155. ALDIZKARIA - 2019ko abuztuaren 9a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

447/2019 EBAZPENA, uztailaren 16koa, Hezkuntzako zuzendari nagusiak emana, 2019-2020 ikasturterako jarraibideak onesten dituena honako hauek arautzeko: batetik, Helduen Oinarrizko Hezkuntzako ikastetxe publikoen eta ikasgelen antolaketa eta funtzionamendua, eta bestetik, ikastetxe publiko baimenduetan Helduen Bigarren Hezkuntzako irakaskuntzak emateko modua, hala bertaratzeko modalitatean nola urrutikoan.

Ebazpen honen bidez, indarreko araudiaren zenbait alderdi zehaztu eta garatzeko jarraibideak onesten dira, oinarrizko hezkuntzako irakaskuntzak (bertaratzeko modalitatekoak nola urrutiko modalitatekoak) emanen dituzten helduen hezkuntzako ikastetxe publikoen eta ikasgelen antolaketa egokia eta funtzionamendu ona lortzeko asmoz 2019-2020 ikasturtean.

Antolamenduaren, Orientazioaren eta Aukera Berdintasunaren Zerbitzuko zuzendariak ebazpen hau onestearen eta aurreko puntuan adierazitako jarduketak arautzearen aldeko txostena aurkeztu du.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32.1.d) artikuluak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Helduen Oinarrizko Hezkuntzako ikastetxe publikoen eta Helduen Oinarrizko Hezkuntzako ikasgelen antolaketa eta funtzionamendua arautzeko jarraibideak onestea. I. eranskinean ageri dira.

2. Helduen Bigarren Hezkuntzako irakaskuntzak urrutiko modalitatean nahiz bertaratzekoan emateko jarraibideak onestea. II. eranskinean ageri dira.

3. Helduen Oinarrizko Hezkuntzako ikastetxe publikoek eta ikasgelek, bai eta Helduen Bigarren Hezkuntza irakasten duten Bigarren Hezkuntzako institutuek ere, jarraibide hauetan ageri ez den orotan honako hau bete beharko dute: Nafarroako Foru Komunitatean Haur Hezkuntzako bigarren zikloa, Lehen Hezkuntza, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza eta Batxilergoa ematen duten ikastetxe publikoen antolaketa eta funtzionamendua 2019-2020 ikasturtean arautzeko jarraibideak onesten dituen Hezkuntzako zuzendari nagusiaren ebazpenean orokorrean ezarritakoa.

4. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Ebazpen hau eta eranskinak Antolamenduaren, Orientazioaren eta Aukera Berdintasunaren Zerbitzuari, Ebaluazioaren, Kalitatearen, Prestakuntzaren, Berdintasunaren eta Bizikidetzaren Zerbitzuari, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuari, Eleaniztasunaren eta Arte Ikasketen Zerbitzuari, Hezkuntzako Teknologien eta Informazio Sistemen Zerbitzuari, Ikastetxeetako Informazioa Kudeatzeko Bulegoari eta Unibertsitateen eta Hezkuntza Baliabideen Zuzendaritza Nagusiari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzaten.

6. Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Hezkuntzako kontseilariari zuzendua, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

Iruñean, 2019ko uztailaren 16an.–Hezkuntzako zuzendari nagusia, Roberto Pérez Elorza.

I. ERANSKINA

Helduen Oinarrizko Hezkuntzako ikastetxe publikoen eta Helduen Oinarrizko Hezkuntzako ikasgelen antolaketa eta jarduna arautzeko jarraibideak 2019-2020 ikasturterako

Ikasturte hasierako jarraibideetan indarreko araudiaren hainbat alderdi zehaztu eta argitzen dira, eta arautu gabeko beste alderdi batzuk arautzen, hori guztia Helduen Oinarrizko Hezkuntzako ikastetxe publikoen eta Helduen Oinarrizko Hezkuntzako ikasgelak dituzten eskualdeen antolaketa eta funtzionamendua hobetzeko asmoz. Horrez gain, ikasturtean lehentasunez landu behar diren ildoak ezartzen dituzte.

Jarraibideak hiru kapitulutan daude bereizita:

Lehenbizikoan, urteko programazio orokorrari buruzkoan, argibideak ematen dira ikastetxea edo eskualdea hobetzeko plana prestatzeko.

Bigarrenean, antolakuntza alderdi batzuk zehazten dira, ikastetxearen eta eskualdeko ikasgelen funtzionamendurako beharrezkoak direnak.

Hirugarrenean, gehien erabiltzen diren LOEren ondoriozko arauak zerrendatzen dira.

I.–Urteko programazio orokorra

1.–Hitzaurrea. Justifikazioa eta lortu nahi diren helburuak.

Urteko programazio orokorra (UPO) oinarrizko tresna da, ikastetxeko plangintza, antolaketa eta funtzionamendua biltzen dituena. Dokumentu hori prestatzeko orduan, zorroztasuna, erraztasuna eta erabilgarritasuna hartuko dira kontuan.

Urteko programazio orokorra ikastetxeko zuzendaritza taldeak prestatuko du, klaustroaren eta eskola kontseiluaren deliberazio eta erabakiak kontuan hartuta.

Urteko programazio orokorra ikastetxeko kide guztiek nahitaez bete beharrekoa izanen da.

Ikasturtea bukatutakoan, urteko programazio orokorra zenbateraino bete den ebaluatuko dute eskola kontseiluak eta zuzendaritza taldeak. Ondoriorik aipagarrienak amaierako memorian jasoko dira, eta hura Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzura bidaliko da.

2.–Informazioa biltzeko iturriak.

Urteko programazio orokorrak (UPO) iturri hauetan oinarritutako helburuak izanen ditu: Helburu horiek koherenteak izan behar dute, eta bat etorri behar dute.

a) Ikuskaritzak nabarmendutako alderdiak aurreko ikasturteko UPOa ikuskatu zuenean.

b) Aurreko ikasturteko memorian proposatutako hobekuntza arloak.

c) Barreneko eta kanpoko proben emaitzen analisia eta programa hobetzeko proposamenak.

d) Biurteko hobekuntza planaren helburuak urteka zehaztea, autoebaluazioaren emaitza gisa.

e) Kasua bada, plan estrategikotik edo zuzendaritza proiektutik eratorritako helburuak urteka zehaztea.

3.–Entrega epeak.

Behin onetsitakoan, urriaren 31 baino lehen, ahal dela bitarteko telematikoen bidez, urteko programazio orokorraren ale bat bidaliko da Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzura, eta hark egiaztatuko du programa hori bat datorrela indarreko araudiarekin. Hala ez bada, beharrezko egokitzapenak egiteko eskatuko du.

Urteko programazio orokorra ikastetxean ere utziko da, hezkuntza komunitateak eskura izan dezan.

4.–Garapena.

Hauek dira urteko programazio orokorra osatzen duten elementuak:

4.1. Ikastetxearen ordutegi orokorra eta hura prestatzeko irizpide pedagogikoak.

Azaldu behar du zer irizpide erabili diren ikasgaiak eta ikasmailak banatzeko, kontuan hartuta ikastetxeko guneak eta baliabideak optimizatu eta aprobetxatu behar direla.

4.2. Gobernu organoak.

Ikastetxeko gobernu organo bakoitza eta koordinazio didaktikoko organo bakoitza osatzen duten pertsonen zerrenda eguneratua.

4.3. Ikastetxeko urteko hobekuntza plana.

Hurrengo ikasturte akademikorako helburu zehatzak izan behar ditu laneko esparru eta lantalde bakoitzari dagokionez. Helburu horiek hautatzeko, kontuan hartuko dira 2. atalean aipatutako informazio iturriak.

Ondoko atal hauek izanen ditu planak:

Xedea

Adierazlea

Jomuga

Ekintzak

Arduraduna

Egutegia

Ebaluazioa*

(*) Ebaluaziotzat jotzen da informazio zorrotz eta sistematikoa biltzea egoera baten gaineko datu baliozko eta fidagarriak lortzeko, helburu izanik egoera horren iritzi bat eratzea eta ematea. Balorazio hauei esker, beharreko erabakiak har daitezke ebaluatutako egoera zuzentzeko edo hobetzeko.

4.4. Ikastetxeko hezkuntza proiektuaren/curriculumaren urteko zehaztapena.

Hezkuntza proiektua osatzen duten plan guztien artean, UPOak zehaztu behar ditu, soilik, ikasturte honetarako proposatutako aldaketak.

4.4.1. Etapen curriculuma (aldaketak).

4.4.2. Aniztasunari erantzuteko urteko plana.

4.4.3. Orientazio akademikoaren plana/Tutoretza plana.

4.4.4. Bizikidetza planaren urteko zehaztapena. (204/2010 FA, 12. artikulua).

4.4.5. Hizkuntza proiektua. (Adierazi behar da zer fasetan dagoen, bai eta zein diren helburuak eta planteamendua ere, bat etorriz Ikastetxeko Hizkuntza Proiektuaren prestaketa arautzen duena otsailaren 19ko 16/2019 Foru Aginduarekin).

4.5. Ikastetxeko urteko prestakuntza plana.

Ezarri behar du zein diren ikastetxearen zuzendaritzak hautatutako prestakuntza instituzionaleko ikastaroak, haren helburuak kontuak hartuz, eta ezarri behar du, halaber, ikastaroen iraupena eta datak.

Ikasturtean zehar prestakuntzaren jarraipena eginen da (instituzionalarena eta banakakoarena), eta amaierako memorian baloratuko da.

Eskema hau iradokitzen da:

Irakaslea

Prestakuntza INSTITUZIONALA

BANAKAKO prestakuntza

Ikastaroa

Ordu kopurua

Ikastaroa

Ordu kopurua

4.6. Jarduera osagarriak eta eskolaz kanpokoak.

Ikasturterako aurreikusitako jarduerak zehaztu behar ditu, eta adierazi behar ditu hartzaileak, arduradunak, tenporalizazioa, balorazioa amaierako memorian.

4.7. Zerbitzu osagarriak.

Deskribatu behar ditu ikastetxeak eskaintzen dituen zerbitzu osagarriak, eta adierazi behar ditu onuradunak, tenporalizazioa, arduradunak, etab.

4.8. UPOaren eta amaierako memoriaren jarraipena eta ebaluazioa.

Zehaztu behar da nola eta noiz eginen den urteko programazio orokorraren hiru hilean behingo jarraipen eta ebaluazio prozesua, bai eta urteko programazio orokorraren amaierako memoriarena ere (urteko programazio orokorraren atal berak, emanez datu eta proposamen zehatzak, egokiak eta egingarriak, bai eta barne eta kanpo ebaluazioen emaitzen gainean egindako analisiaren balorazio bat ere).

5.–Biurteko hobekuntza plana.

Indarreko araudian jasotako ebaluazioaren barrenean, 2019-2020 ikasturtearen amaierako memorian ebaluatuko da 2017-2018 ikasturtean ikastetxeek egindako autoebaluazioa, bai eta ikastetxearen biurteko plana eta hartan oinarrituta garatzen diren bloke eta zikloena ere.

Amaierako ebaluazio hori abiapuntu hartuta, ikastetxeek 2020-2022ko biurteko plan berri bat aurkeztuko dute, ikastetxearen jarduna eta bloke edo zikloak jasoko dituena. 2018-2020ko biurteko planean lortu ez diren helburuak mantentzen ahalko dira, eta beste hobekuntza arlo batzuk ere bai, 2017-2018ko jardunaren autoebaluazioan hautemandakoak, amaitutako biurteko planean sartu gabeak. Ez da ahaztu behar, bestalde, azken bi ikasturte horietan lortutako emaitzen bilakaeraren analisia eguneratzea. Horretarako, Educa erabil daiteke, zenbait emaitza akademiko ateratzeko, bai eta ebaluazio diagnostikoa ere.

Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak gainbegiratuko du jardunari buruzko biurteko hobekuntza plan berrien garapena eta ezarpena, zeinak aplikatuko baitira 2020-2021 eta 2021-2022 ikasturteetan.

6.–Berdintasuna eta bizikidetza.

6.1. Bizikidetza. Laguntza programa.

Hezkuntza Departamentuak, “Laguntza” programaren eta ikastetxeen eskura jartzen diren beste baliabide batzuen bidez, bizikidetza planak egiteko orientazioa, prestakuntza eta aholkularitza emanen du. Gainera, erraztasunak emanen ditu bizikidetza batzordeko kideek pixkanaka-pixkanaka gatazkak konpontzeko eta eskola bitartekari aritzeko behar den prestakuntza lor dezaten, indarkeria, jazarpena edo tratu txarrak gertatzen direnean azkar eta kalitatez esku har dezaten.

Ikastetxe bakoitzaren bizikidetza planean curriculumeko eta antolaketako neurriak biltzen dira bizikidetza, tratu ona eta eskola giroa hobetzeko, indarkeria mota guztiak saihesteko eta gatazken, eskola-jazarpenaren, abusuen eta hezkuntza komunitatea osatzen dutenen segurtasun fisikoa, emozionala edo pertsonala arriskuan jartzen duten diskriminazioaren edo tratu txarren egoerei aurrea hartzeko eta arreta emateko.

Programazio horretan nabarmenduko da zein garrantzitsua den hezkuntza komunitate osoa inplikatzea arlo horretan prebentzio lana egin eta tratu onak ikasteko, gatazkak konpontzeko, emozioen aldetik seguruak eta osasungarriak diren inguruneak sortzeko eta eskola-jazarpena desagerrarazteko jarrera irmoa lantzeko orduan.

