156. ALDIZKARIA - 2019ko abuztuaren 12a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA

VIANA

Deialdia, zerbitzu anitzetako-igeltsero lanpostua aldi baterako kontratu bidez betetzeko izangaien zerrenda bat eratzeko

Ikusirik Udaleko Obra eta Zerbitzuen Alorra, eta kontuan harturik horrek duen garrantzia eta egiten dituen oinarrizko eta funtsezko lanak, Udalerriaren beraren eskumenekoak baitira guztiak; eta kontuan izanik, plantillan badela lanpostu huts bat (7-10).

Kontuan harturik, alor horrek dituen eskakizunak direla-eta, beharrezkoa dela Obra eta Zerbitzuen Alorra plantillan jasotako langileekin hornitzea, Udalaren eskumena behar bezala bete dadin; halaber, kontuan harturik zerrenda bat edukitzearen garrantzia, momentu puntualetan, ordezkapenetan edo gerta daitezkeen bestelako beharrak direnean kontratazioak egiteko, ahalik eta efizientzia handienarekin erantzun beharrekoak baitira zerbitzuen ohiko funtzionamendua kaltetua gerta ez dadin,

EBAZTEN DUT:

Deialdiaren honako oinarri hauek onestea, Udalaren plantillako Udaleko Obra eta Zerbitzuen Alorreko 7-10 lanpostua bitarteko administrazio-kontratu bidez aldi baterako betetzeko, bai eta zerbitzu anitzetako enplegatu-igeltsero lanpostuan aldi baterako kontratuarekin aritzeko izangaien zerrenda bat eratzeko ere. Oinarriak jarraian ematen dira, eta orobat agintzen da oinarriok Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara daitezen, tramitazioa abiarazteko.

DEIALDIA, ZERBITZU ANITZETAKO-IGELTSERO LANPOSTUA ALDI BATERAKO KONTRATU BIDEZ BETETZEKO IZANGAIEN ZERRENDA BAT ERATZEKO

1. oinarria.–Arau orokorrak.

1.1. Honako deialdi honen xedea da Vianako Udaleko zerbitzu anitzetako enplegatu-igeltsero lanpostua oposizio bidez betetzeko izangaien zerrenda eratzea, Udalean sortzen diren aldi baterako beharrei erantzutearren. Zerrenda erabiltzen ahalko da bitarteko kontratu bidez lanpostu hutsak betetzeko, bai eta behin-behineko ordezkapenak egiteko ere, laneko bajak, oporrak edo udal zerbitzuak indartu beharra dakarten unean uneko zeinahi premia dagoenean, Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamenduaren 42.a) artikuluan ezarritakoari jarraituz.

1.2. Lanpostuak izanen ditu D mailako ordainsariak, Ordainsariei buruzko Behin-behineko Erregelamenduan ezarritakoaren arabera (maila horretako eginkizunak dituelako) eta plantilla organikoan ezarritako ordainsari osagarriak, baita hitzarmen kolektiboaren bidez lortzen ahal direnak ere.

1.3. Lanaldiaren araubidea eta ordutegia Vianako Udalak lanpostu horretarako ezarritakoak izanen dira, zerbitzuaren beharretara egokituko dira beti, eta organo eskudunak edozein unetan aldatzen ahalko ditu. Lanpostua Obra eta Zerbitzuen Alorrekoa denez, lanaldian sartu ahalko dira igande eta jaiegunetan egin beharreko lanak.

Lanaldia osoa nahiz partziala izaten ahal da.

1.4. Kontratudunak bi hilabeteko probaldia gainditu beharko du, eta epe horretan bi aldeetako edozeinek deuseztatzen ahalko du kontratua, horren berri modu ofizialean jakinaraziz gutxienez ere hamabost egun baliodun lehenagotik. Lanpostu hutsa aldi baterako betetzeko kontratatzen den pertsonak lanpostua utzi beharko du lanpostuaren titularrak lanpostuaren jabetza hartzen duenean edo hautatuak lanpostu hutsaren jabetza hartzen duenean.

1.5. Oinarri hauetan xedatu ez den orotan, arau hauei jarraituko zaie: Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina onesten duen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamendua onesten duen ekainaren 5eko 113/1985 Foru Dekretua, langileak administrazio araubidean kontratatzeko arauak ematen dituen irailaren 28ko 68/2009 Foru Dekretua, eta aplikatu beharreko gainerako arauak.

