181. ALDIZKARIA - 2019ko irailaren 13a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

GOIZUETA

Autoenplegua sustatzeko dirulaguntza banan-banako ebaluazio araubidean ezartzen duen ordenantza. Behin betiko onespena

Goizuetako Udalak, 2019ko urtarrilaren 29an ospatutako Udalbilkuran, hasiera batez onetsi zuen Goizuetan autoenplegua sustatzeko dirulaguntza banan-banako ebaluazio araubidean ezartzen duen ordenantza.

Espedientea jendaurrera atera zen, 2019ko apirilaren 24ko 77 zenbakidun Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Udal honetako iragarki oholean argitaratu zen.

Jendaurreko epealdian ez denez inolako alegaziorik aurkeztu, ordenantzaren aldaketa behin betiko onartutzat ulertzen da.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legeko 325. artikuluak agintzen duena jarraituz, behin betikoz onartutako ordenantzaren testu osoa honakoa da.

Goizuetan, 2019ko irailaren 3an.–Alkatea, Unai Miranda Berroeta.

GOIZUETAN AUTOENPLEGUA SUSTATZEKO DIRULAGUNTZA BANAN-BANAKO EBALUAZIO ARAUBIDEAN EZARTZEN DUEN ORDENANTZA

Zioen azalpena.

Lan-merkatuaren egoera eta norberaren kontura lan egiteko zailtasunak kontuan hartuta, ekintzailetza ohiko sistemen ordezko bihurtzen ari da autoenplegua eta herritarrak landa-ingurunean errotzea bultzatzeko.

Administrazio Publikoek orokorrean, eta Toki Entitateak bereziki, tokiko merkataritza sustatzeko neurriak hartu behar dituzte, tokiko garapenerako elementu determinatzaile izateagatik, lurraldeko lana sustatzen baitu eta zerbitzu komertzialak bermatzen.

Ordenantza honen xedea da, hain zuzen ere, norberaren konturako enplegua sustatzea Goizuetan eta jarduera martxan jartzen dutenei laguntza ekonomikoa eskaintzea.

1. artikulua. Aplikatu beharreko araudia.

Ordenantza honen helburu den dirulaguntza ematearen erregimen juridikoari aplikagarri zaion araudia, azaroaren 17ko 38/2003 Dirulaguntzen Lege Orokorra eta Dirulaguntzen Erregelamendu Orokorra onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretua dira.

2. artikulua. Dirulaguntzen objektua eta ordenantza honen xedea.

Ordenantza honen xedea da, autoenplegua sustatzeko dirulaguntza erregimena ezartzea, zeinak Goizuetan norberaren kontura jarduera ekonomikoa martxan jarri nahi duen herritarrari eskainitako laguntza arautuko duen.

Jarduera ekonomikotzat hartuko da pertsona juridiko edo fisiko batek Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergan alta erregistratuta sortzen den jarduera.

Jarduera martxan dagoela ulertuko da, Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergan alta erregistratzen denetik.

3. artikulua. Irizpide orokorrak.

Dirulaguntzen kudeaketa berdintasun eta diskriminazio-eza, publizitate, gardentasun, lehia, objektibotasun, eraginkortasun eta efizientzia printzipioen arabera egingo da.

4. artikulua. Diruz lagunduko diren jarduerak.

Jarduera altan erregistratzen denetik hurrengo 24 hilabeteetan sortzen diren Gizarte Segurantzako kuotaren eta Jarduera Ekonomikoaren gaineko Zergaren ordainketari dagozkion gastuak dira diruz lagungarriak.

Diruz lagunduko da:

–Gizarte Segurantzako kuotaren ordainketaren gastuari dagokionean: Gizarte Segurantzako kuota ordaintzearen gastuaren %65 lagunduko da, 15 euro/hilabeteko mugarekin.

–Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergaren ordainketaren gastuari dagokionean: zerga ordaintzearen %85 lagunduko da.

Onuradun baten jarduera bat baino gehiago erregistratuko balitu altan, Gizarte Segurantzako gastuengatik jasotako dirulaguntza, lehenengoagatik jasotako berdina izango da, zenbatekoa handitzeko aukerarik egon gabe, ezta dirulaguntza epea luzatzekoa ere. Bestalde, Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergaren gastuengatik jasotako dirulaguntza, lehenengoagatik jasotako berdina izango da.

