betiko onespena

Iribarriko Kontzejuak, 2019ko ekainaren 6an egin bilkuran, hasiera batez onetsi zuen aldaketa Herri-lurretako aprobetxamenduak arautzen dituen ordenantzan. Onespenaren erabakia 2019ko 125. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, ekainaren 28an, eta jendaurreko epea inork alegaziorik aurkeztu gabe iragan denez gero, ordenantza behin betiko onetsi eta oso-osorik ematen da argitara, behar diren ondorioak izan ditzan; hori guztia, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatuari jarraikiz.

Iribarrin, 2019ko abuztuaren 9an.–Alkatea, Javier Piérola García.

ORDENANTZA, IRIBARRIKO KONTZEJU-MUGARTEKO HERRI-LURRETAKO APROBETXAMENDUAK ARAUTZEN DITUENA

I. TITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Ordenantza honen xedea da Iribarriko Kontzeju-mugarteko herri-ondasunen administrazioa, xedapen egintzak, defentsa, berreskurapena eta aprobetxamendua erregulatzen dituzten arauak ezartzea.

2. artikulua. Herri-ondasunak dira herri honetako bizilagun guztiek aprobetxatu eta erabil ditzaketenak.

3. artikulua. Herri-ondasunak besterenezinak, preskribaezinak eta enbargaezinak dira eta ez dute beren gain tributurik izango.

Haien izaera eta tratamendu juridikoan ez da aldaketarik izango, edozein dela ere haiek aprobetxatu edo erabiltzeko era.

4. artikulua. Herri-ondasunen gaineko arauak hauek dira: Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legea eta haren erregelamenduzko xedapenak; Nafarroako Foru Zuzenbide Administratiboaren gainerako arauak; herri-lurren ordenantza hau eta, bestenaz, Foru Zuzenbide Pribatuaren arauak, galarazi gabe Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 40. artikuluko hirugarren apartatuan xedatua.

II. TITULUA

Administrazioa eta xedapen-egintzak

5. artikulua. Iribarriko Kontzejuari dagokio herri-ondasunen gainean xedatzeko, administratzeko, antolatzeko eta haien aprobetxamendua arautzeko ahalmena, ordenantza honetan azaltzen den moduan.

Herri-ondasunei buruz Iribarriko Kontzejuak hartzen dituen erabakiek Nafarroako Gobernuaren baimena beharko dute Toki Administrazioari buruzko Foru Legean ezarritako kasuetan.

6. artikulua. Lurzati txikiak saldu edo trukatzeko desafektazioa egiteko, Nafarroako Gobernuak haien onura publiko edo soziala deklaratu beharko du eta, hori baino lehen, Iribarriko Kontzejuak justifikatu beharko du dagoen asmoa ezin dela beste bide batzuen bitartez lortu, hala nola lagapena eginez edo kargak ezarriz, horiexek izango baitira lehentasuneko aukerak.

Herri-ondasunak desafektatu ondoren beste batzuei lagatzeko edo kargak ezartzeko hartzen diren erabakietan, itzultze klausula bat sartuko da, egintza horien helburuak edo baldintzak desagertu edo betetzen ez diren kasuetarako.

Halakorik gertatzen bada, lur horiek Iribarriko Kontzejuaren ondarera itzuliko dira herri-ondasun gisa.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 140. artikuluan ezarritako prozedurari jarraituko zaio.

III. TITULUA

Herri-ondasunak defendatu eta berreskuratzea

7. artikulua. Iribarriko Kontzejua herri-ondasunak zaindu, defendatu, berreskuratu eta hobetzen ahaleginduko da eta kontra egingo die kaltegarri izan daitekeen edozein pribatizazio saiori edo bestelako ekintzei.

8. artikulua. Iribarriko Kontzejuak berez eta noiznahi berreskuratu ahalko du herri-ondasunen jabetza, aldez aurretik legelariaren txostena ikusi eta interesdunari entzunaldia emanda. Beharrezko denean, ekintza zibilak sustatuko dira, herri-ondasunak berreskuratu eta defendatzeko.

9. artikulua. Iribarriko Kontzejuak Jabetza Erregistroak igortzen dizkion ediktuen berri emango dio Nafarroako Gobernuari, herri-lurrekin mugakide diren finken inmatrikulazioa edo haien gehiegizko hedadura dela eta. Iribarriko Kontzejuak osoko bilkuran hartu beharko du jakinarazpen horiei buruzko erabakia.

10. artikulua. Iribarriko Kontzejuak Nafarroako Gobernuaren onespen berariazkoa beharko du aldez aurretik, ondasunak herriaren ondarerako berreskuratzearren eskualdaketarik egin nahi izanez gero.