2. oinarria.–Eginkizunak.

Egin beharreko lanak deialdiaren kategoriari dagozkionak izanen dira, bere mailakoak, mantentze-lan orokorren eta obren lantaldearen berezko jarduketekin ikusteko dutenak; hona hemen horietariko batzuk, aipamen hutsez eta bestelakoak baztertu gabe:

–Zerbitzu anitzak, instalazio eta obretako mantentze-lan orokorren lantaldeari dagozkion jardueren ingurukoak, eta jarraipena egitea horien funtzionamendu, kontserbazio eta mantentze egokiari.

–Udal bulego, instalazio eta biltegietako igeltserotza lanak oro har, eta horien mantentze-lanak; pintura lanak ere bai.

–Zerbitzuaren berezko makineriaren, lanabesen eta tresnen maneiatzea, mantentze-lana eta konpontzea.

–Hiriko altzarien instalazioa eta mantentze-lanak: posteak, seinaleak, farolak, bankuak, iturriak, etab.

–Altzariak eta tresnak lekuz aldatu eta paratzea. Agertokiak, hesiak eta gainerakoak muntatzea eta desmuntatzea, jai eta ekitaldi publikoetan.

–Ibilgailuak gidatzea eta zerbitzuaren makineria erabiltzea (hondeamakina, erraztatzeko makina, orgadun autoa, dumperra, traktorea, etab., B motako gidabaimena arte, hori barne).

–Udalaren azpiegitura eta egoitzetan, eta horietatik kanpo ere, mantentze- eta konpontze-lanak egitea: iturgintza, elektrizitatea, pintura, igeltserotza, soldadura, zurgintza, mekanika, garbiketa, zangak ireki eta ixtea.

–Eskatzen zaizkien hobekuntzako instalazio berriak eta jarduketak egitea, betiere beren mailakoak, eta lanean erabiltzen diren ibilgailuetako artatze eta mantentze-lan oinarrizkoa egitea.

–Eskatzen zaion bide garbiketa egitea, horretarako Udalak dauzkan baliabideak erabiliz.

–Udalak programatzen dituen festetarako eta kultur ekitaldietarako prestakuntzan eta garbiketan laguntzea, baita Udalak laguntzen edo babesten dituen ekitaldietan ere.

–Udaleko gainerako zerbitzuekin lan egitea, hala eskatzen zaionean.

Halaber, zerbitzu anitzetako lanpostuaren eginkizun izanen dira honako lan orokor hauek:

–Segurtasun eta higiene arauak betetzea, lan bakoitzean erabiltzen diren babes-ekipamendu egokiak behar bezala baliatuta.

–Udalaren azpiegitura, egoitza eta ekipamenduetan ikusten diren akats, matxura eta hausturak aldian-aldian koordinatzaileari jakinaraztea.

–Zerbitzuak hobetu daitezen sustatu eta laguntzea, hobekuntzarako lagungarri izan daitezkeen ekintzak eta aldaketak proposatuz.

–Lanerako ezarritako arau, prozedura eta zehaztapen guztiak ezagutu eta aplikatzea.

–Kasuren batean behar izanez gero, egoerari egokitzea, lanorduekin malgutasunez jokatuz, ezarritako lan programa eta zerbitzuaren beharrak betetzeko.

–Bide eta eremu publikoak egoera onean ote dauden begiratzea, baita udal eraikinak ere, eta haien mantentze-lan eta/edo hobekuntzarako proposamenak egitea.

–Alkatetzak edo organo delegatuek haren esku uzten duten beste edozein zeregin egitea, betiere, bere eskumen, maila eta kategoriaren barnean; goragoko mailetako lanak egin eta laguntzea barne.

Era berean, beharrezkoa bada, Udalaren bulegoetatik kanpoko jarduketa eta kudeaketak eginen ditu.

3. oinarria.–Izangaien betebeharrak.

Lanpostu horretarako izangaiek honako baldintza hauek bete beharko dituzte eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunean:

a) Espainiako herritarra izatea, edo Europar Batasuneko beste estatu batekoa, edo langileen zirkulazio askea aplikatzen den eremuko estatu batekoa, Europar Batasunak sinatu eta Espainiak berretsitako nazioarteko tratatuak direla medio.

