174. ALDIZKARIA - 2019ko irailaren 4a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

MAIRAGAKO MANKOMUNITATEA

Ordenantza, Administrazio elektronikoa arautzen duena. Behin betiko onespena

Administrazio elektronikoa arautzen duen hasierako onespenaren iragarkia 2019ko 106. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, ekainaren 3an.

Jendaurreko aldia inork alegaziorik aurkeztu gabe iraganik, hasierako onespena behin betikoa bilakatu da, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatuari jarraituz.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 326. artikuluan xedatuarekin bat, onetsitako ordenantzaren testu osoa ematen da argitara, argitaratzen den egunean indarrean sartuko baita eta ondorio juridikoak sortuko.

ORDENANTZA, ADMINISTRAZIO ELEKTRONIKOA
ARAUTZEN DUENA

I. KAPITULUA

Xedea eta aplikazio eremua

1. artikulua. Xedea.

Ordenantza honen xedea da Mairagako Mankomunitatearen alde elektronikoak arautzea, eta egoitza elektronikoaren, erregistro elektronikoaren eta administrazioko kudeaketa elektronikoaren araubide juridikoa sortu eta zehaztea. Horren bidez gauzatzen da herritarrek duten tokiko zerbitzu publikoen sarbide elektronikoa erabiltzeko eskubidea.

2. artikulua. Aplikazio eremua.

Ordenantza hau aplikatuko zaio Mairagako Mankomunitateari, bai eta bertako herritarrei ere, harekin dituzten harremanetan.

II. KAPITULUA

Identifikazio eta autentifikatze sistemak

3. artikulua. Identifikazio eta autentifikatze sistemak.

Erabiliko diren identifikazio eta autentifikatze sistemak ezarrita daude Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen I. tituluko II. kapituluan.

Interesdunek, Mairagako Mankomunitatearen aurrean elektronikoki identifikatzeko, beren identitatea ziurtatzeko aukera ematen duen edozein sistema erabiltzen ahalko dute, aldez aurretik erregistratzea eskatzen duena. Zehazki, honako sistema hauek erabiltzen ahalko dira:

a) Sinadura elektronikoko ziurtagiri elektroniko aitortuetan edo kalifikatuetan oinarritutako sistemak, aipatu ziurtagiriak Ziurtapen zerbitzuen emaileen konfiantzako zerrendako emaileek emanak badira. Ondorio horietarako, ulertuko da aipatu ziurtagiri elektroniko aitortu edo kalifikatuetan sartuta daudela pertsona juridikoarenak eta nortasun juridikorik gabeko entitatearenak.

b) Zigilu elektronikoko ziurtagiri elektroniko aitortuetan edo kalifikatuetan oinarritutako sistemak, aipatu ziurtagiriak Ziurtapen zerbitzuen emaileen konfiantzako zerrendako emaileek emanak badira.

c) Gako itunduko sistemak eta Mairagako Mankomunitateak ontzat eman dezakeen edozein sistema, ezartzen diren modu eta balditzetan.

Interesdunek edozein bitarteko erabili ahal izanen dute sinatzeko, baldin eta ziurtatzen bada adierazitako borondatearen eta adostasunaren benetakotasuna, bai eta dokumentuaren osotasuna eta aldaezintasuna ere.

Interesdunek Mairagako Mankomunitatearekin bitarteko elektronikoen bidez harremanetan jartzea erabakitzen badute, sinadura baliozkoa izan dadin, honako bitarteko hauek onetsiko dira:

a) Sinadura elektronikoko ziurtagiri elektroniko aitortu edo kalifikatuetan oinarritutako sinadura elektroniko aitortu edo kalifikatuko eta aurreratuko sistemak, ziurtagiriak Ziurtapen zerbitzuen emaileen konfiantzako zerrendako emaileek emanak badira. Ondorio horietarako, ulertuko da aipatu ziurtagiri elektroniko aitortu edo kalifikatuetan sartuta daudela pertsona juridikoarenak eta nortasun juridikorik gabeko entitatearenak.

b) Zigilu elektronikoko ziurtagiri elektroniko aitortu edo kalifikatuetan oinarritutako zigilu elektroniko aitortu edo kalifikatuko eta aurreratuko sistemak, ziurtagiriak “Ziurtapen zerbitzuen emaileen konfiantzako zerrendako” emaileek emanak badira.

c) Mairagako Mankomunitateak ontzat ematen ahal duen beste edozein sistema, ezartzen diren modu eta baldintzetan.