11. artikulua. Iribarriko Kontzejuak administrazio-bidea erabiliko du beti, baimen, emakida edo beste zernahiren kariaz herri-ondasunen gainean sortutako eskubideak eta haiek ekarritako okupazioak azkentzeko, eta horretarako ahalmen hertsatzaileez baliatuko da. Aldez aurretik kalte-ordaina eman ala ez, zuzenbidearen arabera izango da.

12. artikulua. Iribarriko Kontzejuak, herri-ondasunei buruzko kontratuak interpretatuko ditu, haien partaide denean, eta betetzean sortzen diren zalantzak argituko.

Interpretazioen gaineko erabaki horiek berehala hartuko dute indarra, galarazi gabe kontratistek jurisdikzio-bidean behar den deklarazioa lortzeko duten eskubidea.

13. artikulua. Iribarriko Kontzejuak herri-ondasunak defendatzeko behar diren ekintzak sustatzen ez dituenean, herritarren ekimena posible izango da, zehaztuko den moduan. Ekintza horrek aurrera eginez gero, Iribarriko Kontzejuak itzuli beharko dizkie herritarrei sortutako gastuak.

IV. TITULUA

Herri-ondasunen aprobetxamendua

I. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

14. artikulua. Ordenantza honek aprobetxamendu hauek arautzen ditu:

a) Laborantzako herri-lurren aprobetxamendua.

b) Herri-larreen aprobetxamendua.

c) Etxerako egurraren aprobetxamendua.

d) Herri-lurren bestelako aprobetxamenduak.

15. artikulua. Iribarriko Kontzejua herri-lurren ekoizpena abian jartzen, hobetzen eta egoki aprobetxatzen ahaleginduko da eta duten izaera sozialarekin bateragarri egingo du.

Finkak

16.1 artikulua. Oro har, Iribarriko herri-lurretako aprobetxamenduen onuradun izateko, familia unitateen titularrek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Adinduna izatea, edo bere kontu bizi den adingabea izatea, nahiz judizialki gaitua.

b) Bizilagun gisa izena emana egotea Iribarriko Kontzejuaren babespeko kontzeju batean, gutxienez ere bi urte lehenagotik.

c) Urtean bederatzi hilabetez bederen egiazki eta jarraian bertan bizitzea.

d) Udal honekin dituen zerga betebeharrak egunean izatea.

16.2 artikulua. Etxebizitza berean bizi diren guztiak hartuko dira familia unitateko kidetzat. Nolanahi ere, familia unitate independentetzat hartuko da guraso jubilatuek osatua, familiakoekin bizi arren, haien diru-sarrerak lanbide arteko gutxieneko soldata baino apalagoak baldin badira.

16.3 artikulua. Artikulu hau interpretatu eta aplikatzerakoan sortzen diren zalantzak Iribarriko Kontzejuak osoko bilkuran argituko ditu, banan-banan.

17. artikulua. Herri-lurrak itxi ahal izateko ezinbestekoa izango da aldez aurretik Iribarriko Kontzejuko Alkatetzak idatzizko baimena ematea. Herri-lurrak eta jabetza pribatukoak ezin izango dira inolaz ere batera hesitu.

18. artikulua. Aprobetxamenduak ezin izango dira onuradunen artean trukatu baldin interesdun nahiz ukituek ez badute aldez aurretik eskabide bateratua egin eta ez baldin badute euren adostasuna erakutsi eta Kontzejuaren baimena izan.

19. artikulua. Kontzejuak baliorik gabe utz dezake herri-lurraren adjudikazioa, osotara nahiz zati batekoa, sustatzen dituenean zuhaitzak landatzea zein Nafarroako Gobernuak baimendutako bestelako hobekuntzak, baldin eta eragiten badiete onuradunaren herri-lurretako aprobetxamenduei, behin-behineko zein behin betiko. Hori egin baino lehenago, bere asmoen berri eman beharko dio onuradunari.

Horren haritik, aprobetxamenduaren errentamendua bertan behera gelditze hutsak ez dio eskubiderik emango onuradunari inolako kalte-ordainik jasotzeko.

20. artikulua. Fidantzak.

a) Behin betiko adjudikazio prezioaren %20 ordaindu beharko da fidantza moduan.

b) Enkanteetan parte hartu ahal izateko aprobetxamenduaren hasierako prezioaren %5 ordaindu beharko da hura egin baino lehenago.

c) Fidantza honako kasu hauetan itzuliko da:

–Adjudikazio-hartzailearen heriotza.

–Erretiroa.

–Jardueran aritzeko ezintasuna.

d) Adjudikazio-hartzailea beharturik dago eskorta eta haren elementuak ezin hobeki zaintzera eta, adjudikazioa amaitzean, aurkitu zituen egoera berean itzultzera. Adjudikazio-hartzailearen kontura izango dira egiten diren kalte guztiak.