Bizikidetzaren arloko Aholkularitza Bulegoa arduratuko da hezkuntza komunitatearen prestakuntzaz eta aholkularitzaz, bai bizikidetza plana ezartzeko orduan, bai ikastetxeen ongizate psikosozialari modu negatiboan eragiten dioten egoerak lantzeko orduan, batez ere eskola-jazarpenari dagokionez.

Bizikidetzaren arloko Aholkularitzaren web-orriak zenbait baliabide, eredu, protokolo eta aholku jartzen ditu ikastetxeen eskura nork bere jarduketa plana errazago gauzatzeko eta, orobat, suizidio kasuetan, doluan eta antzeko egoeren ondoriozko beharretan orientabideak eta erantzun espezifikoa eman ahal izateko. Ikastetxe bakoitzean, bizikidetza plana eta haren urteko zehaztapena eguneratuko dira, eta honako orrialde honetan agertzen den bizikidetzari eta indarkeriaren prebentzioari buruzko indarreko araudira egokituko dira:

6.2. Berdintasuna. SKOLAE programa.

2017-2021 Hezkidetza Planak erreferentzia-marko teorikoa eta helburuak ezartzen dizkie Nafarroako ikastetxeei. Helburu horiek Hezkidetza Planaren lau irakaskuntza-ardatz handietan banatzen dira, eta Nafarroako ikastetxeek ezinbestean bete beharko dituzte pixkana, zeinak hiru ikasturtetan zehar mailaz maila txertatzen ari baitira.

Hezkidetza Planak aurreratze sistematiko eta arautua proposatzen du edukietan eta banako zein taldeko ikasketa esperientzietan, ibilbide baten gisa, hezkuntza sistemako unibertsitatetik kanpoko etapa guztietarako, “berdintasunean bizitzen ikastea” gaitasun globala eskuratzeko.

SKOLAE programa sortu da irakasleei eta ikastetxeei laguntzeko, hezkidetza ibilbide hori eskola etapa guztietan gauza dezaten.

Aplikazio progresiboaren bidez, ikasleek berdintasunean bizitzeko gaitasuna garatuko dute, hau da, berdintasunarekiko konpromisoa gauzatu eta erakutsiko dute, jokabide eta eredu berriak ikusgai jarriko dituzte emakumeenganako indarkeriarik gabeko kultura berdinzalea sortzen laguntzeko, eta erantzun argi eta irmoa emanen dute diskriminazioaren, indarkeriaren eta genero desberdintasunen aurrean.

7.–Aniztasunari erantzutea.

Ikastetxe osoaren ardura da aniztasunari erantzutea. Ikasle guztiek hezkuntza premia batzuk dituzte, berariazkoak ala ez izan daitezkeenak. Beharrizan horiei erantzutea elementu nagusietako bat izan behar da ikasturtea antolatzeko orduan.

7.1. Antolaketari dagozkion alderdiak.

Nahitaezkoa da koordinazio eraginkorra ezartzea, ikasleen hezkuntza beharrizanei modu koherentean erantzuten zaiela bermatzeko. Koherentzia behar da bai maila horizontalean (taldeaz arduratzen den irakasle taldea), bai maila bertikalean (eskola-ibilbide osoan).

Irakasle-taldearen koordinazioaren lehen unea den aldetik, hasierako ebaluazioak taldearen eta ikasleen hezkuntza beharrizanak behar bezala zehaztu eta aztertzea ekarriko du berekin, eta adostutako hezkuntza neurriak, curriculumari, metodologiari eta antolakuntzari dagozkionak eta kalitateko hezkuntza erantzuna antolatzen dutenak, finkatzen eta erregistratzen direla bermatuko du.

Gainerako koordinazioetan (ebaluazio saio guztiak barne), erantzun horren jarraipen zehatza bultzatuko da, eta egokitzapen koherente egitea, beharrezkoa izanez gero.

Hortaz, hezkuntza laguntzako premiak dituzten ikasleei erantzuna emanen zaie irakasle guztien parte-hartzea duen eta tutoreak koordinatzen duen erantzun arruntetik.

7.2. Aniztasunari Erantzuteko Nafarroako Plan Estrategikoa ezartzea.

2018-2019 ikasturtearen hasieran aniztasunari erantzuteari dagokionez ikastetxeek egindako autoebaluazioa oinarri hartuta, ikuspegi inklusiboz aniztasunari erantzuteari buruzko hobekuntza proposamenak ondorioztatu ziren; proposamen horiek irakaslanaren biurteko hobekuntza planean eta Aniztasunari Erantzuteko Planean jaso ziren.

Prozesu hori sustatzeko, ikastetxe bakoitzak talde eragile bat izanen du, ikastetxeetan hobekuntza proposamenak aplikatzen direla zaintzeaz arduratuko dena. Talde hori osatuko dute zuzendaritza taldeko pertsona batek, orientatzaileak eta inklusioan bereziki espezializatutako bi edo hiru irakaslek.

Plan horren diseinua 2019-2020 ikasturteko urteko programazio orokorrean sartuko da. Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuari dagokio plan hori gainbegiratzea, ikastetxeen urteko programazio orokorrei jarraipena egin eta gainbegiratzeko esparruaren barrenean.

8.–AbiesWeb eta eskolako liburutegia.

Ikastetxeek eskatuz gero, eskura dute AbiesWeb programa, eskolako liburutegien kudeaketa informatizaturako programa. Hezkuntza Departamentuko Eleaniztasunaren eta Arte Ikasketen Zerbitzuak instalatu eta martxan jarriko du. AbiesWeb erabiltzeko oinarrizko ikastaro bat programatuko da, eta ikastetxeak programaren arduradun izateko aukeratzen dituen pertsonak joaten ahalko dira bertara.

Eskolako liburutegiaren kudeaketaren arduradunei ordu 1 edo 2 ordu osagarri esleitzen ahal zaizkie kudeaketa informatikoa egiteko eta eskolako liburutegia garatzeko, betiere ikastetxeko ordutegia kontuan hartuta.

Eskolako liburutegiko arduradunen eginkizuna izanen da honako zeregin hauek egitea:

–Funts bibliografikoak eta bestelako materialak automatizatzea eta antolatzea.

–Mailegu sistema antolatzea.

–Irakurketaren sustapenari eta irakurzaletasuna bultzatzeko ikastetxeko planari lotutako ekintzen sustapena.

–Liburutegiaren aldetik laguntza ematea ikastetxean antolatzen diren programak eta proiektuak egiteko orduan.

–Liburutegiko ordutegia antolatzea bai irakastorduetan, bai eskolaz kanpokoetan.

9.–Ikastetxeko hizkuntza proiektua.

Bat etorriz Ikastetxearen Hizkuntza Proiektuaren prestaketa arautzen duen otsailaren 19ko 16/2019 Foru Aginduan ezarritakoarekin, ikastetxeek beren egoera linguistikoaren diagnostiko bat eginen dute 2019-2020 ikasturtean zehar, ikastetxeko hizkuntza batzordearen bidez, baldin eta aurrez egina ez badute; han jaso behar da bai curriculum hizkuntzen erabilera eta presentzia, bai hezkuntza komunitateko parte-hartzaileen ezagutza linguistikoaren parte diren beste hizkuntzena ere, eta ezarriko dute, adostasunez, zein diren lortu beharreko helburu linguistikoak. Helburuak zehazteko eta diagnostikatzeko prozesuen emaitzak ikasturtearen amaierako memorian jasoko dira.

Ikastetxeek Eleaniztasunaren eta Arte Ikasketen Zerbitzuaren aholkularitza izanen dute. Era berean, honako esteka honetan orientazio gida bat izanen dute eskura:

https://sites.google.com/educacion.navarra.es/plcnavarra/hasiera

Curriculumeko hizkuntzei dagokienez, ikastetxeek maila bakoitzean irakasgai bakoitza zer hizkuntzatan irakasten den zehaztu beharko dute Educa kudeaketa sisteman (Ikastetxearen menua - Ikasketa-plana - Irakasgaiaren hizkuntza).

II.–Antolaketari dagozkion alderdiak

1.–Irakaskuntzen antolaketa.

1.1. Prestakuntza eskaintzak.

Helduen Oinarrizko Hezkuntzako ikastetxe publikoek eta eskualdeek ikastaro mota hauek eskaintzen ahalko dituzte:

–Lehentasunezko prestakuntza jarduerak: Helduen Hezkuntzari buruzko 19/2002 Foru Legearen 5. artikuluko a), f) eta g) letretan aipatzen diren programei loturik daudenak:

  • Helduen Oinarrizko Hezkuntzako ikastaroak:
  • Hasierako Irakaskuntzak I eta II.
  • Helduen Bigarren Hezkuntzan (HBH) sartzeko prestakuntza.
  • Helduen Bigarren Hezkuntzako I. maila, eskualdeko BHI baimendu baten menpe.
  • Gako-gaitasunei buruzko prestakuntza moduluak (2. maila):
  • Komunikazioa gaztelaniaz (2. maila).
  • Matematika (2. maila).
  • Digitala (2. maila).
  • Etorkinen integrazioan laguntzen duten ikastaroak:
  • Gaztelania bigarren hizkuntza gisa ikastekoak (G/2H).
  • Espainiako Konstituzioa eta egoera soziokulturala ezagutzekoak (Espainiako nazionalitatea lortzeko izen bera duen proba prestatzeko).
  • Bide hezkuntzakoak eta irakurritakoaren ulermena hobetzekoak.
  • Hezkuntza premia bereziak dituzten edo egoera soziokultural ahulean dauden pertsonak gizarteratzen laguntzen duten ikastaroak:
  • Helduen talde espezifikoak: desgaitasuna duten pertsonak edo ikasteko zailtasun handiak dituztenak.
  • Gutxiengoak.
  • Tailer Eskolak.
  • Espetxea.
  • Komunitate terapeutikoak.

–Prestakuntza pertsonalerako jarduerak: Helduen Hezkuntzari buruzko 19/2002 Foru Legearen 5. artikuluko c), d), e), h) eta i) letretan aipatzen diren programekin loturik daudenak:

  • Mentor ikasgeletako ikastaroak.
  • Prestakuntza instrumentaleko arautu gabeko irakaskuntzak:
  • Informatikan hasteko ikastaroa.
  • Atzerriko hizkuntzen oinarrizko ikastaroak.
  • Kultura zabaltzeko programak:
  • Pertsonen arteko harremanen eta komunikazioaren tailerra.

Ikastetxeek eta ikasgelek irabazi-asmorik gabeko erakunde eta elkarteekin batera lan egiten ahalko dute desgaitasuna duten edo egoera soziokultural ahulean dauden pertsonentzako programak garatzeko. Lankidetza hori Hezkuntza Departamentuak ontzat eman beharko du, eta ikastetxeek edo eskualdeek ikasturtearen hasieran egiten duten lehentasunezko eskaintzan agertuko da.

1.1.1. Ikastetxe eta eskualde bakoitzeko eskaintza.

Ikastetxeak eta eskualdeak ahaleginduko dira prestakuntza premia handienak dituzten eta gizartean bazterturik gelditzeko arriskuan dauden pertsonen eta gizataldeen partaidetza sustatzen. Oro har, lauhileko bakoitzean proposatzen duten eskaintzako ordu-kargaren %80 lehentasunezko jardueretarako izanen da.

Ikastetxeak eta eskualdeak ahaleginduko dira lauhileko bakoitzaren hasieran beren jarduketa eremuan sortzen diren lehentasunezko ikastaroen eskari osoari erantzuten, beraiek dituzten langileekin. Beharrezkoa bada, prestakuntza pertsonalerako ikastaroen ordutegia edo kopurua murriztuko da.

Ikastetxeetako zuzendaritza taldeak, klaustroari entzun ondoren, edo eskualdeetako irakasle taldeek taldeak eta ordutegiak berrantolatzea proposatu dezakete lauhilekoetan zehar, edo lehendabizikoa amaitu ondoren, talde batzuetan asistentziak behera egiten badu edo eskaera berriak baldin badaude, bereziki lehentasunezko eskaintzako ikastaroetan. Aldaketa horrek Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuaren baimena izan beharko du.

1.2. Inskripzioa eta matrikula.

1.2.1. Inskripzioa egiteko epeak.

Oro har, jardueretarako inskripzioa honako epe hauetan eginen da:

–Lehen lauhilekoko ikastaroak: irailaren 18ra arte.

–Bigarren lauhilekoko ikastaroak: otsailaren 7ra arte.

Ikastetxeek eta eskualdeek bi aldi bereizitan egin dezakete inskripzioa: lehenbizikoa lehentasunezko ikastaroetarako, eta bigarrena prestakuntza pertsonaleko ikastaroetarako.

Ikastetxe eta eskualdeetan lauhileko osoa bitartean ematen ahalko da izena lehentasunezko prestakuntza jardueretarako. Ahal izanez gero, berehala erantzunen zaio eskaerari; bestela, itxaron zerrenda batean sartuko dira interesdunak.

Gako-gaitasunei buruzko prestakuntza moduluen 2. mailarako inskripzioa Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren eskaintza orokorreko ikastaroetarako inskripzio-egun berberetan eginen da.

Mentor ikasgeletan izena emateko epea irailetik ekainera bitarte egonen da zabalik.

1.2.2. Adin baldintzak.

a) Lehentasunezko prestakuntza jardueren ikastaroak:

–18 urtetik gorakoak izatea, edo jarduera hasten den urtean 18 urte beteak izatea.

–16 urtetik gorakoak izatea, baldin eta haiek beraiek eskatzen badute eta ikastetxeetako araubide arruntean joaterik ez badute, lan kontratu bat dutelako edo goi mailako kirolariak direlako. Izena emateko unean, alegatutako arrazoiak justifikatu beharko dituzte inskribatzen diren ikastetxean edo eskualdean.