Oro har, administrazio prozeduran ezarritako edozein jarduketa gauzatzeko, aski izanen da interesdunek aitzinetik beren nortasuna egiaztatzea, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarritako edozein identifikazio bitartekoren bidez.

Administrazio publikoek honako prozedura hauetarako baino ez diete eskatuko interesdunei sinadura nahitaez erabiltzeko:

a) Eskaerak egiteko.

b) Erantzukizunpeko adierazpenak edo komunikazioak aurkezteko.

c) Errekurtsoak jartzeko.

d) Akzioetan atzera egiteko.

e) Eskubideei uko egiteko.

III. KAPITULUA

Egoitza elektronikoa

4. artikulua. Egoitza elektronikoa.

Mairagako Mankomunitatearen egoitza elektronikoa sortu da, eta URL helbide honetan dago eskuragarri: htpps://mairaga.sedelectronica.es/.

Egoitza elektronikoaren titulartasuna Mairagako Mankomunitatearena izanen da.

Egoitza elektronikoak printzipio hauek bete behar ditu: gardentasuna, publizitatea, erantzukizuna, kalitatea, segurtasuna, erabilgarritasuna, irisgarritasuna, neutraltasuna eta elkarreragingarritasuna.

Egoitza elektronikoa erabiliko da norbere burua identifikatzeko eta komunikazio segurua bermatzeko, webgunearen autentifikatzeko ziurtagiri aitortua edo kalifikatua, edo horren baliokidea erabiliz.

Egoitza elektronikoa erabilgarri egonen da herritarrentzat urteko egun guztietan eta egunaren hogeita lau orduetan. Mantentze-lan tekniko edo operatiboarekin lotutako arrazoi justifikatuak tartean direnean baino ezin izanen da eten egoitzaren erabilgarritasuna, eta ezinbesteko denboraz baino ez. Aitzinetik iragarri behar da etenaldia, egoitza elektronikoan berean, kasuan-kasuan posible den aurrerapenarekin. Egoitzaren funtzionamendua ezustean eteten bada, posible den guztietan, erabiltzaileari horren berri ematen dion mezu bat helaraziko zaio.

5. artikulua. Prozeduren katalogoa.

Aipatu 39/2015 Legearen 53.1.f) artikuluan ezarritakoa betez, interesdunak eskubidea du, besteak beste, informazioa eta orientabidea jasotzeko indarreko xedapenen arabera egin nahi dituen proiektuek, jarduketek edo eskabideek bete beharreko baldintza juridiko edo teknikoei buruz.

Zentzu berean, 39/2015 Legearen 16.1 artikuluak ezartzen du erregistro bakoitzera sartzeko egoitza elektronikoan agertuko dela bertan egiten ahal diren izapideen zerrenda eguneratua.

Ondorio horietarako, Mairagako Mankomunitateak publikoki jakitera emanen du egoitza elektronikoko prozedura eta jarduketen katalogoa, eta eguneratua izanen du katalogo hori.

6. artikulua. Egoitza elektronikoaren edukia.

