180. ALDIZKARIA - 2019ko irailaren 12a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

468/2019 EBAZPENA, abuztuaren 1ekoa, Politika Ekonomiko eta Enpresarialaren eta Lanaren zuzendari nagusiak emana, 2019. urtean nazioartekotze jarduerak egiteko lanak Nafarroako Merkataritza, Industria eta Zerbitzu Ganberari esleitzeko hitzarmena onesten duena.

Nafarroako Nazioarteko Planaren ardatz estrategikoen artean daude gobernantza eta lidergoa, enpresei haien nazioartekotze programetan laguntzea eta laguntza publikoa jasoko duten lehentasunezko merkatuak finkatzea. Ardatz horietan kokatzen diren eta Nafarroako Gobernuak 2019ko ekitaldian garatu nahi dituen neurri batzuk gauzatzeko, beharrezkoa da nazioartekotze prozesuen inguruko ezagutza eta esperientzia, Nafarroako enpresekiko hurbiltasuna eta xede merkatuetan jarduteko gaitasuna izatea.

Nafarroako Merkataritza, Industria eta Zerbitzu Ganbera Ofiziala, apirilaren 10eko 17/2015 Foru Legearen 2. artikuluan xedatutakoaren arabera, zuzenbide publikoko korporazio bat da, nortasun juridikoaz gainera, bere helburuak lortzeko jardute gaitasun osoa duena, eta Administrazio Publikoekin lankidetzan aritzeko aholku organo gisa eratua dago. Ganberaren helburua da merkataritzaren, industriaren eta zerbitzuen interes orokorrak ordezkatzea, sustatzea eta defendatzea, deusetan galarazi gabe interes pribatuak, horiek ere xede baititu. Ganberak eskura ditu Espainiako ganberen sareak dituen kontaktuak, bereziki Estatu Batuetakoak eta Frantziakoak, eta bitartekari ofizial gisa aritzeko aitorpena du; horri esker, intereseko destinoetan prospekzio lanetan ari diren merkataritza eta administrazio arloetako erakundeen arduradunengana ailegatzeko aukera dago.

Merkataritza, Industria eta Zerbitzu Ganbera Ofizialei buruzko apirilaren 1eko 4/2014 Lege Orokorraren 5. artikuluak eginkizun publiko-administratiboak ematen dizkie Ganberei. Horri esker, oso baliabide onak izaten ahal dira gure erkidegoaren ekonomia eta enpresa-sarea garatzen laguntzeko, besteak beste, kanpo merkataritza bultzatu, lagundu eta akuilatzeko jarduerak eginez.

Apirilaren 10eko 17/2015 Foru Legearen 7. artikuluaren bidez, Administrazioari ahalmena ematen zaio Ganberari bere eskumeneko jarduera material edo tekniko batzuk edo zerbitzu batzuk esleitzeko, eraginkortasun arrazoiengatik edo jarduera horiek egiteko baliabide tekniko egokirik ez badu, betiere aurretik Parlamentuari jakinarazita. Kudeaketa-esleipen hori Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta Ganberaren arteko hitzarmen baten bidez gauzatuko da, zeina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko baita. Honako hauek agertuko dira hitzarmen horretan: esleipenaren xedeko jarduerak, esleipenaren indarraldia, esleitutako kudeaketaren izaera eta hedadura eta, hala badagokio, bi alderdiek jartzen dituzten bitarteko ekonomikoak. Halaber, 17/2015 Foru Legearen 8. artikuluak xedatzen du Ganberak parte hartuko duela Ganberen Nazioartekotzeko Plana sortzeko eta exekutatzeko prozesuan, eta Nafarroako Gobernuarekin koordinatu beharko dela horretarako.

Jakinik Nafarroako Gobernuak ez duela langile gaitu nahikorik nazioartekotzearen arloan 2019ko ekitaldirako planifikatuta dauden egiteko guztiak gauzatzeko, eta kontuan harturik Merkataritza, Industria eta Zerbitzu Ganberak duen izaera juridikoa eta esleiturik dituen eginkizun publiko administratiboak, eraginkortasun arrazoiengatik eta baliabideak optimizatzeko asmoz, gomendagarria da, apirilaren 10eko 17/2015 Foru Legearen 7. artikuluan xedatutakoaren babesean, Ganberari esleitzea jarduera hauen kudeaketa:

1. 2019ko Nazioartekotzearen eguna antolatzeko lanetan laguntzea.

2. Gobernuarekin elkarlanean antolatzea Nafarroako startupak Ameriketako Estatu Batuetako berrikuntza- eta ekintzailetza-ekosisteman murgiltzeko programa.