–Gaztelania ikastaroetan, salbuespen gisa, 16 urtetik gorako atzerritarrak onartzen ahalko dira, gaztelania ikasi beharra dutenean.

b) Prestakuntza pertsonalerako ikastaroak:

–Izena ematen dutenean 18 urte beteak izatea.

1.2.3. Ikaskuntzaren hasierako balorazioa.

Ikastetxeek, uztailaren 20ko 61/2009 Foru Dekretuaren 16. artikuluan ezarritakoarekin bat, matrikulazioaren aurretik, ikaskuntzaren hasierako balorazioa (IHB) eginen diete nahitaez Helduen Oinarrizko Hezkuntzako ikastaroetan lehen aldiz inskribatzen direnei (Hasierako Irakaskuntzak I eta II). Hasierako balorazio horretan jarraitu beharreko prozesua uztailaren 3ko 129/2009 Foru Legearen 3. oinarrian adierazten da. Ikastaroa bitartean inskribatzen diren pertsona guztiei ere eginen zaie hasierako balorazioa, izena ematen duten unean berean.

Gako-gaitasunen 2. mailako prestakuntza moduluetan izena ematen dutenei ere eginen zaie hasierako balorazioa, ikastaro horiek arautzen dituen apirilaren 29ko 221/2013 Ebazpenaren III.4 apartatuan aipatzen den bezala.

1.2.4. Onartzeko irizpideak.

Aurkeztutako eskaera guztiak onartuko dira. Eskatzaile gehiago daudenean eskaintzen diren postuak baino, ikastetxeak ezarriko duen sistemaren bidez beteko dira. Betiere, irizpide hauek hartuko dira kontuan:

–Helduen Oinarrizko Hezkuntza egiteko, aurreko lauhilekoan matrikulatuta egon direnek izanen dute lehentasuna, eta horien artean maila gainditu dutenek. Maila berean jarraitu behar badute, lehentasuna izanen dute maila horretan denbora gutxien daramatenek. Modulu bera lau lauhilekotan eginik ere gainditzerik lortzen ez dutenek ez dute lehentasunik izanen lehenbiziko aldiz izena ematen dutenen aldean.

Gako-gaitasunen 2. mailako prestakuntza moduluetan kontuan hartuko dira hasierako balorazioaren emaitzak.

–Eskaintzen diren gainerako irakaskuntzetan, lehentasuna honako irizpide hauei segituz finkatuko da:

  • Helduentzako hezkuntzako ikasketak beste ikasketa ofizial batzuekin batera ez egitea.
  • Azken bi urteetan Helduen Hezkuntzako irakaskuntza beretan matrikulaturik egon ez izana edo horiek utzi ez izana.

Plaza lortzen ez duten pertsonak itxaron zerrendan geldituko dira, gertatzen diren bajak betetzeko. Helduen talde espezifikoen kasuan, lauhileko batean itxaron zerrendan egon direnek hurrengo lauhilekoan plaza lortzeko lehentasuna izanen dute.

1.2.5. Matrikulazioa.

Izena emateko prozesua bukaturik eta ikaskuntzaren hasierako balorazioa eginik, onartzen diren pertsonak behar diren ikastaroetan inskribatuko dira, EDUCA eskolako kudeaketa sistemaren bidez.

1.3. Ikastaroak eta taldeak.

Ikastaro guztiak, oro har, lau hilekoak izanen dira, Mentor ikasgelako ikastaroak izan ezik.

Egutegia Hezkuntzako zuzendari nagusiak maiatzaren 9an emandako 262/2019 Ebazpenaren I. eranskinean ezarritakoaren araberakoa izanen da. Ebazpen horren bidez, 2019-2020 ikasturterako eskola egutegia prestatzeko jarraibideak onetsi ziren Helduen Oinarrizko Hezkuntzako ikastetxe publikoetan eta ikasgeletan emanen diren irakaskuntzetarako eta ikastetxe publiko baimenduetan emanen diren Helduen Bigarren Hezkuntzako irakaskuntzetarako.

1.3.1. Taldeak osatzeko ratioak.

a) Helduen Oinarrizko Hezkuntza:

–Hasierako Irakaskuntzak I: 10 pertsona gutxienez.

–Hasierako Irakaskuntzak II: 15 pertsona gutxienez.

–Helduen Bigarren Hezkuntzan (HBH) sartzeko prestakuntza ikastaroa: 15 pertsona gutxienez.

b) Gako-gaitasunei buruzko prestakuntza moduluak (2. maila): 15 pertsona gutxienez.

c) Etorkin atzerritarrak:

–Gaztelania ikastaroak: mailaren arabera.

–A0 (analfabetoak beren hizkuntzan edo aurretiazko prestakuntza oso apala dutenak) edo talde heterogeneoak: 12 pertsona gutxienez.

–A1, A2, B1, B2: 15 pertsona gutxienez.

–Espainiako Konstituzioa eta egoera soziokulturala ezagutzeko ikastaroak: 15 pertsona gutxienez.

–Bide hezkuntzako ikastaroak: 15 pertsona gutxienez.

d) Helduen talde espezifikoak: 6 ikasletik 8ra bitarte gutxienez, mailaren arabera.

e) Prestakuntza pertsonaleko ikastaroak: 25 pertsona gutxienez.

Ratio txikiagoko taldeak osatzeko, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuaren baimena beharko da.

1.3.2. Jardueren asteko ordutegia.

a) Hasierako irakaskuntzak:

–Hasierako irakaskuntzak I: astean 10 ordu gehienez.

–Hasierako irakaskuntzak II: astean 12 ordu gehienez.

–HBHn sartzeko prestakuntza ikastaroa: astean 10 gehienez.

b) Gako-gaitasunei buruzko prestakuntza moduluak (2. maila)

–Komunikazioa gaztelaniaz (2. maila) eta Matematika (2. maila): astean 4 ordu.

–Digitala (2. maila): astean 2 ordu.

c) Etorkin atzerritarrentzako ikastaroak.

–Gaztelania bigarren hizkuntza gisa: astean 8 ordu gehienez.

–Espainiako Konstituzioari eta egoera soziokulturalari buruzko ezagutza: astean 4 ordu gehienez.

–Bide Hezkuntza: astean 4 ordu gehienez.

d) Helduen talde espezifikoak: 3 ordutik 6ra bitarte astean.

e) Mentor ikasgeletako ikastaroak: ikastaroa ikasgelara joanez egin nahi duten pertsonek ordenagailua erabili ahal izanen dute 3 orduz astean.

f) Prestakuntza instrumentaleko arautu gabeko irakaskuntzak (Informatika eta hizkuntzak): astean 3 ordu.

g) Kultura zabaltzeko programak: astean 2 ordu.

Aipatutako asteko ordutegiarekin bat ez datozen ikastaroetarako, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuaren baimena beharko da.

Ikastetxeek eta eskualdeek astelehenetik ostiralera banatuko dituzte prestakuntza jardueren irakastorduak, goizeko, arratsaldeko eta gaueko txandetan, baldin eta eskualdeko helduen prestakuntza behar eta eskariak direla-eta hori komeni bada.

1.4. Ebaluazioa eta ziurtapena.

1.4.1. Hasierako Irakaskuntzetako ikastaroen ebaluazioa.

Hasierako Irakaskuntzetako ikastaroen ebaluazio prozesua abuztuaren 3ko 129/2009 Foru Aginduaren 10., 11., 12., 13., 14. eta 16. oinarrietan ezarritakoari lotuko zaio.

1.4.2. Helduen talde espezifikoetako ikasleen ebaluazioa.

Ikasleen ebaluazioa nagusiki hezigarria izanen da, eta alderdi kualitatiboak nagusituko dira, irakaskuntza nahiz ikaskuntza prozesuen etengabeko doikuntza eta ikasleen interesen eta beharren bilketa errazteko. Ebaluazioa osatzeko, gomendagarria da informazioa biltzea hasieran eta bukaeran; horretarako, orientazio gisa, proposatzen da helduen taldeen espezifikoetarako ebaluazio protokoloa erabiltzea, NHBBZren web-orrian eskuragarri dagoena:

http://creena.educacion.navarra.es/web/eu/balorazio-eta-aholkularitza-arloa/helduen-hezkuntza/recursosea/

1.4.3. Gako-gaitasunei buruzko 2. mailako prestakuntza moduluen ebaluazioa.

Gako-gaitasunei buruzko 2. mailako prestakuntza moduluen ebaluazioa eta ziurtapena apirilaren 29ko 221/2013 Ebazpenaren IV. atalean ezarritakoari lotuko zaio.

Komunikazioa gaztelaniaz (2. maila) eta Matematika (2. maila) prestakuntza moduluetan Gai kalifikazioa eskuratzeko, ikasleek azkeneko proba bat gainditu beharko dute, Nafarroako Enplegu Zerbitzuak prestatuko duena.

1.4.4. Mentor ikasgeletako ikastaroen ziurtapena.

Ikastaroa bukatu eta bertaratzeko modalitatearen azken ebaluazioa gainditzen duten pertsonek aprobetxamenduaren ziurtagiri bat jasoko dute, Hezkuntza Ministerioak eta Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuak luzatua.

1.4.5. Gainerako prestakuntza jardueren ziurtapena.

Lau hileko ikastaro bakoitzaren hasieran, irakasleek ikastaroaren berri emanen diete partaideei, labur, alderdi hauek azalduz: zenbat ordu diren guztira, egutegia, helburuak, edukiak eta gutxieneko betebeharrak gainditzeko.

Ikastaroa amaituta, helburuak erdietsi eta adierazitako betebeharrak bete dituzten pertsonek ikastetxeko ziurtagiri bat jasoko dute. Aurrealdean pertsona identifikatzeko datuak agertuko dira, ikastaroaren izena eta ordu kopurua; atzealdean, garatutako edukiak jasoko dira. Eranskin honen amaieran ageri dena erabili daiteke eredutako.

Gaztelania ikastaro bat bukatu eta balorazio positiboa lortzen duten pertsonei ematen zaien ziurtagirietan ikastaroaren maila aipatu beharko da, eta ez da beharrezkoa izanen ikastaroaren ordu kopurua agerraraztea.

1.4.6. Bertaratze ziurtagiriak.

Partaideek eskubidea izanen dute prestakuntza jardueretan izena eman edo parte hartu izanaren ziurtagiria jasotzeko, betiere gutxienez klaseen %50era joan baldin badira.

2.–Irakasleak.

2.1. Lanaldia.

225/1998 Foru Dekretuaren 1. artikuluan xedatutakoaren arabera, irakasleek, oro har, Nafarroako Gobernuaren menpeko funtzionarioentzat finkatzen den lanaldi bera izanen dute, beren eginkizunen ezaugarrietara egokitua.

Nafarroako irakaskuntza publikoaren kalitatea hobetzeko itunaren emaitza gisa, zeina argitaratu baitzen irailaren 14ko 86/2018 Foru Aginduaren bidez, zuzeneko irakaskuntza orduak murrizten dira aipatu foru agindu horretan, eta murriztutako ordu horiek honela erabiliko dira: ordu bat ikastetxeko koordinazio lanetarako eta plangintza instituzionaleko agiriak prestatzeko, eta beste ordua ikastetxeak abian dituen proiektuak, programak eta planak egiteko, bai eta aipatu foru aginduak ezarritako zereginetarako.

Horretarako, zuzendaritza taldeak ezarriko du lanerako plana eta hura arduratuko da plana betetzen dela ziurtatzeaz. Plan honek lehentasuna izanen du eta ezinbestekoa izanen da irakasleen edozein aukeraren gainetik.

Ekaineko eta iraileko eskola gabeko lan egunetan eta, orobat, lehenengo lauhilekoaren bukaeratik bigarrena hasi bitartekoetan, irakasleek, egunero, ikastetxean egon beharreko bost orduko lanaldi etengabea egin beharko dute.

Helduen oinarrizko hezkuntzako ikastetxeek eta eskualdeek zilegi dute asteazkenetako goiza eskolarik gabe uztea, irakasleen arteko koordinazioa errazteko. Ordutegi hori eginkizun hauetarako erabiliko da:

–Plangintza instituzionalaren agiriak prestatu eta berrikustea.

–Irakaslana koordinatzeko organoen bilerak.

–Ebaluazio bilerak.

–Klaustroak.

–Ikastetxearen prestakuntza planean sartutako hobekuntza jarduerak.

2.2. Irakasleak lanera ez agertzea.

Aldi baterako ezintasun batengatik irakaslea lanera agertzen ez denean ikastetxeko zuzendaritzak egin behar duen kontrola Hezkuntza Departamentuko webgunean ezarritakoari jarraituko zaio:

https://www.educacion.navarra.es/eu/web/dpto/incapacidad-temporal

Aldi baterako ezintasuneko egoeran dauden langileek bajaren frogagiria aurkeztu behar dute gehienez ere 3 eguneko epean, lanera huts egindako lehen egunetik zenbatzen hasita. Frogagiri hori ikastetxeko zuzendaritzan nahiz Hezkuntza Departamentuan aurkez daiteke.

Hezkuntza Departamentuan aurkeztu nahi bada, ohiko posta baliatu behar da, edo, bestela, erregistro ofizialen bat, eta jatorrizko agiriak aurkeztu behar dira beti. Ohiko posta erabiliz gero, eta betiere epeak bete ahal izateko, ordezkapenen, kotizazioen eta nominan eragina duten gainerako elementuen ondorioetarako, beharrezkoa da posta elektronikoz kopia bat aurreratzea, helbide honetara bidalita: bajaseducacion@navarra.es.