Egoitza elektronikoak, aplikatzekoa den legedian ezarritako edukia izanen du eta, betiere, honako hauek adieraziko dira:

a) Egoitza behar bezala erabiltzeko beharrezko informazioa, egoitza elektronikoaren mapa edo horren baliokidea den informazioa barne, nabigazio egitura eta eskuragarri dauden atalak zehaztuz.

b) Egoitzako ziurtagiriak egiaztatzeko sistema; zuzenean eta doan eskuragarri egon beharko da.

c) Egoitzan onartu edo erabilitako sinadura elektronikoko sistemak.

d) Mairagako Mankomunitateak erabiltzen dituen zigilu elektronikoen zerrenda (ziurtagiri elektronikoen ezaugarriak eta horiek ematen dituztenen ezaugarriak barne), bai eta horiek egiaztatzeko sistema ere.

e) Erregistro elektronikorako sarbidea eta egoitzaren bidez irisgarriak diren erregistro elektronikoa edo elektronikoak sortzeko xedapenerako sarbidea.

f) Datu pertsonalak babesteari buruzko informazioa.

g) Mairagako Mankomunitatearen informazio administratiboko inbentarioa.

h) Herritarrak Mairagako Mankomunitatearekin komunikatzeko duen eskubideaz baliatzean erabiltzen ahal dituen bitarteko elektronikoen zerrenda.

i) Iradokizunak eta kexak egiteko bitartekoak.

j) Espedientearen izapidetze egoerarako sarbidea, halakorik dagoenean, interesdunak bere burua identifikatu ondoren.

k) Egoitzako organo edo erakunde publikoek egindako eta egiaztapen kode seguruarekin autentifikatutako agirien benetakotasuna eta osotasuna egiaztatzea.

l) Data eta ordu ofiziala.

m) Epeak zenbatzeko egun baliodun eta baliogabeen egutegia.

n) Adierazi eginen da zer egun eta ordutan dauden zabalik agiriak modu elektronikoan aurkezteko laguntza ematen duten bulegoak, interesdunek bitarteko elektronikoak erabiltzean laguntza jasotzeko duten eskubidea bermatuz.

o) Direktorio geografiko eguneratua, interesdunari bere etxetik hurbilen dagoen erregistroen gaietan laguntza emateko bulegoa identifikatzen lagunduko diona.

p) Administrazio organo, zentro edo unitateen indarreko identifikazio kodeak.

q) Egoitzaren titulartasuna duen organoaren identifikazioa, bai eta kudeaketaren arduradunena eta bertan eskuragarri jartzen diren zerbitzuena ere eta, halakorik dagoenean, bertatik eratorritako azpiegoitzena.

7. artikulua. Ediktuen taula elektronikoa.

Egoitza elektronikoak ediktuen taula elektronikoa izanen du. Bertan legearen eta araudien arabera zehazten diren egintzak eta komunikazioak argitaratuko dira.

Mairagako Mankomunitateak jakinarazpen edo ediktuen argitaratze daten kontrola bermatuko du bitarteko tekniko egokiekin, epeak zenbatzeko ondorioetarako data horien egiaztapena ziurtatzeko.

8. artikulua. Publizitate aktiboa.

Mairagako Mankomunitateak, aldian behin, informazio eguneratua emanen du argitara, haren berri izatea beharrezkoa denean jarduketa publikoen funtzionamenduarekin eta kontrolarekin loturik egiten duen jardueraren gardentasuna bermatzeko, betiere Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeko bideari eta gobernu onari buruzko abenduaren 9ko 19/2013 Legeak xedatuaren arabera.

Alde horretatik, Mairagako Mankomunitateak argitara emanen ditu honako hauek:

–Informazio instituzionala, antolaketakoa eta plangintzakoa.

–Garrantzi juridikoa duen informazioa, hau da, araudi propioak, hala ordenantzak edo araudiak nola zerga araudiak edo izaera orokorreko beste edozein xedapen.

–Informazio ekonomikoari eta aurrekontuari buruzkoa, bai eta estatistikoa ere.

9. artikulua. Kontratatzailearen profila.

Egoitza elektronikotik Mairagako Mankomunitatearen kontratatzailearen profilera sartzeko aukera egonen da, eta horren edukia bat etorriko da kontratazioari buruzko araudian xedatuarekin.