Orobat, espainiarren eta Europar Batasuneko beste estatuetako edo aipatu nazioarteko tratatuek ukitutako estatuetako herritarren ezkontideek parte hartzen ahal dute, zuzenbidez bereizita ez badaude; halaber, haien ondorengoek eta ezkontidearenek, zuzenbidez bereizita ez badaude, 21 urtetik beherakoak badira, edo gorakoak, haien kontura biziz gero.

b) Hamasei urte beteak izatea eta erretiroa nahitaez hartzeko gehieneko adina ez gainditzea.

c) Eskola Graduatuko titulua, Lanbide Heziketako Lehen Mailako titulua edo horien baliokidea izatea, edo eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean titulu hori eskuratzeko moduan egotea.

d) Zerbitzu anitzetako enplegatu-igeltsero lanpostuaren eginkizunetan aritzeko behar den gaitasun fisiko eta psikikoa izatea.

e) Eginkizun publikoetan aritzeko ezgaitua edo gabetua ez egotea, eta administrazio publikoren baten zerbitzutik bereizia ez izatea.

f) B motako ibilgailuen gidabaimena izatea.

g) Udal Diruzaintzan 7,20 euro ordaintzea, azterketarako eskubideak izateko.

Aurreko baldintzak bete beharko dira eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunerako, eta hautapen prozedura aldian eta kontratazioak iraun bitartean ere.

Baldintza horiek guztiak agiri bidez frogatu beharko dituzte hautatzen diren eta aldi baterako kontrataziorako deia jasotzen duten izangaiek, adierazten zaien unean, kontratua formalizatu aurretik.

4. oinarria.–Eskabideak.

4.1. Eskabideak Vianako Udaleko Erregistro Orokorrean aurkeztu beharko dira, bulegoak irekita dauden orduetan, 09:00etatik 14:00ak arte, astelehenetik ostiralera, egun baliogabeetan izan ezik, hogeita hamar egun naturaleko epean, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita, edo, bestela, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarritako zeinahi modutan aurkezten ahalko dira.

4.2. Eskabideak deialdi honetako ereduari lotuko zaizkio (I. eranskina).

4.3. Eskabideari honako dokumentu hauek erantsi beharko zaizkio:

a) Nortasun Agiri Nazionalaren kopia konpultsatua.

b) Udalaren Diruzaintzan 7,20 euro ordaindu izanaren frogagiria, azterketarako eskubideak izateko. Azterketa eskubideengatik zenbateko hori ordaintzen ez bada, izangaia baztertu eginen da.

Zenbateko hori ordaintzeko, diru-sarrera edo banku-transferentzia egin beharko da honako kontu hauetako batean:

–La Caixa: ES30 2100 4105 1922 0004 4759.

–Nafarroako Rural Kutxa: ES64 3008 0061 5207 0236 6329.

Ordainagirian datu hauek adierazi beharko dira nahitaez:

–Izangaiaren izen-deiturak.

–Kontzeptua: zerbitzu anitzetako enplegatu-igeltsero izateko azterketa.

4.4. Eskabideak aurkezteko epea ezin izanen da luzatu.

4.5. Eskabideetan atzematen diren akats materialak edo egitezkoak zuzentzen ahalko dira ofizioz edo interesdunak eskaturik, noiznahi ere.

4.6. Desgaitasunen bat aitortua duten izangaiek, ariketak egin ahal izateko denbora edo baliabideetan egokitzapenik behar badute, zilegi izanen dute eskabidean eskatzea eta, hartarako, aparteko orri batean adierazi beharko dute nolako desgaitasuna duten eta zer egokitzapen eskatzen duten. Horrekin batera, legeen arabera desgaituak direla frogatzen duen agiria ere aurkeztu beharko dute, originala edo fotokopia konpultsatua, organo eskudunak emandakoa.

5. oinarria.–Izangaien onarpena eta erreklamazioak.

5.1. Eskabideak aurkezteko epea bukatutakoan, Vianako alkateak izangai onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesteko ebazpena emanen du. Zerrenda hori Udalaren iragarki-taulan eta web-orrian argitaratuko da, baita Nafarroako Aldizkari Ofizialean ere.