Baja partea Hezkuntza Departamentuan aurkeztuz gero, nahitaezkoa izanen da horren kopia bat ahal den lasterren lantokian aurkeztea edo bertara bidaltzea, lantokian absentzia datak zehazki jakin ditzaten. Ikastetxeko zuzendaritzaren iritziz salbuespenezko egoera bat gertatzen denean, agiria bidali ordez telefonoz jakinaraztea onartuko da.

Altaren frogagiria zuzendaritzan aurkeztu behar da lanera itzultzeko egunean berean. Hutsegiteen egiaztagiria aurkezten ez bada irakaslea ikastetxera itzultzen den egunetik hasita 2 egun naturaleko epean, zuzendaritzak horren berri emanen dio Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuari, indarreko araudian ezarri bezala jokatzeko. Irakasleari ere jakinaraziko zaio idatziz.

2.3. Nahitaezko prestakuntza.

Prestakuntza etengabeko 35 orduak irakasleen eskubide eta betebehar bat dira, bai eta hezkuntza administrazioen eta ikastetxeen erantzukizuna ere, azken helburua izanik Nafarroako hezkuntza sistemaren kalitatea hobetzea irakasle lanbidea garatuz.

Prestakuntza etengabearen helburua da lanbide gaitasunak perfekzionatzea behin dagokion kidegoan sartzeko fasea amaitutakoan. Bi prestakuntza mota hauetan banatzen da: ikastetxeko prestakuntza (ikastetxeko prestakuntza plana) eta banakako prestakuntza (urteko prestakuntza plana).

Hori horrela, ikastetxeek prestakuntza instituzionalaren programa bat ezarriko dute ikastetxeko irakasle guztientzat. Prestakuntza horrek 12 ordu iraunen du gutxienez.

Zuzendaritza taldeak finkatu eta antolatuko du programa horren edukia eta nola banatu ikasturtean zehar, hobekuntza planaren helburuak kontuan hartuta, eta hori guztia ikastetxearen prestakuntza planean jasoko da. Prestakuntza hori lehentasunezkoa izanen da, eta irakasle guztiek nahitaez egin beharko dute. Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak gainbegiratuko du irakasle guztiek egiten dutela.

Ikastetxe bakoitza atxikia dago Irakasleentzako Laguntza Zentro (ILZ) bati, eta erreferentziazko aholkulari bat izanen du, ikastetxeko prestakuntza plana prestatzen laguntzeko, hautemandako prestakuntza premietan oinarrituta. Ikastetxe bakoitzak prestakuntzako arduradun bat izendatuko du lotura lanak egin ditzan ikastetxearen eta ILZko aholkulariaren artean. Ez bada inor izendatzen, ikasketa buruak hartuko du zeregin hori bere gain.

Prestakuntza instituzionaltzat hartzen ahal da zuzendaritza taldearen gidaritzapean sare hauetako batean parte hartzea: Osasuna sustatzen duten Eskolen Sarean, Eskola Jasangarrien Sarean eta Eskola Solidarioen Sarean. Prestakuntza instituzionaltzat hartzen ahal da, halaber, Hezkuntza Departamentuko atalek sustatutako programetan parte hartzea, baldin eta irakasleentzako prestakuntza barne hartzen badute.

Ikastetxe batean lan egiten duten irakasle guztiek bertan dauden bitartean antolatzen diren prestakuntza instituzionaleko jarduerak egin beharko dituzte, salbu eta, ikasturte berean, beste ikastetxe batean egin badituzte prestakuntza instituzionaleko gutxieneko 12 orduak. Kasu horretan, dagokion ziurtagiria aurkeztu beharko diote ikastetxeko zuzendaritzari, prestakuntza mota eta egindako ordu kopurua adierazita. Ordu kopuru hori 12tik beherakoa bada, irakasleak kopuru hori lortu arte falta direnak egin beharko ditu, gutxienez.

Ikasturte bakoitzean prestakuntza instituzionala nahitaez bete beharrekoa bada ere, norberaren prestakuntza bi ikasturteko epean egin daiteke, baldin eta bi urte horietan prestakuntzan emandako orduen kopuruak betetzen badu lehenengo paragrafoan ezarritakoa.

2.4. Taldeak eta ordutegiak esleitzeko irizpideak.

Ikastetxearen antolaketa pedagogikoa hobea izan dadin, taldeak esleitzerakoan malgutasunaren printzipioari jarraituko zaio, irakasleen atxikipena eta ikastetxearen egiazko beharrak ongi bateratzeko.

Ikastetxe eta eskualdeetako zuzendariek irizpide hauen arabera esleituko dituzte taldeak:

2.4.1. Lehentasun ordena:

–Behin betiko irakasleak, aitorturik dauzkaten eskubideen arabera: antzinatasuna (lanpostuaren atxikipenean, eta, horretan berdinketa gertatuz gero, kidegoan duten antzinatasuna), herria aukeratzeko lehentasuna...

–Behin-behineko irakasleak, lehentasuna emanez kidegoko antzinatasunari.

–Praktiketan ari diren irakasleak.

–Aldi baterako irakasle kontratudunak, administrazio edo lan araubidekoak.

Aurreko atalean ezarritakoa gorabehera, ikastetxe eta eskualdeetako zuzendaritzek ikastetxeko edo eskualdeko eskola aprobetxamendua eta antolaketa hobetzen duten bestelako inguruabarrak ere kontuan hartzen ahalko dituzte ikasle taldeak esleitzerakoan.

Bigarren lauhilekoan, eskaeren arabera, irakasle baten ardurapean dauden taldeetan aldaketak izan daitezke.

2.4.2. Espezialitateak:

–Helduen Oinarrizko Hezkuntzako Hasierako Irakaskuntzak: hezkuntza orokorreko maisu-maistrak.

–Gako-gaitasunei buruzko prestakuntza moduluak (2. maila) eta HBHn sartzeko prestakuntza ikastaroak: hezkuntza orokorreko maisu-maistrak, ahal delarik behar den gaikuntza dutenak edo irakaskuntzan esperientzia aitortua dutenak.

–Hizkuntza: behar den gaikuntza duten maisu-maistrak.

–Etorkinak, gizarte egoera ahulean dauden taldeak: hezkuntza orokorreko maisu-maistrak.

–Desgaitasun fisikoak, psikikoak edo zentzumenezkoak dituzten pertsonak: pedagogia terapeutikoko edo entzumen eta hizkuntzako espezialistak; hezkuntza orokorreko maisu-maistrak.

–Mentor ikasgeletako ikastaroak: Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologietan prestakuntza eta esperientzia frogatzen duten irakasleak, ikasgelako administratzaileentzako prestakuntza ikastaroa egina badute.

–Gainerako ikastaroak: ikastaro horiek emateko behar den prestakuntza dutela uste duten irakasleak.

2.5. Mentor Ikasgelako administratzaileak.

2.5.1. Eginkizunak:

–Ikasgelako ikus-entzunezko materialek eta informatika eta kontsulta tresnek ongi funtzionatzen dutela ziurtatzea.

–Eskaintza honetan interesa duten pertsonei aholkuak ematea ikastaroen ezaugarriei buruz, beren behar eta nahietarako zer ikastaro diren egokienak aditzera emanez.

–Ikaslea gidatzea bere lehenbiziko komunikazio telematikoetan, aurkitzen dituen zailtasunak konpontzeko.

–Ikastaroko ikasleen eta tutoreen artean gertatzen ahal diren zailtasunak konpontzea.

–Ikasleren baten gorabeheren berri ematea tutoreei.

–Ikastaroetako tutore eta koordinatzaileekin batera azterketetarako deiak antolatzea.

–Ikasgelaren erabilera kudeatzea, bere jardunari ahalik etekin handiena ateraz eta ikasleen beharrak eta dauden eskariak bateragarri eginez.

2.5.2. Ordutegia:

Administratzaileek ordutegi hau izanen dute astean, beren eginkizunak betetzeko:

–Tuterako, Tafallako eta Lizarrako Mentor ikasgelak: gehienez ere 6 ordu astean: eskola zuzeneko 2 ordu; gainerako 4ak, eskola-ordutzat jotzen direnak eta ordu osagarriak.

–Iruñeko Mentor ikasgela: gehienez ere 12 ordu astean: eskola zuzeneko 6 ordu, gainerako 6ak eskola-ordutzat jotzen direnak eta ordu osagarriak.

2.6. Iruñeko Espetxean dauden ikasgeletako irakasleak.

Iruñeko Espetxeko oinarrizko hezkuntzako ikasgelak José María Iribarren Helduen Oinarrizko Hezkuntzako ikastetxe publikoari atxikita egonen dira, Iruñerriko gainerako ikasgelak bezala. Hango irakasleek ikastetxe horren menpeko atxikipen funtzionala izanen dute, eta Iruñeko espetxean dauden kontrol eta segurtasun kontrol guztiak bete beharko dituzte.

Haien eskola-jarduera Iruñeko espetxean eginen dute, astegun guztietan zehar, astelehenetik ostiralera.

Eskola-ordutzat jotzen diren orduen barruan, zuzeneko eskolako ordutzat jo gabe, irakasleek eginkizun hauek izanen dituzte:

–Taldeen koordinazio didaktiko eta tutoriala.

–Oinarrizko hezkuntzako taldeetan sartuko diren pertsonei harrera eta hasierako balorazioa egitea.

–José María Iribarren ikastetxeak edo Espetxeetako Zuzendaritza Nagusiak sustatutako proiektu edo kanpainetako hezkuntza jarduerak garatzen laguntzea.

Nahitaez ikastetxean egon beharreko ordu osagarrietan honako jarduera hauetan arituko dira:

–Jarduerak programatzea eta material didaktikoa prestatzea.

–Ebaluazio bilerak.

–Administrazio agiriak betetzea.

Ikastetxean egon beharreko asteko ordu osagarrien barruan, José María Iribarren ikastetxean egiten diren jarduerak hartuko dira kontuan: klaustroak, irakaslana koordinatzeko organoak, hobetzeko jarduerak...

“José María Iribarren” HOHIPeko zuzendaritza taldeari lehenbailehen jakinarazi beharko diote lanera ez agertuz gero edo irakaslanean gertatutako edozein gorabehera, hutsegiteen hileko partean ager dadin, eskola-orduetan izan nahiz ordu osagarrietan.

Horretarako, ‘’José María Iribarren’’ HOHIPeko zuzendaritzak bidezkotzat jotzen duen informazioa eskatzen ahalko die Espetxeko arduradunei.

Iraileko eta ekaineko eskolarik gabeko egunetan, horrelakorik baldin badago, José María Iribarren ikastetxera joan beharko dute, egun horietarako programatutako lanak egiteko.

Irakasle taldea irakasle baten ardurapean arituko da. José María iribarren HOHIPeko zuzendaritzak izendatuko du arduradun hori. Arduradunak mailako koordinatzaile lanak eginen ditu, eta taldeko bitartekaria eta ordezkaria izanen da espetxearen aurrean, hezkuntza jarduerak zuzen garatzen direla laguntzearren. Eginkizun horietan, astean 2 eskola-ordu ematen ahalko ditu.

3.–Gobernu organoak.

3.1. Helduen Oinarrizko Hezkuntzako ikastetxe publikoak.

Ikastetxeek gobernu organo hauek izanen dituzte: eskola kontseilua, irakasleen klaustroa eta zuzendaritza taldea.

Talde horretako kideei eta eginkizunei dagokienez, honako hauek aplikatuko dira: Hezkuntzari buruzko Lege Organikoaren III. kapitulua, Hezkuntza kalitatea hobetzeko Lege Organikoak sartutako hobekuntzak eta Haur eta Lehen Hezkuntzako Ikastetxe Publikoen Erregelamendu Organikoa (otsailaren 10eko 24/1997 Foru Dekretua).

3.2. Helduen Oinarrizko Hezkuntzako ikasgelak.

Eskualdeko irakasle taldea eremu geografiko bakoitzeko ikasgelez arduratzen diren irakasleek osatuta dago, eta irakasle horietako baten zuzendaritzapean jardunen du, taldeko burua izanen baita.

Taldeko burua eskualdean behin betiko destinoa duten irakasleen artetik izendatuko du Hezkuntza Departamentuak ikasturte baterako. Zuzeneko eskolako 3 ordu kenduko zaizkio astean, lan hori bete dezan.

3.2.1. Eskualdeko irakasle taldearen eginkizunak.

a) Eskualdeko prestakuntza jarduerak antolatu eta garatzea modu koordinatuan: eskaintza planifikatzea, hasierako balorazioak egitea, taldeak eratzea, eskolak ematea eta ebaluatzea.

b) Eskualdeko jarduketak kudeatzea: altak, bajak.

c) Educa-ren bidez, kudeatzea ikasleen segimendua eta kurtsoetako dokumentazioa.

d) Plangintza instituzionalaren agiriak prestatzea edo, beharrezkoa denean, aldatzea (hezkuntza proiektua, urteko programazio orokorra, amaierako memoria eta antolaketa eta funtzionamendu arauak), betiere taldeko buruaren zuzendaritzapean.

e) Ikasgelako programazioen prestaketa gidatuko duten ildo orokorrak ezartzea, hezkuntza proiektuan oinarrituta.

f) Ikasleen ikaste prozesurako egokienak diren metodologia didaktikoak erabil daitezen laguntzea.

g) Irakaslanerako material didaktikoak proposatzea.

h) Hezkuntza Departamentuak esleitzen dion beste edozein, eta eskualdeko antolaketa eta funtzionamendu arauetan ezartzen direnak.