IV. KAPITULUA

Erregistro elektronikoa

10. artikulua. Erregistro elektronikoaren sorrera eta funtzionamendua.

Ordenantza honen bidez Mairagako Mankomunitatearen erregistro elektronikoa sortzen da, funtzionamendu-araubidea zehazten da eta ezartzen dira bitarteko elektronikoen bidez egiten diren eskabide, idatzi eta komunikazioak aurkeztu eta bidaltzean bete beharreko baldintzak eta betekizunak.

Erregistro elektronikoaren funtzionamendua Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen Legean (urriaren 1eko 39/2015) eta ordenantza honetan ezarritakoaren arabera eginen da eta, horietan arautu ez diren alderdietan, aplikatzekoa den zuzenbide administratiboko araudian jasotakoaren arabera.

11. artikulua. Erregistro elektronikoaren izaera eta eraginkortasuna.

Mairagako Mankomunitate honek erregistro orokor bat izanen du eta, bertan, Mankomunitatean aurkeztutako edo jasotako dokumentu guztien idazpena eginen da.

Administrazio guzti-guztien erregistro elektronikoak guztiz elkarreragingarriak izanen dira, horien bateragarritasun informatikoa eta interkonexioa bermatuz, bai eta erregistroko idazpenak eta edozein erregistrotan aurkezten diren dokumentuak modu telematikoan bidaltzeko aukera ere emanez.

12. artikulua. Erregistro elektronikoaren eginkizunak.

Mairagako Mankomunitatearen erregistro elektronikoak honako eginkizun hauek izanen ditu:

a) Idazkiak, eskabideak eta komunikazioak jasotzea, bai eta horien sarrerako idazpena egitea ere.

b) Eskabide, idazki eta komunikazioak aurkeztu izanaren ziurtagiri elektronikoak ematea.

c) Komunikazio eta jakinarazpen elektronikoak bidaltzea, bai eta horien irteerako idazpena egitea ere.

d) Legez edo arauz ematen zaion beste edozein.

13. artikulua. Erregistro elektronikoaren arduraduna.

Erregistro honen kudeaketaren erantzukizuna Mairagako Mankomunitateko buruarena izanen da.

14. artikulua. Erregistro elektronikoan sartzea.

Erregistro elektronikorako sarbidea https://mairaga.sedelectronica.es/ URL helbidean dagoen Mairagako Mankomunitatearen egoitza elektronikoaren bidez eginen da.

15. artikulua. Eskaerak, idazkiak eta komunikazioak aurkeztea.

Entitate honen aurrean modu presentzialean aurkeztutako dokumentuak digitalizatu egin beharko ditu dokumentu horiek jaso dituen erregistroen alorreko laguntza-bulegoak, 39/2015 Legearen 27. artikuluan xedatuaren arabera, horiek administrazio-espediente elektronikora sartzeko. Jatorrizkoak interesdunari itzuliko zaizkio, arauaren arabera aurkeztutako dokumentuak administrazioak gorde behar dituen kasuen edo objektuak edo digitaliza ezin daitezkeen formatuan dauden dokumentuak aurkeztea nahitaezkoa den kasuen kalterik gabe.

Erregistro elektronikoak aukera emanen du eskaerak, idazkiak eta komunikazioak aurkezteko, eguneko hogeita lau orduetan eta urteko egun guztietan.

Erregistro elektronikoan egoitza elektronikoko data eta ordu ofizialak erabiliko dira.

Erregistro elektronikoak modu automatikoan sortuko du egindako aurkezpenaren ziurtagiri bat, pdf formatuan eta onartutako identifikazio-sistemetako baten bitartez. Bertan azaldu beharko dira aurkezpenaren data eta ordua, erregistroko sarrera-zenbakia eta aurkezpen-formularioari atxikitako eranskinen zerrenda. Aurkezpenaren ziurtagiria ez ematea dokumentua ez jasotzearen baliokidea da, eta horren berri eman beharko zaio erabiltzaileari.

