155. ALDIZKARIA - 2019ko abuztuaren 9a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

366E/2019 EBAZPENA, ekainaren 20koa, Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiak emana, ingurumen txosten estrategikoa egiten duena Ultzamako Udal Plana Alkozko 3071. eta 463. lurzatietan aldatzeari buruz. Sofía Balda da aldaketa horren sustatzailea.

Aldaketa txikia da honakoa, Ingurumen Ebaluazioari buruzko 21/2013 Legearen 5. artikuluan definitua; eta lege horren 6. artikuluko aplikazio eremuan xedatzen denaren arabera, ingurumen ebaluazio sinplifikatu estrategikoaren prozedura bete behar du.

Aldaketa 2019ko maiatzaren 8an hasiera batez onetsi ondoren, jendaurrean egoteko epe bat ireki zen, iragarki bat argitaratuz 2019ko 106. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, ekainaren 3koan.

Aldaketaren helburua da 11. poligonoko 3071. lurzatiaren 580 m² hartzea eta, 463. lurzatiarekin batera, UE.O.12 izeneko exekuzio unitate berri bat sortzea, etxebizitza bat egiteko bertan. Aldaketak berekin dakar 3071. lurzatian ukitutako azaleraren sailkapena aldatzea, ustiatze naturaleko lurzoru urbanizaezinetik finkatu gabeko hiri-lurzorura, bai eta 462. lurzatian ere, hiri-lurzoru finkatutik finkatu gabeko hiri-lurzorura.

Gaur egun, jarduketaren eremuan abeltegi bat dago, eta haren ordez etxebizitza bat eraiki, eta 462. lurzatian dagoen etxebizitzara joateko bide bat eginen da; azkenik, berdegune txiki bat lagako da.

Aldaketak ukitzen duen eremuan ez dago ingurumen balio nabarmenik, gaur egun abeltegia dagoelako. Hortaz, abeltzaintzarako eraikinaren ordez bizitegitarako beste bat jartzea da helburua. Egungo eraikina lurraren kontra egina dago, eta lurzatiaren topografia aldapatsuari egokituz; beraz, ez da behar harri-lubetarik edo hondeatze-ezpondarik. Hori dela eta, eraikinaren ezaugarri hori mantentzea gomendatzen da.

Lurralde eta Paisaia Zerbitzuak adierazi du bete dela ingurumen ebaluazio estrategikoaren prozedura, eta aldeko txostena eman du.

Kontuan harturik ingurumen ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedura egoki bete dela, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak eta Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen irailaren 21eko 78/2016 Foru Dekretuak ematen dizkidaten eskumenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Ultzamako Udal Plana Alkozko 11. poligonoko 3071. eta 463. lurzatietan aldatzearen aldeko ingurumen txosten estrategikoa egitea. Sofía Balda da aldaketaren sustatzailea.

2. Aldaketa gauzatzean, ohar hauek hartuko dira kontuan:

–Eraikina eraistean ziurtatuko da EEHak behar bezala kudeatzen direla eta eraikinak modu harmonikoan bat egiten duela ingurunearekin.

–Lur mugimenduak eta egungo topografiaren aldaketak eginez gero, integraziorako hartu beharreko neurriak eta paisaiari dagozkionak adieraziko dira, jarduketa eremua “Ultzamako eta Basaburuko Hariztien Paisaia Babestuan” dagoelako. Horregatik, Nafarroa Atlantikoaren LOP 2ko 33. artikuluan hiri paisaia babesteko jasotzen diren irizpideei jarraitu beharko zaie.

3. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

4. Ebazpen hau Ultzamako Udalari eta Hirigintza Atalari jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2019ko ekainaren 20an.–Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusia, Eva García Balaguer.

Iragarkiaren kodea: F1908434