5.2. Behin-behineko zerrenda Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo hamar egun balioduneko epean, izangai baztertuek erreklamazioak egiten ahal dituzte eta beren eskabideetan egindako akatsak zuzendu, horrelakorik baldin bada, idazkia aurkezturik Vianako Udaleko Erregistro Orokorrean.

5.3. Erreklamazioak aurkezteko epea bukatu eta haiek ebatzita, Udaleko alkateak izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onetsiko du eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean, Udalaren iragarki-taulan eta web-orrian argitaratzeko aginduko du, deialdi honetan aipatzen diren hautaprobak egiteko eguna eta tokia adierazita.

6. oinarria.–Kalifikazio epaimahaia: eraketa eta jarduketak.

6.1. Kide hauek osatuko dute epaimahaia:

–Epaimahai burua: María Blanca Yolanda González García, Vianako Udaleko alkatea (edo legez ordezten duena).

Epaimahai buruaren ordezkoa: Carlos Javier Barragán García, Vianako Udaleko lehen alkateordea (edo legez ordezten duena).

–Lehen epaimahaikidea: Fernando del Prado Abadía, Vianako Udaleko langileen ordezkaria.

Lehen mahaikidearen ordezkoa: José Miguel Alfaro Ibaibarriaga, Vianako Udaleko Zerbitzu Anitzetako arduraduna.

–Bigarren epaimahaikidea: Francisco Javier Zuñiga Lacruz (Industria-ingeniaria, Hiri-hondakinen Zerbitzuaren arduraduna).

Bigarren mahaikidearen ordezkoa: Luis Zudaire (Industria-ingeniaria, Biltegiko arduraduna).

–Hirugarren epaimahaikidea: Pablo Ruiz de Larramendi (Ur Zerbitzuaren Mantentze-lanetako burua).

Hirugarren mahaikidearen ordezkoa: Carlos Enrique Aramendía Marquínez, Mendabiako Udaleko Obra eta Zerbitzuetako arduradun nagusia.

–Mahaikide idazkaria: Arturo Hernández Armendáriz, Vianako Udaleko idazkaria (edo legez ordezten duena).

Mahaikide idazkariaren ordezkoa: Idoia González de Zárate Fernández de Retana, Vianako Udaleko kontu-hartzaile diruzaina.

6.2. Epaimahaiko kideek ez dute parte hartuko, eta organo dei egileari horren berri emanen diote, baldin eta indarrean dagoen araudian parte ez hartzeko ezartzen diren egoeretakoren batean badaude; izangaiek, halaber, zilegi dute epaimahaikideak errefusatzea, inguruabar horietako bat denean.

6.3. Hautaprobak egiten hasi aurretik eratu beharko da epaimahaia. Epaimahaia ezin izanen da eratu, ezta jardun ere, kideen gehiengo osoa gutxienez bildu gabe. Nolanahi ere, mahaiburuak eta idazkariak egon beharko dute bertan edo, bestela, haien ordezkoek.

6.4. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiko oinarriak ulertu eta aplikatzerakoan sortzen diren arazo guztiak, eta berdinketa suertatuz gero, mahaiburuak kalitateko botoa erabiltzen ahal du.

6.5. Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza jasotzen ahal du proba batzuetan nahiz guztietan. Aholkulari horiek dagokien espezialitate teknikoan aritzera mugatuko dira, eta epaimahaiari horietan baizik ez diote lagunduko.

7. oinarria.–Oposizioaren garapena eta balorazioa.

Deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta gutxienez ere bi hilabeteren buruan hasiko da oposizioaldia.

Gainerako proben hurrenez hurreneko iragarkiak soilik emanen dira argitara Vianako Udalaren iragarki-taulan eta web-orrian eta aurreko probak egin diren tokian.

7.1. Oposizioko ariketak plika itxien sistema erabiliz eginen dira, horretarako aukera ematen badute, eta gehienez ere 70 puntu lortzen ahalko dira. Honako ariketa hauek izanen ditu:

7.1.1. Lehen ariketa: praktikoa. Lanpostuaren eginkizunekin, 2. oinarrian jasotzen baitira, zerikusia duten ariketa praktikoak egin beharko dira, edozein motatako makinak erabiltzea barne.

Ariketa honen balorazioak gehienez ere 50 puntu izanen ditu, eta bazterturik geldituko dira gutxienez 25 puntu eskuratzen ez dituztenak.