16. artikulua. Eskaerak, idazkiak eta komunikazioak errefusatzea.

Mairagako Mankomunitateak errefusatu ahal izanen ditu baldintza hauetan aurkezten diren dokumentu elektronikoak:

a) Kode gaiztoa dutenak edo sistemaren osotasuna edo segurtasuna arriskuan jar lezaketen gailuak dituztenak.

b) Dokumentu normalizatuak erabiltzen direnean, nahitaezko eremuak betetzen ez direnean edo dokumentuaren tratamendua ezinezko egiten duten inkongruentziak edo ez-egiteak daudenean.

Erregistro elektronikoan aurkezten diren idazki eta komunikazioen eranskinak irakurgarriak eta ez-akastunak izanen dira. Oro har onartzen diren formatuak erabili ahal izanen dira (Mairagako Mankomunitatearen egoitza elektronikoan publiko eginen dira horiek).

Kasu horietan, egoera horren berri emanen zaio dokumentua bidali duenari, dokumentua errefusatzeko arrazoiak jakinaraziz eta, posible denean, akats horiek zuzentzeko bitartekoak adieraziz. Interesdunak eskatzen duenean, dokumentua aurkezteko saiakuntzaren ziurtagiria emanen da, errefusatzeko arrazoiak adieraziz.

17. artikulua. Epeen kontaketa.

Interesdunek zein administrazio publikoek bete beharreko epeen kontaketari dagokionez, erregistro elektronikoa egoitza elektronikoko data eta ordu ofizialek gobernatuko dute; horrek behar diren segurtasun-neurriak izanen ditu bere segurtasuna bermatzeko.

Erregistro elektronikoa eguneko hogeita lau orduetan eta urteko egun guztietan egonen da erabiltzaileen eskura, salbu eta arrazoi teknikoak direla-eta beharrezkoak diren etenak direnean.

Epeen kontaketari dagokionez, honako hauek bete beharko dira:

–Epeak ordutan zehazturik badaude, ordu horiek baliodunak direla ulertu behar da. Baliodunak izanen dira egun baliodun bat osatzen duten ordu guztiak.

Ordutan adierazitako epeak orduz ordu eta minutuz minutu zenbatuko dira dagokion ekintza egiten den ordu eta minututik, eta ezin izanen dute hogeita lau ordutik gorakoak izan; horrelakoetan, egunetan adieraziko dira epeak.

–Epeak egunetan adierazten direnean, egun baliodunak direla ulertuko da; beraz, larunbatak, igandeak eta jaiegunak ez dira zenbatuko.

–Delako eskaera, idazki eta/edo oharra egun baliogabe batean sartzen bada, hurrengo egun balioduneko lehen orduan sartu dela ulertuko da. Horretarako, sarrerako idazpenean aurkezteko egun eta ordu hauek idatziko dira: dokumentua benetan jaso zen eguna eta ordua, baina hurrengo egun balioduneko lehen ordua adieraziko da sarrera-egun eta -ordu bezala.

–Eskabideen sarrera ezarritako epean egin dela ulertuko da, dagokion egunean hasten bada eta arrakastaz amaitzen bada. Epeen kontaketari dagokionez, baliagarria izango da eta ondorio juridikoak izanen ditu erregistro-unitateak emandako ziurtagirian agertzen den sarrera-datak.

–Erregistro elektronikotik ez da irtenen inolako idazki edo komunikaziorik egun baliogabeetan.

–Mairagako Mankomunitatearen erregistro elektronikoari dagokionez, egun baliogabeak dira larunbatak, igandeak eta Estatuko, Nafarroako eta udalerriko hiriburuko laneko jaiegunen egutegi ofizialean zehaztutakoak. Ondorio horretarako, erabiltzaileek aukera izanen dute egoitza elektronikoan argitaratutako egutegia kontsultatzeko.

V. KAPITULUA

Jakinarazpen elektronikoak

18. artikulua. Jakinarazpenen baldintza orokorrak.

