18. ALDIZKARIA - 2019ko urtarrilaren 28a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ETXAGUE

Kontzejuko herri-ondasunak berreskuratzeko transakzio hitzarmenaren oinarri orokorrak

Etxagueko Kontzejuko Batzarrak, 2018ko abenduaren 22an egin bilkura berezian, aho batez onetsi zituen Etxagueko Kontzejuko herri-ondasunak berreskuratzeko transakzio hitzarmenaren oinarri orokorrak.

Oinarriok Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko dira, eta hilabetez egonen dira ikusgai Etxagueko Kontzejuko iragarki-taulan.

Etxaguen, 2019ko urtarrilaren 8an.–Kontzejuko burua, Nieves Recalde Zaratiegui.

ERANSKINA

Etxagueko Kontzejuko herri-ondasunak berreskuratzeko transakzio hitzarmenaren oinarri orokorrak

1. artikulua. Oinarri hauen xedea da Etxagueko Kontzejuaren eta mugarte horretan landa-finkak eskrituratuta dituzten partikularren arteko transakzio hitzarmenak arautzea.

2. artikulua. Hitzarmenaren xedea da partikularrek 1945. urteko katastroa egin zenetik herri-lurren gainean dituzten erreklamazioei irtenbidea aurkitzea; izan ere, herri-lurtzat jo ziren gaur egun partikulartzat erreklamatzen diren lurrak.

Horretarako, Etxagueko Kontzejuak uste du, zuzenbidean oinarritutako bestelako arrazoien kalte gabe, eta arau orokor gisa, 1945. urteko katastroan herri-ondasun gisa agertzen diren eremuak halakotzat jo behar direla ondorio guztietarako.

Halakotzat hartzea defenditu eta aplikatuko da, eskura dituen legezko baliabide guztiekin, nagusiki, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legean agertzen direnekin.

3. artikulua. Aurreko artikuluan ezarritakoa gorabehera, herri-ondasunen gaineko arazoari irtenbidea aurkitu eta partikularrentzat nahiz Udalarentzat garestiak izan daitezkeen auziak saihesteko, Etxagueko Kontzejuak erabaki du Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 116. artikuluan jasotzen den transakzio ahalmena erabiltzea eta, horri jarraikiz, onesten ditu transakziorako oinarri orokor hauek, zeintzuk Nafarroako Gobernuari igorriko baitizkio, onets ditzan, ez baitute dute baliorik izanen onetsi ezean.

Nafarroako Gobernuak ez ditu oinarri orokor hauek onetsiko, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariak Etxagueko Kontzejuko nekazaritza-azpiegituretan jarduten hasteko foru agindua eman eta argitaratu arte.

4. artikulua. Hitzarmena eskatzen duen partikularrak aurkeztu beharko ditu erreklamatutako finken jabetza ziurtatzen duten agiri guztiak. Halaber, notario-eskrituren fotokopia kautotua aurkeztu beharko du.

Hitzarmen-unitatetzat joko da partikular bakoitzaren notario-eskrituretan ageri diren eremu guztien batura, katastroan partikularren izenean jaso zein ez, badin eta 1999ko urtarrilaren 1a baino lehenagoko data badute.

Dena dela, data horren osteko notario-agiriak onartzen ahalko dira, baldin eta Etxagueko Kontzejuaren ustez titularrak saiatu ez badira ondareko herri-lurrak bidegabe eskuratzen.

Hitzarmenaren titularraren izenean eskrituratutako finken banakako ikerketa eginen da, eta eskrituratutako eremu guztiaren batura kalkulatuko da.

Katastroan gaur egun izen berarekin jasotzen diren finken ikerketa eginen da, eta eremu guztiaren batura kalkulatuko da.

Hitzarmenaren bidez konpentsatuko da bi eremuen arteko aldea, baldin eta eskrituratutako eremua katastroan jasotakoa baino handiagoa bada.

Hitzarmena aplikatzearen ondoriozko finka edo finkak, lurzati berrantolamenduko prozesuan sartuko dira, Etxagueko lurzati berrantolamendurako azken kategorian sailkatutako lursail gisa.

Aipatu lurzati berrantolamendua hasi ondotik, hura burutzen ez bada, edo jabetzako tituluak eman eta lurzati berrantolamenduaren ondoriozko finken jabetza erregistroan inskribatzearen bidez amaitzen ez bada, ez dute inolako baliozkotasunik izanen Etxagueko Kontzejuaren eta partikularren artean izenpetu hitzarmenek.

5. artikulua. Etxagueko Kontzejuak, eskrituratutako eskubideen lagatze boluntarioaren truke, honako ordain hau ezartzen du: eskrituratutako ondasunen eta katastroan ageri den eremuaren arteko aldearen %50 aitortzea.

6. artikulua. Gainerako aprobetxamendu-eremua herri-lurrari batuko zaio, Etxagueko Kontzejuak osorik eta nahi erara erabiltzeko, eta partikularrak ezin izanen dio aurrerantzean haren gaineko inolako eskubideri heldu. Partikularrak baldintza hau espresuki onartu beharko du hitzarmena sinatzen denean.

7. artikulua. Oinarri hauek aplikatuz eskatzen diren hitzarmenak, 30 egunean jendaurrean egon ondoren, Etxagueko Kontzejuak onetsiko ditu lehenik, eta Nafarroako Gobernuak, ondotik, bestela ez baitute baliorik izanen.

8. artikulua. Oinarri hauek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean jarriko dira indarrean, eta 9 hilabeteko indarraldia izanen dute, data horretatik aurrera. Lurzati berrantolamenduaren lanak hasiz gero, behin betiko oinarriak onetsi arte iraunen du indarraldiak.

Epe horretan transakzio hitzarmena eskatu ez dutenek oinarri orokor hauen 2. artikuluan ezarritakoari lotuko zaizkio.

Lurzati berrantolamenduko prozesuaren behin betiko oinarriak onesten ez badira, Nafarroako Gobernuak ez ditu onetsiko partikularrek eskatutako hitzarmenak.

9. artikulua. Oinarri hauek onartzen dituzten partikularrek dagokion hitzarmenaren onespena eskatu beharko dute, aurreko artikuluan finkatutako epearen barrenean, Etxagueko Kontzejuari zuzendutako idazki baten bidez. Idazkian, oinarriotan ezarritakoa onartzen dutela adieraziko dute, eta hitzarmena zein eremutarako eskatzen den, eremu horiek zerrendatuko dituzte, bai eta erantsiko ere eremu horiek guztiak beren eskrituretan jasotzen direnak direla dioen zinpeko aitorpena; horretaz gainera, Etxagueko eremuaren gainean izan dezaketen beste edozein eskubideri uko eginen diote. Halaber, notario-eskrituren fotokopia kautotua aurkeztu beharko dute.

10. artikulua. Hitzarmenaren xede diren eta Udalak osorik eta nahi erara erabiltzeko geratzen diren lursailak Jabetza Erregistroan inskribatuko dira, herri-ondasun gisa.

11. artikulua. Hitzarmena, Nafarroako Gobernuak onetsi ondotik, eskritura publiko eginen da lurzati berrantolamenduko prozesuaren barruan.

Iragarkiaren kodea: L1900797