5. artikulua. Onuradunak.

Dirulaguntzaren onuradun izan daitezke:

a) Jarduera bat Goizuetako Jarduera Ekonomien gaineko Zergan altan erregistratzen dutenak.

b) Negozioa eskualdatzen dutenak, jarduerari jarraipena emanez, elementu subjektiboa aldatzen dituztenak.

Ordenantza honen onuradun izateko, pertsona fisiko edo juridikoek dirulaguntza emateko baldintzak bete beharko dituzte, eta ondorengo baldintzak bete eta ez izan debeku arrazoirik:

–Goizuetan erroldatua egotea dirulaguntza eskatzen den momentuan.

–Gizarte Segurantzan autonomo erregimenean altan erregistratuta egotea.

–Jarduera ekonomikoaren titularra izatea.

–Goizuetako Jarduera Ekonomikoaren gaineko Zerga erregistroan altan egotea.

–Jarduera ekonomikoaren egoitza soziala Goizuetan edukitzea.

–Nafarroako Foru Ogasunarekiko zerga betebeharrak egunean edukitzea.

–Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak egunean edukitzea.

–Goizuetako Udalarekiko zerga betebeharrak egunean edukitzea.

Ez dira dirulaguntza honen onuradun izango:

–Pertsona onuraduna izateko gainerako baldintza guztiak beteta ere, azken 12 hilabeteetan jarduera ekonomikoa martxan izan ez duten herritarrak.

–Goizuetako Erroldan modu jarraian eta etenik gabean altan ez daudenak.

–Lehenagoko enpresa baten izenaren edo forma juridikoaren aldaketa baten, kapital handitze batean edo egiturazko aldaketa baten ondoriozko enpresak.

Debekuak:

Ezingo dira ordenantza honek arautzen duen dirulaguntzaren onuradun izan egoera hauetakoren batean dauden pertsona edo entitateak:

a) Epai irmo bidez kondenaturik, dirulaguntza edo laguntza publikoak jasotzeko debekua dutenak.

b) Borondatezko konkurtsoa deklaratzeko eskaera egin dutenak, edozein prozeduratan kaudimengabe jo direnak, konkurtsoan deklaratuta daudenak, epailearen esku hartzearen menpe daudenak edo desgaituta daudenak uztailaren 9ko 22/2003 Lege Konkurtsalaren arabera, konkurtsoa kalifikatzeko epaian finkatutako desgaitze epealdia oraindik amaitu gabe egonik.

c) Administrazioarekin egindako edozein kontraturen suntsiarazpen irmoa eragin dutenak, suntsiarazpen kausa horren errudun jo dituztelarik.

d) Pertsona fisikoa, merkatal sozietateen administrariak edo haien ordezkaritzan jarduten dutenak jasoak egotea apirilaren 10eko 5/2006 Legeak, gobernuko kideen eta Estatuko administrazio orokorreko goi kargudunen interes gatazkak arautzen duenean, abenduaren 26ko 53/1984 Legeak, herri administrazioetako langileen bateraezintasunek arautzen dituenean edo ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoak, hauteskundeen araubide orokorrarenak arautzen dituenak ezarritako terminoetan edo materia arautzen duen arau autonomikoetan ezarritako baldintzetan hautetsiak direnak.

e) Indarreko xedapenek ezarritako zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarenak egunean ez dituztenak.

f) Dirulaguntzak itzultzearen betebeharrekoak egunean ez dituztenak, erregelamenduz ezarritakoa aintzat hartuta.

g) Epai irmo bidez kondenaturik, dirulaguntzak eskuratzeko debekua dutenak, ordenantza honekin, Dirulaguntzen Lege Orokorrakin, Ogasuneko Lege Orokorrakin edo Nafarroako Ogasuneko Foru Lege Orokorrakin bat.

6. artikulua. Pertsona onuradunaren betebeharrak.

Onuradunen betebeharrak ondorengoak dira:

1. Dirulaguntza ematea oinarritzen duen jarduera burutzea.

2. Eskakizuna eta baldintzak bete direla eta jarduera burutu dela justifikatu organo emailearen aurrean.

3. Egiaztapen ekintzen eraginpean jarri, eskatutako informazioa eskuragarri utziz.

4. Dirulaguntza ematen duen organoari jakinarazi diruz lagundutako jarduera finantzatzen duten bestelako dirulaguntza edo laguntzen eskuratzea.