Jakinarazpenak bitarteko elektronikoen bidez eginen dira lehentasunez, eta beti interesdunak horiek bide horretatik jasotzeko betebeharra duenean.

Aurrekoa gorabehera, administrazioek jakinarazpenak bitarteko ez-elektronikoen bidez egiten ahalko dituzte, honako kasu hauetan:

a) Interesduna edo bere ordezkaria bat-batean agertzen denean erregistroaren alorreko laguntza-bulegoan eta une horretan komunikazio edo jakinarazpen pertsonala eskatzen duenean.

b) Administrazioaren jardunaren eraginkortasuna bermatzeko beharrezkoa denean jakinarazpena zuzenean ematea jakinarazpena egin behar duen administrazioko langile batek.

Erabilitako bitartekoa edozein izanik ere, jakinarazpenak beti izanen dira baliodunak baldin eta honako hauek idatziz jasotzeko aukera ematen badute: jakinarazpena bidali dela edo erabiltzeko moduan jarri dela, interesdunak edo haren ordezkariak jaso duela edo bertan sartu dela eduki guztia, eta bidaltzailearen eta hartzailearen nortasun fidagarria. Egindako jakinarazpenaren egiaztapena espedienteari erantsiko zaio.

Jakinarazpen elektronikoak jasotzeko betebeharra ez duten interesdunek edozein unetan erabaki eta jakinarazten ahal diote Mairagako Mankomunitateari, horretarako ezartzen diren eredu normalizatuen bidez, ondorengo jakinarazpenak bitarteko elektronikoen bidez egiteko edo bide horien bidez egiteari uzteko.

Interesdunek adostasun orokorra eman dezakete Mairagako Mankomunitateko tramite guztietarako, edo tramite baterako edo batzuetarako, adierazten dutenaren arabera.

Interesdunak, halaber, prozeduraren tramitazioan, Mairagako Mankomunitatearekin komunikatzeko modua aldatu ahal izanen du, hasieran hautatutakoa ez beste bitarteko bat aukeratuz, hala une horretatik aurrera jakinarazpenak bitarteko elektronikoen bidez egiteko eskatuz nola jakinarazpen elektronikorako baimena atzera botaz eta jakinarazpenak postaz jasotzeko eskatuz. Kasu horretan, organo eskudunari jakinarazi beharko dio, eta ondorengo jakinarazpenak jasotzeko helbide postal bat adieraziko.

Aldaketa horrek ondorioak izanen ditu organo eskudunaren erregistroan jaso eta hurrengo egunetik aurrera egiten diren jakinarazpenetarako.

19. artikulua. Jakinarazpen elektronikoak egitea.

Jakinarazpen elektronikoa agerraldi elektronikoaren bidez eginen da.

Agerraldi elektronikoaren bidezko jakinarazpenean, interesduna, behar bezala identifikatuta, dagokion administrazioaren jarduketaren edukira sartzen da Mairagako Mankomunitatearen egoitza elektronikoaren bidez.

Agerraldi elektronikoak, jakinarazpenaren ondorioak izan ditzan, baldintza hauek bete beharko ditu:

–Edukira sartu aurretik, interesdunak abisu bat ikusi beharko du, bertara sartzean administrazioaren jarduketaren jakinarazpena jasoko duela adieraziko duena.

–Dagokion informazio-sistemak edukira sartzeko ordua jasoko du, data eta ordua adierazita, eta une horretatik aurrera jakinarazpena egintzat joko da, legezko ondorio guztietarako.

Jakinarazpen-sistemak aukera emanen du honako hauek egiaztatzeko: jakinarazpenaren xede den ekintza, interesdunaren esku jarri den eguna eta ordua, bai eta horren edukira sartzekoa ere.

Jakinarazpena bitarteko elektronikoz egitea nahitaezkoa denean, edo interesdunak espresuki hori aukeratu duenean, ez onartutzat joko da, haren edukia ez bada eskuratu hamar egun natural igarotakoan, jakinarazpena eskura jarri zenetik kontatzen hasita.