3.2.2. Eskualdeko irakasle taldeko buruaren eginkizunak.

a) Eskualdeko irakasleen taldeak, aurreko atalaren arabera talde horrek esleiturik dituen eginkizunak betetzeko, egiten dituen bilerak zuzendu eta koordinatzea, bereziki plangintza instituzionalerako agirien ingurukoak.

b) Educa-ren bidez, eskualdeko jarduketak kudeatzea: altak, bajak.

c) Eskualdeko prestakuntza jarduerak koordinatzea, eta hezkuntza proiektuan eta urteko programazio orokorrean ezarritakoarekin bat betetzen direla begiratzea.

d) Urteko programazio orokorra, hileko gorabeheren agiriak eta eskatzen zaizkion beste dokumentu guztiak egin eta Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuari aurkezteaz arduratzea.

e) Eskualdeko funtzionamendu gastuen kudeaketa ekonomikoa bere gain hartzea, ECOEDUCA kontabilitate sistema baliatuz.

f) Hezkuntza Departamentuak bere eskumenen esparruan esleitzen dion beste edozein, helburua bada eskualdeko irakasle taldearen antolaketa zuzena eta funtzionamendu egokia lortzea.

Iruñeko José María Iribarren HOHIPak kudeatuko ditu Zangozako eskualdeko irakasleak. Ikastetxeko mailako lantaldeekin koordinatuko dira irakasle horiek.

4.–Irakaslana koordinatzeko organoak.

Helduen Oinarrizko Hezkuntzako ikastetxe publikoek gobernu organo hauek izanen dituzte irakaslana koordinatzeko:

–Tutoreak.

–Mailako taldeak.

–Koordinazio Pedagogikorako Batzordea.

Irakaslana koordinatzeko organoen izendapenari, osaerari, eginkizunei eta ahalmenei buruzko guztia honako hauetan dago arautua: Haur eta Lehen Hezkuntzako Ikastetxe Publikoen Erregelamendu Organikoaren (otsailaren 10eko 24/1997 Foru Dekretua) III. tituluko II., III. eta IV. kapituluetan eta 257/1998 Foru Aginduaren II. tituluan. Kasu honetan, zikloko taldeei buruz adierazitako guztia mailako taldeei buruz adierazten dela ulertu behar da.

Helduen Oinarrizko Hezkuntzako ikastetxe publikoetan ikastetxeko beste prestakuntza jarduera batzuen ardura (gaztelania atzerritarrentzat, arautu gabeko prestakuntza pertsonala...) hartuko duten mailako taldeak eratzen ahalko dira, betiere jarduera horietan aritzen diren irakasleak bi badira gutxienez.

4.1. Tutoretza eta orientazioa.

Ikasleen tutoretza eta orientazioa irakaslanari lotutako zereginak dira.

Hasierako Irakaskuntzen talde bakoitzak tutore bat izanen du. Ikastetxeko zuzendariak izendatuko ditu, ikasketaburuak proposatuta, ikasle horiekin lan egiten duten irakasleen artetik. Beren eginkizunak betetzeko, tutoreek eskola-ordutzat hartuko den ordu bana izanen dute astean (129/2009 Foru Aginduaren 8.6 oinarria).

Lehentasunezko eskaintzan bertaratzeko modalitatean dauden gainerako ikastaroetako irakasleek eskola-ordutzat hartuko diren bi ordu erabiltzen ahalko dituzte, asteko kopurutik, beren talde guztietako ikasleei orientazioa eta aholkularitza emateko.

Ikastaroen hasieran, irakasleek tutoretzarako ezarritako ordutegiaren berri emanen diete beren taldeetako ikasleei.

5.–Ikasleak eskoletara joatea.

Helduak beren borondatez eta beraiek erabakita hasten dira Helduen Oinarrizko Hezkuntzako gradu, maila eta moduluak ikasten.

Helduen Oinarrizko Hezkuntzan matrikula egin eta gero, argi izan behar dute ikasle guztien eskubidea eta betebeharra dela eskoletara joatea.

Zenbait egun jakinetan arrazoi batengatik edo bestearengatik ikasle gutxi egonagatik ere, ikastetxeak eta irakasleek normalean eman beharko dituzte eskola horiek.

Irakasle guztiek egunero kontrolatu beharko dute ikasleak programatutako jardueretara joaten diren. Horretarako, bertaratze partea beteko dute egunero, eta izaten diren gorabeherak azalduko dituzte bertan.

Justifikatu gabeko hutsegite kopuru jakin batera ailegatzen diren pertsonei (jardueraren ardura duen irakasleari jakinarazi gabe) baja ematen ahalko zaie jarduera horretan. Libre gelditzen diren postuak jarduera horren itxaron zerrendan dauden pertsonekin beteko dira, horrelakorik baldin badago.

Ikastetxe eta eskualdeek, oro har, ondoko hutsegiteen eskala erabiliko dute pertsona bati baja emateko.

–Lehentasunezko eskaintzako jarduerak:

  • 8 hutsegite elkarren segidan, edo saio guztien %12.
  • 15 hutsegite, elkarren segidan ez direnak, edo saio guztien %15.

–Prestakuntza pertsonalerako jarduerak:

  • 5 hutsegite elkarren segidan, edo saio guztien %10.
  • 8 hutsegite, elkarren segidan ez direnak, edo saio guztien %12.

Ikastetxeetako barne araudietan eta eskualdeetako funtzionamendu arauetan gai hori jaso daiteke, bakoitzaren ezaugarrietara egokitua.

Aurretik aipatutakoa ez da Mentor ikasgeletako ikastaroetan aplikatuko, ikaslea denbora tarte jakin baterako matrikulatu baita, eta dagokion kopurua ordaindu.

6.–Eskola informazioaren kudeaketa: EDUCA. ECOEDUCA kontabilitate sistema.

Educa koordinatzea: zuzendaritza taldeak edo hark eskuordetutako pertsonak aholkuak emanen dizkie ikastetxeko erabiltzaileei Educa kudeaketa sistemari buruz. Horrez gain, sistema horren aldaketen eta funtzionalitate berrien informazioa jasoko du, eta haiek ikastetxean erabil daitezen sustatu eta koordinatuko du.

Educa arloan ikastetxeetan koordinazio lana eginen duten pertsonen erregistroa izateko asmoz, zuzendariak “Educa koordinatzailea” lanpostu osagarria esleitu beharko du aplikazioan.

Zuzendaritza taldeak bideak ezarri beharko ditu ikasturtean zehar laneratzen diren eta kudeaketa eginkizunak dituzten pertsonei Educa-ren gaineko jakintza eta erabilera bermatzeko.

Hezkuntza Departamentuak prestakuntza eta informazio saioak antolatuko ditu ikasturtearen hasieran, koordinatzaileei, zuzendaritza taldeei eta administrazioko eta zerbitzuetako langileei Educa plataformaren berri emateko.

Hezkuntza Departamentuaren webgunean, Educa-ri buruzko atalaren barnean, jarraibideak eta bideotutorialak argitaratzen dira, aplikazioaren moduluetara ohitzen laguntzen dutenak. Halaber, funtzionaltasun berriak (GLPI-Educa tresna) eskatu, gorabeherak jakinarazi edo euskarria eskatzeari begira, Educa taldearekin harremanetan jartzeko prozedura adierazten da.

2019-2020 ikasturtean aurreikusita dago familien aplikazioan hobekuntzak egitea, bihur dadin gutxinaka ikasketa datuak eta ziurtagiriak eskuratzeko atari bat, bai eta komunikazio sistema berri bat bihur dadin ere, hezkuntza komunitate osoari hedatzen zaiona eta berehalako jakinarazpenak bilduko dituena.

Ohartarazten da irakasleek @educacion.navarra.es posta-kontuak erabili beharko dituztela bai tutoretzan, bai beren harreman profesionaletan.

Ikastetxe publikoek funtzio espezifikoetarako dituzten posta-kontuak Educa-ren bitartez kudeatzen dira (Ikastetxea > PNTE Apps posta eta kontuak > Kontuen kudeaketa). Kontu berriak egiteko premia egonez gero, zuzendariak eskatu beharko du Erabiltzaileen Arreta Zerbitzua baliatuz. Kontu korporatibo horiek karguei lotutako zereginetarako dira, eta ez dira eskoletan baliatuko ikasleekin.

Zuzendariak berrikusiko ditu Educa-tik ikastetxeen direktorioan (Ikastetxearen menua > Ikastetxearen informazioa) argitaratzen diren datuak (hala nola posta helbidea, telefono zenbakia, helbide elektronikoa eta webgunea), eta aurki ditzakeen akatsen berri emanen dio Educa euskarriari. Gogorarazi nahi da beste datu interesgarri batzuk gehi ditzakeela, adibidez, ikastetxearen helburuak, balioak, sariak eta abar.

Ikastetxeari gogorarazten zaie komeni dela EDUCAk eskura dituen funtzionaltasun guztiak erabiltzea; aipatzekoak dira, besteak beste, honako hauek: ikasleen jarraipena, ebaluazio saioaren kudeaketa (informazio fluxua), guardien kudeaketa, informazio esanguratsua.

ECOEDUCA kontabilitate sistema:

Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxe publiko guztiek ECOEDUCA kontabilitate aplikazioa erabiliko dute kudeaketako kontu korrontearen diru-sarrerei eta gastuei lotutako eragiketak kontabilizatzeko. Eragiketa horiek aurrekontua betearazteari lotuta daude, eta beharrezkoak dira ikastetxearen ohiko funtzionamendua, mantentze-lanak eta kontserbazioa bermatzeko.

Diru-sarrerak banku-kontuan agertzen diren unean edo agiri bidez diru-sarreraren berri izaten den unean kontabilizatu behar dira. Erabili beharreko euskarria diru-sarreraren jakinarazpena edo bankuko kontu-laburpena da.

Gastuei lotutako eragiketek haien justifikazioa frogatzen duten bidezko dokumentu euskarria izanen dute beti, nagusiki ikastetxearen izenean egin behar diren fakturak.

7.–Unibertsitateko ikasleen praktikak ikastetxeetan.

Praktiketako jarduera hori dagokion hezkuntza mailako ikastetxeetan egin behar da, eta, antolatzeko eta gauzatzeko orduan, beharrezkoa da irakasleen parte-hartzea. Ikasturte bakoitzean ikasle horien tutoretza lana egiten duten irakasleek aintzatespen bikoitza izanen dute Hezkuntza Departamentuaren aldetik:

–Tutoretza: ikasturteko tutoretza lana ziurtagiri bidez jasoko da. Lekualdaketa-lehiaketetan merezimendutzat joko da.

–Prestakuntza: praktiken tutoretza lana norberaren prestakuntza ordu gisa kontabilizatuko da; gehienez ere, 35 ordu. Orduak kalkulatzeko, tutoretzapeko praktiken ikasketa-planean aipatzen diren ECTS kredituen kopurua hartuko da aintzat. Ikasle baten tutoretza lanetan irakasle batek baino gehiagok parte hartzen badute, berdintasunez banatuko dira dagozkien prestakuntza orduak.

Ziurtagiria: praktiken tutoretzagatiko eta prestakuntzagatiko ziurtagiriak lortu ahal izateko, irakasleek jardueraren datuak jakinaraziko dizkiote Hezkuntza Departamentuari, Hezkuntzaren atarian dagoen inprimakia betez: https://www.educacion.navarra.es/eu/web/dpto/practicas, ekainaren 1a baino lehen.

Nafarroako Unibertsitate Publikoko gradu bukaerako lanak / master bukaerako lanak: praktiketan parte hartzen duten ikastetxeetako irakasle tutoreak eta zuzendaritza taldea Giza eta Hezkuntza Zientzien Fakultateak gradu bukaerako lanak / master bukaerako lanak defendatzeko antolatzen dituen aurrez aurreko saio batzuetara joaten ahalko dira.

Praktikak egiteko ikasleak hartzen dituen ikastetxeari “prestakuntza ikastetxe” izaera aitortuko zaio, eta Hezkuntza Departamentuak ikastetxeentzat ezartzen dituen deialdietan baloratuko da inguruabar hori, kasuan kasuko deialdian ezartzen den moduan, halakorik jasotzen bada betiere.

Adingabea Babesteko Legearen arabera, curriculumeko praktikak egiten dituzten ikasleek sexu-izaerako delituen ziurtagiri negatiboa izan beharko dute. Baldintza horren betetzea Hezkuntza Departamentuak unibertsitate bakoitzarekin sinatzen duen hitzarmenaren barnean dago, eta ikastetxeak agiri hori eskatzen ahalko dio ikasleari, praktikak hasi baino lehen.

8.–Lan arriskuen prebentzioa.

Ikasturtearen amaierako memorian Laneko Arriskuei Aurrea hartzeko Atalak proposatu dituen eta benetan ezarri diren prebentziozko neurriak islatuko dira, arriskuen ebaluazioak egin baldin badira, eta egin ez diren eta iraungitako gauzatze-epea duten neurriak arrazoituko dira.

Ikastetxeetako zuzendaritzek kanpoko erasoen aurkako protokoloa jakinarazi eta ofizioz aktibatuko dute, Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxeetako irakaskuntzako eta irakaskuntzaz kanpoko langileetako bati erasotzen zaionean.

https://www.educacion.navarra.es/eu/web/dpto/riesgos-laborales/protocolos-de-actuacion

Ikastetxeetako zuzendaritzek kanpoko erasoen aurkako jarduketa protokoloa dagoela jakinarazi beharko dute klaustroetan. Halaber, irakaskuntzaz kanpoko langileei ere jakinaraziko zaie.

Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxe guztien webguneetan kanpoko erasoen aurkako jarduketa protokolo hori bistaratuko da erraz ikusteko modukoa den lehentasunezko toki batean. Era berean, ikastetxeen barne-agirietan agertuko da: Internet, drive, etab.

Hezkuntza Departamentuko prebentzioko ordezkarien eginkizunei eta harremanetarako datuei buruzko informazioa Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxe guztien webguneetan bistaratuko da erraz ikusteko modukoa den lehentasunezko toki batean.

Ikastetxeetako zuzendaritzek kanpoko erasoen aurkako jarduketa protokolo horren berri eman beharko dute familiekin egindako bileretan.

9.–Ikastetxeetako ikerketa.

Hezkuntza Departamentuaren eta Nafarroako unibertsitate zentroen artean horretarako egindako hitzarmenean ezarri bezala gauzatuko da funts publikoekin sostengatutako ikastetxeetako ikerketa jarduera. Hitzarmen horrek barnean du ikastetxe laguntzaileek unibertsitateetan sortzen den jakintza zientifikoa zabaltzeko saioak jasotzeko duten eskubidea, besteak beste. Horren gaineko informazioa hemen eskuratu daiteke:

https://www.educacion.navarra.es/eu/web/dpto/actividad-investigadora

III.–Araudia

1.–Orokorra.

–47/2010 Foru Dekretua (elkarbizitza eta ikasleen eskubide eta betebeharrak). 2010eko irailaren 24ko Nafarroako Aldizkari Ofiziala. Uztailaren 2ko 57/2014 Foru Dekretuak aldatua (2014ko uztailaren 30eko Nafarroako Aldizkari Ofiziala).

–204/2010 Foru Agindua (Bizikidetza). 2011ko urtarrilaren 20ko Nafarroako Aldizkari Ofiziala.

–93/2008 Foru Agindua (Aniztasunari erantzutea). 2008ko uztailaren 30eko Nafarroako Aldizkari Ofiziala.

–63/2013 Foru Agindua (Kalitatearen kudeaketa). 2013ko abuztuaren 22ko Nafarroako Aldizkari Ofiziala. 10/2015 Foru Aginduak aldatua (2015eko martxoaren 3ko Nafarroako Aldizkari Ofiziala).

–66/2010 Foru Dekretua (Hezkuntza eta lanbide orientazioa). 2010eko azaroaren 29ko Nafarroako Aldizkari Ofiziala.

–1/2004 Lege Organikoa, abenduaren 28koa, genero indarkeriaren aurka babes integrala emateko neurriei buruzkoa. 2004ko abenduaren 29ko Estatuko Aldizkari Ofiziala.

–3/2007 Lege Organikoa, martxoaren 22koa, emakumeen eta gizonen berdintasun eragingarriari buruzkoa. 2007ko martxoaren 23ko Estatuko Aldizkari Ofiziala.

–14/2015 Foru Legea, apirilaren 10ekoa, emakumeen kontrako indarkeriari aurre egitekoa. 2015eko apirilaren 15eko Nafarroako Aldizkari Ofiziala.

–103/2016 Foru Dekretua, azaroaren 16koa, Sexu- eta Ugalketa-Osasunaren arloko Prestazio Sanitarioen Antolamendua ezartzen duena. 2016ko azaroaren 24ko Nafarroako Aldizkari Ofiziala.

–8/2017 Foru Legea, ekainaren 19koa, LGTBI+ pertsonen berdintasun sozialari buruzkoa. 2017ko ekainaren 28ko Nafarroako Aldizkari Ofiziala.

2.–Helduen Hezkuntza.

–61/2009 Foru Dekretua (Helduen Oinarrizko Hezkuntza: curriculuma). 2012ko irailaren 4ko Nafarroako Aldizkari Ofiziala.

–129/2009 Foru Agindua (Helduen Oinarrizko Hezkuntza: ezarpena eta ebaluazioa). 2009ko irailaren 7ko Nafarroako Aldizkari Ofiziala.

–189/2013 Errege Dekretua (profesionaltasun ziurtagiriak). 2013ko martxoaren 21eko Estatuko Aldizkari Ofiziala.

–221/2013 Ebazpena (gako-gaitasunei buruzko ikastaroak, 2. maila). 2013ko maiatzaren 23ko Nafarroako Aldizkari Ofiziala.

–172/2017 Ebazpena (eskola egutegia prestatzeko jarraibideak). 2017ko maiatzaren 22ko Nafarroako Aldizkari Ofiziala.

–49/2013 Foru Agindua (erreklamazioak). 2013ko ekainaren 21eko Nafarroako Aldizkari Ofiziala.

–2019-2020 ikasturtean ikastetxe publikoen antolaketa eta funtzionamendua arautzeko jarraibideak ematen dituen ebazpena (I. eranskina).

Helduen Hezkuntzako arautu gabeko prestakuntza jardueren ziurtagiria (PDFa).

II. ERANSKINA

Helduen Oinarrizko Hezkuntzako Helduen Bigarren Hezkuntzako irakaskuntzak garatzeko jarraibideak 2019-2020 ikasturterako

Ikasturte hasierako jarraibideek indarreko araudiaren alderdi batzuk zehaztu eta argitzen dituzte, eta arautu gabeko beste batzuk arautzen, ikastetxeen antolaketa eta funtzionamendua hobetzeko. Horrez gain, ikasturtean lehentasunez landu behar diren ildoak ezartzen dituzte.

Jarraibideak hiru kapitulutan daude bereizita:

Lehenbizikoa, urteko programazio orokorrari buruz. Bertan ikastetxearen hobekuntza planaren gaineko argibideak ematen dira, bai eta ebaluazioetan duen parte-hartzearen gainekoak ere, hobetzen ahal diren eremuak detektatzeko.

Bigarrenean, antolakuntza alderdi batzuk zehazten dira, irakaskuntza horiei eta ikastetxearen funtzionamenduari buruzkoak.

Hirugarrenean, gehien erabiltzen diren LOEren ondoriozko arauak zerrendatzen dira.

I.–Urteko programazio orokorra

1.–Hitzaurrea. Justifikazioa eta lortu nahi diren helburuak.

Urteko programazio orokorra (UPO) oinarrizko tresna da, ikastetxeko plangintza, antolaketa eta funtzionamendua biltzen dituena. Dokumentu hori prestatzeko orduan, zorroztasuna, erraztasuna eta erabilgarritasuna hartuko dira kontuan.

Urteko programazio orokorra ikastetxeko zuzendaritza taldeak prestatuko du, klaustroaren eta eskola kontseiluaren deliberazio eta erabakiak kontuan hartuta.

Urteko programazio orokorra ikastetxeko kide guztiek nahitaez bete beharrekoa izanen da.

Ikasturtea bukatutakoan, urteko programazio orokorra zenbateraino bete den ebaluatuko dute eskola kontseiluak eta zuzendaritza taldeak. Ondoriorik aipagarrienak amaierako memorian jasoko dira eta hura Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzura bidaliko da.

2.–Informazioa biltzeko iturriak.

Urteko programazio orokorrak (UPO) iturri hauetan oinarritutako helburuak izanen ditu: Helburu horiek koherenteak izan behar dute, eta bat etorri behar dute.

a) Ikuskaritzak nabarmendutako alderdiak aurreko ikasturteko UPOa ikuskatu zuenean.

b) Aurreko ikasturteko memorian proposatutako hobekuntza arloak.

c) Barreneko eta kanpoko proben emaitzen analisia eta programa hobetzeko proposamenak.

d) Biurteko hobekuntza planaren helburuak urteka zehaztea, autoebaluazioaren emaitza gisa.

e) Kasua bada, plan estrategikotik edo zuzendaritza proiektutik eratorritako helburuak urteka zehaztea.

3.–Entrega epeak.

Behin onetsitakoan, urriaren 31 baino lehen, ahal dela bitarteko telematikoen bidez, urteko programazio orokorraren ale bat bidaliko da Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzura, eta hark egiaztatuko du programa hori bat datorrela indarreko araudiarekin. Hala ez bada, beharrezko egokitzapenak egiteko eskatuko du.

Urteko programazio orokorra ikastetxean ere utziko da, hezkuntza komunitateak eskura izan dezan.

4.–Garapena.

Hauek dira urteko programazio orokorra osatzen duten elementuak:

4.1. Ikastetxearen ordutegi orokorra eta hura prestatzeko irizpide pedagogikoak.

Azaldu behar du zer irizpide erabili diren ikasgaiak eta ikasmailak banatzeko, kontuan hartuta ikastetxeko guneak eta baliabideak optimizatu eta aprobetxatu behar direla.

4.2. Gobernu organoak.

Ikastetxeko gobernu-organo eta koordinazio didaktikoko organo bakoitza osatzen duten pertsonen zerrenda eguneratua.

4.3. Ikastetxeko urteko hobekuntza plana.

Hurrengo ikasturte akademikorako helburu zehatzak izan behar ditu laneko esparru eta lantalde bakoitzari dagokionez. Helburu horiek hautatzeko, kontuan hartuko dira 2. apartatuan aipatutako informazio iturriak.

Ondoko atal hauek izanen ditu planak:

Xedea

Adierazlea

Jomuga

Ekintzak

Arduraduna

Egutegia

Ebaluazioa*

(*) Ebaluaziotzat jotzen da informazio zorrotz eta sistematikoa biltzea egoera baten gaineko datu baliozko eta fidagarriak lortzeko, helburu izanik egoera horren iritzi bat eratzea eta ematea. Balorazio hauei esker, beharreko erabakiak har daitezke ebaluatutako egoera zuzentzeko edo hobetzeko.

4.4. Ikastetxeko hezkuntza-proiektuaren/curriculumaren urteko zehaztapena.

Hezkuntza proiektua osatzen duten plan guztien artean, UPOak zehaztu behar ditu, soilik, ikasturte honetarako proposatutako aldaketak.

4.4.1. Etapen curriculuma (aldaketak).

4.4.2. Aniztasunari erantzuteko urteko plana.

4.4.3. Orientazio akademikoaren plana/Tutoretza plana.

4.4.4. Bizikidetza planaren urteko zehaztapena. (204/2010 FA, 12. artikulua).

4.4.5. Hizkuntza proiektua. (Adierazi behar da zer fasetan dagoen, bai eta zein diren helburuak eta planteamendua ere, bat etorriz Ikastetxeko Hizkuntza Proiektuaren prestaketa arautzen duena otsailaren 19ko 16/2019 Foru Aginduarekin).

4.5. Ikastetxeko urteko prestakuntza plana.

Ezarri behar du zein diren ikastetxearen zuzendaritzak hautatutako prestakuntza instituzionaleko ikastaroak, haren helburuak kontuak hartuz, eta ezarri behar du, halaber, ikastaroen iraupena eta datak.

Ikasturtean zehar prestakuntzaren jarraipena eginen da (instituzionalarena eta banakakoarena), eta amaierako memorian baloratuko da.

Eskema hau iradokitzen da:

Irakaslea

Prestakuntza INSTITUZIONALA

BANAKAKO prestakuntza

Ikastaroa

Ordu kopurua

Ikastaroa

Ordu kopurua

4.6. Jarduera osagarriak eta eskolaz kanpokoak.

Ikasturterako aurreikusitako jarduerak zehaztu behar ditu, eta adierazi behar ditu hartzaileak, arduradunak, tenporalizazioa, balorazioa amaierako memorian.

4.7. Zerbitzu osagarriak.

Deskribatu behar ditu ikastetxeak eskaintzen dituen zerbitzu osagarriak, eta adierazi behar ditu onuradunak, tenporalizazioa, arduradunak, etab.

4.8. UPOaren eta amaierako memoriaren jarraipena eta ebaluazioa.

Zehaztu behar da nola eta noiz eginen den urteko programazio orokorraren hiru hilean behingo jarraipen eta ebaluazio prozesua, bai eta urteko programazio orokorraren amaierako memoriarena ere (urteko programazio orokorraren atal berak, emanez datu eta proposamen zehatzak, egokiak eta egingarriak, bai eta barne eta kanpo ebaluazioen emaitzen gainean egindako analisiaren balorazio bat ere).

5.–Biurteko hobekuntza plana.

Indarreko araudian jasotako ebaluazioaren barrenean, 2019-2020 ikasturtearen amaierako memorian ebaluatuko da 2017-2018 ikasturtean ikastetxeek egindako autoebaluazioa, bai eta ikastetxearen biurteko plana eta hartan oinarrituta garatzen diren bloke eta zikloena ere.

Amaierako ebaluazio hori abiapuntu hartuta, ikastetxeek 2020-2022ko biurteko plan berri bat aurkeztuko dute, ikastetxearen jarduna eta bloke edo zikloak jasoko dituena. 2018-2020ko biurteko planean lortu ez diren helburuak mantentzen ahalko dira, eta beste hobekuntza arlo batzuk ere bai, 2017-2018ko jardunaren autoebaluazioan hautemandakoak, amaitutako biurteko planean sartu gabeak. Ez da ahaztu behar, bestalde, azken bi ikasturte horietan lortutako emaitzen bilakaeraren analisia eguneratzea. Horretarako, Educa erabil daiteke, zenbait emaitza akademiko ateratzeko, bai eta ebaluazio diagnostikoa ere.

Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak gainbegiratuko du jardunari buruzko biurteko hobekuntza plan berrien garapena eta ezarpena, zeinak aplikatuko baitira 2020-2021 eta 2021-2022 ikasturteetan.

II.–Antolaketari dagozkion alderdiak

1.–Irakaskuntzen antolaketa.