3. Nafarroako Gobernuaren nazioartekotzeko mentoretza-programa koordinatzea.

4. Nafarroako Gobernuari nazioartekotzeko dirulaguntzak eskatzen dizkieten enpresak enpresa txiki eta ertainen (ETE) kategorian sartzen direla egiaztatzea.

5. Bio Osasunaren sektorearentzat misio instituzional bat antolatzea, Estatu Batuetara.

Ekintza horiek 2018. eta 2019. urteetan eginen dira, eta Nafarroako Gobernuari 73.866,59 euroko gastua eraginen diote.

Horrenbestez, eta Garapen Ekonomikorako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urtarrilaren 11ko 1/2017 Foru Dekretuaren xedapen gehigarrietan bigarrenak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. 2019. urtean nazioartekotze jarduerak kudeatzeko lanak Nafarroako Merkataritza, Industria eta Zerbitzu Ganbera Ofizialari esleitzea formalizatzen duen hitzarmena onestea. Hitzarmena ebazpen honen eranskinean jaso da.

2. Merkataritza, Industria eta Zerbitzuen Ganbera Ofizialari 73.866,59 euroko zenbatekoa esleitzea, hitzarmenaren ondorioz sortutako gastuei aurre egiteko:

• 68.593,71 euro, 2019ko gastuen aurrekontuko “Merkataritza Ganberari esleipena Nazioartekotzea” izeneko 810003 81430 2276 146104 partidaren kargura.

• 5.272,88 euro, 2020ko gastuen aurrekontuan sortuko den eta aurreko apartatuan adierazitakoaren baliokidea izanen den partidaren kargura.

3. Ebazpen hau Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako Departamentura bidaltzea (Foru Erakundeekiko Prozeduren Kudeaketarako Atalera), Nafarroako Parlamentuari igor diezaion, Nafarroako Merkataritza, Industria eta Zerbitzu Ganbera Ofizialari buruzko apirilaren 10eko 17/2015 Legearen 7. artikuluan ezarritakoarekin bat.

4. Ebazpen hau Nafarroako Merkataritza, Industria eta Zerbitzu Ganbera Ofizialari jakinaraztea.

5. Ebazpen hau eta esleipenaren hitzarmena, behin bi alderdiek sinatu ondoren, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

6. Ebazpen honek ez du administrazio bidea bukatzen, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da Garapen Ekonomikorako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik aurrera.

Iruñean, 2019ko abuztuaren 1ean.–Politika Ekonomiko eta Enpresarialaren eta Lanaren zuzendari nagusia, Izaskun Goñi Razquin.

HITZARMENA, NAFARROAKO MERKATARITZA, INDUSTRIA ETA ZERBITZU GANBERA OFIZIALARI EGITEN ZAION KUDEAKETA-ESLEIPENA FORMALIZATZEN DUENA, NAZIOARTEKOTZE JARDUERAK EGIN DITZAN 2019-2020 ALDIAN

Iruñean, 2019ko abuztuaren 5ean.

BILDU DIRA

Batetik, Izaskun Goñi Razquin andrea, Politika Ekonomiko eta Enpresarialaren eta Lanaren zuzendari nagusia.

Eta bestetik, Javier Taberna Jiménez jauna, Nafarroako Merkataritza, Industria eta Zerbitzu Ganbera Ofiziala ordezkatuz, Ganberako lehendakaria baita.

Bildutakoek, nork bere ordezkaritza erabiliz, eta adostasunez,

ADIERAZI DUTE:

Lehena.–Politika Ekonomiko eta Enpresarialaren Zuzendaritza Nagusiak, Nafarroako jarduera ekonomikoaren nazioartekotzea sustatzearen arloan dituen eskumenak erabiliz, ezinbesteko du Nafarroako 2017-2020 Nazioarteko Planean (NNP3) zehaztutako jarduerak egitea. Ekintza horietako batzuk gauzatzeko, Nafarroako Ganberak nazioartekotzearen alorrean orokorrean eta bereziki Estatu Batuetako eta Frantziako merkatuei inguruan duen ezagutza, esperientzia eta jarduteko gaitasunaren beharra du Gobernuak. Halaber, Zuzendaritza Orokorrak laguntza behar du Nazioarteko Proiekzio Zerbitzuaren dirulanguntzak eskatzen dituzten enpresak ETE kategorian sartzen direla egiatzatzeko.