5. Zerga betebehar eta Gizarte Segurantzako betebeharrekin eguneratua dagoela egiaztatu.

6. Goizuetan erroldan altan egotea jarduera ekonomikoa martxan dagoen denbora guztian.

7. Jarduera ekonomikoa gutxienez 12 hilabetez martxan edukitzea. Baldintza hau ez bada betetzen, jasotako dirulaguntza itzuli beharko da.

8. Jardueraren egoera egiaztatzeko onuradunak Udalaren esku utzi beharko du eska dakiokeen informazio administratiboa.

7. artikulua. Onarpen prozedura.

Banan-banakako ebaluazio araubidea jarraituko da dirulaguntzen onarpen prozeduran, eskabideen ebaluazio irizpidea eta dirulaguntzaren esleipena, baldintzak betetzen dituzten eskabide guztiak onartzea izan. Horretarako, Goizuetako Udalak dagokion nahikotasun ekonomikoa izateaz arduratu beharko du.

Dirulaguntzak emateko prozedura beti ofizioz hasiko da, ordenantza behin-betikoz onartzen delarik eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean iragarrita, ondorengo artikuluak zehazten duen forma eta epeetan.

8. artikulua. Eskabideen aurkezpena.

8.1. Aurkezteko tokia.

Eskabideak Goizuetako Udaleko Erregistro Nagusian aurkeztu beharko dira (Herriko Plaza 4-1, 31754 Goizueta), egoitza elektronikoan https://sedeelectronica.goizueta.eus, edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legeak 16.4 artikuluan jasotako tokietan.

8.2. Eskaerak aurkezteko epea.

Eskabideak aurkezteko epea urte bakoitzeko urriaren 1etik 30era bitartean izango da.

Epez kanpo aurkezten diren eskabideak baztertuak izango dira.

Jardueraren lehen 24 hilabeteetan sortutako gastuari aurre egiteko dirulaguntza, 3 deialditan eskatu ahal izango da gehienez ere, bakoitzean dagokion portzentajean.

8.3. Eskaerak aurkezteko modua eta dokumentazioa.

Pertsona interesatuak, edo hura ordezkatzen duenak, eskabide sinatua aurkeztu beharko du, edo Zuzenbidean onartutako balizko edozein bide erabiliz. Dirulaguntza eskabideek, ondorengo edukia izango dute gutxienez eta zehazten den dokumentuez osatu beharko da:

–Eskatzailearen pertsonalitatea egiaztatzen duen dokumentua, eta hala badagokio, ordezkaritzan jarduten duen pertsonarena (NAN pertsona fisikoen kasuan eta IZK pertsona juridikoenean).

–Dirulaguntza eskatzen den jarduera deskribatzen duen memoria eta egindako gastuen zerrenda.

–Dirulaguntzaren ordainketa egingo den kontu korrontearen zenbakia ematea. Ez dira ordainketa eskudirutan egingo.

–Helburu beragatik bestelako dirulaguntzarik jaso izanaren aitorpena. Horrela balitz, zenbatekoa eta erakunde emailea zehaztu beharko dira eta baita, Udaletxeak emandako dirulaguntza, bestelako dirulaguntzekin edo laguntzekin, onuradunaren gastuak ez dituela gainditzen.

–Diruz lagungarri diren gastuak gauzatu izanaren ziurtagiriak. Hau da, jarduera altan erregistratzen denetik hurrengo 24 hilabeteetan sortzen diren Gizarte Segurantzako kuotaren eta Jarduera Ekonomikoaren gaineko Zergaren ordainketari dagozkion gastuei dagozkienak.

–Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergan Goizuetako Udalean altan egotearen ziurtagiria.

–Gizarte Segurantzan autonomoen erregimenean alta emanda egotearen ziurtagiria.

–Goizuetan erroldatua egotearen ziurtagiria, erroldan egondako antzinatasuna egiaztatzen duena.

–Goizuetako Udalarekiko zerga behebeharrak egunean edukitzearen ziurtagiria.

–Nafarroako Ogasunarekiko zerga betebeharrak egunean edukitzearen ziurtagiria.

–Gizarte Segurantzarekiko betebeharren ordainketak egunean edukitzearen ziurtagiria.