Adjudikazio-hartzaileak elementu guztiak ezin hobeki itzultzen ez baditu, fidantzatik kenduko zaio, adjudikazioaren amaieran, kalteak konpontzeko behar den dirua.

e) Adjudikazioaren epea amaitu baino lehenago aprobetxamendua deuseztatzeko eskatzen badu, Iribarriko Kontzejuak fidantzatik kenduko du berriz ere adjudikazioa egin arteko denboran berak pairatzen dituen kalte ekonomikoak berdintzeko dirua; balorazioa Kontzejuaren osoko bilkuran erabakiko da.

II. KAPITULUA

Laborantzako herri-lurren aprobetxamendua

21. artikulua. Laborantzako herri-lurren aprobetxamenduak hiru modutan egingo dira, lehentasun ordena honen arabera:

a) Herritarren arteko lehentasunezko aprobetxamenduak.

b) Herritarren arteko adjudikazio zuzeneko aprobetxamenduak.

c) Enkante publikoaren bidez adjudikatzea edo Iribarriko Kontzejuak zuzenean ustiatzea.

Kontzejuak laborantzako herri-lurren aprobetxamendua adjudikatzeko modu horiek erabiliko ditu, bata bestearen ondotik, emandako ordenaren arabera.

1. ATALA

Herritarren arteko lehentasunezko aprobetxamenduak

22.1 artikulua. Aprobetxamendu modu honen onuradun izateko, familia unitateen titular diren herritarrek 16. artikuluan ezarritako baldintzak bete beharko dituzte eta, familia unitateko kide bakoitzeko, diru-sarrerek izan beharko dute lanbide arteko gutxieneko soldataren %30 baino txikiagoak, edo familia unitatearen diru-sarrerek egon beharko dute, guztira, aipatutako soldata eta erdiaren azpitik.

22.2 artikulua. Familia unitatean ezintasun fisikoa edo psikikoa duten kideak baldin badaude, agiri bidez frogatuta, lanbide arteko gutxieneko soldataren %60aren pareko diru-sarrera kontatuko da kide bakoitzeko.

22.3 artikulua. Errenta mailak zehazteko jarraitu behar diren irizpideak datu objektiboetan oinarrituz finkatuko dira. Hartuko dira kontuan pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren aitorpena, soldatak, laborantzako lurrak errentamenduan nahiz beste edozein tituluren bidez edukitzea, landa-lurraren eta industriaren gaineko kontribuzioen zergapeko kapitala, hiri-lurreko ondasunen gaineko kontribuzioarena, norberaren etxebizitzari dagokiona kenduta, baita horren gisako beste edozein datu ere.

23. artikulua. Aprobetxamendua ez da 8 urtetik beherakoa izango. Urte anitzeko laboreak badira, eta Kontzejuak aurretik baimena ematen badu, epe hori laborearen balio-bizitzaren arabera luzatzen ahalko da.

24. artikulua. Udalbatzak urtero onetsiko du herri-lurretako lurzatien onuradunek aprobetxamendu modu honetan ordaindu behar duten kanona. Kanona ez da izango antzeko lurrak errentan emateko eskualdean dabiltzan prezioen %90 baino gutxiago.

Iribarriko Kontzejuak finkatuko du herritar bakoitzari adjudikatuko zaion laborantzako lurraren azalera, kontuan harturik herri-lurrak norainoko aukerak ematen dituen.

25. artikulua. Onuradunek zuzenean eta pertsonalki landu beharko dituzte herri-lurretako lurzatiak, eta ezin izango dituzte errentan eman edo lan pertsonala ez den beste moduren baten bidez ustiatu.

Onuradunei adjudikaturiko lurzatien laborantza hainbaten artean egitea ere zuzeneko laborantza pertsonaltzat hartuko da, baldin haiek kooperatibetan edo legez eratutako lan taldeetan elkartzen badira eta kide guztiek 16. artikuluan adierazitako baldintzak betetzen badituzte.

26. artikulua. Ordenantza honi dagokionez, zuzeneko laborantza pertsonaltzat hartuko da, baldin adjudikazio-hartzaileak edo bere familia unitateko kideek egin behar badituzte laborantza lanak, ordenantza honen 16. artikuluan jasotzen diren ezaugarriak izanik, eta soldatapekorik hartu gabe, salbu urtaroen edo nekazaritza ustiapenaren gorabeherek horretara behartzen badituzte. Alabaina, zuzeneko laborantzan pertsonalki diharduen laborariaren izaera ez da galduko, baldin Iribarriko Kontzeju honen iritzian, laborantza pertsonala egitea eragozten dion eritasun edo aldi baterako beste arrazoi batengatik soldatapekoak hartzen badira. Horrelakoetan, hamabost eguneko epean jakinaraziko zaio Iribarriko Kontzejuari, behar den baimena eman dezan.