VI. KAPITULUA

Barne komunikazio elektronikoak

20. artikulua. Bitarteko elektronikoen bidez komunikatzeko betebeharra.

Mairagako Mankomunitatearen kideen betebeharra da bitarteko elektronikoen bidez komunikatzea haren organoekin, egoitza elektronikoa erabiliz, eta han eskabideak aurkeztu eta jakinarazpen elektronikoak jaso beharko dituzte.

21. artikulua. Komunikazio eta argitalpen elektronikoen barne sistema.

1. Gardentasun eta publizitate printzipioen arabera erakundearen webgunean egiten diren argitalpenak baztertu gabe, komunikazio eta argitalpen elektronikoen barne sistema bat egonen da, kide anitzeko organoen aktak, bilkura bakoitzeko gai zerrenda eta horri dagozkion espedienteak, eta batzarkide batek partekatu edo eskatzen duen beste edozein informazio eskuratu ahal izateko, hori guztia administrazio izapideak arintzeko eta nabarmen aurrezteko, paperean inprimatutakoak ahalik eta gehien mugatuz.

2. Sistema horretara sartzeko ezartzen den identifikazio elektronikorako sistema erabiliko da, eta espedienteak gordetzen dituen zerbitzarira sartzea ahalbidetuko du. Sarbide hori aipatutako agiriak irakurtzera eta inprimatzera mugatuko da, eta ezin izanen da inola ere edukia aldatu.

22. artikulua. Gobernu organoetako kideei komunikazio elektronikoen sistema erabiltzen laguntzea.

Administrazio zerbitzuek, ahal duten heinean, gobernu organoetako kideei laguntza emanen diete, komunikazio elektronikoen sistemak zuzen funtziona dezan eta titulu honek aitortzen dizkien eskubideak eta obligazioak egoki bete ditzaten.

23. artikulua. Informazioa erabiltzearen erantzukizunak.

Edozein bitartekoren bidez lortzen den tokiko edozein informazio, hura eman, argitaratu edo eskuragarri jartzeko helburua ez den beste batekin erabiltzen bada, erantzukizunak sortuko dira eta aplikatzekoa den legediaren arabera eskatuko dira, sistema babesteko helburuz.

24. artikulua. Administrazio publikoko langileen izapideak eta jarduketak.

1. Administrazio publikoetako langileek elektronikoki erlazionatzeko eskubidea eta obligazioa daukate, administrazio publikoko langile direnez gero, administrazio publikoekin egiten dituzten izapide eta jarduketetarako, urriaren 1eko 39/2015 Legearen 14.2.e) artikuluan ezarritakoarekin bat.

Mairagako Mankomunitateko langileek mankomunitateren egoitza elektronikoaren bidez eginen dituzte aipatu izapide eta jarduketak, dagokion izapidea hautatuz.

Mairagako Mankomunitateak bere langileei, bertako langile direnez gero, egiten dizkien jakinarazpenak ere elektronikoak izanen dira, une bakoitzean indarreko legedian ezarritako bitartekoen bidez.

2. Mairagako Mankomunitateak bere langileen eskura jarriko ditu beharrezko ekipamendu informatikoak, artikulu honetatik eratortzen diren obligazioak betetzen direla bermatzeko.

25. artikulua. Arau osagarriak.

Titulu honek jasotzen ez dituen kasuetan, Toki Entitateen Antolaketaren, Funtzionamenduaren eta Araubide Juridikoaren gaineko Erregelamendua onesten duen azaroaren 28ko 2568/1986 Errege Dekretuak ezarritakoari jarraituko zaio, arlo horren lege mailako araudiei kontra egiten ez badie, behinik behin.

LEHEN XEDAPEN GEHIGARRIA

Egoitza elektronikoa abian jartzea

Egoitza elektronikoa ordenantza honen behin betiko onespena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean jarriko da abian.

BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA

Erregistro elektronikoa abian jartzea

Erregistro elektronikoa ordenantza honen behin betiko onespena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean jarriko da abian.

HIRUGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA

Segurtasuna

Egoitza eta erregistro elektronikoen segurtasuna, bai eta herritarren zerbitzu publikoetarako sarbidearena ere, Segurtasun Eskema Nazionalean ezarritakoaren arabera arautuko da.

Mairagako Mankomunitatearen Batzar Orokorrak bere segurtasun-politika onartu beharko du, administrazio elektronikoaren esparruan Segurtasun Eskema Nazionala arautzen duen urtarrilaren 8ko 3/2010 Errege Dekretuaren 11. artikuluan ezarritako gutxieneko edukiarekin.

Egoitza elektronikoetan publizitatea eman beharko zaie dagozkien adostasun-adierazpenei eta segurtasun-bereizgarriei.

Ohiko auditoretza orokor bat egin beharko da gutxienez bi urtean behin. Informazio-sisteman aldaketa esanguratsuak egiten diren bakoitzean, horiek beharrezko segurtasun-neurrietan eraginik izan badezakete, ezohiko auditoretza bat eginen da, eta horren arabera ezarriko da bi urteko epea kontatzeko data. Auditoretza-txostenak Segurtasun Eskema Nazionalaren 34.5 artikuluan ezarritako edukia izanen du.

LAUGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA

Datuen babesa

Telekomunikazio-sareen bidez ematen diren zerbitzuek eta harreman juridikoek bete egin beharko dituzte datu pertsonalak babesteko indarrean dagoen araudian ezarritakoa, bai eta informazioaren tratamendu automatizatua, jabetza intelektuala eta informazioaren gizarteko zerbitzuak arautzen dituzten xedapen espezifikoetan jasotakoa ere.

BOSGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA

Zerbitzuen zuzentarauaren leihatila bakarra

Mairagako Mankomunitateak bermatu eginen du, bere eskumenen alorrean, zerbitzu emaileek beren jardueran sartzeko eta jarduteko beharrezko informazioa eta inprimakiak jasotzen ahalko dituztela Zerbitzuen zuzentarauaren leihatila bakarraren bidez (www.eugo.es), bai eta agintari eskudunek beren eskariei dagokienez eman dituzten ebazpenak eta gainerako komunikazioak ere.

Xede horretarako, Mairagako Mankomunitateak koordinazioa sustatuko du jarduera batean sartu eta jarduteko beharrezko inprimakiak normalizatzeko.

SEIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA

Garatzeko gaitzea

Mankomunitateko burutza gaitu da antolakuntzaren arloan beharrezko diren neurriak har ditzan, ordenantza honetako xedapenak garatzeko, eta beharrezko alderdi teknikoak alda ditzan, komeni denean, normalizazioa eta elkarreragingarritasuna direla-eta edo, oro har, teknologiaren garapenari egokitzeko.

ZAZPIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA

Ordenantza honen xedapenak aplikatzea

Ordenantza honetan jasotako xedapenak aplikatu eginen dira Mairagako Mankomunitatearen tresna teknologikoen garapen maila kontuan izanik; Mankomunitatea saiatuko da bere aplikazioak une bakoitzean erabilgarri dauden konponbideetara egokitzen, beharrezko egokitzapen aldien kalterik gabe. Horiek eskuragarri daudenean, horren berri emanen da egoitza elektronikoan.

AZKEN XEDAPENA

Indarrean sartzea

Ordenantza hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da eta ez da indarrean jarriko bere testua osotasunean argitara eman arte eta Toki-araubidearen oinarriak arautzen dituen Legearen (apirilaren 2ko 7/1985) 65.2 artikuluan ezarritako epea igaro arte. Indarrean egonen da espresuki aldatu edo indargabetu arte.

Tafallan, 2019ko uztailaren 16an.–Mankomunitateko burua, Pedro Leralta Piñán.

Iragarkiaren kodea: L1909628