Eskabideak ez baditu zehaztutako eskakizunak betetzen, pertsona interesdunari gehienez 10 egun natural luzaezineko epea emango zaio akatsa zuzendu edo dagokion dokumentazioa osatzeko, azalduz, horrela egingo ez balu eskakizuna baztertu egingo da ebazpen bidez Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legeak 21. artikuluan jasotako moduan.

Dirulaguntza eskabidea aurkezteak ordenantzak bere osotasunean jasotakoa ezagutzea eta onartzea dakar.

9. artikulua. Prozeduraren instrukzioa eta ebazpena. Ebazpenaren jakinarazpena.

9.1. Prozeduraren instrukzioa.

Lehendakari eta hiru bokalez osatutako Balorazio Batzordeak, instruktore moduan jardungo duenak, txosten bat osatuko du egindako balorazioen emaitzak zehazten dituena. Bertan eskatzaileek baldintzak betetzen dituztela egiaztatuko da eta dirulaguntza ebazpen proposamena alkateari igorriko dio, zeinak ebatziko duen dirulaguntza.

Lehendakaria izango da Udaleko lehendakari dena, eta bokal, udaleko bi zinegotzi eta udal idazkaria, azken honek idazkari bokal moduan jardungo du.

9.2. Ebazteko epea eta jakinarazpena.

Dirulaguntza ematea ebatzi eta jakinarazteko gehienezko epea 2 hilabetetakoa izango da, eskabideak aurkezteko azken egunetik kontatzen hasita. Gehienezko epealdia igarota dirulaguntza ebazpenik egongo ez balitz, eskabideak baztertu egin direla ulertuko da.

Alkatearen ebazpena arrazoitua izango da eta honakoa jaso beharko du: dirulaguntza ematen zaion pertsona nor den eta jasotako zenbatekoa, eta hala badagokio, baztertuak izan diren pertsonen zerrenda ere agertu beharko da.

Onarpen ebazpena pertsona edo entitate eskatzaileari jakinaraziko zioa, urriaren 1eko Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen 39/2015 Legeak 40. artikuluan jasotako moduan.

10. artikulua. Dirulaguntzen iragarpena.

Azaroaren 17ko 38/2003 Dirulaguntzen Lege Orokorrak 18.2 artikuluan ezarritakoaren arabera, Goizuetako Udalak Estatuko Dirulaguntzen Datu-Basera bidaliko du dirulaguntzen ebazpenari buruzko informazioa, aipaturiko testu legaren 20. artikuluak ezarritako baldintzen arabera.

Era berean, abenduaren 9ko Gardentasunaren, informazio publikoaren eskuragarritasunaren eta gobernu onaren 19/2013 Legeak ezarritakoarekin bat, Gardentasun Atarian iragarriko da dirulaguntzen ebazpena.

11. artikulua. Ordainketa.

Dirulaguntzaren ordainketa, honen onarpen ebazpena eman eta ondorengo 10 egun naturaleko epean egingo da.

12. artikulua. Lege hausteak eta zehapenak.

2003ko azaroaren 17ko 38/2003 Dirulaguntza Orokorren Legearen IV. tituluan aurreikusten diren lege hauste eta zehapenak ezartzen dira.

Gainera, lege hauste oso larriak kontsideratuko dira:

–Jarduera martxan edukitzeko ordenantzak aurreikusten duen gutxieneko epea, 12 hilabetekoa, ez betetzea.

–Jasotako dirulaguntzaren bikoitza edo kopuru handiagoko zorra izatea Goizuetako Udalarekin. Zorra sortzen dela ulertuko da, ordainketa egiteko borondatezko epea amaitzen den hurrengo egunetik.

–Esleipenaz arduratzen den organoak burututako jarduera-egiaztapen ekintzen eraginpean ez jartzea, edo dagokion kontrol organoaren konprobazio eta kontrol jarduketetara ez ezartzea, eskatutako dokumentazioa aurkeztuz.

Lege hauste larri hauek dirulaguntza osoa itzuliz zigortuko dira.

13. artikulua. Dirulaguntzaren itzulketa.

Hartutako dirua itzuli beharko da eta berandutze interesa ordaindu, dirulaguntza ordaintzen den unetik itzuli beharra erabakitzen den egunera bitarte, eta Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren 38.2 artikuluan finkatuko zenbatekoaren arabera, Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren 37.1 artikuluan ezarritako kasuetan.