1.1. Inskripzioa eta matrikula.

1.1.1. Ikasleak.

Helduen Bigarren Hezkuntzako irakaskuntzetan honako pertsona hauek matrikulatzen ahal dira:

–18 urtetik gorakoak izatea, edo jarduera hasten den urtean 18 urte beteak izatea.

–16 urtetik gorakoak izatea, baldin eta haiek beraiek eskatzen badute eta ikastetxeetako araubide arruntean joaterik ez badute, lan kontratu bat dutelako edo goi mailako kirolariak direlako. Izena emateko unean, alegatutako arrazoiak justifikatu beharko dituzte inskribatzen diren ikastetxean.

1.1.2. Inskripzioa egiteko epeak.

Inskripzioa, oro har, honako epe hauetan eginen da:

–Lehen lauhilekoa: irailaren 12ra arte. Ikastetxeek, bidezkoa iruditzen bazaie, inskripzioa egiteko beste epe bat irekitzen ahalko dute ekainean.

–Bigarren lauhilekoa: otsailaren 6ra arte.

1.1.3. Ikaskuntzaren hasierako balorazioa.

Ikastetxeek, 61/2009 Foru Dekretuaren 16. artikuluan ezarritakoarekin bat, matrikulazioaren aurretik, ikaskuntzaren hasierako balorazioa (IHB) eginen diete nahitaez Helduen Oinarrizko Hezkuntzan lehen aldiz inskribatzen diren pertsonei. Horrela, ikasleari bere ezagutza eta gaitasunetarako gradu eta maila egokienak esleituko zaizkio, eta Helduen Oinarrizko Hezkuntza osatzeko zein modulu egin behar dituen zehaztuko da. Ikasleak ez ditu egin beharko esleitzen zaion mailaren aurretik ematen diren moduluak.

Hauxe da hasierako balorazioan jarraitu beharreko prozesua:

a) Prestakuntza arautuaren, Lehen Hezkuntzaren, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzaren edo iraungitako hezkuntza sistemen ziurtagiri ofizialak aurkezten dituzten pertsonei abuztuaren 3ko 129/2009 Foru Aginduaren I. eta II. eranskinetako eta urtarrilaren 25eko 10/2018 Foru Aginduaren II. eranskineko baliokidetasun taulak aplikatuko zaizkie. Curriculum egokitzapenak dituzten irakasgaiak baldin badaude, erreferentzia ikastaroa curriculum egokitzapen horretan agertzen dena izanen da. Ikasle batek eranskin horietan agertzen ez diren ikasketen ziurtagiriak aurkezten baditu, Hezkuntza Departamentuarekin kontsultatuko da nola baliokidetu.

b) Ikasketa arautuen ziurtagiririk edo Lehen Hezkuntzako seigarren mailatik beherakorik aurkezten ez duten pertsonei ezagutzak eta gaitasunak baloratzeko proba objektibo bat eta aurrez aurreko elkarrizketa bat eginen zaizkie. Era berean, ikastetxeek proba hori egitea eskatzen ahalko diete ziurtagiri zehatz batzuk (eskola graduatua, HLKP...) aurkezten dituztenei edo hezkuntza sistematik kanpo denbora luzea daramatenei. Emaitzak lagungarriak izanen dira ikasleei orientabide batzuk emateko beren ezagutza eta gaitasun mailarekin hobekien datorren prestakuntza-ibilbideaz eta Helduen Bigarren Hezkuntza bukatzeko egin behar dituzten moduluak finkatzeko.

b) atalean aipatzen den proba objektiboa proba orokor bat izan daiteke, edo modulu bakoitzerako ariketa multzo bat. Proba prestatzea ikastetxeari dagokio; probaren bidez ikaslearen heldutasun pertsonala neurtuko da, eta bere ahalmenak, gaitasunak eta ezagutzak baloratuko.

Ikastetxeko zuzendariak izendatuko du IHBa egin behar duen irakasle taldea. Hori prestatu eta baloratzeko, komeni da HBHko bi mailetako eta Orientazio Departamentuko irakasleek parte hartzea.

1.1.4. Bertaratzeko modalitateko HBHrako eskaeren baremazioa.

a) Eskainitako tokien kopurua aurkeztutako eskaerena baino handiagoa denean, ikasketak egiteko baldintzak betetzen dituzten eskatzaile guztiak onartuko dira.

b) Eskaeren kopurua eskainitako tokiena baino handiagoa bada, berriz, lehentasuna izanen dute aurreko lauhilekoan HBHko moduluetan aritu direnek. Eskoletara ez joateagatik baja eman zaien pertsonek ez dute lehentasunik izanen.

Aurreko ikasturtean Helduen Oinarrizko Hezkuntzako Hasierako Irakaskuntzak II modulua ikasi eta gainditu dutenek (uztailaren 20ko 61/2009 Foru Dekretua) lehentasuna izanen dute HBHko 1. moduluetan matrikulatzeko.

Gainerako eskatzaileen kasuan, ikastetxeek ezarrita dituzten irizpideak aplikatuko dituzte.

Ikastetxeek iragarki-taulan emanen dituzte argitara baremazioaren emaitzak.

Onartzen ez diren pertsonei jakinaraziko zaie irakaskuntza hauek urrutiko modalitatean egiteko aukera dutela. Ikastetxeak laguntza eman dezake Felix Urabayen NHBHIan izena emateko tramiteetan, horretan interesa duten pertsonak asko badira. Ez da IHBa berriz egin beharko.

1.1.5. Matrikula.

Inskripzio prozesua amaituta eta IHBa eginda, ikastetxeek ikasleak matrikulatuko dituzte. Ikastetxeko idazkaritzan espediente akademiko bana irekiko zaie ikasleei. IHBaren ondoriozko hezkuntza orientazioak adieraziko dira bertan.

Ikasleak nahi duten moduluetan matrikulatzen ahalko dira, bostetan gehienez, nor bere gaitasunaren eta duten denboraren arabera. Betiere, ezin izanen dira matrikulatu izen bereko bi modulutan, edukiak progresiboak baitira. Modulu batean matrikulatu ahal izateko, izen bereko aurreko modulua gainditu beharko da.

Arau orokor gisa, ikasleak urrutiko modalitatera aldatzen ahalko dira hurrengo lauhilekorako inskripzioaldian. Salbuespenez, ikasleek, ikastetxeko zuzendariari aurkeztu beharreko idazki baten bidez, bertaratzeko nahiz urrutiko modalitateak batera eskatzen ahalko dituzte, matrikulatu nahi duten moduluetako eskola presentzial guztietara joaterik ez dutenean.

1.2. Helduen Bigarren Hezkuntzako irakaskuntzen antolaketa eta curriculuma.

HBHko irakaskuntzak moduluka antolatuta daude, hiru jakintza esparrutan eta bi mailatan. Maila bakoitzak bi lauhileko ditu, uztailaren 20ko 61/2009 Foru Dekretuaren 13. eta 15. artikuluetan ezarri bezala:

–HBHko lehenengo maila:

  • Komunikazioaren esparruko lau modulu: Gaztelaniako 1. modulua eta 2. modulua, eta Atzerriko Hizkuntzako 1. modulua eta 2. modulua. D/A ereduetan, Euskarako 1. modulua eta 2. modulua erantsiko dira.
  • Esparru zientifiko-teknologikoko lau modulu: Matematika-Teknologiako 1. modulua eta 2. modulua, Natura eta Osasuneko 1. modulua eta 2. modulua.
  • Gizarte esparruko bi modulu: Gizarteko 1. Modulua eta 2. modulua.

–HBHko bigarren maila:

  • Komunikazioaren esparruko lau modulu: Gaztelaniako 3. modulua eta 4. modulua, eta Atzerriko Hizkuntzako 3. modulua eta 4. modulua. D/A hizkuntza-ereduetan, Euskarako 3. modulua eta 4. modulua erantsiko dira.
  • Esparru zientifiko-teknologikoko lau modulu: Matematika-Teknologiako 3. modulua eta 4. modulua, Natura eta Osasuneko 1. modulua eta 2. modulua.
  • Gizarte esparruko bi modulu: Gizarteko 3. modulua eta 4. modulua.

HBHren curriculuma urtarrilaren 25eko 10/2018 Foru Aginduaren I. eranskinean jasotzen da.

1.3. Ordu banaketa.

Lau hileko ikastaroak 80 eskola egunekoak izanen dira, gutxienez.

Helduen Bigarren Hezkuntzako asteko ordutegiaren banaketa abuztuaren 3ko 129/2009 Foru Aginduaren III. eranskinean ezarrita dago.

Ikastetxeek ordubetetik beherako eskoletan zatitzen badute ordutegia, adierazitako irakastordu guztiak bermatzeko adina eskola-saio emanen dira. Eskola-saio bakoitza 45 minutukoa izanen da gutxienez.

Helduen Bigarren Hezkuntzako taldeetan, bertaratzeko modalitatean, ordutegia modu homogeneoan banatuko da astelehenetik ostiralera.

1.4. Urrutiko HBHko ikasleen hezkuntza arreta.

Helduen Bigarren Hezkuntzako urrutiko irakaskuntzak egiten dituzten ikasleek tutore bat izanen dute matrikulatzen diren moduluetako bakoitzeko. Arau orokor gisa, jakintza esparru bereko modulu guztietan irakasle tutore bera izanen dute.

Hezkuntza arreta bi modutara emanen da: taldekako tutoretzaren bidez (bertaratzekoa) eta banakako orientaziorako tutoretzaren bidez.

Irakaskuntzak urrutiko modalitatean egiten dituzten ikasleen berezitasunak direla eta, tutoretza saioetara joatea borondatezkoa izanen da. Taldeko tutoretza saioetara joan ezin diren ikasleek ikasturte hasieran eman beharko diote horren berri tutoreari, eta orduan zehaztuko da zein den haien beharretara egokitzen den banakako tutoretza mota.

Tutoretzek ordutegi finkoa izanen dute, eta ikasleek zein den jakinen dute. Ikasturte hasieran, honako informazio hau jarriko da jendaurrean: jakintza esparru bakoitzeko modulu bakoitzaren banakako eta taldekako tutoretzen ordutegia, taldeko tutoretzen jarduera programa, ebaluazioen egutegia eta ikasleentzat jakingarria den beste edozein informazio.

Ikasleak taldeko tutoretza saioetara joan daitezen errazteko, ordutegia prestatzerakoan, ahaleginak eginen dira maila bakoitzeko asteko tutoretza saioak ahalik eta astegun gutxienetan biltzeko.

Ikasketaburuak tutoretzen ordutegi orokorra prestatuko du urteko programazio orokorrean ezarritako irizpide pedagogikoei jarraikiz.

1.4.1. Taldeko tutoretzak.

Taldeka egiten diren bertaratzeko tutoretza saioetan irakasgaiaren funtsezko alderdiak jorratuko dira ikasleekin, ikasturte hasieran tutoreak jakinaraziko dien jarduera programari jarraikiz. Modulu bakoitzaren hasieran, plangintza egiteko saio bat izanen da; prozesua bitartean, segimendu saio bat, eta, bukaera partean, azken saio bat, ebaluazioa prestatzeko.

Astero, hiru jakintza esparruetako modulu bakoitzak taldeko tutoretza saio bat izanen du.

1.4.2. Banakako tutoretzak.

Banakako tutoretza saioak telefono bidezkoak, telematikoak edo bertaratzekoak izan daitezke. Horien bidez, tutoreak ikasle bakoitzaren ikaskuntza prozesuaren banakako jarraipena eginen du, orientazioa emanen dio eta zalantzak argituko dizkio.

Astero, hiru jakintza esparruetako modulu bakoitzak banakako tutoretza saio bat izanen du.

Modulu batzuetan, 20 ikasle baino gutxiago matrikulatu badira, maila edo esparru bereko moduluak asteko tutoretza saio bakar batean biltzen ahalko dira.

1.4.3. Ikaslearen gidaliburua.

Helduen Bigarren Hezkuntzako ikasketak urrutiko modalitatean egiten dituztenei ikaslearen gidaliburu bat emanen zaie beren bakarkako lanean orientatzeko. Gidaliburuan ikastetxeari eta irakaskuntzei buruzko informazio orokorra jasoko da, baita ebaluazioen eta tutoretzen egutegia eta jakintza esparru bakoitzeko moduluetan lan egiteko agenda ere. Agenda horretan jasoko da ikasleen ikasketarako lagungarritzat jotzen den informazioa: helburuak, edukiak, denbora banaketa, ebaluazio irizpideak, material didaktikoak, jarduerak, ikasteko orientabideak, etab.

Koordinazio didaktikorako departamentuen ardura izanen da ikaslearen gidaliburu hori prestatzea, eta ikasketaburuak lan hori zuzenduko du. Zuzendaritza taldeak, ikasturte hasieran, beharrezkoak diren neurriak hartuko ditu ikasle guztiek jaso dezaten gidaliburu hori edo bide telematikoz eskuratzeko aukera izan dezaten.

1.5. Ikasleak klaseetara joatea.

Helduak beren borondatez eta beraiek erabakita hasten dira Helduen Bigarren Hezkuntzako maila eta moduluak ikasten.

Egun jakin batzuetan arrazoi batengatik edo bestearengatik ikasle gutxi egonagatik ere, ikastetxeak eta irakasleek beti bezala eman beharko dituzte eskola horiek.