Bigarrena.–Nafarroako Merkataritza, Industria eta Zerbitzu Ganbera (aurrerantzean Nafarroako Ganbera), apirilaren 10eko 17/2015 Foru Legearen 2. artikuluan xedatutakoaren arabera, zuzenbide publikoko korporazio bat da, nortasun juridikoaz gainera, bere helburuak lortzeko jardute-gaitasun osoa duena, eta administrazio publikoekin lankidetzan aritzeko aholku organo gisa eratua dago. Ganberaren helburua da merkataritzaren, industriaren eta zerbitzuen interes orokorrak ordezkatzea, sustatzea eta defendatzea, deusetan galarazi gabe interes pribatuak, horiek ere xede baititu.

Apirilaren 10eko 17/2015 Foru Legearen 5. artikuluak eginkizun publiko-administratiboak ematen dizkie, eta horri esker, oso baliabide onak izaten ahal dira gure erkidegoaren ekonomia eta enpresa-sarea garatzen laguntzeko. Zehazki, ganberak dituen eginkizun publiko-administratiboen artean, kanpo merkataritza bultzatu, lagundu eta akuilatzeko jarduerak egitea dago; horretarako, Nafarroako produktu eta zerbitzuak kanpoan hedatzea eta esportazioak sustatuko ditu, eta Nafarroako Foru Komunitatean industria- eta zerbitzu-jardueretan diharduten enpresen errolda publiko bat eginen du.

Hirugarrena.–17/2015 Foru Legearen 7. artikuluak ahalmena ematen dio Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari, Nafarroako Parlamentuari aurretik jakinarazita, bere eskumeneko lan material edo tekniko edo zerbitzu batzuk Ganberari esleitzeko, dela eraginkorrago aritzeko, dela lan horietarako baliabide tekniko egokirik ez izateagatik.

Kudeaketa-esleipen hori Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta Nafarroako Ganberaren arteko hitzarmen baten bidez gauzatuko da, zeina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko baita. Honako hauek agertuko dira hitzarmen horretan: esleipenaren xedeko jarduerak, esleipenaren indarraldia, esleitutako kudeaketaren izaera eta hedadura eta, hala badagokio, bi alderdiek jartzen dituzten bitarteko ekonomikoak.

Laugarrena.–Kasu honetan, eraginkortasunari lotutako arrazoiei administrazioak baliabide tekniko egokiak ez izatea gaineratu behar zaie, eta horregatik, Nafarroako Ganberari esleipena egitea erabaki da, dituen funtzio publiko-administratiboengatik, ganbaren sarearen bidez atzerrian duen presentziagatik eta munduko Ganberen sarearen parte izanik oso tresna eraginkorra delako Nafarroako ekonomia nazioartekotzera bideratutako baliabideak optimizatzeko.

Esleipenean zeregin hauek sartu dira 2019rako:

1. 2019ko Nazioartekotzearen eguna antolatzeko lanetan laguntzea.

2. Gobernuarekin elkarlanean antolatzea Ameriketako Estatu Batuetako berrikuntza- eta ekintzailetza- ekosisteman murgiltzeko programa.

3. Nafarroako Gobernuaren nazioartekotzeko mentoretza-programa koordinatzea.

4. Nafarroako Gobernuari nazioartekotzeko dirulaguntzak eskatzen dizkieten enpresak ETE kategorian sartzen direla egiaztatzea.

5. Bio Osasuna sektorearentzat Estatu Batuetan misio instituzional bat antolatzen laguntzea.

KLAUSULAK

Lehena.–Xedea.

Garapen Ekonomikorako Departamentuak honako egiteko hauek esleitzen dizkio Nafarroako Merkataritza, Industria eta Zerbitzu Ganberari:

1. Gobernuari 2019ko Nazioartekotzearen eguna antolatzeko lanetan laguntzea.

Nafarroako 2017-2020 Nazioarteko Planeko Gobernantza eta Lidergoa ardatzean jasota dago urtero Nazioartekotzearen eguna ospatuko dela, hiru helbururekin: nazioartekotzeari loturiko politikei dagokienean Nafarroako Gobernuak duen lidergo argi eta berariazkoa bistaratzea, sektore enpresariala eta Nafarroako gizartea nazioartekotzeak dakartzan aukeren inguruan sentsibilizatzea, eta Nafarroako enpresen esportazio-kopurua handitzea.

2019ko Nazioartekotzearen eguna Frantziak Nafarroako enpresei eskaintzen ahal dizkien aukeren inguruan ardaztuko da. Besteak beste, nekazaritzako elikagaien eta azpikontratazio industrialen alorrean diharduten Nafarroako eta Frantziako enpresen arteko B2B topaketak antolatuko dira.