Ezintasun fisikoa edo besteren bat, Iribarriko Kontzejuaren iritzian, behin betikoa bada eta herri-lurrak norberak zuzenean landu ezin baditu, 28. artikuluan ezarritakoa aplikatuko da.

27. artikulua. Ezintasun fisikoa edo besteren bat izateagatik onuradunak ezin baditu lurzatiak zuzenean eta pertsonalki landatu, adjudikatzeko momentuan edo aprobetxamenduaren epean, Iribarriko Kontzejuak adjudikatu egingo ditu hurrengo aprobetxamendu moduaren bidez, hau da, herritarren arteko adjudikazio zuzeneko aprobetxamenduaren bidez. Iribarriko Kontzejuak lurzatien titularrei adjudikaziotik ateratako diru-sarrerak ordainduko dizkie, kanona kendu ondotik.

Iribarriko Kontzejuak eskumena du ezintasun fisikorik edo besteren bat noiz dagoen erabakitzeko, eta egokiak iruditzen zaizkion agiriak eskatuko ditu.

Beren laborantza apartzerian eman edo lagatzen duten onuradunei herri-lurzatiak kenduko zaizkie adjudikazio aldia bukatu arte.

Onuradunei, herri-lurrak kentzen bazaizkie, Udalaren Diruzaintzan sartu beharko dituzte apartzeria edo lagapena gertatu zenetik lortutako mozkinak.

28. artikulua. Iribarriko Kontzejuak egokiak eta komenigarriak iruditzen zaizkion egiaztatzeak egin ahalko ditu edozein unetan, laborantza zuzenean eta pertsonalki egiten dela ziurtatzeko.

Honako kasu hauetan ulertuko da ez dituela lurrak zuzenean eta pertsonalki lantzen:

a) Nekazaritzako makinak edukita, berari adjudikatutako herri-lurrak ez dituenean lantzeko erabiltzen.

b) Osoko bilkuran gehiengo soilaz Udalak hartzen duen erabakiaren arabera, adjudikatutako lurzatiak, ordenantza honetako 26., 27. eta 28. artikuluetan xedatzen denaren arabera, norberak zuzenean lantzen ez baditu.

c) Honako alderdi hauei buruzko frogagiriak eskatu eta agindu epean aurkezten ez direnean: lurra lantzea, lehengaiak erostea eta produktuak saltzeko lanak, berek edo Iribarriko Kontzejuak baimendutako pertsonek eginak.

d) Adjudikatutako lurzatiaren %80 bederen lantzen ez denean.

Zuzeneko laborantzatzat hartuko da:

a) Belarrak eta bazka: moztu gabe saltzen ahalko da, baina ereitea eta gainerako lanak adjudikazio-hartzailearen esku geldituko dira.

b) Laborea: onartuko da kontratatzea herbizida botatzea, uzta biltzea eta fardoak egitea.

2. ATALA

Herritarren arteko zuzeneko adjudikazioa

29. artikulua. Lurzatiak 1. atalean ezarritakoaren arabera banatu ondoren, geratzen diren laborantzako herri-lurrak, bai eta onuradunek zuzenean eta pertsonalki lantzen ez dituzten lurzatiak ere, zuzenean adjudikatuko dira 16. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituzten familia unitateen titularrak diren herritarren artean. Lehentasuna izango dute ogibide nagusia nekazaritza dutenek.

30. artikulua. Iribarriko Kontzejuak finkatuko du herritarren arteko adjudikazio zuzeneko loteen azalera, eskura diren lurren azaleraren arabera.

31. artikulua. Adjudikazioaren epea 22. artikuluan adierazitako berbera da. Zozketa bidez adjudikatuko dira loteak.

32. artikulua. Aprobetxamendu mota honetan, herri-lurretako lurzatien onuradunek ordaindu beharreko kanona onetsiko dute Kontzejuko kideek, lur motaren arabera.

Zenbateko hauek proposatutako kanonari dagozkio. Hura nekazaritzako produktuen KPIarekin batera eguneratuko da urtero. (Gora egiten badu, proportzio berean igoko da prezioa; behera egiten badu, berriz, bere horretan utziko da).

33. artikulua. Adjudikazio-hartzaileak berak zuzenean egingo du laborantza eta, horretarako, 24., 25., 26. eta 27. artikuluetan xedatuari jarraituko zaio.