7.1.2. Bigarren ariketa: teorikoa. Galdera sorta bati idatziz erantzun beharko zaio; erantzuteko zenbait aukera emanen dira baina horietako bakarra izanen da zuzena. Galderak deialdiaren II. eranskinean azaltzen den gai zerrendari buruzkoak izanen dira. Proba honetan epaimahaiak gehienez 20 puntu ematen ahal ditu eta ez da baztergarria izanen. Erantzun okerrengatik ez dira puntuak kenduko, proba egin aurretik epaimahaiak esanen duenari jarraikiz.

Lehenbiziko bi ariketak egun berean egin ahalko dira, bata bestearen ondotik eta epaimahaiak bien artean atsedenaldia egitea erabakitzen ahal du; edo, aitzitik, probak egiteko zenbait egun ezarri ahalko ditu.

Epaimahaiak erabakiko du, bi ariketak hasi aurretik, gehienez ere zenbat iraunen duten.

7.2. Ariketa bakoitzerako dei bakarra eginen da. Izangaiek Nortasun Agiri Nazionala, pasaportea, gidabaimena edo nortasuna frogatzeko epaimahaiak nahikotzat jotzen duen beste agiriren bat aldean dutela agertu beharko dute. Probetara agertzen ez direnak edo beren nortasuna adierazitako moduan frogatzen ez dutenak oposiziotik baztertuko dira.

Minusbaliotasun frogatua dutenentzat (organo eskudunaren ziurtagiri bidez), ariketak egiteko denborak eta baliabideak egokituko dira, baldin eta eskabidean horixe eskatu badute.

8. oinarria.–Probak gainditu dituztenen zerrenda, eta pertsona hautatuak agiriak aurkeztea.

8.1. Hautaprobak bukaturik, epaimahaiak jendaurrean jarriko du probak gainditu dituztenen zerrenda, puntuazio hurrenkeraren araberakoa, Vianako Udalaren iragarki-taulan. Gero, zerrenda hori Vianako Udaleko alkateari igorriko dio, probak puntuazio altuenarekin gainditu dituen izangaia kontratatzeko proposamenarekin batera.

Probak gainditu dituztenen zerrenda, puntuazioen hurrenkeraren araberakoa, Vianako Udalean maila horretako ordezkapenak egin behar direnerako erabiliko da, zerbitzuen beharren arabera eta deialdiko xedearekin bat, harik eta lanpostuaren jabetza hartzen den arte.

8.2. Proposatzen den izangaiak, kontratualdia hasi aurretik, honako agiri hauek aurkeztu beharko ditu Vianako Udalaren Erregistro Orokorrean:

a) NANaren fotokopia konpultsatua edo izangaiaren nazionalitatea eta nortasuna egiaztatzen dituen agiri baliokidearena.

b) Deialdiaren 3. oinarrian eskatutako tituluaren kopia konpultsatua edo titulua lortzeko azterketa eskubideak ordaindu izanaren agiriarena (deialdian parte hartzeko eskabideak aurkezteko epea bukatu baino lehen).

c) Medikuen Elkargo Ofizialak emandako osasun ziurtagiri ofiziala, erakusten duena ez duela akats fisiko nahiz psikikorik edo eritasunik zerbitzu anitzetako enplegatu lanpostuaren eginkizunak betetzea eragozten dionik.

d) Desgaitasunen bat duten izangaiek, gainera, desgaitasuna deialdiko lanpostuarekin bateragarria dela dioen frogagiria aurkeztu beharko dute, balorazio eta orientazio talde eskudunek egina.

e) Zinpeko aitorpena, bere erantzukizunpean, eginkizun publikoetarako ezgaitua edo gabetua ez izateari eta inongo administrazio publikoren zerbitzutik bereizi ez izanari buruzkoa.

f) Proposatutako izangaiak nazionalitate espainiarra ez badu, zinpeko aitorpena aurkeztu beharko du, bere Estatuko funtzio publikoan sartzea eragozten dion diziplina zehapenik edo zigor penalik ez duela adierazteko.

g) Europar Batasuneko herritarra izanez gero, bizileku-txartela.

h) Europar Batasunetik kanpokoa bada, bizileku- eta lan-baimena.

i) Vianako Udalak eskatzen dituen gainerako agiriak.

