172. ALDIZKARIA - 2019ko irailaren 2a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

179E/2019 EBAZPENA, uztailaren 4koa, Lurralde eta Paisaia Zerbitzuko zuzendariak emana, ingurumen ukipenetarako baimena ematen diona Erriberriko udal-mugartean “Erriberri-Moncayuelo parke eolikoa” 66 kW-eko linea elektrikoaren saihesbidea aldatzeko proiektuari. ADIF-Alta Velocidadek sustatu du proiektua.

2019ko martxoaren 20an, goian aipatutako espedienteari dagokion ingurumen ukipenetarako baimena lortzeko eskaera sartu zen Lurralde eta Paisaia Zerbitzuan. Espediente hori abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2C eranskineko I. epigrafean (Energiari buruzko instalazioak) sartua dago. Foru dekretu horrek Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onetsi zuen.

Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen duenez, Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak ebazpen arrazoitua emanen du ingurumen ukipenetarako baimena eman edo ukatzeari buruz.

Foru dekretu horren 31.2 artikuluak ezartzen du ingurumen ukipenetarako baimenak bere baitan bilduko duela lurzoru urbanizaezinean baimentzen ahal diren jardueretarako baimena ere, eta uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuak, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duenak, 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen dituela.

Proiektatutako jarduketa hauxe da: AHTko Alesbes-Erriberri azpitartearen trazadura berriak “Erriberri-Moncayuelo parke eolikoa” goi tentsioko 66 kW-eko linea elektrikoan duen ukipena konpontzea (Acciona Energía SA da linearen jabea). Horretarako, “Erriberri-Moncayuelo parke eolikoa” 66 kW-eko lineak egun duen galiboa altxatuko da eta 07 euskarria aldenduko da, AHTa erregelamenduzko moduan behetik igarotzeko eta gaur egungo 07 euskarria –AHTko trazaduran dagoena– bertatik kentzeko. Horretarako, bi euskarri jarriko dira (07a eta 08a) aipatuaren ordez, 165 m-ko linea osatuz.

Jarduketaren eremua, linea elektrikoa eta abiadura handiko trenaren trazadura gurutzatzen diren toki hori, “Moncayuelo” estepako abifauna kontserbatzeko garrantzi handiko eremutik 205 m linealera dago mendebaldean, eta, ekialdean, berriz, “La Plana” estepako abifauna kontserbatzeko garrantzi handiko eremutik 1.490 m linealera. Beraz, estepako abifauna kontserbatzeko garrantzi handiko bi eremu horiek oso hurbil dituenez, horiek lotzeko oso gune sentikorra da. Horrez gain, urrunago diren estepako abifauna kontserbatzeko garrantzi handiko eremuekin lotzeko gunea da, hauekin hain zuzen ere: “Landibar” eta “Planillas-Corraliza Baja”, “Moncayuelo” eta “La Plana” eremuekin lotzen baitira mendebaldetik eta ekialdetik, hurrenez hurren.

Lurraldearen Antolamenduaren eta Estrategiaren Atalaren eta Ingurumen Eraginaren eta Paisaiaren Atalaren txostenak daude, proiektatutako jarduketaren aldekoak.

Espedientean dauden txostenak ikusirik, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren egitura organikoa onesten duen irailaren 21eko 78/2016 Foru Dekretua betez, eta Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiaren urriaren 4ko 760/2016 Ebazpenaren bidez eskuordetuak ditudan eskumenak erabiliz, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. Ingurumen ukipenetarako baimena ematea Erriberriko udal-mugartean “Erriberri-Moncayuelo parke eolikoa” 66 kW-eko linea elektrikoaren saihesbidea aldatzeko proiektuari. ADIF-Alta Velocidadek sustatu du proiektua.

2. Baimen honek neurri hauek aplikatzeko betebeharra ezartzen du:

Ingurumen arlokoak:

–Linea elektrikoekin talka egiteko arriskua gutxitzearren, ezinbestekotzat jotzen da kable elektrikoak agerikoak izatea. Horregatik beharrezkoa da hegaztiak babesteko gailuak jartzea zuntz/lurreko kablean eta hiru kable eroaleetan. Gailu horiek baliza birakari islatzaileak izanen dira eta ingurumen ukipenari buruzko txostenean jasotzen dira. Seinaleak txandaka jarriko dira hiru kable eroaleetan, kable eroale bakoitzean bi seinaleen arteko tartea 15 m-koa izanda, proiekzioan ikusten den elkarren segidako bi balizaren arteko distantzia 5 m-koa izateko. Zuntz/lurreko kablean, berriz, bi seinaleen arteko tartea 5 m-koa izanen da. Hari eroaleak goratu eta tenkatu eta berehala jarriko dira seinaleak lau linea horietan, eta balizamendua egiteko gehienez 5 eguneko epea ezartzen da, hariak jartzen direnetik hasita.