34. artikulua. Iribarriko Kontzejuak beretzat gordeko du laborantzako herri-lurren azaleraren %5 baino gehiago izango ez den azalera, onuradun berriei adjudikatzeko.

3. ATALA

Iribarriko Kontzejuaren ustiapen zuzena edo enkante publikoa

35. artikulua. Iribarriko Kontzejuak, Lehen eta Bigarren ataletan ezarritako prozedurak aplikatu ondoren laborantzako lurra soberan baldin bada, enkante irekian egingo du adjudikazioa, eta hurrengo banaketa noiz egin behar den, ordura arteko epea emango du.

Adjudikazio-hartzaileak berak zuzenean egingo du laborantza eta, horretarako, 24., 25. eta 26. artikuluetan xedatuari jarraituko zaio.

Iribarriko Kontzejuak finkatuko du erreguaren hasierako prezioa; inguruko antzeko lurrak errentan hartzeko prezioaren antzekoa izango da. Zenbateko horiek KPIaren arabera eguneratuko dira, urtero.

Enkantea egin ondoren laborantzako lurra sobran gelditzen bada, Iribarriko Kontzejuak zuzenean ustiatzen ahalko du.

4. ATALA

Adjudikatzeko prozedura

36. artikulua. Iribarriko Kontzejuak aldez aurretik erabakia hartu eta Kontzejuaren iragarki-taulan ediktua jarrita, 15 egun balioduneko epea irekiko du, eskubidea dutela uste dutenek larreen adjudikazioa eska dezaten.

37. artikulua. Eskaerei honako hauen zinpeko aitorpena erantsiko zaie:

a) Herriko biztanleak izatea, gutxienez bi urte lehenagotik, eta udalerrian urtean bederatzi hilabetez bederen bizitzea.

b) Iribarriko Kontzejuarekiko betebehar fiskalak ordainduta izatea.

c) Familia unitatea osatzen duten kideak. Herritarren arteko lehentasunezko aprobetxamenduak eskatzen dituztenek adieraziko dute ea haietariko inork ezintasun fisikorik edo psikikorik duen.

d) Familia unitateko kide bakoitzak zenbat erregu dituen jabetzan, bai Iribarriko Kontzejuan bai besteetan; lehorreko lurrekoak edo ureztatzekoak diren zehaztuko da.

e) Familia unitateko kide bakoitzak errentan edo jabetzaz besteko tituluren baten bidez lantzen dituen lurrak, bai udal-mugarte honetan bai besteetan, lehorreko lurrak diren edo ureztatzekoak zehaztuta.

f) Familia unitateko kide bakoitzaren hiri-lurreko kapital zergagarriak, norberaren etxebizitzari dagokiona kenduta, bai udal-mugarte honetan bai besteetan.

g) Familia unitateko kide bakoitzaren diru-sarrerak: nekazaritzaren, industriaren edo zerbitzuen sektorekoak, Gizarte Segurantzako pentsioen bidezkoak edo bestelako errentatakoak.

h) Herritarren arteko zuzeneko adjudikazioaren eskatzaileen ogibide nagusia nekazaritza denean, Gizarte Segurantzako Nekazaritzako Erregimen Berezian sartuta daudelako ziurtagiria, eta azken ordainagiriaren fotokopia. Jardueran hasten direnek gehienez ere sei hilabeteko epean bete beharko dute baldintza hori.

Zinpeko aitorpena egiaztatzeko, Iribarriko Kontzejuak ahalmena izango du beharrezkoak iruditzen zaizkion agiriak eskatzeko, errenta mailak egiaztatzearren; haiek agirietan eta datu objektiboetan oinarrituko dira, 21.3 artikuluan zehazten den bezala.

38. artikulua. Iribarriko Kontzejuak osoko bilkuran onetsiko du adjudikazio modu bakoitzera –lehentasuna duten herritarrena nahiz zuzeneko adjudikazioa– onartu direnen zerrenda. Zerrenda hori behin-behinekoa izango da.

39. artikulua. Aprobetxamendu modu bakoitzean onartutakoen behin-behineko zerrenda Iribarriko Kontzejuaren iragarki-taulan jarriko da 15 egun balioduneko epean, bidezko diren alegazioak egin ahal izateko. Inork alegaziorik aurkezten ez badu, behin-behineko zerrenda zuzenean behin betikoa bilakatuko da.

40. artikulua. Alegazioak eta zuzendu beharreko akatsak izanez gero, horien gaineko ebazpena emango du, eta modu bakoitzean herri-lurretako lurzatien onuradun izateko eskubidea dutenen behin betiko zerrenda onetsiko du.