Ekitaldi hori nazioartekotzean engaiatuta dauden eta Nafarroako Nazioarteko Planaren zirkulua osatzen duten eragile publiko eta pribatuen arteko elkarlanaren emaitza da. Honako eragile hauek osatzen dute zirkulua: Nafarroako Gobernua, ICEX, CEN, Nafarroako Ganbera, Enterprise Europe Network-en Nafarroako nodoa eta Sodena.

Mundu osoan zehar daude Merkataritza Ganberak, eta haien arteko loturak estuak dira oso. Zehazki, Nafarroako Ganbera sarritan aritzen da elkarlanean Espainiako Merkataritza Ganberak Parisen duen ordezkaritzarekin eta Madrilgo Ganbera franko-espainiarrarekin.

Bestalde, Espainiako Merkataritza Ganberek azpikontratazio industrialaren plan sektoriala garatzen dute. Hainbat ganbera daude azpisektore industrial horretan espezializatuta. Nafarroako Ganberak badu esperientziarik azpikontratazio industrialaren erosle europarrentzat topaketak antolatzen, eta Nafarroako enpresekin duen harremana dela eta, ongi ezagutzen du Nafarroan azpikontratazio industrialaren egoera zein den. Horrez gain, Nafarroako enpresa azpikontratatzaileen katalogo bat ere badu.

Ganbaren sarearekin dituen harremanengatik eta Nafarroako azpikontratazioaren sektorearen inguruan duen ezagutza dela eta, Nafarroako Ganberari esleitu zaio nazioartekotzearen egunari loturiko zeregin hauek betetzeko ardura:

–Hizlari bat lortzea.

–Azpikontratazioaren sektoreak Frantzian aurkitzen ahal dituen aukerei eta erronkei buruzko tailer bat antolatzea.

–Azpikontratazioari buruzko B2B topaketak antolatzea. Nafarroako Ganberak beharrezko azterketa-lanak egin eta, gutxienez, Nafarroan ekoiztutako ondasunetan interesatuta dauden 15 erosle hautatzeko ardura izanen du, bai eta enpresa nafarrak erakarri eta kanpoko enpresekin parekatzekoa ere. Bestela esanda, topaketen agenda sortu beharko du. Horrez gain, lagun egingo die enpresei topaketek iraun bitartean eta bisitetan.

–Enpresa erosleen desplazamenduak kudeatzea.

2. Gobernuarekin elkarlanean antolatzea eta exekutatzea Estatu Batuetako berrikuntza- eta ekintzailetza-ekosisteman murgiltzeko programa.

Oinarri teknologikodun startupek nazioarteko izatera heltzea dute xede. Nafarroako Gobernuaren eta Nafarroako Ganberaren asmoa beren produktuak eta zerbitzuak nazioartekotzeko bideak bilatu nahi dituzten startup nafarrei nazioartekotze hori erraztea da.

New Yorken bilakaera handia gertatu da azken urteetan berrikuntzari eta ekintzailetzari dagokionean, eta horren ondorioz, AEBetako bigarren startup-ekosistema handiena bilakatu da.

2018an Nafarroako Gobernuak eta Nafarroako Ganberak programa bat antolatu eta burutu zuten Nafarroako startupei New Yorkeko berrikuntza- eta ekintzailetza-ekosisteman murgiltzen laguntzeko. Enpresa parte-hartzaileek AEBetan enpresa-jarduera bat martxan jartzeko eta garatzeko ezagutu beharreko funtsezko gaien berri ematea zen programaren helburua.

Misioa 2018ko urrian burutu zen eta oso balorazio positiboa jaso zuen parte hartu zuten sei enpresengandik.

Hori dela eta, 2019an programa berriz egitea erabaki da, oraingo honetan ere New York ardatz hartuta. Edizio honen helburua Nafarroako enpresei hango ekintzailetza-sarea eta Estatu Batuetan arrakastaz ekiteko giltzarriak zuzenean eta bertatik bertara ezagutzeko aukera ematea da. Horretarako, astebetez eta New Yorken bertan, honako hauekin biltzeko aukera izanen dute parte enpresa parte-hartzaileek:

–Ekintzaile arrakastatsuak.

–Inbertitzaileak.

–Inkubagailuak eta azeleragailuak.

–New York estatuko bulego ekonomikoak.

–Ekintzaileei laguntzeko programak.

–Beste zenbait erakunderekin: banka, abokatutzako profesionalak...