8.3. Epe horretan, eta behar adina justifikatutako ezinbesteko kasuetan izan ezik, proposatutako izangaiak ez baditu agiri horiek aurkezten, ezin izanen da kontratatu, eta haren jarduketa guztiak baliogabetu eginen dira, eskabidean gezurra esateagatik egozten ahal zaion erantzunbeharra alde batera utzi gabe.

9. oinarria.–Kontratazio zerrenden kudeaketa.

9.1. Kontratazio zerrendek lau urteko indarraldia izanen dute, salbu epe laburragoan agortzen badira edo beste deialdi bat egiten bada.

9.2. Aldi baterako kontratatzeko izangaien zerrenda kudeatzeko arauak.

A) Deia:

Gainditu duten izangaien kontratazioa, oro har, zerbitzuaren beharren arabera banakako deiak egin ondotik eginen da.

Izangaiek harremanetarako zenbait telefono, posta helbide edo fax-zenbaki ematen ahalko dituzte, azkar lokalizatu ahal izateko, eta eguneraturik izan beharko dituzte.

Izangaiei zerrenda bakoitzean dagoen hurrenkeraren arabera dei eginen zaie. Aurreko hori gorabehera, dei horretan kontuan hartuko da Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileriaren Estatutuaren testu bateginaren zazpigarren xedapen gehigarrian, 3. apartatuan, ezarritakoa.

Kontratua telefonoz eskaintzen zaion izangaiari hiru dei, bederen, eginen zaizkio emandako komunikazio-bideen bitartez, bi eguneko epean.

Dei bakoitzaren idatzizko oharra eginen da, gorabeherak, eguna eta ordua aipaturik.

Izangai batekin harremanetan jartzerik ez bada, zerrendan hurrengoa denari deituko zaio, harik eta eskaintzen diren lanpostu guztiak bete arte.

Harremanetan jartzerik izan ez duten izangaiek zerrendan zuten postuari eutsiko diote.

Deietarako oro har ezarritakoa gorabehera, deialdi honen ondoriozko aldi baterako kontratu bat dela bide, izangai bat lanean ari denean edo aritu denean Vianako Udalean, kontratu hori bukatu eta hurrengo 12 hilabetean Udalean lanpostu berdina bete behar baldin bada, Administrazioak izangai horri berari eskainiko dio kontratua, baldin eta dagokion zerrendan libre badago dei egiten zaionean.

Lan-kontratudun batek kontratuari uko egiten ahalko dio iraupen luzeko beste bat hartzeko, baldin eta haren zerrendaren esparrukoa bada eta hari badagokio ordenaren arabera.

B) Uko egiteak:

1. Izangairen batek eskaini zaion lanpostuari uko egiten baldin badio, zerrendaren bukaerara pasako da, ondoko egoera batean dagoela frogatu ezean:

1.–Indarrean dagoen izendapen, kontratu administratibo edo lan kontratu batengatik horretara behartua egotea.

2.–Aldi baterako ezintasun egoeran izatea edo umea izan edo adoptatzeagatik lizentzia izatea.

3.–Zaindu beharra izatea 3 urte baino gutxiagoko semea edo alaba, naturala zein adoptatua.

4.–Zaindu behar izatea bigarren gradura arteko odol edo ezkontza bidezko ahaide bat, adina, istripua edo eritasuna dela-eta bere burua ezin gobernatu duena.

5.–Izangaia ezkondu berria izatea edo, Bikote Egonkorrentzako Berdintasun Juridikoari buruzko uztailaren 3ko 6/2000 Legearen arabera, balio bereko egoeran sartu berria, baldin eta lanpostuari uko egiten badio egoera horiek gertatu ondoko edo aurreko hamabost egun naturaleko epean.

Aurreko apartatuan adierazitako egoeretako batean edo kontratazio arloan eskumena duen organoak baloratuko dituen gisako egoeretan dauden izangaiek hilabeteko epea izanen dute, uko egiten dioten lanpostua eskaintzen zaien egunetik, hori agiriekin eta modu frogagarrian egiaztatzeko. Hala bada, zerrendan zuten toki berean jarraituko dute.

Artikulu honetako lehen apartatuan aipatutako kasu guztietan izangaiek jakinaraziko dute noiz dauden berriz zerbitzurako prest. Horretarako, uko egitea ekarri zuen egoera noiz bukatu den adierazten duten agiriak aurkeztuko dituzte. Jakinarazpen hori egiten ez den bitartean, ez zaie lanposturik eskainiko.