41. artikulua. Herritarren arteko lehentasunezko aprobetxamenduaz baliatzeko eskubidea duten familia unitatearen titularren behin betiko zerrenda ikusita, ordenantza honen 22. artikuluan ezarritako ezaugarriak eta azalerak dituzten loteak adjudikatuko dira.

Laborantzako herri-lurren gainerako azalerari dagokionez, Iribarriko Kontzejuak, zozketa bidez, laborantzako loteak adjudikatuko dizkie herritarren arteko adjudikazio zuzeneko aprobetxamenduko behin betiko zerrendan dauden familia unitateen titularrei. Loteen ezaugarriak eta azalera ordenantza honen 31. artikuluaren araberakoak izango dira.

Lurzatien adjudikazioa burututa, onuradunen eta horiei dagozkien herri-lurretako lurzatien zerrenda jendaurrean jarriko da, 15 egunean, iragarki-taulan. Zerrendak Iribarriko Kontzejuak onetsiko ditu, osoko bilkuran.

42. artikulua. Argitaratutako zerrenden aurkako alegaziorik baldin bada, horiek ebatzita eta akatsak zuzenduta, behin betikotzat joko da laborantzarako herri-lurren aprobetxamenduen adjudikazioa.

III. KAPITULUA

Herri-larreen aprobetxamendua

43. artikulua. Iribarriko Kontzejuaren herri-larreen aprobetxamendua honako modu hauetan egingo da, honako lehentasun-ordena honi jarraikiz:

a) Herritarren arteko adjudikazio zuzenaren bidez.

b) Antzinako ohiturari jarraikiz.

c) Enkante publikoan adjudikatuz.

44. artikulua. Ordenantza honen 16. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituzten familia unitateetako tilularrak izango dira herri-lurretako larreen aprobetxamenduaren herritarren arteko zuzeneko adjudikazioaren onuradunak. Lehentasuna izango dute ogibide nagusia nekazaritza edo abeltzaintza dutenek eta aziendak Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuko Azienden Erroldaren Erregistroan alta emanda dutenek, ustiapen liburuan ere jasorik. Jardueran hasten direnek gehienez ere sei hilabeteko epea izango dute baldintza hori betetzeko.

45. artikulua. Bizilagun abeltzainek zuzenean aprobetxatuko dituzte larreak eta debeku da azpierrentan ematea edo lagatzea. Iribarriko Kontzejuak ulertuko du ez direla zuzenean erabiltzen ari, familia unitateko titularrek aziendak ateratzen badituzte Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuko Azienden Erroldako Erregistrotik.

Adjudikazio-hartzaileak eskaera arrazoitua aurkeztu ondoren, beste norbaiten azienda sartzeko baimena ematen zaio, larre guztiak aprobetxatzeko, urte sasoia dela-eta belar produkzioa ohi baino handiagoa denean.

Besteren azienda sartzeko epea ez da bi hilabete baino gehiagokoa izango urtean, mota bereko aziendak badira, eta lau hilabete baino gehiagokoa, beste mota batekoak badira.

Diru-sarrera gehigarriak toki entitatearentzako izango dira, eta diru-sarrera gehigarri horien %50 kentzen ahalko zaio adjudikazio-hartzaileari hurrengo ekitaldiari dagokion artzaintza kanonetik.

Ezin izango da inola ere besteren mota bereko aziendarik sartu, horrek badakar adjudikazio-hartzailearen abelburu kopurua gutxitzea.

46. artikulua. Herri-larreetan bazkatzen den aziendak osasun ziurtagiria beharko du, horrela egiaztatuko baita betetzen direla Abereen Osasunari buruzko azaroaren 16ko 11/2000 Foru Legearen 1. artikuluan eskatzen diren baldintzak, eta foru lege horretako nahiz bere erregelamenduko baldintza guztiak bete beharko ditu.

47. artikulua. Iribarriko Kontzejuak, aurretik onuradunei ohartarazita, eraginik gabe utz ditzake aprobetxamendu horien adjudikazioak, herri-lurretan hobekuntzak egitea bultzatzen duenean. Hobekuntza horiek Nafarroako Gobernuaren baimena beharko dute, aldez aurretik.

Eskabideekin batera zinpeko aitorpena aurkeztu beharko da, edo frogagiri baliogarria, honako hauen gainean:

a) Iribarriko Kontzejuko biztanleak izatea, gutxienez bi urte lehenagotik, eta Iribarriko Kontzejuan urtean bederatzi hilabetez gutxienez bizitzea.

b) Iribarriko Kontzejuarekin inolako zor fiskalik ez izatea.

c) Familia unitatea osatzen duten kideak. Haietariko inork ezintasun fisikorik edo psikikorik duen aipatuko dute eskatzaileek.

d) Jabetzan eta/edo errentan dituen lurren azalera, haietan larreen aprobetxamendua egiten ahal bada.

