181. ALDIZKARIA - 2019ko irailaren 13a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. LURRALDEAREN ANTOLAMENDUA ETA HIRIGINTZA

1E/2019 EBAZPENA, abuztuaren 27koa, Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiak emana, hasiera batean onesten duena “Salestarrak” Plan Bereziko xehetasun azterlanaren aldaketa, 8. lurzatiaren esparruan. Sustatzailea Adania Residencial SL da.

Nafarroako Gobernuak 2012ko ekainaren 13an hartutako Erabakiaren bidez, behin betiko onetsi zen Salestarren Lanbide Heziketako ikastetxea lekuz aldatzeko hirigintza hitzarmena, eta “Salestarrak” Udalez gaindiko Plan Sektoriala onetsi zen, Iruñeko eta Eguesibarko udal-mugarteei eragiten diena. Sustatzaileak San Joan Boscoren Salestarren Kongregazioa, Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentua eta Navarra de Suelo y Vivienda SA sozietate publikoa dira.

Lurraldearen Antolamenduaren, Mugikortasunaren eta Etxebizitzaren zuzendari nagusiaren ekainaren 18ko 365E/2015 Ebazpenaren bidez, behin betiko onetsi zen “Salestarrak” Plan Berezia, Salestarretako Udalez gaindiko Plan Sektorialaren garapen gisa, Iruñeko Aralar kaleari dagokiona (2. poligonoko 24. lurzatia). Navarra de Suelo y Vivienda SA (NASUVINSA) sozietate publikoak aurkeztu zuen plan berezi hori.

Ondoren, Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiaren uztailaren 6ko 560E/2018 Ebazpenaren bidez, behin betiko onetsi zen “Salestarrak” Plan Bereziko xehetasun azterlana, Salestarretako Udalez gaindiko Plan Sektoriala garatzen duena, Navarra de Suelo y Vivienda SAk, San Juan Boscoren Salestarren Kongregazioak, Adania Residencial SLk, Construcciones Andía SAk eta Nature Este SLk sustatua.

Orain tramitera aurkeztu den xehetasun azterlanaren aldaketak 8. lurzatiari eragiten dio (lurzati hori Iruñeko udal-mugarteko 2. poligonoko 193 lurzatiari dagokio), eta plan sektorialaren antolamendu xehatuko determinazioak aldatzen ditu. Zehazki, espedientearen xedea da fatxadetako baoen konposizioa aldatzea, ardatz horizontalaren arabera. Horretarako, 207 x 130 cm-ko baoak izanen dira, haien artean gehienez ere 70 cm-ko horma-atal itsu bat utzita.

Lurraldearen antolamenduaren eta hirigintzaren arloan eskuduna den departamentuari dagokio Udalez gaindiko Plan Sektorialak garatzeko plan bereziak tramitatzea eta onestea, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 43.1.d) artikuluarekin bat (uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez onetsi zen testu bategina).

Lurralde eta Paisaia Zerbitzuaren 2019ko abuztuaren 23ko txostena ikusirik, eta Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginarekin bat (uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez onetsia), eta Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen irailaren 21eko 78/2016 Foru Dekretuaren bidez emandako ahalmenak erabiliz, eta Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako Departamentuaren oinarrizko egitura ezartzen duen abuztuaren 14ko 86/2019 Foru Dekretuan ezarritakoarekin bat etorriz,

EBAZTEN DUT:

1. Hasiera batean onestea “Salestarrak” Plan Bereziko xehetasun azterlanaren aldaketa, 8. lurzatiaren esparruan. Sustatzailea Adania Residencial SL da.

2. Espedientea jendaurrean jartzea eta ukitutako udalei entzunaldia ematea, ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Nafarroan argitaratzen diren egunkarietan argitaratuz. Bi tramite horiek aldi berean eginen dira, eta 20 egun iraunen dute.

Ondorio horietarako, espedientea interesdunen eskura egonen da Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako Departamentuaren bulegoetan (Gonzalez Tablas kalea 9; 31005 Iruña), eta epe horretan zilegi izanen da idatziz nahi adina alegazio aurkeztea.

Gainera, dokumentua Nafarroako Gobernuaren zerbitzuen katalogoan kontsultatzen ahalko da, bai eta Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako Departamentuaren webguneko “Jendaurreko epea eta parte-hartze publikoa” izeneko atalaren bidez ere: www.ExposicionPublicaOT.navarra.es.

3. Ebazpen hau jakinaraztea Iruñeko Udalari, Iruñerriko Mankomunitateari eta espedientearen sustatzaileari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2019ko abuztuaren 27an.–Lurralde Antolamenduko zuzendari nagusia, Izaskun Abril Olaetxea.

Iragarkiaren kodea: F1911381