C) Baztertzeak:

Deia ekarri duen zerrendatik kanpo geratuko dira izangaiak honako kasu hauetan:

a) Eskainitako lanpostuari arrazoirik gabe uko egitea.

b) Sinatutako kontratuari uko egitea.

c) Deia eginda lanpostua onartu ondotik, kontratua ez sinatzea.

9.3. Kontratudunak Gizarte Segurantzaren araubide orokorrean sartu eta bertan kidetuko dira; beraz, haien kontu izanen dira dagokien kuota eta Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren atxikipena, behar diren kopuruetan.

10. oinarria.–Kontratazioa eta kontratuaren hasiera.

10.1. Vianako Udaleko alkate udalburua izanen da organo eskuduna, proposatzen den eta oinarrietan ezarritakoa betetzen duen izangaiaren aldi baterako kontratazioa, administrazio- edo lan-araubidekoa, sinatzeko, deialdi honen 1. oinarrian xedatutakoarekin bat.

10.2. Izangai kontratudunak lanpostua betetzen hasi beharko du formalizaturiko kontratuaren arabera hala dagokion egunean edo, bestela, bete beharreko lanpostua orain betetzen duen pertsonak erretiroa hartu eta hurrengo lanegunean.

10.3. Bi hilabeteko probaldia ezarri da, kontratazio egunetik hasita.

11. oinarria.–Aplikazio osagarria.

Deialdi honetan ezartzen ez den orotan aplikatzekoak diren indarreko arauak aplikatuko dira.

12. oinarria.–Errekurtsoak.

12.1. Deialdi honen aurka, baita haren oinarrien eta hura aplikatzeko egintzen aurka ere, errekurtso hauetako bat para daiteke:

a) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Administrazioarekiko Auzien Iruñeko Epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurritutako egintza jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

b) Berraztertzeko errekurtsoa, egintzaren organo egileari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

c) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, errekurritutako egintza jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

Kalifikazio epaimahaiaren egintzen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkez daiteke, deialdia egin duen udal organoari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazten denetik hasita.

Vianan, 2019ko ekainaren 25ean.–Alkate udalburua, Blanca Yolanda González García.

I. ERANSKINA

Eskabide orria (PDFa).

II. ERANSKINA

Gai zerrenda

1. gaia.–Idazketako eta ortografiako oinarrizko arauak.

2. gaia.–Laneko segurtasun eta higienearen gaineko arauen eta oztopo arkitektonikoen gaineko arauen oinarrizko ezagutzak.

3. gaia.–Soldaduraren ezagutza eta doitze makineriaren oinarrizko maneiua.

4. gaia.–Igeltserotzako berariazko kontzeptuak. Erremintak. Materialak. Zolatzea eta alikatatzea. Enkofratuak eta murruak egitea.

5. gaia.–Eraikinetako banaketa koadroak, potentzia kontrolatzeko etengailua, magnetotermikoak eta diferentzialak.

6. gaia.–Oinarrizko argi zirkuituak: etengailuak, konmutadoreak, entxufe-oinak, lanparak, pitzarazgailuak eta erreaktantziak.

7. gaia.–Iturgintza eta berokuntza instalazioen gaineko mantentze-lana: aparatu sanitarioak, txorrotak, zisternak, sifoiak, berokuntza zirkuituak, erradiadoreak betetzea eta purgatzea, galdara-gelak eta haien osagai bereziak.

8. gaia.–Eskema elektrikoen eta iturgintzakoen ezagutza.

9. gaia.–Makineria eta ibilgailuak maneiatu, mantendu eta konpontzea.

10. gaia.–Eraikinen eta hiri altzarien mantentze-lanak. Pintura.

11. gaia.–Vianako udalerria: industrialdeen eta herrigunearen kokapena.

12. gaia.–Vianako geografiaren ezagutza.

13. gaia.–Kaleen garbiketa mekanizatua eta ez-mekanizatua.

14. gaia.–Hondakin mota bakoitza bereizi eta botatzea.

15. gaia.–Laneko segurtasun eta osasunari buruzko ezagutzak: arrisku motak eta horiei aurrea hartzea; norbera babesteko ekipoak.

Iragarkiaren kodea: L1908554