Lan-agenda New Yorkeko Spain-US Chamber of Commerce erakundearekin elkarlanean garatuko da.

Nafarroako Ganberak misio hori Ganbaren Planean sartzeko eskatu du, eta horrenbestez, aipatutako ekintzek FEDER funtsen kofinantzaketa lortzen ahalko dute. Hala, enpresa parte-hartzaileek Estatu Batuei dagokien bidaia-poltsari etekina ateratzeko aukera izanen dute, bai eta elkarrizketa-agendaren kostuen erdia estaliko duen dirulaguntza lortzekoa ere.

Nafarroako Gobernuak bere aurrekontuekin finantzatuko du ekintza enpresarialetan parte hartzeko enkargua jaso duten Ganberako langileei eta haien joan-etorriei loturiko gastuen zati bat. Ez du inola ere misioetan parte hartuko duten enpresen gasturik finantzatuko.

Ekintza hau martxan jartzeko, gutxienez 6 enpresak eman beharko dute izena programan.

3. Nafarroako Gobernuaren nazioartekotzeko mentoretza-programa informala koordinatzea.

2017an Nafarroako Gobernuak Nafarroako Ganberari nazioartekotzearen arloan egindako kudeaketa-esleipenaren barnean, mentoretza-programa bat diseinatzeko eta nazioartekotze-prozesuetan esperientzia handia zuten eta programan parte hartzeko prest zeuden mentore boluntarioak hautatzeko eskatu zion.

Nafarroako Ganberak sektore enpresarial desberdinetan esperientzia duten eta lan egin izan duten enpresetan nazioartekotze-prozesu arrakastatsuak burutu dituzten 15 pertsona hautatu zituen.

2018an, Nafarroako Gobernuak programa martxan jartzeko mandatua eman zion Nafarroako ganberari. Fase pilotuan 6 mentoretza-programa burutu dira, eta bai mentoreak bai mentoretza jasotako enpresak oso kontent agertu dira emaitzekin.

Nafarroako Gobernuak programaren oso balorazio ona egin du, nazioartekotzea bultzatzeaz gain, Nafarroako enpresen arteko elkarlana era sustatzen baitu, eta hala, enpresei hazteko aukera ematen.

Programan musu-truk engaiatzea erabaki duten mentoreen eskuzabaltasuna eta Nafarroako Ganberak oraingo mentoreekin, mentore potentzialekin zein programari etekina ateratzeko aukera duten enpresekin duen harreman berdingabea aprobetxatuz, 2019an programarekin jarraitzea eta horri bultzada berri bat ematea da asmoa, 2019-2020 aldian 20 mentoretza-prozesura ailegatzeko.

Mentoretza-programaren barnean honakoak enkargatu zaizkio Nafarroako Ganberari:

–Programaren berri hedatzeko eta enpresak erakartzeko lan egitea.

–Gaur egun ordezkaritzarik ez duten edo eskaera bereziki handia duten esparruetarako mentore berriak erakartzea.

–Mentoretza-prozesuko bileren jarraipena egitea.

–Mentoretza-prozesuen testuinguruan aholkularitza profesionala behar duten mentoreei laguntza ematea. Gehienez bi orduko aholkularitza eskainiko zaie Asociación Española de Mentoring elkartearen eskutik.

–Programaren emaitzak aztertzea.

4. Nafarroako Gobernuari nazioartekotzeko dirulaguntzak eskatzen dizkieten enpresak ETE kategorian sartzen direla egiaztatzea.

17/2015 Foru Legearen 5,2 artikuluan Nafarroako Merkataritza, Industria eta Zerbitzu Ganbera Ofizialaren funtzio publiko-administratiboak jasotzen dira, eta horien artean daude, alde batetik, enpresei dirulaguntzak emateko programa publikoak kasuan-kasuan ezarritako baldintzetan izapidetzea eta horiei loturiko zerbitzu publikoak kudeatzea, kudeaketa hori Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari dagokion kasuetan, eta bestetik, beste edozein funtzio garatzea Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak, bere eskumenak erabiliz, ezinbestekotzat jotzen duenean.

Nafarroako Gobernuak, enpresa txiki eta ertainei zuzenduriko nazioartekotzeko dirulaguntzak kudeatzeko prozesuan, Nafarroako Ganberari esleitzen dio dirulaguntzak eskatzen dituzten enpresak ETE kategorian sartzen direla egiaztatzeko lana. Gehienez 15 enpresa aztertuko dituzte, Batzordearen EB 651/2014 Erregelamenduan xedatutakoaren ildotik.