Iribarriko Kontzejuak beretako gordeko du behar den dokumentazioa eskatzeko ahalmena, zinpeko aitorpenaren edukia eta errenta mailak egiaztatzeko.

48. artikulua. Iribarriko Kontzejuak behin-behineko egingo du adjudikazioa.

49. artikulua. Aurkeztutako eskabideak ikusirik egingo da banaketa. Behin-behineko zerrenda egingo da eta hura Iribarriko Kontzejuaren iragarki-taulan jarriko da 15 egun baliodunean, erreklamazioak egiteko. Epe hori iraganik erreklamaziorik aurkeztu ez bada, behin betiko onetsitzat joko dira.

Alegaziorik egiten bada, egindako akatsak behin zuzenduz gero, Iribarriko Kontzejuak haiei buruzko ebazpena emango du, herri-larreen aprobetxamenduak erabiltzeko eskubidea duten herritarren behin betiko zerrenda onesteko.

Aprobetxamenduen epea 8 urtekoa izango da gutxienez eta 15 urtekoa gehienez.

50. artikulua. Herritarren arteko banaketan larrerik soberan gelditzen bada, enkante publikoaren bidez adjudikatuko dira, Iribarriko Kontzejuak osoko bilkuran erabakitzen duen denborarako eta indarra duen araudiari eta ordenantza honetan aplikatzekoa denari loturik.

51. artikulua. Larratze eremu bakoitzak jasan dezakeen azienda karga zehazteko, baliokidetza hauek finkatu dira azienda mota ezberdinen artean:

a) Behor aziendako abelburu bakoitzeko behi bat.

b) Behi aziendako abelburu bakoitzeko 8 ardi.

c) Ahuntz aziendako abelburu bakoitzeko hamar ardi.

IV. KAPITULUA

Etxerako egurraren aprobetxamendua

52. artikulua. Mendian aski izan eta, Nafarroako Gobernuak baimendu eta Mendi Zerbitzuak markatu ondoren, Iribarriko Kontzejuak epaitzak banatuko dizkie ordenantza honen 16. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituzten familia unitateei.

53. artikulua. Iribarriko Kontzejuak urtero finkatuko du familia unitateei adjudikatu beharreko epaitzen bolumena, mendian dagoen egurraren arabera. Noizbait beharrezkoa baldin bada, eten egingo da aprobetxamendu hori Iribarriko Kontzejuari egoki iruditzen zaion denborarako.

54. artikulua. Egur epaitzak zuzenean erabili beharko dira, eta onuradunak ezin izango ditu saldu.

55. artikulua. Egurra banatzerakoan, Iribarriko Kontzejua irizpide sozialetan oinarrituko da, eta lehentasuna emango die diru aldetik familia unitate apalenei.

56. artikulua. Aurreko artikuluan aipatutako familia unitateen maila ekonomikoak zehazteko, Iribarriko Kontzejua irizpide objektiboetan oinarrituko da, ordenantza honen 22. artikuluan islatzen den bezala.

57. artikulua. Etxerako egurraren aprobetxamenduarengatik ordaindu beharreko kanona urtero finkatuko du Iribarriko Kontzejuak aurrekontu arruntean.

58. artikulua. Onuradunak beharturik egongo dira hondarrak bildu eta metatzera egurra eraman eta gero; dena dela, hondakin horiek ezin dira bideetan, mendiko pistetan edo pasabidea ixten duten bestelako tokietan pilatu. Artikulu honetan ezarritakoa betetzen ez dutenei aprobetxamendua ukatuko zaie.

V. KAPITULUA

Herri-lurretako bestelako aprobetxamenduak

59. artikulua. Herri-lurrak sartuz eraturiko barrutietako ehizaren aprobetxamendua gaiari buruzko araudian ezarritakoari jarraikiz egingo da.

60. artikulua. Ondareko uren kontzesioa, herri-lurren okupazioa, herri-lurretan harrobiak ustiatzea eta herri-lurretan egin nahi den beste edozein aprobetxamendu edo hobekuntza, kasu bakoitzerako Iribarriko Kontzejuak prestatzen dituen baldintza-orrien arabera egingo dira. Gainera, jendaurrean eduki beharko dira 15 egunez gutxienez, eta Nafarroako Gobernuak onespena eman beharko du.

VI. KAPITULUA

Hobekuntzak herri-ondasunetan

61.1 artikulua. Iribarriko Kontzejuak indarrik gabe uzten ahalko ditu aprobetxamenduen adjudikazioak, lur horiek honako xede hau baldin badute:

a) Haien gaineko kargak kentzea.

b) Herri-lurretako ondasuna hobetzea.

c) Gizarterako proiektuak egitea, inguruabar pertsonalak, familiarrak edo sozialak direla medio beharrean daudela justifikatzen duten herritarrei laguntzeko.