–Proiektuak ukitzen du abifauna babesteko eremu bat, abuztuaren 29ko 1432/2008 Errege Dekretuaren arabera (errege dekretu horren bidez ezarri ziren hegaztiak goi tentsioko linea elektrikoak jo eta elektrokutatzetik babesteko neurriak). Horregatik, euskarriaren gurutzetarekin lotzeko katean, gutxienez 1 m-ko segurtasuneko distantzia egon behar da pausatzeko gunetik tentsioko puntura, eta U70YB66-AL+PECA 1000 motako isolatzaileak erabiliko dira.

–Obrak hasten direnean, landare lurra (lurraren azaleko horizonte emankorra) hondeatuko da, eta gainerakoetatik bereiziko. Proiektua exekutatu ondoren, obrek ukitutako gainazal guztiak lehengoratu eginen dira. Horretarako, landare lurra zabaldu ondoren, eremua profilatu eta findu eginen da, inguruko lurrekin modu egokian bat egin arte alderdi fisiografikoari dagokionez, eta gerora, zonako belar eta zuhaixka espezieekin landareztatuko da.

–Zerbitzutik kanpo gelditzen diren instalazioak desmuntatuko dira, eta hondakinak beren izaeraren arabera kudeatuko dira.

–Lanak hasi baino lehen, Ingurumena Zaintzeko Atalari abisatuko zaio (Tafalla-Zangozako Koordinazio Unitatea; gmatafalla@navarra.es, 609907084), horiek gainbegiratu ditzan.

Hirigintza arlokoak:

–Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 111.2 artikuluaren arabera, instalazioaren edo azpiegituraren elementuek, kanpora ateratzen direnek, 3 m-ko zortasun eremua errespetatu beharko dute, bide publikoen kanpoko bazterretik neurtuta.

–Egin nahi diren lanek ukitzen ahal dituzten edo lanen trabagarri izaten ahal diren azpiegitura eta zortasunei dagokienez, sustatzaileak, obrak hasi baino lehen, behar diren kontsultak eginen ditu, eta, hala badagokio, behar diren baimen guztiak eskuratuko ditu kasuan kasuko gaian eskudun diren organoetatik.

–Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 117.4 artikuluan xedatutakoarekin bat, ebazpen honen bidez babesten den jarduera egin edo martxan jarri beharko da baimena eman eta bi urteko epean gehienez. Epe hori iragandakoan, baimenaren ondorioak bukatuko dira, eta ez du eraginik izanen. Jarduera uzteak berekin ekarriko du jardueraren titularrak ukitutako lurrak lehengoratu beharra, gehienez ere bost urteko epean, eraikuntzak eraitsiz eta/edo kenduz. Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 119. artikuluarekin bat, lizentzia eman baino lehen, Udalak sustatzaileari eskatuko dio ezen aitorpen baten bidez konpromisoa har dezala, baimendutako jarduera utziz gero, lurzorua lehengoratzeko bost urteko epean gehienez.

3. Proiektuaren ingurumen ukipenetarako baimena eskuratzeko ezinbestekoa da 15.000 euroko fidantza jartzea, baimendutako jarduerak kalterik sortzen badu haiek lehengoratu edo gutxituko direla bermatzeko.

4. Baimen honek, gainera, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 117. artikuluan ezartzen diren ondorioak izanen ditu; izan ere, artikulu horretan lurzoru urbanizaezinean egin behar diren jarduerak baimentzeko prozedura ezartzen da. Testu bategina uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez onetsi zen.

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera kontatuko dira.

6. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

7. Ebazpen hau igortzea Lurraldearen Antolamenduaren eta Estrategiaren Atalari, Erriberriko Udalari, Ingurumena Zaintzeko Atalari (Tafalla-Zangozako Koordinazio Unitatea) eta interesdunari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2019ko uztailaren 4an.–Lurralde eta Paisaia Zerbitzuko zuzendaria, Carmen Ursúa Sesma.

Iragarkiaren kodea: F1909490