Nafarroako Gobernuko Nazioarteko Proiekzio Zerbitzuak Nafarroako Ganberari helaraziko dizkio enpresek aurkeztutako dokumentuak eta informazioa, dirulaguntzen deialdian sartzeko moduko tamaina duten ala ez egiazta dezan.

Nafarroako Ganberako lan-taldeak jasotako dokumentuak aztertuko ditu, eta helarazi zaion informazioa urria edo okerra bada, Merkataritza Erregistroan eta haren tankerako informazio-iturri ofizialeetan kontsultagai dagoen informaziora joko du.

Egindako azterketaren ildotik, enpresa txikia, ertaina edo handia den erabakiko da.

Kategoria horretakoak direla egiaztatzeko dokumentazioa eskuratzen den kasuetan, Ganberako Idazkari Nagusiak enpresaren tamainari buruzko egiaztagiri bat (dokumentu publikoa) sortuko du.

Behin lan hori bukatuta, eta gehienez hilabeteko epean, enpresa-tamainari buruzko egiaztagiriak helaraziko zaizkio Nazioarteko Proiekzio Zerbitzuari, espedienteetan txerta ditzan, hori egiaztatzeko agiriekin eta kalkuluaren justifikazioarekin batera.

5. Bio Osasuna sektorearentzat misio instituzional bat antolatzea, Estatu Batuetara.

Nafarroako sektore biomedikoa 68 enpresak, bost ikerketa-zentrok, bi unibertsitatek eta beren esparruetan buru diren bi ospitalek osatzen dute.

Osasunaren sektorea Nafarroako espezializazio adimenduneko estrategian (S3) sartuta dauden sei esparru nagusietako bat da, eta esparru horren barruko ekintza-lerro bat medikuntza pertsonalizatua da.

AEB lehentasunezko merkatutzat jotzen da Nafarroako Nazioarteko 3. Planaren (NNP 3) barruan,. Gainera, lidergoa mantendu du biomedikuntzaren sektorearen hazkundeari dagokionean. AEB nagusi da estatistika guztietan, bai industriaren bolumenari bai I+Gn egindako gastuari eta langile-kopuruari dagokionean ere, eta alde handiz gainera. Zientzia biomedikoa, arrisku-kapitala eta ekintzailetzari loturiko talentua eta kultura batzen dituzten bi jarduera-nukleo nagusiak Bostonen (Massachussets) eta San Frantziskoko badian (Kalifornia) daude.

Planean jasotako ekintzen artean, AEBetara misio instituzional bat egitea proposatzen da, Nafarroako doitasunezko medikuntzaren sektorea oinarri hartuta.

Osasunaren sektoreko zenbait eragile nabarmenek helarazitako iritziak eta gomendioak bildu ondoren, doitasunezko medikuntza ardatz hartuta AEBetara misio instituzional bat egitea erabaki zen, honako helburu hauekin:

–Estatu Batuetako enpresen eta hango ekintzailetza-ekosistemaren aurrean osasun-ekosistema nafarra aurkeztea.

–Estatu Batuetako merkatura sartzeko mekanismoak ezagutzea: Nafarroako produktuak eta I+G zerbitzuak AEBn saltzea ardatz duen lan komertziala.

–Ikerketa-zentroen eta instituzioen arteko elkarlan-prozesuak martxan jartzea.

–AEBetako osasun-ekosistemaren ingurunea ezagutzea: ikerketa biomedikoa, finantzaketa-mekanismoak, eta ikerketa-zentroen eta enpresa-munduaren arteko harremanak.

–Nafarroako osasun-ekosistemara inbertsioa erakartzea (proiektu enpresarialak eta ikerketa-proiektuak).

Helburu horiek oinarri hartuta, honako egitekoak esleitu zaizkio Ganberari:

–Misioan ezarritako helburuak bete ahal izateko AEBetan bisitatu behar diren entitate nabarmenak lokalizatu, haiekin harremanetan jarri eta hitzorduen agenda zehaztea.

–Bidaiaren alde logistikoa antolatzea: hegaldiak, hotelak eta AEBetan eginen diren desplazamenduak.

–Misioko ordezkari nafarrei lagun egitea.

Bigarrena.–Nafarroako Ganberaren betebeharrak.

Nafarroako Merkataritza, Industria eta Zerbitzu Ganberak honako puntu hauek betetzeko konpromisoa hartzen du:

–Esleitutako egitekoak Politika Ekonomiko eta Enpresarialaren eta Lanaren Zuzendaritza Nagusiak emandako argibideei jarraituz burutzea.