61.2 artikulua. Proiektu horiek Udalak nahiz herritar interesdunek susta ditzakete, eta lehentasuna izango dute.

61.3 artikulua. Hona hemen halako kasuetan jarraitu beharreko bidea:

a) Iribarriko Kontzejuaren erabakia, proiektua eta ukitutako herri-lurren aprobetxamendua arautuko duen erregelamendua onesten dituena.

b) Hilabeteko epean jendaurrean jartzea eta Iribarriko Kontzejuaren erabakia, aurkezten diren alegazioei buruzkoa.

c) Nafarroako Gobernuaren onespena.

61.4 artikulua. Nafarroako Gobernuaren onespenak indarrik gabe utziko ditu ukitutako herri-lurretan diren adjudikazioak, eta titularrei sorrarazten zaizkien kalte eta galerak, baita lurretan eginak dituzten hobekuntzak ere, ordaindu egingo zaizkie, zuzenbidez hala egokitzen bazaie.

62. artikulua. Aprobetxamenduaren onuradunak herri-lurrak hobetzeko egiten dituen proiektuak onetsiko ditu toki entitateak; aldez aurretik, 15 egunean egongo dira jendaurrean eta, alegaziorik aurkeztuz gero, Udalak ebatzi beharko ditu.

V. TITULUA

Arau-hausteak eta zehapenak

63. artikulua. Arau-hauste administratibotzat hartzen dira honako hauek:

a) Erabilera zuzenean eta pertsonalki ez egitea.

b) Aprobetxamenduen kanonak Iribarriko Kontzejuak finkatutako epeetan ez ordaintzea.

c) Herritarren arteko aprobetxamendua nabarmen gaizki edo osorik ez egitea.

d) Aprobetxamenduaren %80, gutxienez ere, ez erabiltzea.

e) Aprobetxamenduaren mugak iragatea eta/edo haren ezaugarriei dagokienez gehiegikeriaz jokatzea.

f) Zertarako adjudikatzen den herri-lurra, beste zerbaitetarako erabiltzea.

g) Udalak adjudikatu gabe, herri-lurrak lantzea, nahiz eta landu gabeko lurrak, hots, larre utziak, izan.

h) Landaketa iraunkorrak egitea (fruta-arbolak etab.), Udalaren baimenik izan gabe.

i) Adjudikazioetan zehaztutako epeak ez errespetatzea.

j) Herri-larreetan bazkatzen den Aziendaren Osasuna Zaintzeari buruzko Foru Legean eta hori garatzen duen Erregelamenduan xedatutakoa ez betetzea.

k) Animalia hilak lurperatu gabe uztea.

l) Larratzeko eremuak ez errespetatzea.

m) Ordenantza honetan xedatutakoari kontra egiten dioten egitate edo egintza guztiak.

64. artikulua. Arau-hauste horiek honako zehapen hauek izango dituzte:

–a), b), c), d), f), h) eta j) arau-hausteengatik, emakida kenduko da, Nafarroako Gobernuaren organo eskudunek ezarri ahal dituzten zehapenak ukatu gabe, eta bestelakotutako errealitate fisikoa lehengoratzea, halakorik gertatu bada.

–i) arau-haustearengatik, herri-lurren edo herri-larreen adjudikazio-hartzailea izateko eskubidea galduko da.

–Gainerako arau-hausteetan, egindako kaltearen balioaren halako bostetik halako hamarrera ordaindu beharko da, eta bestelakotutako errealitate fisikoa lehengoratu beharko da, halakorik gertatu bada. Balio hori zehazterik ez badago, 60,10 euro eta 1.202,02 euro bitarteko zehapena ezarriko da.

–Zehapen prozedura Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legean xedatuari lotuko zaio eta, hala behar badu, honako hauetan ezarri denari: Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legea, eta Zehapen ahalmena erabiltzeko prozedurari buruzko abuztuaren 4ko 1398/1993 Errege Dekretua.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Ordenantza hau behin betiko onestean indarrik gabe geldituko dira baldin Iribarriko Kontzejuaren babespeko kontzejuetan diren ordenantzak, Iribarriko Kontzejuaren udal-mugarteko herri-ondasunen administrazioa, erabilera, zainketa, berreskuratzea eta aprobetxamendua arautzen badituzte.

AZKEN XEDAPENA

Ordenantza honek indarra hartuko du behin betiko onespena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean.

2019ko ekainaren 6ko Kontzejuaren bilkurak onetsi zuen hasiera batez.

Iragarkiaren kodea: L1911430