Bertaratzeko modalitateko HBHan, irakasle guztiek egunero kontrolatu beharko dute ikasleak programatutako jardueretara joaten diren. Horretarako, bertaratze partea beteko dute egunero, eta izaten diren gorabeherak azalduko dituzte bertan. Moduluren bateko eskoletara egun askotan huts egiten dutenek modulu horretako etengabeko ebaluaziorako eskubidea galduko dute, baina azken ebaluaziorako eskubidea mantenduko dute. Eskoletara behin eta berriz huts egitea eta horren ondorioak ikastetxeko Elkarbizitzaren Erregelamenduan zehaztuko dira.

Urrutiko irakaskuntza motaren ezaugarriak kontuan hartuta, tutoretza saioetara agertzea, banakako saioak izan edo taldeko saioak izan, ez da ezinbestekoa izanen azken ebaluazio probetara aurkeztu ahal izateko. Banakako eta taldeko tutoretzetara joaten diren ikasleen asistentzia egunero kontrolatuko dute irakasleek, eta kontrol hori idatzita gordeko da, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuaren eskura.

1.6. Ebaluazioa eta mailaz igotzea.

Helduen Bigarren Hezkuntzako ikasleen ebaluazioari, kalifikazioari eta mailaz igotzeari dagokien guztia Helduen Oinarrizko Hezkuntzaren ezarpena arautzen duen abuztuaren 3ko 129/2009 Foru Aginduaren 10., 11., 12., 13. eta 15. oinarrietan xedatutakoari lotuko zaio.

Mailaz igotzea moduluka eginen da, banaka-banaka. Modulu batean kalifikazio positiboa lortzen duenak izen bereko hurrengo modulua egiten ahalko du. Kalifikazio negatiboa jasotzen badu, modulua errepikatu beharko du.

1.6.1. Urrutiko hezkuntzako ikasleen ebaluazioa.

HBHa urrutiko modalitatean egiten duten ikasleak behartuak daude egiten ari diren modulu guztietako azken probak aurrez aurre egitera. Kalifikazioak jartzeko, batez ere, proba horien emaitzak hartuko dira kontuan, baina, horrez gainera, honako hauek ere aintzat hartzen ahalko dira: zenbat tutoretza saiotan parte hartu duen, tutoreei tarteka bidalitako lanen balorazioa eta aurrez aurre egindako proba partzialak.

1.6.2. Aparteko proba.

Ikasturteko bigarren lauhilekoa bukatutakoan moduluren bat gainditu gabe duten ikasleek aparteko proba bat eginen dute modulu horiek gainditu ahal izateko. Proba hori ekaineko bigarren hamabostaldian eginen da.

Ikastetxeak egokitzat jotzen badu, lehendabiziko lauhilekoa bukatu ondoko egunetan ere aparteko proba bat egin daiteke lauhileko horretan gainditu ez diren moduluetarako.

1.6.3. Irakaskuntza horien batez besteko notaren kalkulua.

Etaparen batez besteko nota HBHren esparru bakoitzean lortutako zenbakizko kalifikazioen batezbestekoa izanen da, 1etik 10erako eskalaren araberakoa, bi dezimalekin, ehunenera biribildua.

Esparru bakoitzaren kalifikazioa bere modulu guztien zenbakizko kalifikazioen batezbestekoa izanen da, bi dezimalekin, ehunenera biribildua:

–Komunikazioaren esparrua: Gaztelaniako, Atzerriko Hizkuntzako eta, A/D ereduetan, Euskarako moduluen kalifikazioen batezbestekoa.

–Esparru zientifiko-tenologikoa: Matematika-Teknologiako eta Natura eta Osasuneko moduluen kalifikazioen batezbestekoa.

–Gizarte esparrua: Gizarteko moduluen kalifikazioen batezbestekoa.

Salbuespenez, aurreko ikasketen baliokidetzen ondorioz ikasle bati modulu bat edo bi falta zaionean HBHa bukatzeko, titulua lortzeko baldintzak bete ondoren, batez besteko notaren kalkuluan kontuan hartuko dira DBHko 4. mailako irakasgaien edo Oinarrizko Lanbide Heziketako 2. mailako moduluen kalifikazioak, hain zuzen ere HBHko 4. moduluak salbuesteko erabili direnenak, abuztuaren 3ko 129/2009 Foru Aginduaren I. eta II. eranskinetan eta urtarrilaren 25eko 10/2018 Foru Aginduaren II. eranskinean ezarritakoarekin bat.

Kasu horretan, esparruen kalifikazioa kalkulatzeko, ikasitako eta salbuetsitako moduluen kalifikazioa hartuko da kontuan. Salbuetsitako moduluen kalifikazioa horiek salbuesteko erabili diren irakasgai eta modulu guztien batezbestekoa izanen da.

2.–Irakasleak.

Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren 94. artikuluan eta lege horren lehen xedapen iragankorrean aipatzen dira Helduen Oinarrizko Hezkuntzako Helduen Bigarren Hezkuntzako irakaskuntzak, bertaratzeko modalitatekoak, emanen dituzten irakasleak.

Helduen Bigarren Hezkuntza osatzen duten jakintza esparruak Bigarren Hezkuntzako Irakasleen Kidegoko irakasleen espezialitateei esleitzeko modua uztailaren 20ko 61/2009 Foru Dekretuaren IV. eranskinean ageri da.

225/1998 Foru Dekretuaren 1. artikuluan xedatutakoaren arabera, irakasleek, oro har, Nafarroako Gobernuaren mendeko funtzionarioentzat finkatzen den lanaldi bera izanen dute, beren eginkizunetara egokitua.

Nafarroako irakaskuntza publikoaren kalitatea hobetzeko itunaren emaitza gisa, zeina argitaratu baitzen irailaren 14ko 86/2018 Foru Aginduaren bidez, zuzeneko irakaskuntza orduak murrizten dira aipatu foru agindu horretan, eta murriztutako ordu horiek honela erabiliko dira: ordu bat ikastetxeko koordinazio lanetarako eta plangintza instituzionaleko agiriak prestatzeko, eta beste ordua ikastetxeak abian dituen proiektuak, programak eta planak egiteko, bai eta aipatu foru aginduak ezarritako zereginetarako.

Horretarako, zuzendaritza taldeak ezarriko du lanerako plana eta hura arduratuko da plana betetzen dela ziurtatzeaz. Plan honek lehentasuna izanen du eta ezinbestekoa izanen da irakasleen edozein aukeraren gainetik.

Ekaineko eta iraileko eskola gabeko lan egunetan eta, orobat, lehenengo lauhilekoaren bukaeratik bigarrena hasi bitartekoetan, irakasleek, egunero, ikastetxean egon beharreko bost orduko lanaldi etengabea egin beharko dute.

3.–Irakaslana koordinatzeko organoak.

Irakaslana koordinatzeko organoen osaera eta haiei esleitutako eginkizunei dagokienez, Bigarren Hezkuntzako Institutuen Erregelamendu Organikoan ezarritakoari jarraikiko zaio (otsailaren 10eko 25/1997 Foru Dekretua).

Departamentuek, zeinen arlo eta irakasgaiak jakintza esparru bakoitzean sartuak baitaude, lauhileko bakoitzean bi bilera eginen dituzte gutxienez, bata hasieran eta bestea bukaeran, jakintza esparru bakoitzeko moduluak ematen dituzten irakasle guztiekin. Bilera horietan alderdi hauek jorratuko dira:

–Ikaslearen hasierako balorazioa (IHB) egiteko proba prestatzea.

–IHBa ebaluatzea.

–Helduen Bigarren Hezkuntzako esparruetako moduluen curriculuma garatu eta osatzea.

–Programazio didaktikoak gainbegiratzea.

–Metodologia didaktikoari buruzko erabaki orokorrak hartzea.

–Ikasleen ikaskuntza prozesua ebaluatzeko prozedurak eta sistemak ezartzea.

–Mailaz igotzeko eta kalifikatzeko irizpideak finkatzea.

–Erabiliko diren materialak eta baliabide didaktikoak zehaztea.

3.1. Tutoretza eta orientazioa.

Ikasleen tutoretza eta orientazioa irakaslanari lotutako zereginak dira.

Helduen Bigarren Hezkuntza bertaratzeko modalitatean ikasten duen talde bakoitzak tutore bat izanen du, irakaskuntzak eta kasuan kasuko irakasle taldearen jarduketa koordinatuko dituena. Urrutiko modalitatean, berriz, irakasle batek eginen du tutore lana I. mailako moduluetan aritzen diren ikasle guztientzat, eta beste batek, berriz, II. mailako moduluetan daudenentzat.

Ikastetxeko zuzendariak izendatuko ditu, ikasketaburuak proposatuta, ikasle horiekin lan egiten duten irakasleen artetik. Irakasle hori irakaskuntzak eta irakasle taldearen jarduketak koordinatzeaz arduratuko da.

4.–Berariazko jarduketen koordinazioa eta ebaluazioa.

Iruñeko espetxean Helduen Bigarren Hezkuntzan eta Batxilergoan urrutiko modalitatean matrikulaturik dauden ikasleei behar duten laguntza eman ahal izateko, NHBHIk astean tutoretza ordu batzuk finkatuko ditu espetxeko ikasleentzat: gutxienez bi ordu komunikazio eta gizartearen esparrurako, eta beste bi esparru zientifiko-teknologikorako; hori guztia behar den koordinazioa, irakasleen eta ikasleen arteko informazio trukea, ikasleentzako arreta eta azterketen zainketa bermatzeko.

Helduen Bigarren Hezkuntzaren urrutiko modalitatean matrikulatuta egonik berariazko jarduketa eta programetan dauden ikasleak (Gizakia Helburu, Antox, Ibarre Multzoa), haien ezaugarri bereziak direla-eta, ezin dira joan ez tutoretza saioetara, ez ebaluazio probetara. Ikasle horiei arreta egitea Hezkuntza Departamentuko Helduen Oinarrizko Hezkuntzako irakasleei dagokie, eta horiekin behar den koordinazio lana egiten ahalko dute ‘’Félix Urabayen’’ NHBHIko irakasleek.

Ikasle horien ebaluazioa kasuan kasuko zentro, elkarte, proiektu eta programez arduratzen diren irakasleekin elkarlanean eginen da. Horretarako, ikasketaburuak ebaluazio ariketak emanen dizkie irakasle horiei, proba egiteaz eta egindako azterketak itzultzeaz ardura daitezen.

III.–Araudia

1.–Orokorra.

–47/2010 Foru Dekretua (Bizikidetza). 2010eko irailaren 24ko Nafarroako Aldizkari Ofiziala. 57/2014 Foru Dekretuak aldatua (2014ko uztailaren 30eko Nafarroako Aldizkari Ofiziala).

–204/2010 Foru Agindua (Bizikidetza). 2011ko urtarrilaren 20ko Nafarroako Aldizkari Ofiziala.

–66/2010 Foru Dekretua (Hezkuntza eta lanbide orientazioa). 2010eko azaroaren 29ko Nafarroako Aldizkari Ofiziala.

–93/2008 Foru Agindua (Aniztasunari erantzutea). 2008ko uztailaren 30eko Nafarroako Aldizkari Ofiziala.

–63/2013 Foru Agindua (Kalitatearen kudeaketa). 2013ko abuztuaren 22ko Nafarroako Aldizkari Ofiziala, 10/2015 Foru Aginduaren bidez aldatua (2015eko martxoaren 3ko Nafarroako Aldizkari Ofiziala).

–49/2013 Foru Agindua (erreklamazioak). 2013ko ekainaren 21eko Nafarroako Aldizkari Ofiziala.

–4/2017 Foru Agindua (DBHko ebaluazioa, mailaz igotzea eta titulazioa). 2017ko otsailaren 10eko Nafarroako Aldizkari Ofiziala.

–1/2004 Lege Organikoa, abenduaren 28koa, genero indarkeriaren aurka babes integrala emateko neurriei buruzkoa. 2004ko abenduaren 29ko Estatuko Aldizkari Ofiziala.

–3/2007 Lege Organikoa, martxoaren 22koa, emakumeen eta gizonen berdintasun eragingarriari buruzkoa. 2007ko martxoaren 23ko Estatuko Aldizkari Ofiziala.

–14/2015 Foru Legea, apirilaren 10ekoa, emakumeen kontrako indarkeriari aurre egitekoa. 2015eko apirilaren 15eko Nafarroako Aldizkari Ofiziala.

–103/2016 Foru Dekretua, azaroaren 16koa, Sexu- eta Ugalketa-Osasunaren arloko Prestazio Sanitarioen Antolamendua ezartzen duena. 2016ko azaroaren 24ko Nafarroako Aldizkari Ofiziala.

–8/2017 Foru Legea, ekainaren 19koa, LGTBI+ pertsonen berdintasun sozialari buruzkoa. 2017ko ekainaren 28ko Nafarroako Aldizkari Ofiziala.

2.–Helduen Bigarren Hezkuntza.

–61/2009 Foru Dekretua (Helduen Oinarrizko Hezkuntza: curriculuma). 2012ko irailaren 4ko Nafarroako Aldizkari Ofiziala.

–129/2009 Foru Agindua (Helduen Oinarrizko Hezkuntza: ezarpena eta ebaluazioa). 2009ko irailaren 7ko Nafarroako Aldizkari Ofiziala.

–Urtarrilaren 25eko 10/2018 Foru Agindua (Helduen Bigarren Hezkuntzako curriculuma). 2018ko martxoaren 19ko Nafarroako Aldizkari Ofiziala.

–173/2017 Ebazpena (eskola egutegia prestatzeko jarraibideak). 2017ko maiatzaren 22ko Nafarroako Aldizkari Ofiziala.

–2019-2020 ikasturtean ikastetxe publikoen antolaketa eta funtzionamendua arautzeko jarraibideak ematen dituen ebazpena (II. eranskina).

Iragarkiaren kodea: F1909624