–Bi erakundeek batera antolatzen dituzten ekintzetan, Nafarroako Gobernuarekin koordinatzea ekintza horiek era adostuan diseinatzeko eta burutzeko.

–Esleitutako ekintzak garatzeko eta haien berri emateko sortutako dokumentu guztietan ekintza hori Nafarroako Gobernuak Nafarroako Ganberarekin elkarlanean garatutakoa dela adieraztea, eta Nafarroako Gobernuaren, NNP3ren eta Nafarroako Ganberaren logoak txertatzea.

–Nafarroako Gobernuak eta Nafarroako Ganberak elkarlanean antolatutako ekintzak garatzeko sortutako dokumentu guztietan Nafarroako Gobernuaren, NNP3ren, Nafarroako Ganberaren, Ganberen Planaren eta FEDER-en logoak txertatzea.

–Giza baliabide eta baliabide material nahikoa izatea, esleitutako zerbitzua bai langileei bai alderdi materialei dagokienean era eraginkorrean kudeatuko dela, lanen aurrekontuak errespetatuko direla eta zereginak epean burutuko direla bermatzeko.

–Hitzarmen honen eranskinean ageri diren zenbateko eta portzentajeei jarraituz kofinantzatzea Nafarroa-Estatu Batuak Foroa antolatzeak sortutako gastuak, Ganberen Planarekin eta FEDER funtsekin batera.

–Espainiako Ganberaren eta FEDER funtsen bidez kofinantzatzea AEBetarako misioetan parte hartuko duten enpresen bidaiek eta agendek sortutako gastuak.

–17/2015 Foru Legearen 38. artikuluan jasotako aurreikuspen guztiak betetzea, eta, zehazki, esleipen honi dagokionez, ezagutzera ematea hemen aurreikusitako baliabide ekonomikoak jaso dituela.

–Trukatutako datu eta informazio guztien inguruan erabateko konfidentzialtasuna, sekretu profesionala eta erreserba gordetzea, bai eta prozesuan sortzen ahal diren agirien inguruan ere, eta informazio hori dagokion konfidentzialtasun- eta kritikotasun-mailaz tratatzea. Horretarako, nahikoa babes-neurri fisiko, logiko zein beharrezkoa den beste edozein motatako hartuko dira.

Hirugarrena.–Politika Ekonomiko eta Enpresarialaren eta Lanaren Zuzendaritza Nagusiaren betebeharrak.

Politika Ekonomiko eta Enpresarialaren eta Lanaren Zuzendaritza Nagusiak honako puntu hauek betetzeko konpromisoa hartzen du:

1. Esleitutako lanak errazte aldera behar diren kudeaketak egitea eta behar den informazio guztia Ganberaren esku jartzea.

2. Kudeaketa-esleipen honetako ekintzak era egokian garatu daitezen, Nafarroako Ganbararekin koordinatuta jardutea.

3. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea startupentzat AEBetara antolatuko diren misioen deialdiak, eta horretan adieraztea ekintza hori Nafarroako Ganberarekin elkarlanean antolatu eta FEDER funtsekin kofinantzatu dela.

4. Nafarroako Ganberari 73.866,59 euroko gehienezko zenbatekoa ematea, Nafarroako Gobernuaren kargura eta funts komunitarioen kofinantzaketarik gabe, lehen klausulan zerrendatutako ekintzak burutzeko. Hona hemen ekintza bakoitzari dagokion zenbatekoa:

2019

2020

Nazioartekotzearen egunean parte hartzea: Frantzia

25.606,02 euro

AEBetako ekintzailetza-ekosisteman murgiltzea

7.375,49 euro

Mentoretza-programa koordinatzea

5.272,87 euro

5.272,87 euro

Bio-Osasuna sektorearen misioa AEBetara

28.837,31 euro

Enpresa eskatzaileak ETE kategorian sartzen direla egiaztatzea

1.502,01 euro

Jarduketa batean hari esleitutako aurrekontua baino gehiago gastatuz gero, konpentsatu egiten ahal da, baldin eta beste jarduketa batean horri esleitutako aurrekontua baino gutxiago gastatzen bada, betiere jarduketari esleitutako aurrekontuan %15eko goranzko aldaketa gertatzen bada gehienez, eta horren ondorioz ez bada aurrekontuaren guztizkoa gainditzen.

Laugarrena.–Egindako ekintzen justifikazioa eta ordaintzeko modua.

1. Aurreko atalean zehaztutako diru kopuruak erabiliko dira Ganberak esleitu zaizkion lanak egiterik sortutako gastuak ordaintzeko.