Itzuli beharreko zenbatekoa, Goizuetako autoenplegua sustatzeko dirulaguntzagatik efektiboki ordaindutako zenbatekoa izango da. Itzulketaren gehienezko epea urtebetekoa izango da.

Itzulketa zatikatzeko aukera egongo da, gehienez ere 3 zatitan. Frakzioak ezingo dira 80 euro baino gutxiagokoak izan eta zenbateko berdina izan beharko dute guztiek.

Itzulerak transferentzia bidez egingo dira Udalak zehaztutako kontu korrontera. Ez da eskudirutan onartuko.

Onuradun bat dirulaguntzaren itzulketa burutzera behartua dagoenean, 20 eguneko borondatezko epea izango du itzulketaren zatiketaren eta ordainketa epea zehaztuz eskabidea aurkezteko., udalean dirulaguntzaren itzulera nola egingo duen zehaztuz. Borondatezko epean ez bada halakorik egiten, Udalak ofizioz eskatuko dio ordaindu beharrekoaren osotasuna itzultzeko ordainketa bakarrean.

Ordainketak zehaztutako epean egingo ez balira, Udalak prozedura exekutibora joaz kobratuko du.

14. artikulua. Dirulaguntzen bateragarritasuna.

Udal dirulaguntza bateragarria izango da jarduera bererako lortutako gainerako dirulaguntza, laguntza, sarrera eta errekurtsorekin, edozein delarik ere administrazio, entitate edo pertsona emalea.

Dirulaguntzaren zenbatekoak ezingo du gainditu diruz lagundutako jardueraren kostea, ez berak bakarrik ezta gainerako dirulaguntza, laguntza, kontuan izanik ere. Horrela gertatuko balitz, jasotako soberakina itzuli beharko da, dagokion atzerapen interesekin batera.

Pertsona onuradunak jakinarazi beharko du diruz lagundu den jarduerarekin zerikusia duten bestelako dirulaguntza, laguntza, eskaera eta eskuratzea. Jakinarazpena ezagutu bezain azkar honen berri eman beharko da.

15. artikulua. Onartutako dirulaguntzen iragarpena.

Emandako dirulaguntzen berri azaroaren 17ko 38/2003 Dirulaguntzen Lege Orokorraren 18. eta 20. artikuluetan ezarritakoaren arabera egingo da eta abenduaren 9ko Gardentasunaren, informazio publikoaren eskuragarritasunaren eta gobernu onaren 19/2013 Legeak ezarritakoaren kaltetan joan gabe.

16. artikulua. Datuen babesa.

Datu pertsonalak babesteari buruzko 15/1999 Lege Organikoan ezarritakoarekin bat, deialdira aurkeztutakoek baimena ematen dute euren datu pertsonalak tratatzeko eta aitortzen dute jakin badakitela datu horiek “langileen kudeaketa” fitxategian gordeko direla, besteak beste, dirulaguntzen kudeaketa egiteko. Eskatutako datuak emateari uko egiteak dirulaguntza- eskabidea kudeatzeko ezintasuna eragingo du.

Era berean, jakinarazten dizugu bildutako datuak hirugarrenei utzi ahal izango zaizkiela legean hala ezarrita dagoenean edota bestelako administrazio publikoei zein bere eskumenen arloan erabiltzeko.

Dirulaguntzak emateko prozesuaren emaitzak Goizuetako udaletxeko iragarki-oholean eta Goizuetako Udalaren webgunean argitaratuko dira, bai eta aplikagarri den araudian ezarritako tokietan ere.

Fitxategiaren arduraduna Udala da, eta bertan izango dute interesatuek eskubidea datuak eskuratzeko, zuzentzeko, baliogabetzeko edo kontra egiteko.

XEDAPEN IRAGANKORRA

2019ko deialdian eskabideak aurkezteko aukera izango dute, 2017ko urriaren 1etik jarduera ekonomikoen gaineko zergan altan eman duten bizilagunek.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENA

Ordenantzan jasotzen ez denari buruz xedatzeko, aplikagarri izango da azaroaren 17ko 38/2003 Dirulaguntzen Lege Orokorra eta Dirulaguntzen Erregelamendu Orokorra onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretua.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Ordenantza hau indarrean sartuko da Nafarroako Aldizkari Ofizialean iragarri eta ondorengo egunetik aurrera.

Iragarkiaren kodea: L1911442