2. Diru hori Ganberari ordainduko zaio, bukaerako exekuzio memoria eta izandako gastuen egiaztagiriak aurkeztu ondoren. Zehazki, honako hauek aurkeztu beharko ditu Ganberak:

a) Gastuen eta ordainketen ziurtagiriak, Ganberaren arduradun ekonomikoak eginak, non agertuko baitira egotzitako gastuaren datuak eta egindako ordainketak, Politika Ekonomiko eta Enpresarialaren eta Lanaren Zuzendaritza Nagusiak konprometitutako gehieneko mugaraino, eta horiek justifikatzeko agiriak.

b) Langileria gastuak justifikatzeko, langileen nominak, Gizarte Segurantzako TC1 eta TC2 kotizazio agiriak (epe horri dagozkionak) aurkeztu beharko dira.

Zehaztasunez justifikatuko da, halaber, kudeaketa-esleipeneko zeregin bakoitzari egotzitako ordu-kopurua.

c) Gainerako gastu zuzenak justifikatzeko horien jatorrizko fakturak eta ordaindu izanaren banku agiriak aurkeztuko dira, baita gastuak hainbanatzeko erabilitako metodo zuzen eta justua azaltzeko memoria ere, hala badagokio.

d) Zeharkako gastuen portzentajea, zeina langileria gastuen %10ean ezarri den, itxitako azken ekitaldiko kostu errealen arabera justifikatuko da, eskuarki onartzen diren kontabilitateko printzipio eta arauei jarraituz.

e) Gastuen artean ezin da zeharkako zergarik sartu, berreskuratu edo konpentsatzeko modukoak badira, ez eta errentaren gaineko zerga pertsonalak badira ere. Esleipenaren xede diren atzerriko ekintzetatik sortutako gastuei loturiko subjektu pasiboaren inbertsioa dela eta Nafarroako Ganberak Ogasunean sartu beharko lukeen BEZari dagokionez, horiek gastutzat hartzeko baldintzak betetzen dituztenean, dagozkien BEZ aitorpenetan sartuko beharko dira, esleipena bukatu baino lehen.

Esleipenari dagokion ordainketa bi zatitan eginen da, programatutako ekintzak burutu direla justifikatzen duten agiriak egiaztatu eta gero.

2019rako programatutako jarduerei dagozkien justifikazioak aurkezteko epea 2019ko azaroaren 22an bukatuko da.

Mentoretza-ekintzen amaierako justifikazioa aurkezteko epea, berriz, 2020ko ekainaren 15ean bukatuko da.

Bosgarrena.–Jarraipen Batzordea.

Esleipen hau egoki gauzatzen dela zaintzeko, Jarraipen Batzorde bat eratuko da. Batzorde horretako burua Politika Ekonomiko eta Enpresarialaren eta Lanaren zuzendari nagusia izanen da, edo horren eskuordetza hartzen duen pertsona, eta bi batzordekide hauek ere izanen ditu: bata, aipatu berri dugun Zuzendaritza Nagusi izendatua, eta, bestea, Ganberak izendatua.

Batzordeko buruak boto erabakigarria izanen du. Zuzendaritza nagusi horrek izendatuko du batzordeko idazkaria, zeinak hizpidea izanen baitu baina botorik ez.

Batzordearen funtzionamenduari dagokionez, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legearen Atariko Tituluaren II. kapituluko 3. atalean administrazio publikoetako kide anitzeko organoei buruz xedatutakoari jarraikiko zaio, eta, halaber, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta Foru-sektore Instituzional Publikoari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen II. tituluko IV. kapituluan xedatutakoari.

Seigarrena.–Auziak ebaztea.

Alderdien artean sortutako eztabaida eta auzien gainean Jarraipen Batzordean adostasunik lortzen ez bada, Garapen Ekonomikorako kontseilariak ebatziko ditu, eta, hala badagokio, administrazioarekiko auzien gaineko jurisdikzio-ordenari jakinaraziko zaizkio eta haren eskumenean geldituko dira, jurisdikzio hori arautzen duen uztailaren 13ko 29/1988 Legean xedatutakoari jarraikiz.

Zazpigarrena.–Iraupena.

Kudeaketa-esleipen honek sinatzearekin batera hartuko du indarra, 2020ko ekainera arte.

Esleitzen diren jarduerak nola garatzen diren, epea luzatzen ahalko da, Jarraipen Batzordeak proposatuz gero eta bi alderdiek berariaz hala erabakita.

Iragarkiaren kodea: F1911297